The (double) social dilemma

Ados. Horrenbeste input jaso eta gero, The social dilemma ikusi dut asteburuan. Netflix-en.

Horra nire lehen dilema.

Deigarria iruditu zitzaidan dokumentalaren lehen lau minutuetan agertzen diren pertsonek, Facebook, Instagram, Google, Youtube, Apple, Twitter, Palm eta Mozilla Labs-eko langile ohiak, ia osotasunean, “Noren errua izan da?” galderari antzera erantzunen ziotela, “Ez genuen txanponaren beste aldea ikusi. Ez, ezin zaio errua inori bota”. Mozilla-koak ez du lehen galdera erantzuten. Bigarren galdera datorkie gainera, olatu gisa, “Orduan bada arazorik? Zein da?”, denak isiltzen dira, behintzat 5 segundoz. Mozilla-koak ez du bigarren galdera erantzuten.

Baina gai asko jorratzen ditu dokumentalak irauten dituen ordu eta erdian, burbuila efektua, fake news-ak, teknologia enpresen nagusitasun ekonomikoa, ziber-atakeak… Gaixotasun mentalen gaia ere aipatzen dute, baina zoritxarrez ez dute horretan sakontzen. Esango nuke, gai honek beste dokumental bat egiteko beste ematen duelako izango dela. Snapchaten dismorfia terminoa ere erabiltzen dute. Koronabirusa ere aipatzen da. Eta Jaron Lanierren liburu hau.

Gai konplexuz jositako dokumentala da, ondo azaldutakoa eta gomendagarria da berau ikustea. Baina osotasunean aztertzen du algoritmoek gugan duten edo izan dezaketen eragina? Ez. Dokumentalak aplikazioak eta beraien algoritmo teknologikoak jartzen ditu zalantzan, bada zerbait, baina aipatu ere ez ditu egiten algoritmo horiek martxan egoteko beharrezkoak diren sare politikoak eta ekonomikoak.

Netflix-ek ezin duelako kapitalismoa zalantzan jarri. Horra nire bigarren dilema.

Badirudi, teknologia ikuspuntu antikapitalista batetik aztertzea ezinezkoa dela. Baina teknologia ikuspuntu antikapitalista horretatik aztertzen duten norbanako eta talde asko ezagutzen ditut. Hackmeeting-ak bezalako proiektu komunak egin ditugu eta algoritmoak maila kritikoan aztertzen ikasi dugu. Horixe da Netflix-eko dokumentalari aurkitu diodan arazorik nabarmenena: ondoriora heltzeko moduko zimenduak jarri eta, ostruka gisa, azken momentuan, burua porlanean sartu izana.

Izan ere, lehen lau minutuetara bueltatuz, nork sinetsi behar du, hau guztia ez dela inoren errua. Nork sinetsi behar du enpresa teknologiko handienek, guzti hau martxan jarri orduko merkatu azterketa, osoa, egina ez zutenik.

Zu eta ni produktu gisa kokatuz.

Hona bururatzen zaizkidan errudun batzuen izen abizenak: Adam Smith, Mark Zuckerberg, Larry Page eta Sergey Brin, Steve Jobs, Steve Wozniak eta Ronald Wayne, Jack Dorsey, Jeff Bezos… denak gizonak. Eta guzti hau egia bihurtu zitekeela jakinda, legislazioa aldatu ez zuten terrorista zibernetiko-politikoak.

(Kontrakoa dirudiela jakin badakit, baina, aipatu bezala, dokumentala ikustea gomendatzen dizuet. Baina jarri kritikotasunaren txipa eta ahal dela, ez egin ni bezala eta P2P sareetatik jaitsi.)

Eskerrak idatzita utzi nuen

OHARRA 1: Hitzarurrea, Eta Idazkaritzak txoria zuen maite.

OHARRA 2: Zenbaitetan arrazoia izateak amorrarazi egiten nau.

Hilaren 9an iritsi zen RadarCOVID aplikazioaren askatze-eguna. Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritza hitzordura aurkeztu zen eta hitzeman ziguna eman zigun.

Hitz horiekin esan zigun aplikazioan begiratu genezakeela, hitzeman zuen bezala askatu egin zuela, eta ikusi genezakeela aplikazioek ez dituela datu pertsonalik lapurtzen. Jasotzen. Eta lerroen artean irakur genezakeela kode hori askatzeak gehiago erantzuten ziola aho asko isilarazi behar izate bati, erabaki politiko bati baino.

Udan irakurri dudan liburu batek nire liburu gogokoenetara salto egin du: To Kill a Mockingbird. Liburuan, epaiketa baten ondoren, bizilagun batek Scout protagonistari esaten dio, epaimahaiak, oraingo honetan behintzat erabakia hartzeko eztabaidatzen denbora dezente pasatu duela. Urte batzuk arinago, gehiegi pentsatu gabe urkatuko zutela Tom Robinson jauna.

Baina, halere, Tom Robinson urkatuta bukatzen du.

Ondorioztatu nuen Harper Leek, eszena horrekin, gu frogatzen saiatzen dela, gauza batzuk oso pixkanaka ez besterik aldatzen direla. Eta nik, liburu horri esker, ondorioztatu ahal izan dut agian RadarCOVID askatzea ospatu beharko nukeela, duela urte batzuk burutik pasatu ere ez zitzaiela egingo iturburu kodea askatzea. Eta, beharbada egia da. Baina, liburuko epaimahaikideek ez bezala, Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzako epaimahaiak ez du epai hau lehen aldiz eztabaidatzen.

Literatura albo batera utziz eta errealitatera bueltatuz, gai hau ixteko azken gogoeta bat.

Epaimahai berri bat osatu beharko dugu -Indra gabe, noski -, izan ere, software batek konfiantza bereganatu nahi badu, hiru gauza egin beharko lituzke: Lehenik eta behin iturburu kodea askatu. Bigarrenik, kanpo segurtasun auditoretza inpartzial bat bermatu. Hirugarrenik, eta bukatzeko, auditoretzaren emaitza publiko egin, txostenarekin batera.

Egingo ote dute ala bide erdian geratuko dira ohikoa duten gisa?

En fin. Neurrian poztu naiz (Lee-ren omenez). Eta gero, argitaratu dutena irakurtzeari utzi diot. Egia esan, antzerki honek, ni ere nekatzen hasia naukalako!

Eta Idazkaritzak txoria zuen maite

Ikaskideok, ikasturte berriari ekin diogu. Enegarrenez. Haurrak hala-nola eskolaratu ditugu, eta ekintzaileok aktibismoan jarraitzen dugu. Konspirazioak konspirazio eta egoerak egoera. Nik, berriz ere, nire ideiak -nahiz eta eskasak izan-, astean behin blog honetara ekartzen saiatuko naiz. Eta hona lehena.

Asteazkenean, Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzak Radar Covid aplikazioaren iturburu-kodea askatzea erabaki zuela irakurri nuen, software libreko lizentzia baten bidez. Zehazki, Mozilla Public License 2.0.

Zentzuzko urratsa dirudi momentu honetan.

Lagunekin hitz egin, eta norbaitek, ni zirikatzeko, esan zidan software librea zenez mugikorrean instalatuko zidala. Kontua da pertsona horrek irakurri zituela konfinamenduan pertsonen jarraipena egiteko aplikazioei buruz idatzi nituen artikuluak.

Eta ondorioztatu dut uste dudan baino askoz okerrago azaltzen dudala neure burua.

Nire kritikaren oinarrietako bat, hain zuzen, aplikazio horiek software librea izango ote ziren zalantzan jartzea zen. Egia da. Hala ere, gutxien kezkatzen ninduen horrek. Kritikak bazituen beste zutabe batzuk. Hala nola, pribatutasuna, pribatutasuna bigarrenez, % 60 famatua edo eztabaida ondorio oker batetik abiatu izana. Nire kritika gizarte bati eta hura sustatzen duten zenbait erakunderi zuzendua zegoen, uste baitute gure arazo askoren konponbidea “teknologia-konponbidearen” eskutik etorriko dela. Hauteskundeetako abstentzioaren arazoa boto elektronikoarekin konpon daitekeela saltzen diguten administrazioak eta lobiak barne. Horretaz ere idatzi izan nuen hemen.

Nazkatuta nago horrelako aplikazioek “Koronabirusa gelditu” egingo dutela entzuteaz. Ez delako egia. Lagundu dezakete, zalantzan jarri izan badut ere, ez dut balizkoa laguntza hori sekula ukatu. Ikusten ditudan arazoak planteatu baino ez dut egin. Baina COVIDetik libratuko digutenak osasun-langileak, zientzialariak eta sindikatuak dira. Sindikatuak, bai. Algoritmoak? Lagundu akaso, libratu ez.

Gustatuko litzaidake irailaren 9an aplikazioaren iturburu-kodea askatzeko erabakia hartu duten pertsonekin esertzea. Galdera bati erantzuteko. Besterik ez: aplikazioa askatzeko erabakia baldintza ideologiko batek ematen du, ala praktikak besterik ez? Erabaki ideologiko baten ondorioa bada, chapeau! Baina kasu horretan, hasieratik libre izango zela ondorioztatzen dut. Ezkerra ei zarete. Ezker inperialista bada ere. Erantzuna praktikoa bada, software librearen zaleok ez ginateke horrenbeste hunkitu behar.

Nik idatziz utzi nahi dut nire zalantza:

Ez dezagun geure burua engainatu. Ez dira tontoak eta badakite zurrumurru handia dagoela sarean eta kalean Radar Covid horren inguruan. Esango nuke erabakiak gehiago erantzuten diola zurrumurruak isilarazteko saiakera bati -horregatik iruditzen zait zentzuzko aukera eta aukera egokia momentu honetan-, hausnarketa politiko bati baino. Baina onartzen dut -eta eskertzen dut- EFF, eFSF… bezalako eragileen lanak ere izango zuela eragina bide horretan bultzarazteko. Eta bai, poztu egiten nau albisteak.

Eta antzerkiak.

Baina bere neurrian.

N/Inmuni

Edo: Ni? Inmuni.

Latinaren deklinazioak nola erabili jakin gabe buruz ikasi nituen garaiak gogorarazi dizkit izenburuak, baina harira. Okertu orduko, nire latina hautazkoa zen. Ez dagokidan adinik ez, mesedez.

Immuni izeneko aplikazioa izan da, Europa mailan, kontaktuen arakatze-aplikazioetan Google Play-n lurreratu den lehenetakoa. Suposatuko zenuten. Italiari dagokio. Eta euskaldunoi, espainiarrei, frantsesei eta Errusiako komunistei. Eta kapitalistei ere. Sortzailea, edo behintzat aplikazioa merkatura atera duena, Italiako Ministero della Salute izan da. Osasun saila izan zitekeen, Ministerio de Sanidad, Consumo y Bienestar Social edo Ministre des Solidarités et de la Santé. Barkatuko nauzu, baina argumentuaren txistea bukatzeko, zirilikoz idaztea gehiegizkoa deritzot.

Hain zuzen, hiru aukera daudela uste dut: lehena -noski, baztertu egingo litzatekeena-, neoliberal italiarrek azkenaldian Marx irakurri izana da, eta Covid-19ren borroka piztu izana ikuspegi internazionalistatik. Bigarrena, aplikazioa Google Play-ra igotzeko konfigurazioan nahastu izana. Eta hirugarrena, gainerako europarrak baino azkarragoak izatea. Gatazkaren konponbidea, edo aukeren erantzuna, biaren asko eta hiruaren zertxobait izango delakoan nago.

Lemoizetik Italiako Covid-19ren jarraipena egiteko aplikazioa instalatzeko aukera ikusi nuenean, burura etorri zitzaidan lehen galdera ezinbestekoa izan zen: zertarako? zer ekarpen egin diezadake, euskaldun gisa, datu-base horretan sartzeak? Norbaitek esan zidan: Italiara bazoaz erabiltzeko. Bistan da ez zuela erantzuna gehiegi pentsatu. Zuetako edozeinek erantzun ziezaiokeen gauza bera erantzun nion nik ere: ez dut hegan egiteko gaitasuna -fisikoa-.

+1.000.000. Aplikazioaren deskarga-kopurua letra hauek elkartzen ari naizen egunean. Wikipediaren arabera, Italiako errolda 60.541.000 pertsonakoa da. Horrek, kasurik onenean, %2ko instalazio-tasa ematen die. Dezimal batzuk oparitu dizkiet. Berriz diot: kasurik onenean. Nire instalazio hipotetikoa ere konputu horren barruan sartzen baita. Hemen bi aukera ikusten ditut: edo ez dute jakin aplikazioa saltzen -ez behintzat uste izan zuten bezala-, edo teknologia erabiltzaileok uste zutena baino azkarragoak gara. Oraingoz bigarrena aukeratuko dut.

Hala ere, bitxia da.

Nahiz hala dirudien, konspirazioaren teorian erori gabe, aste honetan bertan hasi gara horrelako titularrak irakurtzen. Bitxia da, halaber, guztiek, orain dela gutxi arte, erabiltzen zuten ezinbesteko erabilera tasa -eta balizko adituez ari naiz-, %60tik gorakoa izatea.

Ezin dute zuritu erabilera-datua, baldin eta titularrek zuritzen ez badute.

Izan ere, azkenean ez Orwell, ez Huxley. Hurra Bradbury.

(Hurra Luzarraga idazteak, egoera aski distopikoagoan jarriko ninduke. Bioteknologia. Hala ere.)

Asintomatiko baten gorputz-tenperatuta neurtu nuen eta hau gertatu zen

Onartuko didazue Covid-19aren inguruan txapa pixka bat ematen jarraitzea. Establezimendu batzuek “gerra koronabirusari aurre egiteko” lemapean hartu duten neurri konkretu bati buruz. Izan ere, konfinamendua hasi genuenean, ez ziren gutxi izan, gerra-terminoa birus baten aurka erabiltzea asmo txarrez egina zela ohartarazi ziguten ekintzaileak. “Gerran eta maitasunean denak balio du” esaten ei dute, ezta? Jakina, ezetz. Ez kasu batean ez bestean.

Joan den asteko artikuluan, aurreratu nizuen bezala, establezimendu batzuk kamera termikoak ezartzen ari dira koronabirusari gerra partikularra irabazteko. El corte Inglés zen haietako bat eta, antza denez, ez da bakarra izango. Artikuluaren azken paragrafoan, AEPDk gaiari buruzko iritzia eman zezakeela aipatu nuen. Dagoeneko emana zuela ohartu gabe. Baina utz dezagun hori aurreragorako.

Munduko Osasun Erakundeak tenperatura-eskaner hauen buruzko iritzia eman du. Ez bakarrik kamera termikoen inguruan, baita zenbaitek egin nahi dizkiguten tenperatura-neurketei buruz ere; adibidez, autobus-geltoki batzuetan. Lehenik eta behin, esaten digu kamera horiek sukarra duten pertsonak bakarrik detekta ditzaketela, sukarra oraindik garatu ez dutenak (infektatutako pertsonek 2 eta 10 egun bitarte behar dituzte sukarra izateko), jakina, ezin dira detektatu. Oso interesgarria iruditzen zait asintomatikoen gaia koronabirusaren detekzioan. Hain zuzen, irakurri dut koronabirus frogetan positibo ematen duten 4tik 3 asintomatikoak direla. Portzentajerik moderatuenek %43 asintomatikoak direla adierazten dute. Oso interesgarria iruditzen zait establezimenduak kamera-termikoz betetzea detekzioaren eskusarekin, kasurik onenean 10 kasutik 4 detekta ditzagun. Kasurik okerrenean… egin kalkulua.

Lehen esan dudan bezala, sukarra bera ez da COVID-19 edo gaixotasun jakin baten adierazle. Gaixotasun askoren sintoma da, eta ez bakarrik gaixotasun infekziosoena. Oso beharrezkoa iruditzen zait espezifikazio hori egitea, are gehiago kontuan hartzen badugu kamera termikoen neurriek ez dutela bermatzen sintomarik gabeko edo sintomatologia arineko pertsona kutsakorrik ez pasatzea. Hala ere, tenperatura-neurketan positiboa ematen dutenak kriminalizatzea bermatzen duela uste dut. Eta, era berean, guztion kontrako kontrol sozialeko aparteko neurriak hartu ahal izatea bermatzen dute, nire ustez datuetan oinarrituta inolako justifikaziorik ez dutenak.

Nahiz eta aditu askok, nik irakurri ditudanak askok behintzat, uste duten neurketa horiek erabilgarriak izan daitezkeela, dendetako jabeek sintoma hori interpretatzeko gaitasunik ez izatea garrafala izan daiteke, eta pribatutasunerako eskubidean ahultasun asko eragin ditzake (besteak beste).

Gorputzaren tenperatura eta balizko sukar sintoma osasun datu bat da, eta ezin da arinkeriarekin tratatu. DBEOn, aurreko artikuluan esan bezala, informazio mota horrek babes berezia du.

Eta puntu honetara iritsita, AGPDren gaira itzuliko naiz; izan ere, erakunde horren arabera, tenperatura hartzea “eragin bereziki bizia” du eragindako pribatutasun-eskubideei dagokienez. Eta dagoeneko, nork baloratuko du “eragin bereziki bizia”? Ba norberak hausnartu beharko duela ematen du. Baina balorazioan kontuan hartu beharko zenukete datu hori ez dela bakarrik osasun datu bat, baizik eta datu horretatik abiatuta pertsona batek gaixotasun bat duela edo ez duela ondorioztatuko dela. Horrek, dendetako jabeek sintoma hori interpretatzeko gaitasun ezarekin batera, panorama jakin baten aurrean uzten gaitu. Nire ustez, Streanger Things-ekoa baino beldurgarriagoa.

Eta bai, onartzen dut, egia da gorputzeko tenperatura beste balioren batekin lotzen ez bada, ez duela nire nortasuna adierazten. Baina, hasteko, nire pertsona estigmatizatzen du.

Horri guztiari gehitzen badiogu establezimenduak ezartzen ari diren kamara asko grabazioak gordetzeko aukera ematen dutela… Inork ezin dit esan datu horiek nire nortasuna ez dutela adieraziko. Hala ere, AEPDk argudiatzen du datu horiek Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 22.1 artikuluaren arabera hartzea, legez justifika daitezkeela. Baina, era berean, aipatu du datuak osasun langileek, mutuek edo laneko arriskuei aurrea hartzeko zerbitzuek soilik erabili ahal izan behar dituztela, baina ez enpresak berak. Eta benetan uste dugu hori horrela izango dela? Deabrua naizenez, pentsatuko dut enpresako pertsona bat egongo dela nire gorputz-tenperaturaren arabera establezimenduan sar naitekeen ala ez erabakitzen.

Pribatutasuna urratu dezakeen kontrol orok beharrezkoa, proportzionala eta mugatua izan behar du. Iruditzen zait horrelako neurri batek ez dituela demokrazia batek ezinbesteko izan beharko lituzkeen balore hauek errespetatzen.

Bukatu nahi nuke aipatzen kamera horiek hackeatzeko modu sinpleak bururatzen zaizkidala. Buelta gehiegi eman gabe bururatzen zait, adibidez, maskarilak erabil daitezkeela (nahiz eta badiren horiek antzematen dituzten adimen artifizialak), betaurrekoak, bizarra, aurpegia urez freskatu establezimendura sartu aurretik… gure pribatutasuna babesteko neurri gisa, zer egingo dugu?

Ez dakit zenbat denbora gelditzen den Covid-19-aren kontrako neurrien kontra, neure burua intsumiso deklaratzeko. Baina aspaldi gainditu zen onargarria deritzodan muga.

Teknokrazia zoragarria geratzen ari zaizue.