Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2025(e)ko ekaina
- 2025(e)ko urtarrila
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa


“Ama, Espainia zergatik da hain xurra?”
2017-09-19 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Bota du 10 urteko neskatoak, oherakoan Katalunia gora eta Katalunia behera hizketan ari direla. Barre karkailaren ostean logelan egin den isiltasuna baliatu du galdera azaltzeko:
– Esan nahi dut, katalanek independentzia lortuta ere espainiarrak ez direla herririk gabe geratuko, badute beren Espainia…
Independentziaren eztabaida nazionalismora mugatu eta “Zer jartzen du zure NANean?” galdetuz ixten dutenei erantzuteko galdera-erreplika izan liteke, “Espainia zergatik da hain xurra?”. Beharbada eskuzabaltasun kontua ere bada bakoitzak bere botereak herritarren bozketa baten menpe jartzea eta emaitza errespetatzea. Eta bai, enpatia ariketa eginda, zer pentsa ematen du norbera bere aberriarekin gustura, asebeteta badago jarrera “hain xurrak” izaten ote diren…
Maialen Lujanbio: “Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan”
2017-08-24 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Maialen Lujanbiok “Zer da doinua, zer da kantaera bertsolariarentzat?” hitzaldia eskaini du Mitzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Doinua mezuaren garraiobidea da baina mezuaren parte ere bada eta horrez gain, hautu estetiko eta baita ideologiko bat ere bada, bertsolaria horren kontziente denean behintzat. Doinuaren memoria testutik dator bertsolarientzat, bakoitzak bere erara deitzen die doinuei, doinuen izen ofizialak ia inork ez dakizki. Testua doinutik ia bereizi-ezina da bertsolarientzat, eta ez da berdin pentsatzen doinu guztietan.
Bertsolariak jokatu dezake doinuarekin, esaterako, Bilboko Hontzaken konpartsa itxi dutela gaia jarri eta “Agur jesusen ama” doinuan hasten bazara, ezer esan aurretik asko esaten ari zara. Doinuaren hautua egiten da gaiaren izaeraren arabera. Zergatik? inkotziente kolektiboan partekatzen ditugun elementuak erabiltzen ditugulako.
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan
Doinuak pentsatzeko aldarte bat ematen du, edo daukazun aldarteak doinu jakin bat eskatzen du. Doinuak testuari eragiten dio, “neska zaharrak tentatzen” doinuan ari naizenean aldartea aldatzen zait, hainbeste, gipuzkeraz kantatzen baitut, eta esamolde tradizionalak ekartzen dizkit bukaeretarako.
Testua modu batera antolatzera eramaten zaituzte doinuek. Doinu batzuk ez dute indarrik ez hasieran ez bukaeran, beraz, indarra lortzeko modua akumulazioa da, lehen puntutik bete eta bete eta bete, bukaeran puntualizazio bat nahikoa izan dadin.
Errepika duten doinuak hautatzen ditugu testuaren mesedetan eta publikoak baldintzatutako saioetan, esaterako, euskaldunberrientzat kantatzen dugunean, edo motibo ez hain duinengatik ere bai: txapelketetan, pentsatzeko denbora gehiago izateko…
Doinuak badu neurria
Ez da berdin pentsatzen doinu guztietan. Badira neurri zabalak eta estuak, neurri hautsiak eta jarraituagoak… Hamarreko txikia tonu dramatikorako edo kontrakorako, oso bizirako erabiltzen dira. Hamarreko handiari pisua, emotibitatea, indarra eskatzen zaio. Topiko hauek hausteak badakar sorpresa atsegin bat. Esaterako, Goazen! telebistako saioren gaian, zortziko txikian eta serio kantatzea.
Doinuak badu zerikusia jendearen espektatibekin. Doinu bakoitzari atxiki diogu izaera bat, eta hortik ateratzen bazara jendeak ez du oso ongi hartzen, a priori. Jendearen espektatibak zerikusi handia du doinuen hautuan eta erabileran.
Txapelketa izaten da doinu berri edo berrituak plazaratzeko gunea. Txapelketan bertsolariak doinu berria darama bere intentzio estetiko-ideologiko bati erantzuteko. Marka propio bat izateko txapelketa horretan, beste inork erabiliko ez duen doinu mota bat izateko. Beste kontu bat da doinu hori oso erraz fusilatzen, bersionatzen eta ajatzen dugula. Badago paktu isil bat bertsolarien artean beste bertsolari batek ez duela doinu hori erabiliko txapelketa horretan, agian eskatu beharko litzateke epealdi luzeago bat…
Doinuak historian
Garai batean doinu motzagoak erabiltzen ziren. Amuriza hasi zen luzeagoak plazaratzen, gehiago esan nahiari lotuta. Esaterako, Naugrafoarena, oso doinu hertsia, lerro labur eta asko dituena, eta oso teknikoa dena.
Gero etorri zen Andoni Egañaren garaia eta zazpi puntuko doinuen “moda”. Bi lerro motzen jolas estetikoa, baina bukaeran diskurtsoarentzako lekua duena… Izugarri ugaritu ziren doinu hauek.
Ondoren beste aro bat etorri zen, Habanera doinuaren bidetik, doinu luze eta erregularrena. “Gaztelako lautadak bezain luze eta erregularrak”, Amurizak esaten duen moduan. Horrek dakar bertsokera bat, narraziorako joera bat, narrazioa urrundik hasi eta arrazoira gerturatzekoa, doinu luzeek markatua. Arrazoira iritsi arte bide luze eta deskriptiboa egitea. Egun indarrean dago aro hau, baina beste bide batzuk ere badira egun indarrean daudenak:
Doinu hautsiak direna, errima ezberdinak konbinatzen dituena, ez dakizuna zer zerekin lotua dagoen eta non hasi eta bukatuko den, batez ere lehen entzunaldian. Teknikoki izugarria da, baina lehen entzunaldietan arraro sentsazioa izaten da, espektatibekin du zerikusia berriz ere, jendea ezagutzen duen doinuekin eta deszifratu ditzakeenarekin egoten da erosoen, ez dugu ondo eramaten deserosotasuna, ez mezuetan eta ez doinuetan. Doinuaren kezkarik eta koskarik gabe entzutea plazera zaigu.
Mezuaren eta dosifikazioaren modua aldatu egiten da doinuen arabera. Denboran ere aldatu da hau: intentsifikazioan gora egin eta sententziekin bukatzen diren doinuak ez dira orain hainbeste erabiltzen. Orain bukatzen dira bertsoak baita ere puntualizazio batekin, doinua behean bukatzen dela…
Mamia eta azalaren eztabaida
Badirudi doinu hautsiak estetikoagoak direla baina hauetan ezin dela hainbeste garatu argumentazioa, eta alderantziz, doinu erregular luzeek aukera ematen dutela gehiago esateko.
Uste dut mamia eta azalaren kontua oreka kontu bat dela, ahalik perfektuena izan behar duela: ideia, mezua eta hura esateko modua. Bakoitzak egiten ditu bere gustukoen diren hautuak eta beretzat egokienak direnak.
Oso argi zaudenean buruz, iritsi zaitezke gero aztertzaileek aztertuko dituzten gauzak egitera: esaterako, intentsitateak pentsatuta ematera. Doinuak indar hartzen duen momentuan edo gora hartzen duen momentuan, testuak ere gora egin dezala. Egungo doinuetan batzuetan indarra erdian dago eta gero jaitsi egiten da, beraz, testua nola erregulatzen duzun garrantzitsua da.
Doinuak eta errimatzea
Habanera errimatzeko bi silaba errimatu behar direla esaten da. Azentuagatik alegia, azken aurreko silaban dagoenez, azentutik aurrera errimatu behar dela. Gure belarrietan ez zen hori horrela, ez dakit ez den jada ez dugulako belarriz entzuten. Errimatzat erabiltzen ditugun zenbait hitz hoskideak diren ere eztabaidatzekoa da, egun idatziz lantzen ditugunez errimak, hizki idatzien arabera zaizkigu batzuk errimak eta beste batzuek ez. Errimatu idatziz egiten dugu agian eta ez belarriz, gaur egun.
Plazan kantakera
Txapelketako doinu arranditsuak plazan askotan ez dira pertinenteak. Doinuak ere eragina du komunikazio horretan. Doinu ezagun eta ez ezagunen efektua esanguratsua da. Sestaora bazoaz eta doinu tradizional bat kantatzen baduzu, ez oso erabili bat, arrarotasuna sortzen da. Goizuetan berdin, ez dakit zer pop kantatik eratorritako doinu bat kantatzen bada, ezagutzen ez dena. Bertsolariari badagokio pedagogia lana egitea, entzuleen doinutegia aberasteko. Baina komunikazio zuzenagoaren mesedetan, jotzen dugu jendeak badakizkien doinuak kantatzera.
Zergatik hautatzen dira doinu batzuk edo besteak
Azken urteetan bertsolari jendea badago kezkatuxeago doinuen gaiarekin, berri eta zaharberrituak plazaratzeko beharrarekin.
Bertso eskola batetik bestera ere aldatzen da gai hau, bertso eskoletan zenbat lantzen den doinutegia eta kantaera, bada aztertzeko zerbait.
Egun teman aritzeko bilatzen da bukaeran latigoa, aizkora duen doinua. Garai kontua ere bada, garai batean bertsoaldiak luzeagoak ziren, orain gai bakoitzari hiru bertsorekin erantzuten zaio eta horrek badu zerikusia hiru kolpe botatzearekin, eta era horretako doinuak hautatzearekin.
Doinuetarako gustuak daude. Badaude doinuak beti ongi kantatzen duzunekoak: tonuagatik, tenpoa, doinuaren izaera, norbere kantaera… bakoitzak bilatu behar ditu bere gustuko eta ongi egokitzen zaizkion doinuak.
Badira doinuak, “kantatuegia” direla esaten dugunak. Kantatuegia esan nahi du, doinu horrekin kantua gehiago nabarmentzen zaiola bertsoari testua baino. Esaterako, “mendian gora haritza” doinua.
Badira doinu tostoiak, kantatzen hasterako aspertuta zaudena. Motelak.
Badaude doinu modak. Gu hasi ginenean, enpatxurako entzuten zen doinua “txoriak eta txoriburuak” zen. Kopletan “orbelak airez aire” garai batean eta orain “kontu berri bat suzeditu da”, non galdera sortzen den Hiru Truku sortu arte nola egiten zen kopletan.
Azken aldiko hit-a tradiziotik etorritakoa da, Agin Rezolak berreskuratutakoa, “txapela eta boneta” sortarena. Saio guztietan entzuten den doinua da.
Kantaera eta ahotsa
Kantaera bakoitzak bilatu behar du berea. Doinuak elkarren bertsioak dira beti, gero eta berdinago kantatzen dugu gaur egun. Kultura idatziak eragin digun bezala, kultura musikalak ere, izugarri eragin du bertso kantaeran. Gaur egun ahozkotasuna zer den galdetu beharko genuke, beraz.
Bertsoa bota esaten da, ez “kantatu”. Zer da bertsotan ondo kantatzea? ez da parametro musikaletan ongi kantatzea dena. Bilatzen dena komunikazioa da, ez hainbeste afinazioa eta perfekzioa kantuan. Beraz, bertsoak baditu bere parametroak, botatzeko. Nahiz eta azken boladan gero eta gehiago integratzen ditugun pop-rock mundutik ekarritako doinuak. Galdera da doinu horiek benetan ongi integratu daitezkeen bertsotan, doinu horiek bere onena ematen duten a capela kantatuta. Zalantza sortzen zait, “balio” ote duten ahozko jardunerako, ez ote diren geratzen ez han eta ez hemen, ez kantatzeko indarrik eta ez musikarekin duten edertasunik gabe.
Kantaerak badu ahots bat, bertsotan esaten da ahots propioa izatea garrantzitsua dela. Peñaren boza, kantakera publiko aurrean aldarrikatu nahi dut. Ez dugu bistatik galdu behar gure jarduna jendaurrekoa dela, kantakeraren gaineko kontzientzia eskatzen duena. Ez naiz bolumenaz ari derrigor, baina bolumena gutxietsi gabe. Bakoitzak bilatu behar du bere kantaera, testura, terrenoa.
Ahotsaren semiotika egitea ere interesgarria litzateke, zer ahots mota baloratzen dituen belarri kolektiboak, ahots grabe eta sendoak babes zabalagoa lortzen ote duten… gure barruko intuizio horrek zer entzun nahi duen eta zer apreziatzen duen, ahots grabeei nola egozten diegun sinesgarritasun eta segurtasun handiago bat.
Isiltasuna
Isiltasunen kudeaketa, tentsioa eta dentsitatea oso inportanteak dira. Bertsoek bere ezaugarri ederrenetako bat galtzen dute musikatzen direnean: Batetik, estandarizazio bat jasaten duelako tenpo eta afinazioan, eta bestetik, isiltasuna galtzen duelako.
Itziar Navarro: “Doinua tratatzen dugu gaur gauza finkoa balitz bezala, lehen askoz gehiago aldatzen zituzten”
2017-08-24 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Itziar Navarro-k “Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua” hitzaldia eskaini du Mintzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Kantaerak bertsoaren efektibitatea baldintzatzen duelakoan nago. Kontua ez da hainbeste zer ahots duen bertsolariak, baizik nola erabiltzen duen. Kantaera bada oharkabean berariaz egiten den zerbait, inkontzienteki kultura batean murgilduta egotearen ondorioz, kultura batean hazi izanagatik eragina du kantaerak, ez da ausazkoa.
Zergatik bertsolarien kantaera aztertu? interesatzen zitzaidan izaera inprobisatua, ez baita gauza bera bertso jarriak kantatzea edo aldi berean hitzak eta lagunduko dien musika sortu beharra. Eta bestetik interesatzen zitzaidan a capela izaera, ahots hutsez egiten dela eta beraz, kantaera libreago baterako aukera dagoela.
Oiartzun hartu dut, metodologikoki kokatzeko, hizkera eta ingurune bera konpartitu duten subjektuak hartzeko. Herri bertsolaria da, euskalduna, katea ez da eten…
Ikerketaren galdera orokorra hau izan da: Zertan aldatu da kantaera eta nola dago lotuta aldaketa hau bizimoduaren eta transmisio moduekin?
Kantaeraren definizioa
Kantaeraren barruan kokatu ditudan parametroak:
– Artikulazioa: nota batetik besterako pasada nola egiten dugun. Mozketarik gabe, segidan, lehunki…
– Azentuazioa: azentua egin dezakegu tinbrearekin, melodiarekin, pausekin…
– Apaindurak: bibratoak, apoiatura, trinoa…
– Dinamikak: ozentasunean ematen diren aldaketak. Ozentasunarekin batera aldatzen dugu ahotsaren kolorea, batzutan azkartasuna…
– Erritmoa: hotsa denboran antolatzea iraupen eta azentuen bidez soinu unitateak sortuz. Hiru mota daude: erritmo erregularra, librea eta tartean dago ez-erregularra.
– Intonazioa: noten altuera, tonuak. Sistema ezberdinetan intonatu dezakegu. Mendebaldeko sistema tenperatua da egun nagusi, pianoan do batetik beste do-rako notak direnak. Iparraldeko kantaeran beste intonazio mota bat erabiltzen da, dotik dorako nota hauez kanpoko notak erabiltzen dituena.
– Tenpoa: abiada.
– Tinbrea: ahots kolorea. Bere harmoniko kopuruaren eta hauen intentsitatearen araberakoa da. Ahots korden eta suudur eta ahoaren arabera dugun formaren araberakoa da, anatomikoki. Baina kontzienteki aldatu dezakegu, ahoa gehiago edo gutxiago erabiliz, ahotsa goxatuz… tinbrea beraz, emana badator ere, moldatu dezake bertsolariak.
– Nasalitatea: sudurra irekitzen badugu eta haizea ahotik bezala sudurretik botatzen badugu, nasala da.
Ikerketarako hautatutako bertsolariak
Mitxelena, Lexoti, Koxme Lizaso Lekuona, Juanito Mitxelena, Harkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Alaia Martin Etxebeste.
Intonazioaren adibideak
Lexoti eta Mitxelena ofizioka. Intonazio tenperatutik urruntzen den intonazioa erabiltzen dute une batean.
Mitxelena eta Xamoaren bi bertsoaldi jarriko ditut “ihes betea” doinuan, eta ikusten da Xamoa tenperatutik gertuago dagoela eta Mitxelena urrunago.
Apaindurak
“Sastarretik hasita” doinuan bertsolari ezberdinek kantatutako bertsoak jarriko ditut. Ea trinoak noiz desagertu ziren ikusiko dugu. Mitxelenak asko egiten ditu. Koxme Lizasok ere asko egiten ditu. Xamoak ez eta Alaia Martinek ere ez. Juanito Mitxelenara arte egiten dira eta hortik aurrera ez.
Tinbrea
Zepai (lizentzia hartu dut, bera ez baitzen oiartzuarra) eta Koxme Lizaso ofizioka jarriko ditut, tinbrea zer desberdina zuten ikusteko.
Tenpoa
Joanito Dorronsororen arabera, tenpoan bi garai bereizten dira: Xenpelar, Txirrita, Basarriren garaia eta ondorena. Hiru bertsolari hauen garaian kantatzen zuten bertsoa hasi eta buka etenik gabe, eta nahiko azkar. Ondoren hasi ziren etenak egiten eta mantsoago. Nik aztertutakoetan, Koxme Lizasotik aurrera dexente mantsotu da kantaera.
Bilakaera ulertzeko gako batzuk
– Sekularizazioa eta baserri bizimoduaren galera. Liturgietan kantatzen ikasi zuten belaunaldiek, elizan kantatzen ikasten zen eta bere bueltan kantatzeko beste aukera batzuk zeuden, ospakizunetan. Baserriaren gainbeherarekin galdu ziren familia kide asko bilduta kantatzen ziren momentuak. Kanturako elkargune izan ziren sagardotegiak eta tabernak ere. Egun elkarte gastronomikoetan asko kantatzen da, hezkuntza formal eta ez formaleko guneak… dena ez da galera, eremu batzuk utzi eta beste batzuk hartu ditu bertso kantuak.
– Mediazioa eta mediatizazioa: hitzaren komunikazioa aurrez aurre ematen den edo ez da gakoa. Hitzetik Hortzerako saio bat ikustea mediatua da, adibidez. Mediatizazioa da, bertso batek medio batean sartzeko jasan behar izan duen aldaketa. Mediazioari esker bertsoa inoiz iritsi gabeko guneetara iritsi zen: irratia, kaseteak, Hitzetik Hortzera, bertsoa.eus… grabazioak gure kantatzeko moduari eragiten dio. Lasarteren kasetean kantaera ez zen bat-batekoa, eta Xabier Leteren kasetean kantaera jada ez da bertsoarena, musikariarena baizik. Kantaera horiek argazki modukoak dira, kanon izaera hartzen dute. Lehen efemeritasun garaian, bakoitzak bere erara hartzen zuen doinua eta bota. Irrati komertzialetan soinu neutro gutxi entzungo dugu, intonazio tenperatura asko inguratzen gara, doinuen kanon bat zabaltzen da…
– Nazionaltzea. Lurralde ezberdinetako bertsolariak elkarrekin entzuteko aukera gutxiago zegoen lehen.
– Formalizazioa eta instituzionalizazioa. Eskola zaharreko bertsolarien eskola taberna zen eta unibertsitatea plaza. Egungo bertsolariek eskolan ikasten dute batik bat bertsoa, etxea transmisio gune gisa mantentzen bada ere, nahiz bertso eskolak modu ez akademikoan egiten diren. Baina bada aldaketa bat.
– Mundu sonoroa: etengabe estimulu sonoroak jasotzen ari gara, inoiz baino gehiago, leku eta une guztietan. Jakintza eta informazioa bereizi behar dira hemen: informazioa da eskuragarri dagoen zerbait baina ez derrigor jakintza bezain sakona, jakintza esperientziaren bidez barneratu duguna baita. Oiartzun bailaran garai batean sei doinu erabiltzen ziren, baina doinuak asko bariatzen zituzten.
– Estetika ere aldatu da. Egun intonazio tenperatuagoa da… mikrorik ez zegoen garaian bibratoa erabiltzen zen aretoan ahotsa entzunarazteko. Egun ez da horretarako erabiltzen, apaindura gisa baizik. Logikoa da, beraz, elementu hori apaltzea, funtzionaltasuna galdu duelako.
– Gaitasuna: mundu sonoroa eta estetika gaitasunei lotuta dago. Mikrofonoaren sarrerak ahots proiekzioaren gaitasuna gainditu du, jada ez da beharrezkoa. Kantaera aberatsa izateko gaitasuna behar da, zenbat eta gehiago praktikatu, baliabideak kasi nahigabe ateratzera iristen da. Musika etengabe entzuten ari gara baina ez dugu musikarik egiten.
Ondorioak
Gure mundu sonoroan kantaera desberdinei lekurik uzten diegu? Aberasten dugu gure mundu sonoroa kantaera ezberdinak entzunaz?
Mediazioaren erabilpenak eta eraginak ikertzea beharrezkoa da. Nola erabiltzen den doinutegia, bertsoa.eus…
Bertso eskolen eta txapelketen eraginez pentsatzea beharrezkoa da.
Praktikak gaitasuna dakar eta horrek eragingo du ea bariazioak, jolasak, egiten ditugun.
Mikrofonoak ekarritako aukerak ere baliatu behar dira: tinbrearekin asko jolastu daiteke orain.
Arlo sonoroan ere aldaketak eman dira, beraz, garaiei lotuta.
Galderak publikotik:
XIX. mendetik aurrera kantatzeko modua aldatu zen? Iparragirrek doinu dexente sortu zituen, kantaria zen… ekarri zion iraultzarik kantakerari?
Baietz esango nuke. Kontua da, grabaziorik ezean, iturri idatzietara jo behar dugula eta hori arriskatuagoa da. Saltorik handiena egongo zen Mitxelena eta Lexotiz aurrekoen eta hauen artean, Mitxelena eta Lexoti txapelketan aritu zirelako, azken joeraren hasiera izan ziren. Txirritaren grabazio bat bada eta Zepai entzun dugu, eta horien garaitik Mitxelena-Lexotirenera egongo zen jauzi handiena, hori da nire pena, aurrerago jo ezina.
Hau guztia kulturalki jasotzen da, gaia da noraino erakusten den eta erakutsi daitekeen. Lehengo kantaerak bazituen gauza aberatsak, orain arreta gehiago jartzen da hitzan, esaten den horretan. Lehen doinua gehiago moldatzen zen hitzetara. Lehengo kantaeratik zer berreskuratu daitekeen eta nola pentsatzea merezi du.
Doinua tratatzen dugu gaur gauza finko bezala, hori mediazioaren ondorioa da. Bertsolariak lehen gehiago asmatzen zuten.
Ikasteko, lehen plazan entzuten zuten doinu bat eta etxean berregiten zuten, beraz, aldaera asko sortzen ziren. Orain bertsolariek oso aldaketa txikiak egiten dituzte, notaz nota kantatzen dute ia, grabazioetatik ikasita. Ikasteko modua aldatu daiteke, behin entzun eta bakoitzari eskatuz bere modura moldatzeko. Orain buila gutxiago egiten dugu, lehen umeek karrasi eta marru egiten zuten, orain isiltzeko eskatzen zaie, eztarria eztarritik kontrolatzen ikasten dugu, ez estomagotik. Hori heziketaren ondorio da. Umeei negar egiten lasai uzten badiozu, arnas sistema ere hobea izango du.
Ainhoa Aizpurua, bertsotan kantakerak hitzaren adierazkortasunean duen eraginaz
2017-08-24 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Ainhoa Aizpuruak “Bertsolaritzaren prosodia: hitza eta musikaren arteko harremana ulertzeko gakoak” hitzaldia eskaini du Mintzolak eta EHUk antolatutako “Bertsolarien kantaera eta sormena” udako ikastaroetan. Hona azaldu dituen ideietako batzuk:
Aztertu ditut bertsolari hauek txapela jantzi zuten txapelketako bertsoak: Xabier Amuriza (1980), Andoni Egaña (2005), Maialen Lujanbio (2009) eta Amets Arzallus (2013).
Bertsotan metrikaren oinarria silaba da, euskararen hizkuntzaren ezaugarrien ondorioz.
Musikak pultso periodiko bat du eta oinarrizko patroi erritmiko baten errepikapena dira bertsoak. Bertsolariak kantatzean, patroi hori errepikatzen du, batzuetan aldaerak sartuz eta beste batzuetan gehiago hautsiko du. Patroi erritmikoak gauzatzeko moldeak ikusiko ditugu:
Garmendia eta Amuriza 1980ko txapelketan: patroi erritmikoa modu erregularrean errepikatzen da bere horretan. Etenen kudeaketa eta bertsolarien arteko lastertasun desberdintasunak nabarmentzekoak dira. Amuriza, aztertutako joeretan erregularren kantatzen duena da.
Patroia modu nahiko erregularrean errepikatzea baina modu malguan, aldaerak sartuz kantatzea da beste modu bat. Adibidez, Amets Arzallusen hasierako agurra 2013ko finalean. Oinak erritmikoki markatzen dira, mantsoago kantatuz, esaldien amaiera mugatuz.
Hirugarren aukera litzateke erritmo libreagoan kantatzea, hizketara gehiago hurbiltzen den eran kantatzea. Hitzak hitz lauz esango genituzkeen bezala multzokatuz… 2005eko txapelketako Egañaren eta Mendiluzeren ofizioa ekarri dut adibidetzat. Deigarria da Egañak nola lotzen dituen patroiaren geldiuneak hitzen mugekin. Bertsoaren bukaeran, hizketara hurbiltzen den erritmo librea ikusten dugu. Patroi erritmikoa hautsi edo ez, esan nahi dutena indartzeko baliatzen dute, hitz eta esaldien arabera.
Lujanbiok ezaugarri erritmikoak (etenak, azentu adierazkorrak, melodiaren goraldiak…) ofizioan hartzen duen rola prosodiaz janzteko baliatzen ditu, kolorea jartzen diote esandako horri. Adibidetzat ekarri dut Lujanbiok eta Maiak 2009ko txapelketako finalean egindako ofiziokako saioa.
Azentu adierazkorretan melodiak badu zerikusia, baina askotan baliabide prosodiko asko aritzen dira elkarrekintzan hitzari ahalik adierazkortasun handiena emateko.
Melodiaz
Doinuaren melodia hitzaren intonazioa da bertsotan. Melodiak patroiaren eta hitzen harremana josten du. Hitz lauaren prosodiatik bereizten duen ezaugarria ematen dio melodiak bertsoari. Doinu alai eta tristeagoak badirela autematen dugu eta hori ezaugarri musikal bat da, beren pisua dute bertsotan eta kolorea ematen diote esaten denari. Amurizak hitz jakinak lotzen ditu melodien goraldiekin (bihotza, bizitza…).
Beste adibide bat: Egañak 2005eko finalean kantatutako bederatzi puntukoa, aulkiari. Etenen kudeaketa nola egiten duen interesatzen zait eta bukaeran hizketara hurbiltzeko joera, patroi erritmikoa hausteko adierazpidea egiten du. Diskurtsoa antolatzen du doinuaren ahapaldika. Doinuaren bukaerako errepikak esandakoa indartu egiten du, eta bertsolariek bigarren aldian goraldi batekin kantatzen dute, gehiago indartzeko.
Amurizak 1980ko finalean ogiari kantatutako doinua ekarri dut. Goraldi eta beheraldien progresioa nola egiten duen aipagarria da.
Lujanbiok 2009an suari kantatutako bederatzi puntukoan, mantsotasunez kantatzeak efektua du. Hautu prosadiko batek edo besteak efektuak sortzen dituzte eta eragin bat dute hitzaren adierazkortasunean.
Arzallusek 2013ko finalean kartzelako lanean kantatutako bertsoaren adibidea: oso nabarmena da egitura eta diskurtsoaren lotura, intentsitateaz baliatzea, eta azken puntuari doinuak ematen dion kutsua.
Ondorioak
Hitzak eta musikak oinarrizko baldintzak jartzen dituzten arren, bertsolariak lotzen ditu biak eta alderdi askok eragiten dute. Gakoa da une bakoitzean asmatzea zein baliabide eta nola erabili, eta baliabideak elkarrekintzan aritzen dira.
Zer da prekarietatea zaintzatik ikusita?
2017-07-12 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
SOS Arrazakeria elkarteko Loira Manzanirekin elkartu naiz, Urretxindorra proiektuaz informatzeko (irakurri artikuluaren amaieran zer den Urretxindorra). Erreportajerako hariaz kanpo, prekarietateak zaintzan duen eraginaz galdetu diot. “Prekarietateak baditu milaka aurpegi” eta gai horrek sortzen didan jakin-gosea goxatu nahian nabil…
Prekarietatea umeen azaletik
Manzaniren erantzuna goxoki bat da: “Prekarietatea ez da diru eskasia bakarrik, agian gehiago da gurasoek umeei eskaintzeko denborarik ez izatea. Badira egun osoan lan egiten duten gurasoak eta umeak bakarrik egon ohi dira. ‘Oso arduratsua da’ esaten da ume horietaz, baina agian ez da ume izaten ari. Prekarietatea da, baita ere, hainbat jarduera eta esperientziatara sarbiderik ez izatea, agian dirua eskas delako edo agian nork lagunduko zaituen ez duzulako. Prekarietate afektiboa ere badago: badira gurasoengandik 9 urtez banandutako umeak, gurasoak lanera etorri zitzaizkielako Euskal Herrira eta umeak oraintxe iritsi direlako hona, ia ezagutzen ez dituzten gurasoekin elkartzera, bere ordura arteko erreferenteak jatorrizko herrian utzita”.
Loira Manzani SOS Arrazakeriako kidea. Argazkia: Dani Blanco.
“Bizitza ona”ri buruz hausnartzeko, begiratu nola zaintzen dugun
Bakoitzak “onena” bilatzen du zaintzen dituen pertsona maiteentzat. Bakoitzak ezberdin antolatzen eta praktikatzen dugu zaintza, baina bakoitzak “onena” irizten duen moduan. Ez baitago “onena” den modu objektibo bat, “bakoitzarentzat onena” den bizimodua eta zaintza baizik. Eta zaintza antolatzeko eta praktikatzeko garaian, hamaika faktorek eragiten dute: zaindua diren eta zaintzaren ardura nagusia dutenen beharrak eta nahiak, baita ere pertsona horiek eskura dituzten aukerek edo egoerak, aukera horien artean hartzen dituzten hautuek eta zentzuz betetzen dituzten ekintzek…
Pertsonen bizi-baldintzak bete-betean islatzen dira zaintzan. Helduek lan ordaindua kualitatiboki (eta kuantitatiboki) nolakoa dugun, zer harreman sare ditugun, zer zerbitzu ditugun eskura…
Lan munduan enpresei eskuak libre uzteak dakar prekarizazioa, zukutze maximoa. Txanpon horren beste aldea da zaintzarako baldintzak estutzen direla eta erakunde publikoek eta harreman sareek beren gain hartu behar dutela pisu handiagoa. Baina erakunde publikoen aldetik alderantzizko jarrera ikusten ari gara: murrizketak egiten ari dira zaintzaren eremuetan (ere). Enpresei bizi-baldintza duinak exijitzeko borroka egiteaz batera, eta erakunde publikoei herritar denen oinarrizko beharrak duin asetzeko exijitzeko borroka egiteaz batera, harreman sareak, alde komunitarioa lantzea oso emankorra da zaintzaren eremuan ere. Pertsonon artean, merkatuaren logikatik kanpo eta figura instituzionalik gabe. Urretxindorra proiektua horietako bat da.
Urretxindorra proiektua
Merezi du Urretxindorra proiektua ezagutzea: atzerrian jaio eta 10-14 urte bitartean dituzten umeei dago zuzendua, eta beti hemen bizi izan diren gazteekin astero hiru ordu aisialdi partekatzea da muina. Ume eta gazteak ateratzen dira irabazten esperientzia honekin. Eta guraso prekarioek, beste gauza askoren artean, hauxe baloratzen dute proiektutik: “Azkenean, berarekin egongo den norbait!”. Bihartik aurrera irakurri ahalko duzue Urretxindorra proiektuaren mamiaz argia.eus-en, erreportajean.
Erraustegiaren obrak ustelandiako estilora hasi dira
2017-07-04 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Astelehen goizean kartel honekin topo egin zuten herritarrek eta horrela jakin zuten Usurbil eta Zubieta arteko Learritza bidea bi hilabetez itxi dietela. Etxetik normaltasunez atera ezinda sentitu dira bide horretan bizi direnak. Zertarako gutunak eta jakinarazpenak? Usurbilgo Udalak eta Zubietako Herri Batzarrak ere ez zekien ezer!
Oinezkoei eta bizikletei ere ixten die bidea kartelak. Teknikariren batek esana, oinezkoei metro bateko ibilbidea utzi behar zaiela halakoetan. Metro bat utziz gero, ordea, kamioirik ezin pasa bide honetan.
Baimenak lortuko dituela badakien langilea
Zubietako herritar baten etxe atarian ari zen Naturgaseko langilea uztailaren 3an, erraustegira, makrokartzelara eta industrialderako gas hodiak sartzeko lanetan. Goizeko 8:00etatik 18:00etara omen zuen Naturgasek lan horretarako errepidea okupatzeko baimena. Arratsaldeko 17:00etan, herritarrak gogorarazi dio langileari 18:00etarako libratu behar duela errepidea. “Lasai, lortuko dut ordurako baimena luzatzea” langilearen erantzuna.
Kontrolatzea bere lana ez duen ertzaina
Ertzainak parean pasa dira eta herritarrak jakinarazi die 18:00etan bukatzen zaiola Naturgasi errepidea okupatzeko baimena, eta ordu horretan langileak errepidea libre uzten duela kontrolatzeko eskatu die herritarrak poliziei. “Hori ez da gure lana” erantzun dio polizia batek. Herritar batek bere autoaz errepidea moztuko balu, ez litzateke ertzainen lana baimena eskatzea? Biharamonean ere baimenak eskatzeko galdegin die herritarrak poliziei, hasiera eta amaiera orduak errespetatzen direla bermatzeko. Langileak errepikatu du lehengo leloa, baimena luzatzea lortuko dutela, eta ertzainak gauza bera berretsi du, “biharko lortuko dute baimena luzatzea”.
Legerik ez obra pribatu politikoetan?
Usurbilgo udalaren baimenik gabe ekin dio Naturgasek Usurbil eta Zubieta arteko bidea okupatzeari. Naturgasek Donostiako udalaren eskutik jarduteko baimenduta dituen orduak errespetatzen dituen kontrolatzeaz paso egiten du eremu horretan patrullatzen ari den ertzantzak. Donostiako udaltzainek, euskaraz jakin ez eta gaztelera hutsean, ez omen dute herritarren eskaerei erantzuteko ahalmenik, baina kazetariei argazkirik ez ateratzeko eskatzeaz arduratzen dira…
Udaltzainak, ertzainak eta obrako langileak, beren betebeharra gaindituz jartzen dira Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta enpresa pribatuen borondatearen zerbitzura. “Denok dakigu obra hau zertarako den” botatzen diete herritarrei, “denok dakigu gauza hauek nola joaten diren” ulertaraziz.
Zilegitasunik ez duen obra bati, legaltasun esparrua gehitu zaio hasi orduko.
Bertsolari “in vitroa” eta bere maisua bizitzaren irakaspenez solasean
2017-06-27 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Ekainaren 26an Zumaiako Oxford aretoan Jon Maiak eta bere bertso irakasle izandako Joanito Dorronsorok solasean aurkeztu zuten “Berriak jaio ginen” Maiaren liburua. Entzulegoa Zumaiako bertsozaleek osatu zuten, asko herriko bertso eskolatik pasatutakoak, eta beste asko herriko bertso ekintzetan entzule fidelak direnak. Lagunarteko giroan kontakizun atsegina harilkatu zuten Maiak eta Dorronsorok, iraganeko esperientzietatik ondorioak atereaz, umorea eginez eta tarteka epikak eraikiz. Maiak esan zuenez, “bizitza ez baita gauzak nola gertatu ziren, baizik, bakoitzak nola gogoratzen dituen”. Solasaldi formatuan egin ditu herrietan aurkezpenak liburuaren egileak, eta formatu ireki hori baliatuz hartu dut lizentzia Maiak egin zuen kontakizunean hainbat galdera planteatzeko.
Vascorro edo mantxurriano?
Maiaren kontakizunak balio handia du pentsatzeko nola den etorri berriek gure herrian txertatzeko egiten duten bidea. Umore kolpeka kontatu zuen “bertako familiak tribu handiak zarete, zuen bi aitona, amandrearen figura, guraso eta izeba-osaba eta lehengusu pila bat alde batetik eta beste lehengusu pila bestaldetik. Ehunka urte daramatzazue bertan, bertako klimara egokituta, bertako elikagaiak jaten… eta gu ginen etorri-berri ginen lau, gu LAUOK”. Zumaiako ikastolan, beren gelan 33 ikasletik 3 omen ziren etxetik euskaldunak ez zirenak. “Ikastolakook euskaraz ikasten genuen, Julene Azpeitia eskolakoek gazteleraz, eta kristau eskolakoek bi hizkuntzetan. Kalera atera eta gure jolasa elkar egurtzea zen. Gu besteentzat vascorroak eta caxeroak ginen, eta haiek guretzat mantxurrianoak. Jolas gisa ikus dezakegu elkarri harriak botatzea, baina jolas horrek islatzen duena da umetatik bereizitako bi komunitate ginela, enfrentatuak”.
Gako bat: Zergatik edo nola egin zuten Extremadura eta Zamorako bere gurasoek semeak ikastolara bidaltzeko hautua? Zergatik ez zituzten etorri berri ziren gehienek bezala erdal ereduetara bideratu? Egun ere kanpotik datozen gurasoekin lanketa nola egin pentsatzeko balioko luke Maia-Soriatarren esperientziak.
Maiak ez zuen nahi inondik ere ikastolako bere kideek bera mantxurrianotzat hartzerik. “Nire abizenak ezkutatzen aritzen nintzen, lotsaz bizi nuen gurasoekin erdaraz egitea… 1984an 11 urterekin lehen aldiz Eskolarteko Txapelketan kantatu genuenean, nik erdaraz pentsatzen nuen. Lau oinak eman zizkidaten, tartean ‘etsi’ eta ‘etzi’ eta ez nekien ‘etzi’ zer zen, iragana edo etorkizuna, eta ‘etxera etortzeko / esan zidan etzi’ bota nuen…”.
Ametsak euskalduntzeko hautua egin zuen orduan: “11 urterekin anaiari esan nion: guk ez dugu gure artean gehiago españolez egingo, gu hemengoak gara, euskaldunak gara… kar kar kar, auskalo zer esan nizkion eta berak zer ulertuko zuen, 7 urte zituen eta…”. Jon Maiaren ametsa euskaraz amestea zen: “zure burua kontrolatzen ez duzun momentu horietan ere euskaraz egitea zen nire ametsa. Norberaren hizkuntza intimoa aldatzea oso zaila da, inertzia euskarara pasatzea”.
Zu ere bertsolari, zu ere euskaldun
Maiak prozesu horretan bi eskolen garrantzia azpimarratu zuen solasaldi osoan zehar: ikastola eta bertso eskola. Bertso eskolak Xabier Amurizaren teorizazioaren ostean etorri ziren, herriz herri hitzaldi eta ikastaro bidez egin zuen dibulgazio-lanaren ostean. Sorrera horietan aritu zen Joanito Dorronsoro, eta Zumaiako bertso eskola handik etorri zen. “Zu ere bertsolari esaten digu Amurizak bere liburuaren izenburuan. Esaten ari zaigu edonor izan daitekeela bertsolari, guraso estremeñoak dituen ni bezalako bat ere bai. Eta ikastolak ideia hori bera zabaldu zuen, euskararen gaian, edonor izan daiteke euskaldun, kanpoan jaiotakoak ere bai”. Dorronsorok “bizitzaren indarra”z gogoetan egin zuen, “bizidun denek dute irauteko sen hori, egoerarik latzenean aurrera egitekoa. Franco garaiko basamordu hartan euskara aurrera ateratzeko gogoak bultza gintuen ikastolak sortzera, eta ondoren, ikastoletan bertsolaritza lantzen hastera”.
Maiak bihotzez eskertu zuen Dorronsorok bertso eskolan “gu bezalako esperimentu batzuekin sartutako ordu horiek denak. Nik ezagutzen nituen bertsolari bakarrak, Eskolarteko Txapelketan Baldako finalera iristen ziren beste zumaiarrak ziren! Zer pazientzia!”. Dorronsorok irribarrez kontra egin zion: “Pazientzia gutxi, e… ilusio handia. Inondik ez genuen espero horrelako bertsolariak aterako zirenik, baina bai ari ginen zerbait handia egiten ari ginela jakinda”. Dorronsorok eskatu zion Etxahunen hilobiaren pasartea kontatzeko, horrek hunkitu zuela “jabetu naizelako bertso eskolan ez genuela teknika bakarrik irakatsi, herri baten nortasunean sakontzeko balio izan zuela”. Maiak grazia handiz kontatu zuen:
“Ezagutzen nituen bertsolari bakarrak zumaiarrak ziren, eta baita ere Dorronsorok irakatsitako Etxahun, Iparragirre, Txirrita… haiek bertsolari ezagunak zitzaizkidan! Barkoxen pasa genuen uda eta nire ilusioa Etxahunen herrian nengoela zen. Besterik ez nien eskatzen, eta han joan ginen Barkoxeko hilerrrira Etxahunen hilobia bilatzera bi estremeño, zamorar bat eta ni, alegia, aita, osaba eta amarekin. Eta eskutik eraman nuen hiru urteko mutiko bat, egun bertsolari den Joanes Etxeberria”.
Etxean españolez mintzatu eta euskaldun izatearen gora-beherak gainditzearen egun handitzat azaldu zuen 1997ko Txapelketa Nagusian kantatutako agurra, “Ama Extremadura / aita Zamoratik / abuela ta abuelo / haien atzetik…” hasi zuenekoa.
Bertsolari “in vitro” baten komeriak
Bertsolaritzaren bidean bere meritu “bakarra, aurrera egitea izan dela” bota zuen Maiak. “Egon izan naiz uztekotan. Balio al nuen zen nire galdera, eta bertso saio bakoitza esamina pasatzea zen niretzat. Bota egiten nuen saio aurretik, beti”. Garai hartako publikoarekin enpatia ariketa egin zuen: “Pairatu behar izan gintuzten, batetik gure bertso maila ez zelako oraingoa, eta bestetik, haien euskara askoz aberatsagoa zelako, gure bertsokera plastikozkoa zitzaien… ulertzen ditut hein batean, nahiz eta garai hartan gaizki pasa nuen”.
Beren garaiko umeak zirela deskribatu zuen umore handiz, eta hori dena bertsotara eraman zutela: rocka, litxarreriak, ETBko marrazki bizidunak, bideo-jokoak, filmak eta komikiak… Beste belaunaldi batekoa, beste zoru kultural batekoa izanik saioetara joatean zomorro arraro sentitzen zela kontatu zuen. “Nire koadrila larunbat arratsaldetan, saltsaren erdian utzi, eta joan behar nuen Oñatiko auzo batera edo Aiara, eta bertso saioan ni bakarrik nintzen ilean mototxa eta oinetan martinsak neramatzana. Handik denbora batera hasi zen publikoan gure moduko jendea agertzen, handik denbora batera gai-jartzaileetan eta handik beste denbora batera txapelketetako epai-mahaian”.
Belaunaldi berri horrek beren bizkar gainean sentitu zuen galdera ikurra adierazi zuen Maiak: “hauek eutsiko ote diote bertsolaritzari? nora joango da bertsolaritza hauekin?”. Denborak galdera hauek erantzun dituela adierazi zuen. Dorronsorok gehitu zuen bertsolaritzaren historian berrikuntzarik izan denean beti errepikatu direla galdera hauek, “ba al da nor, ba al da gai” funtsean: “Txirrita eta Basarriren artean lehenik, ondoren Amurizak txapela jantzi zuenean Goierrira eraman zuten Lasarterekin probatzera”…
Beste gako bat: Ondoren etorri diren bertsolariei ere epai beraren zama entzun izan diegu. Ezinbestekoa da edo ez al dago modurik “ondorengoek maila emango duten” kargatik libratzeko?
“Aniztasun” (zerutiar ditxosozkoa)
Beren belaunaldiko denak “politikoki uniformizatuak, denak ezker abertzalekoak” izateaz salatu dituztela kontatu zuen, “eta garbi esan dezaket ezetz, ez zitzaidan hainbeste manifestaziotan kantatzea tokatuko, beste denak prest egon balira”. Euskal gatazkaren urte oso gogorrak tokatu zitzaizkiela kontatu zuen, “zenbat hilkutxaren ondoan kantatu dudan…”. Azaldu zuen “aurrekoen helburua bertso ona egitea zela. Gure helburua, bertso ona egiteaz gain, beste erabilera bat ematea zen, salaketarako adierazpide, aldarrikapenerako, bertso onaren gainetik”. Aurreko garaiarekin alderatuta, publikoan aldaketa handi bat egon zela azpimarratu zuen: “Franco garaian politikoki euskaldunak batuta zeuden. Baina guk kantatzen genuenean boterearen kontra, jada boterean dauden hori ez da Franco, boterean daudenak euskaldunak dira, eta jipoitzen gaituztenak ez dira grisak, ertzainak dira. Boterearen kontra kantatzen dugunean, bertso publikoan banaketa ematen da, publiko horretatik jende bat botere horren alde dagoelako eta beste batzuek ez. Franco garaian bertsolaria herriaren ahotsa zen eta orain ez, zeren orain herria ez da bakarra”.
Hala ere, bertsolariek beti egin dutela “Lizarra Garazi funtzioa” azaldu zuen: “politikoki ordezkatzen gintuztenak oso enfrentatuta zeuden garaitan, bertsolariok gure ideiak normal kantatzen genituen. Entzule batzuek ez ziren joaten Euzkitze eta Egaña entzutera, beren ideia politikoengatik. Bada garaia gauzak esaten hasteko, nik nire liburuan onartzen ditut garai bakoitzean egin nituen gauzak, zein zirkustantzietan egin nituen ezagututa, eta bakoitza gure garaiaren seme-alabak garela onartuta. Baina egia esan ematen dit bertigoa liburuan asko biluztu izanak, ohartzen bainaiz denek ez dutela gauza hauez hitz egiten”.
Eztabaidarako gaia: Eskertzen da modu ireki horretan halako gaiak planteatzea eta boterean euskaldunak egoteak bertso saioetan (bertsolariengan eta publikoan) ekarri dituen aldaketez zer pentsa ematen du Maiaren esperientziak. Baina duda sortzen da, norberak bizi izan ez ditugun aurreko garaiez egiten dugun irudia, ezinbestean, askoz orokorragoa izaten dela. Bati burura etortzen zaio Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikarrak gerraren atarian Azpeitian jaso zuen jipoi fisikoa mitina bertsotan ematera joanda, bere ezkerreko ideiengatik. Francok hainbeste urtean irauteko, bertso saiotara zihoazen herritar asko ere frankistak izango ziren, edo ez antifrankista praktikanteak behintzat, eta ez dakit bertsolari denek kantatzen ote zuten nabarmen Francoren kontra, edo kantatzen ziren gai gehienak, entzule denak asetzen zituztenak, zeri buruzkoak ziren. Aztergai eta eztabaidagai polita bertsolarientzako, ea publikoan sumatzen dituzten kontsentsuak eta pitzadurak nola kudeatzen dituzten bertsotan aritzerakoan, norberaren ideologiarekin uztartuta.
Maiari ulertu nion bere belaunaldiaren ezaugarria zela “bertso onaren gainetik” ere aldarrikapena jartzea (agian nik ulertu nion gaizki). Eta ez nuke amiñi bat txikituko belaunaldi horrek ere aldarrikapenean egin duena. Gehiago ikusten dut beti egon direla bertsoari funtzio hori eman dioten bertsolariak, jakina da Aitzolek nazionalismoa hauspotzeko tresna moduan ikusten zituela bertso txapelketak. Edo Francoren tropak Hernanin sartu zirenean Txirritagatik galdetu zutela, eta dagoeneko hil zela erantzun ziotenean, “bestela gaur bertan hilko zen” bota zutela; ez, zen, noski, bere bertsoen kalitateagatik izango, bertsotan zabaldutako aldarrikapenengatik baizik.
Garaian garaian egon dira bertso onari aldarrikapen funtzioa gehitu dioten bertsolariak, eta “hau ala beste” aukeratu beharra sentituta, “arteari, bertso onari” “lehentasuna” eman diotenak (ez dakit biak bereizterik baden). Edo agian, bertsolari bakoitzak gai eta borroka batzuekin sentitu du bere “bertso ona”ri aldarrikapena gehitzea.
Eztabaidarako gai mamitsua, Maiak planteatu zuena.
Erraustegiaren aurkako gose grebaren amaierako ekitaldia
2017-06-22 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Noauak grabatutako bideoan ikus dezakegu osorik.
Norbanakoek auzolanean, beren gorputzarekin aurre
Jendea hunkitzeko indarra izan du gose grebak hasieratik. Sei herritar sasoiko baina adinez ez hain gazte ikustea, seitik lau emakumeak, eta hauetatik bi ume txikiak dituztenak. Alegia, astebeteko gose-greba bati aurre egiteak eskatzen duen eguneroko martxa hausteko baldintza, a priori zailenetakoa dutenak. “Gure umeengatik ari gara, baina zuenengatik ere bai, eta denongatik funtsean”.
Azken urteetan errausketaren aurka hamaika modutara lan egiten dihardu mugimendu anitzak: egin dira hitzaldiak, manifestazioak, akanpadak, martxak, eragileekin bilerak, lipdubak, galdeketa, informazio eskaerak… inolako erantzunik eta elkarrizketarako jarrerarik ez dute jaso arduradun nagusia den Gipuzkoako Aldundiaren aldetik. Erraustegia eraikitzeko lanak hasiko zituztela iragarriz ekitaldia egin zuen Aldundiak Zubietan, eta makina gutxi batzuk lanean hasiak dira, ez hala ere erlojuaren kontra eraiki nahi duten obra batek eskatzen duen martxan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Gipuzkoa Zutikek Zubietan Erraustegiaren Aurkako Eguna eta martxa antolatu zuten maiatza bukaeran, ikasturteko (ustez) azken ekintza indartsua…
Eta handik aste gutxira hara non sei kidek jakinarazi zuten grebari ekingo ziotela. Borrokan jarraitzeko ilusioa zabaldu dute mugimenduan, eta ideia honek indar hartzea “lortuko dugu gelditzea”. Beren gorputza bihurtu dute borroka eremu, erraustegiak kutsatuko duen gorputza erdigunera ekarriz, elikaduraren gaia erdigunera ekarriz (bertakoa jan beharra eta horretarako, lurra ez kutsatzeko ezinbesteko baldintza), osasuna eta kontsumoa erdigunera ekarriz. Sei kidek bere gorputzarekin eutsitako borroka izan da zutabea horren inguruan antolatzeko astebetez karpa finkoa, hitzaldiak, giza-katea, informazio orriak banatzea, ETBk eta Diario Vascok albisteari entzungor egin izana salatzeko kontzentrazioak, elkartasun adierazpen oso ezberdinak…
Badu errausketaren aurkako mugimendu zabalak zer eskerturik gose greba aurrera eraman duten sei kide hauei. Ziurrenik, bere arrastoa gose-grebaren biharamonean ikusten duguna baino luzeagoa izango da aurrera begirako planteamenduetan.
Lagun batek esan zuen emanaldian kantatu genituen koplak berrerabilgarriak zirela, eta funtzio horrekin dituzue segidan idatziz:
Gosearen koplak
Eskabadora petrala Haizea nahi dugu haize
urratuaz lurrazala lurra baso edo belaze
erraustegia ta kapitala aske bizi nahi duena ezin
lurrak irentsi ditzala zementuarekin ase
Kaiolan goxo txoria Putreak erasoz ari
hanka-erren, ahots lodia zelaian ardi beltzari
ETBk ez informatzea da ez gara izango Diario Fatxoren
eguneroko ogia eskeletako haragi
Angulak zelebratzeko Betaurreko lanbrotua
txanpaina fresko antzeko guante zuridun eskua
gu Regimenean bizi behar egi gosez gaude herritarrok
hiru gizon gizentzeko erakutsi kontratua!
Sei lagun kalean finko Sei lagun gosean tinko
gose-greban alai, tinko egon direlako finko
milesker iparra jartzeagatik: erraustegia egin gabe dago
EZ, EZ DUGU IRENTSIKO! GUK EZ DIEGU UTZIKO!
Ospatzeko, gutxienez, hiru arrazoi
2017-06-12 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Argazkia: Bertsozale Elkartea
Lehen aldiz arabar batek jantzi du Euskal Herriko txapela: Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) nagusitu zen ekainaren 10ean Saran jokatu zen Euskal Herriko Eskolarteko 34. Txapelketan.
Ospatzeko hiru motibo, behintzat, badira titular honen atzean:
Berreuskalduntzea: Araban ere (Gasteizen ere bai) euskaldun kopurua gora joateaz gain, kalitatean ere aurrera goazela. Hitzaren artea den bertsolaritzan eta kalitatearen ziurtagiriak banatzeko funtzioa duen txapelketan gasteiztarra nagusitu da.
Bertso hezkuntza: Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera, Aroa Arrizubieta Armentia ikastolako bertsolaritza ikasgaiari esker zaletu zen (Uxue Diaz de Cerio izan zuen irakasle). Bertxilika bertso eskolan trebatu zen gehiago (Maddi Gallastegi izan zuen irakasle) eta Euskal Herriko Eskolartekoa prestatzeko Gasteizko eta Aramaioko bertso eskoletan bildu da, Oier Arbina irakasle izanik. Irakaskuntza arautuan Bertsozale Elkarteak ematen duen bertsolaritza ikasgaiari esker, Euskal Herriko milaka haurrek bertsolaritza ezagutzen dute eta oinarrizko bertso trebetasuna landu. Euskal herritar gisa izan beharreko oinarrizko jakintza kulturalaren alor bat bermatzeaz gain, ezagutzak denei zabaltzen die bertsolaritzarako atea. Ate hori zeharkatu nahi duenak bertso eskolan taldearen babesarekin egingo du topo.
Lurraldetasuna: Euskal Herriko txapeldun nagusi Amets Arzallusek jantzi zion txapela Eskolartekoaren txapeldun gazte Aroa Arrizubietari. Iparraldekoak arabarrari. Ertzak erdigunera iristen diren seinale.
“Euskara bidegurutzetik aurrera”: Euskalgintzaren zati bat eta Gipuzkoako Aldundiaren arteko lankidetza
2017-05-18 // Hizkuntza // Iruzkinik ez
Euskalgintzako hainbat eragile, Mondragon Korporazioko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Aldundiko karguak eta EAJko pisuzko kideren bat elkartu dira Oronaren Hernaniko Ideo egoitzan, Aldundiaren gonbidapenari erantzunez, “euskara bidegurutzetik aurrera” ekitaldian. Aretoaren sarreran, “Errausketarik ez!” pankartaren atzean dozena bat adinekok egin duten kontzentrazioarekin egin dute topo (azpiko bideoan, Olano aurkezpenera sartzen).
Gonbidatu batzuek ekitaldiaren aurretik adierazi dute zehazki zeren aurkezpenera joan diren ez dakitela, “espektazioa” hitzarekin definituko luke beste zenbaitek. Mikel Irizarrek ekitaldiaren hasieran eta amaieran berariaz zera eskatu die gonbidatuei: “Datorren astean, 25ean, Gipuzkoako Aldundiak beste hitzordu garrantzitsu bat du, Tabakaleran. Bi urteko jarduera osoari balorazioa egingo zaio, eta oso garrantzitsua da euskararentzat, gizartearen ordezkaritza bilduko den ekitaldi horretan gure presentzia handia izatea. Horregatik eskatzen dizuet, euskararen mesedetan, hara joatea”. Ondoren mapa batean azaldu ditu duela bi urtetik hona martxan jarri dituzten ekimenak, 10 puntutan sailkatuta. “Aurkezpen korala” egin nahi izan dutela eta, lan ildo bakoitzean Aldundiarekin elkarlanean ari den eragile sozial batek egin du aurkezpena.
Argazkia: @OrainGipuzkoa
Markel Olanok ireki du “Euskara bidegurutzetik aurrera” ekitaldia. Hona bere hitzartzean azaldu dituen hainbat ideia: “Aldundira sartzean pentsatzen genuen une berezian geundela. Beharrezkoa zela euskararen alorrean denok elkarrekin egitea apustua, erakunde publikoak, eragile sozialek… denok batera apustua egin ezean, indarra galtzen joaten da. Garbi genuen beharrezkoa zela euskara eragileak erakunde publikoekin lotzea. Horregatik hautatu genuen Mikel Irizar, pertsona egokia, enfoke egoki batekin, ‘zubigintza’. Ikusten genuen euskara egoera jakin batean dagoela gure herrian eta egoera horri buelta emateko kontzeptuak aldatu behar direla, horregatik, ‘berdintasun’ izena jarri genion sailari, berdintasun kontzeptuarekin eta zubigintza filosofiarekin lanari ekiteko. Kike Amonarrizek Antton Abadia saria jasotzerakoan esan zuen euskara bidegurutzean dagoela. Ibilbide zaharrak agortze sintomak agertu ditu, eta anbizioarekin, bide berritik ekin behar diogu. Hor sartzen da berrikuntza, ikerkuntza. Osagai guzti horiekin ekin genion legealdi honi. Guk uste dugu bidegurutze hori atzera utzi behar dela eta bide jakin batean aurrera egin behar dugula normalizazioa garatzeko. Mapa honetan ageri diren puntuen artean, lehenbizikoa azpimarratzekoa iruditzen zait, alegia, ikus-entzunezko sorkuntza euskaraz sortzea. Gazteek erregistro formala eskolan lantzen dute, eta beste erregistroak lantzeko ikusentzunezkoak oso beharrezkoak dira”.
Jarraian, Mikel Irizarrek bigarren puntua azaltzeari ekin dio: “Bakarlanetik elkarlanera. Euskaran herri ekimenak garrantzi handia izan du eta aberastasun izugarria da, baina baldintzek ez dute lagundu aurrera jarrai dezaten. Ekintza pila horien artean baditugu batzuk eraginkortasun gutxi dituztenak, eskala ere hartu behar baita lehiakor eta anbiziosoak izateko. Saiatuko gara elkarlana eta sinergiak sustatzen eta traktoreak ere jarriko ditugu prozesu horretan laguntzeko”.
Lasarteko ekimena ikergai hartuta
Hirugarren puntua izan da aurkezpenean pisu gehien izan duen puntua: Gizarte aktibazioa. Irizarrek adierazi zuen “giroa bero” sumatzen dutela, Udaltop jardunaldietan ohiko asistentzia bikoiztu izana horren adibide. “Soziolinguistika klusterra da gure ikertegia nolabait” Irizarren esanetan, eta abiatu tokiko aktibazioa ikertzeko ildo bat abiatu zutela azaldu du, “aztertzeko zer izan den arrakastaren gakoa eta zer den hedatu daitekeena. Gizartea oso aktibo dago bestela ere, ezaguna da Egiako ekimena, Hernanin ere egin da, eta guk bereziki ikertu genuen Lasarte-Orian egin zuten esperimentua”.
Pello Jauregik azaldu du ikerketa: “Lau urtean behin maratoia egiten da Lasarten eta aurten erabaki zuten udalak eta Ttakun elkarteak aurrerapausoa ematea eta Aldundiak lagundu zuen ikerketa bidez. Esperientzia ongi dokumentatzea zen helburua, gero zabaldu ahal izateko. Ekimenaren izena izan zen baietz 40 egun euskaraz. Irten armairutik! badirelako euskaldun asko euskaraz egiteko ohiturarik ez dutenak. 2016ko urrian hasi eta abendu bitartean izan ziren 40 egunak. Ia 3.000 lagunek parte hartu zuten, bi figuretan: Belarriprest eta Ahobizia. Baldintza sozialak hobetu behar ziren herrian, euskararen erabilera sustatzeko. Horregatik, Belarripresten funtzioa da herritar denei esatea ‘euskaraz ulertzen dut, eta gustura hartzen dut niri euskaraz egitea’. Agian ez dira hitz egiteko gauza baina bai ulertzeko. Bigarren figura Ahobizia zen (957 herritarrek eman zuten izena). Hauek hartu zuten konpromisoa astebetez euskaraz egingo zutela euskaraz ulertzen duten denekin: ezagunak dituzten pertsonen artean badakite nork ulertzen duen, eta Belarriprest txapa daramanak ere adierazten du ulertzen duela; ezagutzen ez duten herritarren aurrean, aholkua zen lehen hitza euskaraz izatea”. Ikerketa horren emaitzak ekaina bukaeran argitaratuko dituztela adierazi du. Aurrerapen gisa, datu bat azaldu du, euskararen erabileran egon den eboluzioaren erakusle:
Esperientzia hasi baino lehen, (Ahobizien) euskararen erabilera %62,4 zen. %83,8-ra igo zen erronkan parte hartzearen ondorioz. %81,3-koa zen erabilera esperientzia bukatu eta bi hilabetera. “Beraz, aldaketa handia egon da kanpaina honi esker eta emaitza hauek denboran zehar mantendu egin dira” ondorioztatu du Jauregik.
Belarripresten funtzioa pasiboagoa zela azaldu du eta Belarriprestek izan duten jokaerari buruzko datua eman du: esperientzian zehar, %76-aren jarrera izan da euskaraz egin dietenean euskaraz egitea. “Moldatu egin dira solaskide euskaldunaren mintzora. Horrek esan nahi du pertsona batzuek euskara erabiltzeko joera baldin badute, gainerako jendeak gaitasun minimo bat badu joera duela egokitzeko. Beraz, aktibazioan pertsona gutxi batzuk behar dira baina baldintza sozial egokiekin, horrela, jende askok erantzuten du modu positiboan”.
Lantokietan euskara errazean
Jauregik azaldu du lantokietan euskararen erabilera sustatzeko Soziolinguistika Klusterra lantzen ari den motodologia: “Helburua da lantokietan baldintza sozialak lortzea euskaraz egin nahi duten pertsonek euskaraz egin ahal izateko. Gutxieneko baldintzetako bat da solaskideek euskaraz ulertu behar dutela. Lantokietan badira kide batzuk gutxi ulertzen dutenak, oso gutxi edo batere ez. Horrelako kasuetan euskaraz egin nahi dutenek ezin dute euskaraz egin. Egoera hori desblokeatzeko Ulersaioak metodologia prestatu genuen eta esperientzia pilotu batzuk egin ditugu: Gipuzkoako Ogasun taldean, Eibarko armeria eskolan, eta Fagor Arrasate lantokian. Metodologia da benetako elkarrizketa egitea baina euskaraz, oso gutxi ulertzen duten pertsonekin. Trebatzailearen zeregina da euskara errazean hitz egitea eta kideek gazteleraz frogatzen dute ulertu duten edo ez. Helburua da denbora laburrean kide horiek ulertzera iristea, horrek desblokeatuko lukeelako lantokietan euskaraz egin nahi dutenek euskaraz egitea”.
Mikel Azkarate, Ogasuneko langileak azaldu du esperientzia honek kognitibotik eta emoziotik izan duela asko: “Euskara ikasteko prozesuan hasi zirenak eta bidean geratu zirenak, lortu dute euskara ikasteko prozesuan pauso bat ematea. Lantaldeetan ‘hau ezinezkoa da’ bezalako mito batzuk erori dira”.
Topaguneak eta Jaurlaritzak elkarrekin landu duten “Euskarak 365 egun”
Topaguneko kide Jasone Mendizabalen hitzetan, “ekimen hau ere bidegurutzea gainditzeko ahalegin bat da. Berritzailea izaten ari da elkarlan bidea eta nahi genuke gizarte osora zabaltzea, zubigintzaren garaia delako. Lankidetza soziopolitikotarako inoizko baldintza onenak ematen dira eta berritzeko premia handia dugu. Mikroan gauzatzen ari diren esperientziak Euskal Herri osora zabaltzea da gure asmoa. Hiru helburu ditugu: hizkuntza ohiturei astindu bat ematea; tokian tokiko euskaltzaleak aktibatzea eta erakunde askoren babesekin hornitzea; eta epe luzeko lanketa izatea”.
Estibalitz Alkorta Jaurlaritzako sailburuak adierazi duenez, “modua da batez ere berritzailea. Bada garaia jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat emateko. Euskararen gehiengoak badu jarrera bat eta garaia heldu da jarreratik ekintzara pasatzeko. Batez ere elkarlana da planteatzen duguna, hiru planotan: gizarte eragile eta erakunde publikoen arteko elkarlana, tokian tokiko kolektibo eta nazio mailakoen arteko elkarlana, eta euskalgintzan eta beste esparrutan ari diren eragileen arteko elkarlana. Ez gara hutsetik abiatzen, badira hainbat tokian tokiko esperientzia (Egia, Agurain…) eta horiei eman nahi diegu nazio mailako oihartzuna. Ez da kanpaina huts bat, lan ildo bat da, arnas luzekoa, ohitura eta jarreretan eragingo duena eta era guztietako entitateak konfort guneetatik aterako dituena”.
Mendizabalek iragarri du ekimen hau herriz herri zabaltzeaz gain, 2018an herri guztiek elkarrekin 11 egunez euskaraz egitea dela proposamena.
Alkortak parte-hartzeko modua azaldu du: “Herriek izango dute aukera izena emateko, erakundeek ere eta herritarrek. Herriko euskalgintza eta udala elkarrekin aritzea nahiko genuke, baina kontziente gara herri batzuetan ez dela posible izango. Erakunde eta enpresei ere aukera eman diegu parte hartzeko. Belarriprest eta Ahobiziak perfilak erabiliko ditugu eta herritarrek bi perfil horietako batean izena eman beharko dute. Izena emateko baldintzak dira 16 urtez gorakoak izatea, Euskal Herrian jaio, bizi edo lan egitea eta Ahobizi izateko euskaraz hitz egiteko gaitasuna izatea”.
Segidan Soziolinguistika Klusterreko kide batek azaldu du aktibazioa nola egin lantzen ari direla, Tolosaldea bailaran eta Arrasaten esku-hartzeak gauzatzeko. Erakunde hauek osatzen dute lantalde teknikoa: Aldundia, Soziolinguistika Klusterra, Euskaltzaleen Topagunea, Emun, Elhuyar eta Donostiako Udala. Aktibazioa gertatzeko gakoak aztertu dituzte lehenik, esperientzia hauetara hurbilduta: Astra, Herri-ola, Ttakun, Euskal Herriko Mundu Martxa eta Egian Euskaraz Biz Nahi Dugulako egitasmoa. Ikusi dute balio batzuetan oinarritzen zirela esperientzia hauek eta talde motor bat zutela eta talde motor horren ezaugarriak aztertu dituzte. Taldean harreman egonkorra eta giro ona izatea, eta babes sozialaren eta ekonomikoaren garrantzia ikusi dute Soziolinguistika klusterrekoek esperientzia horietan.
Partaidetza eta euskarazko hedabideak
Irizarrek 5. puntua aurkeztu du (kooperazio linguistikoa eta partaidetza prozesuak), esanaz “ibilbide honen oinarrian parte-hartze prozesu bat dagoela”. Euskarazko hedabideekin “ituntze esplorazio bat” abiatua dutela aipatu du eta Alberto Barandiaran Hekimen herri ekimeneko hedabideen elkarteko ordezkariari eskatu dio bere ikuspegia azaltzea.
Argazkia: @euskaljakintza.
Alberto Barandiaranek esan du “partaidetza zer den definitu beharko genuke. Nik ikusten dut pareta bat botatzea bezala, elkarrekin, alde batetik eta bestetik. Ez dut ezer deskubritzen esaten badut euskalgintzaren bidea izan dela esparruak irabaztea erakundeei, edo erakundeekin eztabaidan. Egon da pareta bat bien artean eta partaidetza pareta hori botatzea da. Partaidetzarako ezinbestekoa da konfiantza. Ateak zabaltzean badaude bi jarrera, bata da atea ixtea korrontea datorrelako, eta bestea atetik harago joatea. Gure historiak eraman gaitu lehia planteamenduetara, eta orokorra da lehia hori gainditu nahi dugula. Partaidetza prozesu hauek gehiago ikusten ditut bide moduan, ibili beharreko bideak dira. Eta bide horrek ekarri behar du zerbait, bukaeran beste pareta batekin egiten badugu topo, frustratu eta atzera egiteko arriskua baitago. Konpromisoa egon behar du bukaeran zerbait egon dadin”.
Azaldu du berak parte-hartze prozesuan bi taldetan parte hartu duela, bata “Putzuberri”: “Planteamendua da euskalgintzako eragileak gabiltzala putzu txikien inguruan, eta bilatu nahi ditugula non dauden aurrekontu publikoetan beste putzu handiago horiek. Parte-hartzean bidea egin dugu, oso interesgarria, jarreragatik batez ere: proaktibotasun handia izan dugu eta identifikatu ditugu esparru batzuk, zuzendaritza batzuk, iristen ez ginenak eta iritsi gaitezkeenak. Esperientziak erakutsi digu jo dugula beste esparru horietara eta oraindik asko dagoela egiteko; seguraski erabaki politikoak ere behar dira, epe ertain edo epe luzeko prozesu gisa ikusten dut. Bukaeran zerbait egon behar du, bestela tentazioa egon daiteke atea ixteko eta berriz goxo egoteko”.
Hedabideen “balizko ituntze baten prozesuan” ere parte hartzen ari dela azaldu du: “Inoiz ez gara egon horrelako egoera batean, esertzen garena administrazioarekin eta aztertzen duguna zer aukera egon daitekeen arnas luzeko proiektu bat egiteko. Horren atzean dagoena alde bietako aitortza dago: Aitortzen ari gara administrazioa bidaide izan daitekeela, eta aitortzen ari gara hedabideek ongi egiten dutela lana eta horiekin egin nahi dela lana. Esplorazio prozesuan gaude, eta egin behar dugu bide hori, ez daukagu beste irtenbiderik, sikiera pareta non dagoen ikusteko eta paretarekin topo egitean botatzeko. Sektorea egonkortu egin behar da, baldintza duinak eman behar dira egiten duen lan hori egin dezan. Egonkortzeak esan nahi du baliabideak eta aukerak emango zaizkiola lana hobeto egiteko eta garatzeko”.
Diru-laguntza sistema
Irizar adierazpen hauek egin ditu: “Udaberrian egin dugun partaidetza prozesuaren bigarren fasean ondorio batzuetara iritsi gara eta ondorio horiek eramango ditugu hurrengo aurrekontuetara. 2018an hasiko dira emaitzak islatzen diru-laguntzetan, baina diru-laguntza sistema epe ertain-luzeko ikuspegiarekin ari gara planteatzen. Aldundiaren aurrekontu osoa pretenditu behar du eta saiatu hori lehiatzen Putzuberri ikuspegiarekin, biziberritze funtzioaren ikuspegitik. Erakunde sozialek izan dezatela bermatuta diru sarrera egonkor bat betetzen duten funtzioagatik, diru-laguntzetatik kanpo. Diru-laguntzetan aldaketa handi xamarrak aurreikusten ditut”.
Euskararen aldeko paktua
Irizarrek nahi hau adierazi du: “Jendeak sentitu dezala daukala erakunde eta alderdien konpromisoa. Ez dela gatazka kontu bat. Gehiegitan lotu da euskara gatazkarekin eta saihestu behar genuke. 2018 garrantzitsua izan daiteke zenbait ausnarketarako, Eusko Ikaskuntzak 100. urteurrena beteko du, eta ea gai garen oinarri komun baten bueltan adostasun handi bat eraiki eta gizartera trasladatzeko”.
FQM kudeaketa administrazioan
Irizarrek azaldu duenez, “enpresa esparruan oso ongi frotatuta dagoen FQM estiloa ekarriko da administrazioaren kudeaketara, eta iraultza izango da: kalitatea, prozesuak, pertsona, emaitzetara bideratutakoa, bezeroari bideratutakoa… kudeaketa aldaketan hizkuntza ardatzean jarriko dugu”. Kabia erakundeak prototipo bat egin du eta, zuzendari Arantxa Lekuonak azaldu du: “Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei egoitzetan eta eguneko zentroetan zaintza eta arreta ematea da gure misioa eta horretarako iruditzen zaigu hizkuntza berdintasuna txertatuta egon behar duela. Helburua da zerbitzu hizkuntza euskara izatea zentroen %100ean eta bestetik, euskara lan hizkuntza izatea gutxienez zerbitzu zentraletan. Bikain Berria ziurtagiria da oinarria. Kabian hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibidea onartu berri du Gizarte Politikako Sailburuak, gure erakundeko lehendakariak. Garrantzitsua da ebaluatzea, jakitea benetan gure zentroetan zerbitzua eta lana euskaraz egiten ari garen”.
Erreferenteak euskaraz
Irizarrek aurkeztu du azken puntua: “Hau da azkena abiatu dugun ekimena, baina ibilbide luzeena duena. Soziolinguistika klusterrak Eralan ildoa jarri zuen martxan duela 8 urte, enpresetan euskara ikertzeko: bere ibilbidean ikusi zen lidergoak garrantzitsuak zirela euskara sustatzeko, eta ondoren erakunde publikoekin uztartu zen la hura. Gipuzkoa Berdinago taldea sortu genuen, Gipuzkoako dozena bat erreferente bildu genituen duela hilabete bat eta proposatu genien 6 hilabeteko ekimen bat, ea hizkuntza berdintasun portaera bat definitzeko gai garen eta horretara iristen bagara publiko egiteko eta jarrera hori mantentzeko konpromisoa hartzeko. Elebitasunarekin ez diogu aurre egingo desberdintasun egoera honi, euskaraz gehiago funtzionatu behar dugu, indartu egin behar ditugu euskarazko praktikak”.
Gipuzkoa Berdinago talde horren kide den Mondragon Korporazioko bi kidek aurkeztu dute euskara nola lantzen duten. Ander Etxeberria hizkuntz arduraduna: “Mondragon Koporazioak konpromisoa dauka euskararekin. Euskara normalizatzeko oinarriak garatuta ditugu, eta plan estrategiko bat egiten dugun bakoitzean puntu bat euskara da. Kooperatiben %30-ak dauka Bikain ziurtagiria eta %60-ak dauka euskara plana. Sentsibilitatea gizartean dago eta kooperatibetan sentsibilitate hori zuzenean doa aginte organoetara. Langileok gara jabeak eta guk hartzen ditugu erabakiak kontseiluetan”.
Jabier Markos Mondragon Korporazioko komunikazio arduradunak datu hauek eman ditu: “Gure zentroetan euskaraz ulertzen ez dutenak %13 dira eta ia departamentu guztietan daude. Euskaldunon leialtasuna %50ekoa dela dugu neurtuta. Urtero bi bilera informatibo egiten ditugu eta %50 euskaraz egiten dugu. Batzar Nagusian %30 egiten dugu euskaraz, badugu hobetzeko eremu bat. Batzorde iraunkorraren (hilero biltzen diren organoak, kooperatiba bakoitzeko kideez osatuak) dinamika naturala euskaraz egitea da, hori lorpen handia da eta oso harro gaude. Urteko Kongresua, %60 euskaraz egin genuen azkenekoa. Foroetan eta bilkuretan, aldiz, kosta egiten zaigu euskara erabiltzea. Nahiz eta Otaloran formazio kooperatiboa iaz egin zuten 1.600 kideetatik 900ek euskaraz egin zuten”.
Irizarrek ideia honekin eman dio amaiera aurkezpenari: “Beste bi urterako energia badaukagu bide hau osatzeko. Bidea ez daukagu oso zehaztuta baina norabidea bai: Lankidetza eta berrikuntza”.