Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Irundarren omena errepublikaren bertsolariari

2017-04-12  //  Bertsolaritza, Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Apirilaren 13an, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria jaio zen egunean (1875ean), jarriko dugu ikusgai argia.eus/multimedia webgunean Lopetegiri irundarrari herrikideek egin zioten omenaldi-kantaldia. 2016ko urriaren 22an, Joxe Mari Lopetegiren iturritik kantari emanaldian, bertso eskolako eta Musika Kontserbatorioko 30 kide atera ziren oholtzara Lopetegiren 11 bertso sorta kantatzeko, musikaz jantzirik.

IMG_4718

Txingudiko bertso tailerreko bost kideri otu zitzaien kontua: Xabier Bengoetxea, Iñaki Portugal, Xabier Isasi, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkin. Eta Iñaki Aranagaren eskuak josi zuen emanaldia. Ardatza, Joxean Elosegik 2004an ateratako Joxe Mari Lopetegi, bertsolari errepublikarra liburua izan zuen emanaldiak eta Elosegi bera ariko zaigu bideoan bertso sorta bakoitza kokatzeko azalpen argigarriak ematen.

kartela-01
Hiru urre ale
Gauza asko nabarmendu daitezke, baina hiru hauek mugitu didate barrua: batetik, Joxe Mari Lopetegiren bertsoek. Ez ote da bera gerrako oinazea gordinen kontatzen jakin duen bertsolaria? Adibideetako bat da 1936ko udan gerran galdu zuen Pako semeari eta faxismoaren kontra ari ziren denei eskainitako Ekaitza sorta antologikoa, “Ai, seme, gizagaixua” esanda burura etorriko zaizuna. Arreta deitu dit gerraren gaia behin baino gehiagotan landu zuela etxekoen sufrimendutik, emakumeak eta gizonak berdin protagonista eginez bere kontakizunetan. Bideoa ikusita, galdera hau sortu zait bertso honen bukaerarekin: 1930ean Primo de Riveraren diktadurari aurre eginez Gipuzkoako Gobernu Militarra hartzen saiatu ziren herritarrek erbestera jo behar izan zuten. Errepublikarekin itzuli ziren etxera eta ongi-etorriya sortan kontatu zuen Lopetegik etorrera, tartean, bertso honekin: “Aita nun izan zera bakarrik / ia lau hilabetian? /Ama negarrez jartzen zitzaigun / zu nun zinan galdetzian: / zer dezu amatxo, minez al zaude, / aita nun dan oroitzian? / negar ta negar ezin erantzun / amak min du bihotzian: / ‘libertadiak neri senarra / noiz jarriko dit herrian?’”. Belarriari eta bertsoari jarraituta, azken hitza “etxian” dakarkigu entzuleoi barruak. Herriak aldatuko al zuen bertso horren azken hitza? Esanguratsua, andreari hitza alda arazi izana, senarra etxekoena baino lehenago herriarena dela markatuz.
Emanaldirako Lopetegiri ezagutzen zaizkion 75 sortetatik egin den hautaketa da bigarren urre alea. Batez ere ageri dira bertsolariaren fedeak: errepublika –“erkala” edo “herriaren ahala” hitz sabindarra darabil–, askatasuna eta euskara –“ama” gisa pertsonifikatzen du maiz–. Lopetegiren umore zorrotza gozatzeko aukera emango digute 1925ean Donostian Espainiako Txirrindulari Txapelketa irabazi zuen Monterori jarritako sortak edo mitinez mitin bertso kantari egindako bere lanaren testigantza gazia ematen duen Askatasunaz sortak: 1931ko hauteskunde bezperan lau lagunek eman zuten mitin batean egurtu egin zituzten entzuleek. Aski ezaguna da Lopetegik nola kontatu zuen: “Non gertatu da horrelakorik? / Non, jaunak, non? Azpeitian / Jesuita ta relijiua / besterik ez dan tokian…”.
Hirugarren urre alea, herritarrek egin dutela emanaldia. Elkarrekin aritzen ikusiko ditugu herriko musikari eta kantari trebeenak, eta Lopetegi gertuen sentitzen duten ondorengoak eta bertso eskolako kideak. Bakoitzaren ahalegina eta kolorea estimatzen jakingo du ikus-entzuleak. Bertsoak kantatzeak bere berezitasunak badituela agerian geratuko zaigu: silaba bakoitza garbi entzutea eta erritmo pausatua derrigorra ditu, esanahiaren arabera hitz eta esaldi batzuk azpimarratzea, mezua indartzen duten doinu eta kantaerak hautatzea… Bertsoa ondo kantatzeak, ondo kantatzea baino gehiago eskatzen baitu.

Ekonomia Foro Feminista: Bizitza erdigunera ekartzeko bideez mahai-ingurua

2017-03-27  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

1

Martxoaren 25ean, Azpeitiako San Agustin kulturunean, Bilgune Feministak antolatutako Ekonomia Foro Feministan parte hartu zuten 200 emakumek. Bakarrizketek eta taldekako lanek eman zioten hasiera goizari (hemen duzu lehen dinamika horien kronika). Ondoren, mahai-ingurua egin zuten lau aditu hauek: Mari Luz Esteban, EHUko gizarte antropologia irakaslea; Silvia Carrizo, Malen Etxeako kidea; Cristina de la Cruz, REAS Ecosolfem taldeko kidea eta Helena Franco, EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia. Eider Olazar Info7-ko esatariak pausatu zien lehen galdera:

Nola ikusten dituzue egungo harreman sozial, ekonomiko eta politikoak? Zein urrats eman ditzakegu bizitzaren zaintza erdigunera ekartzeko? zer estrategia, bide, proposamen politiko dituzue?

Bideoan duzue mahai-inguru osoa ikusgai (bi mahai-kidek gazteleraz egin zuten). Eta jarraian, idatziz, hartutako ideia nagusiak:


 

MARI LUZ ESTEBAN. Lehenik argitu beharko genuke, zer bizitzaz ari garen, bizitza erdigunera ekartzeaz ari garenean. Zer da bizitza feministentzat? Ez daukat erantzunik, ez dakit iritzi komunik dugun, baina pentsatu behar dugu, zer den bizitza. Eguneroko hizkeran, bizitza merkatua eta estatuaren oposiziotzat dugu, edo bizitza zaintzarekin parekatzen dugu. Ez batak eta ez besteak ez naute asetzen.

Merkatua, estatua, komunitatea eta etxea eremuak planteatu dizkiguzue goizeko taldekako lanketan: nik etxea eta komunitatea elkartuta ikusten ditut, bereizketarekin ez nago ados. Nire bizitzaren erdigunean dago A8 autopista, Basauri-Donostia egiten dut astean hainbat aldiz, lana eta semearen zainketa kontziliatzeko. Autopistaz nabil eta kotxez, batere egokia ez den garraioz.

Bizitza eta zaintza berrikusi behar dira, zehaztu behar dugu etengabe zertaz ari garen, eta deskonposatu behar ditugu, eta agian kategoria berriak bilatu: nik elkar-babeste kategoria defendatu nahi dut. Kategoria honek eraman nau familiaz pentsatzera, ahaidetasuna zer den, etxea zeri deitzen diogun, adiskidetasunaz pentsatzera. Zaintza kontzeptua ez zait gustatzen, oso kontzeptu orokorra delako eta oso sentimentalizatuta daukagulako. Joan nahi dut etxe berean bizi diren taldeetatik arago, ez nago ados zerbait isolagarria balitz bezala ulertzearekin.

Familia kontzeptuaz: gero eta gehiago datorkigun mezua da familia formak oso pluralak direla, asko aldatu dela familiaren osaketa; eta esaten da familiak demokratizatu direla, ez direla gizonaren aginte leku, ez dela heteroarauaren leku… uste dut ezetz, uste dut familiara gatazka etorri dela, ez demokrazia. Datu estatistikoak begiratuta, lan banaketa ez da parekatua eta abar. Bide batez, egin beharreko lan feminista bat da inkesta ofizial horiek aldatzea. Aldatu behar da zeri deitzen diogun familia. Familia odolkideaz aritu garela iruditu zait eta uste dut familia ez dela hori: antropologian gaur egun mundu mailan, familia da “elkarren solidario pentsatzen diren pertsona eta pertsona taldeen harreman-sareak”. Zergatik? familia delako askotariko elementuak partekatzea: odola, proiektua, etxea, janaria, interesak… familiaren ideia aldatzea beharrezko ikusten dut.

Elkar-babesteko sareak: maitasun erromantikoaren kritika egin nuenean, konturatu nintzen elkarrizketatutako feminista denek hitz egiten zidatela adiskidetasunaz. Zein dira elkar-babesteko sareak? batez ere emakumeen arteko sareak, eta periferian daude gizonak (bikoteak, lagunak…). Sare horietan elkarren babes ekonomikoa, fisiologikoa, egunerokotasunari eusteko jarduerak partekatzen dira, aisialdikoak, eta jarduera politiko eta sozialak. Zaintzatik arago doaz babes sare horiek. Askotariko jardueren bidez sendotuz doaz gure harreman sozial, ekonomiko, politikoak. Sare horiek oso dinamikoak dira, eta leku anitzetan mugitzen dira. Nire inguruan zer sare daukadan, horretaz pentsatu behar dugu. Feministok sortzen ditugun adiskide taldeek 3 ezaugarri hauek dituzte:

– Emakumeen artean konpromiso sozial eta ekonomikoak ditugu;

– Badakigu familiaren alternatiba direla;

– Sare horiek funtsezkoak dira gure proiektu propioak aurrera ateratzeko.

 

SILVIA CARRIZO. Ez da kasualitatea emakumeak aritzea bueltak ematen bizitza erdian jartzeari. Eztabaida plano anitzetan egin behar dugu: plano ekonomiko, kultural, politiko, eta munduko, bertako, europar, eta gutako bakoitzaren bizitzarekin ere bai. Haustura ez dugu soilik emango sistemarekin, gure buruen logika ere hautsi behar dugu, eta onartu bizitzea merezi duen bizitza nahi badugu, asmatu egin beharko dugula eta duguna aldatu. Aldaketa benetan iraultzailea da, gure bizitzaren aldaketekin bateratzen dugunean.

Zer bizitza jarriko dugu zentroan? NATOk zaintzen dituen bizitzak? ongizatearen bizitzak? gerrak txikitutakoak? edo new-way bizitza?

Hiru-lau leku daude kapitalismoak jartzen dituena emakume pobreentzat:

– Azken lekua dira alokairuko sabelak, amatasun subrogatua. Kapitalismoaren logikarekin bat dator: herrialde pobreei ustiatu behar zaizkie baliabide denak, baita bere pertsonen gorputzak ere.

– Turismo sexuala, jendea doana 12-15eko nesken bila. Arrantzara doazenak bezala da, umeak bortxatzera.

– Prostituzioa.

Ikusezinak dira emakume immigranteak, mundu osoan milioika pertsonaren bizitzari eusten diotenak. Umeak eta zaharrak zaintzen dituzte, etxeak… horrela da posible, diru maila handiagoa duten beste gizon-emakumeek beren lan eta bizitzei eustea. Ahalmen ekonomiko handiagoa duten pertsona horiek libreak bailiran bizi dira, eta bizi dira askatasunik ez duten emakume horiekin. Garrantzitsua da ulertzea besterentzako zaintza lanetan ari direnak ez dutela askatasunik. Nola bateratzen du bizitza laborala eta familiarra etxeko langileak [“etxeko langile” hitzarekin izendatuko ditugu zaintzen duen pertsonaren etxean bizi den langileak]? Etxeko langileak ez du intimitaterik ez familiarik, hemen dago lan egiteko orduro, gutxi ordainduta, eta sentitu dadila eskertua. Pertsona horrek 2 ordu ditu egunean buelta bat emateko, baina baimena eskatu behar du ateratzeko, ezin du aukeratu zer ikusi telebistan… eguneko 24 orduetan askotan ez du norekin elkarrizketa normalik eduki, burua galdutako zaharra baitu ondoan.

Euskal Herritik pentsatzen dugunean zer den merezi duen bizitza, kontuan ditugu bizimodu hauek?

Ditugun harremanak etxeko langileon kasuan, botere harremanak dira, ezberdinkeria harremanak, abusua, arrazismoa… basakeria nagusia da, barneratua duguna, ikusten ez duguna. “Zergatik ez dute parte hartzen!”, “ez dute euskara ikasten!” esaten dugu, komonera joateko ere baimena eskatu behar dutenengatik!

Malen Etxeatik aldarrikapen hauek ditugu:

– Etxeko langileez eztabaidatu behar dugu denok eta maila guztietan, esklabotza duelako muinean. Ezin da kontziliazioaz eta hitz egin, lan hau kontuan izan gabe. Debate honek indar hartu behar du, ahal den guztia egingo dugu gizarteak normaltasun gisa hartu ez dezan. Ezin da onartu emakumeak askatasunik gabe egotea.

– Zaintzea, lan gisa, izan dadila kalitatezkoa, ongi ordaindua, eta lan guztiek bezala, ordutegi zehatz bat duena.

– Oinarrizko Errenta Unibertsala behar dugu.

– Espazioak sortu nahi ditugu, gure beharrei erantzuteko.

Buruan sartu digute hau dela dagoena, ezin dela aldatu, edozein alternatiba ekonomiko okerragoa dela duguna baino, eta ez da horrela, badugu indarra gauzak aldatzeko. Tresnak behar ditugu besteak seduzitzeko, militantzia erradikala behar dugu, eta egiten ez badugu, atzerakoiek egonkortu egingo dute sistema eta flowerpower bihurtuko gara eta horretarako ez daukat batere gogorik ez denborarik.

 

HELENA FRANCO. Lehenik ekonomiaren definizioa nabarmendu nahi nuke: “jendarte bateko norbanakoak eta taldeak nola antolatzen diren, zer jarduera burutzen dituzten, behar dituzten baliabideak lortzeko, beren bizitzaren biziraupenerako”. Definizio honetan pertsonak eta beren beharrizanak daude zentroan. Praktikan, nagusi den eredu sozioekonomikoan pertsonak ez daude erdigunean, ekonomiaren helburua da kapitalak ahalik irabazi handiena izatea. Merkatuak agintzen du, diru-truk eta dirutan egiten denak agintzen du, beste dena ikusezina da ekonomiarentzat.

Ondorioz, pertsonak gara produkzio faktore bat, lan indarra, enpresarako eta kapitalarentzako beti prest egongo dena, kontuan hartu gabe bere zaintza beharrak, elkar-babeste beharrak… edo lan indarra gara, edo kontsumitzaileak gara. Hortik kanpo pertsonak ez gara interesgarriak, horregatik uzten ditu sistemak milaka pertsona hiltzen munduan.

Produkzioaren mundua da zer den garrantzitsua definitzen duena. Lan munduan egoteak, eta gehiago ondare baten jabe bazara, eskubideak ematen dizkizu gizartean, zure hiritartasuna onartzeko elementu bat izaten da. Lan ordainduan egoteak beste abantaila bat ematen du: soldata, eta hainbat baliabide eskuratzeko dirua behar da gizarte honetan.

Txanponaren beste aldean dago, merkatutik kanpo geratzen dena erabat ikusezina dela. Etxeetan egiten den lana, nagusiki emakumeen ardurapean, eta nagusiki emakumeen bizkar, ez da sartzen analisi ekonomikoan, nahiz eta funtsezkoa den, bestela ez ekonomiak eta ez estatuak ezingo luke funtzionatu. Ekonomiaz egiten duten fikzioak derrigorrezkoa du oinarrian ordaindu gabeko etxeko lan hori. Hori egiten da emakumeek zamak berengain hartuta, eta kontratatuz zerbitzu domestikoak eta esplotazio katea zabalduz gizartean. Konponbide ez perfektuak dira, sistemaren kontraesanak agerian jartzen dituztenak.

Disparekotasunak ikaragarriak dira, bai sozialak, bai generokoak… zergatik? akumulazioak esplotazioa behar duelako: batek asko pilatzeko behar du besteari dagokiona ez ematea. Gero eta elite txikiago batek (%1ak) izango du aberastasunaren gehiengoa, eta errentak ere gero eta modu dispareagoan ari dira banatzen. Generoari lotutako disparekotasunak gero eta handiagoak dira: soldatapeko lanera jotzeko aukerak erabat mugatuak, lanaldi partzialak, zaintzarekin bateratu beharra…

Krisi ekologikoa: metaketan oinarritutako sistemak produzitzen du errentagarria dena, hau da, norbait ordaintzeko prest dagoena, beraz, planeta ere suntsigarria da…

Estatuek guzti honi galga jarri beharrean, elikatu egin dute merkatuaren logika hau: sektoreak pribatizatzean, sektore estrategikoak kapitalaren esku utzi dituztenean, zerga sistema ahuldu dutenean… politika neoliberalek bereziki emakumeengan izan du eragina: zerbitzu publikoen murrizketak ekarri du lan handiagoa emakumeentzat, eta lana gehiago prekarizatu da.

Hori da panorama. Nola jarriko dugu bizitza erdigunean? Beste eredu bat behar dugu:

Pasa behar dugu errentagarritasun pribatuaren logikatik, bizitzaren jasangarritasuna helburu duen logika ekonomikora. Elite batzuen mesederako sistematik, pertsona ororen mesederako izango denera. Dirutan lor daitezken ondasunetatik arago joan behar da, lan eremuz kanpoko jarduerak ere kontuan hartu behar dira. Honek gatazkak sortzen ditu kapitalarentzat: onartu beharra familia guneak, komunitateak beharrezkoak direla, gatazka sortzen du. Zergatik? Kapitalaren gain-esplotazioa oso agerian jartzen duelako. Bereganatzen duelako plusbalioa, eta bereganatzen duelako etxeetan ordaindu gabe egiten den lanaren zati handi bat. Estatuari ere kontraesanak sortzen dizkio, nabarmen geratzen delako estatuak ez duela behar bezala erantzuten. Zerbitzu sozialen eskasiak nabarmenago jartzen du etxeko lanen existentzia.Beti horrela izan da, baina garai batzuetan kontraesan hauek ageriago egon dira eta beste batzuetan ezkutatuago.

 

Gauzak aldatzen ari dira, baina kapitalaren mesederako. Ekonomia gero eta dualizatuagoa, eskubideak gero eta gutxiago diren pertsonen esku utziz. Aldaketa eragin behar da, justuagoa den norabidean. Horretarako, hainbat gako:

– Aberastasunaren banaketa berdinkideagoa izan behar da. Estatuak askoz jarrera birbanatzaileagoa izan behar du.

– Produzitu beharko da pertsonen bizitzarako beharrezkoa dena eta ingurumenarentzat jasangarria dena soilik. Ez da aski norbait ordaintzeko prest egotea, hori produzitzeko.

– Enpresa antolakunde demokratikoak eta lurraldearekiko konpromisoa dutenak lehenetsi behar dira.

– Ekonomiaren ikuskera integrala izan behar dugu, lantokiko eta etxeko lana kontuan hartuz. Ikusarazi egin behar da etxeko lana, eta denborak eta erritmoak pertsonen arabera antolatu.

– Zaintza lanaren ardura kolektiboa sistemak bere egin behar du. Etxeguneetan, zerbitzu kolektiboetan (publikoak, komunitarioak…)… zaintza ez dadin derrigorrezkoa izan inorentzat, baina denontzat ziurtatua egon dadin.

– Enplegua banatu egin behar da, denok behar dugu dirua.

 

Diorren kamisetak hartu zituen adibide.

Diorren kamisetak hartu zituen adibide Cristina de la Cruzek.

 

 

CRISTINA DE LA CRUZ. Patriarkatua da egiturarik hegemonikoena eta zaharrena. Eraitsi ezina da, eremu guztietan (politiko, kultural, ekonomiko). Paktu patriarkal hori hautsi behar da. Arkitektura patriarkala bideratzea ez da posible izan historian.

Diskurtso liberalaren gainean egin da konkista feminista eta kultura kapitalistak gaitasuna du lorpen feministak bereganatzeko. Adibidetzat hauxe ekarri dut: Diorrek ateratako moda diseinua, “we should all be feminists” idatzia duena kamisetan zurian. Interneten eros daiteke 550 euroan, eta salmenta errekor denak hautsi ditu. Amazonen 12 euroko low-cost kamiseta eskuratu daiteke. Adibide oso ona da, nola makinaria kapitalista jabetzen den erretorika alternatiboez. Gainera jabetzen da baita emakumeen gorputzez ere. Munduko gerretan emakumeen gorputza gerra kanpainaren zati izaten da.

Behar da kritikoki aztertzea, ekonomikoki eskubide sozialak artikulatzeko modua, erretorika patriarkalari jarraitu gabe. Ekonomia solidarioaren ikuspegitik, norabide aldaketa bilatzen dugu, birlokalizazioa lantzeko, aktibitate ekonomikoa komunitatera itzultzeko, izaera espekulatiboa baztertuz. Eredu merkantilistaren alternatiba da merkatu soziala, herriz herri ikus dezakeguna.

Zein da bidea? esperientzia komunitarioak lantzea. Familia-komunitatea ez bereiztearen alde nago, komunitatea jostea da gakoa. Erreminta politiko zorrotza da komunitatea jostea.

Emakumeen historiak garrantzia jartzen du sustraietan, eta sareak jostean. Komunitate batek behar du dentsitate sinbolikoa, kosmos alternatiboa, eta historiaren auto-pertzepzio komuna. Feminismoak baditu bi gauza horiek. Harremanetan oinarritzen da proiektua eta bertako ekonomiak sortzen ditu harreman horiek. Aldiz, kapitalaren historiak hausten ditu harremanak eta entrenatzen gaitu gizon eta emakumeak zapalkuntza sistema batean bizitzeko.

Tokian tokiko sareak josi behar dira, etxeko ekonomia indartu… justu merkatu globalen aurkako logika da. Elkarri eustea da tokiko ekonomiaren oinarria.

Bizitza erdian jartzeak eskatzen du kritikotasuna, maskulinitate hegemonikoa aztertzea, gure buruei begiratzea, desberdintasunak identifikatzea, lan prozesuak eraldatzea, esan nahi du aztertzea zer balio diren guretzat nagusiak: lanaren epikak zenbateko pisua duen, eskatzen du pentsatzea zer den aniztasuna, desberdintasunak gainditzea… gure burua antolatzeko beste modu batzuk ere eskatzen ditu.

 

3

Publikoari ireki zaio hitza hartzeko tartea.

Helena Franco eta Cristina de la Cruzentzat galdera: ohituta gaude estatuari exijitzen gure oinarrizko beharrak ase ditzan. Exijitzen dugu guretzat eta gainera unibertsala izan dadin. Pribatizazioen eraginez eta murrizketen eraginez, jende askok jada merkatuan bilatzen du behar horiek asetzea, edo komunitatearen bidez antolatu gaitezke. Estatuak unibertsaltasuna bermatzen ez duen bezala, arriskua dago alternatiboa den hori ere elite batentzat izatekoa?

HELENA FRANCO. Ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu, eraldaketa sozio-politikorako. Sistema kapitalista patriarkalak jartzen gaitu egoera injustuaren aurrean, eta erantzuna eman behar zaio momentuan bertan. Sektore publikoaren lana azpimarratu nahi dut, askotan ahaztu egiten zaigulako sektore publikoa herritar guztiok ordaintzen dugula, batez ere elitea ez garen %99ak. Kapitalak bereganatu du sektore publikoa, ilegitimoki erabiltzen ari da. Tentazioa dugu esateko “estatua ez da gure tresna eta hortik kanpo antolatu behar dugu gure bizitza” eta hori kapitalari sekulako oparia egitea da. Sutsuki defendatu behar dugu sektore publikoa, eta hobetu. Oso zaila da, baina aukerak ere ematen ditu sektore publikoak:

– Araugintza: nola izango diren lan harremanak, lanaldia zenbatekoa izango den arlo ordainduan, bajak nolakoak izango diren, fiskalitatea: nola birbanatuko den aberastasuna…

– Zerbitzu sozialak: zer utzi behar ditugu, kapitalaren esku? pribatizazioaren aurrean ez dugu ezer egingo? enpresa pribatuetara baldin badoa diru publikoa, soldatak bermatu behar ditugu, eta mozkin marjinak murriztu, ezin da negozioa egin pertsonen beharrizanekin.

– Prestazio sozialak: eztabaida dago, RGI bai edo ez.

– Klausula sozialak diru publikoa banatzerakoan: kontratazioakk egiterakoan edo diru laguntzak ebazterakoan, aplikatu ditzake klausula sozialak ingurumen irizpideengatik, soldata abaniko mugatuagatik…

– Zer inkesta egiten diren.

Administrazio publikoa defendatzen dut, sektore publikoa ere bai. Epe motzean lagundu ahal digulako baldintza materialak bermatzen. Ez ditut inondik ere beste bideak gutxietsi nahi, alderantziz baizik: eremu komunitarioko bideak bateragarriak dira eta elkar lagundu dezakete, adibidez, zaintzarako kooperatiba publikoak sortuta.

 

CRISTINA DE LA CRUZ. Erakunde publikoetatik lortu dezakeguna baino gehiago espero izaten dugu askotan. Estatua beti da patriarkala. Ezin diogu aldarrikapenak egiteari utzi, ezin dugu borroka dena eremu horretara bideratu. Emakumeok izan behar genuke lehenak ikuspegi komunitarioko proiektuak martxan jartzen. Ez dut feminismo instituzionala defendatzen. Gure nahi denak ez nituzke jarriko erakundeetatik konponduko diren itxaropenean.

 

Silvia Carrizo eta Mari Luz Estebanentzako galdera. Zer tresna garatu ahal ditugu, lan merkatutik eta komunitatetik, zaintza ez dadin feminizatua, pribatua eta ikusezina izan? Zer esku-hartze publiko eskatu behar ditugu?

MARI LUZ ESTEBAN. Zaintza hitza orokorregia dela esan dut, eta zehaztu behar dela: nik “zaintza” esatean hitz egingo dut bere buruaren kargu egiteko gai ez direnen zaintzaz. Behin baino gehiagotan aipatu da beharrena. Zeinek definitzen ditu beharrak? emakumeok. Ados. Edozein emakumek esan dezake zer den behar bat? “Nik egon nahi dut nire seme-alaba jaioberrirekin hiru urte bete arte, eta estatuak ordainduko du”. Denok ez gara ados egongo. Beharrez hitz egin behar dugu. Konbinatu behar dira formulak: askoz zerbitzu publiko gehiago behar ditugu eta mota askotakoak. Hain gutxi daukagu! eta gure artean elkarbanatu: sexuen artean, gizonek ere zaindu behar dute, eta belaunaldien artean ere bai, batez ere helduek zaintzen baitugu. Eta familiatik arago zaindu behar da. Zenbat eta hobeto egon zaintzaileak, hobeto. Baina pertsonak erdigunean jartzeaz aritu gara, eta zer da hori? zenbat eta kolektiboago zaintza, hobeto. Zuk zure umea zaintzea ez da nahikoa, zaindu behar duzu ondokoaren umea ere bai, eta ahal dela ume batzuk… gu gure etxean bagaude sartuta, gure etxekoekin bakarrik, ez da alternatiba.

Badugu jorratzeko bide interesgarri bat: hitzarmenak enpresa ertain eta handietan. Egun, ez bazara odolkidea, ezin duzu pertsona zaindu. Madrilen bada enpresa bat tele-asistentziaz arduratzen dena, eta lortu dute ahaidetasun sozialaren araberako zaintza: bakoitzak aurkez ditzake zein pertsona diren garrantzitsuak bere bizitzan eta zaindu nahi dituenak istripurik edo gertatzen denean, nahiz eta familiakoa ez izan. Euskaldunon Egunkarian ere antzeko hitzarmen bat egin omen zuten, senidetasun sozialarena. Pentsatu behar ditugu alternatiba ez erabat instituzional eta ez erabat pertsonalak: erdiguneak dira interesgarriak.

Hirigintzaz ere hitz egin behar dugu, zaintza izan dadin ahalik arinena. Etxeak giltzaz ixten ditugunez, umeentzako mugitzea zaila da, herri txikietan ateak irekita egoten dira eta errazago moldatzen dira bakarrik.

 

SILVIA CARRIZO. Politika publikoak lantzen ditugunean, aztertu behar dugu zer egiten dugun etxeko langile etorkinek beren familia osatu dezaten hemen. Hauek buruan izatea beharrezkoa da, harremanen gaia ere lan baldintzena bezain garrantzitsua baita etorkinen kasuan.

 

Zer nolako aliantzak egon daitezke sektore pribatuan? emakumeok bertan zer paper jokatzen dugu? Zein dira jorratu ditzakegun bideak?

HELENA FRANCO. Produkzioaren eremu pribatuan, enpresetan, antolakunde denak ez dira berdinak. Batzuetan langileen parte-hartzea hutsa da. Badaude beste antolakunde batzuk horizontalagoak. Antolaketa ekonomikoaren ikuspegitik, enpresa hauek beren buruari jarri ahal dizkiote genero helburuak eta aurrera egin emakumeen parte-hartzean. Enpresa horien izaera sozialean berdintasuna ere islatu behar da. Erakundeetatik ere balioan jarri behar dira horrelako praktikak, kontratuak eta diru-laguntzak esleitzeko orduan.

 

Noiz hasten da bizitza eta noiz bukatzen da? Diru pila inbertitzen da bizitza berriak sortzeko eta bizitzak luzatzeko. Duintasun ikuspegitik, zenbateraino merezi du horretan hainbeste inbertitzea? Bizitzaren sorreraz eta bukaeraz hausnarketa egin beharko da.

MARI LUZ ESTEBAN. Oso galdera garrantzitsua da. Bizitzaren hasieran badira gai batzuk, bat oso potoloa, adopzioarena. Eta tabu bihurtu da. Atzerrian umeak erosten ari gara. Horri buruz ez eztabaidarik egoteak, harritzen nau. Amaierarekin eta bizitza luzatzearekin, gai delikatuak dira, eta pentsatzen duzu, “nik nahi al dut ahalik gehien luzatzea?”. Zaintza sentimentalizatuta dugunez eta guk egiten dugunez, zail egiten zaigu distantzia hartzea eta irakurketa egitea.

CRISTINA DE LA CRUZ. Bioetikak galdera hori landu izan du urte askoan. Bioetikatik egindako hausnarketak soilik arautzaileak dira. Protokolarizatzera mugatzen dira. Hausnarketa zabalagoa egin behar da, zer den kalitatezko bizitza bizitzea, prozesuaren fase bakoitzean.

SILVIA CARRIZO. Gure herrialdeetan gure jendea hil egiten da eta kito, bizitza luzatzea hemengo kontua da. Badut lagun bat, amaginarreba zaharra duena, eta zenbat luzatu behar den galdetzen du. Zuzenki lotuta dago industria medikoarekin, farmakologiarekin. Gauza bat dago argi: Bizitzen dena, ordaindu dezakeena da.

Ekonomia Foro Feminista I: Lehen pertsonatik egindako lanketa

2017-03-25  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

nagusirako

15 urte betetzen ditu aurten Bilgune Feministak. Ekonomia Foro Feminista egin du martxoaren 25ean Azpeitian, San Agustin kulturunean, “Bizitza erdigunera ekartzeko indar bat dabil hor” izenburupean.

1

Bilgune Feministako Amaia Zufiak egin du sarrera, egungo egoera sozio-ekonomiaren irakurketa eginez. Hauek, azaldu dituen ideia batzuk:

– Neoliberalismoaren aurpegirik gordinena ezagutzen ari gara: klima aldaketa, lan esplotazioaren gorakada, herritarron pobretzea, gure lur eta haziak pobretzen dituzten nazioarteko hitzarmenak, espetxeak, bizitzaren militarizazioa, pribatizazioa…

– Testuinguru horretan, emakumeen bizi baldintzak asko gogortu dira urte hauetan: prekaritatea, baldintza miserableak dituzten lan sektoreak, erregimen bereziak dituzten lan eremuak (zaintzaileak, nekazariak, sexu-langileak…).

– Nabaria da indarkeria sexistaren gorakada eta matxismoaren forma berriak.

– Basakeria heldu da.

– Baina dena ez da negatiboa: desio dugun herri ereduaren eztabaida emango dugu. Asko hitz egiten da aldaketa beharraz, eta gure helburua da aldaketa hori definitzea, norabidea jartzea.

– Bizitza eta haren zaintza jendartearen erdigunera ekarri nahi dugu. Goazen hori gorpuztera, zehaztera. Galdera asko ditugu mahai gainean: Nola zaintzen ari gara pertsonak eta ingurua? nolakoa da bizitzea merezi duen bizitza? ikuspegi produktibistak ez digu balio, ezta diskurtsoan geratzen diren lelo eta mezu borobilek ere. Egoeraren tamainako erantzun konplexuak behar ditugu, proposamen zehatzak, epe luzeko norabidea.

– Eredu arteko gatazka bizitzen ari gara eta kapitalismoari hegemonia irabaziko dion eredua lantzea da gure helburua.

Sarrera honetan azaldu du zein den jardunaldi honen zioa: “Eztabaidari kolektiboki heltzeko espazio parte-hartzailea osatu dugu”.

 

Bizitza ereduez, fikziozko bakarrizketak

2

3

Eider Olazar eta Maite Bidarte Info7-ko esatariek, banaka, hainbat bakarrizketa adierazi dituzte. Bakarrizketa bakoitzak islatu du emakume batek eguneroko bizitzan dituen korapiloak, gatazkak, kontraesanak… Umorerik ere ez da falta izan.

 

Kapitala ala bizitza: Gure kartografiak. Gogoeta kolektibo bat

4

Bakarrizketa hauen bidezko sarreraren ostean, azaldu dute bakarrizketa hauen zergatia, “Kapitala eta bizitza” lantzeko modua zein izango den ekonomia foro honetan: “Bada garaia ekonomia feministaz lehenengo pertsonatik hitz egitekoa: niri zer gertatzen zait? horregatik ekarri ditugu adibide hauek bakarrizketetan, hainbat gaiez hitz egiten hasteko: komunitatea eta kontrola, zaintzaren exaltazioa eta perbertsioa, enplegu prekarioen logika, feminismoa eta koadrilen arteko talkak, nola bizi dugun zahartze prozesua…”.

Bakarrizketa horiek entzun bitartean, norberari sortu zaizkigun ezinegonez ausnartzera gonbidatu dituzte bertan bildutakoak. Horretarako, galdetegi bat banatu dute. 19 puntutan galdera honi erantzutea izan da norberak egin behar izan duen ausnarketa ariketa: “Beharrizan hauek nola asetzen dituzu edo egoera hauei zelan erantzuten diezu zure egunerokoan?. 19 puntu horietako batzuk izan dira “nire diru iturri nagusia da….”, “haurrak edo nire beharrean dagoen norbait zaintzeko laguntza behar dudanean…”.  “Umiltasun eta autokontzientziatik egitea lanketa” bilatu dute ariketa horrekin: “zeren batzutan teorikoki badugu corpus bat montatuta, baina gure bizitzaren atal materialak sostengatzen dituena askotan familia da”.

Galdetegi hau norberak erantzun ostean, jardunaldiko partaide bakoitzak aukera izan du eremu hauetako bat hautatzeko, lantaldeak osatuz: prekarietatea, zaintza eta harremanak. Bakoitzak lantaldea, bakarrizketak entzutean eta galdetegia erantzutean sentitu dituen ezinegon eta talken arabera aukeratzera gonbidatu dituzte: “Maiz jotzen dugu gure egunerokotasunean lantzen ari garen eremuetan sakontzera, erosoen gauden gaietara, eta helburua da tokiz mugitzea, deserosotasunak eta sakontzeko eremu berriak deskubritzea”.

 

Lantaldeetako lanketa

Ausnarketa pertsonal horretatik abiatuta, hiru lantaldeetan (prekarietatea, zaintza eta harremanak) eremu hauek landu dituzte: Beharrak eta desirak; Korapiloak; Ametsak; eta Proposamenak.

7

8

6

5

Erradikalak al gara?

2017-03-13  //  Bertsolaritza, Feminismoa  //  Iruzkinik ez

erradikalak interneterako

Argazkia: Cesar Marcos.

Barre, negar eta hesteak estutu egin genituen emanaldian (martxoaren 11n, Andoaingo Bastero antzokian). Beso zabalik eskertzeko oparia da bi artistak geruzak eranzten joatea emanaldian zehar, beren bizipenetatik eta zintzotasunez. Lortu zuten ikusentzuleok bat egitea bizipen horiekin, eta horrela gure buruari, gure kontraesanei, aurpegira begiratzea: kontraesan bakoitza izendatzea gordin eta esplizituki, tarteka umorez eta adibideetan islatuta. Nahasketa honekin oso emaitza indartsua lortu dute.

erradikalak kartela interneterako

Ane Labaka eta Beatriz Egizabal ikusi genituen eszenatokian: bertsoa eta antzerkia. Bakoitza den bezala eta elkarren ondoan. Bi arteak eta bi artistak batere behartu gabe. Bakoitzak bere espazioa hartuz, bakoitza bere estiloan, eroso. Eta elkarren ondoan, elkarren kontrastean, batak bestea zirikatuz, biribildu zituzten gaiei buruzko lanketak.
Entzuleei erreparatuta, bi mundu behintzat elkartu ginen: bertsozaleak eta feministak. Emanaldiaren hasieran gai horixe landu zuten, Egizabalek kontatu baitzuen bertsolaritzarekiko bere harremana nola joan zen garatzen. Zer pentsa asko ematen du, bi aldetarantz, egin zuen kontaketak: batetik, euskara eremu ez euskaltzaleetara nola hedatu pentsatzen ari direnek ondorio esanguratsuak ateratzerik izango dute adibide zehatz honetatik. Eta bestetik, euskaltzale labeldunok gutxitan bezala jasoko dugu, aurpegira eta umore handiz esanda, zer sentitzen duen labeldunon aurrean bere burua talde horretatik kanpokotzat duen batek.
Feminismoak interesa piztu digunontzat eta eguneroko bizitzan askatasun zentimetroak irabazteko jarreran jarri gaituenontzat oparia iruditu zitzaidan bertso emanaldi hau. Gaiak, galderak, tentsioak, bere horretan taulan ikusi genituelako eta bertsotan mezuak zuzen eman zirelako. Ez da eroso ikusteko emanaldia, baina emozio gogorrak positiborantz bideratzea lortzen dute, liseritzeko elementuak emanaz, eta behar den unean eta dagokion dosian umorea erabiliz. Batzuk aipatzearren, gogoan iltzatuta geratu zaizkit “zergatik naiz heterosexuala?” galdera planteatzen duen eszena erotikoa, ama izateari buruzko bertsoak eta eszenaratzea, aniztasunaz ahoa bete eta oso berdintsuon artean egiten dugun bizimodua… eta feminista kaputxatuak oholtzara eramaten dituen eszena, datu eta adibide zehatzetan indarkeriak seinalatzen dituzten bitartean.
Eszenako elementu denak daude zerbaitetarako, sujerentzietara irekiak. Eta bertsoak sorta gisa argitaratzeak merezi luke, zaleok buruz ikasi ditzagun.

Kontu ilunak GHKn: Ezkutatutako informazioa eta hatzaz hautatutako lanpostuak

2017-02-04  //  Kontu ilunak GHKn  //  Iruzkinik ez

hatzaz

 

Ainhoa Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian azaldu zituen GHKren lehendakari-orde zela sumatu zituzten irregulartasunak. Aurreko artikuluetan dituzu banaka azalduak desagertutako ordenagailuaren afera eta ordenagailu hartan aurkitutako dokumentuek argitara atera dituzten frogak. Beste kasu hauek ere aipatu zituen, GHKren kudeaketa ilunaren adierazgarri:

 

Batetik, langileek GHKko zuzendaritzari informazioa ezkutatu zietela: “2012ko apirilean GHKn txosten bat jaso zuten. Ordurako EH Bilduk zuen gehiengoa GHKn eta kudeatzaile berriak zeuden: Juan Karlos Alduntzin zen Aldundiko Ingurumen diputatua eta GHK-ko lehendakaria. Baina EH Bilduk ez zuen txosten horren berri izan. Eta txosten hori zen IBH ingeniaritza enpresak bidalitako email bat, esaten zuena: EH Bilduk hondakinen plangintza aurrera eramaten badu, eta esan duen herri guztietan atez-ateko bilketa jarri behar badu, Gipuzkoan 80.000 tonako errauste planta batekin nahikoa izango da. Eta txosten hori, GHK-ko buruzagitzan gu gaudela, ezkutatu egin zitzaigun”.

 

Bestetik, kontratazioak hatzaz hautatzen zirela kontatu zuen: “Kontratatzioetan ere gauzak gaizki egiten ziren: EAJ, PSE eta Hamaikabat-ek, alderdi politiko bakoitzak bi langile sartzen zituen. Hori frogatzen duten emailak baditugu ‘aizu, ez ahaztu bihar goizean bi izen ekartzea, administrari eta beste ez dakit zer postutarako’, eta ondoren izen horiek izan ziren postu horietarako hautatuak”. Teknikari bat kontratatzeko lehiaketa baten kasua ere azaldu zuen: “lehiaketa horretako azken azterketa egunean bertan kontratatu zuen GHK-k Gipuzkoaz kanpoko teknikari hautagai bakarrarentzako etxe bat, alokairuan. Baina egun batzuek lehenago jada aurrekontuetan sartua zuten 1.300 euroko gastua, eta ondoren 1.300 euroko alokairuko etxea hartu zioten pertsona horri. Azken azterketa egin aurretik bazekiten alokairua zenbat ordaindu behar zuten, bazekiten lehiaketa irabaziko zuena ez zela gipuzkoarra, eta gipuzkoarra ez zen bakarra, teknikari hori zen”.

 

Honaino Ainhoa Intxaurrandietak eta Josu Amilibiak Zizurkilen eman zuten hitzaldi mamitsutik berreskuratutako pasarteekin osatutako artikulu sorta. Agintari politikoek errausketaren gaian “arduraz jokatzen dutela” adierazten dutenean edo “konfiantza” izateko eskatzen digutenean, burura etorriko zaizkigu pasarte hauek.

 

Hurrengo hilabeteetan Intxaurrandietak aterako duen liburuan irakurri ahalko ditugu horrelako pasarte gehiago, xehetasun handiagoz azalduak.

 

Hau guztia 2013 inguruan. Eta egungo kudeaketaz zer?

2013 inguruko gertakizunak dira, baina egungo kudeaketan konfiantza handiagorik izaten ez du laguntzen, bai Intxaurrandietak eta bai Amilibiak azaldu zutenez, GHKren eguneroko martxa daraman GHK-SAUn oposizioko EH Bilduri parte hartzeko aukerarik utzi ez izanak. Amilibiak azaldu zuenez, “kontsortzio bakarra da oposizioko alderdiei parte hartzen uzten ez zaiena. Beti ematen zaie aukera, horrelako egituretan, adibidez uraren kontsortzioan, alderdi guztiei ordezkaritza izaten”. Horren ondorioz, erraustegi proiektuaren eguneroko erabaki eta kudeaketaz informaziorik jaso ezinik geratu direla salatu zuten.

 

“Kontu ilunak GHKn” artikulu sorta honetako aurreko aleak:

1.-Atarikoa

2.-Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swap-etatik libratzeko aukera

3.-Lapurtutako ordenagailuak baieztatzen du: erraustegia zen, ez “balorizazio energetikoko planta”

4.-Jaurlaritza ere saltsan

Kontu ilunak GHKn: Jaurlaritza ere saltsan

2017-02-03  //  Kontu ilunak GHKn  //  Iruzkinik ez

Maria del Pilar Unzalu Perez de Eulate, Consejera de Medio Ambiente, Planificacion Territorial, Agricultura y Pesca

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, 2010eko apirilaren 23an eman zion proiektuari, ebazpen bidez, Ingurumen Baimen Bateratua. Pilar Unzalu Pérez de Eulate izan zen (PSE) Ingurumen sailburua 2009-2012 legegintzaldian.

 

Ainhoa Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian azaldu zuen nola 2013an, bera GHKko lehendakari-ohia zela, dokumentazio gakoa gordetzen zuen ordenagailua lapurtu zuten. Auzitegiak 2015ean itzuli zien ordenagailua eta perituen arabera 70.000 artxibo ezabatuak izan baziren ere, 190 artxibo berreskuratzea lortu zuten. Horien artean beste bat, oso garrantzitsua:

 

Eusko Jaurlaritzak emandako Ingurumen Baimen Bateratuari dagokiona. Intxaurrandietak horrela azaldu zuen zer den Ingurumen Baimen Bateratua da: “egin nahi den azpiegitura batentzat, Jaurlaritzak bete beharreko arauak jartzen ditu, azpiegitura horrek ahalik gutxien kutsatu dezan eta beti ere legeak ezartzen dituen kutsadura mugen barruan kutsatu dezan. Horretarako, azpiegitura horrek jarri behar dituen neurri zuzentzaileak zehazten ditu Ingurumen Baimen Bateratuak”. Horraino azalpena. Orain dator ordenagailuan egindako aurkikuntza: “Jaurlaritzak bidalitako Ingurumen Baimen Bateratua zuzendu egin zuten lapurtutako ordenagailu horretatik, eta Jaurlaritzari esaten diote, ‘hau jartzen duzun lekuan beste hau jarri behar duzu’. Eraikitzera doan promotoreak ezin du, inolaz ere, hori egin, ezin du erabaki zer jarri behar duen Jaurlaritzak baimenean. Baimenean egin zituzten aldaketa horiek ez dira esanguratsuak, baina badaude korrekzioak”.

 

Bihar irakurri ahalko duzu, blog honetan, artikulu sorta honetako azken kapitulua: besteak beste, kontratazioetan egindako irregulartasun bat azaltzen duena.

“Kontu ilunak GHKn” artikulu sorta honetako aurreko aleak:

1.-Atarikoa

2.-Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swap-etatik libratzeko aukera

3.-Lapurtutako ordenagailuak baieztatzen du: erraustegia zen, ez “balorizazio energetikoko planta”

Lapurtutako ordenagailuak baieztatzen du: erraustegia zen, ez “balorizazio energetikoko planta”

2017-02-02  //  Kontu ilunak GHKn  //  Iruzkinik ez

erraustegia

Erraustegi baten eskema.

 

Ainhoa Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian azaldu zuen nola 2013an, bera GHKko lehendakariorde zela, dokumentazio gakoa gordetzen zuen ordenagailua lapurtu zieten. Auzitegiak 2015ean itzuli zien ordenagailua eta perituen arabera ordenagailu horretako 70.000 artxibo ezabatuak izan baziren ere, 190 artxibo berreskuratzea lortu zuten. Horien artean bat, oso garrantzitsua:

Zenbakiekin kontuak erraz egiteko aukera ematen duen Excel liburu bat. Intxaurrandietaren hitzetan, “Excel liburuaren lehenengo orrian kalkulatzen da zer botere kalorifiko izango duen errauste plantak. Izan ere, erraustegiaren eta balorizazio energetikoko planta baten arteko ezberdintasuna, botere kalorifiko kopurua da. Formula bat aplikatzen da, eta horren arabera, planta horrek lortzen duen energia kopuruaren arabera izendatzen da planta bat ‘erraustegi’ edo ‘balorizazio energetikokoa’. Exceleko lehen orrian, formula hori aplikatuta, emaitzak ematen zuen balorizazio energetikoko planta bat zela orduko proiektua. Baina Excel liburu horretako bigarren orrian, formula horri gehitzen zioten plantak berak zuen energia kontsumoa, martxan aritzeko. Eta orduan, jada, erraustegia zen”.

Proiektu hori erraustegia edo balorizazio energetikoko planta izatea ez da energiari dagokion arazoa soilik. Intxaurrandietak azaldu zuenez, “erraustegia egiteko Europak ez du dirurik ematen eta Eusko Jaurlaritzak ez zuen baimenik eman: Eusko Jaurlaritzaren baimena balorizazio energetikoko planta bat egiteko emandakoa zen. Jakitun ziren horretaz, erraustegi bat izango zela, ez zuela balorizazio energetikorik lortuko, eta aurrera egin zuten”.

Bihar irakurri ahalko duzu, blog honetan, lapurtutako ordenagailutik berreskuratu zuten beste dokumentu baten berri, oso garrantzitsua.

“Kontu ilunak GHKn” artikulu sorta honetako aurreko aleak:

1.-Atarikoa

2.-Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swap-etatik libratzeko aukera

Lapurtutako ordenagailuaren kasua eta swapen kalte-ordainetatik libratzeko aukera

2017-02-01  //  Kontu ilunak GHKn  //  2 iruzkin

ghk

GHKren eguneroko lan funtzionamenduan “giro iluna” irudikatu dezakegu, Ainhoa Intxaurrandieta lehendakariorde zuen 2013 hartan. Intxaurrandietak iragan azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian egin zituen adierazpen hauek: “Bilerak ezin genituen goizetan egin. Arratsaldetan egin behar izaten genituen, bertako teknikari eta langileak joandakoan. Zergatik? Hitz egiten genuen edozein gauza, hurrengo egunean Diario Vascon ateratzen zelako. Paper bat uzten bagenuen mahai gainean, hurrengo egunean Diario Vascon ateratzen zen”.

Espioitza nobela baterako bada materialik Kontsortzioaren etxe horretan: “Zantzuak genituen urteetan gauza arraroak egin zirela, gauzak ez zirela oso fin eta argi egin. Baina ez genuen frogarik epaitegietara joan eta erraustegiaren kontratua apurtzeko. Errelatoa bagenuen, baina paperak falta zitzaizkigun. Artxiboetan begiratzen hasi ginen eta dokumentazioa falta zen, dexente gainera. Esaterako, bagenekien zein bilera egin ziren baina bilera horien aktarik ez zegoen”. Langileengana jo zuten informazio bila: “Bazen teknikari bat lanean, errauste planta egin izan balitz bertako zuzendaria izango zena. Badakigu teknikari hori bilera horietan egon zela. Aktak ez genituenez, teknikari horri galderak egin genizkion, frogak non zeuden jakiteko eta gertakizunen historia osatzeko. Teknikari honekin hiruzpalau bilera egin genituen, gauza asko esan zizkigun. Guk berak esandakoa idatzi egiten genuen, ondoren berari erakutsi idatzitakoa, eta ados zegoen galdetzen genion.

— Dokumentazio hau guztia non dago? —galdetu genion eta berak erantzun:

— A, nire ordenagailuan!

— Kopia bat emango diguzu?

— Bai, orain berandu da, txikiaren bila joan behar dut. Bihar emango dizut kopia.

Hurrengo egunean inoiz baino goizago etorri zen lanera, 7:00etan, eta 12:00ak arte egon zen. Hura izan zen ikusi genuen azken aldia. Bulegora joan eta ikusi genuen bere ordenagailua ez zegoela. Telefonoz deitu genion eta ordenagailua kotxean zuela esan zigun. Geroztik telefonoa itzali zuen eta gaur arte, ezin izan genuen berarekin harremanetan jarri”.

Ordenagailua desagertu zelako salaketa jarri zuen GHK-k. Intxaurrandietak pena hauxe du: “Ordenagailu horretan baziren frogak, ustez, errauste planta ixteko, inolako kalte ordainik ordaindu gabe. Bazirelako frogak adierazten zutenak gauzak ez zirela behar zen moduan egin”. Auzitegietako gerra orduantxe hasi zen: “Salaketa jarri eta astebetera, arratsaldez bileran bakarrik geundela, atea jo zuten Ertzainek. Teknikariak salaketa jarri zuen zuzendariaren eta abokatuaren aurka, salatuz bahiketa, tortura, mehatxuak, tratu txarrak… zer ez!”. Epaitegietan duen itxaropena irudikatu lezake irakurleak: “Hurrengo bi urteetan, ordenagailuaren lapurretari buruzko salaketak ez zuen aurrera egin. Aldiz, teknikariak gure aurka jarritako salaketaren ondorioz auzia egin zen, frogatu zen ez zela halakorik gertatu, errekurritu zuten, berriz auzia, berriz errekurritu…”.

2015eko maiatzeko hauteskundeetan GHK berriz EAJren esku geratu zenean, “agintariek egin zuten lehen gauza izan zen, ordenagailuaren lapurretaren aurkako salaketa kentzea”.

Hori baino lehen ordenagailua eskutan izatea lortu zuen Intxaurrandietaren lanaldeak, ordea: “Ordenagailua bi urtean epaitegian egon ostean, hauteskundeak baino bi hilabete lehenago, epaitegiak itzuli egin zigun. Espainiako estatuko peritu adituenetako batengana eraman genuen eta esan zigun 70.000 artxibo zeudela ezabatuak, ‘modu seguruan’ (ez berreskuratzeko moduan alegia). Eta esan zigun noiz hasi ziren ezabatzen artxibo horiek: teknikaria lanera joan zen azken egun horretan, 7:12etan”. GHK-ko zuzendari berriengana jo genuen esanaz: “Ordenagailuaren lapurretari buruzko salaketa kentzera zoazte, baina froga daukagu dioena artxiboak ezabatu zituela azken egunean. ‘Guk ez dugu ezer faltan botatzen artxibategietan’ erantzun ziguten”.

Espainiako peritu horren laguntzaz, ordenagailutik 190 artxibo berreskuratu zituzten, “despiste bat izan zen, ezabatu zituenaren aldetik”. 190 artxibo horietan, badira batzuk informazio oso baliotsua ematen dutenak. Hurrengo egunetan irakurriko dituzu, blog honetan.

Artikulu sorta honetan aurrekoa:

1.-Kontu ilunak GHKn: Atarikoa

Kontu ilunak GHKren kudeaketan: Atarikoa

2017-01-30  //  Kontu ilunak GHKn  //  Iruzkinik ez

Josu Amilibia eta Ainhoa Intxaurrandieta Zizurkilen eman zuten hitzaldian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Josu Amilibia eta Ainhoa Intxaurrandieta Zizurkilen eman zuten hitzaldian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Ainhoa Intxaurrandieta hurrengo hilabeteetan aterako duen liburua prestatzen ari da eta erraustegiaren gaian eta kudeaketa publikoan interesik duten herritarren artean jakin-mina sortuko du, espero baita bertan kontatuko dituela GHK-ren lehendakari orde izan zenak atzeman eta bizi izandako “irregulartasunak”. 2013ko kontuak ziren, baina berriz ere itzuli dira bai persona eta bai bere agintaldia pilpilera. Izan ere, erraustegi proiektu zaharra gelditu zuen EH Bilduko Intxaurrandieta buru zuen GHK-k 2013an, eta horren aurka San Markosko (Denik Itxaso buru) eta Debabarrenako mankomunitateek (Arcadio Benitez buru) jarritako helegiteari arrazoi eman dio 2017ko urtarrilaren 4an Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak. Epai horrekin, bertan behera utzi du GHK-k 2013ko azaroan Zubietako erraustegia egiteko kontratua eteteko erabakia eta enpresa multzoari eman beharreko kalte ordainaren erabakia.

Intxaurrandietak, Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakari Josu Amilibiarekin 2016ko azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian (hemen duzue Tolosaldeko Atariak eginiko kronika), lehen eskutik azaldu zituen GHK-ko zuzendari zela atzeman zituen “kontu ilun” zenbait, libururako modukoak hauek ere. Hurrengo egunetan izango dituzu irakurgai, blog honetan.

Sarrerako artikulu honetan, oraintxe epaia atera berri den auzi horri buruz Intxaurrandietak Zizurkilgo hitzaldian eman zituen azalpenak jaso ditugu:

“Errauste plantaren kontratua apurtzeagatik sartu ziguten demanda. Orduko errauste planta [kontuan izan lehen proiektu hartatik oraingora aldaketak izan direla] 260.000 tona erretzeko zegoen diseinatua. Gainera, bere gaitasuna handitu zitekeen 320.000 tonara arte. Errauste planta gelditu genuenean, 160.000 tona errefus sortzen ziren Gipuzkoan. Hori izan zen errauste planta gelditzeko arrazoi nagusia”.

“2010eko maiatzaren 5ean email bat jaso zuen GHK-ko zuzendaritzak (garai hartan, EAJ-koak), GHK-k berak kontratatua zuen IBH ingeniaritza enpresak bidalia, esanaz: ‘Konturatzen zarete gaindimentsionatua dagoela errauste planta, ezta? (Eta errauste plantak %100ean funtzionatu behar duenez) Pentsatzen ari zarete hondakinak nondik ekarri behar dituzuen?’. GHK 2010ean ere jakitun zen gaindimentsionatua zegoela errauste plantaren proiektua, hondakinak faltako zituztela, baina aurrera egitea erabaki zuten”.

“2013ko azaroaren 13an apurtu genuen erraustegia egiteko kontratua. Epaiketara eraman gintuzten kontratua eteteagatik. 2015ean izan zen epaiketa: maiatzaren 5ean deklaratzera joan behar nuen, galdeketa egin behar zidaten. Aurreko egunean, 14:00etan jakinarazpen bat bidali zidaten, esanaz ez joateko epaiketara, nire deklarazioa ez zutela onartuko. Noski joan nintzela, publikoan egotera. Bertatik pasa ziren aurreko legegintzaldian erraustegia justifikatzen zuten teknikariak eta politikariak. Publikotik aritu nintzen guztia entzuten eta ikusten, eta hitz egiteko aukerarik gabe, epaiketa gure kontrakoa zenean. San Marko mankomunitatearen abokatua Anjel Oiarzun zen. Beste epaiketa batean ere nire kontrako abokatua da. 2015eko abendurako aterea behar zuen sententziak”. Noski epaitegiko kontuek luze jotzen dutela eta dena auskaloz betea dagoela. Kasualitatez, egungo GHK-k Urbaser buru duen UTEarekin kontratua sinatzeko deskontuko minutuetan atera da FCC buru zuen UTEaren kontratua balioan jartzen duen epaia. Auskalo zergatik, hau ere.

Galdric Peñarroja: “Argi komunikatu behar dugu Diadan urte horretako eskaera eta egiteko modua”

2016-11-10  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Galdric Peñarroja ANCko kideak azaldu ditu eta Diadaren gako komunikatiboak.

Ezaugarri batzuk azalduko ditut diskurtso independentistarenak. Aniztasun handia dago, mugimendu oso transbertsala da eta inklusiboa: alderdi politikoak (eskuinetik ezkerrera doazenak), politikarekin nazkatuta daudenak, katalan adina español sentitzen dena, español sentitzen dena… publiko potentziala oso anitza da eta mobilizazioetara deitu nahi dugun publikoa oso anitza da. Mugimendu demokratiko eta baketsua da. Katalunian bozka-kutxak eskatzen ditugu, eta ongi eskatzen ditugu. Estatu espainiarra da independentista gehien sortzen dituena Espainiako estatuan. Agente komunikatzaile handiak dira. Positiboa ere bada mugimendu hau. Katalunian estatu propioa nahi dugu, herrialde hobe bat ekarriko dutenak, horregatik etorkizun mezua dauka, positiboa, hoberako dena. Mobilizazioetan ikusten dugu aktibismora familia osoak doazela eta ongi pasatzen dutela.

Nola transmititzen da mezu hau? Gizarte zibil mobilizatua dugu Katalunian. Erakunde hauen ezaugarria da ez dutela diru askorik (ANCk debekatua du dirutza handiak jasotzea erakunde publikoetatik, independentzia bermatzeko). Boluntarioei esker da posible gauza asko egitea, diruarekin ezinezko litzatekeena, pagatu ezin dena. Urte osoan ari da jende hau lanean, hitzaldiak antolatzen, informazioa banatzen… Boluntario asko baditugu erraza da informazioa masiboki banatzea, ongi zehaztutako segmentuetan, zonaldeetan.

Sare sozialak erabiltzen ditugu. Herritarrek aktibismoa egiten dute sareetan, asanbladako edukiak asko mugitzen dira. Boluntario asko badituzu gaitasuna duzu ekintza jendetsuak egiteko, Diada esaterako.

Diada

2012an egin zen lehen aldiz. Formatu klasikoan egin zen: lema orokor batekin deialdia egin zitzaion gizarteari bere babesa emateko. Baina berezi egin zuena izan zen bildu zen jendetzak: manifestazioa izan behar zuena kontzentrazio bihurtu zen, ezin izan genuelako aurrera egin. Lehen aldiz mezua oso argia zen, independentzia eskatzen zen argi, eta modu proaktiboan egiten zen (ez Espainiako estatuaren eraso bati erantzunez), baizik egungo markoa agortuta zegoela esanaz.

Ondoren hartu zuen egungo formatuan: urtero irailaren 11n zerbait eskatzen da. Eskaera hau irudikatzen da jendeak egiten duen ekintza batekin. Mezua ez da bakarrik babesten biltzen duen jendetzarekin, baita ere indartzen da jende honek egiten duenarekin. Jendea beharrezkoa da ekintza hau egiteko. Kontakizun bat egiten da honen guztiaren inguruan: kontakizun erraz eta bisual bat behar da. Esaterako, 2014an V handi bat egin genuen bi kaleekin. V horrek esan nahi zuen (katalanez) borondatea, bozkatzea, “victoria” edo garaipena.

2015ean parlamentura eraman genuen gezi moduko bat, 15 egun beranduago egingo zirelako parlamentuko bozketak eta parlamentu independentista bat nahi genuelako.

Diadaren oinarrietako bat eremuak dira. Eremuen oinarri hori Katalunia osoa zeharkatzen zuen giza kateak jarri zuen, hori gabe ezin baikenuen bermatu giza katea osatuko zenik. Antolaketarako behar honek baldintzatu zuen baita komunikazioa ere: jende guztia zen beharrezkoa, eta izena ematea bera ekintza mediatiko bihurtu zen. Historian zure lekua hartzera gonbidatzen genuen jendea. Sare sozialetan biral bihurtu zen izen-ematea, jendeak esaten zuen “familian goaz halako eremura, zatoz zu ere”. Jendeari eskatu zitzaion horiz joatea, eta ANCren kolore bereizgarria bihurtu zen. Baina diru-iturri ere bihurtu zen, kamiseta hori ofiziala sortu genuelako, eta geroztik kamiseta hori da diru-iturri nagusia ANCrentzat.

Ordua ere badugu. Arratsaldez egin beharra dago, hainbeste jende bakoitza bere lekura iritsi dadin. 17:14 ordua hautatu zen, 1714an galdu zelako suzesio gerra, eta berezko erakundeak galdu zituelako Kataluniak. Ordu hori ikur bihurtu da, esaterako, Camp Noun futbol partidetan 17:14an jendea independentzia oihuka hasten da.

Urtero manifestazioa ezberdina da. Berezko sinboloak sortzen dira, kamiseta…

Beharrezkoa da eskaera oso argi jendeari azaltzea eta zer egin behar duen azaltzea. Giza katea egin genuenean, udan hainbat herritan gertatu zen bere giza kateak egin zituztela. Eta horrela sortu zen udako kanpaina, “irailaren 11 txikia”. Horrek laguntzen du boluntario gehiago lortzen, mediatikoki ateratzen. Udako kanpaina lotzen du irailaren 11rekin errelatoak, esaterako, udaro munduko presidente bati helarazten zaio mezua pankarta handi bat zabalduz (Obama, katalanok independentzia bozkatuko dugu) eta irailaren 11n pankarta hori ere jarri egiten da. Horrela lotzen da errelatoa, herri oso bat ari dela prestatzen hilabetetako lanean mobilizazio handi bat egiteko…

Diadan hedabideei erraztasunak ematen zaizkio: plataformak jarri argazkiak goitik hartzeko… eta bermatzen dugu denbora: 45 minutu egongo direla, argazkiak denboraz hartzeko, grabatzeko… Mundu osoarentzako zuzeneko emisioa egiten dugu, horrela munduko edozein hedabidek erabili dezake bere albistegietan emateko (horrek asko handitzen du bere nazioarteko presentzia).

2013an giza katea egin genuenean,e rabaki genuen argazkiak aterako genizkiola eremu guztietan, eta baita argazki orokor bat ere. Lehen urtea zen horrelako mobilizazio bat egiten zena. Horrela bermatzen genuen biztanle gutxieneko eremuetan zegoen jendea ere aterako zela argazkian. Panoramika ere osatu genuen, giza kate osoa lotzen zuena. Oso konplexua, urte erdi kosta zitzaigun egitea, eta jakin min handia eragin zuen. Berriz albiste bihurtu zen giza katea.

Gizarte zibil antolatua da independentzia zaletasunaren ezaugarria. Kalean egiten du eta jendeak egiten du, boluntarioki, ordaindu ezinezko gauzak egitera iristen direnak. Prozesuak lortu du Kataluniako gizartea aldatzea, independentzia lortu baino lehen.

Gakoa

Jendeak egin nahi izatea da gakoa. Asanbladak eguna, ordua eta lekua jarri zion jendeak egin nahi zuen horri. Mezua beti positiboa da, proposamena egiten duena.

11 / 30«Aurrekoa101112132030Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA