Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Ertzaintzaren deia eta Gipuzkoa Zutik herrietan
2016-06-16 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Lasarteko lagun batek dei arraro bat jaso du Hernaniko Ertzain etxetik: Ikusi dutela Txintxarri aldizkarian Gipuzkoa Zutiki buruz idatzi zuen artikulua, eta horregatik jartzen direla berarekin harremanetan. Ostegunean (gaur) Lasarten egin behar omen den Buruntzaldeako Gipuzkoa Zutiken lehen bilerarako baimena eskatu gabe dagoela udalean. Ea propio hartutako erabakia izan den, eta abisatu nahi dituztela baimenik eskatu ezean identifikazioak egongo direla eta isunak etor daitezkeela. Lagunak erantzun dio bera oporretan dagoela. Ertzainak, orduan, emateko, mesedez, arduradunen baten izena, berarekin harremanetan jarri eta abisua helarazteko. Lagunak, ez dagoela arduradunik, ardura kolektiboa dela.
Plazan bilera bat egiteko baimena?
Ez dut kaleko legedia ezagutzen, eta saiatzen naiz abokatuek gure hobe beharrez ematen dizkiguten azalpenei nire barruan ahalik leku txikiena egiten. Lege horiek denak erabiltzen baitira herritarrak beldurtzeko, %1ak egiten duena egiten duela, %99ak tresnarik izan ez dezan bere eskubideak defendatzeko. Gure artean hitz egiten da zentzu komunaz, zer den bidezkoa eta zer ez, eta beraz, zein lege salatu behar diren publikoki herritarren aurrean. Herriko plaza batean bilera egiteko “baimena” eskatu behar bada legez, noizko deituko dugu legea aldatzeko bilera plaza horretan? Zertarako dira plazak biltzeko ez badira? Hitz egiteko ez badira?
Herri honetako zenbat eta zenbat proiektu jarri ziren martxan plazan bilerak eginez? Zerrendatzea polita litzateke: Zenbat eskola, kultur egitasmo, elkarte… sortu dira plazan bilera irekia deituta?
Herrietako Gipuzkoa Zutik ostiralean batuko da Bulebarreko asanbladan
Mugimendua indartzen ari den seinale dira herrietako Gipuzkoa Zutik bilkurak. Aurreko ostiraleko Bulebarreko asanbladan aritu ziren herrietako kideak, zonaldeka bilduta, bakoitzak bere herrian martxan nola jarri pentsatzen. Gipuzkoa plazan hasi zen egiteko moduei jarraiki, herri bakoitza erabat autonomoa izatea adostu zen, bakoitzak ikustea bere herrian zerk funtzionatuko duen, zer forma hartuko duen, ikonotzat erraustegia edo herriko beste arazoren bat jarri nahi duen zentroan… Ikusi zen herrietako dinamikak indartu egiten duela hiriburuan hasitakoa, eta alderantziz, tarteka hiriburuan denak biltzeak arnasa eman ahal diela herriei. Ekintza bateratu batzuek egiteko aukera ere egon litekeela.
Astebetean herri bakoitza martxan jartzekotan gertu ziren: lehen bilerarako deialdia egiteko herri batzuetan, eta lehen kontaktuak edo pertzepzioak biltzeko besteetan.
Ostiral honetan batuko dira berriro herrietako dinamikak Bulebarreko asanbladan (19:00etan). Jakin minez hartuko ditugu denok bateko eta besteko berriak.
Hona hemen, sare sozialen bidez ezagutzera eman diren herri batzuek (falta denik bidaliz gero, gustu handiz batuko dugu hemen):
– Whatsappez zabaldu den mezu batek dei egiten du Debagoiena Zutik asanbladara: astelehena 20, Arrasateko mankomunitate parean, 19:00etan elkarretaratzea. Ondoren asanblada. “Ekarri bizipoza eta lo zakua!” oharra gehitu dute.
– Oiartzun Zutik sortzeko asanblada: astelehena 20, 19:00etan plazan.
– Zumaia Zutik sortzeko asanblada: asteartea 21, 20:00etan Amaiako plazan.
Whatsappez ekainaren 16an zabaldu den mezua: “Andoainera iritsi da paratxuta, Gipuzkoa Zutikeko sinboloa. 18:00etatik aurrera Zumea plazan ikusiko gara”.
Nuit Debout mugimenduaren gakoak azaldu ditu Miguel Seguik
2016-06-09 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Miguel Segui NPAko (Nouveau Parti Anticapitaliste) kidea da eta azken hilabeteetan Frantziako plazetan antolatu den Nuit Debout mugimenduan parte hartzen du. Ekainaren 8an hitzaldia eman du Gipuzkoa Zutikek gonbidatuta, Bulebarrean. Bere burua aurkezterakoan kontatu du Valentzian jaio zela eta gurasoek lau urterekin eraman zutela Frantziara, frankismotik ihesi. “Erretiroa hartzear nago, eta nire jaioterrira itzuliko naiz”. Hona hemen, eman zituen azalpenen laburpen bat:
Nola hasi zen Nuit Debout
“2010etik espero genuen iraultza, garai hartan pentsio erreformaren kontrako mugimendu indartsua izan baitzen. Frantzian langileak, gazteak, ohituta daude borrokara. Borroka da lorpen guztien motorra. Frantziako eskubideak faxismoaren kontra irabazi genituen, 36an, 45ean, 68an. Guretzat hori ezin da ukitu. Irabazten saiatuko gara.
Herritarrak zain zain geunden, zerbait gertatu zedin. Eta txispa bere burua ezkerrekotzat duen alderdiak egin nahi duen lan erreformak piztu du: herritarrei azaldu diete Espainiako Gobernuak Zapatero eta Rajoyren eskutik egindakoan oinarritu direla. Euren kalterako izan da hori azaltzea, guk erakutsi dizkiegulako Espainian lan erreformak izan dituen eragin kaltegarriak.
Abiapuntua 5.000 laguneko manifestazio txiki bat izan zen. Baina gazteek “Sí se puede” oihu egiten zuten sindikalisten aurrean, gazteleraz. M15aren oihartzuna nabaria zen, beraz. Baina ez Madrilgoa bakarrik, Europan okupatzen ari diren beste plazen erreferentzia ere gure egin dugu. 68ko maiatzaren antza ere badu, hainbat gauzatan. Egun, mugimenduak jarraitzen du, guretzat martxoko 100. eguna da”.
Denbora gelditu eta borroka zahar eta berria uztartu
“Oso azkar ari da zabaltzen arrazakeria, errepresioa… gobernuak eta batez ere eskuin muturrak bultzatuta. Denbora gelditu dugu sinbolikoki, hitz egitea behar dugulako. Bakoitza gure aldetik gindoazen, jendeak ez zuen mugimenduetan sinisten…
Frantzian oinarriek bultza dituzte sindikatu nagusiak euren lana egitera, alegia, jendea eta borroka antolatzera. Duela bi hilabetetik zubi sendoak daude Nuit Debout eta sindikatuen artean, lan elkarrekin egiten dugu, elkarrekin militatzen dugu, eta saiatzen gara lan erreforma indargabetzen”.
Entzuleetako batek nabarmendu du hori izan daitekeela Nuit Debouten ezaugarri berezia, borroka molde berria (plazaren okupazioa eta asanbladak) uztartu dituela borroka molde zaharrarekin, sindikatu eta grebekin. Horri buruz zera gehitu du Seguik:
“Apasionantea da bateratze hori. Baina ez zen erraza izan hasieran. Bakoitza bere aldetik zebilen… Baina Nuit Debout politizazio maila handi batekin abiatu zen. Pare bat hilabetez bakoitzak bestearen lana errespetatu du, baina Nuit Deboutek CGT sindikatuko kidea gonbidatu zuen hitzaldia ematera, eta orduan ikusi zen ez zegoela inongo mugarik bateratzeko. Hor sortu zen konfiantza. Batez ere, mugimendu bakoitzak bestea errespetatzen duelako: Nuit Deboutek ezin du grebarik antolatu, ezta sindikatuek Nuit Debout ere”.
Helburua argi
“Gure helburua da zaborretara botatzea lan erreforma, guretzat langabezi legea baita, prekarietate legea. Gehiago ukitzen ditu gazteak eta horregatik daude gazteak kalean. Ikusten dute ez dutela etorkizunik.
Lan erreformaren bigarren puntua oso garrantzitsua da, lehentasunak atzekoz aurrera jartzen baititu: lehen hitzarmenak sektoreka sinatzen ziren. Orain enpresaka sinatzea nahi dute, eta legea baino kaskarragoak diren hitzarmenak sinatzea ekarri dezake horrek. Horren aurka borroka egiten dute herritarrek. Gainerako lan baldintzak ere eskastea ekarriko luke, 46 ordu astean lan egiteko proposamena zegoen, kaleratzean kobratu beharreko egunen murrizketa…
Irabazten badugu, Espainiako Estatuan ere lagunduko du. Beharrezkoa da kaleak hartzea, dena ez hauteskundeen mende uztea”.
Isiltasuna haustea da garaipena
“Nuit Deboutetik saiatzen ari gara alternatiba aurrerakoi bat ateratzen, errefuxiatu siriar eta afganiarren alde ari gara eta hauek ere aktiboki parte hartzen dute. Badira kultur jendeak, abokatuak… 40 komisio ari dira lanean, tartean emakumeen eskubideak defendatzen, LGTB kolektiboarenak, ekologistak… Eskuin muturraren indarrari kontrapisua egitea beharrezkoa da.
Orain arte jendea isilik zegoen. Eta isiltasuna nagusi denean, herritarren artean ideia eskuindarrek hartzen dute indarra. Lan erreforma atzera botatzea lortuko ez bagenu ere, gauza bat irabazi dugu: egun jendearen diskurtsoa aurrerakoia dela, ez atzerakoia musulman eta emakumeen kontrakoa. Eta egun frantziarren %80ak ez duela lan erreforma hori nahi”.
Hedabideak mutu eta polizia hozkaka
“Normala da hedabideek ez gutaz hitz egitea, badakigu norenak diren. Manifestazioetan poliziaren errepresio gogorra jasotzen ari gara. Frantzian hori berria da, orain arte ez zen hain gogorra izan. Bada erasoen ondorioz koma egoeran dagoen jenderik ere. Gure demokrazian oso barneratuta dugu manifestazioak eskubide demokratikoa direla, eta errepresioak herritarrengan aurkakotasuna sortzen du, baina baita beldurra ere. Duela 15 egun manifestazio bat egin genuen umeekin, baina errepresio latza jaso genuen, herritarrei beldurra sartzeko. Sei hilabete dira emergentzia egoeran gaudela, atentatuak direla eta. Hamabost kilometroko ilara zegoen mugan, hona etorri naizenean.
Agintariek ere hitzez eraso gaituzte. Eraso gintuen lehen pertsonak esan zuen espazio publikoak pribatizatzen ari ginela. Nork eta Parisko alkateak aurpegiratu zigun hori! Bigarren erasotzaileak, burugabeak garela esan zigun: Sarkozyk. Hirugarrenak, iluso eta kanuto erretzaileak garela: Le Penek”.
Herritarrak alde
“Ez da jende asko gure aurka denik. Garraioen greban ere, herritarrentzat oso deserosoa izanik, herritarrek ez dute gure aurka hitz egiten, ulertzen dute denon lan baldintzak defendatzeko greba bat dela.
Berriro hasi dira gure aurkako diskurtsoekin, uholdeek kalte handiak ekarri dituztela, eta esaten digute grebak gelditu behar ditugula jendeari laguntzeko. Baina horrek ere ez du balio izan herritarrak engainatzeko, uholdeak erasandako herritarrak lan erreformak ere erasotzen dituelako”.
Grebak sektoreka, ez greba orokorra
“Sektore bakoitzak bere asanblada egiten du eta gauero bozkatzen du ea grebarekin jarraituko duen. Duela lau egun garbitasunekoak hasi dira, zabor biltzaileak. Geldiarazten ari gara Marseillako erraustegia ere. Trenbideetakoa duela zortzi egun abiatu zen. Garraio publikoaren grebak (metroak) hiru egun iraun ditu. Osasun komisio bat ere sortu da eta ospitaleetan greba egiten hasi dira. Udaletxeetan ere bai. Bakoitzak bere eremuan erabakitzen du, ez da greba orokor eta bateratu bat deitu. Sektore bakoitzak bere erritmoa du, eta bakoitzak bestea errespetatzen du, batzuetan grebak gelditu egiten dira eta handik bolada batera berriz grebara itzuli…”.
Nuklearrak greban
“Manuel Vallsen hitzaldi batean argindarra moztu genuen eta ez zuen mitinik ematerik izan. Argindarra mozten diogu puntualki patronalaren buruari ere. Eta argindarra ahalik tarifarik txikienarekin helarazten diegu etxerik pobreenei. Zentral nuklearretako grebarekin, argindar sorkuntza gutxitu egin da eta borrokan segitzeko ilusio handia ematen du. Zentral nuklearrak kontrolatuta daude, noski, ezin dira erabat geratu. Baina argindar banaketa gutxitu egin dugu”.
Eurokopan zer?
“Eurokopa izorratzera joango gara. Azalduko dugu ekitaldi horrek ere multinazionalak indartzen dituela. Jendeak oso ongi ulertzen du, futbolzale fanatiko gutxi batzuek salbu”.
Ez gara artaldea: Merkatal zentro handien aurreko ekintza
2016-06-09 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Ekainaren 8 goiza lanean eman zuten, Bulebarrean edozein material atera orduko udaltzainak kentzera etorri bazitzaizkien ere. Arratsalderako, ordea, ardi jantziak ekarri zituzten denentzat, eta zakur jantziak %1 horrentzat.
Hauek soinean eta trikitilariek bidea zabaltzen zutela, Bretxako merkatal zentrora zuzendu zen artaldea. Mc Donald’s parean aker kiratsa zabaldu zen eta merkatal zentro barrua zintzarri eta meeeee! hotsez bete zen. Kanpoaldean, berriz, artzain txakur lehiaketa egin zuten: artzainak pankarten azpitik pasa arazi zuen %99a zen artaldea, zakurrek behartuta.
Hauxe da harrituta begira geratzen ziren herritarrei zabaldu zitzaien mezua:
EZ IZAN BORREGO, IZAN BURUJABE!
Merkatal zentro handiek kontsumitzaile masa handiak jasotzen dituzten bitartean, komertzio txikiek geroz eta jarduera gutxiago dute. Dirudun handiek kapitala metatzen duten bitartean, saltzaile txikiek ez dute hilabete amaierara iristeko. Merkatal zentro handiek harreman kapitalista inpertsonalak eta hotzak ezartzen dituzte, eta herri harremanak apurtzen dituzte, herri saretua kontsumo masa alienatu bilakatzen dute.
Tokian tokiko elikadura desagertzea dakarte; logika kapitalisten ondorioz, dirudunen poltsikoarentzat merkeagoa da Txinako arroza saltzea Ebrokoa baino. Alta, nekazaritza industria basatiak eta ekoizpen sistema kutsatzaileak behar dira horretarako: batzuen aberasteak munduaren hondamena dakar.
Gorputz eredu ezinezkoak inposatzen zaizkigu; gure gorputzak objektu desiratu ezinezko bilakatzen dira, gure gorputzaren suntsitzea dakarren objektu desiratua.
Bizimodu eta gizarte eredu hutsalak ezartzen dituzte. Etxetik edo lanetik irteterakoan, aisian, gune publikoan, kontsumoa da gure eginbeharra, eta are gehiago, gure nahia, gure bizitza. Hori da gure aisialdi mota bakarra: berehalako kontsumoa, erosi eta kontsumitu, eta gero lan egin, berriz ere erosi eta kontsumitzeko.
Hori gutxi balitz, gu geu gara kontsumismo guzti hori ekoizten duen esklabo taldea. Guk geuk lotzen ditugu esklabotza baldintzak, bai hemen, eta are gehiago munduan zehar; gure lan indarra salduz, eskubide urraketa masiboen dinamikan, ostera kontsumituko duguna ekoizten dugu gure jabeak aberastu daitezen.
Beraz, izan gaitezen burujabe, irabazteko dena dugu eta.
Zutitu gurekin batera!
Gipuzkoa zutik!
Goliat Demokraziaren kontra
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Gipuzkoa Zutik ekimenaren oihal ertzean eserita dagoenak, sandaliak oinetan, Goliaten oldarraldia sentitzen du, poliziak (udalekoak zein erkidegokoak izan) erasora etortzen ikusten dituenean.
Betiko Goliat, lehen egunetan ezikusia egiten duena, eta hurrengoan, elkar-hizketan jakin ez eta indar zakarrez adierazten dena.
Burmuin publiko-pribatuko Goliat (zein enpresari, alderdiko gizon, udal-aldundi-Jaurlaritzako sailburu ote daude su hartua izango duen stablishmentaren waxap talde horretan?).
Beso blindatuak primeran koordinatzen dituen Goliat, bere telebista pribatutzat darabilen ETBko kazetariak iritsi eta x minutura hasten baitu liskarra bere eskuin beso poliziak: ETBko kamerei zer irudi erakutsi eta zein ezkutatu primeran kudeatzen du eszena poliziak, eta kazetariak “plazako zorritsuen alde edo kontra?” tertulia zozoetan nahasten du herritarren iritzia, orotariko iritziak (bost axola datuak, zertarako exijitu errealitatearekin doitzeko adierazpenak?) elkarrekin nahastea bailitzan “aniztasuna”. Kazetariak ez balu bezala inongo ardurarik bera ikusten duten herritarrei prekarizatzen ari zaien bizitzari buruzko zergatiez informatzeko. Ondorioa, Goliaten ametsa: Goliatek egiten duena egiten duela, herritarrek “ze katramila. Denak berdinak dira, total, ez dago ezer gure esku!” pertzibitzea. Gipuzkoa Zutik = poliziarekin liskarrak irudikatzea.
Goliat uraren kontra borrokan
Tematu da Goliat herritarrei plaza pribatua dela errepikatzen. Lo egin daitekeela garesti ordainduta, baina ez denon plaza lotarako erabili. Jan daitekeela terrazetan ordainduta, baina ez denon artean prestatutako bazkaria bada. “Herritarren parte-hartzea”z hizketan korritu egiten dela, baina beti ere Kultur Hiriburutzako egitarauaren barruan, eta aurrez mugatutako ordu eta espazioetan denean. Kalean egiten den kultura teknikari batek aurreprogramatua eta diru-truk egindakoa dela, zer dabiltza traban gogoak emandakoan musu-truk ari diren horiek!
Gero eta haserreago ari da Goliat, gero eta zabarrago, ulertu ezinik zergatik ez duten parean duen mugimendua odolusten bere kolpe bortitzek: plazatik bidali zituen, material dena txikitu eta ostu, egunero kide mordoxka identifikatu… eta fisikoki xehatzen saiatu den mamua biderkatzen ari zaio, auzo eta herrietara zabalduko zaion beldur da…
Zorabiatzen du Goliat Gipuzkoa Zutiken jokamoldeak: zer eta umoretik, nola eta esku zabalik, zerekin eta hitz-ideia adierazpen beteekin. Nahi luke irristada egitera behartu, boteredunek bakarrik zilegi duten indarkeria erabiltzera erori dadila… Baina esku artetik aldegiten dio hezurdurarik gabeko mugimenduak. “Nor da arduradun! Lider bat behar du edozein antolakundek!” sekretek botatzen dituzten galdera erretorikoei oihartzun berak erantzuten die beti “denok gara erantzule! Ardura kolektiboa da!”.
Demokrazia zuzena al da hustu nahi duzuena, Olano eta Goia?
Gajoa Goliat. Hirugarren goizez errepikatu nahi zuen kameren aurreko borroka. Eta Bulebarrera iristean biribil txiki anitzetan eseritako herritarrak aurkitu ditu. “Kanpamendu” izendatzeko moduko trasteen arrastorik ez (jasoak izango zituzten).
Gipuzkoa Zutik apaingarririk gabe, beti bezain eder ageri da plazan: asanbladan biltzen diren herritarrak, bestelako bizitza eredu bat elkarrekin praktikan jartzen dutenak, egungo ereduak %99 zanpatzen duela seinalatzeko lana ere eginez.
Dar-dar egin du Goliatek gaur. Bihar, bera ere estalkirik gabe atera edo ez pentsatzen ariko da uneon: bai, hustuko dugu demokrazia zuzena plazatik? parte-hartzea denei zabalik izatea eta ordezkaritzarik gabe hitza hartu eta erabakitzea, praktika hori bidaliko dugu plazatik? Diktadura garaikoak diruditen kopuru bidezko arauekin mugatuko? Zer lege edo argudiorekin makillatu daiteke, bertako herritarrek eta nazioarteko hainbatek M15, Parisko Nuitdebout eta abarrekin parekatzen duten mugimendua, PPk bere garaian baino bortitzago desmantelatzea, Bakea eta Bizikidetza ikur nahi dituen Kultur Hiriburutzan?
Nola lagundu Gipuzkoa Zutik?
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // 2 iruzkin
Galdera hori plazaratzen du herritar askok. Artikulu honetan, laguntza emateko herritarrek egin dituzten ekintzak zerrendatuko ditugu (adibide gehiago duenak idatzi, eta gustura gehituko ditugu):
– Plazan egonda, presentziarekin. Milaka herritarrek parte izate horrekin eutsi diote mugimenduari bizirik. Bertan egun batez arreta jartzea nahikoa da, jabetzeko herritar bakoitzak bere ahal eta nahien arabera ematen duela bertan denbora (pasaeran, pare bat orduz, arratsaldez edo goizez, otorduak elkarrekin partekatuz, gaua bertan emanaz…). 11 egunean eta milaka lagun pasa direnean, sarri entzun dut “ni ez naiz egongo”, aldiz, bueltan inoiz ez dut entzun “zergatik?” azalpenik eskatzen. Ematen den denbora eskertzen den eta eman ezin dena errespetatzen denaren seinale.
– Ekintzak proposatu eta egitea, horra herritar askok laguntzeko darabilen modua: Kantatu edo kontzertu bat lotu, pankartak egin, asanbladan hitza hartu, argazki-bideo-kartelak egin, arratsalderoko ekintza kolektiboan parte hartu, hitzaldi bat eskaini edo lotu, gauetan zaintza txanda bat bete, informazio gunean txandak bete, asanbladan itzultzaile lanak egiteko bolondres aurkeztu, otorduak prestatzeko sukaldarien taldean lagundu, dinamizazio taldean parte hartu… NORI KOMUNIKATU HALAKO LAGUNTZA BAT EMATEKO PREST ZAUDELA? Lehenik, informazio gunera jo dezakezu. Ondoren, pazientzia, batari eta besteari galdetuz aurkituko duzu bideratzeko modua.
– Norberak eskura dituen materialak emanaz. Asko dira esku artean zerbait dakartela inguratzen diren herritarrak: jakiak eta edariak ekarriz, prestatutako otorduak ekarriz, maskarillak ekarriz (ekintza denetan erabiltzen baitira, ikusgarritasuna emateko), pankartak egiteko oihal-plastiko-pinturak ekarriz, toldoak ekarriz, jostailuak ekarriz, liburu-diska-prentsa ekarriz, lozaku-denda-esterilla-mantak utziz… – Ekarpen ekonomikoa eginaz. Gipuzkoa Zutiken ez da ezer saltzen. “Borondatea” dioen ontzian egiten du bakoitzak ahal duen ekarpena. Berdin bertan bazkaldu, afaldu edo zerbait hartzen denean ere. Hainbeste identifikazioren ondorioz isunak etor daitezkeen beldur, Gipuzkoa Zutikek kontu korrontea ireki du, zigor eta isunei kolektiboki erantzuteko. Hauxe da zenbakia (Laborala): ES52 3035 0075 41 0750057088.
– Oihartzuna emanaz. Bada pintxo potea maskarillarekin egiten duenik eta artikuluak idazten dituenik. Nork bere harreman sareetan eta sare sozialetan informazioa eta deialdiak zabaltzen dituztenak milaka dira. Sare sozialetan erlazionaturiko kantu bat proposatzen dutenak ere dozenaka dira.
– Borrokak bateratuz. Kolektibo batzuek bertan egin dituzte bere bilerak, eta bere mobilizazioak Gipuzkoa Zutikera eraman dituzte (errepideetako langileek, Duintasuna pentsionista elkarteak, ELAren prekarietatearen trena…). Egitarauari erreparatuta, hurrengo egunetan agenden bateratzea areagotu egingo dela dirudi (Piraten Kantauri Beltza Topaketak, Belartzan Eguzki taldeak egingo duen kontzentrazioa…).
– Umeak ere bizikidetzaren parte aktibo eginez. Umeek seinalatzen dute normaltasuna, heldu batek on eta egokitzat duenaren neurria dira. Umeekin esperientzia partekatzeak adierazten du ondorengoei transmititu nahi dizkiogula bere balioak, hezigarritzat dugula dinamika, eta haurrak subjektu aktibotzat ditugula. Aurreko asteburuan haurrekin parte hartzeko deia egin zuten hainbat gurasok.
– Auzo eta herrietara zabalduz. Lehen asanbladan atera zen gaia, Donostiara joatea baino errazago eta eraginkorrago izan daitekeela bakoitzak bere herrian lan egitea. Oraingoz, herrietako pankartak, Donostiako asanbladara herriko denak elkarrekin joateko deialdiak eta Donostiara otorduak eramatea da herrietan antolatu izan dena. Hurrengo egunetako egitaraua ikusita (ostegunean pintxo-potea auzoz auzo, eta ostiralean auzoetatik zutabeak ateratzea Aldundia inguratzeko), pentsa daiteke Donostiako auzoetara gehiago zabalduko dela Gipuzkoa Zutik.
Gipuzkoa Zutik: Donostiako udaltzain batek emandako poza
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik! // Iruzkinik ez
Kontatu egin nahi duela esanaz etorri zaigu Gipuzkoa Zutikeko kide den emakumea, karrotxoa bete otordu dakarkiela, Bulebarrean afalduko dutenen artean banatzeko. “Hau ere idatzi behar da, denak ez direla berdinak azpimarratzeko”.
Astelehenean udaltzainak eta ertzainak material kolektiboa txikitzera eta zaborretara botatzera etorri zirenean gertatu omen zen. Bera informazio mahaian ari omen zen (lehen aldiz bazatoz, oso praktikoa egingo zaizu berau bisitatzea: hizkuntza anitzetan dihardu eta Gipuzkoa Zutiken arrazoiak azaltzen ditu, funtzionatzeko modua, edozein galderari erantzuteko adeitasuna…).
Udaltzainak Bulebarrean sartu orduko joan omen zitzaien haietako bat, zuzen, mahaira. Egoeraren larrian, informazio mahaikoek ez zutela zergatia ulertzen azaldu omen zieten, bertan egoteko argudioren bat bota, hitz egiten saiatu…
“Ezkutatu ezazue mahai hau norabait derrepente!” bota omen zien udaltzainak. Izkina batera erretiratu zuten.
Hunkituta oroitzen du Gipuzkoa Zutikeko kideak irteera bat eskaini ziola udaltzain hark. Aurrerantzean, gehiagoren jarrera horrelakoa izatea desio luke. Eta poz pozik da, funtzio garrantzitsua betetzen duen postu eta material hori mugimenduak darabilelako gaur ere.
Udalak udaltzainak bidali ditu, Gipuzkoa Zutik!ek kanpamendua berregitea lortu ez dezan
2016-06-06 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // 2 iruzkin
“Gaur guk irabazi dugu! Ez goaz etxera! Erraustegia geldituko dugu!” oihuka gelditu dira Gipuzkoa Zutik!-eko kideak, udaltzainek materiala txikituta eraman dietenean.
Goizean Gipuzkoa Plazatik bidali dituzten Gipuzkoa Zutik! mugimenduko kideek Bulebarreko kioskora eraman dituzte beren gauzak: kanpin-lozaku-esterillak, elikagai eta tresnak, pankarta-plastiko-pinturak… Bulebarreko plazan asanblada egin dute eta udaletxean egitekoa zen Donostia2016ren prentsaurreko batean ekintza egitea adostu. 10:15 aldera zurrumurrua zabaldu da Gipuzkoa Zutik!eko kideen artean: “Gaurko lehen garaipena. Donostia 2016ren ekitaldia bertan behera utzi dute!”.
Ondoren bigarren asanblada egin dute, arratsaldeko mobilizazioari forma emateko: bertan adostu da helburua aurreko astean bezala, Gipuzkoa Plazara itzultzea izango dela. Eta gaurko aurreikusita zuten egitarauari eutsiko diotela, “guk gure dinamika eraman behar dugu, ez Ertzaintzak markatutako agendari erantzun”. Hauek dira, beraz, astelehenerako hitzorduak:
Asteleheneko egitaraua
– 12:00etan Duintasuna Pentsionisten elkarteko kideekin borroken uztartzea.
– 17:00etan Telefonicako langileen prekarietatearen kontra egin zuten Correscales lasterketa herrikoiaren antolatzaileetako bat den Alberten hitzaldia.
– 18:00etan Bulebarretik irtenda, Donostiako kaian bainua, kalearen pribatizazioaren beste adibide bat baita bertan bainua ukatu nahi duela udalak.
– 19:00etan Bulebarrean asanblada.
– Jarraian, mobilizazio baketsua, asanbladan adostuko dena.
“Ezin gaituzte kaletik bota”
Esaldi eta hitz ezberdinekin, asanbladan hitz egin da gaur gizarteratu nahi duten ideia honakoa dela: “Kalea herritar denona da”. “Kalea ez da alkatearena”. “Zergatik ezin dugu kalean nahi duguna egin, errespetuz ari bagara?”. “Ez dugu plaza okupatzen, erabiltzen ari gara”. “Kalean bizi diren herritarrak babesgabe uzten ditu Udalak, Gabonetan bi pertsona hil ziren”…
10:45 aldera, plastikoak zabaldu dituzte lurrean eta arratsaldeko mobilizazio baketsurako lemak asmatu eta pankartak egiteari ekin diote. “Errimatu dezala…”, “Eneko Goia kasketa harrapatutako ume modura marrazten badugu, ‘kalea nirea da!’ garrasika?”, “‘Goia aspertsoreen morroia’ zer iruditzen?”. Sormen tailerrak umorea barreiatu du. Beste kide batek informazio gunea jartzeari ekin dio, pasaeran dabiltzan herritarrei hizkuntza anitzetan azalpenak emateko. Gaurko egitaraua kartel bihurtzeari ekin diote beste kide batzuek. Sare sozialetan egitarauaren berri ematen hasi dira.
ETB eta Euskadi Irratiko kazetari batzuk etorri dira euren lan tresnak eskuan, goizean gertatzen ari denari buruzko azalpenak nork emango dizkien galdezka: “Orain arte hitz egin ez duenen bat, eta neska bada hobe…”; lagundu die kide batek hizlaria topatzen. Aurkezleak galdetu du: “Zergatik bota zaitzakete Gipuzkoa Plazatik eta hemendik ez?”; “Oso galdera ona, galdetu beraiei! Ea zer zentzu duten arau horiek…”, gonbidatu du herritar batek kazetaria galdera agintariei zuzentzera.
12:00etan: borroken uztartzea
Udaltzainak datozela alarma jo du hainbat kidek kiosko gainetik. Denak gora igo dira eta eskura izan duten materiala ere eurekin igo dute, udaltzainak materiala kentzera datozen errezeloz. Gipuzkoa Zutik!eko kideak kioskoaren eskaileretan eseri dira, udaltzainei sarrera eragozteko. Udaltzainak kioskoaren kanpotik hasi dira zintzilik dauden pankartei tiraka, eta hautsita daramatzate.
Plazan oihu ugari entzuten da: Duintasuna pentsio duinen aldeko jubilatuen elkartea espero bezala iritsi da, euren pankartak eskuan, Gipuzkoa Zutik!ekin bateratzera, eta liskar honekin topo eginda, babesa adierazi diete Bulebar kiosko barruko gazteei. “Ez, ez, ez, errausketarik ez! Bai, bai, bai, osasuna bai!” oihukatu dute. Kioskoko gazteek “Guztiontzako pentsio duinak!” oihuka erantzun diete kiosko barrutik, babesa eskertzeko asmoz.
Amona xahar txiki bat bi ertzainengana joan da zuzen, eta eskubiderik ez dagoela oihukatu die. Lasaitzen eta bertan mantentzen laguntzen dio Gipuzkoa Zutik!eko kidea den gazte batek.
Ertzainek segurtasun kordoia osatu dute Bulebarreko zuhaitzetik zuhaitzera prezintu gorria zabalduz. Gero eta gehiago dira hor geratzen diren herritarrak (baita turistak ere, kamera eskuan) eta hauek ere ez daude isilik “zuen seme-alabak izan zitezkeen!” errepikatzen du behin eta berriz batek.
Gipuzkoa Zutik!-eko kide bat udaltzainekin enpatizatzen. Juxtu berarekin ez du izan jarrera adeitsu bera “udaltzain(?)” batek.
Gipuzkoa Zutik! ekimeneko kideek udaltzainei mezu hauek bidali dizkiete: “Zuek ere gaixotuko zaituzte erraustegiak. 20 urte barru gogoratuko zarete egun honetaz”. “Denon onerako ari gara, batu zuek ere gure borrokara!”. “Hau ez da zuen lana!”. Izan ere, Gipuzkoa Zutik! ekimenean, aurreko egunetan aipatu izan da Donostiako udaltzainen artean iskanbila handiak dituztela: ertzainen lanak egiteko agintzen dietela, eta batzuk ez daudela horretarako prest.
Udaltzainek eskaileretako lehen lerroko kideak atera dituzte. Elkarri lotuta egon dira Gipuzkoa Zutik!eko kideak eta indarka eraman dituzte. Tentsio uneak bizi izan dira kioskotik atera dituzten pertsona hauen eta udaltzainen (lehenik) eta ertzainen (ondoren) artean. Indarkeriarik gabe, kanpaldian dagoen pertsonetako batek zorrotz hitz egin die: “Badakizue hau ez dela zuen lana!”. Kioskotik oihu hauek entzun dira: “Hau al da zuen bakea?”, “hau al da kultur kapitala?”, “alde hemendik, utzi bakean!”…
Abokatuaren oharrak
Gipuzkoa Zutik! mugimenduarentzat lanean ari den abokatua hurbildu da eta udaltzainen operatiboko mandoak esan diona jakinarazi die: “Ertzainak segurtasun kordoia egiteko bakarrik etorri dira. Eta udaltzainak pertsonalak ez diren gauzak eramatera etorri dira”. Abokatuak dioenez, galdetu egin dio operatiboko mandoari: “Beraz, jendearen kontra ez?”. “Printzipioz gauzak eramateko bakarrik”, erantzun dio. Abokatuaren hitzetan, Udala da agindua eman duena. Kronika hau idazterakoan abokatuak adierazi duenez: “Gauza pertsonalak ez dituzte eraman nahi izan (aurreko astelehenean pertsonalak ere eraman zituzten). Kolektiboak direnak bai, beraz, euren helburua kanpamendua birsortzea eragoztea izan da, dudarik gabe”.
Materiala beharrik gabe txikitu, eta kide gutxi batzuen kontra egin ere bai
Herritarren begietara, udaltzainen jokabidean ulertzeko zailena egiten dena materiala nola eraman duten izan da. Are, erraustegia ikono duen mugimenduarentzat objektu materialek balio eta funtzio anitz dituztenean. Ahal den guztia berrerabiltzen da, materiala egun osoan zaintzen, antolatuta gordetzen, partekatzen… Kioskora atzeko aldetik (eskaileretan jendea baitzegoen eserita) igo dira udaltzainak eta gauza guztiak kioskotik behera jaurtiki dituzte: platerak, kontenedorea (barruko botilak hautsi dituzte), paellera…
Hori galarazteko, Gipuzkoa Zutik!eko hainbat kidek gizakatea egin dute materialaren eta udaltzainen artean jarriz. Gainerako kideak, eskaileretatik hasi eta kiosko zentrora zabaltzen zen uhartetxo bat osatu dute lurrean eserita, erdian pankartak eta ahal zutena ezkutatzen zutela. Oihu gogor egin dute uneoro.
Bideo irudietan ikusten denez, udaltzainetako batzuek giza kateko kide batzuk indar handiz askatu dituzte katetik. Udaltzainetako batzuek ez dute batere indarkeriarik erabili, besteren batek kolperen bat edo beste eman dio katetik askatu eta makurrarazi duen gazteari.
Baina udaltzain bat nabarmendu da denen gainetik, indarkeriaren erabileran. Immobilizatzeko teknikak erabili ditu kideetako baten aurka, eta gaztea lurrean etzanda zuela eskua kioskoko barandaren kontra estutu dio, belauna lepoan sartuz (itoko zuela zirudien). Udaltzainenak bakarrik ez diren ikasgaiak jaso dituela pentsatzeko zantzuak ematen ditu gainerako udaltzainengandik hainbeste ezberdintzen den bere jokabideak.
“Vergüenza me daría, ser policía” (lotsa emango lidake polizia izateak) oihukatu dute Gipuzkoa Zutik!eko kideek kiosko barrutik (erdarazko lema bakana izan da).
Udaltzainak material baliotsua txikitu ostean, zabor kamioira botatzen.
Zabor kamioia etorri da, “garbitu” errotulua idatzita duela. Kamioira bota dituzte txikituta, herritarrentzat eguneroko bizitzari eusteko baliotsuak ziren objektuak.
“Gaur guk irabazi dugu! Ez goaz etxera!”
Misioa konplituta ikusi uste izan dutenean, ertzainek “segurtasun” kordoia kendu dute eta hauek eta udaltzainak Bulebar plazatik atera dira. Presentziarekin babesa ematen ari ziren herritar helduek azken agur mezuak eman dizkiete: “Pozik zoazte?” , “lehertuta iritsiko zarete etxera. Masaje baten premia izango duzue…” .
Txalo zaparrada jo diete Bulebarreko kioskoan eusten dioten kideei. Poza gailendu da talde trinkoaren artean, eta builaka adierazi dute: “Gaur, guk, irabazi dugu!”; “Ez goaz etxera, ez goaz etxera…”; “Erraustegia geldituko dugu!”
Amador Fernández Savaterrek Gipuzkoa Zutik! eta M15 lotu ditu
2016-06-06 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Igandean (ekainak 5ean) solasean aritu zen alfonbra berdean bildutakoekin, M15 eta Gipuzkoa Zutik! esperientziak uztartuz. Hauek dira aipatu ziren ideietako batzuk (gehiago oroitzen dituzuenek bidali, eta pozik gehituko ditugu):
Galdera gakoa: zerk sortzen du bertan parte hartzeko ilusioa?
Horixe da behin eta berriz sakontzeko eskatu ziguna. Zerk sortzen du hain giro ona? Zerk eusten zaituztete hemen? Hainbat puntu atera ziren bertaratutakoen artean:
– Ezagutu ditugun beste dinamikekin ezberdina dela: asanbladatan oinarritua, horizontalagoa… lehen asanbladan ikusi zela benetan ez zegoela planik edo definitutako helburu eta biderik, bertan erabakitzen joango ginela dena…
– Oinarrietako bat dela ez dugula ados egon beharrik, inork ez duela inor behartzen ez mugatzen, eta beraz, bakoitzak nahi duena egiteko modua duela.
– Eraginkortasuna ikusten zaiola. Lehen aldiz bizi izan dugula poliziak atzera egin eta herritarrek plaza berreskuratu zuten momentua. Nabari dela politikarien agendan eragiten dugula, min ematen diela gu hemen egoteak.
– Orain arte taldeetan bere burua identifikatua ikusten ez zuenak, ikusi duela emateko duen hori atera dezakeen espazio ireki bat, nortasun-hizkera eta gainerakoak definitu gabeak dituena. Marko zabala eskaintzen duena.
– Umorea dela nagusi ekintzetan: Markel Olanori zorionak zuri kantatu zitzaion hartan bezala, edo igandeko manifreestyle-an nagusi izan zen bezala.
– Ahaldundu egiten gaituela. Ikusten dela posible dela gauzak geldiaraztea eta gauzak beste era batera egitea.
– Eguneroko praktika txikiek esanahi handia dutela.
M15ekin “espero baino harreman handiagoa”
Halaxe bota zigun, solasaldi horren aurretik entzun zuenaren arabera, berak espero zuena baino antzekotasun handiagoak ikusten zizkiola Madrilgo Sol plazan abiatu zen M15ekin.
“Eta zer da, bada, entzuna zenuena, edo espero zenuena?” galdetu zitzaion berehala. Fernandezek azaldu zuen urteetan izan den moduan, zera identitario eta nazionalista ardatzetako bat izatea espero zuela, eta korapilo hori deslotzen eta eztabaidatzen arituko ginela. Aldiz, honakoan ez zuela hori aurkitu.
Hemen diskurtso gutxiago eta praktika gehiago
Azaldu zuen M15ean hasieratik bilatu zena diskurtsoen arteko kontsentsua zela: norberaren bizipenak eta haserrea besteren ahotan eta besteren hitzetan entzuteak elkartu zituela, horri tarte handia eskaini zitzaiola, eta erabaki denak asanbladan kontsentsuz hartu behar zirenez, ekintzetara iristea asko kostatu zela.
Denen artean azaldu zitzaion Gipuzkoa Zutik!en oinarria juxtu bestea dela: ez dugula ados egon beharrik. Ekintzak direla bertako oinarria, lehen egunetik horiek pentsatzen eta gauzatzen aritu garela, eta inori ez zaiola baimenik eskatzen horretarako. Taldeak autonomiaz aritzen direla. Izatez, ez dakigula gainerakoak zer ari diren egosten. Eta asanbladetan eta talde txikietan, gaiak oso proposamen zehatzei buruzkoak izaten direla, ez garela analisi eta diskurtso abstraktuetan aritzen.
Antolatzeko modu horrek operatibitatea ematen digula esan zuen Fernandezek.
Ikono eta hitzen garrantzia
Koloretako oihal biribila ikono bihurtu dela azaldu zen. Ikonoek asko laguntzen dutela azaldu zuen Fernandezek, eta hizkuntzak ere bai. Tailer literarioek joko handia eman dezaketela, beharrezko dela xahutu gabeko hitzak sortzea, denok ulertzeko moduko azalpen sinple baina aldi berean indartsuak (“%99 gara”, esaterako). Sare sozialetan Gipuzkoa Zutik!-en barruan literatura handia ikusi duela adierazi zuen batek. Eta larunbateko manifestazioko kantuak ere horren adibide direla.
Espazio irekien garrantzia: jendea joan-etorrian ibili dadila
“Ez dadila heroi edo ezinbesteko kiderik egon. Edo ahalik gutxien izan daitezela. Jendeak hemendik irten behar du kulparik sentitu gabe. Batzuek joan eta besteak etortzea oso onuragarria da”. Bere kideak (barkatuko ahal dit, izena ez jakiteak) azaldu zuen oradoreak izan ohi direla asanblada guztietan egon zaleak, joatea zailago egiten zaienak. Eta eguneroko bizitzari eusteko lanean aritzen direnek (otorduak prestatzen, txukunketa lanetan…) errazago uzten dutela egun batetik bestera.
Espazio irekiak sortzeari garrantzia handia eman ziotela M15en azaldu du: gunea txukun eta garbi egon zedila, erabilera ezberdinetarako atondua, lehen aldiz zetorrena eroso sentitzeko moduan adierazia… gustura elkartzeko leku bat.
Maitemindu fasean omen
Zer fasetan ikusten gaituen galdetu zitzaion. “Enamoramendu fasean”, bere erantzuna. “Gauzak berez irteten diren fasean, energia handia dagoenean, ia tira edo bultza beharrik ez dagoenean, dena ilusioa den fase eder horretan… Ondoren datozen faseak ere ederrak dira, baina mugimendua heltzen doan heinean gatazkak etortzen dira (ongi-etorriak! beharrezko baitira). Horiek gainditzeak indartzen du gehiago mugimendua”.
Arratsaldean hartu beharreko “erabaki handi”rako pistak
Gipuzkoa plazan “ez goaz etxera!” esan genuela astebete kunplitu genuen egun horretan. Abiatu aurretik inork gutxik egingo zuen apustu “astebete!”. Egunka egiten ziren kalkuluak. Beharbada horregatik, “asteburura iritsiko gara eta orduan bai jendetza izango garela!” da plazan bizitza egiten zutenen artean elikatutako ametsa. Horrek ekarri zuen berarekin “eta igandetik aurrera zer?” galdera (beti helburu argi bat izaten, hasterako bukaera pentsatzen heziak garen seinale?).
Fernándezekin izandako solasaldiaren amaieran, dilema handi horiez aritu ginen. Plaza hartu aurretik erantzun gabe genuen galdera zela: “Zein da azken helburua? Noiz arte ez goaz etxera?”, baina erantzun handirik izan gabe abiatzearen aldeko hautua egin zela, erantzunak prozesuan zehar denon artean landuko ditugulakoan. Ba ote zuen zentzurik, beraz, igandean “jarraituko dugu?” galdetzeak? Igandea ez ote zen, larunbata edo asteartea bezala, egun bat gehiago hasi besterik egin ez den mugimenduan? Maitemindu fase horretan? Lehen igandean 200 lagun batu ginen asanbladan, handik astebetera 2.000 lagun manifreestylean. Zergatik ez gara hurrengo astean beste hainbeste biderkatuko?
Komunikabiderik handiena, herritarrok gara
Hedabideez aritu ginen. Euskaldunoi iristen zaizkigula batetik ez bada bestetik horrelakoen berri, baina erdaldun elebakarrak salduta daudela mediatikoki, DV dela Gipuzkoan nagusi eta gipuzkoar gehienak jabetu ere ez direla egin Gipuzkoa Zutik! ekimenaz (ETB ez zen salbuespentzat aipatu). Beraz, irudipena izan dezakeela sare sozialetan dabilenak sekulako zurrunbiloa lortu dugula, baina dagoen hedabideen panoraman, aste bakarrean ez dagoela ekintza bat herritar denei komunikatzerik. Diagonalek artikulua atera izanak ekarri duela erdaldunen artean (bertako eta Espainiako) hesi batzuk gainditzea…
“Ez ahaztu: komunikabiderik onenak, gu gara, herritarrok” esaldia utzi zigun Fernándezek. Ahoz aho eta herritarretik herritarrera transmititzen dugun bizipoza, mugimendu honetan dugun sinismena, hori da komunikabiderik onena.
Babesik onena, bertan ez dauden herritarren sinpatia
“Zergatik ez gintuzten Sol plazatik bota? Herritarrek begi onez ikustea lortu genuelako”. Gipuzkoa Zutik!-en babesik onena horixe izango dela azaldu zigun.
Gipuzkoa Zutik!-en gertatua: Gozo-gozo, latosoa kanpora
2016-06-06 // Feminismoa, Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Larunbata goiza ekintza batekin hasi zen, plazan egotea bera ekintza bat den Gipuzkoa Zutik!-en.
Larunbata, ekainak 4, goizeko 7:30ak. Bi lagun (bata umea) esnatu eta Gipuzkoa Plazako kafetegietako batera sartu dira gosaltzera. Tripa ederki betetzeko moduko gozoak eskatu eta mahaian jarri dira. Beste emakume heldu bat ari da gosaltzen haragoko mahaian, eta gizon heldu bat zerbait eskatzen ari zaio dendariari.
Zerbaitek arreta deitzen du. Luze ari zaio eskean, erdi xuxurlan, seduktore izan nahi duten jarrera pastelekin… Dendariak haizea hartzera bidaltzen du esaldi ezberdinekin, tonua altxa gabe beti ere, bezerook “deseroso” sentitu ez gaitezen.
Joan da noizbait gizona.
– Zer? Lata? – galdetu dio Gipuzkoa Zutik!-en gaua pasatua duenak.
– Buf… bai… egunero etortzen da…
– Eta? Hemen bukatzen da, edo segi egingo du?
– Gero berriz etorriko dela esan du…
– mmm… zerbait egin beharko da, ez? Jada gauza batzuk onartzen jarraitzea ere…
Bost minutura itzuli da Osbornea. Ekin berriz ere zerbitzatzen ez dena eskatzeari.
– Bera da? – ziurtatu nahi izan du Gipuzkoa Zutik!-ekoak, hankarik ez sartzeko.
Saltzaileak buruarekin baietz.
– Oraintxe gatoz.
Lo-zakuetan esnatu berri daudenei azaldu diete egoera. Berehala osatu da neska-mutil koadrila. Zintzarria hartu du batek, eta hor doaz, “tolon… tolon… tolon…” pausatuki joaz, zuzen, kafetegira.
Gizon gazteek inguratu dute gizon zaharra. Denok isilik, latosoaren bizkarrean entzuten den “tolon… tolon… tolon…” zintzarria salbu. Begirada zorrotzez inguratu dugu. Gizonak halako giro deseroso eta tentso bat nabaritu du, berez ezer gertatzen ez denez, ezin du, ordea, horri buruzko ezer esan… Isil isilik atera da. “Orain berarekin hitz egingo dugu kanpoan, hemen zaratarik ez sortzeko” esanaz agurtu dute dendaria.
Kalera irtenda hiru mutil gaztek eman diote mezua, esplizitoki: “Dendari honek esan digu egunero etortzen zarela eta ez duzula bakean uzten. Esan dizu ezetz, ezta? bada orduan nahikoa da! Hau abisu bat da, ulertu duzu?”. “Bai…” bat esan eta alde egin du gizonkoteak.
Gipuzkoa plazako parkera bidean, hantxe daude bi ertzain, Gipuzkoa Zutik!-en pareko erreleboa betetzen, egun osoan egiten duten moduan. “Nor zaintzen? Norengandik?” galdetu dezakete, 20 metrora egunero gertatzen zen erasoa geldiarazten saiatu direnek.
Gipuzkoa Zutik! Asteburuan umeekin joateko deia egin dute hainbat gurasok
2016-06-02 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Hauxe da zabaldu duten mezua, espiritua azalduz:
Umeekin parte hartuko dugu Gipuzkoa Zutik!-en, asteburuan hasita
Ostiral arratsaldetik aurrera, hainbat gurasok adierazi dute umeekin parte hartuko dutela kanpaldian. Umeentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan daitekeelako, eta eguneroko bizitzatik ikasten delako.
Gainera, erraustegiaren ondorioak gehien jasango dituztenak izango dira, eta eguneroko errealitatearen berri izan eta hausnartzeko adin guztiak dira egokiak. Politikariek, herritar guztiak infantilak bagina bezala tratatzen gaituzten garaian, txikitatik kritikotasunean eta erabakiak hartzen hezi nahi ditugu, kolektiboki.
Gipuzkoa Zutik! mugimenduak eguneroko elkarbizitzan darabiltzan oinarriekin funtzionatu nahi dugu: auzolanean, arauak denon artean adostuz, egingo ditugun ekintzak geuk antolatuz, elikadura zaintza eta gainerakoak kolektiboki bermatuz…
Ostiralean 17:00etan egingo dugu haur eta gurasoen asanblada, asteburua elkarrekin gustura pasatzeko.
Estatuko lekurik garestienean, hondartza ondoan, guk nahi dugun bezala bizitzeko aukera! Hauek bai udalekuak!