Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Pietrasanta: zer gertatu zen Europako erraustegi “seguruena”rekin?
2016-05-10 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Rossano Ercolini-k, Zero Waste Europeko lehendakaria eta 2013ko Goldman saria jaso zuenak, Hernanin hitzaldia eman zuen maiatzaren 7an (hemen irakurgai hitzaldiaren laburpena). Bertan kontatu zuen belaunaldi berriko erraustegi “seguru”en ikurra falazia izan zela. Chiara Buratti kazetariak eman zituen xehetasunak bere blogean, 2015eko abenduko artikuluan:
Lucca probintziako Pietrasanta herrian 1974tik dute erraustegia (Falascaia deitua). Herriak 1.500 biztanle ditu eta denek izan dute gertukoren bat minbiziak jota. Erraustegiaren aurkako herritarren mobilizazioak “milaka” izan zirela dio Burattik. Eta urteak behar izan zirela herritarrek sumatzen zutena erakundeek (Herriko Osasun Unitateak eta Toskanako Ingurumen Babeserako Agentziak) onartzeko. Erraustegia itxiko zela zirudien une hartan, Ahaldun nagusiak, Vannino Chiti-k, agindu zuen erraustegi zaharraren ordez berria egiteko, juxtu zaharra zegoen eremuan. 1997an herritarrak erraustegiaren ateetan elkartu ziren, sarrera galarazteko erraustegi berria eraikitzeko prozesua abiatzera zihoazen Termomeccanica eta Consorzio Etruria enpresetako langileei. Poliziak 100 lagun eraman zituen atxilo, umeak eta aitona-amonak barne. Bideo honek bildu du momentu hura:
Erraustegi berria “hain da segurua, bizi ere egingo garela” ziurtatu zien herritarrei Enzo Papi, Termomeccanicako lehendakari ohiak. Ercolinik gogoratzen ditu politikarien eta osasun publikoa babesteko erakundeen promesak: “Herritarroi esaten ziguten Europako sistema kontrolatuena zela, dioxina isurketak etengabe neurtzen zituelako, ez urtean hiru aldiz bakarrik…”.
2003an Toskanako Ingurumen Babeserako Agentziak (TIBA) egindako azterketak erakutsi zuen erraustegiaren inguruko lurretan dioxina eta kutsatzaile kopuru handiak zeudela, legez baimendutakoa baino 12 aldiz gehiago. Beraz, udalak eta aldundiak ixteko agindua eman zuten. Baina bi aste soilik iraun zituen itzalita, TIBAren beste azterketa batek legearen barruko kopuruak erakutsi baitzituen.
Emisioak kontrolatzeko sistema manipulatua
Ercolinik hala kontatu zuen: “Hondakinak erretzen hasi eta handik bi urtera kudeaketa TEV Veolia multinazional frantziarraren esku geratu zen. Bitarte horretan, gutun anonimo bat iritsi zen epaitegira (boterea galdu zuen norbaiten bengantza izan zela uste dugu). Gutun horrek salatu zuen emisioak kontrolatzeko sisteman software bat jarri ziotela emisioak hamar aldiz gutxitzen zituena (Volkswagen autoek bezala), emaitzak baimenaren barruan egon zitezen beti”. TEV multinazionaleko exekutiboa zen Francesco Sbrana eta langilea zen Umberto Ricci izan ziren epaituak, 2012an. Fiskalarekin akordiora iritsi ziren eta 4.000 euroko isuna da bakoitzak jaso zuen zigorra. Ez zaigu zerorik ahaztu, 4.000 euro baino ez ziren izan. Herritarrentzat porrota izan zen. Baina ekarri zuen garaipenik ere: baimena urtebete eta erdira eten egingo zela erabaki baitzuten. Eta ez hori bakarrik, denbora tarte horretan ere ez zen berriro laberik piztu. Ia egunerokoak ziren herritarren mobilizazioen eraginez, erraustegia 2010ean itxi egin zen.
Baina herritarrentzat, “prozesua, benetan, 2015eko urtarrilean” bukatu zen: TEVeko lau kide (teknikariak eta zuzendaritzako kideak) epaiketetara eraman zituzten bide penaletik, 2007an erraustegiko ura araztu gabe Baccatoio ibaira botatzeagatik. Daniela Bertolucci-k (Versiliako Ingurumena Zaintzeko Elkarteko kidea) hala kontatu dio Buratti kazetariari: “Gauetan ur oso kutsatuak isurtzen zituzten ibaira. Inguruan bizi ginenok ikusten genuen urak sortzen zuen lurruna. Inork ikusiko ez zituela ziurtatutakoan egiten zuten. Baina lagun batek eta biok kamara hartu eta ezkutatu egin ginen. Lanean harrapatu genituen”. Sei hilabeteko kartzela zigorra eta bakoitzari 15.000 euroko isuna ezarri zien epaileak.
Eragin dituen minbiziak
Toskana osoan tumore kasu gehien dituen zonaldea da eta Italiako gainerako hiriekin alderatuta, minbizi kasuak hiru aldiz gehiago dira. Italiako gutxien industrializatutako inguruetako bat da baina aldiz gaixotasun hau duten pertsonen kontzentrazioa oso handia da: minbizia, leuzemia, sarkoma, linfoma ez-Hodgkin, haurren minbizia, Alzheimerra… Orain, 2003-2007 epean malformazioekin eta arnasketa arazoekin jaio ziren haurrak ari dira ikertzen.
Burattik artikulua bukatzen du herritarrek berreskuratu duten eguneroko bizitzako “luxu” bat kontatuz, egunero hori gozatzen dugun herritarroi hotzikara eragiteko moduan: “Bitartean, Pollino, Valerio eta Patrizia egunero goiz jaikitzen dira lanera joateko. Noizean behin begirada jasotzen dute, zerura. Oraindik ezin dute sinetsi urdin bihurtu denik”.
Historia kontatuta cortocircuito webgunean.
Kasuaren aipamen laburra Beppe Grilloren blogeko post honetan.
Sententziaren xehetasun denak kontatu ditu Daniela Francesconik Lucca in Diretta webgunean.
Rossano Ercolini: “Ez dago hondakinik, materia baliotsuak baizik”
2016-05-09 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Rossano Ercolini garaipen zeinua egiten, maiatzaren 8an Donostiako erraustegia egin nahi duten orubera bisitan.
Irakaslea da Rossano Ercolini, eta ideia nagusi hau helarazi zigun herritar eta politikariei, zabor poltsa ireki eta begiratzeko umeen begiekin: “Etorkizuna ikusiko dugu horrela. Umeentzat etorkizuna oso luzea da, beste 80 urtez biziko direlako; umeena da etorkizunaren ikuspegia. Politikariak: begiratu umeen begiradarekin, eta horrela ikusiko dituzue zuen erabakiek dakartzaten ondorioak etorkizunean. Egun politikariek hurrengo bost urteetara bakarrik begiratzen dute. Pentsatu behar dugu zer gertatuko den 30 urtera, erraustegia egiten badugu edo aldiz, atez-atekoa jartzen badugu martxan. Politikak gai izan behar du etorkizuna aurreikusteko, bestela politika desastre bat da”.
Donostian egingo den erraustegi proiektuaz, sendo mintzatu da: “Ez utzi eraikitzen. Ezkorrak izan gaitezke batzuetan, ezin dugulako aurkariaren indarrik gutxietsi, baina uste dut ez dagoela benetako baldintzarik eraikitzeko. Benetako zentzu onaren kontrako iraina izango litzateke”.
Balioa duena segundo batean zabor bihurtu?
“Ekonomia zirkularraren Europako zuzentarauak dio %75 haziko dela oinarrizko materialen beharra. Zer egingo dugu materia horiek lortzeko? Hondakinetatik atera: kobrea, altzairua, urrea, zilarra… Balio gutxiko plastikoekin 13 material egin daitezke (Europak ez dauka petroliorik! Oso garestia da plastiko birjina egitea). Horrek dakar lana ematen diogula jendeari. Birziklatzearen plan nazional bat behar da Gipuzkoan. Egun ekologia eta ekonomia elkarren eskutik doaz. Hasieran industriak esaten zigun ‘ez zaigu interesatzen’, baina ikusi dute funtzionatzen duela, adibidez, paletak egiteko, edo lorontziak, edo ur hodiak, edo fruta kaxak egiteko… Uste dut enpresen munduak benetan duela interesa materialak berreskuratzeko. Aldiz, politikariek jarraitzen dute industria zikinaren interesen atzetik.
Italiako hiri askotan zehar 115 denda daude Mercatopoli izenekoak, gauza erabiliak berriz saltzen dituztenak. Ikerketek diote gazteei gustatzen zaiela bigarren eskukoa erabiltzea, interneten ohitu direla horretara. Politikariei eskatu behar diegu ez denborarik galtzeko konponbide zaharretan, etorkizunaren kontra doazelako, baita osasunaren ikuspegitik ere.
Hondakinez ari garenean, nola eskuetatik pasatzen diren, denok gaude inplikatuta. Denok dakigu zertaz ari garen hizketan. Jendeak ulertzen du nahasten badugu organikoa gainerakoarekin, hondakin bihurtzen dela. Baina bereizten baditugu, ez da zaborra, materia baizik, baliotsua dena, lanpostuak sor ditzake eta natura zaintzen lagundu.
Cappanorin aztertzen dugu errefusa poltsa grisen barruan zer dagoen. Hiru multzo daude:
1.- Oker sailkatutako hondakinak. Zein da horren aurreko terapia? Heziketa eta laguntza ekonomikoa, ongi egiten duena saritzea.
2.- Berrerabilgarriak diren objektu eta arropak. Terapia zein den? Berrerabilpen eta konponketa zentroak.
3.- Gainerakoa. Hori ekoizlearen ardura da. Komunitateak arazoaren %80 konpontzen du, birziklatzen dugun herritarrok gure ardurari erantzuten ari gara. Baina %15, birziklatu edo konpondu ezin dena ekoizlearen arazoa da, gaizki diseinatuta dagoelako. Birdiseinatu hori, sistemaren urdailean kalte eragiten duelako, ezin duelako sistemak digeritu. Hasi lanean hemendik gutxira beste diseinu bat izan dezan. Europa mailako proiektua egin dugu, Live+ izenekoa. Badakizue zerk bultzatu duen Europako komisioa proiektu hau diruz sostengatzera? Konbentzitu dira elkarren etsaiak garenak, Italiako Zero Zabor mugimendua eta paper fabrikak, elkarrekin lanean ari garelako. Izan ere, paper industria handia dugu eta askotan egin nahi izan dituzte papergileek erraustegiak, paperaren bilketan aurkitzen diren materia ez puruak (plastikoak) erretzeko”.
Erraustegia edo atez-atekoa
“Ni Donostiako politikaria banintz, nire buruari galdetuko nioke: zer gertatuko da errauskailua eraikitzen badut? 30 urtez elikatu beharko dut, eta Hernanin eta atez atekoa martxan duten gainerako herrietan ez badituzte biltzen behar diren hondakinak, urrunagotik ekarri beharko ditut. Alemanian horixe gertatzen da, bost milioi tona hondakin inportatzen dituzte Britainia Handitik, eta Britainia Handiak ez du nahi erraustegirik. Napolik ere ia debalde bidaltzen ditu Rotterdamera.
Politikariek erabiltzen dituzten argudioak beti berak dira: ‘nik Vienak bezala egin nahi dut, haiek erraustegia hiriaren erdian dute’. Bale, baina esan ezazu Vienan gaikako bilketa %42 dutela. Danimarkan hondakinen %70 errausten dute, eta martxan jarri dute lege bat pixkanaka erraustegiak ixteko.
Politikaria banintz, galdetuko nuke: zein da eredurik onena Donostiarentzat? Ljubljanakoa? 300.000 biztanleko Ljubljanan erraustegia erabiltzea proposatu zitzaien baina Zero Zabor izatea aukeratu zuten. Ljubljana Green Capital da, 100 kilometrora dago Vienatik, eta ez dute esan ‘Vienak bezala egin nahi dut!’. Haiek esan dute ‘ez dugu nahi errausketarik, Zero Zabor izan nahi dugu’.
Zero Zabor aukera bat da aurpegi on bat bilatzeko modernitateari. Modernitatea ez dago lotuta makinarekin, konponbidea ez dator azken belaunaldiko errausketa modeloarekin. Beste era batera egin badaitezke gauzak, zergatik ez kopiatu Hernani? Italian atez atekoaren aldeko herritarrei terrorista deitzen diete, baina gero dirua herritar terroristen patrikatik ateratzen dute. Ongi badoa haiek irabaziko dute, gaizki ateratzen bada herritarrek ordainduko dituzte galerak. Diruaz ari garenean, egon behar du prozesu parte-hartzaile horizontal batek, erabakia hartu baino lehenago. Erraustegiak ez du atzera bueltarik. Zergatik hautatu hori, garestia baldin bada eta hondakinak inportatu behar baldin baditu? Beste era batera egin badaitezke gauzak, zergatik jarri arriskuan etorkizuneko belaunaldien bizitza?”.
Publikotik galdetu diote ea atez atekoa ez den beste gaikako bilketarik ezagutzen duen: “Italian estatistikak esaten digu gaikako bilketa egiteko modurik onena atez-atekoa dela. Gerta daiteke hamar-hamabost urtera hurbiltasun sistemek funtzionatzea, herritarrak ohitu direnean, ohartzean ez dagoela hondakinik, baliabide baliotsuak baizik. Austriako zenbait lekutan badituzte halako irla ekologiko edo ekogune batzuk: ez dago zaborrontzirik kaleetan, ekogune horiek zainduta egoten dira, eta zenbat zabor ekarri, hainbat ordaindu behar duzu. Ordenon probintzian txartel elektronikodun edukiontziekin hasi ziren baina sistema aldatu behar izan zuten eta atez-atekoa hartu dutenetik gehien birziklatzen duen bigarren eskualdea da. Florentzian zonalde batean edukiontzi txipdunen sistema hori erabiltzen dute, baina bilketa oso zikina da.
Atez atekoaren indarra da herritarra sentsibilizatuta dagoela. Esaten ziguten ‘herritarren askatasuna ukatzen diguzue’, herritarren askatasuna edukiontzietan balego bezala! Umeen begiekin begiratu behar dugu eta ulertzean zaborrak ez direla zabor, materia baliotsu baizik, gauzak aldatzen dira. Errepidean arautzen denean 120 kilometro orduko abiaduran ezin dudala joan, umeak hiltzeko arriskua dudalako, ez naiz inoren askatasuna mugatzen ari.
Politikariek kontuan izan behar dute gure planetaren zaindariak direla, ez jabeak. Datozen belaunaldien zaindariak gara. Zer arazo dago atez atekoa jartzeko? Bildu dezakegu atez-ate organikoarena bakarrik eta gainerakoa garbiguneetan, baina kutsatzen duenak ordainduz”.
Borrokaren poza
Cappanoriko borrokaren bilakaera azaldu du, umore handiz: “Hasiera hartan, herritarren babesa genuen baina ez mundu zientifikoarena. New Yorkeko kimikari irakasle bat ekarri genuen eta 1996ko urtarrilean topaketa egin genuen Luccako gobernuaren jauregian: etorri ziren politikariak, irakasleak, aktibista asko, herritarrak, prentsa… arrakasta handia izan zuen. Amaieran festa antolatu genuen herriko auzo batean: Energia handia zegoen, 50 aktibista ginen elkarturik, ulertua genuenak bide onetik gindoazela, misio eta helburu bat genuela. Gurea garaileen historia da. Amore eman bagenu, Cappanorin erraustegia egin balute, inor ez zen arduratuko Cappanoriz. Herrian jendea oso harro dago, gaiak pasioa sortzen du, eta jakintza kolektiboa ere bai. Eta orain aditurik garrantzitsuenak gure alde daude!
Luccako probintzian (Toscana) zazpi erraustegi ixtea lortu dugu: bi hiri hondakinetarako eta bost industria hondakinetarako. Hasieran esaten ziguten ezetzaren alde besterik ez genuela egiten, baina ezetz esan behar genion erraustegiari, 30 urtez nahi ez genuen etorkizun batera bideratuko gintuelako. Hasieratik esan dugu baietz, beste bide hau nahi dugula hondakinen arazoa konpontzeko. Hasieran alkateari bilera eskatzean ez zuen inoiz denborarik gurekin biltzeko, ez ginen inportanteak beraientzat. Obamarekin egon eta gero harrotasun pixka bat sentitu dut, alkateak baitira orain nirekin egoteko ilaran egon behar dutenak. 2013an Goldman saria eman zidatenean ‘heroia’ nintzela esan zidaten. Ez exajeratzeko eskatu nien, eta eurek erantzun ‘bai, zu heroia zara, frogatu duzu pertsona arruntek gauza handiak egin ditzaketela’. Askotan pentsatzen dugu kaleko jende arruntak ez dugula ezer pintatzen, boterea dutenek erabakitzen dutela dena. Baina ez, gu oso inportanteak gara, pertsonok egiten dugu diferentzia. Etxean gelditzen bagara alferrik da. Erakutsi digute zinikoak izaten, baina zibikoak izan behar dugu.
Harako hark zioen moduan, hasieran baztertuko zaituzte, gero kriminalizatu, zoaz aurrera eta irabaziko duzu, mundu osoa egongo da zurekin. Italian 30 erraustegi ixtea lortu dugu eta estatistikak dio biztanleria aurka dagoenean, ez direla eraikitzen.
Aktibistak bakarrik sentitu ohi gara baina ez da hala, komunitate handia gara, beharrezkoa da konektatzea eta esperientzia onak partekatzea. Elkarrekin izango gara indartsuagoak, esperientzia batek bestea indartzen du, arrakastak sozializatu behar ditugu. Beste herrialdeetako garaipenak gureak ere badira. Erakutsi zuen garaipena, horrela, planetaren beste herri batzuetan esango dute ‘Gora Hernani!’. Espero dut irakurtzea garaipen hori, Donostian ez dela egingo erraustegirik.
Zuhaitza bezalakoak gara, aktibistak gara sustraiak. Baina sustraiak lehortu egiten dira hostoek ez badute oxigenorik hartzen, eta horretarako zuhaitzaren adarrak dira jakintza globala. Gurea bezalako udal txiki bat iritsi gara San Frantziskoko badia baldintzatzera. Besteen praktikarik onenak hartu behar ditugu. Hernaniko auzokonposta oso praktika ona da, Poloniako udal batek martxan jarri nahi badu Hernanira etor daiteke, esperientzia ezagutu eta konpartitzeko. Zero Zabor ez da zenbakiekin azaltzen: ez dut sinisten zenbakietan, kontakizunaren bitartez garatzen den jakintzan sinisten dut.
Aktibistok urte askoan entzun dugu bisionario ergel batzuk garela. Baina komunitatearen bilakaerak arrazoia ematen digu, egun %80 birziklatzen da. Hasieran Italian 24 Zero Zabor herri bakarrik zeuden, egun 226 dira. Europan 350-400 bitartean dira. Egin dezagun apustu politikariekin: hamar urte barru mundua gure norabidean joango dela. Gurea ez da borroka zibiko bat etorkizunera begira dagoena, egunez egun ekintza zehatzak egiteko gai dena baizik. Hau iraultza kultural bat da, eta iraultza kultural bat ez da gelditzen”.
Atez-atekoa: hobekuntzak elkarri ikasiz
“Sei urtera nator berriz Hernanira, eta gauza asko aldatura ikusi ditut herrian. Gauzetako batzuk nire udalerritik kopiatu dituzue, eta gure herritarrak oso harro daude horregatik. Baina oso pozik ikusten dut gu baino hobeto ari zaretela: aldaketak sartu dituzuelako, eta nik kopiatu nahi dizkizuet, esaterako, konpost kutxak. Herritarrek konposta egitea askoz hobea da. Atez atekoak funtzionatzen badu da jendea ados dagoelako. Beti dago herritarren bat ohitura txarrak dituena baina biztanleen %98k gizalege handiz jokatzen du eta horrek izan behar luke albiste, baina beti ateratzen dute medioetan %2 hori, gaizki bereizitako zaborren argazkia”.
Maiatzaren 14an Florentzian, 29an Donostian, 30ean Parisen
“Datorren larunbatean manifestazio handi bat egingo dugu Florentzian, ‘errausketari ez’ dioten amek eta Zero Zabor Italiak antolatuta. Hainbat talderen babesa lortu dugu, baita Australia, Filipinak, Alemania, Ingalaterra, Espainia, Frantzia… zuzeneko emanaldia egingo dugu Facebook bidez.
Maiatzaren 29an Donostian egingo den giza katerako babes osoa ekartzen dizuet. Batzen diren eskuak indar zeinua dira, ahalduntze zeinua, indartsuak gara elkarturik gaudelako eta argudio onak ditugulako. Egin dezagun Usurbilek eta Hernanik bezala, jarrai dezagun haien bidetik, ez errausketaren bidetik. Gonbidatzen zaituztet gauza bera egitea, garrantzitsua da Europari erakustea zer gertatzen den Donostian, Europako kultur hiriburua izanik, gehiago. Politikariak urduri jartzen dira sumatzen dutenean beste begi batzuk daudela begira. Sare sozialek mundu osoko begiak erakarri ditzakete eta halakoetan politikariak ez dira hain erasokorrak izaten.
Maiatzaren 30ean Parisen Zero Zaborren festa egingo dugu, eta hor bilduko gara Zero Zabor herrietako ordezkariak”.
Heziketaren argudio-tranpa.
“Umeek ez dute liburuetatik ikasten, adibideetatik baizik. Eta helduok berdin, ez gara hain ezberdinak. Pertsonok begiratzen dugu nola jokatzen dugun. Pertsonek, batez ere, ereduak, adibideak ikusten dituzte eta orduan funtzionatzen dute. Helduok izan behar dugu haurren eredu eta askotan ez gara. Ume inplikatuenari etxean esaten badiozu ‘nik nahi dudan tokian botako dut platano azala’ frustratuko da. Batzuek diote ‘orain azalduko diegu umeei nola zaindu mundua 20 urte barru, baina bitartean erraustu behar dugu’. Ez, atzo hasi behar genuen atez-ateko kudeaketarekin, eta ongi egin bitartean umeak hezten jarraitu. Saiatzen dira erabiltzen heziketaren argudioa aldaketak atzeratzeko. Eta ez. Heziketaren alde gaude, baina atzo hasi behar dugu lanean jendeari ahalik zerbitzu onena emateko”.
Plazetatik erretiroa hartu du maisuak
2016-05-03 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Erreleboa emanda utziko du plaza.
75 urte bete dituen egunean (maiatzaren 3an) iragarri du Xabier Amuriza Sarrionandiak bertsotatik erretiroa hartu duela. 1980an, txapela buruan, bertsogintza irauli eta bertso eskolak martxan jarri zituen eta geroztik etengabe aritu da bertsoz bideak urratzen. Omenaldia prestatzen ari dira bere inguruko bertsolariak, ekain amaierarako.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan eman du albistea: “Nire gazia eta gozoa gaur da. Gaur egiten ditut 75 urte eta entzule guztiei jakinarazi nahi diet, gaur hartu dudala bertsolaritza uzteko erabakia. Jendaurreko ibilera uztera noa. Gaurko egunez, 7 urte egin nituen egunean, tabernan kantatu nuen jendaurreko lehen bertsoa, aitarekin. Beste sasi bertsolari batek txapela pasa zuen eta garai hartarako dirutza batu zuen. Geroztik, hemen gaude. Gaur amaitu dut ibilbide hori”. Azken hiru saioak aipatu ditu, ingurukoek azkenak izango zirela jakinik antolatu dituztenak: apirilaren 22an Legazpin; Bilboko San Anton plaza atzeko tabernetan; eta gehien “hunkitu” duena, apirilaren 29an Altzon.
Apirilak 29an Altzon egin zuen hura, “azken” jendaurreko bertso-afaria, alaba Mirenekin egin zuen. Erreleboa emanda utziko du, beraz, plaza. (bertsoa.com-en dago ikusgai Altzon egindako elkarrizketa eta kantatu zuen azken agurra).
Hona hemen hurrengo hilabeteetan omenaldiak iragartzen dituen kartela:
Bere ibilbidea errepasatzeko modu atsegina izan daiteke kontalari aparta ere badenaren hitzak irakurtzea, 2004an egin genion elkarrizketa honetan: “Plaza bat harrapatzen duena da bertsolaria“.
Kartzelan ernetako bertsogintza berria
1965ean apaiz egin zen, eta 1968tik aurrera, Francoren diktadura garaian, zazpi urte egin zituen preso, hiru espetxealditan (1976an Elixabete Garmendiak egindako elkarrizketan kontatzen du xehe) (Urko Apaolazak 2009an batu zituen 40 urte lehenago Gotzaindegian gose greba burutu zutenak). 1976an utzi zuen apaizgintza eta bertso ibilbideari ekin zion. Bi aldiz izan da Euskal Herriko bertsolari txapelduna: 1980 eta 1982an. Bertsozale Elkarteko Datu Baseak aitortzen duenez: “1980ko txapelketan, berritasun handia ekarri zion bertsogintzari. Haren hizkera, irudi eta metafora-mundua eta, oro har, bertsoak egituratzeko modua bereziak ziren, ordu artekoak ez bezalakoak. Neurri eta doinuetan ere berrikuntza handiak ekarri zituen: estrofa eta doinu asko sortu zituen, ordu artekoetatik oso desberdinak. Amurizarekin, bertsolaritza beste aro batean sartu zen”. Atzetik etorri diren puntako hainbat bertsolarik aitortu dute Amurizak eurengan izandako eragina (hemen Andoni Egañak kontatu zuen “bizitzaren pasartea“).
Plazan bezala eskolan maisu
Bertsolari jaio egiten zela esaten zen garai hartan (80ko hamarkadan) Amurizak “Hori bada baldintza, zuek jada betetzen duzue! jaio zarete!” egiten zuen aldarri, ondoren, bertsotan ikasi egiten zela azaltzeko. Bertso eskola asko Xabier Amurizak emandako ikastaro horietatik sortu ziren (webgune honetan duzue bertso eskolen sorreraren berri). Horietan lehena Santutxuko bertsolari eskola izan zen. Txapeldunak bertsolaritzari buruzko ikastaroa eman zuen Bilbon, egun Euskal Museoa den lekuan. Amurizak berak aitortzen duenez, talde hau izan ziren bere “esperimentutarako kuiak”: Hitzaren Kirol Nazionala eta Hiztegi errimatua idazten ari zen, eta praktikan non jarria izan zuen [Hiztegi errimatuaren berrargitalpen bat eskuetatik kenduko liokete gaur egun argitaratzaileei, bertso eskoletako ikasle oldeek. Zenbat etortzen diren galdezka!]. Ikastaroa bukatzean, Santutxuko gau eskolako kideek bertsolaritza lantzen jarraitu zuten, Joxerra Etxebarria maisu hartuta: “pentsatu genuen bertsotan egiten ikastea izan zitekeela euskara maila hobetzeko motibazioaren giltza. Amurizak ikastaroan irakatsitakoa praktikan ipini nuen Santutxuko eskolan”.
Amurizaren hitzalditik sortutako beste bertso eskola bat da Hernanikoa. Udaletxean Juanjo Uria alkate zela, udaletxeak antolatuta, Amurizak 1981eko azaroaren 11n eman zuela lehen klasea. Ikastaro horren ondoren herriko bi ikastolek bakoitzak bere eskola sortu zuen, eta helduek ere biltzen jarraitu zuten, euren kasa.
Amurizaren ikastaro gehienek ezaugarri berak zituzten: kopuruz oso handiak ziren, edade eta mota desberdineko jendea biltzen zen, bertsoa zer zen ez zekienetik bat-batean zerbait egiten zuenera. Amurizak “apoteosiko”tzat du garai hura, oso giro beroa sortzen zela du gogoan, herriz herri hainbat jende ezagutzen zuela, eta ikastaroek beti afaritan bukatzen zutela.
Txapelketetan
Bertsolari Txapelketa Nagusian Txapelduna izan zen 1980an eta 1982an eta hirugarren 1986an (ARGIAn finaleko egun hartan egin zioten elkarrizketa).
Bide urratzaile, beti
Bertsozale Elkarteko Datu Baseak dioenez, 90eko hamarkadan, plazarik plazako ibilia utzi, eta bestelako formatu batzuk lantzeko ahalegina egin zuen (gai-emailerik gabeko saioak bultzatu zituen, berak “Saio integral” deituak). Hona herriz herri eskaini izan dituen beste formatu landu eta berezi batzuk:
– Lazkao Txiki bat-bateko sorgina. Lazkao Txikiren pasarte eta bertsoekin emanaldia (1999an Joxepa Madariagak emanaldiaz eginiko kronika).
– Mende baten aldarriak XX.ean jarriak. Hautatutako bertso politiko eta sozialen bidez historian ibilbidea egiten zuten Jon Maiak eta biek.
– Harri eta herri. Arestiren poesia hautatuekin emaniko hitzaldi-errezitaldia.
Argitalpenak
Aurrez barkamenak, hain obra oparoa izanik zerbait kanpo geratuko zenaren beldur. Beste erreferentziarik duenak bidali, eta oso gustura gehituko dugu.
BERTSOLARITZA
– Hiztegi errimatua (1981, Elkar-AEK)
– Hitzaren kirol nazionala (1981, Elkar-AEK)
– Laurehun herri, mila bertso berri (1982, AEK–Elkar).
– Harri eta irri (1985, Elkar).
– Agur sagar beltzaran (2001, Bertsolari).
BIOGRAFIA
– Enaz banaz, autobiografia (1999, AEK – Bertsozale Elkartea).
– Vulkanoren atzamarrak: Rufino Arrola (2002, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea).
– Mañukorta bertsonajea (2014, Bertsozale Elkartea)
ITZULPENA
– Bai mundu berria (1971, Kriselu-Lur). Jatorrizko testuaren egilea: Aldous Huxley.
ELEBERRIA
– Hil ala bizi (lehenik, 1973, edizio klandestinoa, Larraun ezizenez, eta gero Elkar, 1983)
– Oromenderrieta (1984, Elkar).
– Emea (1985, Elkar).
– Joan ziren zikloa:
POESIA
– Menditik mundura (1977, Egilea editore).
SAIAKERA
– Zu ere bertsolari (1982, Elkar).
– Bertsolaritzaren historia (1996, Orain).
– Euskara Batuaren bigarren jaiotza. Osoa, lehiakorra, nazionala (2010, Lanku)
– Zazpi ebidentzia birjaiotzarako (2012, Lanku)
DISKOGRAFIA
– Menditik mundura (1978)
– Anje Duhalde Xabier Amurizaren kantari (1990)
– Bizkaiko kopla zaharrak (Joseba Tapiarekin elkarlanean) (1999)
– Vizcayatik… Bizkaiara (Oskorrik, Amurizaren Bizkaiko Bertsogintza liburuko bertsoz osatua) (2001)
– Betibizi (Leioako kantika korala eta Kepa Junkerarekin elkarlanean) (2010)
Xabier Amurizaren olerkiak beste hainbat kantariren abestiren letra izan dira:
– Mendian gora haritza. Imanol Larzabal, 1982
– Euskal Herrian Euskaraz. Oskorri, 1984
– Furra furra. Oskorri, 1984
– Mende lauren bat. Mikel Urdangarin, 2007
Errausketari buruzko 15 gezurri erantzuteko datuak
2016-04-25 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
“Errausketa eztabaidatzea Gipuzkoan eta Europan” jardunaldietan aditu hauek emandako datuak:
Roberto Bermejo, EHUko Ekonomia Iraunkorreko ohorezko irakaslea.
Iñigo Suberbiola Unanue, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuko familia-medikua.
Gorka Bueno, Teknologia elektronikoko EHUko irakaslea.
Ainhoa Intxaurrandieta, GHKko lehendakari ohia.
Piotr Barczak, European Enviromental Bureau-ko hondakin politikako arduraduna.
1.- “Atez atekoa = ezker abertzalea= sistema madarikatua”. Badirudi sistema hau nazioartekoagoa dela, Gipuzkoako periodico salduena ailegatzen ez den lurretan ere zabaldua. Bermejo: “Europar Batasunak 2016ko konferentzian atera zuten ondorioa izan zen formula egokiena atez atekoa dela. Formula anitzetan: adibidez, herritar bakoitzaren poltsak kode bat izanik, ongi eta gaizki nork egiten duen identifikatzeko”.
2.- “Gipuzkoan itsutu egin gara zaborrekin”. Barczakek oso bestela baloratzen du Gipuzkoako esperientzia: “Gipuzkoa orain 2 urte ezagutu nuen eta Europan noan toki denetan kontatzen dut Gipuzkoako historia. Gipuzkoa eredu da, arrakastaren historia da bertakoa. Orain esaten didate atzera egin duela Gipuzkoak 25 urte, oso tristea iruditzen zait”.
3.- “Ez dago frogatuta erraustegiak minbizia sortzen dutenik”. Frantziako Osasun taldeak ikerketa eskatu zuen eta ondorioa atera zuten erraustegiak direla dioxina eta furano iturri handienak eta baita ere dosi batetik aurrera dioxinak hilgarriak direla. 1997an Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalak frogatutzat eman zuen dioxinek minbizia sortzeko duten gaitasuna.
4.- “Erraustegi modernoek ez dute osasunean kalterik eragiten”. Suberbiola: “2004an modernoak ziren erraustegien ikerketak baditugu eta emaitzek diote minbizi tasak igo egiten direla”. Eta erraustegi modernoenek ere, istripuak izaten dituzte: “Bada informe bat dioena ia 50 istripu izan direla Europan azken 10 urtean. Suteak, leherketak… Alemanian, Frantzian, erraustegi ‘moderno’ ereduzko horietan. Zer ondorio dituzte erraustegi modernoetako istripuek osasunean? Prentsak hainbeste isiltzen duen gaia izanik, ez dago ikerketa zehatzik istripuenik. Baina datuak baditugu Italiako Sevesoko kimika fabrikarenak. Sevesoko istripuan han ziren biztanleek, 20 urte beranduago, gorputzean dioxina kopuru handiagoa izaten jarraitzen dute beste herritarrek baino, eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Ebidentea da istripuetan liberatzen diren dioxinak ezin direla kontrolatu, eta osasunean eragin zuena dutela ere bai”.
5.- “Nire herrian joango ez denez, bost axola”. Suberbiola: “Ikerketa batzuek diote 10 kilometroko erradioan duela eragina eta Zubietatik 10 kilometroren barruan 300.000 biztanle bizi gara. Ondorioak garbiak dira: Tumore gaiztoak (bular, urdail, kolon, haur minbizi…), sortzetiko malformazioak (horietako batzuek hilgarriak), arnasketa eta bihotz gaixotasunak eta haurrengan asaldura hormonalak ikusi dira (sexualak eta tiroideoak)”. Eta ordaindu, egungo eta hurrengo hiru belaunaldietako gipuzkoar denek ordainduko dugu.
6.- “Biodonostiak Zubietako erraustegiari buruzko 5 urteko ikerketa egingo du”. Suberbiola: “Nazio Batuetako Komite Zientifikoak dio gutxienez 10 urteko epea ikertu behar dela tumoreei buruzko ikerketa sendoak egiteko. Albistea argitaratzea oso erraza da. Baina medio jakin batean publikatu izanak ez du esan nahi ikerketaren diseinua eginda dagoenik eta gainbegiratuta”. Gainbegiratu behar dutenen artean dago nazioartean oihartzun handia duen Carlos III Osasun Institutua, eta honek 1997-2006 arteko minbizi kasuak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen erraustegitik 5 kilometroko erradioan batez ere minbizi mota batzuek askoz gehiago egiten dutela gora.
7.- “Zabalgarbin lan egiten dut eta osasuntsu nago”. ETBk Zabalgarbiz egin zuen “albistean” (oraindik ez dakigu zehazki erreportaje haren albistea zein zen) agertu zen Zabalgarbiko langile bat esanaz oso osasuntsu zegoela. Suberbiola: “Hori da nik kamara aurrean esatea bezala ‘begira, zigarroa erretzen ari naiz eta ez naiz akabatzen!’. Dauden ikerketa gutxiek diote bertako langileek askoz osasun arrisku handiagoa dutela gainerako herritarrek baino”.
8.- “Europako herri aurreratuek erraustegia dute”. Bermejo: “1970ean izan zen Europan erraustegien urrezko aroa, baina egun gutxitzera jo du. Jabetu dira dituen kalteez. Hemen ez, dirudienez”. Barczak: “2020rako Europan hondakinak erraustea debekatu beharko genuke. Gutxienez, hondakin mota jakin batzuekin. Europan helburutzat jarri beharko genuke gehienez pertsonako urteko errefusa zenbatekoa izan beharko lukeen: 50 kilo baino gutxiago. Orduan, ez ditugu gaur adina erraustegi beharko”.
9.- “Erraustegiek sortzen duten energia berriztagarria da”. Barczak: “Behin betiko esan behar dugu ezin diogula berriztagarri deitu nahi ez dugun zerbaiti. Hondakinak ez ditugu sortu nahi eta kito, argi eta garbi esan behar da hondakinak ez direla energia berriztagarri, ez direla hondakinak sortu behar”.
10.- “Erraustegiek hondakinen balorizazio energetikoa egiten dute”. Bueno: “Zabalgarbiko ziklo konbinatukoa da: behar duen energiaren %70 gas naturaletik datorkio, eta erre den gas bero hori berriro ur eta bapore galdara berotzeko erabiltzen da, eta bigarren fase honetan erabiltzen dira hondakinak (sortzen duen energiaren %15 da hondakinak errez lortzen duena”. Bermejo: “Zabalgarbikoa martxan jarri zutenean, motoa saltzen ziguten: ‘Sekulako energia pila sortuko du!’ bai, baina gas naturala erreaz, ez zaborra erreaz”. Bueno: “Hondakinen balorizazio energetikoa egiteko, elektrizitatea sortu behar du, baina bigarren fasean, ur eta bapore galdara berotzean. Zabalgarbik 2003an lau hilabetez ez zuen batere argindarrik sortu. 2005ean gorabeherak izan zituen sortu zuen argindarrean eta 2007 arte 40 megawatio sortuz jardun zuen, gas turbinarekin bakarrik funtzionatuz, eta beraz, hondakinak erretzetik batere argindarrik sortu gabe. Hau guztia legala da, esan ezin dena da tona pila hondakin balorizatu direla. Argindarrik sortzen ez duen hondakina ez da balorizatzea. Energetikoki ere, hobea da balorizatzea materia osoetan, zeren birziklatzen dugun material bakoitza sortzeko ere energia kopuru bat behar da. Objektu baten balio energetikoa handiagoa da materia modura duena, erretzean eragiten duena baino”.
11.- “Erraustegiak efizienteak dira”. Bueno: “%18-%25 arteko efizientzia dute erraustegi modernoenek. Zabalgarbiko efizientzia osoa %43 ingurukoa da, baina erraustegi arrunt bat baino altuagoa den arren, gas naturaleko plantekin alderatuta askoz txikiagoa da. Alegia, gas naturaleko planta batekin efizientzia gehiago lortuko genuke, zaborrik erre behar izan gabe. Zabalgarbi sorreratik baliatu da energia berriztagarrien primez: 2012an 20 milioi jaso zituen prima hauetan eta erabat ilegitimoak dira (Zabalgarbik sortzen duen energiaren %15 bakarrik delako berriztagarria). Zabalgarbik gas natural pila behar du martxan egoteko, eta Zabalgarbitik irteten den argindarrak merkatuan duen prezioa txikiagoa da behar duen gas natural kostua baino”.
12.- “Erraustegia ekonomia zirkularra da”. Barczak: “Ekonomia zirkularraren norabidea hartu du Europak. Eta ekonomia zirkularraren barruan ez du erraustegiak existitzen Europako batzordearen arabera. Digestio anaerobikoa, biogasaren eta metanoaren ekoizpena da ekonomia zirkularrarekin bateragarria den bakarra. Iaz Bilbon aritu nintzen ekonomia zirkularraz, Eusko Jaurlaritzak antolatutako hitzaldi batean. Erraustegiaren kontra hitz egin nuen, eta harrituta geratu ziren nire adierazpenekin”. Bermejo: “Erabat inkoherentea da esatea erraustegia jarriko duela eta ekonomia zirkularraren alde dagoela”.
13.- “Zabortegien alternatiba da erraustegia”. Intxaurrandieta: “Errausketatik 50.000 tona zepa ateratzen dira urtean eta 10.000 tona errauts toxiko (eta horiek ere zabortegira bideratuko dituzte)”. Bueno: “Zalla eta Igorreko zabortegira eraman zituzten 2009-2012an Zabalgarbitik ateratako 208.000 tona zepa. Izan daitezke arriskutsuak edo ez, hori jakiteko karakterizazio bat egin behar da eta Aldundiak ez du egiten”.
14.- “200.000 tona erretzeko moduko erraustegia behar dugu”. Intxaurrandieta: “prognosi okerrean oinarritzen da erraustegi proiektua. Errealitatea makilatu egin digute, eurek egin nahi duten errauste plantan enkajatzeko. Lotsarik gabe diote hazkunde demografikoa emango dela Gipuzkoan, INE eta EUSTAT eta denek diotenean gero eta jende gutxiago biziko garela. Prognosiaren oinarrian esaten da kanpotik etorriko dela jendea bizitzera gure pentsioei eta eusteko, eta horregatik egingo duela hondakin kopuruak gora. Errauste planta gaindimentsionatuta dago. Erraustegiaren gaitasuna, euren hitzetan, 200.000 tona erretzeko izango da. 2015ean 163.000 tona errefus jaso ziren, baina TMBtik igarotzean 117.000 tona irten ziren, beraz, egun dugun hondakin kopuruaren bikoitza hartuko luke erraustegiak. Argi dago, kanpotik ekarriko dute zaborra erretzeko”. Bermejo: “Ez du zentzurik ekonomiaren ikuspegitik erraustegiak: Hondakinak gutxitzen ari gara eta zabor kopuru handia behar duen erraustegia da planteatzen dena. Gainera Europak dio 2025erako %65 birziklatu beharko dela, eta erabat bereizi organikoa. Zenbat zaborrekin geratuko zara? zer jarriko duzu, mini-mini-mini erraustegi bat?”.
15.- “TMBak birziklagarria den dena bereizten du, beraz, errefusa da erreko den bakarra”. Intxaurrandieta: “Errauste plantaren aurretik TMBa planteatzen digute, Tratamendu Mekaniko Biologikoa. Zein da bere helburua? Hondakinak prestatzea hobeto erretzeko. Tratamendu Mekanikoan metalak bakarrik kentzen dituzte, metala erretzeko ez delako ona, arazoak ematen dituelako. Eta organikoak duen ura kentzea da tratamendu biologikoan egiten duten bakarra, ura ere erretzeko txarra delako. Baina kartoiak, ontzi arinak… hori dena ere erre egiten dute, ez dute bereizten”. Barczak-ek bestelako TMBen alde hitz egin zuen: “TMB planten helburua izan behar du ahalik gehien berreskuratzea. Materialen %33 berreskuratu dezakegu. Beti ezin da kalitate goreneko materiala lortu, baina horiei ere erabilera bat lortu behar diegu, eta ez zuzenean erraustu”.
Erraustegi bat? beste bat?
Barczak: “Europako estatu bakoitzaren errausketa gaitasuna aztertzen du gure dokumentuak, eta ikusten da errauste gaitasun handiegia dutela. Miarritzen erraustegi bat dago eta hondakinak eskatzen ditu, beraz, zergatik ez dituzue errefusak hara bidaltzen? Erraustegi berriak sortu baino, lehenetsi beharko genuke martxan dauden erraustegietara bideratzea hondakinak”.
Barczak-ek oihu honekin bukatu zuen hitzaldia, euskaraz: “ERRAUSKETARIK EZ!”
ERRAUSKETA EZTABAIDATZEA GIPUZKOAN ETA EUROPAN
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Europako Legebiltzarreko GUE/INGL taldeak Jardunaldiak burutu ditu. Hemen dituzue hitzaldietako ideia aipagarri batzuek:
Roberto Bermejo: “Erabat inkoherentea da erraustegia jarri eta ekonomia zirkularraren alde dagoela esatea”
Iñigo Suberbiola: “Osasunean dituen ondorio larriak frogatuta daude eta 300.000 herritarrei eragingo die”
Gorka Bueno: “Ezin zaio balorizazio energetikoa deitu hondakinak erretzeak elektrizitaterik sortzen ez badu”
Eguerdiko mahai-ingurua
Ainhoa Intxaurrandieta: “TMBaren helburua errausketa bada, material birziklagarriak ez dituzte bereizten”
Piotr Barczak: “Europako batzordearentzat, errausketa ez da ekonomia zirkularra”
Piotr Barczak: “Europako batzordearentzat, erraustegia ez da ekonomia zirkularra”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Euskaraz agurtu du publikoa eta barkamena eskatu du euskaraz hitzaldia egin ezin duelako. Energiaren balorizazioaz mintzatuko da.
Hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunde biltzen dira gure bulegoan, baita alderdi politikoak eta herri mugimenduekin. Europako Zero Zaborrekin lan egiten dugu eta hainbat erakunderekin elkarlanean egiten dugu lan. Hondakinen alorrean egiten du lan Europa Zero Zaborrek. Kanpaina bat egin du “lor ezazu hondakinek balio bat izatea”. Ikuspegi orokor bat hartu dugu gai honetan.
Gipuzkoa orain 2 urte ezagutu nuen eta oso inpresionatuta nago. Europan joaten naizen toki denetan kontatzen dut Gipuzkoako historia. Kontatu didate orain zerbait gaizki doala. Iaz Bilbon egon nintzen, Jaurlaritzak antolatutako hitzaldi batean, ekonomia zirkularraz. Erraustegiaren kontra hitz egin nuen, esan nuen erraustegia ez dela energiaren balorizazioa, eta harrituta geratu ziren nire adierazpenekin.
Gipuzkoa eredu da, arrakastaren historia da bertakoa. Orain esaten didate atzera egin duela Gipuzkoak 25 urte, oso tristea iruditzen zait.
Iazko uztailean ekonomia zirkularrari buruzko txostena onartu zen Europako batzordean eta besteak beste hondakinen kudeaketaz hitz egiten zen. Hasi gara aitortzen zer aukera eta baliabide material dauden. Diseinuaren eta ekoizpenaren fasean ere sartzen da txostena.
Europako batzordea ez da ingurumenaz arduratzen. Beste hizkuntza bat hitz egin behar dugu: lanpostuez hitz egin behar dugu, baldintza ekonomikoez, batzordea interesatu dadin nahi badugu. Ez nau horrek kezkatzen, baditugu argumentuak.
Baliabideen %60 zabortegietan bukatzen du. Zabortegi eta erraustegietara bideratzen denaren %90 birziklagarria edo konpost-garria litzateke konpostatze planten bidez.
Ekonomia zirkularraren barruan ez du erraustegiak existitzen Europako batzordearen arabera. Digestio anaerobikoa, biogasaren eta metanoaren ekoizpena da ekonomia zirkularrarekin bateragarria den bakarra.
Europaren eskaera
7. Ingurumen Plana 2013an argitaratu zen eta nahitaez bete beharrekoa da. Hondakinen sorrera murriztu beharra aipatzen da, elikadura hondakinak nola murriztu… Estatu kideetako batzuek diote Europan erre ahal izango lituzkeela birziklatu daitezkeen hondakinak. Hori ezin dugu onartu.
Ekonomia
Industria jarduera asko Txinara joaten ari dira, eta industria hori konbentzitu dezakegu Europara etorri dadin. Ekonomia zirkularraren norabidea hartu du Europak.
Ekonomia zirkularraren paketea: narratiba orokor bat da, eta ekintza planek 50 pizgarri aipatzen dituzte. 2030erako lortu nahi ditugu garapen iraunkorrerako helburuak.
Hiru zuzentarau nagusi ditugu: Europako esparrukoa, ontzi eta bilgarrienak eta zabortegietako zuzentaraua.
2020rako sortzen dugun zaborraren %50 birziklatu behar dugu eta 2030erako %70. Flandrian %75 birziklatzen dute jada, zergatik ezin dugu berau planteatu 2035erako? Gipuzkoan 5 urtean lortu zenuten bikoiztea birziklapen tasa. Eskatu nahi dugu muga bat, hiri hondakin solidoak isurtzeko. Murrizketa bat, pixkanaka handituko dena: zabortegietan amaitzen duten hondakin kopurua murriztu nahi dugu.
Ekoizleei ere lagundu behar diegu beren produktuak birziklagarriak izan daitezen, eta beste ekoizle batzuek zigortu euren produktuak ez badira birziklagarriak. Europak ekoizleen erantzukizuna arautu dezake, eta horrela merkatua nire ustez justuagoa izango da. Produktu iraunkorren kalitatea handituko dugu.
Prebentzioa
Ez dago prebentziorik itsasoko kutsaduraren alorrean, edo elikagaien alferrik galtzea… eta hori ez da etikoa. 2030erako adostu dute %50 murriztu behar direla elikagaien galerak.
Ekonomia zirkularrerako ekintza plana
Ziklo osoa hartzen da kontuan. Jendeak ez du sinisten ingurumenean, zoritxarrez. Horregatik, gure helburua izan behar du ekonomia zirkularrarekin diru etekinak lortzea. Diseinua hobetzea, birziklatzearen gizartea lortu behar dugu. Birziklatzeak ere kostu bat du, energia eskatzen du. Horregatik, gure helburuak zero zabor izan behar du.
Datak eta Gipuzkoako erraustegiaren presak
Ekonomia zirkularraren gaineko txostena: Europako batzordeak bere jarrera azaldu du, orain Europako Parlamentuan dago, gero Europako Kontseiluan eztabaidatuko da. 2017an hiru solaskide hauen artean negoziatuko da. Parlamentuak oraindik ez du bere jarrera argitu. 2017an ekonomia zirkularraren inguruko txostena izango dugu eta hondakinez ere hitz egingo du. Hortik aurrera dokumentuaren transposizioa egin beharko da estatu kideetan.
Gipuzkoako erraustegia 2018rako amaitu nahi bada, kontuz ibili beharko dute egutegi honekin. Eraikitze planak amaituta egon beharko du legedi berria atera baino lehen.
Badituzue argudioak esateko aldaketak daudela plan berrian eta inpaktu ikerketa berriak eskatzen dituela horrek.
Ekonomia zirkularra
– Fabrikatzeko garaia, erabiltzeko eta itzulerakoa, hiru faseak dira garrantzitsuak. Itzulera fasean, material asko berrerabil daitezke, edo saldu, edo birziklatu. Itzulera faseko denak ez dira hondakinak, negozio lerro berriak izan daitezke. Garrantzitsua da enpresa handiak ere honetan inplikatzea.
– Zirkulu batek ez du azkar joan behar, ekonomia zirkular mantsoa nahi dugu.
– Ekonomia horrek txikia izan behar luke, hondakin gehiegi eta soberakorik egon ez daitezen.
– Tokian tokikoa izan behar du. Eskuak erabiliz sailkatu behar ditugu hondakinak, ez dizkiogu beste komunitate bati inposatu behar gure hondakinak. Gure hondakinak Asiara bidaltzen badugu, baliabide bat galtzen dugu.
– Zirkuluak garbia izan behar du. PVCak baditu hainbat gai toxikoak direnak, birziklatu ezin direnak. Ezta amiantoak ere. Garrantzia handia du garbi jokatzeak.
Hondakinen kudeaketa
TMB planten helburua izan behar du ahalik gehien berreskuratzea. Materialen %33 berreskuratu dezakegu. Ez dugu materialik baztertu behar tratatu gabe. Beti ezin da kalitate goreneko materiala lortu, baina horiei ere erabilera bat lortu behar diegu, eta ez zuzenean erraustu. Birziklatu ezin dugunarekin zer egin? zergatik ez da birziklagarria? Birdiseinatu beharko genituzke. Kafe kapsulak dira horren adibide, ezin dira berrerabili. Hanburgon erabaki dute ez dutela kafe kapsularik nahi eta udal zerbitzuetan galarazi egin dituzte.
Sailkatutako bilketa oso garrantzitsua da eta errentagarria.
Enplegua
300 milioi euro kosta zitzaien Italian errauskailua sortzea eta 80 lanpostu baino ez zituzten sortu. Erraustegia kentzearen alde egin zuten lekuan 3.000 lanpostu sortu zituzten. Erraustegiak 25 urtean tranpan harrapatuta izango gaituela, kostu izugarriak dituelako. Ekonomia lineal horretan gero eta hondakin gehiago sortu behar duzu eusteko.
Hondakinak pertsonako
Danimarka da pertsonako hondakin kopuru handiena sortzen duena, pertsonak 800 kilo urtean. Hernanin 200dik 48 kilora jaitsi dute, beraz, edozein herrik lortu dezake.
Flandrian asko errausten da, baina pixkanaka erraustegia ixten joan nahi dute. Helburua 150 kilo sortzea da, pertsonako eta 2022rako 141 kilora jaitsi nahi dute.
Europan helburua da pertsonako sortzen dugun kopurua jaistea. Baita ere gaikako bilketa handitzea. Baita ere diseinu industrialak hobetzea (produktuena eta prozesuena). Industrien arteko elkarlana ere bultza behar dugu, batentzat hondakina dena beste batentzat lehengai izango baita.
Zer egin dezakegu Europa mailan?
Europak burujabea izan nahi du energian eta beraz, energia balorizazioa bultzatzen da. Hau arriskutsua izan daiteke, errausketari ateak irekitzen dizkiolako. Estatu bakoitzaren errausketa gaitasuna aztertzen du gure dokumentuak, eta ikusten da errauste gaitasun handiegia dutela. Miarritzen erraustegi bat dago eta hondakinak eskatzen ditu, beraz, zergatik ez dituzue errefusak hara bidaltzen? Erraustegi berriak sortu baino, lehenetsi beharko genuke martxan dauden erraustegietara bideratzea hondakinak.
2020rako hondakinak erraustea debekatu beharko genuke. Gutxienez, hondakin mota jakin batzuekin. Europan helburutzat jarri beharko genuke gehienez pertsonako urteko errefusa zenbatekoa izan beharko lukeen: 50 kilo baino gutxiago. Orduan, ez ditugu gaur adina erraustegi beharko. Eta tasak handitu beharko dira, erraustegi eta zabortegirakoak.
Lortu behar dugu erraustegiak egitea oso garestiak izatea, zeren askotan Europako funtsak ez dira ongi bideratzen eta erraustegiak egiteko bideratzen dira.
Balorizazio energetikoa berriztagarria denaren uste okerra ezabatu behar dugu.
Behin betiko esan behar dugu ezin diogula berriztagarri deitu nahi ez dugun zerbaiti. Hondakinak ez ditugu sortu nahi eta kito, argi eta garbi esan behar da hondakinak ez direla energia berriztagarri, ez direla hondakinak sortu behar.
Estonian argi eta garbi ikusi da errausketa eta birziklapena bateraezinak direla.
Backfilling edo betelanak: hauen kontra egitea zaila da, betelanak zabortegiak baino hobeak baitira. Baina betelanak egin daiteke soilik materiala toxikoa, arriskutsua, ez bada.
Proiektu bat garatzen ari gara, Ingurumenaren Justiziaren Atlasa, eta Zubieta hor agertzen da. Ingurumen gatazkak kokatzen ditugu bertan, eta horietako bat Zubieta da. Horrela, mundu zabalean gertatzen diren injustiziez hitz egiten dezakegu eta kazetariek horien berri eman dezakete. www.eeb.org gunean aurkitu dezakez
Publikotik galderak jaulki dizkiote:
Udal batek erabaki dezake %80ko birziklatze tasatik %40ra atzera egitea, eta ez duela inongo kalterik ekartzen. Pasaian jakinik ere errefus kopurua bikoiztu egingo dela, erabaki zuten bilketa aldatzea. Europara begiratzen dugu babes eske.
Hori da batzordearen eta legebiltzarraren papera. Legeak dio 2020an %50 murriztu beharko dela eta betetzen ez bada… zigorra jasoko dute, lege horiek betetzekoak baitira. Batzuetan politikariek gela itxietan negoziatu egiten dutelako ez dira zigorrak iristen. Oraingoz legerik ez dute urratu 2020ra iritsi ez garelako. Baina egia da hondakinak tratatu gabe eramaten ari direla zabortegietara. Susmoa baduzue datuak ez daudela ongi, eskaera batzordera jo dezakezue. OLAF erakundea ere bila dezakezue.
Nola neurtzen da birziklatzea? Bizkaiko Aldundiaren datuei kasu eginez gero, Gipuzkoak baino gehiago birziklatzen du. Organikoari kentzen zaion ur kopurua birziklapen modura kontabilizatzen dute. Tuntun aurpegia geratzen zaigu ongi egiten ari garenoi.
Europar Batasuna metodo bat eratzen ari da birziklapen tasa kalkulatzeko. Metodoa bera izango da denontzat, inork tranparik egin ez dezan. Horrela jendea engainatzeari utziko diote. Argi dago hori tranpa egitea dela.
Prognosian diote biztanle kopurua handituko dela eta aldiz, INE eta EUSTATek oso garbi diote Gipuzkoan biztanlegoak behera egingo duela. Horrez gain, lotzen dute ustezko hazkunde ekonomiko bat hondakin kopurua igotzearekin. Lotuta daude ekonomia hazkundea hondakinen hazkundearekin?
Piotr Barczak: Hazkunde ekonomikoa eta hondakinen hazkundea ez daude lotuta. Partekatzeko ekonomia sortzen ari da, non zerbitzuak gehiago balio duen produktuak baino, esaterako, garbigailu baten beharrik ez duzu, garbigailuak alokairuan har ditzakezu. Egun erosi, erabili eta bota egiten dugu. Aldiz, negozio eredu horretan zerbitzua saltzen du etxeak, eta esaterako garbigailu hori puskatzen zaizunean, eraman egiten dute eta garbigailu horren piezak beste zerbaiterako erabiltzen dituzte. Horregatik, denbora asko irauten duten produktuak behar ditugu. Epe luzera eduki nahi dituzte diru sarrerak eta produktua berreskuratu nahi dute: puskatzeko zailak diren produktuak nahi dituzte.
Ainhoa Intxaurrandieta: “TMBaren helburua errausketa bada, material birziklagarriak ez dituzte bereizten. Zubietakoan bai dena bereizi nahi genuen”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
TMBa zer da? Tratamendu mekanikoa da etxean ongi egiten ez dutenek mekanikoki banatzea. Eta tratamendu biologikoa da hondakin organikoari egonkortzeko egiten zaiona. Errauste plantaren aurretik TMBa planteatzen digute. Zein da bere helburua? Hondakinak prestatzea hobeto erretzeko. Metalak bakarrik kentzen dituzte, metala erretzeko ez delako ona, arazoak ematen dituelako parriletan erretzeko. Organikoak duen ura kentzea da tratamendu biologikoan egiten duten bakarra, ura ere erretzeko txarra delako. Botere kalorifiko handia duen masa bat sortzen dute. Baina kartoiak, ontzi arinak… hori dena ere erre egiten dute, ez dute bereizten. TMBaren helburua bada ahalik ongien erretzea, papera eta kartoia ez diozu kenduko, horrek laguntzen du errazago erretzen. Horri denari gasa sartu behar zaio hobeto erre dadin.
Finantzazioa pribatua izango da
35 urtetan enpresa pribatuen esku geratuko gara eta eurek esango dute zenbateko tasa ordainduko dugun, eurek kudeatuko baitute erraustegia.
Zabortegien alternatiba da erraustegia?
Errausketatik 50.000 tona zepa ateratzen dira, 10.000 tona errauts toxiko (eta horiek ere zabortegira bideratuko dituzte). Eta 69.000 tona negutegiko gas bidaliko ditugu airera, arnasarekin bueltan etorriko zaizkigunak.
Prognosi okerrak
Errealitatea makilatu egin digute, eurek egin nahi duten plantan enkajatzeko. Esaten digute hondakinen sorrerak gora egingo duela. Lotsarik gabe diote hazkunde demografikoa emango dela Gipuzkoan, denek diotenean gero eta jende gutxiago biziko garela. Prognosiaren oinarrian esaten da kanpotik etorriko dela jendea bizitzera gure pentsioei eta eusteko, eta horregatik egingo duela hondakin kopuruak gora. Errauste planta gaindimentsionatuta dago. Oraingoaren gaitasuna, euren hitzetan, 200.000 tona. 2015ean 163.000 tona jaso ziren, baina TMBtik ateratzean 117.000 tona sortu ziren, beraz, egun dugun hondakin kopuruaren bikoitza hartuko luke erraustegiak. Kanpotik ekarriko dute zaborra erretzeko.
Gipuzkoako hondakinen bilakaera
Hondakin kopuruak behera egin du, eta birziklapenak gora (%43 2014an). 2008-2014 urte artean, organikoaren iraultza egin dugu: 30.000 tona organiko gehiago bildu genituen.
Hondakinen tratamendurako hierarkia:
Ahalik gehien gutxitu, berrerabili, birziklatu, eta azken azken hondakina litzateke deuseztea: zabortegian isurtzea, eta erretzea, su ematea. Sortzen ditugun hondakinen %45 organikoa da, janari kondarrak. %10 papera eta kartoia. %20 ontzi arinak. %5-%10 errefusa.
Zubietako TMB proiektua eginda dago
Tiraderetan dago, GHK-ko bulegoetan, lizitatzeko zain. Jaurlaritzak esan zuen Ingurumen baimen bateratuak ez zuela balio gure TMBa egiteko. Eman zuten arrazoia izan zen lehen sartzen ez ziren materiak sartzen zirela honetan: eta sartzen den materia bakarra estrukturantea da, konposta egiteko erabiltzen den estrukturantea. 60 milioi euroko kostua izango luke hau martxan jartzea. Eurek planteatzen duten errauste plantak 260 milioi kostako da.
TMBrako oinarrizko irizpideak:
– Ahalik eta material gehien berreskuratzea. Baita ontzi arinak ere, papera-kartoia…
– Malgutasuna. Ezin dugu gizartea kondenatu 200.000 tona hondakin erretzera, eta zaborra sortzera. Bilketa selektiboak aurrera egin behar du, banaketa eraginkorragoa izan behar da etxeetan, eta askoz tona gutxiago sortu behar ditugu. Azpiegiturek gai izan behar dute hurrengo urteetako errealitatea kudeatzeko (espero dezagun, egungoa baino askoz hobea izango dela).
– Alemaniako legedia hartu genuen eredu, hura delako legedirik zorrotzena. Nahiz hemengo legediak ez duen behartzen hondakinak puntu horretaraino inertizatzea, guk gure buruari jarri genion neurri hori, organikoa inertizatzea ahalik gehien.
Zubietako TMB planta: 3 fluxu
– Nahasirik bildutako hondakinak: 160.000 tona urtean. Mekanikoki ahalik gehien birziklatzea eta biologikoki ahalik gehien inertizatzea helburu, ahalik konpost onena lortzeko.
– Ontzi arinak: 13.000 tona urtean. Ontzi arinetan oso mota ezberdinak egoten dira eta egun Urnietan eta Legazpin bereizten dira horiek. Tratamendu mekanikoko erremintak erabiliko genituzke ontzi arin hauek ere sailkatzeko.
– Selektiboki bildutako organikoaren tratamendua: 20.000 tona. Organiko garbia da hau, etxetik ongi bildua datorrena. Konposta egingo genuke honekin.
Bilketa selektibo efizienteak gora egin heinean, nahasirik bildutako hondakinak jaitsi egingo lirateke, eta selektiboki bildutako organikoa eta ontzi arinak igo. Horregatik diogu kudeaketa malgurako aukera ematen duela planta honek. Eta horregatik diogu garrantzitsua dela etxeetan ongi birziklatzea.
Irteten dena inertea da?
Ezin du inertea izan, jatorriz ez baita inertea. Baina funtzionatzen du inertea balitz bezala, harri kozkor bat bezala funtzionatzen du: nahiz eta busti ez da aldatzen, ura ez du zikintzen. Ez du usaintzen. Baina ez da inertea. Inertizatua deitzeko, hiru balore nagusi bete behar ditu Alemaniako legeak (hau da zorrotzena):
– Aktibitate biologikoa. Mikroorganismoen aktibitate biologikoa aztertzen dugunean, neurtzen da zenbat oxigeno arnasten duten. Ez dutenean oxigenorik hartzen, inertizatuta dago.
– Karbonoaren degradazioa. Janaria badute mikroorganismoek, bizi egiten dira, janaririk gabe hil egiten dira. Karbonoa da jaten dutena, beraz, karbonorik ez badago inertizatua dago.
– Botere kalorifiko baxua izan behar du. Altukoak ezin dira gorde. Laborategi batek neurtzen du hau.
Ongi inertizatutako hondakinak ez du usairik, ez da usteltzen, ez ditu arratoi eta kaioak erakartzen…
Zergatik degradatu eremu natural bat?
Zergatik ez baliatu material inertizatu hau, hondatutako eremuak berreskuratzeko? Beste balorizazio mota batzuk lortuko genituzke. Azken pixarrak ere eliminatzera beharrean, balorizatzera joko genuke, eremuak berreskuratzera.
Helburua:
Gure helburua da herri guztiek bilketa selektiboa egitea, jasotzen dugun organikoa garbia izan dadin. Askoz merkeagoa da ongi bildutako organikoa kudeatzea, organiko nahasiak tratatzeak arazo handiagoak ematen ditu, eta arazo hauek konpontzea garestiagoa izaten da.
Eguerdiko mahai-ingurua
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Mahai-kideak: Paloma Lopez (Europako parlamentaria GUE/NGL taldean), Iñigo Suberbiola (familia-medikua) eta Gorka Bueno (EHUko irakaslea).
Gorka Bueno: Hiri hondakinen erreketa konparatzen denean ikatz zentral batekin, edo ziklo konbinatuko gas naturaleko planta batekin, bada alde oso larri bat: errauste planta batean ez dakigula zer sartzen den. Ikatz zentral bat oso toxikoa da baina badakigu zer sartzen den. Erraustegi batean ezinezkoa da kontrolatzea zer irteten den, ezinezkoa delako kontrolatzea zer sartzen den.
Iñigo Suberbiola: Zer gertatzen da azken 3 urtean zaborretara bota duzun guztia 500 gradutara erretzen badugu? Ikerketek diote ezin dugula jakin erreketa horretatik irteten den emaitza kimikoa ez dugula ezagutzen. Irteten diren elementu kimiko ezagunak adina dira ezagutzen ez direnak. Esperimentu kimiko etengabeko bat da erraustegia. ETBn agertu zen Zabalgarbiko langile bat esanaz han lan egiten zuela eta oso osasuntsu zegoela. Hori da bezala ni irteten banaiz bezala kamara aurrean esanaz “begira, zigarroa erretzen ari naiz eta ez naiz akabatzen!”. Dauden ikerketa gutxiek diote bertako langileek askoz arrisku handiagoa dutela gainerako herritarrek baino.
Birziklapen balantzeaz
Gorka Bueno: Gipuzkoarako bi eredu aztertu genituen, bata erraustegian oinarritua eta bestea bilketa selektiboan. Energetikoki ere, hobea da balorizatzea materia osoetan, zeren birziklatzen dugun material bakoitza sortzeko ere energia kopuru bat behar da. Objektu baten balio energetikoa handiagoa da materia modura duena, erretzean eragiten duena baino.
Zer egin daiteke?
Paloma Lopez: Araudi europar bat egoteak ez du esan nahi estatuak aplikatu behar duenik, ezta europar araudiak dioen bezalaxe aplikatu behar duenik ere.
Europak ez ditu energia berriztagarritzat hartzen erraustegiak. Espainia ez da iritsiko energia berriztagarriko araudia betetzera iritsiko. Europak bide bat darama araudietan, eta estatuek beste batzuek daramatzate. Eta Europak ez du zigortzeko eskumenik? Bai, kontua da duen eskumena hain txikia izanik, estatuei bost axola zaiela betetzea edo ez.
Fiskalitatea estatuen eskumena dira, eta eurek erabakitzen dute fiskalitate berde bat martxan jartzea edo ez. Etengabeko eskaria da Europako komisiotik, fiskalitate berdea jarri dezaten, baina ez da lortzen jartzea.
Noski egin daitezkeela gauzak: galdera parlamentariak egitea (hilean 9 egiteko muga jarri digute), datuei buruz, horrela agertuz gai batzuekiko arduratuta gaudela. Kasu zehatz bat aurkeztera ere joan daiteke komisiora eta eskatu neurri zehatzak hartu daitezela horrekiko. Bide hori irekita duzue.
Gorka Bueno: Defizit fiskalarekin ez da ba hain malgu ibiltzen Europa!
Paloma Lopez: Estatuari esaten ez diotena da nondik egin behar duzun murrizketa. Estatuak erabaki zezakeen ebasio fiskala gutxitzea. Estatuek egin dezakete euren erako politika fiskala.
Europako araudiaren arabera, erraustegiko zepak arrisku handikotzat zaindu behar dira eta zabortegi bereziak behar dituzte. Zabalgarbikoak zementuarekin nahastuta botatzen direla esan duzu.
Gorka Bueno: Zalla eta Igorreko zabortegira eraman zituen 2009-2012an 208.000 tona. Izan daitezke arriskutsuak edo ez, horretarako karakterizazio bat egin behar da eta Aldundiak ez du hori egiten. Kontseilariak onartzen du zabortegira eraman direla eta gainera isurketa eremutik kanpo bota direla. Isurketa eremurako bideak egiteko ere erabili dira. Baina euriarekin eta nahastuta filtratu egiten dira.
Errautsak ere atera behar ditu filtroetatik eta labearen hondotik, eta hori hondakin arriskutsua dira: 16.000 tona errauts sortu ziren 2009-2012 artean eta Zabalgargbi ondoko enpresa batera eramaten dira, estabilizazio prozesu bat egiteko. Prozesu horretan nahasten dira hondar eta zementuarekin. Hortik ateratzen den hondakina masan bikoitza edo hirukoitza da (hondarra eta abar nahastu zaizkiolako), ez du galtzen arriskugarritasuna, eta zabortegi kontrolatu batera eraman behar dira, Larrabetzu eta Lemoara. Aztertu behar litzateke zer tratamendu eman zaien errauts horiei, nola eraman diren zabortegietara…
Gorka Bueno: “Zabalgarbin ezin zaio balorizazioa esan argindarrik sortzen ez duen hondakinen erretzeari”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Bizkaiko hiri hondakinen egoera azalduko dut. Ekologistak Martxan taldeak egindako lana eta unibertsitatean egin izan dudan lana hartuko dut oinarri. Ekologistak Martxan taldeak txostena aurkeztu genuen Bizkaiko Batzar Nagusietan (bertan duzue hemen azalduko dudan informazio osoa).
Diputatu Nagusiak azaroan Zabalgarbiren urteurrenean (2 urte daramatza martxan) esan zituen hitzak: “Bizkaia estatuaren barruan Alemania txiki bat gara. Erreferentzia gara nazioartean, eta gehieneko exijentziak betetzen ditugu”. Aldundiak 2014ko datuak argitaratu zituen eta esan zuen energetikoki %30 baliagarri egiten dela eta Bizkaiko birziklapena %70era iristen dela. Ez da hala, %40tik beherakoa da birziklapena 2014an. Gainera ez du bermatzen Europako helburuak betetzea (2020rako %50 izatea).
500.000 tonelada zepa sortu ditu 12 urteotan Zabalgarbik. 609.000 tona zabor sortu ziren 2014an. Nahastuta biltzen da horietatik 200.000, eta hauetatik 183.000 doaz Zabalgarbira. Beste 370.000 selektiboki bildua da: hauetatik 4.000 tona bakarrik dira konpostean biltzen dena. Hauetatik 121.000 tona TMB plantara doaz eta tratamendua jaso ondoren Zabalgarbira doaz hauek ere. Beraz, Zabalgarbira gehiago doa esaten dutena baino. Hor dago tranpa: birziklapena nahasten dela sailkapen selektiboarekin. Eta indikadore hau biltzen du 2020rako Jaurlaritzaren plana. Hondakinen tratamenduan “bilketa eta sailkapen selektiboan” aurrera egitea aurreikusten da, baina hori ez da birziklapenean aurrera egitea.
Zabalgarbik urteko sortzen dituen 43.000 tona zepa material birziklatu gisa konputatzen ditu Aldundiak. Zepak ez dira birziklatzen, beraz, Aldundiak egiten duen tranpa da. Zabalgarbitik irteten diren beste 182.000 tona “galera” gisa kontabilizatzen ditu, eta zer dira galera horiek? ba gasa dira, atmosferan galtzen direnez, galera gisa kontabilizatzen du, eta tonelada pila hori kentzen dio Bizkaiak urtero sortzen duen zaborrari. Kontatzeko modu horrek erabat bortxatzen du hondakinen hierarkia. Metodologia honekin Aldundiak erraustegia parekatzen du hondakinen sorrerarako prebentzio neurri gisa. Horrela esaten du Bizkaian %67 dela birziklapena.
Aldundiak primeran daki benetako birziklapen datua %40tik beherakoa dela. Ezinezkoa da 2020rako birziklapen tasa Europak markatutako %50era pasatzea, Zabalgarbik ezinezko egiten duelako.
Zabalgarbiko zepak Zalla eta Igorreko zabortegira joaten dira, eta zabortegira badoaz ezin dira birziklatu modura kontatu. Baina kontseilariak onartu du zabortegitik kanpo ere isurtzen ari direla, eraikuntza lanetan erabiltzen ari dira. Europako araudian, zepetan bereizten dira arriskutsuak direnak (* batekin markatzen dira) eta ez direnak. Zabalgarbi martxan jarri orduko egin behar zuten zepen karakterizazioa, eta oraindik egin gabe dago, beraz, ez dugu daturik zepa horiek ez direla arriskutsuak bermatzeko.
Balorizazio energetikoaren eredua
%18-%25 arteko efizientzia dute erraustegi modernoenek. Zabalgarbiko erraustegia berezia da. Ziklo konbinatukoa da, behar duen energiaren %70 gas naturaletik datorkio, eta erre den gas bero hori berriro ur eta bapore galdara berotzeko erabiltzen da, eta bigarren fase honetan erabiltzen dira hondakinak. Zabalgarbik sortzen duen energiaren %15 da berriztagarria (hondakinetatik sortua). Zabalgarbiko efizientzia osoa %43 ingurukoa da, baina erraustegi arrunt bat baino altuagoa den arren, gas naturaleko plantekin alderatuta askoz txikiagoa da. Alegia, gas naturaleko planta batekin efizientzia gehiago lortuko genuke, zaborrik erre behar izan gabe.
Hondakinen balorizazio energetikoa izateko, elektrizitatea sortu behar du, baina elektrizitatea sortu behar du bigarren fasean, ur eta bapore galdara berotzean. Zabalgarbik 2003an lau hilabetez ez zuen batere argindarrik sortu. 2005ean gorabeherak izan zituen sortu zuen argindarrean eta 2007 arte 40 megawatio sortuz jardun zuen, gas turbinarekin bakarrik funtzionatuz, eta beraz, hondakinak erretzetik batere argindarrik sortu gabe. Hau legala da, esan ezin dena da tona pila hondakin balorizatu direla. Argindarrik sortzen ez duen hondakina ez da balorizatzea.
Zabalgarbi sorreratik baliatu da energia berriztagarrien primez, eta erabat ilegitimoak dira. 2012an 20 milioi euro jaso zituen prima hauetan. Zabalgarbik gas natural pila behar du martxan egoteko, eta Zabalgarbitik irteten den argindarrak merkatuan duen prezioa txikiagoa da behar duen gas natural kostua baino.
TMBko langileak greban daude
Baliatzen dut aukera langile hauekin elkartasuna publikoki adierazteko. Soldata oso eskasak dituzte, 1.000 eurotik oso beherakoak, zaborrekin lan egitea oso gogora da.
Iñigo Suberbiola: “Medio jakin batek albistea argitaratu izanak ez du esan nahi Biodonostiaren ikerketa diseinua egina eta gainbegiratua dagoenik”
2016-04-22 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Metal astunek eragin ditzaketen gaitzak aipatu ditu: giltzurruneko gaitzak, biriketakoak, asaldura neurologikoak, minbizia…
Mikro-partikulak
Garrantzia handia ematen diegu mikropartikulei. Azken urtetan ikerketa handiak egiten ari dira eta ikertua dago bizi itxaropena jaisten dutela, batez ere 5 urtez beherako umeetan erasokorragoa izanik. Adibidetzat jarri du Iruñea: kutsadura maila baxua duen arren, doktorego tesi batek frogatu du mikro-partikula hauen maila igotzen zenean, epe motzean hilkortasun tasa igo egiten zela, batez ere bihotzekoekin. Kutsadura igoera ematen zenean hilkortasun tasa eta ospitaleratzeak igo egiten ziren eta kutsadura jaistean besteak ere jaitsi.
Kutsadurak 12,6 milioi heriotza sortzen ditu munduan, heriotzen %16 kutsaduraren ondorio dira.
Dioxinak
Ezaugarri fisiko eta kimiko bereziak dituzte. Oso iraunkorrak dira eta gorputzen grasetan pilatzen dira. Gorputzak, esaterako, alkohola metabolizatu eta kanporatzeko gaitasuna du, baina dioxinekin ez da hala, eta gorputzean metatzen joaten dira. Frantziako Osasun taldeak ikerketa eskatu zuen eta ondorioa atera zuten erraustegiak direla dioxina eta furano iturri handienak eta baita ere dosi batetik aurrera hilgarriak direla. Rhesus tximuekin eginiko esperimentuetan (gizakiarengandik oso hurbil dagoena) kantzerigenoa dela ikusi zen. 1997an Minbizia Ikertzeko Agentzia Internazionalak frogatutzat eman zuen dioxinek minbizia sortzeko duten gaitasuna.
OEIT Mediku Taldea
2003-2004an sortu zen taldea Txingudin, ikusi genuenean nazioarteko ikerketek agertzen zutela erraustegiak ondorio oso larriak dituela herritarren osasunean. Deitzen diguten lekuan hitzaldiak ematen ditugu. Ez gaude inongo alderdiri lotuak, ez ideologia ezker edo eskuinekoari. Mediku ikuspegitik lan egiten dugu. Dugun informazioa zabaltzen dugu, Arartekoarekin bildu ginen eta alderdi politiko denekin bildu nahi dugu gure txostenak emateko.
Nazioarteko ikerlanen bilduma
Edozein ikerlarik lehenik egiten duena da datu baseak hartu eta nazioartean argitaratu den guztia errebisatzea. Med Line da datu base garrantzitsuenetako bat. Ondoren bildutako ikerketa guztiei galbahea pasa diegu: Kalitate metodologikoa, ikerketa denbora, eta interes konfliktorik ez egotea (independentzia), adibidez. 14 ikerketa hartu dituzte oinarri.
Atera diren ondorioetako batzuk: %3-%51 igo direla minbizi kasuak erraustegitik 3 kilometroko erradioan bizi direnen artean. Erraustegiaren inguruko minbiziek batez ere emakumeei eragiten dietela. Carlos III Unibertsitatea da nazioartean oihartzun handia duenetako bat eta 1997-2006 arteko minbizi kasuak aztertu zituen, eta erraustegitik 5 kilometroko erradioan batez ere minbizi mota batzuek askoz gehiago igotzen dela: handiena hezurretako minbizi igoera da: 2,82 orokorra eta 12,4 gizonen kasuan.
2016ko ikerketa bat Italian egindakoa da, eta 2001-2010 artean egindakoak: emakumeen arnasketa arazoak izugarri handitu direla detektatu du.
1998an Jaurlaritzak ingurumen legeak prekauzio printzipioa hartzen du
Duda nahikoa bada neurriak hartzeko, guk ere printzipio hori aldarrikatu nahi dugu.
300.000 biztanle Zubietatik 10 kilometroko erradioan
Zubietatik 5 kilometroko erradioan 46.000 biztanle bizi gara eta ikerketa batzuek diote 10 kilometroko erradioan duela eragina eta 10 kilometroren barruan 300.000 biztanle bizi gara.
Ondorioak garbiak dira: Tumore gaiztoak (bular, urdail, kolon, haur minbizi…), sortzetiko malformazioak (horietako batzuek hilgarriak), arnasketa eta bihotz gaixotasunak eta haurrengan asaldura hormonalak ikusi dira (sexualak eta tiroideoak).
Publikotik galderak jaulki dizkiote:
Biodonostiak ikerketa egingo duela iragarri da. Biodonostia barruan parte hartzen du Carlos III Osasun Institutuak eta 2006an ikerketa atera zuen honek, 10 urte ikertuta. Aldiz, Biodonostiak 5 urteko ikerketa iragarri du. Zer ari da gertatzen? Nola abalatu dezake, metodologikoki oinarri ahuleko ikerketa?
Nazio Batuetako Komite Zientifikoak dio gutxienez 10 urteko epea ikertu behar dela tumoreei buruzko ikerketa sendoak egiteko. Badira ikerketak diotenak tabakoak ez duela minbizirik sortzen. Garai hartan halaxe egiten zituztelako ikerketak: batez ere gazteak hartzen zituzten eta oso epe motzean aztertu, beraz, emaitza zen erretzen zutenak gutxiago hiltzen zirela erretzen ez zutenak baino (zaharrak gehiago hiltzen direlako). Bai, Biodonostiarena argitaratu dute, baina ez dut uste bertako kide diren denek errebisatu eta ontzat eman dutenik. Albistea publikatzea oso erraza da. Medio jakin batean publikatu izanak ez du esan nahi ikerketaren diseinua eginda dagoenik eta gainbegiratuta.
Duela bi hilabete medio bateko portadan izan zen ikerketaz.
“Incineración de residuos urbanos y salud pública” 2004ko ikerketa atera zen duela pare bat hilabete hedabide baten portadan. 2004an argitaratu bada eta geroztik ezer aldatu ez bada, ez dut ulertzen zergatik azaltzen den azalean, hori da azalean agertzea bezala 1981ean Realak liga irabazi zuela. Informe hau ez da inongo argitalpen zientifikotan atera, haiek errebisatu eta ontzat eman behar dutelako. Informe hau atzera botatzeko ez da beste ikerketarik behar, nahikoa da hau bera irakurrita. Tranpa dialektiko bat egiten du: badituzte ikerketak diotenak erraustegiek heriotzetan eragina dutela, baina diote erraustegi zaharrak direla eta erraustegi berriak balira ez litzatekeela gertatuko (alegia, etorkizuna ezin duela iragarri, noski). Baina 2004an modernoak ziren erraustegien ikerketak baditugu eta emaitzek diote minbizi tasak igo egiten direla.
Zabalgarbiz. Ikerketa independenterik abiatzerik badago?
Gure taldean ez dago mediku bizkaitarrik. Argitaratzen ditugun informazioak ez dituzte argitaratzen Gipuzkoako eta Bizkaiko hedabide salduenek. Guk leiho eta ate denak zabalik ditugu, Bizkaian medikuak elkarlanean hasi daitezen. Ikerketa hauek egitea oso konplexua da. Metodologiak bereizi behar du erraustegiarena soilik den kutsadura, hamar urtekoa behar du… edo borondatezko lan handi eta luzea behar du, edo bestela baliabide ekonomikoak. Gure mediku taldeak eskaintzen dion denbora gure aisialdiko denbora da. Diru ekarpenik gabe ezinezkoa da ikerketa hau egitea. Dioxinak neurtzea ez dago hemengo laborategien esku. Badira dioxinak Belgikako laborategi batean bakarrik ikertzen direnak. Nahi adina ordu sartuta ere, ez dugu gaitasun teknikorik. Biodonostia bezalako erakundeen babesa behar dugu, diru laguntzak jasotzen dituztenak. Posible, posible bada baina oso konplexua da.
Zabalgarbin bere garaian egin zen ikerketak (EHUk egina) ere esaten du emaitza denak “preliminar” gisa hartu behar direla, hamar urtera hartzen diren emaitzekin kontrastatu behar direla. Ikerketa honetan lau muestreo egin ziren eta Zabalgarbi oraindik ez zen ari erabateko funtzionamenduan.
Zepek eta errautsek ere dioxina kopuru handiak dituzte. Eraikuntzan erabili izan dira gainera.
Zepa eta errautsez are ikerketa gutxiago dago. Ez dugu datu fidagarririk ikusi. Erraustegi modernoetan filtro handiagoak erabiltzen direla diote, baina erreketa prozesu batean goitik (tximiniatik) ateratzen ez dena, behetik (errauts eta zepetan) ateratzen da. Eta proiektuak daude zementuan erabiltzeko. Baina ez dugu taxuzko ikerketarik aurkitu, bilatu ditugun arren.
Istripurik gertatuko balitz erraustegian, zer ondorio izango lituzke osasunean? Flandesko istripuaz galdetu du.
Bada informe bat dioena ia 50 istripu izan direla Europan azken 10 urtean. Suteak, leherketak… Alemanian, Frantzian, erraustegi “moderno” ereduzko horietan. Prentsak hainbeste isiltzen duen gaia izanik, ez dago ikerketa zehatzik istripuenik. Baina datuak baditugu Italiako Sevesoko kimika fabrikarena. Sevesoko istripuan han ziren biztanleek, 20 urte beranduago, gorputzean dioxina kopuru handiagoa izaten jarraitzen du beste herritarrek baino, eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Istripuetan liberatzen diren dioxinak ezin direla kontrolatu ebidentea da, eta osasunean eragin zuena dutela ere bai.