Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Goliat Demokraziaren kontra
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Gipuzkoa Zutik ekimenaren oihal ertzean eserita dagoenak, sandaliak oinetan, Goliaten oldarraldia sentitzen du, poliziak (udalekoak zein erkidegokoak izan) erasora etortzen ikusten dituenean.
Betiko Goliat, lehen egunetan ezikusia egiten duena, eta hurrengoan, elkar-hizketan jakin ez eta indar zakarrez adierazten dena.
Burmuin publiko-pribatuko Goliat (zein enpresari, alderdiko gizon, udal-aldundi-Jaurlaritzako sailburu ote daude su hartua izango duen stablishmentaren waxap talde horretan?).
Beso blindatuak primeran koordinatzen dituen Goliat, bere telebista pribatutzat darabilen ETBko kazetariak iritsi eta x minutura hasten baitu liskarra bere eskuin beso poliziak: ETBko kamerei zer irudi erakutsi eta zein ezkutatu primeran kudeatzen du eszena poliziak, eta kazetariak “plazako zorritsuen alde edo kontra?” tertulia zozoetan nahasten du herritarren iritzia, orotariko iritziak (bost axola datuak, zertarako exijitu errealitatearekin doitzeko adierazpenak?) elkarrekin nahastea bailitzan “aniztasuna”. Kazetariak ez balu bezala inongo ardurarik bera ikusten duten herritarrei prekarizatzen ari zaien bizitzari buruzko zergatiez informatzeko. Ondorioa, Goliaten ametsa: Goliatek egiten duena egiten duela, herritarrek “ze katramila. Denak berdinak dira, total, ez dago ezer gure esku!” pertzibitzea. Gipuzkoa Zutik = poliziarekin liskarrak irudikatzea.
Goliat uraren kontra borrokan
Tematu da Goliat herritarrei plaza pribatua dela errepikatzen. Lo egin daitekeela garesti ordainduta, baina ez denon plaza lotarako erabili. Jan daitekeela terrazetan ordainduta, baina ez denon artean prestatutako bazkaria bada. “Herritarren parte-hartzea”z hizketan korritu egiten dela, baina beti ere Kultur Hiriburutzako egitarauaren barruan, eta aurrez mugatutako ordu eta espazioetan denean. Kalean egiten den kultura teknikari batek aurreprogramatua eta diru-truk egindakoa dela, zer dabiltza traban gogoak emandakoan musu-truk ari diren horiek!
Gero eta haserreago ari da Goliat, gero eta zabarrago, ulertu ezinik zergatik ez duten parean duen mugimendua odolusten bere kolpe bortitzek: plazatik bidali zituen, material dena txikitu eta ostu, egunero kide mordoxka identifikatu… eta fisikoki xehatzen saiatu den mamua biderkatzen ari zaio, auzo eta herrietara zabalduko zaion beldur da…
Zorabiatzen du Goliat Gipuzkoa Zutiken jokamoldeak: zer eta umoretik, nola eta esku zabalik, zerekin eta hitz-ideia adierazpen beteekin. Nahi luke irristada egitera behartu, boteredunek bakarrik zilegi duten indarkeria erabiltzera erori dadila… Baina esku artetik aldegiten dio hezurdurarik gabeko mugimenduak. “Nor da arduradun! Lider bat behar du edozein antolakundek!” sekretek botatzen dituzten galdera erretorikoei oihartzun berak erantzuten die beti “denok gara erantzule! Ardura kolektiboa da!”.
Demokrazia zuzena al da hustu nahi duzuena, Olano eta Goia?
Gajoa Goliat. Hirugarren goizez errepikatu nahi zuen kameren aurreko borroka. Eta Bulebarrera iristean biribil txiki anitzetan eseritako herritarrak aurkitu ditu. “Kanpamendu” izendatzeko moduko trasteen arrastorik ez (jasoak izango zituzten).
Gipuzkoa Zutik apaingarririk gabe, beti bezain eder ageri da plazan: asanbladan biltzen diren herritarrak, bestelako bizitza eredu bat elkarrekin praktikan jartzen dutenak, egungo ereduak %99 zanpatzen duela seinalatzeko lana ere eginez.
Dar-dar egin du Goliatek gaur. Bihar, bera ere estalkirik gabe atera edo ez pentsatzen ariko da uneon: bai, hustuko dugu demokrazia zuzena plazatik? parte-hartzea denei zabalik izatea eta ordezkaritzarik gabe hitza hartu eta erabakitzea, praktika hori bidaliko dugu plazatik? Diktadura garaikoak diruditen kopuru bidezko arauekin mugatuko? Zer lege edo argudiorekin makillatu daiteke, bertako herritarrek eta nazioarteko hainbatek M15, Parisko Nuitdebout eta abarrekin parekatzen duten mugimendua, PPk bere garaian baino bortitzago desmantelatzea, Bakea eta Bizikidetza ikur nahi dituen Kultur Hiriburutzan?
Nola lagundu Gipuzkoa Zutik?
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // 2 iruzkin
Galdera hori plazaratzen du herritar askok. Artikulu honetan, laguntza emateko herritarrek egin dituzten ekintzak zerrendatuko ditugu (adibide gehiago duenak idatzi, eta gustura gehituko ditugu):
– Plazan egonda, presentziarekin. Milaka herritarrek parte izate horrekin eutsi diote mugimenduari bizirik. Bertan egun batez arreta jartzea nahikoa da, jabetzeko herritar bakoitzak bere ahal eta nahien arabera ematen duela bertan denbora (pasaeran, pare bat orduz, arratsaldez edo goizez, otorduak elkarrekin partekatuz, gaua bertan emanaz…). 11 egunean eta milaka lagun pasa direnean, sarri entzun dut “ni ez naiz egongo”, aldiz, bueltan inoiz ez dut entzun “zergatik?” azalpenik eskatzen. Ematen den denbora eskertzen den eta eman ezin dena errespetatzen denaren seinale.
– Ekintzak proposatu eta egitea, horra herritar askok laguntzeko darabilen modua: Kantatu edo kontzertu bat lotu, pankartak egin, asanbladan hitza hartu, argazki-bideo-kartelak egin, arratsalderoko ekintza kolektiboan parte hartu, hitzaldi bat eskaini edo lotu, gauetan zaintza txanda bat bete, informazio gunean txandak bete, asanbladan itzultzaile lanak egiteko bolondres aurkeztu, otorduak prestatzeko sukaldarien taldean lagundu, dinamizazio taldean parte hartu… NORI KOMUNIKATU HALAKO LAGUNTZA BAT EMATEKO PREST ZAUDELA? Lehenik, informazio gunera jo dezakezu. Ondoren, pazientzia, batari eta besteari galdetuz aurkituko duzu bideratzeko modua.
– Norberak eskura dituen materialak emanaz. Asko dira esku artean zerbait dakartela inguratzen diren herritarrak: jakiak eta edariak ekarriz, prestatutako otorduak ekarriz, maskarillak ekarriz (ekintza denetan erabiltzen baitira, ikusgarritasuna emateko), pankartak egiteko oihal-plastiko-pinturak ekarriz, toldoak ekarriz, jostailuak ekarriz, liburu-diska-prentsa ekarriz, lozaku-denda-esterilla-mantak utziz… – Ekarpen ekonomikoa eginaz. Gipuzkoa Zutiken ez da ezer saltzen. “Borondatea” dioen ontzian egiten du bakoitzak ahal duen ekarpena. Berdin bertan bazkaldu, afaldu edo zerbait hartzen denean ere. Hainbeste identifikazioren ondorioz isunak etor daitezkeen beldur, Gipuzkoa Zutikek kontu korrontea ireki du, zigor eta isunei kolektiboki erantzuteko. Hauxe da zenbakia (Laborala): ES52 3035 0075 41 0750057088.
– Oihartzuna emanaz. Bada pintxo potea maskarillarekin egiten duenik eta artikuluak idazten dituenik. Nork bere harreman sareetan eta sare sozialetan informazioa eta deialdiak zabaltzen dituztenak milaka dira. Sare sozialetan erlazionaturiko kantu bat proposatzen dutenak ere dozenaka dira.
– Borrokak bateratuz. Kolektibo batzuek bertan egin dituzte bere bilerak, eta bere mobilizazioak Gipuzkoa Zutikera eraman dituzte (errepideetako langileek, Duintasuna pentsionista elkarteak, ELAren prekarietatearen trena…). Egitarauari erreparatuta, hurrengo egunetan agenden bateratzea areagotu egingo dela dirudi (Piraten Kantauri Beltza Topaketak, Belartzan Eguzki taldeak egingo duen kontzentrazioa…).
– Umeak ere bizikidetzaren parte aktibo eginez. Umeek seinalatzen dute normaltasuna, heldu batek on eta egokitzat duenaren neurria dira. Umeekin esperientzia partekatzeak adierazten du ondorengoei transmititu nahi dizkiogula bere balioak, hezigarritzat dugula dinamika, eta haurrak subjektu aktibotzat ditugula. Aurreko asteburuan haurrekin parte hartzeko deia egin zuten hainbat gurasok.
– Auzo eta herrietara zabalduz. Lehen asanbladan atera zen gaia, Donostiara joatea baino errazago eta eraginkorrago izan daitekeela bakoitzak bere herrian lan egitea. Oraingoz, herrietako pankartak, Donostiako asanbladara herriko denak elkarrekin joateko deialdiak eta Donostiara otorduak eramatea da herrietan antolatu izan dena. Hurrengo egunetako egitaraua ikusita (ostegunean pintxo-potea auzoz auzo, eta ostiralean auzoetatik zutabeak ateratzea Aldundia inguratzeko), pentsa daiteke Donostiako auzoetara gehiago zabalduko dela Gipuzkoa Zutik.
Gipuzkoa Zutik: Donostiako udaltzain batek emandako poza
2016-06-08 // Gipuzkoa Zutik! // Iruzkinik ez
Kontatu egin nahi duela esanaz etorri zaigu Gipuzkoa Zutikeko kide den emakumea, karrotxoa bete otordu dakarkiela, Bulebarrean afalduko dutenen artean banatzeko. “Hau ere idatzi behar da, denak ez direla berdinak azpimarratzeko”.
Astelehenean udaltzainak eta ertzainak material kolektiboa txikitzera eta zaborretara botatzera etorri zirenean gertatu omen zen. Bera informazio mahaian ari omen zen (lehen aldiz bazatoz, oso praktikoa egingo zaizu berau bisitatzea: hizkuntza anitzetan dihardu eta Gipuzkoa Zutiken arrazoiak azaltzen ditu, funtzionatzeko modua, edozein galderari erantzuteko adeitasuna…).
Udaltzainak Bulebarrean sartu orduko joan omen zitzaien haietako bat, zuzen, mahaira. Egoeraren larrian, informazio mahaikoek ez zutela zergatia ulertzen azaldu omen zieten, bertan egoteko argudioren bat bota, hitz egiten saiatu…
“Ezkutatu ezazue mahai hau norabait derrepente!” bota omen zien udaltzainak. Izkina batera erretiratu zuten.
Hunkituta oroitzen du Gipuzkoa Zutikeko kideak irteera bat eskaini ziola udaltzain hark. Aurrerantzean, gehiagoren jarrera horrelakoa izatea desio luke. Eta poz pozik da, funtzio garrantzitsua betetzen duen postu eta material hori mugimenduak darabilelako gaur ere.
Udalak udaltzainak bidali ditu, Gipuzkoa Zutik!ek kanpamendua berregitea lortu ez dezan
2016-06-06 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // 2 iruzkin
“Gaur guk irabazi dugu! Ez goaz etxera! Erraustegia geldituko dugu!” oihuka gelditu dira Gipuzkoa Zutik!-eko kideak, udaltzainek materiala txikituta eraman dietenean.
Goizean Gipuzkoa Plazatik bidali dituzten Gipuzkoa Zutik! mugimenduko kideek Bulebarreko kioskora eraman dituzte beren gauzak: kanpin-lozaku-esterillak, elikagai eta tresnak, pankarta-plastiko-pinturak… Bulebarreko plazan asanblada egin dute eta udaletxean egitekoa zen Donostia2016ren prentsaurreko batean ekintza egitea adostu. 10:15 aldera zurrumurrua zabaldu da Gipuzkoa Zutik!eko kideen artean: “Gaurko lehen garaipena. Donostia 2016ren ekitaldia bertan behera utzi dute!”.
Ondoren bigarren asanblada egin dute, arratsaldeko mobilizazioari forma emateko: bertan adostu da helburua aurreko astean bezala, Gipuzkoa Plazara itzultzea izango dela. Eta gaurko aurreikusita zuten egitarauari eutsiko diotela, “guk gure dinamika eraman behar dugu, ez Ertzaintzak markatutako agendari erantzun”. Hauek dira, beraz, astelehenerako hitzorduak:
Asteleheneko egitaraua
– 12:00etan Duintasuna Pentsionisten elkarteko kideekin borroken uztartzea.
– 17:00etan Telefonicako langileen prekarietatearen kontra egin zuten Correscales lasterketa herrikoiaren antolatzaileetako bat den Alberten hitzaldia.
– 18:00etan Bulebarretik irtenda, Donostiako kaian bainua, kalearen pribatizazioaren beste adibide bat baita bertan bainua ukatu nahi duela udalak.
– 19:00etan Bulebarrean asanblada.
– Jarraian, mobilizazio baketsua, asanbladan adostuko dena.
“Ezin gaituzte kaletik bota”
Esaldi eta hitz ezberdinekin, asanbladan hitz egin da gaur gizarteratu nahi duten ideia honakoa dela: “Kalea herritar denona da”. “Kalea ez da alkatearena”. “Zergatik ezin dugu kalean nahi duguna egin, errespetuz ari bagara?”. “Ez dugu plaza okupatzen, erabiltzen ari gara”. “Kalean bizi diren herritarrak babesgabe uzten ditu Udalak, Gabonetan bi pertsona hil ziren”…
10:45 aldera, plastikoak zabaldu dituzte lurrean eta arratsaldeko mobilizazio baketsurako lemak asmatu eta pankartak egiteari ekin diote. “Errimatu dezala…”, “Eneko Goia kasketa harrapatutako ume modura marrazten badugu, ‘kalea nirea da!’ garrasika?”, “‘Goia aspertsoreen morroia’ zer iruditzen?”. Sormen tailerrak umorea barreiatu du. Beste kide batek informazio gunea jartzeari ekin dio, pasaeran dabiltzan herritarrei hizkuntza anitzetan azalpenak emateko. Gaurko egitaraua kartel bihurtzeari ekin diote beste kide batzuek. Sare sozialetan egitarauaren berri ematen hasi dira.
ETB eta Euskadi Irratiko kazetari batzuk etorri dira euren lan tresnak eskuan, goizean gertatzen ari denari buruzko azalpenak nork emango dizkien galdezka: “Orain arte hitz egin ez duenen bat, eta neska bada hobe…”; lagundu die kide batek hizlaria topatzen. Aurkezleak galdetu du: “Zergatik bota zaitzakete Gipuzkoa Plazatik eta hemendik ez?”; “Oso galdera ona, galdetu beraiei! Ea zer zentzu duten arau horiek…”, gonbidatu du herritar batek kazetaria galdera agintariei zuzentzera.
12:00etan: borroken uztartzea
Udaltzainak datozela alarma jo du hainbat kidek kiosko gainetik. Denak gora igo dira eta eskura izan duten materiala ere eurekin igo dute, udaltzainak materiala kentzera datozen errezeloz. Gipuzkoa Zutik!eko kideak kioskoaren eskaileretan eseri dira, udaltzainei sarrera eragozteko. Udaltzainak kioskoaren kanpotik hasi dira zintzilik dauden pankartei tiraka, eta hautsita daramatzate.
Plazan oihu ugari entzuten da: Duintasuna pentsio duinen aldeko jubilatuen elkartea espero bezala iritsi da, euren pankartak eskuan, Gipuzkoa Zutik!ekin bateratzera, eta liskar honekin topo eginda, babesa adierazi diete Bulebar kiosko barruko gazteei. “Ez, ez, ez, errausketarik ez! Bai, bai, bai, osasuna bai!” oihukatu dute. Kioskoko gazteek “Guztiontzako pentsio duinak!” oihuka erantzun diete kiosko barrutik, babesa eskertzeko asmoz.
Amona xahar txiki bat bi ertzainengana joan da zuzen, eta eskubiderik ez dagoela oihukatu die. Lasaitzen eta bertan mantentzen laguntzen dio Gipuzkoa Zutik!eko kidea den gazte batek.
Ertzainek segurtasun kordoia osatu dute Bulebarreko zuhaitzetik zuhaitzera prezintu gorria zabalduz. Gero eta gehiago dira hor geratzen diren herritarrak (baita turistak ere, kamera eskuan) eta hauek ere ez daude isilik “zuen seme-alabak izan zitezkeen!” errepikatzen du behin eta berriz batek.
Gipuzkoa Zutik!-eko kide bat udaltzainekin enpatizatzen. Juxtu berarekin ez du izan jarrera adeitsu bera “udaltzain(?)” batek.
Gipuzkoa Zutik! ekimeneko kideek udaltzainei mezu hauek bidali dizkiete: “Zuek ere gaixotuko zaituzte erraustegiak. 20 urte barru gogoratuko zarete egun honetaz”. “Denon onerako ari gara, batu zuek ere gure borrokara!”. “Hau ez da zuen lana!”. Izan ere, Gipuzkoa Zutik! ekimenean, aurreko egunetan aipatu izan da Donostiako udaltzainen artean iskanbila handiak dituztela: ertzainen lanak egiteko agintzen dietela, eta batzuk ez daudela horretarako prest.
Udaltzainek eskaileretako lehen lerroko kideak atera dituzte. Elkarri lotuta egon dira Gipuzkoa Zutik!eko kideak eta indarka eraman dituzte. Tentsio uneak bizi izan dira kioskotik atera dituzten pertsona hauen eta udaltzainen (lehenik) eta ertzainen (ondoren) artean. Indarkeriarik gabe, kanpaldian dagoen pertsonetako batek zorrotz hitz egin die: “Badakizue hau ez dela zuen lana!”. Kioskotik oihu hauek entzun dira: “Hau al da zuen bakea?”, “hau al da kultur kapitala?”, “alde hemendik, utzi bakean!”…
Abokatuaren oharrak
Gipuzkoa Zutik! mugimenduarentzat lanean ari den abokatua hurbildu da eta udaltzainen operatiboko mandoak esan diona jakinarazi die: “Ertzainak segurtasun kordoia egiteko bakarrik etorri dira. Eta udaltzainak pertsonalak ez diren gauzak eramatera etorri dira”. Abokatuak dioenez, galdetu egin dio operatiboko mandoari: “Beraz, jendearen kontra ez?”. “Printzipioz gauzak eramateko bakarrik”, erantzun dio. Abokatuaren hitzetan, Udala da agindua eman duena. Kronika hau idazterakoan abokatuak adierazi duenez: “Gauza pertsonalak ez dituzte eraman nahi izan (aurreko astelehenean pertsonalak ere eraman zituzten). Kolektiboak direnak bai, beraz, euren helburua kanpamendua birsortzea eragoztea izan da, dudarik gabe”.
Materiala beharrik gabe txikitu, eta kide gutxi batzuen kontra egin ere bai
Herritarren begietara, udaltzainen jokabidean ulertzeko zailena egiten dena materiala nola eraman duten izan da. Are, erraustegia ikono duen mugimenduarentzat objektu materialek balio eta funtzio anitz dituztenean. Ahal den guztia berrerabiltzen da, materiala egun osoan zaintzen, antolatuta gordetzen, partekatzen… Kioskora atzeko aldetik (eskaileretan jendea baitzegoen eserita) igo dira udaltzainak eta gauza guztiak kioskotik behera jaurtiki dituzte: platerak, kontenedorea (barruko botilak hautsi dituzte), paellera…
Hori galarazteko, Gipuzkoa Zutik!eko hainbat kidek gizakatea egin dute materialaren eta udaltzainen artean jarriz. Gainerako kideak, eskaileretatik hasi eta kiosko zentrora zabaltzen zen uhartetxo bat osatu dute lurrean eserita, erdian pankartak eta ahal zutena ezkutatzen zutela. Oihu gogor egin dute uneoro.
Bideo irudietan ikusten denez, udaltzainetako batzuek giza kateko kide batzuk indar handiz askatu dituzte katetik. Udaltzainetako batzuek ez dute batere indarkeriarik erabili, besteren batek kolperen bat edo beste eman dio katetik askatu eta makurrarazi duen gazteari.
Baina udaltzain bat nabarmendu da denen gainetik, indarkeriaren erabileran. Immobilizatzeko teknikak erabili ditu kideetako baten aurka, eta gaztea lurrean etzanda zuela eskua kioskoko barandaren kontra estutu dio, belauna lepoan sartuz (itoko zuela zirudien). Udaltzainenak bakarrik ez diren ikasgaiak jaso dituela pentsatzeko zantzuak ematen ditu gainerako udaltzainengandik hainbeste ezberdintzen den bere jokabideak.
“Vergüenza me daría, ser policía” (lotsa emango lidake polizia izateak) oihukatu dute Gipuzkoa Zutik!eko kideek kiosko barrutik (erdarazko lema bakana izan da).
Udaltzainak material baliotsua txikitu ostean, zabor kamioira botatzen.
Zabor kamioia etorri da, “garbitu” errotulua idatzita duela. Kamioira bota dituzte txikituta, herritarrentzat eguneroko bizitzari eusteko baliotsuak ziren objektuak.
“Gaur guk irabazi dugu! Ez goaz etxera!”
Misioa konplituta ikusi uste izan dutenean, ertzainek “segurtasun” kordoia kendu dute eta hauek eta udaltzainak Bulebar plazatik atera dira. Presentziarekin babesa ematen ari ziren herritar helduek azken agur mezuak eman dizkiete: “Pozik zoazte?” , “lehertuta iritsiko zarete etxera. Masaje baten premia izango duzue…” .
Txalo zaparrada jo diete Bulebarreko kioskoan eusten dioten kideei. Poza gailendu da talde trinkoaren artean, eta builaka adierazi dute: “Gaur, guk, irabazi dugu!”; “Ez goaz etxera, ez goaz etxera…”; “Erraustegia geldituko dugu!”
Amador Fernández Savaterrek Gipuzkoa Zutik! eta M15 lotu ditu
2016-06-06 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Igandean (ekainak 5ean) solasean aritu zen alfonbra berdean bildutakoekin, M15 eta Gipuzkoa Zutik! esperientziak uztartuz. Hauek dira aipatu ziren ideietako batzuk (gehiago oroitzen dituzuenek bidali, eta pozik gehituko ditugu):
Galdera gakoa: zerk sortzen du bertan parte hartzeko ilusioa?
Horixe da behin eta berriz sakontzeko eskatu ziguna. Zerk sortzen du hain giro ona? Zerk eusten zaituztete hemen? Hainbat puntu atera ziren bertaratutakoen artean:
– Ezagutu ditugun beste dinamikekin ezberdina dela: asanbladatan oinarritua, horizontalagoa… lehen asanbladan ikusi zela benetan ez zegoela planik edo definitutako helburu eta biderik, bertan erabakitzen joango ginela dena…
– Oinarrietako bat dela ez dugula ados egon beharrik, inork ez duela inor behartzen ez mugatzen, eta beraz, bakoitzak nahi duena egiteko modua duela.
– Eraginkortasuna ikusten zaiola. Lehen aldiz bizi izan dugula poliziak atzera egin eta herritarrek plaza berreskuratu zuten momentua. Nabari dela politikarien agendan eragiten dugula, min ematen diela gu hemen egoteak.
– Orain arte taldeetan bere burua identifikatua ikusten ez zuenak, ikusi duela emateko duen hori atera dezakeen espazio ireki bat, nortasun-hizkera eta gainerakoak definitu gabeak dituena. Marko zabala eskaintzen duena.
– Umorea dela nagusi ekintzetan: Markel Olanori zorionak zuri kantatu zitzaion hartan bezala, edo igandeko manifreestyle-an nagusi izan zen bezala.
– Ahaldundu egiten gaituela. Ikusten dela posible dela gauzak geldiaraztea eta gauzak beste era batera egitea.
– Eguneroko praktika txikiek esanahi handia dutela.
M15ekin “espero baino harreman handiagoa”
Halaxe bota zigun, solasaldi horren aurretik entzun zuenaren arabera, berak espero zuena baino antzekotasun handiagoak ikusten zizkiola Madrilgo Sol plazan abiatu zen M15ekin.
“Eta zer da, bada, entzuna zenuena, edo espero zenuena?” galdetu zitzaion berehala. Fernandezek azaldu zuen urteetan izan den moduan, zera identitario eta nazionalista ardatzetako bat izatea espero zuela, eta korapilo hori deslotzen eta eztabaidatzen arituko ginela. Aldiz, honakoan ez zuela hori aurkitu.
Hemen diskurtso gutxiago eta praktika gehiago
Azaldu zuen M15ean hasieratik bilatu zena diskurtsoen arteko kontsentsua zela: norberaren bizipenak eta haserrea besteren ahotan eta besteren hitzetan entzuteak elkartu zituela, horri tarte handia eskaini zitzaiola, eta erabaki denak asanbladan kontsentsuz hartu behar zirenez, ekintzetara iristea asko kostatu zela.
Denen artean azaldu zitzaion Gipuzkoa Zutik!en oinarria juxtu bestea dela: ez dugula ados egon beharrik. Ekintzak direla bertako oinarria, lehen egunetik horiek pentsatzen eta gauzatzen aritu garela, eta inori ez zaiola baimenik eskatzen horretarako. Taldeak autonomiaz aritzen direla. Izatez, ez dakigula gainerakoak zer ari diren egosten. Eta asanbladetan eta talde txikietan, gaiak oso proposamen zehatzei buruzkoak izaten direla, ez garela analisi eta diskurtso abstraktuetan aritzen.
Antolatzeko modu horrek operatibitatea ematen digula esan zuen Fernandezek.
Ikono eta hitzen garrantzia
Koloretako oihal biribila ikono bihurtu dela azaldu zen. Ikonoek asko laguntzen dutela azaldu zuen Fernandezek, eta hizkuntzak ere bai. Tailer literarioek joko handia eman dezaketela, beharrezko dela xahutu gabeko hitzak sortzea, denok ulertzeko moduko azalpen sinple baina aldi berean indartsuak (“%99 gara”, esaterako). Sare sozialetan Gipuzkoa Zutik!-en barruan literatura handia ikusi duela adierazi zuen batek. Eta larunbateko manifestazioko kantuak ere horren adibide direla.
Espazio irekien garrantzia: jendea joan-etorrian ibili dadila
“Ez dadila heroi edo ezinbesteko kiderik egon. Edo ahalik gutxien izan daitezela. Jendeak hemendik irten behar du kulparik sentitu gabe. Batzuek joan eta besteak etortzea oso onuragarria da”. Bere kideak (barkatuko ahal dit, izena ez jakiteak) azaldu zuen oradoreak izan ohi direla asanblada guztietan egon zaleak, joatea zailago egiten zaienak. Eta eguneroko bizitzari eusteko lanean aritzen direnek (otorduak prestatzen, txukunketa lanetan…) errazago uzten dutela egun batetik bestera.
Espazio irekiak sortzeari garrantzia handia eman ziotela M15en azaldu du: gunea txukun eta garbi egon zedila, erabilera ezberdinetarako atondua, lehen aldiz zetorrena eroso sentitzeko moduan adierazia… gustura elkartzeko leku bat.
Maitemindu fasean omen
Zer fasetan ikusten gaituen galdetu zitzaion. “Enamoramendu fasean”, bere erantzuna. “Gauzak berez irteten diren fasean, energia handia dagoenean, ia tira edo bultza beharrik ez dagoenean, dena ilusioa den fase eder horretan… Ondoren datozen faseak ere ederrak dira, baina mugimendua heltzen doan heinean gatazkak etortzen dira (ongi-etorriak! beharrezko baitira). Horiek gainditzeak indartzen du gehiago mugimendua”.
Arratsaldean hartu beharreko “erabaki handi”rako pistak
Gipuzkoa plazan “ez goaz etxera!” esan genuela astebete kunplitu genuen egun horretan. Abiatu aurretik inork gutxik egingo zuen apustu “astebete!”. Egunka egiten ziren kalkuluak. Beharbada horregatik, “asteburura iritsiko gara eta orduan bai jendetza izango garela!” da plazan bizitza egiten zutenen artean elikatutako ametsa. Horrek ekarri zuen berarekin “eta igandetik aurrera zer?” galdera (beti helburu argi bat izaten, hasterako bukaera pentsatzen heziak garen seinale?).
Fernándezekin izandako solasaldiaren amaieran, dilema handi horiez aritu ginen. Plaza hartu aurretik erantzun gabe genuen galdera zela: “Zein da azken helburua? Noiz arte ez goaz etxera?”, baina erantzun handirik izan gabe abiatzearen aldeko hautua egin zela, erantzunak prozesuan zehar denon artean landuko ditugulakoan. Ba ote zuen zentzurik, beraz, igandean “jarraituko dugu?” galdetzeak? Igandea ez ote zen, larunbata edo asteartea bezala, egun bat gehiago hasi besterik egin ez den mugimenduan? Maitemindu fase horretan? Lehen igandean 200 lagun batu ginen asanbladan, handik astebetera 2.000 lagun manifreestylean. Zergatik ez gara hurrengo astean beste hainbeste biderkatuko?
Komunikabiderik handiena, herritarrok gara
Hedabideez aritu ginen. Euskaldunoi iristen zaizkigula batetik ez bada bestetik horrelakoen berri, baina erdaldun elebakarrak salduta daudela mediatikoki, DV dela Gipuzkoan nagusi eta gipuzkoar gehienak jabetu ere ez direla egin Gipuzkoa Zutik! ekimenaz (ETB ez zen salbuespentzat aipatu). Beraz, irudipena izan dezakeela sare sozialetan dabilenak sekulako zurrunbiloa lortu dugula, baina dagoen hedabideen panoraman, aste bakarrean ez dagoela ekintza bat herritar denei komunikatzerik. Diagonalek artikulua atera izanak ekarri duela erdaldunen artean (bertako eta Espainiako) hesi batzuk gainditzea…
“Ez ahaztu: komunikabiderik onenak, gu gara, herritarrok” esaldia utzi zigun Fernándezek. Ahoz aho eta herritarretik herritarrera transmititzen dugun bizipoza, mugimendu honetan dugun sinismena, hori da komunikabiderik onena.
Babesik onena, bertan ez dauden herritarren sinpatia
“Zergatik ez gintuzten Sol plazatik bota? Herritarrek begi onez ikustea lortu genuelako”. Gipuzkoa Zutik!-en babesik onena horixe izango dela azaldu zigun.
Gipuzkoa Zutik!-en gertatua: Gozo-gozo, latosoa kanpora
2016-06-06 // Feminismoa, Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Larunbata goiza ekintza batekin hasi zen, plazan egotea bera ekintza bat den Gipuzkoa Zutik!-en.
Larunbata, ekainak 4, goizeko 7:30ak. Bi lagun (bata umea) esnatu eta Gipuzkoa Plazako kafetegietako batera sartu dira gosaltzera. Tripa ederki betetzeko moduko gozoak eskatu eta mahaian jarri dira. Beste emakume heldu bat ari da gosaltzen haragoko mahaian, eta gizon heldu bat zerbait eskatzen ari zaio dendariari.
Zerbaitek arreta deitzen du. Luze ari zaio eskean, erdi xuxurlan, seduktore izan nahi duten jarrera pastelekin… Dendariak haizea hartzera bidaltzen du esaldi ezberdinekin, tonua altxa gabe beti ere, bezerook “deseroso” sentitu ez gaitezen.
Joan da noizbait gizona.
– Zer? Lata? – galdetu dio Gipuzkoa Zutik!-en gaua pasatua duenak.
– Buf… bai… egunero etortzen da…
– Eta? Hemen bukatzen da, edo segi egingo du?
– Gero berriz etorriko dela esan du…
– mmm… zerbait egin beharko da, ez? Jada gauza batzuk onartzen jarraitzea ere…
Bost minutura itzuli da Osbornea. Ekin berriz ere zerbitzatzen ez dena eskatzeari.
– Bera da? – ziurtatu nahi izan du Gipuzkoa Zutik!-ekoak, hankarik ez sartzeko.
Saltzaileak buruarekin baietz.
– Oraintxe gatoz.
Lo-zakuetan esnatu berri daudenei azaldu diete egoera. Berehala osatu da neska-mutil koadrila. Zintzarria hartu du batek, eta hor doaz, “tolon… tolon… tolon…” pausatuki joaz, zuzen, kafetegira.
Gizon gazteek inguratu dute gizon zaharra. Denok isilik, latosoaren bizkarrean entzuten den “tolon… tolon… tolon…” zintzarria salbu. Begirada zorrotzez inguratu dugu. Gizonak halako giro deseroso eta tentso bat nabaritu du, berez ezer gertatzen ez denez, ezin du, ordea, horri buruzko ezer esan… Isil isilik atera da. “Orain berarekin hitz egingo dugu kanpoan, hemen zaratarik ez sortzeko” esanaz agurtu dute dendaria.
Kalera irtenda hiru mutil gaztek eman diote mezua, esplizitoki: “Dendari honek esan digu egunero etortzen zarela eta ez duzula bakean uzten. Esan dizu ezetz, ezta? bada orduan nahikoa da! Hau abisu bat da, ulertu duzu?”. “Bai…” bat esan eta alde egin du gizonkoteak.
Gipuzkoa plazako parkera bidean, hantxe daude bi ertzain, Gipuzkoa Zutik!-en pareko erreleboa betetzen, egun osoan egiten duten moduan. “Nor zaintzen? Norengandik?” galdetu dezakete, 20 metrora egunero gertatzen zen erasoa geldiarazten saiatu direnek.
Gipuzkoa Zutik! Asteburuan umeekin joateko deia egin dute hainbat gurasok
2016-06-02 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Hauxe da zabaldu duten mezua, espiritua azalduz:
Umeekin parte hartuko dugu Gipuzkoa Zutik!-en, asteburuan hasita
Ostiral arratsaldetik aurrera, hainbat gurasok adierazi dute umeekin parte hartuko dutela kanpaldian. Umeentzat ere oso esperientzia aberasgarria izan daitekeelako, eta eguneroko bizitzatik ikasten delako.
Gainera, erraustegiaren ondorioak gehien jasango dituztenak izango dira, eta eguneroko errealitatearen berri izan eta hausnartzeko adin guztiak dira egokiak. Politikariek, herritar guztiak infantilak bagina bezala tratatzen gaituzten garaian, txikitatik kritikotasunean eta erabakiak hartzen hezi nahi ditugu, kolektiboki.
Gipuzkoa Zutik! mugimenduak eguneroko elkarbizitzan darabiltzan oinarriekin funtzionatu nahi dugu: auzolanean, arauak denon artean adostuz, egingo ditugun ekintzak geuk antolatuz, elikadura zaintza eta gainerakoak kolektiboki bermatuz…
Ostiralean 17:00etan egingo dugu haur eta gurasoen asanblada, asteburua elkarrekin gustura pasatzeko.
Estatuko lekurik garestienean, hondartza ondoan, guk nahi dugun bezala bizitzeko aukera! Hauek bai udalekuak!
Gipuzkoa Zutik! Elikadura praktikatik landuz
2016-06-02 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Elikadurak leku handia du Gipuzkoa Zutik plazan. Lehen egunetik jarri zen sukaldea, eta igande arratsalde hartako asanbladako azken puntua behar adina errepikatu zuen sukaldari arituko zenak “elkarrekin afalduko dugu? zenbat geratuko gara afaltzen?”.
Geroztik elkarrekin otorduak egiteko jantoki irekia da Gipuzkoa Plazakoa. Aski du edozein herritarrek inguratu (hobe otordua baino pare bat ordu abisatuta, kopuruak kalkulatzeko) eta bera ere jaten geratuko dela esatea. Ahal duenak ahal duenean laguntzen du: bazkaria prestatzen, mahai jartzen…ez kezkatu konpainiagatik: gehienok bakarka goaz, eta ondoan tokatzen denarekin egiten dugu solasaldia.
Arrikoa norberak berea egitea adostu zen lehen egunean. Bi baldekada ur jarri ohi dira lurrean, bata xaboiz eta espartzuz garbitzeko eta bestea aklaratzeko. Ura San Martin azokako iturritik ekartzen da, bidoietan. Gipuzkoa Plazako iturria (behetik gora txorrotada txiki bat botatzen duen hori) ez baita ezpainak bustitzeko bestetarako gai. Uraren pribatizazioaz, iturri publikoez eta aurrezten dugun plastikozko botilez zer pentsa eman diezaguke.
Menua dena delakoa izanda ere, prezioa beti bera: borondatea. Horrekin ordaintzen dira egin behar izan diren erosketak, sukaldeko gastuak, eta soberakinik badago, Gipuzkoa Zutik! kanpaldiko gainerako gastuetara bideratzen da.
Elikagaiekin ere, birziklapena
Egun batean eta bestean ateratzen zen gaia. Baietz, batzuek egin izan zutela lehenago. Dendek zaborretara botatzen duten janaria hartu eta prestatzea, alegia. Asteazkenean, goizean ertzaintzak behartuta Gipuzkoa Plaza utzi eta arratsaldean herritarrek plaza berreskuratu ostean, egoerak aukera eman zien janari birziklapena martxan jartzeko. Inoiz baino jende gehiagorentzako afaria prestatu behar, eta tajuzko erosketarik egiteko tarterik izan ez. Batzuek Amarara jo zuten, beste batzuek Antiguora, Aietera hirugarrenek eta beste talde bat Alde Zaharrean aritu ziren. “Badakizue zer egin beharko duzuen, ez? Burua kontenedoreetan sartu, poltsak miatu, freskoa eta ustela bereizi…” bota zuen esperientzia duenak eta merkatalgune bakoitzak hondakinak ateratzeko duen ordutegia ezagutzen duenak.
Alde Zaharrekoek, zortea
San Martin inguruan dagoen barazki eta fruta denda txiki batera jo zuten lehenik, dendariak aprobetxatu ezingo zuen elikagaien eske. “Ordu honetan… ez dut ezer. Atera berri dugu zaborra. Postrerako sagar batzuek emango dizkizuet”. Salduko lituzkeen sagarrak eman dizkie Gipuzkoa Zutikeko kideei, azpegiz bertan jaiotakoa ez dirudien dendariak. Eskertu ostean, zaborra nora ateratzen duen galdetu diete eta honek kalea seinalatu. Zuzenean jo dute bertara, kontenedorea ireki eta… dendariaren poltsarekin topo. Denak zuen alderen bat mailatua, baina beste alderen bat jateko modukoa. Eta tartean plastiko, fardel eta besterik batere ez.
Ondoko kontainerretan bila ari direla, ikaskide ohi bat inguratu da. Zer moduz bizi den, zertan gabiltzan… azalpenak ematera behartua ikusi du bere burua gazteak, eta irria ezpainetan Gipuzkoa Zutikez eta erraustegiaz mintzatu zaio. Joandakoan “ufff… ikaskide hori den pinpirinarekin… eta gu zaborretan eskua sartzen!” barreka joan dira afaria prestatuko den elkartera.
Trinitate plazako auzo-baratzea
Uaza garbitzen ari dira ordurako elkartean. “Hauexek dira azkenekoak! egunotan denak jan ditugu” azaldu du, uzta pozik erakutsiz.
Jende pila eta hiru belaunaldi ari omen da San Telmo ondoko baratzean. “Baratzaren aurretik, kristal hautsiak eta xiringak baino ez zeuden”. Hala ere, jarri orduko kendu zizkieten udaltzainek baratzearen inguratzeko harriak. Auzokonposta egiten dute bertan eta Gipuzkoa Zutik! plazako organikoa hara eramaten da.
Gogoratu naiz baratzeek hiriei akupuntura egiten diotela azaldu zuen hitzaldi hartaz.
Gipuzkoa Plazan astelehen gauean landatu zituzten uazak. Bertatik pasa zen emakume heldu bati irria loratu zitzaion hain kurioso eta koreografia osatzen zutela ikusita eta “ea jaten dituzuen!” batekin agurtu zen “bota duen euriarekin, berehalakoan, seguru!”.
Udalak ere egin nahi izan du bere ekarpena, eta ostegunean, goizaldeko 14:00etan aspertsoreak jarri dituzte martxan (normalean 8:00etan omen dute ordua). Umorea dario, ordea, mugimenduari:
Denda txiki eta tabernarien elkartasuna
Egiatik ekarri dute “altxorra”. Bertako harakin batek emandako txorixoa, xolomoa… “Beganoek akabatuko gaituzte!” bota du ateraldia sukaldean ari denetako batek. Patata tortila da egunotan guztiotan jan duten elikagai ez-begano bakarra. Otorduetan solastu izan dute batekin eta bestearekin zergatik den begano, gizakiok elikatzeko ditugun kontraesanez, bizidunen arteko hierarkizazioez…
Asteazkena pintxo pote eguna duen Alde Zaharreko tabernariak 22:00etan pasatzeko enkargua eman du. Baliatu ez direnak gustura emango dizkigula. “Nire bezero gehienak Gipuzkoa Plaza berreskuratzeko protesta honetan zeuden, beraz, gaur pintxo bat baino gehiago sobratuko zirela espero dut!” esan du umorez.
Elikagai hondakinez zer pentsa
Ez dago ezer azaldu beharrik, Donostian egunero zaborretara botatzen denarekin lasai asko ehunka lagunek jango luketela esanda. Guztion dirua kudeatzen duten erakunde publikoek ez lukete batere zail izango dendariekin sarea jostea, eta hauek zaborretara beharrean sukalde herrikoi batera bideratzea. Prezioa falta, ordea (borondatea, alegia).
Asteazken gauean elkartean sukaldean ari denetako bat sukaldaria da, lanbidez. Berak bereizi ditu elikagaiak. Alberginiari labana sartu dionean, pena aurpegia jarri dut. Pasatutakoa erabat. Etxeko sukaldea banu, konpost pertzara botako nuke, seguru. “Hau ona dago. Oraintxe jateko bai, oso ona”. Glups! gure ezjakintasunean eta sartu diguten itxurakeriazko “on-txar” aurreiritzi horiekin, zenbat elikagai botatzen ote ditugu, alferrik, egunero?
Bizitza loratzen ari da Gipuzkoa Plazan
2016-06-01 // Gipuzkoa Zutik!, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hirugarren eguna baino ez zen atzo, asteartea, errausketa sinbolotzat hartu eta “ez goaz etxera” esanda, Gipuzkoa Zutik mugimenduak plazan berezko bizitza landatzeari ekin ziola. Eta dagoeneko zenbat adibide txikirekin begiratu diogun elkarri eta “ze onaaa!” pentsatu, detaile txikienak beste ate handi batzuen sarrailako zirrikitua izan daitezkeelako sentsazio partekatua biziz. Mugimendua esnatu da, martxan dago, eta ondorengo egunetan biderkatu baino ez dela egingo pentsatzeko traza ematen diote detaile xume hauek, eta asteburuan jende elkartzea masiboa izango dela irudipena konpartitua da:
[Lehen kolpean gogoratutakoak doaz zerrenda honetan, ziur Gipuzkoa Plazatik pasa zaren horrek beste hainbat badituzula, eta erantzun gisa bidaliz gero, bere lekua izango dute txoko honetan]
– Elkartasuna martxan da: Hiru egun baino ez, eta dagoeneko badira ogia ekarri dutenak, eztia, gailetak, tortillak, bizkotxoa… guztioi jaten ematen digun sukaldera. Alde Zaharreko auzobaratzeko lagunen letxuekin entsalada ederrik ere jan dugu! Eta batez ere, asko eta asko dira bertatik pasa eta herriari jaten eman nahi diotela adierazi dutenak, hurrengo egunetan janaria prestatuta ekarriko dutela iragarri dutenak.
– Hainbat borroken mobilizazioak plazan uztartzen hasiak dira. Hiru hilabete bete zituzten asteartean errepideetako langileek greban. Astearte eta ostegunero ohi duten eran, Gipuzkoa Plazan egin zuten elkarretaratzea, 12:00etan. Oraingoan, aukera izan zuten denek Gipuzkoa Zutikeko karpa koloretsuaren azpian hamaiketakoa egin eta bakoitzak bere mobilizazioaren berri eman eta elkartasuna etxeratzeko. Gazte batek adierazi zuen gisa: “Elkartu behar dugu, banaka bagoaz arpa jotzen digute-eta. %99 gara!”.
– Ekintza txikiak egiten eta sare sozialetan zabaltzen ari dira. Astelehen eguerdian atera zen argitara lehena, erraustegia egiten ari diren hondeamakinen kontrol kaxa kendu zietela. Astearte gauean uazak landatu zituzten Gipuzkoa plazan. Asteazkeneko asanbladan ekintza zehatz mordoa ernetu ziren. Bakoitzak nahi dituen ekintzak era autonomoan egitea adostu zen, zentralizatu gabe. Gipuzkoa Zutik-en logoak eta ekintza egiterakoan erabili daitezkeen maskarillek emango diete batasuna denei.
Logoak eta maskarillek ematen diete batasuna ekintzei. #ezgoazetxera traola erabiltzen ari dira.
– Bakoitzaren onena ateratzen da, guztiontzat emateko. Sukaldeko trebezia batzuena, toldoak jartzen besteena, pankartak egiteko materiala ekartzen hurrena, kantaldia eskaini eta uneko egoerari kantuak atera zizkion kantautore harena, “donostiarrek begiak ireki ditzaten, burbuila hautsi dadin” marrazkia egin zuen artistarena, etxeko kide bat asanbladan eta kanpaldian egon dadin zaintzaz arduratzen denarena… Eman eta hartua da nagusi. Egitaraua denon bixtan dagoen plastikozko koadro bat da, aski da norberak eskaini nahi duena bertan jartzea, zein egun eta ordutan egingo duen adieraziz.
– Egunero 19:00etan egiten den asanblada, jendetsua eta parte-hartzailea izan da arratsaldero. Lehen eguneko asanbladaz gogoratuko dugu errondan eskuz-esku pasa genuela mikroa denei hitza emateko, eta isiltasun tentso bat zela biraka jarri zena. Ez gaudela ohituta, gai-ordena zuri egotera, 150 lagunen aurrean hitz egitera, pausoak denon artean hasieratik proposatzera… Asanbladan herritar batek talde txikietan biltzea proposatu eta egoera erabat bideratu zela. Asteleheneko asanbladatik aurrera, ordea, jada mikroa errondan pasa eta jende askok hartzen du hitza jendetzaren aurrean. Talde txikietan, zer esanik ez. Plazan agertu da jendeak talde lanerako duen kultura, parte hartze dinamiketan dagoen jakintza… bestelako iritzirik duenari oso gustura egingo zaio txoko honetan tartea, baina lehen asanbladatik hitzartzeak motzak izan direla eta elkarren sintonian egon direla, “hizkera bera erabili dugula” sentsazioa dago, ez garela adarretatik hurrunegi joan, errealitateko gai eta proposamen zehatzetara hurbildu garela.
– Parte hartzeko modu guztiak dira oso ongi-etorriak. Gipuzkoa Plazatik pasatzea eta batekin eta bestearekin EGOTEA, hori bera sekulako arnasa da. Elkarrekin gustura egotea, elkarrekin otordu bat partekatzea (aski da bazkaltzen edo afaltzen geratuko zarela abixatzea, janari kopuruak kalkulatzeko), parte hartzeko modu hori oso du beharrezko “ez goaz etxera!” praktikara eramateko mugimenduak. Bakoitzak bere gogo eta beharren arabera eskaintzen ditu ordu batzuk edo besteak: batzuek goizez daude, beste batzuek arratsaldez, bazkalorduan elkartzen dira edo bazkalosteko kafean besteak, arratsaldeko asanbladan gehienak, goizean lanak banatzeko beste asanblada bat egiten da gaua pasa dutenen artean, batzuek (gero eta gehiago) lotan geratzen dira… Inork ez dio inori konpromisorik “eskatzen”, eta inork ez dio inori konpromisorik “mugatzen”.
– Denok gatoz gure kabuz, eta inor ez dago bakarrik. Bazkaltzera eseri ginen. Elkarrizketa bizian jardun, barre egin… beste herritar bat gerturatu zen. “Kaixo! eseri naiteke?”; “Galdetzea ere? Kaferik nahi?”; beste herritar bat handik pare bat minutura (oraingoan mahaikoek egin diote lehen agurra, hurreratu dadin). “Denok ezagutzen duzue elkar? Ni etorri izan naizenetan lagunik gabe etorri naiz, koltxoirik gabe sentitzen naiz…”. “A, ba nik ere ez nituen mahai-kideak ezagutzen!” (bazkarian hasieratik den batek). “Koltxoia, koltxoia, denok etorri gara esterilarekin”, bistaz bat edo beste, baina elkarrizketak erraz sortzen dira. Gaia atera da asanbladetan ere inork ez duela bere izenik esaten, bere bururik aurkezten. “Agian ona da? agian ez dugu behar? elkar ezagutzen dugu hemendik eta kito?”; “Niri izenak esatea alferrik, oso txarra naiz buruan hartzeko!”. Harreraren garrantziaz, datorrenari berak nahi duen denboran geratzeko ateak errazteaz aritu gara. Bazkalostean arrikoa egiteari ekin diote batzuek. Informazio mahaian, harrera postua fin jarri dute besteek. Hizkuntza anitzetan azaldu diete gero eta gehiago hurbiltzen diren herritarrei (bertako nahiz udatiarrei) erraustegiaren gaia, zein den gure asmo zabala, zer egiten dugun plazan. Baina harrera hori, irribarre zabal bat ezpainetan, plazan gauden guztiok uneoro egitea dagokigu.
– Asteburuan umeekin lotara geratuko direla diotenak gero eta gehiago dira. Umeen elkarbizitza esperientzia oso polita izango den ilusioa partekatzen dute, elkarrekin antolatuko dituztela jolasak eta ekintzak, eta zaintza kolektiboa egiteko prest daude. Belaunaldi-arteko mugimendua nabarmenago ikusiko da asteburuan (asanbladetan, dagoeneko, hiru belaunaldi elkartzen dira), herritar denok eta denontzako ari garen seinale.
Pello Zubiriaren hitzaldia Gipuzkoa Zutik! ekimenean: “Erraustegia eta gizarte eredua”
2016-05-31 // Gipuzkoa Zutik!, Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Pello Zubiriaren hitzaldiak ireki zuen Gipuzkoa Zutik! kanpalekuko egitaraua, maiatzaren 30ean. “Errausketa eta eredu soziala” izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundi aurreko ibilbidea jendeak eta hitzak hartu zuen. Bertaratutako askorentzat errausketaz entzungo zuen lehenbiziko hitzaldia zen. Erraustegiaren aurkako mugimenduari ere egin zion bere ekarpena hitzaldiak, gaia bere zabaltasunean azaldu baitzuen (osasunean eta proiektuaren ezaugarri teknikoetan zentratuagoak diren hitzaldiak eskaini izan dira orain arte). Hitzaldia baliatuz P. Zubiriak egin zuen beste ekarpena, animoena izan zen, Gipuzkoa Zutik! ekimenean (euri zaparradak zaparrada) ekin eta ekin ari direnei indarrak eta arnasa emateko mezua ekarri baitzien: “Opa dizuegu irautea. Batzuek ez gara egongo nahi bezain beste, baina horrek ez du esan nahi jendea zuekin ez dagoenik, sare sozialetan ere nabaritzen da”. P. Zubiriak eskerrak ere eman zizkien: “Emozionatzen gara zuek hemen ikusita, gazte jendea sinistuta erraustegia itxi daitekeela eta gogo horrekin lan eginez. Badelako garaia zerbait egiteko. Erraustegiaren kontrako borrokan batez ere adin bateko jendea aritu gara: etxeko sukaldea manejatzen duenak daki gehien hondakinez, eta gehienetan emakumeei tokatzen zaie, tamalez, hori kudeatzea. Logikoa da gazteek gutxiago parte hartu izana, eta eskertzen dugu hemen dagoen aire berri eta mugimendu hori”.
Hauek dira azaldu zituen ideietako batzuk:
Occupy Wall Streetek zion bezala…
Eredu soziala dena da: eredu soziala da, baita ere, zuek ezin euri zaparrada baten erdian Aldundiaren azpiko arkupeetan babestu ahal izatea: herritarrok diruz ordaintzen dugun erakunde publikoko politikariak esatea ezin garela hor egon, eredu soziala da. Ez dago eskubiderik. Eskubiderik ez dagoen bezala, Zubietara (erraustegia egin nahi duten orubera) egin zen martxan esateko “kontuz, ez zeharkatu hesiak, eremu pribatuak dira”. Nola izango da hori eremu pribatua? Egungo agintariak zarete kostuak kolektibizatu eta etekinak pribatizatu dituzuenak. Hori da 2008ko krisitik denok ikasten ari garena, eta Occupy Wall Streetek sozializatu duen ideia.
Krisitik ikasi ditugun beste hainbat gauza
Non egon gara azken urteetan gure belaunaldikoak? Irudipena daukat ibili gara kaneloarena egiten, ustez hainbat eskubide lortu genituela eta bitartean boteredunak guri osten aritu dira. Erraustegia ere logika berarekin egiten den jokaldi bera da: zorra utziko dizue zuei eta ondorengo belaunaldiei eta pozoitu egingo zaituztete. Zorabio horren erdian, errausketaren kontrako mugimenduan hasi ginen NIMBY batzuek bezala (Not In My Back Yard, edo “ez nire etxe ondoan”): Ez ginen mugitu Bizkaian Zabalgarbi egin zutenean, eta pertsona bera da Zabalgarbiko plana egin zuena, Zubietako plana egin duena, eta Rezolan zementu fabrikan pneumatikoak erretzen dituena.
Ikasi dugu, baita ere, gure ezjakintasunaz baliatzen direla. Ez dakigula ezer hondakinez. “Ez arduratu basuraz, eman niri poltsa eta ni arduratuko naiz”, hori da zabaltzen diguten mezua. Badirudi “arazoa” desagerrarazten digutela, baina gezurra da, hondakinak ez dira desagertzen. Hondakinak dira giza baliabideek mugitzen duten aktibitate guztien %90. Egiten dugunaren %10 soilik baliatzen dugu, gainerako denarekin zerbait egin behar dugu. Denon problema bihurtzea batzuen negozio, hori da euren planteamendua.
Ikasi dugu gure hondakinak konpondu nahi ditugula urrutira bidaliz: aldatu zure ordenagailuak azkar, zure mugikorrak azkar, eta gero bidaliko ditugu Afrikara, eta haiek egingo dituzte guk egiten ez ditugun birziklapen lanak. Eta urrutiratzen ditugu denboran. Zenbat denbora behar dute gauzek desegiten? Latek 50 urte, plastiko batzuek ehunka urte, fardelek 450 urte… Aurkitu dugu sistema oso on bat hemendik 1.000 urtera etorriko diren jendeek jakin dezaten zer nazkagarriak ginen eta zer opari utzi diegun.
Sistemak erakutsi digu gure hondakinak gorrotatzen. EAJk zabaldu zuen kartela, atez atekoaren ondoan arratoi handi bat ageri dena, zentzu onari burla egitea da. Badirudi Usurbilen, Hernanin eta atez-atekoa dagoen gainerako herrietan arratoi handiagoak sortzen direla. Pixka bat bakarrik pentsatzen jartzea nahikoa da: arratoiak? egongo ez dira bada? eta berdin berdin daude arratoiak kontenedoreetan! beti ezagutu ditugu arratoiak kalean.
Langile prekarioak bihurtu nahi gaituzte, baina burgesen kontsumo ametsekin. Barrio pobreenetan ikusi dira gehien zabor poltsak zintzilik balkoietan. Ez daukagu bizitzeko erraztasunik, eta okurritzen zaigun protesta aukera bakarra da nahi dugunean basura ateratzeko libertatea izatea. Lasarten, esaterako, inork ez du errespetatzen zaborra ateratzeko ordutegia eta kontainerretan zehaztuta jartzen du, e!
Hemen dena labeekin konpondu nahi dute
Alfonso del Valekin ikasi genuen gauza oso xinple bat: errementariak dena konpondu nahi du burdinarekin, arotzak egurrarekin, eta hemen enpresa batzuek espezializatuta daude galdaratan. Nuklearrak, erraustegiak, zementu-fabrikak, denek oinarrian berdin funtzionatzen dute, dena konpondu nahi dute labeekin. Zabalgarbi enpresaren jabeetako bat da SENER, nuklearrak ere egiten dituena. Ez da kasualitatea erraustegietan txapeldun Frantzia izatea, nuklearretan ere halaxe direlako.
Konpainia berak dira errauste planta egin nahi dutenak: FCC [Koplowitztarrena], ACS (Florentino Pérezena). Enpresa horiek funtzionatzen dute, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatuan dihardutelako. Alegia, atez atekoa egin eta %80 birziklatu, edo %20 birziklatu, berdin berdin pagatu beharko diezulako.
Talkan: irtenbide garesti eta merkea, teknologia xinple eta konplexua
Konturatu gara hondakinen gaian soluzio merkeak badaudela. Orendain da Gipuzkoako lehen Zero Zabor herri txikia: txabola txikietan bideratzen dute gaia, planta erraldoien inongo premiarik gabe, eta urtean biztanleko 40 kilo baino gutxiago sortzen dute errefusetan.
Talka egiten dute teknologi xinpleak eta teknologi konplexu zentralizatuak. Ikusi besterik ez dago Zabalgarbiren argazkia, atzean Bilbo ageri dela. Ziklo konbinatuko plantaren ondoan dauka TMB planta bat (Tratamendu Mekaniko Biologikoa egiten duena). TMB bat izan daiteke Usurbil-Oñati-Hernanin sortzen ditugun 40 kilo errefusak inerte bihurtu eta betelanak egiteko, edo TMB bat izan daiteke Bilbo eta Baionakoa bezala: birziklatu gabe dena horra bota, gauza gutxi batzuk bereizi, gainerako dena lehortu, eta behin lehortutakoan hori guztia erre. Argazkian ikusten da Artigaseko zabortegia ere hortxe dagoela, beraz, erraustegiak ere zabortegia behar du.
Eredu talkaren beste adibide da lan indarra: kamioi handi eta robotizatuak nahi ditu eredu batek. Eta beste ereduak behar dituena langileak dira, kuboak banan bana hartuko dituztenak, ongi bereizita dauden begiratu eta biltzen dituztenak. Sistema horrekin lanpostuak sortzen ditugu.
Intoxikazioa (informazioarena)
Oligarkiaren hirugarren zangoa, Diario Vasco da. Ikusi besterik ez dago Gipuzkoa Zutik!-en ari zaretenoi zer kasu egiten dizuen. Baina azkenean kasu egin beharko dizue, agenda markatzen ari zarete-eta.
“Donostiako su artifizialek gau bakarrean gehiago kutsatzen dute erraustegiak urtebetean baino”. Hau esan eta publiko egiteko arduragabekeria duenak, ez du eskubiderik etxe horretan [Aldundia seinalatuz] agintzen egoteko.
Mezu nahasgarriekin lortzen dutena da jendea liatzea, tabernako hizketaldietan entzuten ditugu zer komentario botatzen diren, azkenean herritarrek esan dezaten “ze lio, dena da denaren berdina” eta ez horixe, dena ez da berdin.
Erabakitzeko eskubidearen prostituzioa
Gakoa ate birakariak dira, edo Berriak erabili ohi duen moduan (eta asko gustatzen zait esateko modu hori): ate-errotak. [Xabier Garmendiaren ibilbidea azaldu zuen (artikulu honetan du dena azaldua P. Zubiriak)]. Asteazkenean (maiatzak 25ean) egin du publiko Aldundiak erraustegiari buruzko dokumentazioa eta herritarroi hilabeteko epea eman digu errekurtsoak egiteko. Baina urteak dira plana egina zutela. Horien eskuetan gaude eta ez dugu horien eskuetan egon behar. Eskubidea dugu talde batek planifikatu ditzan hondakinak Gipuzkoan, parte hartuko dutenak alderdi politikoek, baina baita herritar taldeek ere eta independenteek, guztion artean hondakinak ahalik ongien kudeatzea lortzeko.
Erabakitzeko eskubidearen prostituzioa da herriz herriko hondakinei buruzko galdeketena: nik ez daukat inongo eskubiderik bozkatzeko ea Usurbili bidali nahi dizkiodan 50 kilo errefus edo 240. Eta hori ari gara bozkatzen mila lekutan. Eta ez daukagu eskubiderik. Ez dugun bezala eskubiderik Lasarteri edo Usurbili inposatzeko erraustegi bat, alternatiba martxan dagoenean: Italian Treviso eskualdea neurriz Gipuzkoa bezalakoa da eta zero zabor lurraldea da, urtean biztanleko 40 kilo sortzen ditu.
Rossano Ercolinik (Europa Zero Zaborreko lehendakaria) Hernanin esaldi hauxe utzi zigun: “Hemen denok hitz egiten dugu demokraziaz. Baina bata da behetik gorako demokrazia eta bestea da korporazioen diktadura”.
Bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi
Hernanin sinadura bilketa abiatu zen atez-atekoa ez jartzeko eskatuz. Ordura arteko lana bazirudien hankaz gora jarriko zela. Emakumeak izan ziren gai arazoaren irtenbidea beste era batera planteatzeko: Maialen Lujanbiok askatasun osoz egin zuen bere manifestua, “eskuak zenbat dezakeen”. Mezuak planteatzen zuen “egin dezagun froga”.
Oñatiarrek ere lezioa ederra eman ziguten (Antzuolak ere bai), erraustegitik gu baino urrutiago egonda, apustu egin baitute herritar guztion alde. Bertako pintada batek dioen bezala: “Burua duenak ez du erraustegia bere herrian nahi, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi”.