Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
“Presioak ez dakar ezer onik, libre jokatu behar da”
2022-07-05 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Pilota udalekutan ari diren gaztetxoek bisita berezia jaso dute uztailaren 4an: Iñaki Artola eta Oñatz Bengoetxea etorri zaizkie, eta jarrerak izan dira gaurkoan entrenatu dituztenak. Villabonako Behar Zana elkarteak bigarren urtez antolatu dituen udalekuetan begirale diren Iker Elizegi “Patas”, Asier Arteaga, Jonpe Artetxe, Eneko Maiz eta Iñaki Lizasok ere parte hartu dute. Hitzaldi bizia izan da eta bakoitzak bere bizitzako eskarmentuak azaldu ditu. Hona bost gakotan laburtuta:
1.-“Gehien gozatzen duena, hori da pilotari onena”
Oñatz Bengoetxea jarri du gozatzearen adibide Iñaki Artolak. Gogora ekarri du Artola debutatu berria zela, binakako txapelketako partida garrantzitsua jokatu zutela elkarren aurka Tolosan inauterietan: irabazten zuen bikotea finalaurrekoetara pasatuko zen, galtzen zuenak oso zail izango zuen aurrera jarraitzea. Partida bikaina egin omen zuten lauek, eta 21na jarri ziren. Azken tantoan, Bengoetxeak txokora dejada (“paradita”) bota zuen: txapagainean izan balitz tanto garbia izango zen, baina txapa hotsak galduarazi zion partida. Artola gaztetxoa aldagelan isil-isilik omen zegoen, Bengoetxea izarra zer jeniorekin sartuko ote zen zain, baina Bengoetxeak iritsi orduko bota omen zuen: “Bai ari ginela gozatzen! Nahiago nuke partida 25era izan balitz!”. Bengoetxeak gehitu du: “Pilota batzuetan txapa gainean gelditzen da eta beste batzuetan txapan. Hala da. Dejada bota eta txapa jotzea ez da galtzea. Hori gauza ederra da”.
Pilotan garrantzitsuena gozatzea dela azpimarratu du: “Urrian utziko diot zuriz jokatzeari. Atzera begiratuta gehien gogoratzen dudana da umetan zenbat gozatzen genuen jolasten. Gozatzen baduzu entrenatzen eta jokatzen jarraituko duzu, bestela ez. Horregatik da gozatzea inportanteena”. Eta gozamenarekin lotu du pilotari izatea: “Nik oso argi daukat, pilotari onena ez da irabazten duena edo txapela gehien dituena. Gehien gozatzen duena, hori da pilotari onena”.
2.-“Beste jokalariei errespetua”
Pilotak eman dien gauzarik garrantzitsuena lagunak direla adierazi dute biek; “eta lagunak zaindu eta maitatu egin behar dira”. Bengoetxeak zehaztu du pilotan lagunak direla bikotea eta partida horretako kontrarioak ere bai.
Artolak aitortu du gaztetxotan atzelari jokatzen zuela eta batzuetan berak egin izan zuela sakea, irabazteagatik. “Herriarteko Txapelketan irabazi egin nahi genuen partida, eta 20na gindoazen, eta nik egin nituen azken bi sakeak, entrenatzaileak hala eskatuta. Irabazi genuen, baina damutzen zait lagun min bati sakea kendu izana, atzera begiratuta nahiago nuke berak sakatu balu, galdu edo irabazi”.
Bikoteak huts egiten duenean errieta edo keinu itsusiak egiten badira, kontrako efektua lortzen dela azaldu du Lizasok: “Gero eta txikiago egingo da zure bikotea, gero eta okerrago jokatuko du. Alderantziz, animatu egin behar zaio, eta bien artean aurrera egin”. “Lehena errespetua” dela esan du Bengoetxeak, errespetuagatik ezin zaiola lagunari keinu itsusirik egin, “eta batez ere: alfer alferrik delako! Bera ere ahal duen ondoen jokatzen ari da, zu bezala, eta inori ezin zaio gehiago eskatu. Animatu beti zure bikotea eta horrela agian hurrengo tantoan ongi egingo du. Eta aizu! Zuk ere txarra egiten duzu eta zuk ere batzuetan gaizki jokatzen duzu!”.
Iker Elizagik kontatu du gaztetxotan berak entzun behar izan zituela bikoteko “ahulena” izatearen komentarioak. Herriarteko Txapelketan izan zen: “Herrian ilusio handia piztu zen txapelketa horrekin. Ni txikien taldekoa nintzen. Nire atzelaria oso ona zen, eta herrian esaten zioten beste aurrelari bat tokatu bazitzaion seguru irabaziko genuela”. Halakoak ez direla atseginak eta ez dutela ezertan laguntzen azaldu du.
3.-“Nola ikasten da gehiago pilotan?”
Artolak hirugarren helburu bat jarri dio pilotan aritzeari: Ikastea. “Eta nola ikasten da gehiago? Bikote on batekin jokatuta, eta beti irabazita? Edo txarragoa den bikote batekin jokatuta, eta tarteka irabazi eta tarteka galduta?”. Gurasoei galdera bera luzatu die. Asier Arteagak azaldu du helburua “norberak gero eta hobeto jokatzea dela. Berdin du bakoitzaren maila zein den, bakoitzak egunero ahalegina egitea da balio duena, eta bakoitzak egunero zerbait ikastea”.
4.-“Irabaztea eta gozatzea beti ez datoz parean”
Jokatzen duen orok irabazi nahi du, noski, baina irabazteak beti ez dakar zorionik. Jonpe Artetxek azaldu du Herriarteko Txapelketa batean partida irabazteko estrategia hauxe izan zela: “Nik pilotarik ez ukitzea, nire bikotea askoz hobea baitzen. Nik beti keinu egin behar nuen, eta niri botatzen bazidaten paretik kendu behar nintzen. Irabazi genuen, baina frontoian gehienetakoa sufritu dudan eguna izan zen”. Aurkari haien kontra berriz jokatzea tokatu zaio handik urte askotara, eta bigarren partida honetan lauek jokatu zuten oso ongi, eta galtzea tokatu bazitzaien ere, oso pozik joan zen etxera.
Arteagak gogorarazi die: “Gizarte honetan badirudi irabazi baduzu putoamoa zarela eta galdu baduzu ez zarela ezer. Inor ez da bigarrenarekin gogoratzen. Baina ez da hala: irabazten duzuenean ez zarete hain onak, eta galtzen duzuenean ez zarete hain txarrak”.
5.-“Gurasoek berdin afaltzen al dute irabazi edo galdu duzunean?”
Gurasoek seme-alabei egiten dieten presioa asko landu dute hitzaldian. Adibide positiboak emanaz ere bai: Artolak gurasoei eskertzen die inoiz ez diotelako presiorik egin, nahiz eta etxean pilotazale amorratuak diren: “15-16 urterekin pilota uzteko asmoa ere izan nuen, eta orduan ere ez zidaten ezer esan. ‘Hik ikusi behar duk’, esan zidaten”.
Eneko Maizek, Jonpe Artetxek eta Asier Arteagak ere azaldu dute haiek ez dutela etxean halakorik jasan behar izan, baina izan dituztela lagunak partida galdutakoan gurasoek errieta egiten ziotenak eta haietako askok 15 urte ingururekin pilota utzi dutela. “Pilota gozatzeko da, ez sufritzeko. Pilotan libre jokatu behar da” bota du Bengoetxeak.
Artolak umore finez zer pentsa eman die gurasoei: “Builaka aritzen dira guraso batzuk, baina oso hitz gutxi nahikoa dira umeei presioa sartzeko. Umeak ikusten badu irabazi duenean oso pozik afaltzen dutela gurasoek eta galtzen duenean ez dagoela halako umorerik mahaian, ezer esan gabe ere ederki ulertzen dute mezua”.
Grebek ere hezten dute
2022-03-24 // Herri mugimenduak, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Bada nerabe bat gurean, lagunekin lehen grebak eta manifestazioak bizitzen hasi dena.
Txantxangorri batek bezala esnatuko digu halakotan etxea, udaberriko goiz eder batez, okasiorako janzten den bitartean: nola joango diren Donostiara, nondik nora izango ote den manifa, polizia etortzen bada zer, ondorengo plana…
Mobilizazio hauen inguruan gurasoengandik askotan jasotzen duten mezua negatiboa da:
“Hori dena politika da”
Horretan ados, gure eguneroko bizitzako dena da politikoa!
“Ez sartu politikan, ez sartu arazotan”
Zer da bizitza, arazoen (txikiak, handiak, kudeagarriak eta konponezinak) segida bat ez bada?
“Eskola orduak galduko dituzue”
Nire ustez, eskolak, lehenik, giza eskubideak irakatsi behar lituzke, bere zabalean: generoak genero, arrazak arraza, jatorriak jatorri, sosak sos, pertsona orok berdintasunez tratatua izateko dituen eskubideak, egoera eta leku guztietan. Eta langileen eskubideak, herritar modura ditugun eskubideak…
Nire ustez, eskolak, bigarrenik, eskubideen alde egiten irakatsi behar luke. Eskubideen alde “lanean”, eskubideen alde “borrokan”, eskubideen alde “elkartasunez aritzen”…
Ez al ditugu bada eskolara “biharko mundurako trebatzera” eramaten? “Lan mundurako prestatzera” bidaltzen? Eta zer lan eta bizimodu izango dute, bada, bihar, beren eskubideen jakitun ez badira eta kolektiboki hauek defendatzen-borrokatzen ez badituzte? Kolokan ditugun zer eskubide eta bizi baldintza genituzke gaur, bere egunean borrokatu ez balira?
Grebek eta mobilizazioek ere hezten dute.
Koloreak kolore, eskerrak ikasle mugimenduei.
Lantokiko erasoen aurrean zer?
2022-03-08 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Feminismoaren eta langileen borrokak uztartzen ditu Emakume Langileen Eguna den martxoaren 8ak. 1911tik seinalatutako eguna den arren, oso berria da lan eremuko indarkeria matxista eta jazarpen egoerak lantzeko araudia: Nazio Batuen barruko erakundea den Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2019an onartu berri du lan munduko indarkeria eta jazarpenak bukatzeko hitzarmena. Eta gaur gaurkoz munduko lau herrialdetan soilik dago indarrean: Argentina, Fiji, Namibia eta Uruguayen. Datozen hilabeteetan beste sei herrialde hauetan aktibatuko dute: Ekuador, Grezia, Italia, Maurizio, Somalia eta Hego Afrika. Haien menpeko gaituzten Espainiak eta Frantziak oraindik ez dute nazioarteko hitzarmen hau onetsi ere egin.
Ez ote goaz duintasun berme oso eskasarekin emakumeok lantokira egunero? Justu emakumeen askapenarekin lotu izan den enplegu horretara? “Garapen pertsonala”, “ahalduntzea” eta gainerako hitz ponposoekin janzten dugun eremura? Klase borrokak erakusten dituen hierarkia eta indar-harremanen joko-zelai mixto horretan, gainera generoaren aldagaia, arrazarena eta gainerakoak gehitzen zaizkionean, botere gehiegikeriak gertatzen direnean, zer egin, nola jokatu? Emakume enpresarientzako sari distiratsu asko, baina lantokiko erasoen aurrean babesa larrugorritan dago, bere burua morez margotzeari ekin dion ustez herri “aurreratu” honetan.
Europako Osasun Mentala GKEak liburuxka bat atera zuen 2013an, lantokian indarkeria pairatzen zuten emakumeei eta lantokiko arduradunei erramintak emateko asmoz. Bertan diote lan eremuan indarkeria, jazarpen morala (mobbinga), jazarpen sexuala eta intimidazioa (bullynga) pairatzeko arriskua lotua dagoela generoaren arabera bereizitako lanekin, hau da, lan feminizatuekin, eta baita ere prekarietatearekin. Sektore hauek zerrendatzen ditu, jasateko arrisku gehien dutenen artean: irakasleak, osasun langileak, gizarte zerbitzuetako langileak, denda txikietako langileak eta langile publikoak. Zehazki, egoera hauetan handitzen da erasoak jasotzeko arriskua: jendaurrean lan eginda, ikuskaritza edo kontrol lanak eginda, dirua edo baliozko gauzak garraiatuta edo erabilita, pertsonei zerbitzuak emanda, ezegonkorrak diren pertsonekin zuzenean lan eginda, alkohola edaten edo zerbitzatzen den lekuetan lan eginda, zuzenean komunitatean lan eginda, bakarrik edo talde oso txikietan lan eginda edo leku bakartuetan, gaueko turnoan lan eginda, ezegonkorrak diren lantokietan lan eginda.
Jasaten duten emakumeek ukatu egiten dute eta isildu
Europako Osasun Mentala GKEaren liburuxkak argi dio lantokian erasoak jasaten dituzten emakumeek normalean ukatu egiten dutela egoera hau. Garrantzia kentzen diete gertakizunei eta zerbait ohikoa balitz bezala hartzen dute, hau da, ez dute jazarpena ikusten. Hau guztia autodefentsa mekanismo bat da, GKEaren arabera. Liburuxkan, langileak jazarpena identifikatu ahal izan dezan bere buruari egiteko galdera hauek ematen dituzte: ados nago erasotzailearen portaera horrekin? Enbarazu zait portaera hori? Nire duintasuna urratzen du? Lan eremu seguru batean duintasunez lan egiteko dudan eskubidea urratzen du?
Liburuak dio espero ez dena egin behar duela langileak: gertatutakoak hitzetara ekartzea, erasotzaileari zuzenean esatea zer egin duen, ekintza zehatzak definitzeko hitz zehatzak erabiliz. “Egizu akosatzailea bere ekintzen erantzule. Ez bilatu berarentzako aitzakiarik, ez ezazu antzeztu gertatu ez zenik”. Eraso hori bukatzeko eskatu behar dio langileak, serio, gorputz jarrera irmoz lagunduta. Eta noski, egoeraren kontzientzia hartuta, bere burua babestu behar du emakume horrek, enbarazu zaizkion egoeretan ezezkoa argi eta lasai esanaz, adibidez, erasotzailearekin bakarrik egongo den lanak egitera ukatuz.
Lotsa eta erruduntasuna da emakume gehienek halako egoeretan sentitzen dutena eta salatuz gero errepresioa jasateko beldurra. Baina liburuxkak oroitarazten duenez, “gertakizunak ezkutatzeak erasotzailea babesten du, ikusarazteak ahuldu egiten du”. Horregatik, liburuxkak gomendatzen du gertatutakoaz beste lankideekin hitz egitea, posible delako beste emakumeak ere antzekoa jasaten egotea. Enpresan gai horren arduradun izan daitekeenari ere egoera azaldu behar zaio, eta sindikatura jo. Hasieratik zein dokumentazio jaso ere azaltzen du liburuxkak, langileak noizbait gertakizunak auzitegian salatu nahiko balitu, baliagarri izango zaizkionak.
Liburuxkak hainbat oinarri ematen ditu enpresak sexu jazarpenaren aurkako politika bat garatu eta praktikan ezarri dezan. Zure lantegian ba al da halakorik?
Zure inguruan paserik gabeko jende gehiago dago COVID gaixoak baino
2021-12-18 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Datuetan oinarrituta hartzen ditugun jarrerak ez dira beti oso “zientifikoak”.
Txertorik hartu ez duen eta beraz, paserik ez duen jendea %10a da, datu ofizialen arabera. Mainstreama mintzo da entzule dituen denek pasea balute bezala. Nagusi eta langile esanekoek, inongo konplexurik gabe berrantolatu dituzte herritar denek pagatutako zerbitzu publikoen sarrerak, pasea eskatuta inor baztertuko ez balute bezala (kanpoan uzten dituztenak zerbitzu publiko horiek pagatzen dituztenak dira, bide batez esanda). Nagusi eta langile “txintxoek”, antza denez ez dute espero beren negozioan galerarik izatea pasea eskatuta. Lagunartean, familian, lan-taldeetan, inoiz ez dugu minoriarik, tira, desbideraturen bat beti dago, baina ez behintzat minorien datu estatistikoen kopuruek esaten duten bezainbeste.
Hamarretik bat minoria absolutua da bozketetan. Gainerako bederatziek hala nahi badute, erraz egurtzeko bakar bat, goikoek zirikatuta kalean piztutako liskarretan.
Eta hala ere %10 da.
COVID pasea martxan jarri duten hamabostaldi honetan bertan, EAEn positibo eman duten guztien kopurua (inzidentzia tasa, alegia) 100.000 biztanleko 1.267koa da. %1,26 alegia.
Gaixotzeko kontuz gabiltzan eremu guztietan, gaixotzeko arriskua dugunaren kontzientziaz aurrean dugunarekiko harremanetan neurriak hartzen ditugun bakoitzean, pentsatu dezakegu hamar bider handiagoa dela pertsona horrek paserik ez izateko aukera, kutsatuta egotekoa baino.
Pandemia osoa pasatu dugu aurrekoarekin hitz egiten asmatu gabe. Eta orain, erabakitzeko atakan jarri gaituzte: gure egunerokoan besteei pasaportea aplikatu edo ez; eta norberak pasaportea erabili edo erakusteari uko egin erabaki behar dugu ia leku denetan, momentuoro. Tira, horrek balio badu gure artean isildutako hainbeste gairi buruz hitz egiten hasteko, ongi etorria garai zail hau.
Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri
2021-11-30 // Sailkatu gabea // Iruzkin bat
Azaroaren 16an Eusko Jaurlaritzak erdira baino gutxiagora jaitsi du EAEko udalerri bakoitza “berde”, “hori”, “laranja” edo “gorri” izendatzeko neurria. Ordura arte, 14 eguneko inzidentzia tasa 100.000 biztanleko 400dik gora zeukaten herriak ziren gorriak, eta geroztik, 150etik gora dutenak. Inzidentzia tasak neurtzen du 14 egunean guztira kontabilizatu diren positibo kasuak (zenbaki absolutua da, ez egindako testen ehunekoa), herriko biztanleria 100.000koa balitz estrapolatuta, beraz, tasa horretan eragin zuzena du egiten den test kopuruak: zenbat eta test gehiago, kontabilizatutako positibo gehiago, eta inzidentzia tasa handiagoa; alderantziz ere bai, test gutxiago, inzidentzia tasa txikiagoa. Semaforoaren baremoak aldatzearekin bat iragarri ditu Jaurlaritzak gorri dauden herriek aplikatu beharreko neurriak, eta COVID-19 ziurtagiriaren erabilera ere semaforo gorriari lotzen dio Jaurlaritzak.
Semaforoen kolorea zehazteko aldaketa azaroaren 16an eman da, egun horretan Jaurlaritzak publiko egindako arauarekin. Ordura arte, 14 egunean 100.000 biztanleko 400dik gora positibo metatutakoak ziren gorriak, azaroaren 15eko koronabirusaren eboluzioaren buletinean irakur daitekeenez: “Semaforoa 14 eguneko inzidentzia tasaren arabera: berdez < 60, horiz 60-299, laranjaz 300-399 eta gorriz >=400”.
Araua aldatu ondorengo lehen buletinean, azaroaren 18koan, irakur daiteke semaforoaren koloreak izendatzeko baremoa aldatu dela: “Semaforoa 14 eguneko inzidentzia tasaren arabera: berdez < 60, horiz 60-99,99 bitartean, laranjaz 100-149,99 bitartean eta gorriz >=150”.
Gotzone Sagardui sailburuak azaroaren 16an horrela azaldu zuen semaforoaren aldaketa: “Txertaketak egora berri bat posible egin du, eta, horregatik, pandemiaren jarraipen-adierazle nagusien irakurketa eta balorazioa desberdinak izan behar dira”.
Test kopuruak eragina du inzidentzia metatuan
Hauek dira egunez egun, egindako test kopuruak (datu hauek Jaurlaritzaren koronabirusaren eboluzioaren inguruko datuen buletinetatik ateratakoak dira). Zenbat eta test gehiago egin, kasu positibo gehiago detektatzen da eta alderantziz, zenbat eta gutxiago egin, kasu positibo gutxiago. Horrek lotura zuzena du 14 eguneko inzidentzia metatuan.
* Oharra: osasungintzako lan antolaketak eta baliabide pertsonalek ere eragina izan dezaketelakoan, asteburuak egun hauetan tokatu dira: azaroaren 13-14, 20-21 eta 27-28 eta abenduaren 4-5.
Urriak 25 4.727 test egin ziren. Positiboak 128
Urriak 26 5.406 test. Positiboak 138
Urriak 27 4.765 test. Positiboak 145
Urriak 28 4.914 test. Positiboak 155
Urriak 29 4.318 test. Positiboak 151
Urriak 30 2.415 test. Positiboak 126
Urriak 31 2.463 test. Positiboak 136
Azaroak 1 2.492 test. Positiboak 117
Azaroak 2 4.500 test. Positiboak 197
Azaroak 3 4.974 test. Positiboak 233
Azaroak 4 5.038 test. Positiboak 307
Azaroak 5 4.835 test. Positiboak 226
Azaroak 6 3.574 test. Positiboak 159
Azaroak 7 2.983 test. Positiboak 185
Azaroak 8 5.236 test. Positiboak 325
Azaroak 9 6.306 test. Positiboak 304
Azaroak 10 6.392 test. Positiboak 362
Azaroak 11 6.164 test. Positiboak 418
Azaroak 12 6.577 test. Positiboak 451
Azaroak 13 4.945 test. Positiboak 407
Azaroak 14 4.117 test. Positiboak 309
Azaroak 15 6.766 test. Positiboak 434
Azaroak 16 (semaforo kolore aldaketak iragarri diren eguna) 7.633 test. Positiboak 527
Azaroak 17 8.099 test. Positiboak 691
Azaroak 18 8.819 test. Positiboak 639
Azaroak 19 8.064 test. Positiboak 662
Azaroak 20 6.650 test. Positiboak 595
Azaroak 21 5.821 test. Positiboak 490
Azaroak 22 8.529 test. Positiboak 785
Azaroak 23 9.899 test. Positiboak 883
Azaroak 24 10.843 test. Positiboak 950
Azaroak 25 11.322 test. Positiboak 1.086
Azaroak 26 11.217 test. Positiboak 1.150
Azaroak 27 6.699 test. Positiboak 818
Azaroak 28 6.389 test. Positiboak 663
Azaroak 29 10.812 test. Positiboak 1.274
Azaroak 30 12.288 test. Positiboak 1.344
Abenduak 1 13.425 test. Positiboak 1.361
Abenduak 2 14.439 test. Positiboak 1.692
Abenduak 3 15.077 test. Positiboak 1.510
Abenduak 4 9.806 test. Positiboak 1.318
Abenduak 5 8.168 test. Positiboak 1.113
Semaforo gorriaren ondorioak
Jaurlaritzaren azaroaren 16ko aginduak zehazten ditu zein ondorio dituen semaforo berriaren arabera gorri izendatutako herriengan:
“Jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu prebentzio-neurriak betetzea. Oinarrizko prebentzio-neurriak betetzea, bereziki maskara erabiltzea, gehien zailtzen duten ekitaldi edo jarduerak dira jarduera horietan jan edo edan egingo dela aurreikusten denean”.
Azaroaren 16an iragarri zuen, baita ere, Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari baimena eskatu nahi ziola hainbat jardueretan COVID ziurtagiria eskatzeko. Ziurtagiri horren aplikazioa semaforo gorriari lotua da, Jaurlaritzak azaroaren 25ean publiko egindako albistean irakur daitekeenez: “Justifikatuta dago covid ziurtagiria baimentzeko lurralde eremua autonomia erkidego osoa izatea, baldin eta azken 14 egunetan intzidentzia tasa 150 kasukoa edo handiagoa bada 100.000 biztanleko. Izan ere, Euskadiren lurralde azalera txikia, bertako biztanleen interakzio maila handia eta lurralde osoko komunikazio onak eta biztanleriaren mugikortasun zabala ez dira bizilekuari dagozkion jardueren xede”.
Galderak
Semaforoa gorri noiz jarri zeren arabera erabakitzen da? Herritarrak azalpen gehiago behar ditu. Baremo horrek eragin zuzena duenez bete beharreko neurriekin, ez al litzateke baremoaz eztabaidatu eta adostasuna bilatu behar?
Test kopurua zeren araberakoa da? Test gehiago edo gutxiago egiteak eragin zuzena baldin badu semaforo kolorean, ez al lirateke test kopuruen irizpideak adostu eta mantendu behar?
Euskalgintza eta ekonomia soziala uztartzeaz
2021-06-29 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Gartzen Garaio Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kidea.
Ekainaren 28an UEUn “Euskalgintza eta ekonomia soziala” jardunaldietan ARGIAren esperientzia azaltzen saiatu nintzen.
Euskalgintza euskararen iraupena bermatzeko herri ekimenetik sortutako proiektuak gara. Militantziaz ere bizi dugu gure lana bertako langile askok eta askok. Borrokaren pozetik ari gara asko eta asko. Baina proiektu hauen misio eraldatzaileak, eguneroko lana-jabetza-boterea antolatzerakoan, oso forma anitzak hartu ditzake: kapitalismoaren logiketan lehiatu nahi dutenena, ekonomia sozial eraldatzailearen balioak landuz gizartea eraldatu nahi dutenena…
Jardunaldien izenburua ikusita, pentsa daiteke mahai gainera agertu nahi zirela euskalgintza ekonomia sozialetik egitearen abantailak. Ez dakit horretan asmatu genuen hitza hartu genuenok. Ez dadila behintzat gertatu, despiste orokorraren baitan euskalgintza osoa praktikan ekonomia soziala dela dioen mezua makillatzea. Are gutxiago, ekonomia sozial eraldatzailea dela pentsatzea. Ez da, eta izan beharrik ere ez. Baina badenari eta izan nahi duenari bidea zaildu diezaioke “forma juridiko desberdina izanik ere, praktikan denok berdin funtzionatzen dugu” mezuak.
Agian alderantziz galdera eginez identifikatuko genuke hobeto elkar: Adegiko bazkide da edo izan liteke zuen enpresa? Hala bada, ospatu dezagun elkarrekin helburu berak ditugula, eta jarrai dezagun bakoitzak gure bidea egiten, orain arte bezala. Eta beti, noski, parez pareko elkarlanei ateak irekita.
Hona hemen jardunaldiak ikusgai, osorik bideoan:
——————————-
ARGIAko esperientziatik, koadernoan idatzita eraman nituen ideia batzuk, hauek (zuzeneko urduritasunekin, ez dakit zer esan nuen ere;-) :
Nola ulertzen dugu parte-hartzea ARGIAn? Berdintasuna irabazien banaketan eta erabakimenean
Badira urte batzuk dena “parte-hartzailea” bihurtu dena; bazter guztietan entzuten da “parte-hartzea” hitza, baina ez dezagun gure burua liatu. Parte hartzea ez da zure iritzia eman eta ondoren erabakia ez dakigu nork-non-noiz hartzea eta gainera emaitza horretan inplikatuta zaudela irentsi beharra.
ARGIAn parte hartzea berdintasunarekin lotzen dugu eta bi elementu hauek behintzat gakoak dira: langileok irabazietan modu berdinean parte hartzea eta erabakimena langileok izatea.
Parte-hartzea hitz ederra da, baina NOLA gauzatzen den, errealitatean praktikan zertan konkretatzen den, horixe da gakoa guretzat. Lasai aztertzea eta planteatzea ea langile bakoitzak baduen espazioa bere iritzia agertzeko, ea eztabaidak mahai-gaineratzen diren eta erabakiak nola hartzen diren…
Irabazietan parte, modu berdinean
Langileok gara jabe eta batzarretan erabakitzen dugu urteko aurrekontua, paga extra kobratuko dugun edo ez, soldata igoko dugun edo ez, ditugun baliabideak zertan inbertituko ditugun eta zer egiteari utziko diogun… Lan baldintza onak ditugun edo ez, eztabaidagarria izan daiteke, baina izan ditzakegun baldintzarik onenak ditugula, horretaz ziur gaude langile bazkideok. Urtean urtean talde gisa lortzeko gai izan garen emaitza ekonomikoak jasotzen baititugu gure ahaleginen trukean, gure erantzukizuna da hobeak lortzen asmatu dugun edo ez. Diru kontuen jarraipena eta erabakimena langileok egiten dugu. Eta lortutako emaitza ekonomikoarekin, denok oinarri bereko soldata jasotzen dugu.
Erabakimena: ez dugu lider distiratsurik behar, taldearen onena ateratzen duten prozesuak baizik
Langileok jabe garen ekonomia sozial eraldatzaileko enpresetan gai nagusiak batzarretan erabakitzen dira. Oso ongi. Baina nola? Batzarrera kudeatzaile batek eraman dezake goitik behera zehaztutako txosten mardul bat, hori aurkeztu eta bukaeran galdetu “norbaitek ekarpenik? Ez? Bada aurrera, denon artean erabaki dugu”. Lasai eta kritikoki hausnartuta, konturatu ginen horrela erabakiak hartzeak gure taldean diren ikuspegi anitzak galtzea dakarrela, ez ginela talde bezala hartu genitzakeen erabaki onenak hartzen ari. Txostena egiteko hilabeteak izan dituztelako batzuek, eta ustez “erabakitzen” duten beste langileek lehenengo aldiz entzuten dutelako, eta inposiblea delako momentuan alternatibarik okurritzea.
Horregatik, ARGIAn erabakiak benetan denon artean hartzeko, prozesuak planteatzen ditugu gai garrantzitsuetan, galderak dira batzarrera eramaten direnak, eta iraganeko praktika eta oinarrien berri zerotik ez hasteko, eta baita bide posible batzuen planteamenduak ere… eta hortik aurrera, elkarrekin erantzuten ditugu galderak, elkarrekin goaz marrazten aurrera begirako bideak. Benetako parte-hartzeari tiraka eta tiraka, urteetan bidea egin dugu horizontaltzerantz.
Irabaziak eta parte-hartzea lotuta: horizontaltzerantz
Dirua banatzetik hasi ginen, eta ondoren banatu genituen ardurak. Langileari aurpegira barre egitea baita gehiago inplikatzeko eskatzen dioten kudeaketa eredu miragarriak planteatzea, soldata ezberdinak badituzte batzuek eta besteek.
ARGIAn lehendik ere oso kopuru txikia zen batzuen eta besteen soldatak bereizten zituena. Inondik ere ez, jardunaldietan aipatu zen 1/3 soldata arrakalarik. Baina 50 euroko diferentzia aski da soldaten artean, langileek elkarri parez pare begiratu ezin ahal izateko.
Egun oinarrizko soldata bera dugu, eta ardurak mahai gainera atera eta banatu egiten dira. Horizontaltze prozesu hau iritsi da zuzendariaren figura hiltzera eta zuzendaritzako ardura txandakakoa izatera, guztiok pasatuko garelarik lehenago edo beranduago zuzendaritzatik, epe jakin baterako. Hori eginda langile guztiok gure lantokiaren ikuspegi osoagoa eta esperientzia eskuratuko ditugula uste dugu.
Boterea da gakoa
Ekonomia sozial eraldatzaileko egiten gaituena, boterearen gaia planteatzea eta boterea kolektibizatzeko hautua egin izana da. Asko edo gutxi, dauden diruak banatuta; eta dauden ardurak banatuta; eta erabakimena guztiona dela sinetsita.
Izaera edo ezaugarri batzuk dituzten langileek urteetan metatu dituzten ardurak, erabakiguneak, boterea askatzea eskatu du horrek, eta ordura arte urtez urte arduraz bizkarra zamatu ez dutenek, ardura eta boterea eskuratzea.
ARGIAn asmatu dugu botere harremanen gaia mahain gainean jartzen, hitz egiten boterea bakoitzak nola ulertzen duen, eguneroko zein egituretan islatzen den, zerk aldatzeak lagunduko lukeen birbanatzen eta kolektibizatzen… etengabe berritu beharreko lana da. Lan eder ederra.
Errezetatuko didazu antzerkia, mesedez?
2021-06-29 // Kultura // Iruzkinik ez
Herri Bixiko kideak akzioan. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.
Olatukoopen Saretze Eguna ekainaren 25ean Aiaraldeko Ekintzen Faktorian. Hortzak zorroztuta utzi gaitu euskara ardatz izanik hamaika kultur ekimenentzat oso goxo egokitu duten pabilioiak. Kulturarekin batera, bizitzari ere egiten dio leku gainera: umeen aisialdia, elikadura eta lantokiak ere uztartzen ditu, guztiak euskaraz.
Goizean Olatukoopeko kide diren hango eta hemengo proiektu ederrak ezagutu ondoren, jantoki bihurtu da ordura arte antzoki zitzaigun espazioa. Launaka jarri gara eta gure mahaian Herri Bixi antzerki taldeko kide bat tokatu da, bertako jakiekin prestatutako bazkari ederrari gatza eta piperra gehitu diona bere elkarrizketa eta ateraldiekin.
Pandemiaren moduko momentu larrietan kulturak ematen diguna hartu dugu hizpide. Itxialdi gorrian ginenean, etxeari eusteko oinarri sendoena horixe izan zela, kultura modu zabalean ulertuta: ohiturak eta praktikak lantzea, behar emozionalei elkarrekin bide ematea, umoreari eta jarrera eraikitzaileari eusteko formato guztiak baliatzea… Urtebete lehenago Ondarroako zaharrekin egin zuten antzerki obraren esperientzia azaldu digu Herri Bixiko kideak: nola sortu zuten elkarrekin testua haien egunerokotasunetik, eta elkarrekin entseguak egiteak zer bizitza sozial ekarri zien, azkenik herriaren aurrean bakoitza zeharka-zeharka bere bizitzako pasarte bat agertzera iritsi zen arte. Kulturak osasunean ondorio agerikoak eta zuzenak dituenez, familiako medikuak errezetatu beharko lukeela ondorioztatu dugu, jada ardo beltzak gero eta esaldi irmoagoz adieraztera bultzatzen gaituen postre garaian. “Hil behar badugu, ondo hil gaitezela! horretan ere laguntzen digu kulturak, heriotza nola bizi nahi dugun pentsatzen” batek, “eta noski, nola bizi nahi dugun planteatzen…” besteak, “niri sormenak jarrera eraikitzailea ematen dit, errealitate gordinen aurrean irtenbideak asmatzen jartzen nau, ez egonean geldi, gure esku ezer ez dagoela sentitzeak ematen duen etsipenarekin” hirugarrenak.
Topa dagigun kulturgileen alde, Herri Bixiren moduko ekimen herrikoien alde, eta topo egin dezagula udan jaien ordez udalek antolatu dituzten ekimenetan. Eta noizbait galdetu beharko diogu gure buruari egun zerk galerazten duen herri ekimenek kultur jarduerak antolatzea, eta arazo horri zirrikituak nola bilatu, ezta? Instituzionalizatutako kultura soilik izatea ez baita herri osasuntsu baten seinale.
Interkulturalitate kritikoa: gure oparotasunaren sustrai arrazistak
2021-05-12 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Olatukoopek antolatutako ekonomia dekolonial eta interkulturalitate kritiko tailerra eman zuen Emilia Larrondok apirilaren 30ean Errenteria-Oreretan (hemen irakur daiteke kronikaren I. zatia).
Interkulturalitate kritikoa definitu zuen Larrondok: proiektu sozial, epistemiko eta etiko bat da, menperakuntza eta subalternazio historia bizi izan duten pertsonengandik sortua. Boterearen arazoari heltzen dio eta arrazializatutako botere egiturak aldatzea bilatzen du. Merkatuaren interesak pribilegiatzen dituen politika neoliberalei aurre egiten dio.
“Gu vs besteak” modernitate arrazista
Mendebaldetik ikasi dugun modernitatearen irudia gogoratu zuen Larrondok, zertzelada nagusiak emanaz: Frantziako iraultza eta Ingalaterrako industria iraultza; zientziak agur esan zionekoa nekazal munduari, erlijioari eta errege sistema feudalari…; “argi urteak”, garapena etorri zela, bizitzak denean hobera egingo zuenaren promesa sinetsi genuela naturaren dominioa eskuratu genuelako…
Azaldu zuen Latinamerikan ere Europa Mendebaldeko historia ikasten dutela (Grezia, Erroma…) inoiz ez Asia edo Afrikakoa. Gauza bera filosofian: “Afrikan ez dagoela jakintzarik saldu digute”.
Arno Petersen 1974ko mapari begira, munduaz dugun iruditegi geografikoa ere erabat eurozentrista eta desitxuratua dela ikusi zen.
Modernitatearen beste aurpegia, historiako klaseetan kontakizunetik at utzi ohi dena, ekarri zuen gogora Larrondok: Abya Yala kolonizatu izana pare bat mende lehenago, Amerika izena emanaz lurralde hari: “Ekarri zuen lurren sakeoa, baina baita biztanleena ere”, herriak eta hizkuntzak desagerraraziz, eta lanerako esplotatuz. Zapalkuntza horretan arraza izan zen ardatza: Kolonizazio garaian espainiarrek egindako kasten klasifikazio zehatzaren irudia erakutsi zuen: zenbat eta zuriago orduan eta gorago boterearen eskilaran, eta zenbat eta “mestizo” edo azal beltzekoago, beherago. “Kolorearen arabera posizio bat dugu bizitzan: eredu koloniala bizi dugu egun ere, ez da iraganeko kontua”. Hona hemen irudia:
Bitartean, hemen sorginak erre zituztela azaldu zuen, Silvia Federiciren Kaliban eta sorgina gomendatuz: “Emakumeen lana sakeatu zuten. Emakumeek lehen lurrera sarbidea zuten, baina kapitalismora pasatzeko beharrezko izan zen emakumeak etxera joatea, ‘lan’erako sarbidea gizonek bakarrik izatea. Inkisizioa izan zen erakunde nagusia eta emakumeen gorputza kontrolatu zen: lehen belarrei eta osasunari buruzko jakintza zuten… posizionamendu hori lapurtu zioten eta subordinazio egoeran jarri zuten emakumea, bizitzaren erreprodukziora mugatuta”.
Zientziak naturaren gainetik jarri zuen “gizona”. Zeren emakumea naturaren maila berean jarri zuen, eta biak ziren dominatu beharrekoak. Gizonen eredu erabat normatiboa ezarri zen eta bizitzaren ikuspegi antropozentrista.
Gure buruarentzako gaurko galderak
Nola eusten zaio arrazista den hierarkia horri oraindik ere? Larrondok eman zuen erantzunetako bat izan zen dominazioa indarkeriarekin egiten dela, “gu” eta “besteak” bereiziz. “Gu” gizon, zuri, heterosexual eta “besteak” diferenteak direnak (beltz, emakume, homosexual, natura) salbaje, barbaro, animalia, ez gizaki, arima gabe.
Aitak azaltzen dio Mafaldari non bizi diren eta buruz behera bizi direla ondorioztatzen du. Buruz gora bizi diren herriak garatuenak direla justifikatzen dio bere lagunari Mafaldak, buruz behera bizi direnei ideiak erori egiten zaizkielako.
Zergatik da hegoaldea hegoalde? Zergatik kontsumitzen du iparrak munduko baliabideen %80? “Kasta eredutik eraikitakoa da” oroitarazi zuen Larrondok.
Nola iristen gara azal kolorea edertasunarekin eta gaiztakeriarekin lotzera? Behean ikus daitekeen bideoa jarri zuen (gazteleraz dago), zeinetan ikusten den ia denak zuriak ez diren umeek panpina politena aukeratzeko emanda zuria aukeratzen dutela, eta nor den gaiztoa galdetuta beltza seinalatzen dutela. “Arrazakeria asimilatzen eta erreproduzitzen dugu” gehitu zuen Larrondok.
“Arrazakeria sistema kolonial baten ondorio da. Bizitza hierarkizatzen du, batzuenak gehiago balio du besteenak baino. Arrazakeria ez da zerbait indibiduala, soziala da. Eta kontenporaneoa”. Egun lan prekarizatuaren eta esklabutzaren sustraietan dagoena arrazakeria dela azaldu zuen. “Arrazakeria kasta modeloetan oinarritzen da. Zapalkuntza ulertzeko arraza ardatza da”.
Non gaude munduan? Zer leku du gizarte honek beste batzuekiko? Hemengo industriek nola eragiten dute munduko posizioan?
Abya Yala-ko herrietatik dator paradigma aldaketa
Egungo garapenaren eredu hau herri indigenek 80ko hamarkadatik kuestionatu dutela azaldu zuen Larrondok, politika neoliberalak ezarri zirenetik alegia.
Eta paradigma aldaketa planteatzen dutela: lehen zientzia zen ongizatea eskainiko ziguna. Lehen gizona zegoen unibertsoaren zentroan eta dena zegoen bere zerbitzura: emakume, lur, animalia… “Orain denak egon behar du orekan eta erdian bizitza jarri behar dugu, ez onura materiala”. Bizitza ona, bizitza duina, kontzeptua han sortu eta garatua da.
Abya Yalako herriek Mendebaldeko garapenak dakarrenari uko egin nahi diotela azaldu zuen: “Ez dugu nahi makinariarik, komunitate batera lana ekarriko duena, burujabetza suntsituko duelako: eskulana izango gara meatzean eta irabaziak kanpora joango dira. Lurra pozoituko dute eta hamarkada batzuk geroago enpresak alde egiten duenean ezingo dugu lurra landu”.
Zer da jatorrizko herri izatea?
Diapositiba batean, deskripzio ederra egin zuen:
“Jatorrizko herri izatea, sarrita, zapalkuntzaren sinonimo da, diskriminazioarena, pobreziarena eta indarkeriarena. Honen arrazoia da jatorrizko herri gehienak noizbait kolonizatuak izan zirela, eta horrek ekarri zuen sarritan motaren bateko esklabutza.
Munduko biztanleriaren %5,3 dira.
Haien lurretan kontserbatzen da Lurraren bioaniztasunaren %80, baina lur horien %11ren jabe dira soilik.
Haientzat lurra ez da soilik ondasun ekonomiko bat, baizik eta da beren arbasoak bizi izan ziren espazio fisiko eta psikosoziala, beren harremanak eta antolaketa soziala egiten den espazioa da eta beren nortasuna eta balioak eusteko elkarreragiten duten espazioa da”.
Paradigma horretatik jatorrizko herriek egin dituzten konstituzioek natura eskubidedun izaki gisa aitortzen dutela azaldu zuen Larrondok.
Dekrezimenduaren beharra azpimarratu zuen paradigma aldaketa egiteko eta Euskal Herrira etorri zenean bertako kontsumo mailarekin harritu zela azaldu zuen: “Mundu guztiak hemengo bizi estiloa izango bagenu, nahiz eta erdi mailako jendea izan eta ez elitekoa, 20 planeta beharko genituzke. Ez da jasangarria. Paradigma aldaketak, ongi bizitzeak, gure proiektuak birplanteatzeko pistak ematen dizkigu”.
Gure ongizatea beste herrien zapalkuntzan oinarritzen baita: “1492an jatorrizko herriak beren lurretatik bidaliak izan ziren, eta egun ere bai”.
Ekonomia dekoloniala: pribilegioen korapiloak minetatik askatzen
2021-05-10 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Olatukoopek antolatutako Interkulturalitate kritiko eta dekolonialari buruzko tailerra gidatu zuen Emilia Larrondok apirilaren 30ean Errenteria-Oreretan. (Hemen irakur daiteke hitzaldi ziklo beraren barruan, Cony Carranzak emandako ekonomia feministari buruzko tailerraren kronika ).
Aniztasunaren betaurrekoak janzten baditugu, irakur dezakegu gaurko sistemak aniztasun oro hierarkikoki mailakatzen duela, izateko modu batzuk beste batzuen gainetik ezarriz, eta zapalkuntzaren eskailera horretan norbera bihurtzen duela goragokoen zapaldu eta beheragokoen zapaltzaile-pribilegiodun.
Denen artean koloretako kartulinetan idatzi zituzten bizitzan zehar gurutzatu izan gaituzten zapalkuntza ardatzak, zeinak izendatu daitezkeen baita ere gure izaeraren elementu gisa: sexu orientazioa, adina, kultura-hizkuntza, errebeldia, arraza-etnia, generoa, klasea. Tailerrean zehar konturatu ziren gorputz funtzionaltasunari lotutako ardatzik ez zutela jarri, eta hori bezala beste hainbat aldagai gehiago ere badaudela. Izaeraren elementuak deklinatu egiten direla azaldu du, eta ondorioz pribilegioek eta zapalkuntzek eskaileretan maila ezberdinak ematen dizkigutela: “Euskaldun identitatea konjugatzen duzunean emakume izatearekin ba al dago ezberdintasunik gizon euskaldunekiko? Klaseak ere zeharkatzen du identitate euskalduna. Euskaldun bat lan finkoa duena edo ez duena, ez da berdin”.
Larrondok ohartarazi zuen izate hutsak ez duela esan nahi horren kontzientzia edukitzea: “Guk dugun rolaz jarrera kritikoa izatea da gakoa. Bestela, zure alde badatoz pribilegioak, zergatik egingo diezu uko?”.
Zer da pribilegio eta zer eskubide?
Talde txikitan pribilegioen adibideak zerrendatzea. Hara Larrondok kideei jarri zien ariketa “sinplea”. Zer da, ordea, pribilegio bat? Zerrenda egiten hasi ahala, taldeetan eztabaida piztu zen, pribilegio gisa izendatu daitekeena berez guztiontzako eskubide izan beharko lukeela aldarrikatu dezakegulako. Adibidez, gauez kale ilunetan bakarrik beldurrik gabe ibiltzea batzuen pribilegio da? Ez al luke guztion eskubide izan behar?
Talde txikitan egindako zerrendak talde handian partekatu zirenean, korapilo eta kontraesan sentimendua nagusitu zen. Eskubide direnak praktikan ez daudenez denen eskura, eta jakinik gure herrian gero eta jende gehiago geratzen ari dela eskubide horietatik kanpo, eskubideak pribilegio moduan definitzera iristen ari ote gara? Pribilegio moduan azaldu ziren umetan zainduak izatea, eskolara joatea, enplegua edukitzea, norberarentzat denbora izatea, pasaportea (española? frantsesa?) edukitzea, euskara (artikulu sorta honen III. artikulua euskararen “pribilegio”ari eskainiko zaio)…
Pribilegioa gora, eskubidea behera, gogoeta interesgarriak plazaratu ziren tailerreko kideen artean:
Tailerreko kide batek “abolizioa” darabil galbahe moduan. Zerbait “pribilegio” den edo ez pentsatzerakoan, ea elementu hori abolitu nahi duen pentsatzen du, eta horrela konprobatzen du ea pribilegio den edo ez. Eta pribilegioak abolitzearen alde dagoenez, bada abolitu nahi ez duen hori ezin da pribilegio izan. Izan ere, bere ustez pribilegioak abolitzea da guztiontzako eskubideak bermatzeko modua. Mugikorra atera eta hiztegira jo du “pribilegio” hitzaren definizio bila: “Pertsona batek besteei baimentzen dien karga edo betebehar bat luzatzea”.
Larrondok pribilegioen beste definizio hau gehitu du: “Prozesu bat da, zeinaren bidez, talde batek beste sektorearen zapalkuntzatik datozkion abantailei etekina ateratzen dien. Zapalkuntzak ahalbidetzen du talde batek beste talde bat esplotatzea”.
Beste kide batek zalantzan jarri du pribilegio modura atera diren elementu batzuk (hauek pribilegio edo eskubide diren eztabaidaz gain) benetan desiragarri al zaizkigun. “Dudan jarri behar genuke enplegua nahi dugun”. Pasaportea izatea ere pribilegio moduan izendatu da, eta gauza bera galdetu daiteke: pasaporte espainiar edo frantsesa inposatua izateaz gain, euskal pasaporte bat nahi genuke, edo pasaporteen sistema bera da planteatu beharrekoa?
Kide batek pribilegioek berarekin autonomia falta ekartzen dutela azaldu du: etxeko lanik egiten ez duen gizonak pribilegioa du baina autonomiarik ez. “Gizon horrek erabaki dezake espabilatzea, edo lan horiek emakume baten esku uztea”, erantzun du tailerraren gidariak.
Eztabaidan harrotu diren zaurietatik gogoeta egiten laguntzeko, Larrondok ohar hau utzi du: “Erraza izan zaigu bizitzan zeharkatu gaituzten zapalkuntza ardatzak zerrendatzea. Baina debatea sortu du pribilegioez hitz egiteak. Nork uko egingo dio pribilegio bati? Adibidez asanbladan isiltzea, besteei ahotsa emateko… pribilegioei uko egitea askoz gehiago kostatzen da”.
Zapalketarik ez badago, izan liteke pribilegio?
Tailerraren amaieran, gogoeta hau egin du Larrondok: “Kontestualizatu egin behar da non eta zein garaitan den zerbait eskubide eta zer pribilegio. Mundu guztiak ezin badu horra sarbide izan, orduan da pribilegio. Aztertu dezakegu zein baldintzatan izan dezakegun sarbidea berez eskubide izan beharko lukeen horretara”.
Kazetaria, agian kide izan diren gehienen modura, erraiak zentrifugagailu bihurtuta atera da tailerretik. Emozioak, zapalkuntzak eta kontraesanak astinduta. Ez da gutxi, ezta? Bidean pentsatuz doa, ez dagoela ados “denok ez badaukagu, pribilegio da” ideia horrekin. Ez ote dugu eskubideekiko irudi idealizatuegirik? Zerutik emanda etorriko balitzaizkigu bezala… aldiz, mundu honetan, eskubideak etengabe borrokatu eta praktikara eramatean soilik dira eskubide. Mundu osoan ba ote dago gizarterik herritar den-denek eskubide bakar bat bera ere praktikan bermatuta dutenik? Ez ote dira eskubideak bezain unibertsalak eskubide urraketak?
Eskubide urraketa bakoitzeko, urraketa seinalatu beharrean eskubidea “pribilegio” modura seinalatzera pasatu behar badugu, ez dakit zehazki zer den irabazten duguna. Berdintasunaren izenean, guztiok eskubiderik gabe geratuz berdintzea? Kontrako norabidean, eskubide guztiak guztiontzat borrokatuko bagenitu?
Tailerra oso emankorra izan zen: bihar beste dosi bat gehiago.
“Pobreak gara denborarik ez dugulako elkar zaintzeko”
2021-04-20 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Olatukoopek antolatuta, Ekonomia feministari buruzko tailerra eman zuen Mundubat-eko Cony Carranzak apirilaren 16an Oreretan. Bertan azaldu ziren hainbat ideia jaso ditugu.
Lurrarekin konektatzeko errituala egin ostean, lau kontzeptu hauek landu zituzten taldeka: lanaren zatiketa sexuala, neoliberalismoa, arrazakeria eta heteropatriarkatua. Kontzeptu hauetako bakoitza identifikatzen zuten lau hitzekin lotzea izan zen ariketa, eta lau zapalkuntza hauek elkarren artean txirikordatuta daudela agerian geratu zen. “Feminismoak lotuta dauden zapalkuntza handiak zergatik gertatzen diren aztertzen du, proposamenak egiteko. Zer esan nahi du apeta dudanean supermerkatuan aguakatea eta tomatea erosi eta jateak? Zer eragiten du planetaren beste puntu bakoitzean?” .
Pilpilean diren korapiloen arteko loturak aztertu ostean eta emakumeen gorputzak jasandako indarkeriaren zauriak sendatu beharra azalduta, eraldaketarako balio dezaketen ideia hauek entzun ziren bukaeran: “Gizakien inteligentzia handiena lurra zaintzea da: gure kidea da, ez da baliabide bat, bizitza duen ondasun bat da eta konektatuta gaude berarekin”. Kulpan kateatu gabe baina bizitzaz hausnartzeko galderak pausatu zituen, sistema ez baitago kanpoan, gure barruan baizik: “Non erosten dugu, zergatik, nola aurre egin kontsumoari, zer hutsune betetzen digu, elikadura osasuntsua zer da, zer da sanazio pertsonal eta kolektiboa…”.
Dekrezimendura, gutxiago egitera gonbidatzen duen ideia hauek entzunda irten ziren, pauso lasaian, kalera: “Presa handia dugu, baina zertan okupatzen dugu denbora? Hau da egungo pobrezia berria: denbora falta. Pobreak gara denborarik ez dugulako elkar zaintzeko. Azkar bizitzeak eta kontsumitzeak ondorio hori du. Geratu gaitezke? Bai. Herri denek izan dute harremana naturarekin eta bizipen hori berreskuratu behar da”.
Emakume defendatzaileengandik ikasten
Testigantza oso indartsutan oinarritutako bideo honetan, besteak beste, sanazioaz mintzo dira. Borrokan jarraitzeko osatzea ezinbestekoa dela diote eta min historikoak ere osatu behar direla.
Hona hemen tailerrean taldeka landu zituzten lau kontzeptuak:
Lanaren zatiketa sexuala: “Bizitzari eutsi diona emakumeen gorputza izan da”
Taldeari irten zaizkion lau hitz: Zaintzak, kate globalak, kristalezko sabaia, desoreka etengabea eta epaia (lanean soilik gaizki, etxean soilik gaizki, bietan iritsi ezin).
Carranzak hainbat azalpen gehitu dizkio taldeak egindako aurkezpenari: “Bizitzari eutsi diona emakumeen gorputza izan da. Feminismoak lana kuestionatzen du, bizitzari eusten dion lana ezkutatua baita. Marxismoa ez zen iritsi ikustera nork eusten zion fabrikara zioan langileriari, umeei…”. Eremu publiko eta pribatuko lanak bereizita daude eta eremu publikokoak dira balioa aitortzen zaienak. Baina nortzuk egiten dituzte lan horiek egun? “Nortzuk datoz zaintzera, zein baldintzetan? klase, genero, arraza, ez da kasualitatea bakoitzaren bizitza ekonomikoa”.
Etengabe eman eta hartu egiten dugula oroitarazi du Carranzak: “Ekonomia feministak pertsonak independienteak garenaren ideia hausten du: interdependienteak eta zaurgarriak gara. Hemen gaude zaindu gaituztelako, jaio orduko ez bagintuzte zaindu hilda geundeke. Bizitzaren etapa guztietan dugu besteen beharra”.
Neoliberalismoa: “Zein dira benetako beharrak eta zein desio amaigabeak?”
Taldeari irten zaizkion lau hitz: pilaketa, esklabutza-esplotazioa, maltratoa, desberdinkeria.
Kontsumismotik eta promesa faltsuei tiraka, Carranzak azaldu du behar eta inoiz lortuko ez ditugun “satisfaktore” faltsuak etengabe deseatzera garamatzatela. “Ekonomia feminista pertsonen beharretan oinarritzen da, eta ez kapitalismoak sortutako behar kontsumistetan. Elikadura behar bat da, aldiz, kapitalismoak behar horretatik sortu duena janari zaborra da, horrek dakarren guztiarekin. Garaiz kanpoko jakiak kontsumitzea, transgenikoak, oso hurrun ekoiztutakoak zer dakar? Hemen soja modan jartzeak zer ekarri du Paraguay eta Argentinan? Fumigazioa, minbizia, desplazamendua, monokultiboa, lurra agortzea… Planeta mugatua da, eta sistema biozida da, heriotza eta txikizioa dakartza, herriak arpilatzen ditu batzuen pribilegiorako. Natur elementuak ondasun naturalak dira, ez baliabideak”.
Sortutako premia faltsuen aurrean, esanguratsua den moduan bizitzeko behar ditugun ondareak zerrendatu ditu Carranzak: ura, airea, lurra, elikagaiak, identitatea, berotasuna, afektua, harreman sozialak eta beste izaki bizidunekin harremanak.
Arrazakeria: “Arrazakeriak legitimatzen du esplotazioa”
Taldeari irten zaizkion lau hitz: azala, atzerritartasun legea, hegemonia-kriminalizazioa, entzute aktiboa (proposamen bezala arrazakeria lantzeko, posetik ateratzeko eta benetan eraldatzeko).
Carranzak azaldu du arrazakeria ekonomikoki esplotatzeko erabiltzen dela, “arrazismoak legitimatzen duelako zuriak ez diren emakumeek zaintza lanak egitea”. Arrazismo estrukturala eta likidoa dela azaldu du, erabat normalizatua dugula: “35.000 pertsona hil dira Mediterraneoan eta? Ez da ezer gertatzen”.
Heteropatriarkatua:
Taldeari irten zaizkion lau hitz: arau establezitu inplizitua, botere harremana (heterosexismoa, emakumeak gizonen interesak zerbituko ditu), zapalkuntza intersekzionala, zibilizazioa zapalkuntzatik sortzen da.
Carranzak azaldu zuenez, “feminista beltzek esaten digute zapalkuntza anitza dela, adinak ere badu zerikusia, bizitzaren zikloa, sexualitateak… ikuspegi konplexua behar da eta anitza, egoera ezberdinak aztertzeko”.