Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

“Mundu horren hazia zeure baitan dago”

2015-04-24  //  Bertsolaritza, Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

maialenamets

Hik Hasik antolatutako “II. Herri Hezitzailea” jardunaldietan, Herri Hezitzaileko oinarriak aurkeztu ostean, gaia bertsotan harilkatu dute:

 

MAIALEN LUJANBIO

Haurrek badaukatela

hainbeste bertute

behar dutela euren

hitz eta jardute

nor bere ardura hartu

askatasun truke

nik ere mundu hortan

bizi nahiko nuke.

 

AMETS ARZALLUS

Eta bizi osoa

zaigula haurtzaro

nork esan zidan niri

nintzela igaro?

mundu hori ez zazu

bilatu gehiago

mundu horren hazia

zeure baitan dago.

 

MAIALEN LUJANBIO

Helburu urrunak jartzen

ditugu askotan

zail da libertatea

aipatzen ahotan

baina gaur ere hemen

ez al gabiltz hortan?

abiatu egin behar da

ailegatzekotan.

 

AMETS ARZALLUS

Ta bide okerrenak

ohi dira zuzenak

bertsolarien baitan

nere oroimenak

nahiz ta ez izan formaz

halako poemak

haurrei entzun dizkiet

ideia onenak.

 

MAIALEN LUJANBIO

Gu ere hasi ginen

umeak ginela

hitza eman ziguten

ta ez erregela

bertsoak balio du

ejenplu bezela

jolasa oso sakona

izan litekeela.

 

AMETS ARZALLUS

Jolas sakonen hori

askotan itzela

bakoitzak bere hitza

mihiko pintzela

hemen goitik beheruntza

jautsi gaitezela

hobeto sentitzen naiz

entzule bezela.

Lorea Agirre: “Haurraren, txikiaren ikuspegia leku pribilegitua da mundua ikusteko”

2015-04-24  //  Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

Herri-hezitzaileen SAREAko hainbat kide.

Herri-hezitzaileen SAREAko hainbat kide.

Hik Hasik antolatuta “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak burutzen ari dira Donostian. Bertan Herri-hezitzaileen SAREA aurkeztu dute. 2010ean abiatu zen Oarsoaldean proiektu batekin, eta egun 15 eragilek osatzen dute. Lorea Agirrek, SAREAko kideak bere oinarriak aurkeztu ditu:

“Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea da gure helburua. Horrela ulertzen dugu hitz horietako bakoitza:

Haurra: Umea pertsona da, ez etorkizunekoa, baizik egunekoa. Umea ez da helduen desioen asebetetzailea. Pertsona osoa da, gaurdanik eta beraz, herritar eskubidedun eta betebehardun eta beraz herritar iritzi eta proposamen egile, eta beraz erabakiak hartzeko gai, eta beraz, erabakiak gauzatzerakoan parte-hartzaile. Desboteretua boteretzea da gakoa, eta nor ez da desboteretua egun? Denok gara desboteretuak maila batean edo bestean. Haurraren, txikiaren ikuspegia agian leku pribilegiatua da munduan, errazago zaigulako zapalduekin enpatizatzeko, eta leku horretatik proposatu daitezkeelako modu justuagoan jarduteko aukerak. Interesgarria da txikia makro bihurtzea, txikia heldu bihurtzea.

Herritarra: Ez guretzat ez gugatik, guk egin behar dugu. Politika denok egiten dugulako, eguneroko erabaki txikiekin eta handiekin ere bai. Elkarlaneko bokazioa, komunitateko kide izatea eta komunitateari begira jardutea eskatzen du. Pertsona eta kolektibo gisa garatzea.

Parte-hartzailea: parte hartzeari ateak zabaltzea eta parte-hartzea benetakoa izan dadin saiatzea. Egin egiten den bide bat da, ez da lehen aldian ateratzen. Jakintzaren modu guztiak maila berean onartzen ditugu. Parte hartzeak eskatzen du entzuten ikastea, sentitzen dena adieraztea, erabakiguneak konpartitzea. Foroak umeei eta denei zabaltzea.

Aisialdia: Zer da aisialdia? Borondatez eta gogoz egiten dugu, pasioz, eta gozamen hutsa bilatuz. Bizitza hiper-antolatuan arnas hartzeko eremuak behar ditugu, goitik behera egituratutako aisialdia ez da aisialdia. Denbora libreak eremu askeak eskatzen ditu. Eremu askeen paradigma aisia da. Bizitza benetakoa denbora librean eta jolasean jokatzen da.

Haurtzaroaren kultura propioa: Haurren euren modu etiko, estetiko eta poetiko propioa dute mundua ikusi eta zentzua eman eta metaforak eraikitzeko. Haurra gai da bere bilakaeraren bidea bilatzeko.

Hezitzailea: Balio eta ekimen konpartituak bilatzen ditugulako, guztiontzat onak izango direnak orain eta etorkizun jasangarriagoari begira. Mundu justuago baten beharra aldarrikatzen dugu, inoiz baino gehiago.

Euskalduna: Euskara inklusiboa delako. Euskara normalizatzea mundu justuagoa eraikitzea delako eta haurrei, pertsonei, herritar desboteretuei, aitortu nahi dizkiegun eskubide sozial eta politiko guztiak euskarari ere aitortu behar zaizkiolako. Euskaldunok eskubide sozial eta politikoak berreskuratu behar ditugulako, gureak direlako. Euskaraz delako herritar izateko gure modu bat, ez da kapritxo bat, berdintasun eta demokrazia baizik”

.

Koldo Saratxaga: “Zer izan nahi duzu 20 urte barru? Zoriontsu? … Eta zer gehiago?”

2015-04-24  //  Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

SaratxagaHik Hasik antolatuta “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak burutzen ari dira Donostian. Koldo Saratxagak “Parte-hartzearen eta partekatzearen garrantzia hezkuntzan eta jendarte-ereduan” hitzaldia eman du.

Hona hemen adierazitako ideia batzuek:

Sarrera:

“Eskola ereduari buruz hitz egingo dut, larritasuna ematen baitit. Pena da, esango ditudan gauzak batez ere etorri ez direnentzat dira, Jaurlaritzarentzat eta abar. Hemen zaudetenak mugituta zaudetelako etorri zarete. Zenbat diru gastatu dugun Finlandia ezagutzen, hango eskolak… gero hemen apenas ezer ez aplikatzeko. Horregatik diot gastatu eta ez inbertitu. Askatasunerako hezi behar ditugu ikasleak. Enpresa ereduan bezala eskolan, pertsonak dira oinarri. Aldiz, zertan erakusten diegu ikasleei? Lehiatzen”.

Lanerako prestatzeaz:

“Egungo ereduan ateratzen omen dira inoizko prestatuen ikasleak. Prestatuak zertan? Gure enpresa ereduan lan mundua eraldatzea dugu helburu eta lan munduan ikusten ditugu ikasle izandako horien jarrerak eta gaitasunak. Jarrera eraldatzaileak ikustea asko kostatzen da eta gaitasunak esperientziarekin irabazten dituzte. Gure hezkuntza ereduak oraindik industriarako eta lanerako prestatzea du helburu. Gizarteak lan mundutik dituen beharren arabera irakasten da unibertsitatean. Ez balioen arabera.

Nik langile ez, pertsona esaten dut, ‘lanera noa’ esan orduko bizkarreko mina jartzen zaigu, eta ‘proiektu bat partekatzera’ esaten badugu, apasionagarria da astelehena. Bizitza osoa da gozatu behar duguna, ez lanera joan eta bukatu orduko oporretara ihesi egin.

%70ak ez du lan egiten ikasi duen horretan. Beraz, libre izaten ikastea, zoriontsu izateko gakoak eta abar ikasi beharko lituzke. Ez bost urte barru “irteera” edukiko duen sektore horren arabera, beste laurogei urtean biziko da eta!”.

Eskolako notak:

“Ni noten kontrakoa naiz. Sekula ez nuen ireki nire alaben noten sobre bakar bat ere. Egun nire alabak bilobaren notak jasotzen ditu eta barrenak erretzen dizkit, ez delako ezer aldatu. Zazpi urteko bilobak entzuten ditut notez hizketan eta ditudan kanak erori egiten zaizkit”.

Aniztasunaz:

“Aniztasuna ulertzea oso erraza da, baina barneratzeak liseritzea esan nahi du, eta hori gehiago kostatzen da. Aniztasuna gizakiena, lurrarena, denarena jabetzea ezinbestekoa da bizitzan, eta txikitatik barneratu behar dugu. Harreman estiloa aldatu behar dugu. Etengabe egon behar dugu ikusten zer izan nahi dugun, eta izan behar dugu besteekin.

Denok gara ezberdinak, eta egunero gara ezberdinak. Gaur jada ez gara atzokoak. Bizitza pasatzen dugu epaitzen eta sailkatzen, baina beti iragana sailkatzen.

Piramide harremanetik horizontalera igaro behar dugu. Zuhaitz batek dena estaltzen badu, besteentzat argirik eta urik ez bada sartzen, basoa ez da hazten. Dauden harreman ereduak boterezkoak direnez, ez du uzten pertsonak eurak berak izatea eta garatzea. Talde lanean gakoa konplementatzea da, saskibaloian bezala. Baina talde lana gehitze hutsa bada, gure arteko lehia dagoenez tartean, txikitu egiten gara.

Denentzat azterketa berak daude eskolan, ikasle bat tximinoa, bestea elefantea, bestea arraina, bestea foka bada ere. Pertsonak diamante gordinak bagara, ezin ditugu denak galbahe beretik pasa. Ezin dugu aberastasun hori dena alferrik galdu. Gelan beti daude ezinegona dutenak, inkorfomistak, ikonoklastak. Irakasleek eskuak burura eramaten dituzte, ezin dute programa jarraitu horien “erruz”… arranoak gara eta oilo bihurtzen gara. Pertsonak hegan egin nahi du, baina hegoak ebakitzen dizkigute”.

Egunez amesteaz:

“Euskal Herria txikia da, naturaren kapritxo bat. Daukagun neurria, ematen dizkigun aukerak, marabila bat da. Eta konformatzen gara Gaztelakoen media ematearekin. Konformatzea da. Eta gakoa ez da lehiatzea, da pentsatzea zer amestu genezakeen eta ez genuen amestu. Gorriti eskultoreak esaten zidan atzo: “Egunez amestu behar da, gauez edonork amesten du!”. Arrazoi, egun osoan amestu behar da!.

Gizarte pasiboa sortu dugu. Ohitura handia dugu begiratzeko nola egiten dugu eta nola egiten genuen, eta zergatik egiten genuen horrela… beti atzera begira. Aurrera begira amestu behar da, lehen egindakoa egiteak beti emaitza bera ematen du. Kualitatiboki aldatzea da gakoa. Ahaztu iragana, zugan dituzu bizipen horiek, baina jarraitu gozatzen eta amesten. Amesteak gauzak egitera zaramatza, erroreak egitea, haietatik ikastera, eta lorpenak ospatu egin behar dira. Mundua etengabeko aldaketan dago. Etorkizunean aldaketa etengaberako eta dimentsio handiagokoetarako prestatuta egongo gara”.

Sormenaz eta berrikuntzaz:

“Pertsonak sortzaileak gara. Enpresan batzuek produzitu eta produzitu aritzen dira, eta sormenarena utzi lasai, hori bi-hiruk erabakiko dugu eta. Onenak direlako? Ez, goian daudenak eurak direlako.

Egun berrikuntza teknologian dago oinarritua. Baina ez gizartearen berrikuntzan, harremanen berrikuntzan, erakundeen antolakundeen berrikuntzan… Betiko eredua da, berritu ahalik gehien esportatzeko.

Gauzak bilatzen ditugu, ez dakigulako zer den nahi duguna. Gauza hauez da hitz egin behar duguna, ez ohiko eskola ibilbideaz, eskola-lanpostua… Zer nahi duzu 20 urte barru? “Zoriontsu”. Bikain, baina jarri esaldi horri koma, eta jarraitu zehazten”.

 

 

Bertsolaritza guneak euskalduntzeko erreminta

2015-04-22  //  Bertsolaritza, Hizkuntza  //  Iruzkinik ez

Argazkia: Goiena.

Duela bi urteko Arabako Eskolartekoaren Festa. Argazkia: Goiena.

Bertsoa ez da tresna makala euskara ikasten ari direnen motibaziorako eta erdalguneetan arnas guneak sortzeko. Hala adierazi dute Egoitz Zelaia, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Ruben Sanchezek Bertsoa.com webgunean (bertan dituzue bideoak ikusgai).

Bertsoa euskalduntze prozesuan denarentzat

Euskaltegietan bertsoa landu duenetan zer gertatu den, horrela azaldu du Egoitz Zelaia hendaiarrak: “Euskara hutsean sortutako adierazpide artistiko edo komunikatiboa izaki, lilura hori sortzen du ikasleengan, desmitifikatzeko balio du eta esateko ‘kontxo, bada ni ere gai naiz!'”. Ruben Sanchez gasteiztarrak motibazioan jarri du indarra: “Jakin mina denei pizten zaie. Eta hori amu hona da ondoren euskararekin gehiago pikatzeko, pentsatzeko ‘gehiago ikasten badut, behar bada egunen batean joango naiz bertsoak entzutera'”. Bere bizipenarekin ere lotu du: “Ni bertsotan hasi nintzen euskara maila on bat lortutakoan. Euskara ikasten ari den batentzat bertsolaritza ez da existitzen hemengo erdal komunitatean, eta da gauza bat oso harrigarria. Bigarren utopia da, lehena da euskara ikastea eta bigarrena bertsolariak ongi ulertzea beti, jarraitzea, eta amesten duzu ea egunen batean zuk ere bertso bat botako zenukeen afari batean”.

Gune erdaldunetan bertsolari izatearen berezitasunak

Zelaiak azaldu du bera kontzienteki egin zela bertsolari: “Gune euskaldun deituetan behar bada naturalki sortzen dira bertsolariak, hitzaren jolasaren liluraz. Gune erdaldunetan ez, hemen kontzienteki sortu behar zara”. Manex Agirre aramaioarrak bertsoa bizitzeko modua aztertu du: “Hemengo gazteak ez daude sartuta Gipuzkoan edo Bizkaian sartuta egon ahal diren bertso zirkuitu batzuetan eta bertsolaritza ulertzeko modu batean. Iruditzen zait hori onura izan daitekeela, harreman natural bat eta tentsiorik gabekoa eraikitzeko aukera ematen du. Egoeraren beste aldea da batzuetan tentsio hori behar duzula, zure buruari gauzak ongi egiteko exijitzerakoan. Kasu batzuetan eta ezinbestez, hori falta dela uste dut”. Zelaiak dio publikoaren exijentzia ere badela ezberdina: “Jendearen estimazioa ezberdina da. Agian herri euskaldunetan beste gauza batzuetan jartzen dute arreta entzuleek. Herri ez hain euskaldunetan mamiak garrantzia gehiago dauka formak baino”. Sanchezen hitzetatik ikusten dugu komunikazioaren indarra: “Bertsolariak, edozein komunikatzailek bezala, asmatu behar du konektatzen aurrean daukanarekin. Aurrean daukana baldin bada laugarren urratseko talde bat, harentzako egin behar duzu bertsoa. Konektatzea lortzen baduzu, izugarria da. Beraientzat bertso bat ulertu eta gainera barre egitea, izugarria da”.

Bertsolaritza arnasgune

Sanchezen euskararen maparen distortsioa salatu du: “‘Inguru ez hain euskalduna’ diogu lurraldearen hiru heren euskalduna eta heren bat erdalduna balitz bezala, baina bai zera! Inguru ez hain euskalduna da Euskal Herri osoan!” Miren Artetxe hendaiarrak azaldu du bertsolaritzak oxigeno burbuilak sortzeko duen gaitasuna: “Bertsoaren inguruan bada giro bat euskaratik eta euskaraz egiten dena. Leku eta denbora bat ematen du euskaraz bizitzeko normala balitz bezala, hemen ez baita oso ohikoa halako guneak izatea”. Agirrek bide beretik adierazi du: “Bertso eskola, nahiz eta horretarako lan zehatza ez egin, bada gune bat euskararekiko harremana lantzeko. Bertsoa lantzen da modu dibertigarrian, eta horrek berekin dakar hizkuntza horrekiko harremana aldatzea. Bertso eskolan dabilen gazte jende askok esaten du ‘bertso eskolan ongi pasatzen dut, nik ez dut inor ezagutzen bertso munduan dagoena bezalakoa…’ Galdera da: jende hori kontziente da zer esan nahi duen horrek bere eremu soziolinguistikoan? Kontziente da euskarazko adierazpide batean sentitzen dela oso eroso?” Sanchezek erdal komunitateari eskaini dio azken puntua: “Araban (ezinbestez) hasieratik heldu genion erdal komunitatean haurrekin eta abar bertsoa sartzeari. Amu ona da Euskal Herri osorako”.

 

Jule Goikoetxea: “Biltzen hasia da Feministen Estatu Kontseilua, lobby feminista”

2015-03-09  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Argazkia: norabidea.eus

Argazkia: norabidea.eus

Info7 irratian elkarrizketa mamitsua egin zion martxoak 5ean Eider Olazar esatariak, Jule Goikoetxea zientzia politikoetako irakasleari. Hemen duzue osorik entzungai. Bertako pasarteak dira ondoren irakur ditzakezunak.

 

Estatuak definitzen du zer den emakumea, zer den gizona?

Estatua da “ahalmen politiko handiena duen instituzio multzoa”. Noski behar dugula estatua euskaldunok. Zergatik? estatua badaukagulako! Espainiako eta Frantziako estatuak dauzkagu, beraz, kontua ez da estatua nahi dugun edo ez. Kontua ditugun estatu horiek nahi ditugun edo bestelako estatu bat nahi dugun. Estatuak ezer sortu baino, egiten duena da birsortu. Gizonez eta emakumez ezaugarritutako gizarte bat, estatuak egiten duena da era eraginkorrean gizarte hori birsortu. Beste era bateko praktikak jartzen baditugu, gizon eta emakumeen arteko mugak lausotuko dituztenak, eta are gaindituko dituztenak, eta estatuko boterea baldin badaukagu, orduan eraldaketa hori birsortzeko ahalmena izango genuke. Horregatik, gizartearen araberakoa da estatua.

Borroka ideologikoa da gakoa estatua edukiz betetzeko?

Gure gizartea patriarkala eta kapitalista da, hori da birsortzen duena estatuak. Duela 40 urte indar korrelazioa ez zen bera, neoliberalek mendebaldean ez zeukaten gehiengo absolutua. Horregatik lortu zen bere garaian ongizate estatua, demokratizazio zabala hainbat eta hainbat eremutan… Orain ideologia hegemonikoa da neoliberalismoa, hau da, kapitalismo basatia. Zer egiten du estatuak? Kapitalismo basati hori oso era eraginkorrean birsortu: eskubiderik gabe utzi, janaririk gabe, etxebizitzarik gabe… Estatua berez ez da ez txarra ez ona: gakoa da zer ideologiak duen hegemonia estatu horren barruan. Horregatik egin behar dugun lehen gauza da, hegemonia feminista bat sortzen joatea, ahalik eremu gehienetan. Estatugintza egunero egiten dugu, baina estatu formala lortzen dugunean askoz indar handiagoa eduki dezan ideologia feministak. Zeren nagusi den ideologiaren arabera, estatu horrek birsortuko du ongizate gehiago guztiontzat edo gizon zuri aberatsentzat.

Euskal estatuak batez ere feminista izan behar duela esan izan duzu. Zergatik?

Feminismotik egin behar da euskal estatugintza. Gure ekonomia politikoa, gure sistema produktiboa, gure sistema fiskala… dena egin behar da ikuspegi feministatik. Feminismoa da egun dagoen ideologia iraultzaileena, kritikoena eremu guztietan -ez soilik sozialean- (kulturalean, politikoan, ekonomikoan…), eta feminismoa da egungo mugimendu integratzaileena. Kritika egiten dielako botere harreman guztiei. Botere harremanak ez dira sekula neutralizatuko: botere harremanak ezin dira deuseztatu, beti egongo dira. Gatazka beti egongo da, eta eskerrak, bestela ez legoke aldaketarik. Kontua da nola antolatuko ditugun botere harremanak eta haiek dauzkaten ondorio estrukturalak nola murriztuko ditugun. Hori da kontua. Horretarako nahi da estatua, eta boterea, oro har.

Eremu publikoa eta pribatua ere birplanteatuko luke estatu feministak.

Noski. Gure sistemak publiko eta pribatuaren araberako sistemak dira. Irauli behar dena publikoaren eta pribatuaren arteko diferentzia hori da, eta eraldatzeko proposamen hori feminismotik dator, beste ezein ideologiak ez du proposatzen hori deuseztatzea, ezta sozialismoak ere. Aldatzen badugu egitura hori, zeinaren bidez gauza batzuek pribatuak diren eta besteak publikoak, orduan apurtuko dugu patriarkatuaren egitura. Eta ez patriarkatua bakarrik, gehiago sakonduta baita sistema liberalen egitura ere.

Biolentzia iturri nagusia familia dela diozu.

Gizartea nola dago antolatua? publiko-pribatua. Eta pribatua zer da: familia. Pribatua da emakumeen arloa, hau da, legeak ez dauden arloa. Arrazoia ez dagoen arloa, eskubideak ez dauden arloa. Emakumeak baztertuak izan dira eremu pribatura, zeinaren bidez osatzen duzun eremu publikoa. Ez dago gizon arrazional, gizon publikorik, emakume pribaturik gabe. Ez dago eremu publikorik eremu pribaturik gabe: eremu publikoa, hau da, arrazionalitatea, eskubideak, legeak, ordena, morala, kultura… garatzen den espazio hori garatu ahal izateko, eremu pribatua beharrezkoa da. Zergatik? eremu pribatuan egiten direlako eremu publikoaren mantentze lan guztiak, musu-truk. Eremu publikoan dagoen hori guztia nork produzitzen du? gizonezkoek. Hori da marxismoak inoiz kontuan hartu ez zuena, eta horregatik marxismoa da banaketaren inguruko teoria bat (kapitala) eta ez produkzioaren inguruko teoria bat. Horregatik egiten du sarri krak, fokua gizonezkoen eremuan bakarrik jartzen duelako. Eta nork produzitzen ditu gizon horiek? nork produzitzen du humanitatea? Jaiotza, zaintza, hori guztia produkzioa da, ez erreprodukzioa! Kontuz kontzeptuekin, emakumeek egiten dutena ez da “erreproduzitu”, hori estatuak egiten du, birsortu. Emakumezkoek produzitu egiten dute!

Biolentzia hitzak estatuak eta bere garaian ETAk egindakoari mugatuta ulertu izan dugu. Biolentziak eta batez ere emakumeenganakoa politizatu beharra ikusten duzu.

Biolentziak geure egin behar ditugu. Kontua ez da “guk ez dugu biolentziarik nahi, gatazkarik nahi…”. Bai, bai, guk nahi ditugu, kontua da nolako gatazkak, nola erabili biolentzia hori. Emakumeoi biolentzia kendu zaigu. Kontua biolentzia banatzea da. Gizonezkoek egiten dituzten ekintzak politikoa dira. Gizonezkoen arteko eztabaidak ere politiko kontsideratzen dira. Aldiz, emakumeek egindako ekintzak emakumeentzat dira, eta gure arteko eztabaidak saltsa arrosa. Egunkaria hartzen badugu, politika saila askotan txutumutxu hutsa da, “honek hau esan dio besteari eta besteak hau erantzun dio”, hori betiko txutxumutxua da.

Gizonak era masiboan akabatzen dituztenean gatazka politikoa da, emakumeak akabatzen dituztenean emakumeen indarkeria. Ez, ez, ez, hau da onartu ezin dena. Zeren diferentzia hori onartzen badugu, gatazka politikoa gizonezkoena da. Eta badirudi gatazka politiko bakarra daukagula, estatuarekikoa. Emakumeok gatazka politikoa egunero daukagu herri honetan, eta gainera gure inguruko gizonekin. Hori da politizatu behar dena, gure bizitza politizatu behar dugu. Zer esan nahi du biolentzia politizatzeak? herriarenak direla, ez direla emakumeenak, guztionak direla. Emakumeok ez gara herriaren parte, gu herria gara. Emakumeenganako indarkeria, indarkeria politikoaren mailan jarri behar da, berdintasun erreala eta sinbolikoa lortu nahi badugu. Emakumeen kontrako eguneroko biolentzia sinboliko ikaragarria da gatazka bakarra estatuarekikoa dela esatea. Ikusezintasuna ematen baitzaio politikotasuna ematen ez zaion horri.

Gatazka politikoa normalizaziora inguratu heinean emakumeak periferian geratzeko arriskua ikusten duzu.

Noiz eskatzen da normalizazioa? Normaltasunetik atera den hori berriz normara ekartzeko. Hori esan nahi du normalizatzeak. Normalizaziotik kanpo gaudenean, emakumeek hartzen dute askotan gizonezkoek duten botere hori: gudari bilakatu, gerra garaian fabrikara joan… normaltasunetik ateratakoan emakumeek botere gehiago lortzen dute. Normalizaziora itzultzeak zer esan nahi du? emakumeak periferiara itzultzea, gizonezkoak zentrora, gizonezkoek biolentzia gauzatzen jarraitzea emakumeekiko… Guk ez dugu normalizaziorik nahi. Egun 10 gizon badaude espazio publikoan, 5 soberan daude. Eta hori ez da normalizazioa, alderantziz, hori litzateke iraultza, eta hori da nahi duguna.

Normalizazioa litzateke 10 gizonetatik 1-2 isiltzea, eta ez, ez, 5 isildu behar dira. Eta ez dute isildu nahi. Normala da. Ez dut uste intentzioarekin egiten denik. Oso mekanika inkontzienteekin egiten da, eta nahi gabe birsortzen da patriarkatua. Gizonak esertzen direnen emakume batek okupatzen duen espazioaren bikoitza okupatuz, ez dute nahita egiten. Egiten dute espazioa beraiena delako. Ez dira nahita hankazabalik esertzen, eta guk ez dugu nahita jartzen hanka bat bestearen gainean. Baina hor dago patriarkatua: espazioan nola mugitzen garen, nola hartzen dugun… Normalizazioa da patriarkatuaren funtzionamendu eraginkorra, eta hori da nahi ez duguna. Erdigunean egon diren emakumeek erdigunean jarraitu behar dute, eta askoz ere gehiago sartu behar dira. Eta eurak gehiago sartzeko, beste batzuek atera behar dira. Horregatik diot, arazoa isiltzea da! 10 minutu badituzu hitz egiteko, isildu bigarren zatia. Zergatik? Ez da gauza bera emakume batentzat feminista izatea edo gizon batentzat feminista izatea. Bien bizimodua ez baita berdina. Gizon batek feminista izateko egin behar duena da isildu, bere pribilegioei uko egin. Eta entzun. Eta emakume batek feminista izateko egin behar duena guztiz kontrakoa da.

Mugimendu ezkertiarretan erreproduzitzen diren botere harremanekin kritikoa zara.

Ez nago kezkatuta eskuineko misoginoekin, soziologikoki gutxiengoa baitira. Aldiz, gure herrian zentro-ezkerrekoak gehiengoa dira. Hor dago arazoa, berdintasunaren alde dagoen gizon masa horretan. Ez pertsonalki, baizik eta kolektibo moduan. Gizonezko ezkertiarrak, beren bizitzako eremuren batean badira transgresoreak, militanteak edo aktibista diren heinean, kontra egiten diote gauza batzuetan estatuari, moral hegemonikoari… baina beste %95ean ezkertiarrak kontserbadoreak dira, soziologikoki. Alegia, beste eremu guztietan egiten dutena konbentzioak esaten duena da: ezkondu, lanera joan, harreman heteroak eduki, seme-alabak eduki, erosketak VISArekin ordaindu… ditugun normak birsortzen dituzte, baita sentitzeko eta pentsatzeko erak ere. Inertzia horrek normala bizitzera daramatza eta normala patriarkala da. Patriarkatua oso era demokratikoan birsortzen da, oso era normalean. Inolako gatazkarik gabe, eta nahi gabe, hori da arazoa, nahi gabe birsortzen dela. Horregatik diot arazoa ez direla eskuin misogino histerikoak.

Arrakalak ikusten dituzu, mugimendu ezkertiarretan deserosotasuna eragiten hasi da feminismoa.

Hori oso positiboa izan daiteke. Emakumeok ikusi dugu boterea hartu behar dugula. Mikrotik makrora pasa behar dela, mikroa utzi gabe, noski, hori da gakoa. Makrora pasa behar da, makro-politikara, makroekonomiara. Estatura. Ez da nahikoa kaleko mobilizazio eta kontzientziazio lana, bera bakarrik. Hori da oinarrizkoena, baina gero gauzatu behar da era makroan. Horregatik planteatu nuen Feministen Estatu Kontseilua.

Horixe galdetu behar nizun, zertan den Feministen Estatu Kontseilua.

Era tradizionaletan arrakalak sortzen doaz baina oso pixkanaka. Esan bezala, inertzia delako patriarkatua birsortzea. Aparteko egitura bat behar da (alderdietatik aparte, mugimenduetatik aparte…), beste egitura horiek deuseztatu ez, baizik eta osatuko dituena. Horretan interesa daukagun emakumezkoak hasiak gara elkartzen. Hau ez da izango horizontalki eta era parte-hartzailean funtzionatuko duen zerbait. Zergatik? Ez gara demokratikoki hautatutako ordezkariak, hor gaude interesa daukagun pertsonak eta kito. Bere funtzio garrantzitsuena, intzidentzia politikoa izango da. Hau da, lau-bost helburu oso zehatz ezarri urtero, eta denok batera gauden posizio eta botere-guneetatik lan eginaz helburu horiek lortzea. Horregatik izango da lobby bat, lobby feminista bat.

Sagar Moreen Iraultza Hernanin

2015-03-02  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Martxoaren 14an beltzez jantzitako emakumeek hartuko dituzte parrandaren kaleak (Iruñean San Ferminen bezperan egin zutena oinarri hartuta). Sagardotegi garaian eraso sexistak ugariak izaten dira eta ekintza honek erasoen aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministarako deia egingo du. Antolatzaileek adierazi digutenez: “Nazkatuak gaudela, guk ere gauaz, festaz, kaleaz gozatzeko aukera izan nahi dugula… eta erasoen aurrean erantzuna emango dugula!”.

Hernaniko Andre Kalearen inauguraketa herrikoia

2015-03-02  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Martxoaren 21ean inauguratu zen ofizialki Andre Kalea. Hernaniko kale ezagunenetakoa da, bertakoak ez direnentzat “tabernen kalea”. Ekitaldi herrikoia osorik erakusten du bideoak.

Beti deitu izan zaio hala

Udal artxibategiko dokumentuen arabera, 1896an Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei gomendatu zien kaleetako errotulazioak euskaraz eta erdaraz emateko. Horren aurrean Hernaniko udalak erabaki zuen bi izendapen ofizial ematea kale honi: Andre-kalia euskaraz eta Urumea erdaraz. 1900 Urumea soilik deitzea erabaki zen eta 1927an Padre Cardaveraz. Azkenik, 1988an Kardaberaz kalea jarri zitzaion. Baina herriko helduenei oraindik “Andre kalia” entzungo diezu.

Zergatik Andre kale?

Herriko bizitza kaleka antolatzen zela esan liteke: Kale Nagusian denda dotoreak zeuden eta ongi jantzitako jendea ibiltzen zen bertan. Andre kalea, aldiz, emakumeek lan egiten zuten kalea zen. Hernaniko etxeen berezitasuna da bi kaleetara ematen dutela portalek, eta horrek pentsatzera garamatza eremu publikoa eta pribatua bereizteko-lotzeko funtzioa zutela. Emakumeek etxetik aulkiak jaitsi eta kalean elkarrekin lan egiten zutela esaten da. Lan horien artean bat Leokako labaderoan lixiba egitea zen, etxekoen arropa eta diru truke aberatsena joz. Lanean bakarrik ez, karta jokoan ere aritzen omen ziren emakumeak Andre kalean.

Generoaren baitan sailkatutako eguneroko jarduera publikoa eta pribatua kaleen antolaketarako irizpidea izan zitekeen, beraz. Kale Nagusia gizonena, Andre kalea emakumeena, eta Atzieta kalea abereena.

Printzesa bizardunen harribitxia

2015-02-24  //  Kultura  //  Iruzkin bat

Gaueko entziklopedia koxkorra-k umore ona jartzen du etxean. Jolasgurea zabaltzen. Ume-klabean aritzera tentatzen.

Horrelako lanak etxero sartu behar lirake. Osasun publikoagatik. Airean gelditu da galdera, Kultura publikoak nola elikatu behar lituzkeen herritarrak txikitatik, zer bermatu behar lukeen. Kultura kalitate humanoa lantzeko bide ere bada eta.

Argia piztearen eta arrautzak irabiatzearen jolasa berreskuratuko dizuna

Hitzek poesia poxi bat daramate. Betiko hitzekin, etxeko objektuez eta gertaerez dira mintzo. Eta ze eder! (klik-klak egarri naiz; klik-klak buru-makur; klik-klak ama hor dator; klik-klak baso bat ur)

Hitzek umore puska bat daramate (“Logalerik ez, eta ixten zait begi bat; kri-kri hasi zaizkit kilkerrak eta katuak barrez, logalerik ez…”).

Hitzek plastilina karrokada bat daramate norberak nahieran jolasak asmatzeko, ipuinak sortzeko (dena nola hazten den kontatzen duen “gauen arreta jarri zazu zuk ere; soinu ñimiño bat egiten dute”)…

Jostailuekin jotzen omen dute musika (bai, bainerako ahatetxoa behintzat barruraino sartzen da), kontzertuak festa bat izango direla espero daiteke. Musikalki oso aberatsa da, zentzua beste ahots bat eta beste bat jarraitzera daramana, zure burua nola doinuak igartzen harrapatzen duzuna, zazpigarren entzunaldian beste detaile bat aurkituko diozuna…

Eta gainera liburua! Marrazki ederrez, jolasez eta erreferentziaz josia.

Eta gainera liburua! Marrazki ederrez, jolasez eta erreferentziaz josia.

Mila esker

Mila esker 2princesesbarbudes, Bizarduna (Marc Marcé), Printzesa (Helena Casas), Maialen Lujanbio, Xabi Grimau, Ainhoa Aranburu, Larraitz Garmendia eta Joseba Tapia. Kataluniatik Euskal Herrira zuzenean ekarritako altxorragatik.

Zer hizkuntzatan elkar ulertzen dugun, lehen lerroko erabaki politikoa da

2015-02-19  //  Hizkuntza  //  Iruzkinik ez

1955, AEB. Rosa Parks afroamerikarrak uko egin zion autobuseko eserlekua gizonezko zuri bati uzteari, sasoiko legearen kontra. AEBetan Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen ekintzak hark. Noiz utziko diogu hizkuntzaren eserlekutik desplazatzeari?

1955, AEB. Rosa Parks afroamerikarrak uko egin zion autobuseko eserlekua gizonezko zuri bati uzteari, sasoiko legearen kontra. AEBetan Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen ekintzak hark. Noiz utziko diogu hizkuntzaren eserlekutik desplazatzeari?

Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. “Politikoa” horrela ere uler daiteke: elkar ulertzea tentsioan jartzen duen guztia. Adibidez: bi herritarren arteko elkar ulertzea tentsioan jar dezake generoak, jatorriak, hizkuntzak, klase sozialak… Botere harremanak edo norberaren posizioa gakoa dira soka-tira horretan. Betiko galdera: Zer zaude prest familiako bazkaria “bakean” bukatzearren tragatzeko?

“Bakeak” hiltzen zaituenean

Iristen da egun bat tragatzen ez duzuna. Zorionak! Horrek esan nahi du “zu” egiten zaituen beste ezaugarri baten kontzientzia hartu duzula. “Zu” izateko bitala zaizun faktore bat gehiago deskubritu duzula. “Zuago” zara! Eta ez tragatzeak esan nahi du baita ere zure burua parean duzun senidearena adina maite duzula. Ez senidea baino gehiago, ez senidearen bizkar, ez senidearen kontra, EZ: zure burua senidea ADINA, senidearen PARE, senidea BEZALA, ERRESPETU berarekin.

Elkar ulertzea biren esku dago, ez zure esku (bakarrik)

Hortik aurrera senideak armairutik atera berri duzun ezaugarria ikusiko duen, ulertuko duen, onartuko duen, errespetatuko duen… ez dago zure esku. Nahi zenuke berarekin partekatzea, baina (“izorrai!” edo “lasai!”) ez dago zure esku. Horrek kentzen dio balioa armairutik atera berri duzun ezaugarriari? Subjektu (politiko) gisa zure hautuen zilegitasuna zure buruari ematen diozu edo senideari?

Negoziazio kolektiboa etengabekoa da

Maitasun erromantikoarekin batera sortuko zen “isildu eta bakea”. Inongo baldintzarik gabe maitatzera behartzen gaituzte biek, menpeko egiten. Tratu txarren eltzea dira maitasun erromantikoa eta “derrigorrezko bakea”. Gure izaera politikoaren parte diren faktoreekin negoziatzen ikasi behar dugu. “Nire senidea zara eta zurekin harremanetan jarraitu nahi dut, beraz, ea gai hau nola kudeatzen dugun, niretzat ardatza da eta”. Norberarentzat ardatza diren faktoreak errespetatzen direla sentitzen ez dugunean harremana bera da kinkan jartzen dena. Edo errespeturik gabeko harremanetara behartu nahi dugu gizartea “bakearen” izenean?

Euskarara etorrita

Elkar ulertzera, horretara gaude behartuta herritarrak bizitzeko. Horretarako oinarrizkoa da besteak hitz egiten duen hizkuntza ulertzea (nahiz eta beste hizkuntza bat hitz egitea hautatu) edo ulertzeko jarrera agertzea (zeinuka ere komunikatzen gara gaitasunik ez dugun hizkuntzetan). “Ez dut zure hizkuntza ulertzen” esaten duenak elkar ulertzea tentsioan jartzen du. Errespetuaren muga ere kolokan egoten da erabilitako hitz eta tonuen arabera (areago hizkuntza hori bertakoa eta ofiziala bada), ez ulertzearekiko ezaxola edo arbuioa adierazten badu, edo ardura. Hortik aurrera, norberak erabakitzen du hizkuntza subjektu (politiko) gisa ardatza zaion, bitala zaion edo ez. Norberaren hizkuntza parekoarenaren ADINA, PARE, BEZALA, ERRESPETU berarekin maite duen. Edo alderantziz, harreman horretan menpekoa den.

Ez duzu bestea zure hizkuntzan hitz egitera behartu nahi, noski. Eta zure burua bai, behartuko duzu bestearen hizkuntzan hitz egitera? Zer, “ez zaitut ulertzen” batekin tentsioan jarri den komunikazioaren eta kohesioaren izenean?

Hizkuntza subjektu (politiko) gisa zure ardatzetakoa da?

Eguneroko harremanetan erdaraz eraiki duzun “bake”ak ez du zure zati bat ukatzen, hiltzen?

Harreman bakoitzean hizkuntza negoziatzen ikasi behar dugu, norekin nola mintzatzen.

Bestearen integrazioa ez dago zure esku (bakarrik)

Euskarazko mundua partekatu nahi zenuke euskal herritar guztiekin baina (“izorrai!” edo “lasai!”) ez dago zure esku. Euskara ulertu gabe bizitzeko hautua egiten duenak, euskarazko munduan ez integratzeko hautua egiten du. Horrek kentzen dio balioa euskarazko munduari? Euskaraz bizitzeko zilegitasuna nori ematen diozu, zure buruari edo erdaldunari?

Euskal Herria eraikitzerakoan, lehen lerroko erabaki politikoa

Estatuarekin, autonomia gehiagorekin edo asanbladaka antolatu nahi dugun euskal gizarteak elkar zer hizkuntzatan ulertuko duen erabakitzea lehen lerroko erabaki politikoa da. Erantzun komodoenari helduko diogu (lasai, hizkuntza defendatzearen truke botorik galdu nahi ez duzuen alderdi politikoak!): Bi hizkuntzetan? Ados, orduan garbi izan dezagun bi hizkuntza ofizialak ulertzea irakurtzen jakitea bezain oinarrizkoa dela gizarte honetan integratzeko. Kode zibilak dioenez: “Legeak ez ezagutzeak ez du legeok ez betetzetik desenkusatzen”.

Urquijoen aurrean Rosa Parks

2015-02-18  //  Hizkuntza  //  Iruzkinik ez

Rosa-Parks

Asteburu honetan gertatu zitekeen, udalerri euskaldun batean:

Urquijoz mozorrotuta sartu da tabernan cristiano monolinguea, zer eta euskararen legea zorroztuta besapean duela, zer eta elebitasuna eskudotzat hartuta.

Barrara doa zuzen, eskatzera baino, tragoa exijitzera. Barra erdian den neska batek traba egiten omen dio. “Y tú de qué vas?” uxatu nahi du Urquijok neska zakar.

“Ni naiz Rosa Louis Parks” erantzun dio pozik neskak.

Tartean sartu zaie Txano-gorritxo, denen lagun egin nahian. Elkarbizitzaz mintzo zaie, pedagogiaz, sedukzioaren indarraz, paradisuko elebitasun orekatuaz, Parks-i bere hizkuntzan, Urquijori berean.

“Y quién es esa Parks!” atzera berriz Urquijok.

“1955, AEB. Rosa Parks afroamerikarrak uko egin zion autobuseko bere eserlekua gizonezko zuri bati uzteari”.

“No te entiendo nada” batekin pasa da Urquijo barra zokora. Irriak ihes egin dio Parksi, “ez omen nau ulertzen… euskaraz naizelako? beltza naizelako? emakumea naizelako?”.

Urquijori atzetik joan zaio pauso lasterrean Txano-gorritxo, elkarbizitzaz mintzo, pedagogiaz, sedukzioaren indarraz…

Rosa Parks-ek dantzan jarraitzen du pozik. “Nire lekuan mantenduko naiz ni naizen bezalaxe” zin egin dio bere buruari. Kontzienteki eginiko hautu politiko hori txupito batez ospatu du. Geroztik barruan darama Rosa Parks-en jarrera, AEBetan Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen jarrera hura.

 

(*ETBko Azpimarra saiorako eginiko tartea)

20 / 30«Aurrekoa101920212230Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA