Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
21.000 ikaslek landu dute bertsolaritza Euskal Herri osoan
2015-06-03 // Bertsolaritza // 2 iruzkin
Ikasturte amaierako Legazpiko saioa. Argazkia: Goierriko Hitza.
Euskal Herri osoko 410 ikastetxetan aritu dira Bertsozale Elkartearen Gu ere Bertsotan proiektua lantzen 38 irakasle eta 21.000 ikasle. Azken asteotan ikasturteko lana erakusteko hainbat jaialdi eta topaketa egiten dabiltza. Herrialdeka, Gipuzkoan egitasmoak 10.000 haur eta gazte mugitzen ditu; Bizkaian 7.700 ikasle aritzen dira bertsolaritza lantzen; Araban 2.500; Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdin 800 eta Nafarroan 45 ikastetxe.
Bertso-eskoletan, 1.700 lagun
Bertsotarako grinari jarraipena eman diote 1.700 gazte eta helduk bertso-eskoletan. Asteotan Bertso Eskolen Egunak ari dira ospatzen, gehienak Eskolarteko Txapelketari loturik. 15-18 urte bitarteko 100dik gora gazte ari dira parte hartzen Eskolarteko Txapelketan eta Euskal Herriko finala ekainaren 27an jokatuko da, Orion.
Bertso-udalekuetarako garaiz zabiltza
18 urte daramatza Bertsozale Elkarteak udalekuak antolatzen. Aurten uztailean eta abuztuan egingo diren 5 txandatan 240 bat haurrek hartuko dute parte. Muxikako eta Orioko udalekuetan izena emateko aukera dago, ekainaren 4a bitarte. Aisialditik eta bertsolaritzatik abiatuta, Euskal Herriko hainbat txokotako lagunak egin eta tokian tokiko eragileak ezagutzeko aukera ederra dira udalekuok.
Ipuina irakurtzen ez, baina nola idatzi bazekien ipotxarena
2015-05-15 // Umekeriak // Iruzkinik ez
Hitz xinpleenak ere irakurtzetik oso urrun dago zortzi urteak bertan dituen neskatoa. Heldua hasi zaio “Ipotx jauzkaria” irakurtzen: Erregek neska gazte bat gazteluko gelan itxi zuela eta biharamunerako lastoa urre bihurtu ezean hil egingo zuela. Gauez ipotxa agertu omen zaio eta neskak esaten omen dio: “biharko lortzen ez badut hil egingo naiz”.
– “Hil egingo NAIZ?!!!!” “Hil egingo NAUTE” idatzi behar zen hor! Ezta?
Nork dio irakurtzen ez dakienak ezin duela idazten irakatsi?
Ipuinean aurrera, neska erregerekin ezkondu zenekoa iritsi da.
– Horrekin ezkondu nahi al du? Putakume bat da eta!
Helduari irri zorrotzak ebaki dio ezpaina: neskatoak bista ederra izanagatik, betaurreko moreak janzten hasi izanaz harro. Beste egun batean azalduko dio “putakumea” hitzaren genealogia.
Emakumeok prostata dugu eta eiakulatzen dugu
2015-05-13 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Diana J. Torres Bilboko aurkezpenean.
Diana J. Torres (Madrid, 1981) da Coño potens. Manual sobre su poder, su próstata y sus fluidos (Alu ahaltsua. Bere botere, bere prostata eta bere isurkariei buruzko eskuliburua) liburuaren egilea. MagnaFranse-renak dira ilustrazioak eta Txalapartak argitaratu du (hemen Gasteizko aurkezpenaren bideoa). Bertan, zortzi urteko ikerketaren ostean, “Porno-terrorista”k emakumeen prostataz eta bere isurtzeko gaitasunaz dihardu. Itziar Abadek Pikara Magazinerako elkarrizketatu du eta hemen euskarara ekarri dugu.
G Puntuaren ordez prostata hitza erabiltzearen aldekoa zara.
Antzina, semena generorik gabeko likido bat zenean, hori zen erabiltzen zen hitza eta ebatsi egin ziguten; berreskuratzea aldarrikatzen dut. Prostata hitza grekozko parastátês-etik dator, eta “laguntzen duena” esan nahi du, ez besterik. Baita ere gustatzen zait horrela deitzea binarismoaren aurka altxatzeko. Generoak kontu biologikotan oinarritzen direla saldu digute. Aldiz, gizon baten eta emakume baten gorputzak irekitzen badituzu, ohartzen zara ezberdintasunak oso gutxi direna. Biek dute prostata eta praktikoki berberak dira. Gurea zerbait txikiagoa izan ohi da, testosterona mailen arabera. Patriarkatuaren dominazioari eusteko arrazoiak erori egiten dira. Ez dago ezer queer-agorik gorputzen errealitatea baino.
Zergatik ez deitu G Puntua, ezagunena den moduan?
Hitz hori 80ko hamarkadan sortu zen, Amerikako Estatu Batuetan. Emakume ez-zuzenen sendabide moduan aurkeztu zen, horrela azkenean baginako orgasmo bat izan ahalko zuten, plazer egokia alegia. Horrela, emakumeen sexualitatean klitoriak duen protagonismoa alboratu zuen, eta feministek bi hamarkada zeramatzaten klitoriaren protagonismoa aldarrikatzen. G Puntuaz diharduen lehen liburuak, “G Puntua eta giza sexualitateari buruzko beste aurkikuntza berri batzuek”, arrazoia ematen zion falokraziari. Herrialde hartan sexualitateaz ziharduen liburu salduena izan zen; misterioen erantzunak saltzea gehiago nahastuz, hori kapitalismoaren dinamiketako bat da. Liburu zentzudunagoa izango zatekeen, kontatu balu 1950ean Gräfenberg ginekologo alemaniarrak ezin izan zuena: bere idatzietan, esaten zuen emakumeek isuritako likidoak ez duela zerikusirik gernuarekin eta prostatak ehun “homologo” edo “analogoak” dituela gizon eta emakumeetan. Gainera ziurtatzen zuen bi sexuetan, bere kokapen, neurri eta dimentsio eta gaixotasunak ia berak direla.
Beste kexarik?
Baita ere hozkia ematen dit bere inguruko enigmak, Bermudako Hirukia bailitzan, eta eufemismoak. G Puntua deritzo, Gräfenberg jaunaren ohorez. Pentsatu izango zuten, metafora bat erabili ezean, emakumeok ez genuela ulertuko zer zen. Nola ez garen batere teknikoak… G Puntua ez erabiltzeko beste arrazoi bat da gure aluaren kolonizazioa. Gizonezkoen abizenez kargatuta daramagu: Falopio, Skene, Bartolino, Gräfenberg… horregatik guztiagatik, ezin dut eraman feministek hala deitzea!
Esan izan duzunaren arabera, Antzinaroan emakumeen prostata errekonozitua zegoen. Nork erauzi zigun ideologikoki?
Patriarkatuak eta katolikotasunak, gure testuinguruan. Katolikotasunari ez zitzaizkion komeni emakume urtarrak, boterea zutelako. Plazera pertsegitzen hasi zirenean, gure gorputzetik hasi ziren. Likido bihurtzea oso lotua dago baita ere pentsamenduaren malgutasunarekin, kategoriak ezegonkorrak diren ideiarekin, eta askoz dibertigarriagoak direla zurrun edo lehor izatea baino. Kapitalismoa ere arduratu zen gu lehortzeaz. Pertsona talde bat saiatzen denean soilik zoriontsu izaten, kapitalismo osoa eraisten da, zeren, nor izango da zoriontsu egunean hamar ordu lan egin, urtean 15 egun opor eduki eta hipoteka bat ordainduz? kultura honetan ez digute burmuina bakarrik lehortu, gorputz osoa baizik, eta alua bereziki.
Medikuntzak betidanik emandako tratu txarren aurrean mendekua eskatzen duzu. Nola?
Lehenengo, galduriko denbora berreskuratuz eta gure prostata berriz ezagutuz. Nola? Ongi bero zaudenean, larru-jotzearen erdian, gelditu, bizkarra hormaren kontra duzula makurtu, bi behatzak sartu eta estutu pubisaren kontra. Hor erraboiltxo baten moduko gauza bat aurkituko duzu, alboetara joaten dena. Hori da zure prostata. Goizetan kasu egiozu: “Kaixo, badakit hor zaudela, bazarela”. Gure buruko mapan birkokatu behar dugu. Beste mendeku bat da hainbeste denboran isildutako jakintza zabaltzea. Proposatzen dut sexuaz eta gorputzaz hitz egitea maite ditugun eta maite gaituzten pertsonekin, sarri huskeriez mintzo baikara. Azkenik, zientziaz ez fio izateaz proposatzen dut, batez ere minik ez badugu, eta norberak bere gorputza bere kasa ezagutzea.
Baduzu trukurik?
Erremolatxarekin jakin dezakegu isuri duguna ez dela gernua. Erremolatxak gernua tindatzen du, baina ez gorputzeko beste likidorik. Bi erremolatxa gordin jaten badituzu, olio txorrotaz, erabat more egingo duzu pixa, baina ikusiko duzu eiakulatutako likidoa ez dagoela tindatuta. Barrura eiakulatzen duzuna bazara ere froga egin dezakezu. Jaso larrua jo edo masturbatu osteko gernua eta ikusiko duzu ez duela kolorerik. Hamar minuturen ostean agertuko da more kolorea.
Zure vendetta-k bere horretan ahalduntzea eta autodefentsa feminista dira.
Erremintak dira geu izan gaitezen gure gorputzen jabe, baina baita ere gorputz hauek jasaten duten indarkeria ginekologikoa garaitzeko. Indarkeria delako emakume gazte batek, gernuari eusteko inongo arazorik ez duenak, ginekologoari bere “pixa-erreka” azaldu, eta konpontzeko, ebakuntza-gelara eraman eta prostata erauztea; indarkeria direlako emakumeek pilatzen dituzten traumak euren bikotekideek uzten dutenean isurtzeagatik eta indarkeria direlako gure prostaten ikusezintasunak eragiten dituzten osasun arazoak; indarkeria delako Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiak prostata definitzeko modua [ugaztun harren organoa dela dio honek].
Zer esango zenieke euren eiakulazioak erru, beldur edo lotsaz bizi dituzten emakumeei?
Alda dezatela maitalez, ez daitezela inola ere medikuarengana joan, gertukoengana jotzeko eta feminismo prosex-a ezagutzeko. Gainera, egin ditzatela azaldutako esperimentuak, oso beharrezkoak direlako gorputzari bere nortasun eiakulatzailea aitortzeko eta buruaren eta prostataren arteko lotura berreskuratzeko.
Nolakoak dira emakumeen eiakulazioari buruz ematen dituzun tailerrak?
Lehenik dakidan guztia kontatzen dut motzean, prostataren irudiak erakutsiz, ikusteko non dauden euretatik eiakulatzen dugun zuloak, eta frogatuz nola zanpatzen duen zientziak gure gorputza; esaterako, erakusten dut anatomia irudi bat zeinetan juxtu falta diren patriarkatuarentzako sorginkeriak diren bi organoak: klitoria eta prostata. Ondoren dator tailerretako zati interesgarriena: galderak eta jakintzaren trukea. Alde praktikoa oso gutxitan egin dut.
Zure performanceak ikusita, praktika irudikatzen nuen.
Bizitza ez da eszenarioa, eszenarioak asko ahalduntzen du. Granadan tailer praktiko oso polita egin genuen. Latex eskularruak, toallak eta lubrifikatzailea ekartzeko eskatu nuen. Arlo teorikoaren ondoren 15 emakume inguru geratu ginen larrua jotzen kafetegi bateko sotoan (tailer praktikoak larrua jotzen jartzea dira). Esan nien prostata bilatu eta kitzikatzeko likido pixka bat atera zedin, eta lortzen ez bazuten lagunduko niela nik. Denak isuri ziren. Batzuek bazekiten nola egin, beste batzuek elkarri lagundu zioten lortzeko. Tailer praktikorik onena Nantesko emakume okupen etxe batean izan zen. 30 emakume zeuden eta entsalada ontzi erraldoi bat bete zuten isuriekin. Nik tailerretik alde egin nuen, ezin nuen egoera horrekin!
Ezezagunekin larrua jotzea ez balitz hain konplikatua gizarte honetan, tailer praktikoak askoz errazago irtengo lirateke. Granadako tailer zoragarri hartan pare bat neska euren mutil lagunekin zeuden, erabat izututa alde egin nahi zutenak. Gero emozionatzen hasi ziren eta jokoan sartzea erabaki zuten. Haietako batek bukatu zuen bere txurriak alutik botatako haren katilukada bat edaten.
Beraz tailerrak mistoak dira.
Kontu honek ere zailtzen du antolaketa, batez ere feministekin. Mistoak badira zaindu behar da ez dadin babosorik sartu, nahiz marikita eta inuzente itxura eduki, ondoren denei esku sartzen saiatuko dena. Nahiz eta hori neska batek ere egin dezakeen…
Errietarik egin dizute koltxoiak bustitzeagatik?
Egun batean oso anarkopunka zen tipo baten etxetik korrika irten behar izan nuen. Horman Che edo Bakuninen afixa zuen, ez dut oroitzen ongi zein, eta viscolatex koltxoia, hileka ordaintzen diren horietakoa. Idiskoa oso erasokorra jarri zen, ohean pixa egin niola salatu ninduen, arropa kanpora bota eta esan zidan: “Hoa hemendik, urdea”. Beste batean neska batekin gertatu zitzaidan. Txorrota aurpegira erori zitzaion eta paniko krisian sartu zen, HIESa erantsi niola uste izan zuelako. Pija hutsa.
Esperientzia itsusi pare bat baino ez. Zortea izan duzu.
Inorekin oheratu baino lehen ongi botatzen diot begia eta aztertzen dut bere ingurua, mugitzeko modua, hitz egitekoa. Badirudi “devenir perra”, porno-terrorismo eta pospornoarekin edonorekin oheratzen garela, baina bai zera, nahiko selektiboak gara. Ez dut batere gogorik normatiboak ez diren praktikak ditudalako esperientzia txarrik izateko. Niretzat prosex izatea ez da mugitzen den ororekin larrua jotzea, baizik eta presente izatea oheratzen garenen zainketak, gertutasun ideologiko, politiko, gorputzeko eta emozionalak. Prosexak direla esango dute futbolera doazen matxirulo denek, egunero emakume batekin larrua jotzearekin amesten dutelako, baina horrek ez du zerikusirik nik ematen diodan adiera feministarekin.
Nola egin duzu Coño potens? Liburutegian sartuta ez zaitut irudikatzen…
Ez, ez; software librearen eta infranetaren zalea naiz, bertan aurkitzen duzu nahi duzun oro, giltzurrun batetik hasita artikulu zientifikoetara. Liburu hau batez ere internetez eginiko ikerketa baten emaitza da, eta orain arte eman ditudan 200dik gora tailerretan agertutako duda eta informazioarena. Sayak Valenciak, nire lagun akademiko bakarrak, webgune zoragarria ezagutarazi zidan, artikuluak doan jaisteko.
Hemendik aurrera zer?
Ingelesa taxuz jakin ezean, nire liburua ez zatekeen posible izango. Horregatik, artikuluak itzultzera jarriko naiz eta pixkanaka yeswecum.org -era igotzen, jakintza kolektiboa partekatzeko sortu dudan webgunera. Liburu hau idatzi dut baita ere adar ezberdinetako pertsonen kolaborazioa bilatu eta horrela jakintza sarea sortzeko. Liburua Espainia, Italia eta Mexikoko biretan aurkeztu ondoren, Cancunera joango naiz oporretara testuak itzultzera, amaka batean mojitoarekin etzatera. Merezia dut (kar-kar-kar).
Prostata
Skene Glandula eta ondoren G Puntua izenez ezagutu da, emakumeen glandula parauretralak aztertu zituzten bi medikuren omenez. Emakumeen prostatak gizonezkoaren antzeko ezaugarriak diru. Emakumeetan baginarekiko modu paraleloan doa eta uretran txertatua dago. Horregatik, kitzikatzean hazi egiten denean, pixa egiteko gogoaren sentsazioak sortzen ditu. Historikoki badenik ukatu izanaren ondorioz, uste izaten da eiakulatutakoan emakumeek jariatzen duten likidoa pixa dela. Kanporantz eiakulatzen duten eta putzu handi xamarrak sortzen dituzten emakumeak baztertu ohi dituzte euren sexu bikoteek. Ondorioz, azkenerako lotsa eta errua sentitzen dute.
Prostataren neurria bi eta bost zentimetro artekoa izan ohi da lasai dagoenean (ez da inondik ere G ‘puntua’) eta beteta dagoenean bere neurria hirukoiztu ere egin daiteke. Kitzikatzean sortu eta gorde egiten du likidoa, plazer handiko uneetan edo orgasmoan askatzen duena. Emakume denek eiakulatzen dute. Edo kanporantz, horretarakoxe diren zuloen bidez, edo maskurirantz. Kasu horretan, eiakulazio likidoa gernuarekin batera kanporatzen da.
#ZurePotroakEzDiraHainHandiak
2015-05-06 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Argazkia: @MChatelaine
Leku publikoetan zenbat espazio hartzen dugu ar eta emeok? Sare sozialetan argazki bidez ari dira salatzen gizonezkoek okupatzen duten gehiegizko lekua: #YourBallsAreNotThatBig #TusPelotasNoSonTanGrandes #takebackthemetro traolekin. Gorputz jarrerak ere sistema matxistaren ondorio dira eta berauez kontziente eginik berdintasuna lantzeko erabili ditzakegu.
“Manspreading” kontzeptua eta ondorioak
Ingelesez hitz horrekin adierazten dute garraio publikoan gizonezkoek hankazabalik bere eserlekuaz harago hartzeko jarrera. 2013an bihurtu zen debate publiko, Tumblr webgunean honen aurkako kanpaina feminista hasi zenean. Izan zuen ondoriorik kanpainak, esaterako, New Yorkeko metropolian eta Seattlen honako afixak jarri zituzten arduradunek, tren eta autobus bidaiariek izan beharreko jarrerak adieraziz:
Aldiz, Philadelphia, Chicago eta Washingtongo arduradunek, ukatu egin zuten hau arazoa denik. Geroztik, mansprending-a salatu nahi duten aktibistek argazkiak atera eta sare sozialetan zabaltzen dituzte.
#ZurePotroakEzDiraHainHandiak
Hona hemen euskal txiosferak elikatutako adibideak:
Ekarpena: @albistetan
Ekarpena: @daneleSM. “Zure arrautzak ez dira handiak, ez kristalezkoak”.
#TusPelotasNoSonTanGrandes traolapean @MChatelaine da batipat argazkiak zabaldu dituena. Hona hemen bere beste argazki batzuk:
@luciadelafuente -k eginiko ekarpena.
#takebackthemetro traolarekin bildutakoa:
Argazkia: @wonderlucie
Parisko Osez Le Féminisme elkarteak Take Back The Metro ekimena antolatu zuen iragan otsailaren 19an.
#YourBallsAreNotThatBig traolarekin beste hauek aurkitu ditugu:
Irudia @MinaaaMouse-k zabaldu du.
Argazkia: @beggie_smalls
Argazkia: @DroppingLowe
Argazkia: @chasmundson
Argazkia: @MinaaaMouse
#Manspreading
Argazkia: @meredithruax
Argazkia: @skanktalk
Argazkia: @The_Holocron
“Bizi Baratzea” aurkeztu eta jada bigarren edizioa jarri dugu inprentara bidean
2015-04-29 // Kultura // Iruzkinik ez
Asteartean aurkeztu zen Bretxan “Bizi Baratzea” eta dagoeneko bigarren edizioa martxan da. Liburuen Egunean Hontza liburudendan gehien saldu zen liburua izan zen, baita Aiako Landare Berezien azokan ere. Jakoba Errekondok herriz herri ematen dituen hitzaldietan (ikus behean non-noiz) ere baduzue sinaturik eskuratzeko aukera.
Apirilak 28ko aurkezpenaren kronika
Asteartea 11ak aldera (apirilak 28), Bretxako azokan. Liburu bat aurkezteko ez-lekua; ez izan, ordea, liburua ezagutaraziko zena: Jakoba Errekondok aitortu zuenez, “hau ez da liburu bat, baratzearen fruitu baizik, eta beraz, zer sasoi hobe biltzeko udaberria baino”. Bizi Baratzea liburuak halaxe dio: “Lan guztien ondoren dator ospakizuna” eta halako liburuari zegokion festa sagardo upelari txotxa irekiz, eta barazki pintxoak banatuz hasi zen, trikitiak deituta.
Bizitza gorpuzten sentitu genuen azokan: jatorri guztietako jendea, bakoitza bere sasoikoa, bakoitzak bere jakintza, bere hizkuntza… ARGIAko basoa eskuan, liburua arakatu eta poltsaratuz. Denok (eta batez ere euskarak) behar ditugu horrelako festak, ekintzak partekatzeko.
Liburua ere ez da ohikoa, eta beste jende bat ekarri du euskaraz irakurtzera: 60-70 urteko emakumeak, baratzerako jarraibide zehatzez adina gozatuko dutenak bertako azalpen holistikoez eta hizkuntzaren aberatsaz, umoreaz, literaturaz.
Liburu andana sinatu zuen egileak.
Inaxio Balberde: “Liburu honi esker gure bezeroei kalitate hobea eskainiko diegu”
12:00etan plazaratu zen Bizi Baratzea liburua. Unai Brea ARGIAko kide eta liburuaren zuzentzaileak egin zituen aurkezle lanak. Hauei eman zien hitza: Bodegon Alejandroko sukaldari Inaxio Balberde, liburuko sarrera literarioa egile den eta Euskadi Irratian Jakoba Errekondorekin saioa egiten duen Arantxa Iturbe, eta Jakoba Errekondo berari.
Inaxio Balberdek eskerrak eman zizkion Errekondori, “liburu honi esker ongi ezagutuko dugu landare bakoitza. Eta hori ezinbestekoa da, produktu horiekin eginiko kalitate handiagoko platerak eskaini ahal izango baitizkiegu gure bezeroei”.
Jakoba Errekondo Euskadi Irratiko eta Argiako kideekin.
Arantxa Iturbe: “Landareez baino, harremanez eta pertsonez ikasi dut Errekondorekin”
“Euskadi Irratian 30 urte bete ditugu aurten Jakoba Errekondorekin larunbatero irratsaioa egiten. Hasierako garaietan ez zen wikipediarik ez mugikorrik, baina Errekondok entzuleen galdera denak erantzuten zituen”, askoren bizipenak ekarri zituen Iturbek, irratsaio hori baita euskarazko irrati entzutetsuenean audientzia handiena duen saioa. “Sarrera egiteko eskatu zidanean, pentsatu nuen, akabo! Oraintxe geratuko da agerian 30 urte hauetan zer gutxi baliatu dudan landareez ikasteko aukera. Oraindik ez dakit zein landare landatu behar den ilgora edo ilbeheran”. Baina Errekondoren azalpenetatik pertsonez eta harremanez asko aberastu dela azaldu zuen pasarte bitxi honekin: “Behin entzule batek kontatu zion etxe aurreko zuhaitza mozteko eskean ari zitzaiola senarra, eta zer edo nola egin behar ote zuen… Jakobak erantzun zion ea zer motibo zegoen zuhaitza mozteko, ea burutik pasa ote zitzaion senarrari lepoa moztea”.
“Mila esker ARGIAri, 20 urtez, ezkontzarik gabe baina elkarrekin egin eta lantaldeak bere altzoan naramalako”.
Jakoba Errekondo: “Katuak non egiten du siesta? Jarri han tomate landarea”
Liburuaren azalak badituela hiru titulu ohartarazi zuen, “Bizi Baratzea” nagusia, “garaian garaikoa garaiz” ondokoa, eta oso garrantzitsua, gutxik arreta jartzen diona: “Eman eta hartu”. “Baratzean hartu baino lehen eman egin behar da. Eta bizitza baratzea besterik ez denez…” atera kontuak. Argudiaketa jarraitu zuen: “Ematea emea da, etorkizuna emea da, emankortasuna emea da… Harra, berriz, hartzea. Euskaraz hartu-eman esaten dugu, baina eman-hartu esan behar genuke, lehenengo eman egin behar baita”. Baratzezaintza furian dagoela azpimarratu zuen, “egun dagoen gauzarik iraultzaileena baratzea da. Gipuzkoan hiru urteotan 1.000 familia lotu dira baratzera. Iraindu nahi dutenek ‘aisialdi-baratzea’ deitzen diote”. Euskaraz baratzea zuhaitz, landare eta loreen bizitoki dela azaldu zuen: “Euskarak ez du ‘jardin’ esateko hitzik. Lorategi asmakizun sabindarra da. Betidanik baratzean landu dira loreak, barazkiak eta fruta-arbolak”. Aniztasun hori du oinarri liburuak, “baratze bakoitza bakarra da. Ez dago baratzerik beste baten berdina denik, eta baratzezainik ere ez”.
Adiera bera duten hamaika hitz baditu euskarak, eta orokortutako batere ez, horra idazterakoan topo egin duen zailtasuna: “Horren aurrean nire irizpidea izan da niri datorkidan lehen hitzari eustea, eta liburuaren amaieran hiztegia osatzea, ezagutzen ditudan gainerako hitzak gehituz. Atal horrek behar luke luzera emankorrena, ea guztion artean hiztegia osatu eta aberasten dugun”. Irakurleek zuku gehien aterako dioten atala, berriz, trukuena dela azaldu zuen: “Katuak non egiten du siesta? Jarri hor tomate landarea. Berau izango baita inguruko leku lehor, eguzkitsu, gozoena. Halako truku asko dago liburuan”.
“Mundu horren hazia zeure baitan dago”
2015-04-24 // Bertsolaritza, Hezkuntza // Iruzkinik ez
Hik Hasik antolatutako “II. Herri Hezitzailea” jardunaldietan, Herri Hezitzaileko oinarriak aurkeztu ostean, gaia bertsotan harilkatu dute:
MAIALEN LUJANBIO
Haurrek badaukatela
hainbeste bertute
behar dutela euren
hitz eta jardute
nor bere ardura hartu
askatasun truke
nik ere mundu hortan
bizi nahiko nuke.
AMETS ARZALLUS
Eta bizi osoa
zaigula haurtzaro
nork esan zidan niri
nintzela igaro?
mundu hori ez zazu
bilatu gehiago
mundu horren hazia
zeure baitan dago.
MAIALEN LUJANBIO
Helburu urrunak jartzen
ditugu askotan
zail da libertatea
aipatzen ahotan
baina gaur ere hemen
ez al gabiltz hortan?
abiatu egin behar da
ailegatzekotan.
AMETS ARZALLUS
Ta bide okerrenak
ohi dira zuzenak
bertsolarien baitan
nere oroimenak
nahiz ta ez izan formaz
halako poemak
haurrei entzun dizkiet
ideia onenak.
MAIALEN LUJANBIO
Gu ere hasi ginen
umeak ginela
hitza eman ziguten
ta ez erregela
bertsoak balio du
ejenplu bezela
jolasa oso sakona
izan litekeela.
AMETS ARZALLUS
Jolas sakonen hori
askotan itzela
bakoitzak bere hitza
mihiko pintzela
hemen goitik beheruntza
jautsi gaitezela
hobeto sentitzen naiz
entzule bezela.
Lorea Agirre: “Haurraren, txikiaren ikuspegia leku pribilegitua da mundua ikusteko”
2015-04-24 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Herri-hezitzaileen SAREAko hainbat kide.
Hik Hasik antolatuta “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak burutzen ari dira Donostian. Bertan Herri-hezitzaileen SAREA aurkeztu dute. 2010ean abiatu zen Oarsoaldean proiektu batekin, eta egun 15 eragilek osatzen dute. Lorea Agirrek, SAREAko kideak bere oinarriak aurkeztu ditu:
“Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea da gure helburua. Horrela ulertzen dugu hitz horietako bakoitza:
Haurra: Umea pertsona da, ez etorkizunekoa, baizik egunekoa. Umea ez da helduen desioen asebetetzailea. Pertsona osoa da, gaurdanik eta beraz, herritar eskubidedun eta betebehardun eta beraz herritar iritzi eta proposamen egile, eta beraz erabakiak hartzeko gai, eta beraz, erabakiak gauzatzerakoan parte-hartzaile. Desboteretua boteretzea da gakoa, eta nor ez da desboteretua egun? Denok gara desboteretuak maila batean edo bestean. Haurraren, txikiaren ikuspegia agian leku pribilegiatua da munduan, errazago zaigulako zapalduekin enpatizatzeko, eta leku horretatik proposatu daitezkeelako modu justuagoan jarduteko aukerak. Interesgarria da txikia makro bihurtzea, txikia heldu bihurtzea.
Herritarra: Ez guretzat ez gugatik, guk egin behar dugu. Politika denok egiten dugulako, eguneroko erabaki txikiekin eta handiekin ere bai. Elkarlaneko bokazioa, komunitateko kide izatea eta komunitateari begira jardutea eskatzen du. Pertsona eta kolektibo gisa garatzea.
Parte-hartzailea: parte hartzeari ateak zabaltzea eta parte-hartzea benetakoa izan dadin saiatzea. Egin egiten den bide bat da, ez da lehen aldian ateratzen. Jakintzaren modu guztiak maila berean onartzen ditugu. Parte hartzeak eskatzen du entzuten ikastea, sentitzen dena adieraztea, erabakiguneak konpartitzea. Foroak umeei eta denei zabaltzea.
Aisialdia: Zer da aisialdia? Borondatez eta gogoz egiten dugu, pasioz, eta gozamen hutsa bilatuz. Bizitza hiper-antolatuan arnas hartzeko eremuak behar ditugu, goitik behera egituratutako aisialdia ez da aisialdia. Denbora libreak eremu askeak eskatzen ditu. Eremu askeen paradigma aisia da. Bizitza benetakoa denbora librean eta jolasean jokatzen da.
Haurtzaroaren kultura propioa: Haurren euren modu etiko, estetiko eta poetiko propioa dute mundua ikusi eta zentzua eman eta metaforak eraikitzeko. Haurra gai da bere bilakaeraren bidea bilatzeko.
Hezitzailea: Balio eta ekimen konpartituak bilatzen ditugulako, guztiontzat onak izango direnak orain eta etorkizun jasangarriagoari begira. Mundu justuago baten beharra aldarrikatzen dugu, inoiz baino gehiago.
Euskalduna: Euskara inklusiboa delako. Euskara normalizatzea mundu justuagoa eraikitzea delako eta haurrei, pertsonei, herritar desboteretuei, aitortu nahi dizkiegun eskubide sozial eta politiko guztiak euskarari ere aitortu behar zaizkiolako. Euskaldunok eskubide sozial eta politikoak berreskuratu behar ditugulako, gureak direlako. Euskaraz delako herritar izateko gure modu bat, ez da kapritxo bat, berdintasun eta demokrazia baizik”
.
Koldo Saratxaga: “Zer izan nahi duzu 20 urte barru? Zoriontsu? … Eta zer gehiago?”
2015-04-24 // Hezkuntza // Iruzkinik ez
Hik Hasik antolatuta “II. Herri hezitzailea, eskola herritarra” jardunaldiak burutzen ari dira Donostian. Koldo Saratxagak “Parte-hartzearen eta partekatzearen garrantzia hezkuntzan eta jendarte-ereduan” hitzaldia eman du.
Hona hemen adierazitako ideia batzuek:
Sarrera:
“Eskola ereduari buruz hitz egingo dut, larritasuna ematen baitit. Pena da, esango ditudan gauzak batez ere etorri ez direnentzat dira, Jaurlaritzarentzat eta abar. Hemen zaudetenak mugituta zaudetelako etorri zarete. Zenbat diru gastatu dugun Finlandia ezagutzen, hango eskolak… gero hemen apenas ezer ez aplikatzeko. Horregatik diot gastatu eta ez inbertitu. Askatasunerako hezi behar ditugu ikasleak. Enpresa ereduan bezala eskolan, pertsonak dira oinarri. Aldiz, zertan erakusten diegu ikasleei? Lehiatzen”.
Lanerako prestatzeaz:
“Egungo ereduan ateratzen omen dira inoizko prestatuen ikasleak. Prestatuak zertan? Gure enpresa ereduan lan mundua eraldatzea dugu helburu eta lan munduan ikusten ditugu ikasle izandako horien jarrerak eta gaitasunak. Jarrera eraldatzaileak ikustea asko kostatzen da eta gaitasunak esperientziarekin irabazten dituzte. Gure hezkuntza ereduak oraindik industriarako eta lanerako prestatzea du helburu. Gizarteak lan mundutik dituen beharren arabera irakasten da unibertsitatean. Ez balioen arabera.
Nik langile ez, pertsona esaten dut, ‘lanera noa’ esan orduko bizkarreko mina jartzen zaigu, eta ‘proiektu bat partekatzera’ esaten badugu, apasionagarria da astelehena. Bizitza osoa da gozatu behar duguna, ez lanera joan eta bukatu orduko oporretara ihesi egin.
%70ak ez du lan egiten ikasi duen horretan. Beraz, libre izaten ikastea, zoriontsu izateko gakoak eta abar ikasi beharko lituzke. Ez bost urte barru “irteera” edukiko duen sektore horren arabera, beste laurogei urtean biziko da eta!”.
Eskolako notak:
“Ni noten kontrakoa naiz. Sekula ez nuen ireki nire alaben noten sobre bakar bat ere. Egun nire alabak bilobaren notak jasotzen ditu eta barrenak erretzen dizkit, ez delako ezer aldatu. Zazpi urteko bilobak entzuten ditut notez hizketan eta ditudan kanak erori egiten zaizkit”.
Aniztasunaz:
“Aniztasuna ulertzea oso erraza da, baina barneratzeak liseritzea esan nahi du, eta hori gehiago kostatzen da. Aniztasuna gizakiena, lurrarena, denarena jabetzea ezinbestekoa da bizitzan, eta txikitatik barneratu behar dugu. Harreman estiloa aldatu behar dugu. Etengabe egon behar dugu ikusten zer izan nahi dugun, eta izan behar dugu besteekin.
Denok gara ezberdinak, eta egunero gara ezberdinak. Gaur jada ez gara atzokoak. Bizitza pasatzen dugu epaitzen eta sailkatzen, baina beti iragana sailkatzen.
Piramide harremanetik horizontalera igaro behar dugu. Zuhaitz batek dena estaltzen badu, besteentzat argirik eta urik ez bada sartzen, basoa ez da hazten. Dauden harreman ereduak boterezkoak direnez, ez du uzten pertsonak eurak berak izatea eta garatzea. Talde lanean gakoa konplementatzea da, saskibaloian bezala. Baina talde lana gehitze hutsa bada, gure arteko lehia dagoenez tartean, txikitu egiten gara.
Denentzat azterketa berak daude eskolan, ikasle bat tximinoa, bestea elefantea, bestea arraina, bestea foka bada ere. Pertsonak diamante gordinak bagara, ezin ditugu denak galbahe beretik pasa. Ezin dugu aberastasun hori dena alferrik galdu. Gelan beti daude ezinegona dutenak, inkorfomistak, ikonoklastak. Irakasleek eskuak burura eramaten dituzte, ezin dute programa jarraitu horien “erruz”… arranoak gara eta oilo bihurtzen gara. Pertsonak hegan egin nahi du, baina hegoak ebakitzen dizkigute”.
Egunez amesteaz:
“Euskal Herria txikia da, naturaren kapritxo bat. Daukagun neurria, ematen dizkigun aukerak, marabila bat da. Eta konformatzen gara Gaztelakoen media ematearekin. Konformatzea da. Eta gakoa ez da lehiatzea, da pentsatzea zer amestu genezakeen eta ez genuen amestu. Gorriti eskultoreak esaten zidan atzo: “Egunez amestu behar da, gauez edonork amesten du!”. Arrazoi, egun osoan amestu behar da!.
Gizarte pasiboa sortu dugu. Ohitura handia dugu begiratzeko nola egiten dugu eta nola egiten genuen, eta zergatik egiten genuen horrela… beti atzera begira. Aurrera begira amestu behar da, lehen egindakoa egiteak beti emaitza bera ematen du. Kualitatiboki aldatzea da gakoa. Ahaztu iragana, zugan dituzu bizipen horiek, baina jarraitu gozatzen eta amesten. Amesteak gauzak egitera zaramatza, erroreak egitea, haietatik ikastera, eta lorpenak ospatu egin behar dira. Mundua etengabeko aldaketan dago. Etorkizunean aldaketa etengaberako eta dimentsio handiagokoetarako prestatuta egongo gara”.
Sormenaz eta berrikuntzaz:
“Pertsonak sortzaileak gara. Enpresan batzuek produzitu eta produzitu aritzen dira, eta sormenarena utzi lasai, hori bi-hiruk erabakiko dugu eta. Onenak direlako? Ez, goian daudenak eurak direlako.
Egun berrikuntza teknologian dago oinarritua. Baina ez gizartearen berrikuntzan, harremanen berrikuntzan, erakundeen antolakundeen berrikuntzan… Betiko eredua da, berritu ahalik gehien esportatzeko.
Gauzak bilatzen ditugu, ez dakigulako zer den nahi duguna. Gauza hauez da hitz egin behar duguna, ez ohiko eskola ibilbideaz, eskola-lanpostua… Zer nahi duzu 20 urte barru? “Zoriontsu”. Bikain, baina jarri esaldi horri koma, eta jarraitu zehazten”.
Bertsolaritza guneak euskalduntzeko erreminta
2015-04-22 // Bertsolaritza, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Duela bi urteko Arabako Eskolartekoaren Festa. Argazkia: Goiena.
Bertsoa ez da tresna makala euskara ikasten ari direnen motibaziorako eta erdalguneetan arnas guneak sortzeko. Hala adierazi dute Egoitz Zelaia, Manex Agirre, Miren Artetxe eta Ruben Sanchezek Bertsoa.com webgunean (bertan dituzue bideoak ikusgai).
Bertsoa euskalduntze prozesuan denarentzat
Euskaltegietan bertsoa landu duenetan zer gertatu den, horrela azaldu du Egoitz Zelaia hendaiarrak: “Euskara hutsean sortutako adierazpide artistiko edo komunikatiboa izaki, lilura hori sortzen du ikasleengan, desmitifikatzeko balio du eta esateko ‘kontxo, bada ni ere gai naiz!'”. Ruben Sanchez gasteiztarrak motibazioan jarri du indarra: “Jakin mina denei pizten zaie. Eta hori amu hona da ondoren euskararekin gehiago pikatzeko, pentsatzeko ‘gehiago ikasten badut, behar bada egunen batean joango naiz bertsoak entzutera'”. Bere bizipenarekin ere lotu du: “Ni bertsotan hasi nintzen euskara maila on bat lortutakoan. Euskara ikasten ari den batentzat bertsolaritza ez da existitzen hemengo erdal komunitatean, eta da gauza bat oso harrigarria. Bigarren utopia da, lehena da euskara ikastea eta bigarrena bertsolariak ongi ulertzea beti, jarraitzea, eta amesten duzu ea egunen batean zuk ere bertso bat botako zenukeen afari batean”.
Gune erdaldunetan bertsolari izatearen berezitasunak
Zelaiak azaldu du bera kontzienteki egin zela bertsolari: “Gune euskaldun deituetan behar bada naturalki sortzen dira bertsolariak, hitzaren jolasaren liluraz. Gune erdaldunetan ez, hemen kontzienteki sortu behar zara”. Manex Agirre aramaioarrak bertsoa bizitzeko modua aztertu du: “Hemengo gazteak ez daude sartuta Gipuzkoan edo Bizkaian sartuta egon ahal diren bertso zirkuitu batzuetan eta bertsolaritza ulertzeko modu batean. Iruditzen zait hori onura izan daitekeela, harreman natural bat eta tentsiorik gabekoa eraikitzeko aukera ematen du. Egoeraren beste aldea da batzuetan tentsio hori behar duzula, zure buruari gauzak ongi egiteko exijitzerakoan. Kasu batzuetan eta ezinbestez, hori falta dela uste dut”. Zelaiak dio publikoaren exijentzia ere badela ezberdina: “Jendearen estimazioa ezberdina da. Agian herri euskaldunetan beste gauza batzuetan jartzen dute arreta entzuleek. Herri ez hain euskaldunetan mamiak garrantzia gehiago dauka formak baino”. Sanchezen hitzetatik ikusten dugu komunikazioaren indarra: “Bertsolariak, edozein komunikatzailek bezala, asmatu behar du konektatzen aurrean daukanarekin. Aurrean daukana baldin bada laugarren urratseko talde bat, harentzako egin behar duzu bertsoa. Konektatzea lortzen baduzu, izugarria da. Beraientzat bertso bat ulertu eta gainera barre egitea, izugarria da”.
Bertsolaritza arnasgune
Sanchezen euskararen maparen distortsioa salatu du: “‘Inguru ez hain euskalduna’ diogu lurraldearen hiru heren euskalduna eta heren bat erdalduna balitz bezala, baina bai zera! Inguru ez hain euskalduna da Euskal Herri osoan!” Miren Artetxe hendaiarrak azaldu du bertsolaritzak oxigeno burbuilak sortzeko duen gaitasuna: “Bertsoaren inguruan bada giro bat euskaratik eta euskaraz egiten dena. Leku eta denbora bat ematen du euskaraz bizitzeko normala balitz bezala, hemen ez baita oso ohikoa halako guneak izatea”. Agirrek bide beretik adierazi du: “Bertso eskola, nahiz eta horretarako lan zehatza ez egin, bada gune bat euskararekiko harremana lantzeko. Bertsoa lantzen da modu dibertigarrian, eta horrek berekin dakar hizkuntza horrekiko harremana aldatzea. Bertso eskolan dabilen gazte jende askok esaten du ‘bertso eskolan ongi pasatzen dut, nik ez dut inor ezagutzen bertso munduan dagoena bezalakoa…’ Galdera da: jende hori kontziente da zer esan nahi duen horrek bere eremu soziolinguistikoan? Kontziente da euskarazko adierazpide batean sentitzen dela oso eroso?” Sanchezek erdal komunitateari eskaini dio azken puntua: “Araban (ezinbestez) hasieratik heldu genion erdal komunitatean haurrekin eta abar bertsoa sartzeari. Amu ona da Euskal Herri osorako”.
Jule Goikoetxea: “Biltzen hasia da Feministen Estatu Kontseilua, lobby feminista”
2015-03-09 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Argazkia: norabidea.eus
Info7 irratian elkarrizketa mamitsua egin zion martxoak 5ean Eider Olazar esatariak, Jule Goikoetxea zientzia politikoetako irakasleari. Hemen duzue osorik entzungai. Bertako pasarteak dira ondoren irakur ditzakezunak.
Estatuak definitzen du zer den emakumea, zer den gizona?
Estatua da “ahalmen politiko handiena duen instituzio multzoa”. Noski behar dugula estatua euskaldunok. Zergatik? estatua badaukagulako! Espainiako eta Frantziako estatuak dauzkagu, beraz, kontua ez da estatua nahi dugun edo ez. Kontua ditugun estatu horiek nahi ditugun edo bestelako estatu bat nahi dugun. Estatuak ezer sortu baino, egiten duena da birsortu. Gizonez eta emakumez ezaugarritutako gizarte bat, estatuak egiten duena da era eraginkorrean gizarte hori birsortu. Beste era bateko praktikak jartzen baditugu, gizon eta emakumeen arteko mugak lausotuko dituztenak, eta are gaindituko dituztenak, eta estatuko boterea baldin badaukagu, orduan eraldaketa hori birsortzeko ahalmena izango genuke. Horregatik, gizartearen araberakoa da estatua.
Borroka ideologikoa da gakoa estatua edukiz betetzeko?
Gure gizartea patriarkala eta kapitalista da, hori da birsortzen duena estatuak. Duela 40 urte indar korrelazioa ez zen bera, neoliberalek mendebaldean ez zeukaten gehiengo absolutua. Horregatik lortu zen bere garaian ongizate estatua, demokratizazio zabala hainbat eta hainbat eremutan… Orain ideologia hegemonikoa da neoliberalismoa, hau da, kapitalismo basatia. Zer egiten du estatuak? Kapitalismo basati hori oso era eraginkorrean birsortu: eskubiderik gabe utzi, janaririk gabe, etxebizitzarik gabe… Estatua berez ez da ez txarra ez ona: gakoa da zer ideologiak duen hegemonia estatu horren barruan. Horregatik egin behar dugun lehen gauza da, hegemonia feminista bat sortzen joatea, ahalik eremu gehienetan. Estatugintza egunero egiten dugu, baina estatu formala lortzen dugunean askoz indar handiagoa eduki dezan ideologia feministak. Zeren nagusi den ideologiaren arabera, estatu horrek birsortuko du ongizate gehiago guztiontzat edo gizon zuri aberatsentzat.
Euskal estatuak batez ere feminista izan behar duela esan izan duzu. Zergatik?
Feminismotik egin behar da euskal estatugintza. Gure ekonomia politikoa, gure sistema produktiboa, gure sistema fiskala… dena egin behar da ikuspegi feministatik. Feminismoa da egun dagoen ideologia iraultzaileena, kritikoena eremu guztietan -ez soilik sozialean- (kulturalean, politikoan, ekonomikoan…), eta feminismoa da egungo mugimendu integratzaileena. Kritika egiten dielako botere harreman guztiei. Botere harremanak ez dira sekula neutralizatuko: botere harremanak ezin dira deuseztatu, beti egongo dira. Gatazka beti egongo da, eta eskerrak, bestela ez legoke aldaketarik. Kontua da nola antolatuko ditugun botere harremanak eta haiek dauzkaten ondorio estrukturalak nola murriztuko ditugun. Hori da kontua. Horretarako nahi da estatua, eta boterea, oro har.
Eremu publikoa eta pribatua ere birplanteatuko luke estatu feministak.
Noski. Gure sistemak publiko eta pribatuaren araberako sistemak dira. Irauli behar dena publikoaren eta pribatuaren arteko diferentzia hori da, eta eraldatzeko proposamen hori feminismotik dator, beste ezein ideologiak ez du proposatzen hori deuseztatzea, ezta sozialismoak ere. Aldatzen badugu egitura hori, zeinaren bidez gauza batzuek pribatuak diren eta besteak publikoak, orduan apurtuko dugu patriarkatuaren egitura. Eta ez patriarkatua bakarrik, gehiago sakonduta baita sistema liberalen egitura ere.
Biolentzia iturri nagusia familia dela diozu.
Gizartea nola dago antolatua? publiko-pribatua. Eta pribatua zer da: familia. Pribatua da emakumeen arloa, hau da, legeak ez dauden arloa. Arrazoia ez dagoen arloa, eskubideak ez dauden arloa. Emakumeak baztertuak izan dira eremu pribatura, zeinaren bidez osatzen duzun eremu publikoa. Ez dago gizon arrazional, gizon publikorik, emakume pribaturik gabe. Ez dago eremu publikorik eremu pribaturik gabe: eremu publikoa, hau da, arrazionalitatea, eskubideak, legeak, ordena, morala, kultura… garatzen den espazio hori garatu ahal izateko, eremu pribatua beharrezkoa da. Zergatik? eremu pribatuan egiten direlako eremu publikoaren mantentze lan guztiak, musu-truk. Eremu publikoan dagoen hori guztia nork produzitzen du? gizonezkoek. Hori da marxismoak inoiz kontuan hartu ez zuena, eta horregatik marxismoa da banaketaren inguruko teoria bat (kapitala) eta ez produkzioaren inguruko teoria bat. Horregatik egiten du sarri krak, fokua gizonezkoen eremuan bakarrik jartzen duelako. Eta nork produzitzen ditu gizon horiek? nork produzitzen du humanitatea? Jaiotza, zaintza, hori guztia produkzioa da, ez erreprodukzioa! Kontuz kontzeptuekin, emakumeek egiten dutena ez da “erreproduzitu”, hori estatuak egiten du, birsortu. Emakumezkoek produzitu egiten dute!
Biolentzia hitzak estatuak eta bere garaian ETAk egindakoari mugatuta ulertu izan dugu. Biolentziak eta batez ere emakumeenganakoa politizatu beharra ikusten duzu.
Biolentziak geure egin behar ditugu. Kontua ez da “guk ez dugu biolentziarik nahi, gatazkarik nahi…”. Bai, bai, guk nahi ditugu, kontua da nolako gatazkak, nola erabili biolentzia hori. Emakumeoi biolentzia kendu zaigu. Kontua biolentzia banatzea da. Gizonezkoek egiten dituzten ekintzak politikoa dira. Gizonezkoen arteko eztabaidak ere politiko kontsideratzen dira. Aldiz, emakumeek egindako ekintzak emakumeentzat dira, eta gure arteko eztabaidak saltsa arrosa. Egunkaria hartzen badugu, politika saila askotan txutumutxu hutsa da, “honek hau esan dio besteari eta besteak hau erantzun dio”, hori betiko txutxumutxua da.
Gizonak era masiboan akabatzen dituztenean gatazka politikoa da, emakumeak akabatzen dituztenean emakumeen indarkeria. Ez, ez, ez, hau da onartu ezin dena. Zeren diferentzia hori onartzen badugu, gatazka politikoa gizonezkoena da. Eta badirudi gatazka politiko bakarra daukagula, estatuarekikoa. Emakumeok gatazka politikoa egunero daukagu herri honetan, eta gainera gure inguruko gizonekin. Hori da politizatu behar dena, gure bizitza politizatu behar dugu. Zer esan nahi du biolentzia politizatzeak? herriarenak direla, ez direla emakumeenak, guztionak direla. Emakumeok ez gara herriaren parte, gu herria gara. Emakumeenganako indarkeria, indarkeria politikoaren mailan jarri behar da, berdintasun erreala eta sinbolikoa lortu nahi badugu. Emakumeen kontrako eguneroko biolentzia sinboliko ikaragarria da gatazka bakarra estatuarekikoa dela esatea. Ikusezintasuna ematen baitzaio politikotasuna ematen ez zaion horri.
Gatazka politikoa normalizaziora inguratu heinean emakumeak periferian geratzeko arriskua ikusten duzu.
Noiz eskatzen da normalizazioa? Normaltasunetik atera den hori berriz normara ekartzeko. Hori esan nahi du normalizatzeak. Normalizaziotik kanpo gaudenean, emakumeek hartzen dute askotan gizonezkoek duten botere hori: gudari bilakatu, gerra garaian fabrikara joan… normaltasunetik ateratakoan emakumeek botere gehiago lortzen dute. Normalizaziora itzultzeak zer esan nahi du? emakumeak periferiara itzultzea, gizonezkoak zentrora, gizonezkoek biolentzia gauzatzen jarraitzea emakumeekiko… Guk ez dugu normalizaziorik nahi. Egun 10 gizon badaude espazio publikoan, 5 soberan daude. Eta hori ez da normalizazioa, alderantziz, hori litzateke iraultza, eta hori da nahi duguna.
Normalizazioa litzateke 10 gizonetatik 1-2 isiltzea, eta ez, ez, 5 isildu behar dira. Eta ez dute isildu nahi. Normala da. Ez dut uste intentzioarekin egiten denik. Oso mekanika inkontzienteekin egiten da, eta nahi gabe birsortzen da patriarkatua. Gizonak esertzen direnen emakume batek okupatzen duen espazioaren bikoitza okupatuz, ez dute nahita egiten. Egiten dute espazioa beraiena delako. Ez dira nahita hankazabalik esertzen, eta guk ez dugu nahita jartzen hanka bat bestearen gainean. Baina hor dago patriarkatua: espazioan nola mugitzen garen, nola hartzen dugun… Normalizazioa da patriarkatuaren funtzionamendu eraginkorra, eta hori da nahi ez duguna. Erdigunean egon diren emakumeek erdigunean jarraitu behar dute, eta askoz ere gehiago sartu behar dira. Eta eurak gehiago sartzeko, beste batzuek atera behar dira. Horregatik diot, arazoa isiltzea da! 10 minutu badituzu hitz egiteko, isildu bigarren zatia. Zergatik? Ez da gauza bera emakume batentzat feminista izatea edo gizon batentzat feminista izatea. Bien bizimodua ez baita berdina. Gizon batek feminista izateko egin behar duena da isildu, bere pribilegioei uko egin. Eta entzun. Eta emakume batek feminista izateko egin behar duena guztiz kontrakoa da.
Mugimendu ezkertiarretan erreproduzitzen diren botere harremanekin kritikoa zara.
Ez nago kezkatuta eskuineko misoginoekin, soziologikoki gutxiengoa baitira. Aldiz, gure herrian zentro-ezkerrekoak gehiengoa dira. Hor dago arazoa, berdintasunaren alde dagoen gizon masa horretan. Ez pertsonalki, baizik eta kolektibo moduan. Gizonezko ezkertiarrak, beren bizitzako eremuren batean badira transgresoreak, militanteak edo aktibista diren heinean, kontra egiten diote gauza batzuetan estatuari, moral hegemonikoari… baina beste %95ean ezkertiarrak kontserbadoreak dira, soziologikoki. Alegia, beste eremu guztietan egiten dutena konbentzioak esaten duena da: ezkondu, lanera joan, harreman heteroak eduki, seme-alabak eduki, erosketak VISArekin ordaindu… ditugun normak birsortzen dituzte, baita sentitzeko eta pentsatzeko erak ere. Inertzia horrek normala bizitzera daramatza eta normala patriarkala da. Patriarkatua oso era demokratikoan birsortzen da, oso era normalean. Inolako gatazkarik gabe, eta nahi gabe, hori da arazoa, nahi gabe birsortzen dela. Horregatik diot arazoa ez direla eskuin misogino histerikoak.
Arrakalak ikusten dituzu, mugimendu ezkertiarretan deserosotasuna eragiten hasi da feminismoa.
Hori oso positiboa izan daiteke. Emakumeok ikusi dugu boterea hartu behar dugula. Mikrotik makrora pasa behar dela, mikroa utzi gabe, noski, hori da gakoa. Makrora pasa behar da, makro-politikara, makroekonomiara. Estatura. Ez da nahikoa kaleko mobilizazio eta kontzientziazio lana, bera bakarrik. Hori da oinarrizkoena, baina gero gauzatu behar da era makroan. Horregatik planteatu nuen Feministen Estatu Kontseilua.
Horixe galdetu behar nizun, zertan den Feministen Estatu Kontseilua.
Era tradizionaletan arrakalak sortzen doaz baina oso pixkanaka. Esan bezala, inertzia delako patriarkatua birsortzea. Aparteko egitura bat behar da (alderdietatik aparte, mugimenduetatik aparte…), beste egitura horiek deuseztatu ez, baizik eta osatuko dituena. Horretan interesa daukagun emakumezkoak hasiak gara elkartzen. Hau ez da izango horizontalki eta era parte-hartzailean funtzionatuko duen zerbait. Zergatik? Ez gara demokratikoki hautatutako ordezkariak, hor gaude interesa daukagun pertsonak eta kito. Bere funtzio garrantzitsuena, intzidentzia politikoa izango da. Hau da, lau-bost helburu oso zehatz ezarri urtero, eta denok batera gauden posizio eta botere-guneetatik lan eginaz helburu horiek lortzea. Horregatik izango da lobby bat, lobby feminista bat.