Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Ipar Amerikako euskaldun gazteei bertsoa erakusteko asmoa dute hango bertsolariek
2015-10-28 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Kurutxet eta Goikoetxea, Lujanbio eta Egañarekin kantuan Villabonako saioan. Argazkia: @HaritzAzurmendi.
Johnny Kurutxet eta Martin Goikoetxea dira Ameriketako bertsogintzaren aurpegiak. Ezterenzubin sortua Kurutxet, Gorritin Goikoetxea, biak hala biak gazterik joan ziren itsasoz bestaldera. San Frantziskon eta Wyoming-en bizi dira, elkarrengandik 1.600 km-ra. Euskal Herrian kantatzeko ekarri dituzte lehen aldikoz urrian Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkarteak gonbidatuta, eta hainbat bertso saio egin dituzte han eta hemen: tartean Villabonan Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin aritu ziren, duela urte batzuek San Frantziskon aritu ziren moduan (hemen saioa entzungai). bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin die eta Amerikako gazte euskaldunei bertsoa zer den erakusteko asmoa azaldu dute. Nork esan bertsolari amerikarrik sortuko den etorkizunean? Bi bertsolari helduok esperantza gazte dute, euren esperientzia adibide hartuta.
Johnny Kurutxet: “19 urterekin joan nintzen Ameriketara, eta hara joan aitzinean ez nintzen aritzen bertsotan. Han baziren pare bat poliki aritzen zirenak ostatuetan, eta han hasi nintzen”.
Martin Goikoetxea: “Ni umetatik egoten nintzen etxean Basarriren programa entzuten. 12 urtetan hasi nintzen bertsotan, ihaute batzuetan: Kaxiano Ibarguren etorri zen herrira eskusoinua jotzera eta jendaurrean orduan kantatu nuen lehengo aldiz. 1966an Nafarroako Txapelketan sartu nintzen baina txapelketa baino 13 egunez lehenago etorri zitzaidan Ameriketara joateko deia eta joan egin nintzen”.
Beste bertsolariengandik milaka kilometrora
Distantzia izan liteke traba bertsotarako, baina horretara ohituta daude, Goikoetxeak kontatzen duenez: “Ni Wyomingen bizi naiz, Kurutxetengandik (San Frantziskon) 1.600 kilometrotara. San Frantziskon badute euskal etxe oso aberats bat eta tarteka gonbidatzen naute, eta ni pozik joaten naiz. Egin ditugun saio gehienak han izan dira. Nevadan ere bai, eta udako festetan. NABO, Ipar Amerikako Euskal Erakundeak Elkarteak antolatuta, urtean bi-hiru aldiz elkartzen gara han eta hemen eta orduan aritzen gara”.
Ozeanoz alde banatan ziren bertsolariek 1998an egin zuten elkarrekin lehenegoz bertsotan, bide-konferentziaz. Tolosako Kilometroak festak antolatutako bertso saioan izan zen, eta Martin Goikoetxeak bertsook kantatu zituen Wyomingo bere etxetik.
Sortuko dira besteak? Aurrez ezin esan ezetz!
Johnny Kurutxet: “Han jaio den batentzat bertsoak hartzea oso zaila da. Bertsoak hartzeko behar da euskara. Han hitz egiten dute poxi bat baina…”.
Martin Goikoetxea: “Guri interesaten zaigu bertso eskoletan ari diren gazte batzuek (aldian bat edo bi), udan bi asterako eraman eta gutxienez bertsoa zer den erakustea hango gazteei, udalekuetan eta sartuaz. Bertsolariak han aterako diren? Hori zaila dago esaten. Lehen ere ez dira bertsolariak izan, eta une batetik bestera gu azaldu gara. Ongi edo gaizki egin, gutxienez ezagutuak gara, eta errespetatuak. Inork ez lezake esan gero zer izango den!”.
Hemen Berriak egin dien elkarrizketa.
“Egun on”? Waxaparen zuzentzaileak abisatu dizu…
2015-10-18 // Hizkuntza // Iruzkinik ez
Waxapez “Egun on!” jarri dut, eta zuzentzaileak “Según con” idatzi.
Itzulpen jakintsuagorik!
Pablo Sastreren artikuluari erantzunez
2015-10-08 // Feminismoa // 7 iruzkin
Urriaren 21eko Argian (2478 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, “Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (…) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia”. Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: “Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–”.
Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko “sexu portamen aurre-disponitu”, edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak “aurre-disponitu” dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez “naturala” bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala “berdintasun” (sexu bereko besteekiko) eta “diferentzia” (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea?
Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek… Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, “portamen aurre-disponitua” jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa irauteko araua, arau-haustea delako.
Sastreren adibide bakarrari erantzuna
Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: “Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut”. Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du “emakumearen eder agertu nahiaren atzean” omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, “umetokia” horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau… Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.
Argia Eguna: Festa bizigai
2015-09-21 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
“Gertuko sentitzen zaituztet. Zergatik? Ba ez dakit, gauzak nondik egiten dituzuen nabaritu egiten delako edo izango da…” Argia zaleen Topaketan herri mugimenduetako eragile batek azaldu zuen sentipena. Argia Egunaren balio nagusia horixe da: Argia elikatzen dugun era guztietako jendeak elkartzea festarako, ospatzeko. Izan harpidedun, kazetari, blogari, edo gizarte eragile, norberak jarraitzen eta elikatzen ditu hainbat gai (hizkuntza, feminismoa, lurraldetasuna, ingurumena, justizia soziala, hezkuntza, aniztasuna, parte-hartzea, ekonomia soziala…), bai bere lanean, bai soldatapeko lanez kanpoko lanetan, bai zaletasunez… Eskerrik asko bihotzez, a zer poza izan zen urtean zehar huntaz eta hartaz Argia dela bitarteko jardun izan zaren hori Oñatiko plazan ikustea! Eta zuen ahotik Argia nola hobetu jasotzea. Astekariak berritu bat behar zuela azpimarratu zenuten iazko Argia zaleen Topaketan eta aurtengo Argia zaleen Topaketa astekari berrituaren 0 ale bat banatu eta kontrastatuz hasi dugu. Azaroaren erdialdera iritsiko da etxe eta kioskoetara astekari berritua, jaso genituen iradokizunekin azken doiketak eginda. Aurtengo Topaketatik atera daitekeen etxeko lanetako bat ardurarena da: herri mugimenduetako eragileek euren eremuko lehen lerroko informazio, erreferentzia eta galdera bila jotzen dute Argiara. Kazetaritza espezializatuarekin, blogari eta informazio iturri sare zabal batekin eta gaien etengabeko jarraipenarekin baino ezingo dio Argiak egarri horri erantzun.
Txikiak bezain anitzak
Zer dute ikustekorik berdintasunaren aldeko lanak, eta euskararen aldekoak, eta ingurumenaren aldekoak, eta zentzua duen bizimoduak, eta kultura kritikoak, eta aberastasunaren banaketaren aldeko ekimenek, eta hezkuntza eta osasun publiko onaren defentsak, eta ekonomia sozialak…? Egunerokoan ikusten dugunak baino zerikusi gehiago izango dute, Argia Egunean eremu horietako saltseroak elkartu garenerako, eta Argiaren bidez beste eragile horien lana interesez jarraitzen dugunerako, norbera dabilen eremuko korapiloak hobeto ulertzeko eta borrokatxoak eraginkorrago egiteko pista bila. Eragile bakoitzak (eta Argia ere bada bere balioak sustatzeko eragile) besteenganako ateak zabalik ditugula argi geratu zitzaigun. Elkarrekin zer egin dezakegun? Hasteko, onena, festa:
Plazerak bizi gaitu
Zein ongi datozen dosi kontzentratuak gure burua elikatzeko. Esaterako, Trantsizioak erakusketan eta Oñatiko ibilbide gidatuan jasotako historia destilatua (mila esker Jerardo Elortza eta Oñatiko bertso eskolako kideak), edo ginkana (mila esker Txatxilipurdi) eta NAN jaurtiketako jolas dosiak, kontzertuetako emozio deskargak, bazkaritako elkarrizketa korapilatuak, edo komikilariek eta Errekondok hizkuntzaz eta umorez ondutako luarrak. Dosi kontzentratuak ditugu bizigai, puska baterako txute, egunerokoa iraultzen digun plazer. Hortik sortuko zaizkigu hurrengo saltsak. Hortik ernatuko da bizitzen (inondik ere ez irauten) jarraitzeko hazia. Gizarte eragileak elkarrekin nahastuta.
Agur bertsoa liturgia zuen apaizari
2015-09-14 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Iñaki Aranzadi, 2010ean urnietarrek egin zioten omenaldian kantari. Argazkia: Aiurri.
Iñaki Aranzadi Telleria, “Iñaki apaiza” irailaren 12an zendu da. 1937an sortua, Hernaniko bertso mugimenduaren hauspoetako bat izan zen 80ko hamarkadan. Bere mezetan plazako bertsoak sermoien zati izaten ziren askotan.
1980an eman zuen Xabier Amurizak bertso ikastaroa Hernanin. Hura izan zen lehen txinparta, herriko bertsozaleak biltzeko. Ikastaro hari segida “astearteko bilerak” eman zion. Udaletxean biltzen ziren, besteak beste, mutil kozkorrak ziren Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, Jokin Sorozabal… eta “Anatxen” hitzetan, gidari, Iñaki Aranzadi (helduagoa zena). Horrela kontatzen du Anatxek “Bertsoen haria Hernanin” liburuan: “Iñaki Aranzadik eramaten zuen taldearen martxa. Gaia jarri, edo puntua edo errimak eman… horrelako lantegiak Aranzadik bideratzen zituen”. Aranzadik berak ez zuen horrela kontatu nahi izaten “Ni nintzen beste bat, eta besteak baino ahulagoa. ‘Parean tokatzen zenean bota’ lege edo baldintza bakarra zegoen han. Gure metodoa zen lehenik disfrutatzea”. “Ostras zen esaera handiena: ‘ostras, hori huan bertsoa hori!'”.
Aranzadiren etxean maiz biltzen aipatutako gaztetxoak. Hauek kontatzen ditu “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan: “Larunbatetan bertso zintak aditzen egoten ginen, Uztapidek eta Lizaso zaharrak Arriatsun egindako saioa, esaterako. Bertsoak egiteko nolako erak zituzten aztertuz asko gozatzen ginen. Gaztetxoak hantxe egoten ziren, begi-belarri zinta horretan sartuta”. “Nire etxean urtean lauzpabost afari egiten genituen. Bakailaoa afaldu eta kantari aritzen ginen”.
Ez zen belaunaldi makala Aranzadik talde giroari eta bertsoen plazerari esker elikatu zuena. Bere umore finez kontrakoa adierazi bazuen ere: “Frakasatu totala izan naiz bertso munduan. Nirekin ibilitako gaztetxo denek utzi egin zuten. Jon Eizmendi Gernikara joan zen eskolara, eta etorri zenean utzia zegoen. Anatx punta puntan ibili zen, ikaragarri estimatua nuen, eta utzi. Aristorenak utzi. Usurbilgo Izetak ere utzi… ‘Hau duk marka, hau!’ esaten nuen”.
70eko hamarkadan plazan
Hernaniko lehen “bertso eskola” izendatu daitekeen astearteko bilera horretan aritu aurretik, 70eko hamarkada hasieran auzoetako festetan aritu izan zen kantuan. Auzoetako saio hauek eutsi zioten bertsoari urterik latzenak izan ziren haietan. Aranzadiren hitzetan: “beste bizpahirurekin aritzen nintzen: Xanxanategi, Tapia… ni ez nintzen kantatzera ausartzen, oso lotsatia izan naiz, baina horiekin animatu egiten nintzen. Plazan oso zeharka aritu naiz, asteartetako taldean egiten nuen bertsotan”.
Elizan bertsotan
“Elizan bertsoak kantatu? Ahal dudan guztietan!” aitortu zuen aipatutako liburuan. Urnietan ematen zituen mezek bazuten berezitasun bat: “Baditut bertsolariei momentu bakoitzerako harrapatutako bertsoak, eta haiek erabiltzen ditut bataioetan, ezkontzetan… Hiletetan beti nik egindakoak botatzen ditut. Ni bertsoaz izugarri baliatu naiz”.
AHTko lan baldintzez badakiguna, idatzita
2015-08-26 // Sailkatugabeak // 2 iruzkin
Irudia: tavtazo.org
Zizurkilgo tunela egiten ari diren langileek azken asteak dituzte, ez omen dago dirurik zulaketa lanekin jarraitzeko. Euskal herritarrik ez da aritu bertan, galiziarrak, portugaldarrak eta ukrainarrak elkartu ditu lanak. Ostiral honetan edo hurrengoan Zizurkilgo muinoa zulatzeari utziko diotenen lan baldintzak ez ditut ezagutzen. Lehen pertsonan kontatu dizkit bertako langile batek osasunez ahul egon denean “bada ezpada” ez dela medikutara joan, edo “bada ezpada” ez duela oporrik eskatu (a zer poza, lanekin jarraitzeko dirurik ez zegoela eta, astebeterako etxera bidali dutenean!).
Lana bukatzear direnen lan baldintzak ez ditut ezagutzen, baina AHTan aritzeko bertako eraikuntza enpresa ezagun batek bertako langile bati egin dion “lan eskaintza”ren berri izan dut: 12 orduko lanaldia astelehenetik larunbatera (igandea soilik jai eginez) eta hilean 1.300 euroko soldata, garraio eta bazkari gastuak, noski, langilearen kontura.
Eta irakurle batek bidali digun informazioaren arabera, hilabeteko topografo lana, 10 orduko lanaldiarekin, 900 euro gordin ordaindu dizkiote beste langile bati.
El Correo-k 2014ko abenduaren 13an argitaratutako erreportajeak Zumarragako lanen baldintzak kontatzen ditu. Gordina, titularretik hasita: “Badira gosea pasatzen ari diren langileak”.
AHT egiteko argudio nagusietan “garapena” (hitz lausoagorik?), aberastasuna, lan aukerak… entzun izan ditugu, eta eraikuntza lan honen arduradunek bermatu eta gardenki aurkeztu beharko lituzkete berau egiteko erabilitako lan baldintzak. Horrelako beharrik ez baitiogu desio inori, han edo hemen jaioa izan. ELA sindikatuak Esplotaziorik ez! blogean biltzen du eraikuntza lanen irregulartasunen berri eta bertako artikulu honetan “pasotismo instituzional” gisa definitzen du sindikatuak, AHTko lan baldintzei egiten zaien jarraipena.
Lan baldintzak gainbegiratu behar dituen arduradunak bide batez begiratu dezake Euskal Herrian etxe eta seniderik ez duten langile hauetako askok lo non egiten duten. Ziur bere etxeetako bat ahalik langile gehien lowcost-ean etzateko egokitu duen bailarako jauntxo horren negoziotxo horrek ez dituela edozein ostatuk bete beharreko araudiak eta eskaini beharreko erosotasunak bermatzen.
“Badakigu” nola dagoen kontua, “badakigu” prekarietatearen berri, “badakigu”… baina idatzita geratu dadila. Argudio, zentzu eta zenbaki guztien gainetik trena pasaraziko duten politikarien diskurtsoa baino, eta prekarietateari etekina aterako dioten botere ekonomikoen bertsioa baino, langileen testigantza da irakurri nahi duguna.
Zuk ere AHTko lan baldintzei buruzko informaziorik baduzu bidali, guztion artean zerrenda osatu dezagun.
Joan Subirats: “Kooperatibagintza zer da, erresistentzia edo alternatiba?”
2015-07-16 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Joan Subirats, gobernantza, gestio publikoa eta politika publikoak aztertzen dituen katedraduna.
Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatuta, Joan Subirats Humet-ek “Erantzuna kooperatibagintza bada, zein zen galdera?” hitzaldia eskaini zuen Aretxabaletako campusean, uztailaren 15ean. Hona hemen landu zituen galderetako batzuek:
Kooperatibagintza zer da, erresistentziarako tresna edo alternatiba bat?
Kooperatibagintzak erresilientzia gaitasun handia du: Krisi garaietan irauteko gaitasun handiagoa du gainerako enpresek baino, koste sozial gutxiago eragiten dituelako Kapitalismoak baino. Kapitalismoa ez da arduratzen berak sortzen dituen kostuez. Baina kooperatibagintza zer da, erresistentziarako tresna edo alternatiba bat? Orain arte gehiago landu dute erresistentzia ikuspegia, nahiz eta salbuespenak badiren, Mondragon adibidez. Alegia, gakoa edo galdera zer da, hobeto irautea? edo bada beste borondaterik? Birpolitizatu dezakegu kooperatibismoa? Hau da, eztabaidatu dezakegu nork irabazi eta galtzen duen erabakiak hartzen ditugunean? Arautu dezakegu berriz kostu eta irabazien banaketa? Ekonomia ez da zerbait naturala, euria edo haizea bezala. Ekonomiaren zentzua eztabaidatu behar da. Merkatua beti izan da sistema bat baina ez bakarra. Baina egia handi bat balitz moduan onartzen dugu esaldi hau: “Proiektu hau ekonomikoki ez da bideragarria”. A ez? Ekonomiaz zuk duzun zentzuaren arabera izango da!
Gizarte kooperatiboaz hitz egin dezakegu, edo ekonomiari bakarrik dagokio?
Ekonomia kooperatiboari “soziala” eta/edo “solidarioa” adjektiboa gehitzeak ekartzen du errelatoaren zatiak gehitzen dizkiogula, begirada eraldatzailea sakontzen dugula. Formula alienatuago gutxiago, denon iraupen duinarekin konpromiso handiagoa, izaera ekologikoagoa izatea, bizi irizpideak gehitzen dituena… Badu zentzurik dugun eredu ekonomikoak izan nahi dugun bizi ereduarekin? Pertsona autonomoa izan eta norberaren arrakasta bilatzea da helburua ekonomian? Bada bizitzan interdependentzia da gure egoera. Gizarte kooperatiboaz hitz egin dezakegu, edo ekonomiari bakarrik dagokio?
Orain egiten ez badugu noiz egingo dugu bada?
Galderak birplanteatzeko garaia da. Orain egiten ez badugu noiz egingo dugu bada? Dena dago mugimenduan! The Economist aldizkariak egindako gehigarriak aipatzen zuen “hirugarren iraultza industriala“. Ekoizteko moduaren aldaketak eragindako gizarte aldaketa handi baten aurrean gauden.
Lehen iraultza industriala Britainia Handian abiatu zen XVIII. mendean, bapore makina sortu zutenean: nekazaritza eremutik hirietara eraman zuen populazioa, lehen industrializazioa eragin zuen… Horrek aldaketa handia ekarri zuen boterean, estatu absolutistetatik liberaletara pasa ginen… Eta jabetzan itxituren garaia ere izan zen, lur komunaletatik itxituretara pasa zen.
Bigarren iraultza fordismoak ekarri zuen, Amerikako Estatu Batuetan, 1903an. Masa produkzioa ekarri zuen, ordura arte gutxiengo batek eskuratu zitzakeen produktuetatik (kotxea adibide goren) produktu masiboetara pasa ginen; ezaugarri batekin: Denak berdinak zirela. Neurrira egindako gutxi batzuetatik pasa zen denentzat neurri handian berbera produzitzera. Fabrika handiek jende multzoen pilaketa ekarri zuen lantegian. Lanaren banaketa sexuaren arabera egin zen, eta langile klasea sortu zen, langile borroka… Sistema demokratikoa indarrez zabaldu zen…
The Economistek dio hirugarren iraultzaren aurrean gaudela, Interneten sorrerak eragindakoa. Dena ari da eraldatzen, aldaketa teknologiko horrek posible egiten duelako produkzio sakabanatua. Egun artxiboek bidaiatzen dute eta ez produktuek. Zer eragiten ari da? Kapitalismo industrialetik kapitalismo finantzierora pasa gara. Ni gaztea nintzenean aberatsak produzitzaileak ziren, orain produzitzaileak pringatu batzuek dira (ardurak dituzte, irauteko etengabeko lehia…), orain benetako aberatsak dira produzitzaileei produzitzen jarraitzeko dirua uzten diotenak. 24 orduko aktibitatea da oraingoa, mundu osoan burtsa bat itxi orduko beste bat irekitzeko ordua da, eta aberastasuna sortzeko oinarria ez da produzitzea. Ez dute aberastasun materialik sortzen (demagun, zubi bat eraikitzen), diru mugimenduen operazioekin pilatzen dute aberastasuna.
Thomas Pikettyk “Kapitala XXI. mendean” liburuan azaltzen du zer bilakaera izan duen aldi bakoitzean Europako Batasuneko populazioak, produkzioak eta gastu sozialak. Ondorioa hauxe da, Ongizate Estatua betikotu zela pentsatzen genuenean, gertatzen ari da salbuespen historiko bat bihurtzen ari dela. Gastu sozialari eustea zailtzen ari da. Aberatsek zergak ordaintzea onartzen zuten lehenago, lurralde batean kokatuta zeudelako. Orain hala da? Europan txanpon bakarra dugu eta aldiz, estatu adina zerga sistema. Beraz, zergak saihesteko behar diren operazioak egiten dituzte multinazionalek. Estatu batean sekulako irabaziak deklaratzen dituzte eta bestean sinesgaitzak diren galerak, lekuan lekuko zergen arabera. Merkatua globala da eta estatua territoriala eta horrek kontraesanak sortzen ditu.
Hobe da lehiatzea kooperatzea baino?
Sistema kapitalistaren erantzuna da beti dela hobea lehiatzea. Hirugarren iraultza industrial egoera honetan, kooperatzea eraginkorragoa dela dioenik bada. Interneten demagun, kooperazioak dakarren hobekuntza gaitasuna handiagoa da, lehian oinarritutako sistema itxiena baino: Wikipedia beti izango da hobea Britainiako Entziklopedia baino (azken hau itxi egin zuten). Wikipedia geldiezina da. Wikipedia ondasun publiko bat da, jendearen ekarpenarekin etengabe elikatzen doana. Ondasun komuna da. Bere jabegoa izatea baino garrantzitsuagoa da sarbidea. Hau berdin gertatzen da musikarekin: CDa nirea edo zurea da, baina interneteko musikara sarbideak aukera handiagoa ematen dit, eta beste batek ere bertara sarbidea izateak eta denok gozatzeak ez dio balioa kentzen, izatekotan eman egiten dio. Internetek dakarren kooperazioa, kode irekia, etengabeko hobekuntza, elkarrizketan dago kooperazioarekin? Ezagutzen ditudan Kataluniako esperientzietan, ez. Aldiz, Internet logikarekin eta merkatuaren logikatik kanpo sortutako hainbat dinamikak naturalki hartu du kooperazio eredua.
Nola defendatzen dugu publikoa, guztion ondarea?
Irudikatu herri lurrak, mendi komunal bat: artzainek euren artaldeak komunitatearen lurrera daramatzate… Aipatutako lehen iraultza industrialean, “itxituren garaian”, argudiatzen zen herri lurrak badira, artzainaren joera izango dela etengabe ardi kopurua gehitzea, kostua komunitarioa delako eta etekinak norbanakoarenak (artzainarenak). Artzain denek jartzen badituzte gero eta ardi gehiago, belarrik ez da egongo eta lurra hondatuko da. Horregatik dela hobea lurrak itxiturekin ixtea. Teoria bat da, baina errealitatean hau ez da hala gertatzen. Zergatik? Jendeak hitz egiten duelako euren artean, “gogoratzen zara hark ardi asko jarri zituenean zer gertatu zen? dena pikutara joan zen!”. Batzarra egingo litzateke herrian artzaina arrastoan sartzeko… Alegia, guztion ondareari lotutako gaietan badagoela gobernantza bat, lidergoekin eta abar gauzatzen dena. Urteetako esperientzia pilatu, sistematizatu egiten da.
Gaur egunera etorrita, noraino hitz egin dezakegu “publikoa” den horretaz, instituzioez hitz egin gabe? Oraintxe arte estatua izan da publikoaren funtzionamendua bermatu duena. Egun estatuak gero eta zailtasun handiagoak ditu bere boterea eta erabakiak merkatuen gainetik jartzeko. Instituzioek erantzun behar diote egoera horri, baina gaia ez da instituzionala bakarrik. Komunitatea zer da? guztion ondarea (komuna den hori) defendatzeko prest dagoen jendea. Horregatik, publikoaren ideia berreskuratu nahi duen mugimendua berpizten ari da. Nola defendatzen dugu publikoa, guztion ondarea…? Zer aukera ematen dizkigu oraingo garaiak? Gizarte lantegia ahultzen ari da oraingo sistema: familia harremanak ahultzen ari da, gizartea antolatzeko gaitasuna ahultzen ari da…
Publikoa defendatzeko, erresistentzia eta alternatibak, biak uztartu behar dira (PAH plataforma da adibide garbia). Horrek aldatzen du instituzioekiko harremana: instituzioak egingo du edo ez, baina guk egin egingo dugu. Horrek arrisku bat dakar: Nola egin instituzioak ez daitezen arduragabetu? Kataluniako herri txiki batean gertatu zen, bertako eskola konpontzeko 3.000 euro behar zirela eta Generalitatek esan zuela ezetz, murrizketak medio ez zuela eskola konponduko. Gurasoak elkartu eta euren artean egin zuten lan guztia, eskola konpontzeko. Berehala planteatu zuten gaia: “falta zaiguna! Orain gainera Generalitateak adibidetzat jarriko gaitu, berak eskolak konpondu ez eta gurasoek lan egin dezaten!”. Non dago gakoa? Instituzioei dagokien ardurak gugan hartzen baditugu, botere harremana aldatu behar dela, erabakiak hartzeko eskumen gehiago irabazi beharko ditugula. Adibidera etorrita: nork erabakiko du eskola horretako ordutegia eta egutegia? emango diren edukiak?… Horrek beste galdera bat planteatzen du: Norena dira instituzioak? Momentuan okupatzen dituztenena edo aktibatutako herritarrena?
80 parte-hartzaile izan zituen jardunaldiak.
GALDEREN TXANDA
Hainbat ekarpen egin zituzten entzuleek, tartean hauek:
– Internetetik iritsi naiz kooperatibagintzarengana, eta ohartu naiz kooperatibismoan ez dugula kode irekian lan egiten, itxian baizik. Kooperatibistak kooperatibistekin, eta kooperatibistentzat (mutualizazioa). Irekiago egon behar genuke sorpresetara.
– Hibridazioaren beharra dugu. Ez gara aktore eraldatzaile bakarrak, eta zaharkituta ere geratzen ari gara. Lan egin behar dugu mundu kontzeptual bat sortzeko, elkarlanean, eraldaketako aktore sozial guztiekin. Hibrido izatea garrantzitsua da: Alde batean dago merkatua eta bestean merkatuz kanpokoa, eta bietatik edatea beharrezkoa da.
– Kontua da trukerako eta konkretatzeko moneta ez den beste elementuak bilatzea. Kapitalismoa ere interesatuta dago txanpon fisikoa ezabatu dadin: Diru birtuala interesatzen zaio, eta bere helburua da etengabeko zorpetzea bermatzea. David Graeberrek “En Deuda: una historia alternativa de la economía” liburuan gai hau eta txanponaren eboluzioa aztertu du, oso interesantea.
Gizonek pena ematen digute, emakumeek…?
2015-06-30 // Feminismoa // 5 iruzkin
Eusko Legebiltzarrak gaur onartuko du zaintza partekatuaren legea, EAJ, PP eta UPDren babesarekin. EH Bilduk aurka bozkatuko duela jakinarazi du eta PSE-EEk zer bozkatuko duen da inkognita bakarra.
*** Inork min hartu edo ni erasotu aurretik, ohar bat:
Barkatu, umore oneko esnatu naiz gaur. Inori bere bizipenak medio min ematen badio esango dudanak, eskertuko nuke bere iragana niri ez zipriztintzea. Ez baitut inor mintzeko helbururik, nire ustea jaulkitzea baizik. Iraganak iragan norbereak bere ustea braustakoan botatzen badu, oso pozik hartuko ditut erantzunetan.
Zaintza partekatuaren alde zaude?
BAI
Zaintza partekatua da umeak “orekatu” zaintzeko aukera bakarra? (banandu aurretik bikote heterosexual monogamo ezkondua zen gisa?)
kar kar kar…
Nire aitatxo laostia da, amatxo konpostagailua:
Zaintzaren datuek diote emakumeak direla zaintzaren ardura, zama, euren bizkar daramatenak:
* Haurrak zaintzeko lanaldia murrizten duten %93 emakumeak dira
* haurrak zaintzeko eszedentziak hartzen dituzten %90 emakumeak dira
* haurrak zaintzeko eta familiaz arduratzeko lanpostua uzten dutenak gehiengo aplastantez emakumeak dira.
Banaketa kasuen zifrek zaintzarekiko ardura kupo bera erakusten dute:
* Banantze-kasuetan erabaki gehienetan (bi herenetan) adostasunez hartzen da, epaitegietara jo gabe. Erabakiak adostasunez hartzen diren kasuotan, amek hartzen dute haurren zaintzaren ardura nagusia ia beti (kasuen %93an).
*Epaitegietara jotzen duten gurasoen kasuan (herena), bestalde, hamar aitatik bi dira haurren zaintza eskatzen dutenak eta hamarretik zazpik ez dute eskatu ere egiten.
Egoera honetan, zaintza partekatuaren aldeko hainbat neurri bururatzen zaizkigu (tik-tak, tik-tak osatu zerrenda):
* AURRENEKOA: Haurra jaio osteko baimena seina hilabetekoa izatea ama eta aitarentzat, elkarren segidan hartu beharrekoa eta besteri utzi ezinezkoa. Horrek ekarriko luke haurra lehen urtean etxean haztea, aitak eta amak ardurak hasieratik partekatuta hartzea, aiton-amonen liberazioa, merkatuan gazte jendearentzako leku gehixeago, lana banatzea… (dena abantailak).
* Medikuaren errebisioetara eta eskolako bileretara txandaka joan behar izatea, arauz.
* Errenta aitorpenarekin batera zaintza denboren etxeko kontratua aurkeztea, horrela kontabilizatuz etxeko ekonomian eta ekonomia orokorrean zaintza orduek egiten duten ekarpena.
* …
Zaintzak bietatik du, gure onena eta ejem-a ateratzen du. Ematen digu dena eta eskatu-kendu-lapurtu beste dena. Datuek erakusten digute sekulako korapiloa dagoela gai horretan, baina nondik hasiko gara korapiloa askatzen, estuen lotutako emakumeak askatu eta gizonen gehiengo absolutua lehen unetik ardura hartzera daramaten neurriak hartuz? Keba, zaintza partekatua nahi eta lortu ez duen gutxien-gutxien-gutxiengo (kasu batzuetan, ez denetan, ereduzko) horrek nahi duen momentutik (banandu arte paso egin dutenak barne) ez dezatela inongo oztoporik izan, mesedez.
Baietz, badakigula, ez aspertu purrusta eginez umeen zaintza desorekatuagatik emakume ia denek zenbat “ematen” “galtzen” duten zerrendatuz (norberaren denbora, aisialdia, zaletasunak garatzea, garapen profesionala, dirua…). Baina irudikatze hutsarekin aitatxo batek ezingo duela bere seme laztana berak nahi duen une batez besarkatu bihotza hausten zaigu, baietz?
Inork ez dezan gaizki ulertu, hauxe da nire printzipioen deklarazioa:
Zaintza partekatua lehen unetik… edo ondorioak datozenean ereindakoa jaso eta segi ereiten
Dena da metafora bat
Batailaren erdian lurrean odolusten ari diren frontekoen gainetik pasa eta atzegoardiakoei behatzetako zauriak jostetik hastea ez dakit nola definitu daitekeen, ez bada gizonek ardurak kapritxoz hartzeko eskubidea irabazi dutela (nahi dudanean bai eta nahi dudanean ez, baina nahi dudan guztietan bai izan dadila). Eusko Jaurlaritzan berdintasunaren eskuduntza duen Emakunde lege honekin ados ez egon eta Legebiltzarrak onartzea ez dakit nola ulertu behar den. Espero dut ez garela iritsiko Osakidetzak ontzat hartzen ez dituen txertoak jasotzera…
Dibortziatuak zarete zaintzaren abangoardia: Gurasotasun ideala dibortziatuena da
Maitasun erromantikoak hutsera murrizten du emakumeok denborak eta harremanen gestioa negoziatzeko dugun gaitasuna. Umeagatik, maitasunagatik, bakeagatik dena eman behar horretan, baldintzarik ez jartzea da maitasun erromantikoaren baldintza bakarra, eta kentzen diogu eremu profesionalari, zaletasunei, koadrilari, norberaren kutixiei, norberaren denborari…
Lagun bat dibortziatzen zaizu eta sumatzen duzu arratsalde bakoitza adosten, gau eta goiz bakoitza adosten, asteburuak (hau umeekin eta hau gabe) banatzen, jai egunak adosten… eta ezagutzen duzu zure lagun binarioa: tarteka haurrekin dagoena, eta tarteka bakarrik-maitearekin-koadrilarekin dagoena.
“Tuntun alena!” sentitzen du orduan batek, “dibortziatu arte itxaron behar al da gai denak mahai gainean jarri eta ongi organizatzeko?”.
Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala
2015-06-15 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Joxemi Zumalabek antolatutako Jakintza A(u)nitz Jardunaldiek “Herri borrokak, ezagutza emantzipatzaileak eta formazio politikoa” izan zuten ardatz. Hauen barruan, ekainaren 6 goizean “Formazio politiko feminista eta nekazaritza arlokoa” landu zuten. Horretarako, Paula del Cid-ek (Guatemalako La Cuerda kolektiboko kidea) Guatemalako Formazio Politiko Feministaren eskola azaldu zuen, eta Beatriz Casado-k (Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduaren elkartasun taldeko eta Hegoak Institutoko kidea) Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala.
Beatriz Casado, Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala
10 urte daramatza Florestan Fernandes Eskola Nazionalak, eta 30 Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduak (MST). Esperientziatik sortzen da, badu zergati eta zertarako bat. Lurrik Gabekoen Mugimenduen borrokatik sortzen da, mugimendu horren zerbitzura. Formazio politikoa estrategiaren zerbitzura dago, erreminta bat da posible egiteko helburu estrategikoak gauzatzea.
MSTren estrategia nagusia lurren okupazioa da. Kanpamendua ezartzen den prozesua da intentsuena, eta kanpamenduarekin batera jartzen dira martxan formazio prozesuak: aldi berean, eta ez ondoren. Mugimendua antolatzen den leku guztietan jartzen da martxan formazioa. Ikastaroak ere MSTren antolakuntza bera du, horrela aldi berean formatzen da mugimendurako. Formazio politikoa eraldaketaren parte izan behar da, teoria eta praxia beti martxan jarriz, eta errealitatea eraldatzeko, lortu nahi den horren arabera barne antolakuntza eraldatuz. Eraldaketa egiteko subjektua kolektiboa da, eraldaketa oro kolektiboan egin behar da. Eta subjektu pedagogikoa ere mugimendua da.
Ofiziala da eta 25.000 ikasletik gora hartu ditu jada
Badira ikastaro internazionalistak, eta badira kurtso formalak, Brasilgo 40 unibertsitate baino gehiagorekin adostuak, graduondokoak eta masterrak eskaintzeko. 25.000 pertsonatik gora pasa dira kurtso latino-internazionalistetan.
“Hezitzaileen hezitzaile” ikastaroan trebatzen dira mugimenduetako jendeak, ondoren horiek beraiek euren mugimenduko formazioa antolatu dezaten. Gizon eta emakumeen parte hartzea nahiko orekatua da.
Eskola: Giroa eta tempoak
Ez du “eskola” hitza entzunda burura datorkigunarekin zerikusirik. Koordinazio politiko pedagogikora lantalde bat dago: 40 kideko brigada militante batek osatua, eta berauek 2 urtez eskolan bizitzen dira. Lantaldetan antolatzen dira, eta ikasleak gonbidatzen dira lantalde hauetan parte hartzera.
Eskola ikas giro gisa definitzen da. Eskolan hasten garenean, bizitzen hasten gara lantzen ari garena. Eskolan egiten den guztiak du intentzio formatzaile bat. Ikasgela bakoitzak du bere antolaketa pedagogiko politikoa. Gainera prozesuak akonpainatu egin behar dira, alegia koordinazio politiko pedagogikoko kideek ikasle taldeari laguntzen diote ikaskuntza prozesua irakurtzen eta aldaketak egiten.
Badira eguneroko denborak eta asterokoak. Badira denbora zehatzak gauza bakoitzerako. Horrela, zure denbora eta denbora kolektiboa antolatzen laguntzen dizute. Horrek esan nahi du zuk egiten duzunak eragina duela taldean eta taldeak egiten duenak zugan. Laguntzen dizu ulertzen eskola ez dela ikasteko lekua bakarrik, atzean dagoena formazio humanoa dagoela, eta horretarako dimentsio horiek denak (ondoko puntuan azaltzen direnak) landu behar dituzula eta lantzeko estrategiak pentsatu behar dituzula.
Dimentsioak: Badira sei dimentsio, elkarri lotuta eta mugimenduan daudenak:
1.- Antolaketa: Kolektiboan oinarritzen da dena. Funtzionatzeko modu bat dago, formazioan eta mugimenduan. Lantaldetan oinarrituta, koordinatzen dute formazioa, norberaren proposamenek leku izan dezaten. Prozesu hezitzailean parte-hartzaile egiten da ikaslea. Auto-eraketa bilatzen da.
2.- Ikasketa: Oso anitza da. Teorikoa, banakoa eta kolektiboa, irakurle taldeak…
3.- Auzolana: Etengabe eraikitzen doan eskola da, eta denok gara parte-hartzaile, lantaldetan. Lanarekin egiten gara gizaki sozial eta kultural, horrek formatzen eta eraldatzen gaitu. Egiteak eskatzen du nola egin ikastea, eta hori kolektiboan egin behar da. Horrek hausten du esku-lan eta lan intelektualaren artean dagoen etena. Balioak ere mugiarazten ditu, kolektiboa.
4.- Mistikoa: Herri mugimenduen esperientziatik dator mistikotasuna. Alde arrazionala eta subjektiboa aldi berean jartzea da gakoa, martxan jartzea balioak, konektatzea borroka gure historiarekin, konektatzea borroka lortu nahi dugunarekin. Mistikotasunak sinbolikotik, beste lengoaia batzuetatik mugiarazten ditu balioak eta emozioak.
5.- Autodiziplina, balioa eta etika militantea: Konpromiso kolektiboak onartzen ditugu. Diziplina kontzientea lantzea bilatzen da, solidaritatea, eta bizitzako jarrerak: zainketa, etengabe hobetzea…
6.- Artea eta kultura: honek beste denak zeharkatzen ditu. MSTk ulertzen du kulturak formatzen eta eraldatzen gaituela, ez dela aparteko zerbait. Kultura eta artea hezitzaileak dira. Mezu eta ezagutza asko transmititzen dira kulturarekin.
Irudikatu 23 herrialdetik gorako 70 ikasle inguru, aniztasun ikaragarrikoa, 3 astez elkarrekin. Oso prozesu aberasgarria da.
Paula del Cid, Guatemalako Alianza Feminista: “Arrazismo estrukturala ikusarazteko arazoak ditugu”
2015-06-15 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Joxemi Zumalabek antolatutako Jakintza A(u)nitz Jardunaldiek “Herri borrokak, ezagutza emantzipatzaileak eta formazio politikoa” izan zuten ardatz. Hauen barruan, ekainaren 6 goizean “Formazio politiko feminista eta nekazaritza arlokoa” landu zuten. Horretarako, Paula del Cid-ek (Guatemalako La Cuerda kolektiboko kidea) Guatemalako Formazio Politiko Feministaren eskola azaldu zuen, eta Beatriz Casado-k (Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimenduko elkartasun taldeko eta Hegoak Institutoko kidea) Brasilgo Florestan Fernandes Eskola Nazionala.
Paula del Cid, Guatemalako Formazio Politiko Feminista
Alianza Feministan egiten dugun lana aurkeztuko dut. Aliantza Feministak 1994ko Bake Akordioan batutako 30 elkarte biltzen ditu. Hauetako bat da Petén Ixqik elkartea eta beronek Guatemala iparraldeko emakume nekazariak biltzen ditu, asko alfabetatu gabeak. La Cuerda elkarte feministak, berriz, hirikoak. Duela 18 urtetik 20.000 aleko hilabetekari bat argitaratzen dugu eta berau da Guatemalako hilabetekari feminista eta ezkertiar bakarra.
Guatemala oso lurralde txikia da, eta ekosistema anitz daude bertan. Munduan bioaniztasun kontzentrazio handienetakoa duen herrialdea da. Hizkuntza ofiziala espainiera da, baina 24 hizkuntzatik gora hitz egiten dira. Aniztasun hauen barruan, Alianza Feministako kideok bizi ditugun errealitateak oso ezberdinak dira.
Errealitatearen azterketan aberastasunaren pilaketa ardatz hartuta
Zapalkuntza anitzak pairatzen ditugu, eta aniztasun faktore bakoitzak sailkapenak egiten ditu: Sexua, sexualitatea, etnia, klasea, geopolitikoa. Prestigioa dutenak, produkzio bideen jabetza dutenak, aberastasuna pilatu dutenak dira eskeman goian daudenak, zapaltzaileak. Aberastasunaren pilaketa aztertzerakoan baita ere kontuan hartu behar da nola lortu duzun aberastasun hori, herentzian jasota, lapurtuta, krimenean oinarrituta… Emakumeongan egiten den zapalkuntza ere bada aberastasuna pilatzeko modua (esplotazioarekin, prostituzioarekin…).
Alianza Feministan aztertzera iritsi gara zer ikusi duen amodio erromantikoak aberastasunaren pilaketarekin: Maitasun erromantikoak gure dena ematera garamatza, eta aberastasunaren pilaketarekin alderantziz proportzionala da, alegia, emakumeen aberastasun kopurua gehien murrizten dela maiteminduta gaudenean, umeak hazten ari garenean…
Izendatu dezagun nahi dugun gizartea
Subjektu politiko feministaren kontzientzia hartzen aritu gara: Proiektu politiko bat dugu, zer nahi dugu? Nahi horri eman behar diogu garrantzia. Feminismoak eman zizkigun elementuak eta kategoriak errealitateak izendatzeko. Baina nolako gizartea da nahi duguna? Sarri ohartzen gara erabiltzen dugun terminologia zapaltzen gaituen eremuetakoa dela (merkatuari lotua…), eta saiatzen gara lortu nahi dugun gizarte horren hizkuntza erabiltzen. Antolakuntza politiko berri bat nahi dugu bizitza sostengatu dezan, erdian kooperazioa jarrita eta ez merkatua. Zaintza eta afektu sareak garatu nahi ditugu.
Alde espirituala ere lantzen ari gara, mugimendu ezkertiarretan jende oso arrazionala izaten baita askotan, baina motibazioak badituena, berezkoak, elizak manipulatu gabeak. Horri deritzogu espiritualitatea, eta horiek lantzea da gakoa.
Eskolatik lekuan lekuko topaketetara
Eskolan lantzen ditugu edukiak, bi eguneko modulutan. Baina topaketak egitera jo dugu, zonaldeka. Zergatik? Arrazismo estrukturala eta kolonialismoa ikusarazteko arazoak genituelako. Eta ez da gauza bera arrazismoaz eta kolonialismoaz jardutea areto batean, edo landa eremuko gune batean. Lantzen dugu ongi bizitzea, emantzipazioa…
Herri heziketa feminista prozesu eraldatzaile pertsonal eta kolektiboa da. Bere horretan ekintza politiko bat da eta helburua bizitza erdian jartzea da. Lau iturritatik edaten dugu: feminismoa, herri hezkuntza, sanazioa eta kosmobisioak (Maia eta Inka herrienak).
Esperientzien analisiak sistematizatzetik sortzen da ezagutza. Zapalkuntza aztertu nahi dugu, baina ez behin eta berriz zapalkuntza izendatzeko, baizik, askapenerako. Horregatik behar dugu ikusezinak diren eremuak ikusgarri egitea, eta horrekin batera, nahi duguna zer den ulertzea. Ikusgarri egitea, desnaturalizatzea eta historizatzea da gure modua.
Metodologia gisa, sarrera egiten dugu gelaren zentroan jarriz, eta lau elementuak ekarriz. Horrela irudikatzen dugu naturaren zati garela. Ezagutzak lantzen hasten garenean ere, sarrera egiten dugu bakoitzak bere esperientziak ekarriz, norberaren esperientzietatik abiatzen gara.