Gaitzerdi
Hasiera » Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi

Antoni Marín Amatler: Narratiba transmedia ikaskuntzan

2014-11-06  //  Hezkuntza  //  Iruzkinik ez

Euskarabildua jardunaldietan azaldu ditu abantailak:

Alfabetizazioa idazten eta irakurtzen jakitea bazen antzinan; ondoren irudiak irakurtzen ikastea gehitu zitzaion kontzeptuari; eta azkenik produktuak kontsumitzen eta produzitzen jakitea gehitzen zaio kontzeptuari. Beraz, alfabetizazioa transmedian eskatuko luke konpetentziak lantzea produktu transmediak sortzeko gai izateko.

Matrix izango da lehen proiektu transmedia, eta bere zaleek ez zuten filma ikusi bakarrik egiten, baita ere euren pertsonaien garapena jarraitzen zuten webguneetan. Fansek edukiak sortu ere egiten dituzte, fansa elementu klabea da transmedian.

Oinarrizko istorioarekin lotutako produktu pila sortzen dira inguruan, marketing kanpaina komertzialak ere izaten dira. Gakoa da gazteei hain erakargarri zaien narratiba hau nola erabili hezkuntzarako. Eta nola erabili istorio baten inguruan kanal ezberdinak, hainbeste baliabide ez daukagun arren.

Multimedia interaktiboa ikasketa tresna:

Ikasleen rol aktiboa sustatzen du bere ikaskuntza prozesuan. Sortu ditzakegu estrategia konstruktibista batzuk, ikasleen arteko elkarlana bultzatzen duena.

Sormen kolektiboa:

Padlet sistemarekin ikusentzuteko mural bat egin zuten elkarlanean unibertsitateko ikasleek: bakoitzak 15 segunduko bideoan islatu zuen “udaberria” kontzeptua, eta bideo hauek denak aldi berean batuta (bakoitzak muraleko puntutxo bat zen) murala osatu zuten. Sormen kolektibo audiobisuala esperimentatzeko aukera ematen du, eta berau interneten ikusgai jartzeko.

Traolen erabilera

Eskolako gaiei eta kontzeptuekin traolak sortzen dituzte ikasleek twitterrez elikatu ditzaten, eta horrela doaz jakintza aberasten.

Maite Goñi: IKaskeTa modu berriei begirada

2014-11-06  //  Hezkuntza, Sailkatugabeak  //  2 iruzkin

euskarabildua1Euskarabildua jardunaldietan ideia hauek azpimarratu ditu Mondragon Unibertsitateko eta Jakintza ikastolako irakasleak.

Irakaskuntza beste begi batzuekin begiratzeko baliatu behar da teknologia, pedagogia hobetzeko. Irakaslearen papera oso zalantzan dago egun, informazioa ematera mugatzen bada irakaslea ez du ekarpen handirik egiten, askoz informazio gehiago duelako ikasleak eskura interneten.

On-line irakaskuntza asko garatuko da hurrengo 5 urteetan.

Hodeian lan egitea:

Aukera ematen digu taldean lan egiteko, denen iruzkinak jasotzeko, norbera bere ordenagailuan ari beharrean. Pribatutasuna eta segurtasuna daude zalantzan, “googlerekin ezkontzen ari gara”.

Mugikorren erabilera egokia:

Eskola denetan debekatzen da mugikorraren erabilera. Baina mugikorra edozein momentutan informazioa kontsultatzeko oso erabilgarria izan daiteke, baita irteerak dokumentatzeko argazkitan eta abar… Tabletak ere oso erabilgarriak izan daitezke apunteak hartzeko, eta abar.

Jokoen mekanika hezkuntzara pasatzea:

Ariketekin erronkak planteatzea “nibelez” pasatzeko. Errekonozimendurako zenbaki hotz bat erabili beharrean irudi edo domina sistema erabiltzea. Sormena eta talde lana ere bultza daiteke hauekin. Badira jolasak ekonomia lantzeko: Erresuma Batuko lehen ministroa zara eta mundu mailako erabakiak hartu behar dituzu eta horien ondorioak kudeatu… Badira naturaren errespetua lantzekoak ere.

Klasea iraultzea:

Irakasleak azalpenak ematen ditu. Baina egin dezakezu grabatu eta ikasleek eskolara joan aurretik ikusten dute eta ondoren datoz eskolara ezagutza horren gainean galderak egiteko, ariketak egiteko… Modu ona izan daiteke azalpena behin baino gehiagotan entzun behar duenak aukera izateko, bitartean beste batzuek aspertu gabe. Gaurko sisteman eskolan justu azalpena ematera iristen gara eta ondoren etxean gurasoek edo partikular irakasleek egiten dute bigarren lanketa.

Irakasleen konpetentzia digitala:

Pedagogia eredu ezberdinak ezagutzea da gakoa. Kezka da nola integratu teknologia. Idazlana ordenagailuz egitea lehengo gauza bera egitea da. Komentarioak txertatzen baditugu, edo kolektiboki sortzen badugu testu bat, edo beste ikastetxe batzuekin partekatu, beste dimentsio batzuk lantzen ari gara. Irakasleok indarra jarri behar dugu gure formazioan. Garrantzitsuena da norberak bere hutsuneak detektatzeko gaitasuna izatea, eta non ikasi jakitea, egun doako hamaika aukera ditugu sarean bertan: bideoak, ikastaroak…

On-line irakaskuntza:

Egun gaixo dauden ikasleentzat erabiltzen dira, ezintasunen bat dutenentzat. Baina baita etxean eskolatzea erabakitzen duten gurasoen artean ere.

Zertan oinarritu behar dugu ikaskuntza?

Neus Lorenzorekin batera egin duen mahai-inguruan Goñik gai gako bat planteatu du: “Memorian oinarritzen dugu askotan ikaskuntza. Baina oinarritu dezakegu baita ere ulermenean, aplikatzeko gaitasunean, eta sormenean”.

Euskarak sarean duen garapen mailaren galderari erantzunez zera adierazi du: “batetik ikusten dugu ahotsen errekonozimendua hobetu behar dela eta hor inbertsio eta lana egin behar da. Eta bestetik, zenbat eta gehiago erabili euskaraz tresnak orduan eta gehiago garatuko dira”.

“Izarra izan” aditz trinkoan

2014-11-03  //  Umekeriak  //  2 iruzkin

izarra izan

10 urteko mutil kozkorra ingeleseko aditz irregular zerrenda ikasi nahian dabil. Ama marmarka, berak institutuan ikasitako edukinak zer arraio dabilen semea hain goiz kaskezurrean sartu nahian.

– Eta bakoitzaren esanahia ere ikasi behar duzu?

– Noski, ama! Adibidez, “izarra izan”.

– “Izarra izan?” nola da aditz hori ingelesez?

– “To be”, “Ser-star”

Hizkuntzen kortozirkuituak algara leherrarazi du amarengan: “I ♥ hiruele proiektua”

 

Bazabiltza mantxoketan?

2014-10-20  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

pauso– Egingo dugu mantxoketa? Etxeari buelta ematera!

Zazpi urteko neska-mutikoak elkarren ondoan jarri eta “bat, bi… eta hiru!” eman du irteera laugarrenak. Oina oinaren ondoan jarri eta milimetrotako urratsak ematen doaz.

– Baina ezin da geldirik egon eta beti aurrera egin behar da, eeee!- gogoratu du araua lehen (edo azken?) doanak.

Slow bazkaloste baterako jolas perfektua.

Franco gaizki-hezi bat zen

2014-10-06  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

Mahai bueltan atera dira Franco garaiko kontuak, eginiko triskantzak eta basakeriak. 6 urteko mutikoak hasi du galdeketa:

– Eta nola lortu zuen hori guztia egitea?

Gurasoek: Bada tira, diruarekin jendea eta armak erosi eta berak nahi zuen guztia egiten zuen.

Umeak: eta bere gurasoek ez zioten ezer esaten?

Txinparta bat bihotzean

2014-09-29  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

argiaeguna

Eguzkiaren goxoa, pertsonen izpiak, elkarrekin solastatutako amets txikiak, partekatutako uneak, egun osoko poza. Hauxe Argia Egunetik geratzen zaiguna, eta txinparta bat, Argiazaleok bidaide garen sentimendua.

Eskerrak bakoitzari

Festa gogora dakarzkiguten oroimen-flash bakoitzean eskerrak loratzen zaizkigu erraietan. Eskerrak goizean goizik ibilbideak tentatuta ongi argi etorri ziren irakurle horiei eta nola ez luxuzko gidariei, eskerrak haziak zakutoan hartuta azaldutako guraso-Zangozako irakasle-biologoei, eskerrak kolesterol eta ziri pintxoak banatzen aritu ziren Hendaiako txosnalariak, eskerrak asanblada gaztetxeroan inplikatu ziren Argiazaleak, eskerrak harpidetzentzat aditz trinkoak asmatu dizkiguten Kikek eta Asiskok, eskerrak plazako burrunbaren erdian ale ederrak uzteko kontzentrazio saiakera egin zuten bertsolariek, eskerrak txosna barruan eta kanpoan festa jarri zuten zumaiarrei, eskerrak NAN inposatuak oso aurrera, bazterrera eta atzera ere bota zituzten jaurtitzaileei, eskerrak herri bazkari oparoena prestatzen eta zerbitzen aritu zirenei, eskerrak gin-tonic onenak zerbitu zituzten irundarrei, eskerrak dantzan jarri gintuzten musikariei, eskerrak baliabideak emandako guztiei… eskerrak batu ginen ehunka lagun horietako bakoitzari.

Partaide izateak bete digu gogoa

Usurbilen bildu ginenok, denok egin genuen momentu batzuetan “lan” (aulkiak jasotzetik txosnan esku bat botatzera), parte hartu (elkarrekin bazkaltzetik boloak jaurtitzera), eta festa: barre, dantza, berriketa…

Emozioetan bat egin genuen, bakoitzak jar diezaiola emozio horri hitza, esaterako artikulu honi erantzunaz.

Ekonomia soziala, hargin batek azaldua

2014-09-24  //  Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

Hargina hor omen zegoen lasai, hamaiketakoa egiten paretaren kontra jarrita. Nagusia etorri zaio eta errietan hasi orduko, moztu egin dio langileak:

– Zaude isilik, orain arte zuretzat aritu naiz lanean eta orain nire buruarentzat ari naiz!

Haratx, S.A eta S.A.L baten arteko diferentzia.

Herri bat zer izan kartan aukeratu ahal balitz bezala

2014-09-19  //  Umekeriak  //  Iruzkinik ez

mapa

“Nor doa irabazten, Eskozia edo Inglaterra?” galdetzen zuten atzo gauean zehar elkartera sartu-irten zebiltzan umeek. Koadrilako afari eskoziarra futboleroa atera zenaren isla.

Gosaritan emaitzaren berri emandakoan, zazpi urteko neskatoak: “Bada nik badakizu zer egingo nukeen (eskoziarra banintz)? Popatik denak, ez Eskozia eta ez Inglaterra, Euskal Herria izatea aukeratu eta kito! Euskaraz ikasi… eta listo”.

Amari kafesnea kontrako eztarritik ateratzean, azken esaldiak laino kontsolagarri bat pausatu dio, euskaldun izateko bozkatu beharrik ez denarena. Nola zen hura? “Euskara da gure territorio libre bakarra…”.

Erabakitze eskubidea azaltzea korapilatuago jarri da ugalketa galderei erantzutea baino. Ez ote litzake irailaren 24an (asteazkena) Usurbilen egingo dugun Independentziari buruzko mahai-ingurua gurasoentzako hitzaldi pedagogikoen eskaintzetan txertatu behar?

Argia Egunean eskuratuko dugun Europako Herrien Mapak ilustra gaitzala!

Enpresa antolaketa eta generoa: Nola daramagu ARGIA etxea?

2014-08-01  //  Feminismoa, Sailkatugabeak  //  Iruzkinik ez

argiablogerakoona

UEUk antolatutako “Generoaren tratamendua kazetaritzan” ikastaroa baliatu dugu komunikazio enpresen antolaketaz pentsatzeko. Kazetariok etengabe ari gara feminismoari buruzko elkarrizketak jarraitzen, albisteen berri ematen… gure lehengaia errealitate hori izanik, komunikabideak enpresa aurrerakoiak izan gaitezke parekidetasuna lan antolaketan eta egituran txertatzen.

ARGIAn belaunaldiz belaunaldi transmititu diren oinarriak, balioak, kodeak daude planteamendu hauen oinarrian. Pasilloetan, bazkaritan, bilera bat eta bestean elikatzen doazen ideiak dira, helburu edo idealak asko, baina egungo errealitatearekin lotura dutenak.

Gai honetan ARGIAren bi ezaugarri hauek funtsezkoak dira: neurria (26 langile) eta langileok jabe garela (SAL egitura).

BIZITZA ZENTROAN. GUZTIEI BIZITZA OSOAN LAN EGITEKO AUKERAK EMATEN.

Antolaketaren erdigunean diruaren ordez bizitza jartzeak zer ekartzen du?

Hasteko lantokia bizitoki dela kontziente egitea. Lantokian, lankideekin ematen dugu bizitzako zati handi(en)a eta beraz, asko dugu hobetzeko: bizitzako beharrei erantzuteko egokituz lantokia, emozionalki lagungarri diren giroak sortuz… Hona landu daitezkeenak:

– Jantokia atsegina da, bertan sukaldatzeko aukera ematen du?

– Lantokia umeei irekia eta egokitua dago?

– Lekuak armonizatuta ditugu?

– Baratzea landu nahi dugu? Konposta egiten da?

– Egoera ezberdinetarako lekuak egokituta ditugu? (kontzentratzeko, sormenerako, elkarrizketarako, tarte batez deskonektatzeko…)

Bizitza zentroan jartzeak oroitarazten digu jendea, zaintza behar duen aberea dela. Eta pertsonak direnez gure proiektuaren oinarri, berezko ezaugarri nagusi hori, zaintza, erdigunean dagoela kontziente egiten gara: Bizitza osoan zaintza behar dugu, bestek zainduak eta besteren zaintzaile izan behar dugu. Zaintza pertsonaren ezintasunekin dago lotua, besteren beharra izatearekin, ahulguneekin. Halakoetan lantokian ere akonpainatua sentitzea, ulertua, eta zure egoerara egokitzeko aukerak izateak bueltan dakar enpresarekiko atxikimendua izugarri haztea eta behar denetan dena emateko prest egotea. Nola egokitu lana zaintza beharretara?:

– ARGIAn lana bakoitzak antolatzen du bere erara (BAINA guztiekin: lanpostu bakoitzak lotura desberdina du, segun zer lan bolada den…). Bakoitzak lan bolumen bat du epe batean egiteko. Horrek esan nahi du egun bat-bi-hiru huts egiteko ez dela inongo justifikanterik behar. Norberaren esku errekuperatzea. Aukera ematen du gurasoak medikutara eramateko…

– ARGIAn ez dugu fitxatzen: ordutegia erabat malgua da (BAINA guztiekin). Badira eskolara ume bila beti eurak doazen lankideak, bai amak eta bai aitak.

– ARGIAn etxetik lan egiteko aukera bermatzen saiatzen gara (BAINA guztiekin). Honek erabat errazten du zaintza eta lana uztartzea. Norberaren osasun egoerara moldatzeko aukera ere ematen du.

– ARGIAn sekzio denetan ditugu lanaldi osoak eta murriztuak. Esperientziak erakusten du posible dela lanaldi mota karguetatik deslotzea (esaterako, erredaktore buru izatea egun erdiko lanaldian).

– ARGIAn kontziente gara zer garrantzitsua den lankide bakoitzak zirkulu bat, harreman sare bat izatea bizitzako bere gauzak partekatzeko. Adibide moduan, zuzendaritzako bilerak erronda batekin hasten ditugu: “ni aste honetan horrela nabil…” konturatu garelako bileran bertan, eztabaidetan eta abar eragin handiagoa duela askotan norberak dakarkien aldarteak edo bizipenek, “objektibotasun” itxurazkoan eztabaidatzen ari garen argumentuek baino.

PAREKIDETASUNA HORIZONTALEAN ERAIKITZEN DA. KARGU GUZTIETAN BERDINTASUNA IRABAZTEN.

Parekidetasunaren organigrama sarea da: Enpresako organigrama bertikala denean, piramidala, errepikatzen dira gizarteko hierarkia edo botere-harremanak. Enpresako egitura horizontaldu ahala, jokoa banatzen dugu langile gehiagoren (ahal dela guztien) artean, eta beraz aniztasunak, bakoitza den izaki friki horrek bere lekua hartzen du.

– Sekzioen generoa ARGIAn: erredakzioan dira 10 gizon deituak eta 3 emakume deituak. Komertzial sailean komertzial arduraduna gizon deitua,  eta 4 saltzaile emakume deituak. Idazkaritzan 5 emakume deituak. Argia ekoizpenetan produktorea gizon deitua. Argazkilaria gizon deitua. Komunikabide baten barruan sekzio bakoitzak generoa duela bistakoa da. Bakoitzak lan zehatz batzuek egiten ditu, ofizioak ohiartzun bat edo bestea du kaleko jendearen belarrietara…

– ARGIAko Akziodunen Batzarra. ARGIA egituraz SAL da eta beraz langileok gara enpresako jabe. Erabaki organo nagusia Akziodunen Batzarra da, eta pisu erreala ematen saiatzen gara etengabe. BENETAKO parte-hartzeak eta erabakiak BENETAN guztion artean hartzeak parekidetasuna bultzatzen du.

a) Esaterako, estrategikoak diren gaietan prozesu parte-hartzaileak burutzen ditugu. Prozesu hauetan enpresa osoak hartzen dugu parte elkarrekin: sekzioak nahastuta osatzen ditugu taldeak eta lehenik talde txikian lantzen eta eztabaidatzen dira gaiak eta gero talde osoan bateratzen ditugu ideiak. Esperientziak erakusten du talde txikitan denek hitz egiten dutela, eta aldiz talde handian erdiak ere ez. Talde handian hitz egiten dutenetatik %37 dira emakume deituak eta %63 gizon deituak.

b) Jokoa banatzea (bide horretan goaz, oraindik egiteko asko): Erabakiguneetan jende desberdina egotea da gakoa. ARGIAn proiektu estrategikoak garatzeko lantaldeak sortzen dira (astekariko aldaketak lantzeko lantaldea, argitalpenak gauzatzeko lantaldeak…). Hauetan ardurak banatzea da gakoa, ahalik langile gehienek horrelako guneren batean parte hartzea, eta horrekin batera bakoitza lau lantaldetan ez egotea (batzuek ardurak hartzeko pausoa eman behar dute, eta beste batzuek ardurak uztekoa). Jokoa banatzen dugunean, parekidetasunean irabazten dugu. Honen emaitza da Akziodunen Batzarrean gero eta jende gehiagok azalpenak emateko autoritatea eta hitza hartu behar izatea, bera delako halako gai estrategikoa garatzeko lantaldean parte hartu duena.

d) “Partidaren jarraipena” (bide horretan goaz, oraindik egiteko asko): urtean hainbat batzar egiten dira, gertutik jarraitzeko bai nola doazen diru kontuak eta baita ere nola doazen proiektuan ditugun erronkak. Horrela bazkideok ikasten dugu zenbakiak eta kontzeptuak irakurtzen, ulertzen, eztabaidatzen… Honi gehitzen badiogu gai estrategikoak aurrez denok landuak ditugula prozesu partehartzaileetan, ondorioa da Akziodunen Batzarrean bakoitzak bere kriterioen arabera erabakitzen duela, eta lidergoek eta abar eragin txikiagoa dutela, hemen ere parekidetasunaren mesedetan.

– ARGIAko ordezkaritza kargu nagusiak:

a) Historikoki emakume kopuru handia egon da ordezkaritza karguetan: Egon diren bost zuzendarietik hiru izan dira emakume deituak eta hiru lehendakarietatik bi emakume deituak.

b) Egun zuzendaritza 5 kidez osatua da, hauetatik 2 emakume deituak eta 3 gizon deituak. Parekidetasuna bermatzeko zuzendaritzan zera lortu beharko litzateke: zuzendaritzako funtzioak utzi gabe zaintzarako (umeak zein zaharrak zaintzeko) lan baldintzak egokitu ahal izatea (esaterako, lanaldi murriztuekin, bajekin eta abar).

d) Ordezkaritza partekatua. Ordezkaritza partekatzen dugu lankideon artean, gaiaren arabera eta lankideen agendaren arabera. ARGIAk kalera begirako aurpegi anitzak izatea  baliotzat dugu.

ONDORIOA: 

Emaitza kuantitatiboak lortzeko (alegia, erabaki organoetan “emakume” eta “gizon” kopuru bera, sekzio bakoitzean “emakume” eta “gizon” kopuru bera eta abar) oinarri onena baldintza kualitatiboak sortzea da. Alegia, ZAINTZA BEHAR DUEN ABERE horri, BIZITZA OSOAN zehar lan egiteko baldintzak eskaintzea. Hau praktikan hala denean, langile denek dute aukera handiagoa, deitu emakume edo deitu gizon, PROFESIONALKI BERE BIDEA egiteko eta ondorioz, KARGU GUZTIETARA izaeraren arabera iristeko.

Kazetarien eta mugimendu feministaren arteko aliantza giltzarri

2014-07-28  //  Feminismoa  //  Iruzkinik ez

Maite-Asensio-LozanoMaite Asensio Lozanok  kazetari moduan bizitako gau berezi baten kontakizunarekin hasi zuen UEUko Generoa eta Kazetaritza ikastaroko hitzaldia (2014-07-15): “Gallardon legearen kontra Gurutzetako ospitalean egindako itxialdian (2013-12-27an) bi hedabide generalista bakarrik egon ginen: Berria eta La Sexta. Ez da kasualitatea: Genero gaiekin sentiberatasun minimoa duten bi hedabide ginen eta biok kazetaritza feministako militanteak gara” (La Sextakoa Pikarakoa ere bada). Itxialdiaren aurretik egin zen kontzentrazioan hedabide gehiago ere baziren. Kontzentrazioan ikusten zen jendea esterila eta lozakuekin zegoela, gaua pasatzeko prest: “Kazetariek bazekiten zein zen feministen asmoa eta albistea egongo zela handik ordu batzuetara. Hala ere, handik ordu pare batera ez zen kazetaririk geratzen”. Kazetariak denboraren kontra eta alde batetik bestera ari behar izaten dutela onartu arren, galdera bat pausatu zuen Asensiok: “haietako zenbat kazetarik abisatu ote zuten erredakzioan ‘hemen itxialdia egongo da’? eta zer erreakzio jaso ote zuten erredakziotik?”. Asensioren arabera halakoetan profesionaltasuna dago auzitan, kazetariaren informatzeko funtzioa.

Baina ekintza feministek komunikabideetan duten jarraipenaren ardura partekatua dela ohartarazi zuen: “Nola kudeatu du mugimendu feministak deialdi hau? hedabide gehienei ez zieten abisatu zer egingo zuten eta nola, komunikabideak joan ziren pentsatuz ordu laurdeneko kontzentrazioa izango zela”. Elkarlana beharrezko dela aldarrikatu zuen, mugimendu feministak erreferentziazko pertsonak behar dituela medio bakoitzean. Aliantza horrek emaitza onak dituela azaldu zuen: geratu ziren bi kazetariek ederki zekitela gertatuko zenaren berri eta prestatuta joan zirela, afari eta lozakuekin, beren medioekin ongi koordinatuta…: “plana eginda nuen nola kubritu, zenbat orri eman egunkarian bai lotan geratzen baginen edo ez… hurrengo egunean Berriako azalean agertzen zirela erakutsi nien itxialdian egon zirenei eta sekulako poza hartu zuten”.

Gau hartan zabaldu ziren ospitale barruko lehen bideo irudiak Asensiorenak izan ziren “eta ordubetean 2.000 ikustaldi izan zituen. Ekintzak oihartzun handia izan zuen, sare sozialetan oso jarraitua izan zen…”.

Aliantzak nola eraikitzen dira?

Esparru formalean: prentsaurreko, hitzaldi, elkarrizketa, manifestazioetan… “sare sozialak ongi badaude ere aurpegiz ezagutzeak asko laguntzen du”.

Esparru informalean: kafeak, tragoak…

“Harreman horiei esker egin ditut gauzarik asebetegarrienak”. Esaterako, Iruñeko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko manifestazio egunean Berriako azala izan zen “Nik ere abortatu egin dut“, 10 pertsonaren testigantza biltzen zuen lana. Trago bat hartzen ari zirela feminista mitiko batek esan zion “Asensio, hau atera behar duzu. Desdramatizatu behar dugu gaia, tabua hautsi…”. Oihartzun handia izan zuen lan hark.

 

Genero ikuspegia, kazetaritza hobea egiteko

Kazetaritza feministak genero ikuspegitik aztertzen du errealitatea: arazoen errora jotzen du, eta ezkutuan dauden egiturak, botere harremanak eta indarkeriak azaleratzen ditu. “Neutraltzat jotzen ditugun edukiak androzentrikoak eta sexistak izan ohi dira. Genero ikuspegia txertatzen duen kazetaritzak egiten du kazetaritza hobea neutrotzat aurkezten denak baino”.

Genero ikuspegia eguneroko lanean txertatzeko klabe batzuek eman zituen:

– Zeharkakotasuna: medioaren editorialean, agendan eta edukietan landu behar da. Botere harremanak bistarazi, feminizatutako gaiak unibertsal bihurtu, maskulinizatutako gaiek emakumeengan dituzten ondorioak (lan erreformak…) azaldu, sexismoak gizonengan dituen ondorioak azaleratu…

– Ikusgaitasuna. Albisteen %13k bakarrik jartzen dituzte lehen planoan emakumeak, adierazpenen %24 dira emakumeenak, elkarrizketatutako bost adituetatik bat baino gutxiago dira (Iturria: Global Media Monitoring Project). Ikusgaitasuna handitzeko genero gaiak agendan txertatzea eta kuotak jartzea (iritzigileetan-elkarrizketetan…) proposatu zuen.

– Estereotipo sexistak saihestu eta genero rolak hautsi. Emakumeen zer irudi ematen dugu medioetan? normalean biktima gisa ageri dira eta bestela ama, emazte, sexu objektu, superwoman, agintea dutenean “Burdinazko Dama” eta abar… aniztasuna adierazi beharra aldarrikatu zuen. Jardun profesionala berdin baloratzea bi generoei, oraindik hanka-sartze handiak egiten dira eta. Emakumeen itxura fisikoei buruzko iruzkinak saihestu, kontuz ibili argazkilariek eskatutako jarrerekin, emakume ahaldunduak agertu (indarkeriaren biktimak baino, hobe prozesua gainditu dutenak, biziberrituak agertzea); gizonen aniztasuna ere ikusarazi.

– Genero indarkeriaren tratamendua. Adituen balorazioak bildu, dimentsio politikoa eman gaiari. Horikerietan ez sartu, bizilagunen testigantzarik ez, mugimendu feministaren mobilizazioak jarraitu… “Ustezko” hitza saihesteko formulak erabili: “bortxaketa ikertzen ari da ertzaintza”, “bortxaketa salaketa“.

– Kazetari espezializatuak. Horretarako irakurri, jardunaldi eta ikastaroak jaso… borondatea eta ekimena nahiko dira. Kazetari motibatuak eta medioaren inplikazioa, biak behar dira.

23 / 30«Aurrekoa10202223242530Hurrengoa»

Estitxu Eizagirre

Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.

Azken bidalketak

  • Arteak ez baitu generorik
  • Aroztegia: sorgin ehizari stop
  • EAEn 1.557 zabortegi daude eta erabiltzen ez direnak zigilatzeko eskatu du Ekologistak Martxanek, ura kutsatzen jarraitu ez dezaten
  • “Nahi duena izango da”
  • Nork ebaluatzen du azterketa orria?

Iruzkin berriak

  • Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
  • Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
  • Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
  • MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
  • orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko abuztua
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa

Kategoriak

  • Bertsolaritza
  • Feminismoa
  • Gipuzkoa Zutik!
  • Herri mugimenduak
  • Hezkuntza
  • Hizkuntza
  • Kontu ilunak GHKn
  • Kultura
  • Plan tematikoak
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatugabeak
  • Umekeriak

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA