Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Txinparta bat bihotzean
2014-09-29 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Eguzkiaren goxoa, pertsonen izpiak, elkarrekin solastatutako amets txikiak, partekatutako uneak, egun osoko poza. Hauxe Argia Egunetik geratzen zaiguna, eta txinparta bat, Argiazaleok bidaide garen sentimendua.
Eskerrak bakoitzari
Festa gogora dakarzkiguten oroimen-flash bakoitzean eskerrak loratzen zaizkigu erraietan. Eskerrak goizean goizik ibilbideak tentatuta ongi argi etorri ziren irakurle horiei eta nola ez luxuzko gidariei, eskerrak haziak zakutoan hartuta azaldutako guraso-Zangozako irakasle-biologoei, eskerrak kolesterol eta ziri pintxoak banatzen aritu ziren Hendaiako txosnalariak, eskerrak asanblada gaztetxeroan inplikatu ziren Argiazaleak, eskerrak harpidetzentzat aditz trinkoak asmatu dizkiguten Kikek eta Asiskok, eskerrak plazako burrunbaren erdian ale ederrak uzteko kontzentrazio saiakera egin zuten bertsolariek, eskerrak txosna barruan eta kanpoan festa jarri zuten zumaiarrei, eskerrak NAN inposatuak oso aurrera, bazterrera eta atzera ere bota zituzten jaurtitzaileei, eskerrak herri bazkari oparoena prestatzen eta zerbitzen aritu zirenei, eskerrak gin-tonic onenak zerbitu zituzten irundarrei, eskerrak dantzan jarri gintuzten musikariei, eskerrak baliabideak emandako guztiei… eskerrak batu ginen ehunka lagun horietako bakoitzari.
Partaide izateak bete digu gogoa
Usurbilen bildu ginenok, denok egin genuen momentu batzuetan “lan” (aulkiak jasotzetik txosnan esku bat botatzera), parte hartu (elkarrekin bazkaltzetik boloak jaurtitzera), eta festa: barre, dantza, berriketa…
Emozioetan bat egin genuen, bakoitzak jar diezaiola emozio horri hitza, esaterako artikulu honi erantzunaz.
Ekonomia soziala, hargin batek azaldua
2014-09-24 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hargina hor omen zegoen lasai, hamaiketakoa egiten paretaren kontra jarrita. Nagusia etorri zaio eta errietan hasi orduko, moztu egin dio langileak:
– Zaude isilik, orain arte zuretzat aritu naiz lanean eta orain nire buruarentzat ari naiz!
Haratx, S.A eta S.A.L baten arteko diferentzia.
Herri bat zer izan kartan aukeratu ahal balitz bezala
2014-09-19 // Umekeriak // Iruzkinik ez
“Nor doa irabazten, Eskozia edo Inglaterra?” galdetzen zuten atzo gauean zehar elkartera sartu-irten zebiltzan umeek. Koadrilako afari eskoziarra futboleroa atera zenaren isla.
Gosaritan emaitzaren berri emandakoan, zazpi urteko neskatoak: “Bada nik badakizu zer egingo nukeen (eskoziarra banintz)? Popatik denak, ez Eskozia eta ez Inglaterra, Euskal Herria izatea aukeratu eta kito! Euskaraz ikasi… eta listo”.
Amari kafesnea kontrako eztarritik ateratzean, azken esaldiak laino kontsolagarri bat pausatu dio, euskaldun izateko bozkatu beharrik ez denarena. Nola zen hura? “Euskara da gure territorio libre bakarra…”.
Erabakitze eskubidea azaltzea korapilatuago jarri da ugalketa galderei erantzutea baino. Ez ote litzake irailaren 24an (asteazkena) Usurbilen egingo dugun Independentziari buruzko mahai-ingurua gurasoentzako hitzaldi pedagogikoen eskaintzetan txertatu behar?
Argia Egunean eskuratuko dugun Europako Herrien Mapak ilustra gaitzala!
Enpresa antolaketa eta generoa: Nola daramagu ARGIA etxea?
2014-08-01 // Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
UEUk antolatutako “Generoaren tratamendua kazetaritzan” ikastaroa baliatu dugu komunikazio enpresen antolaketaz pentsatzeko. Kazetariok etengabe ari gara feminismoari buruzko elkarrizketak jarraitzen, albisteen berri ematen… gure lehengaia errealitate hori izanik, komunikabideak enpresa aurrerakoiak izan gaitezke parekidetasuna lan antolaketan eta egituran txertatzen.
ARGIAn belaunaldiz belaunaldi transmititu diren oinarriak, balioak, kodeak daude planteamendu hauen oinarrian. Pasilloetan, bazkaritan, bilera bat eta bestean elikatzen doazen ideiak dira, helburu edo idealak asko, baina egungo errealitatearekin lotura dutenak.
Gai honetan ARGIAren bi ezaugarri hauek funtsezkoak dira: neurria (26 langile) eta langileok jabe garela (SAL egitura).
BIZITZA ZENTROAN. GUZTIEI BIZITZA OSOAN LAN EGITEKO AUKERAK EMATEN.
Antolaketaren erdigunean diruaren ordez bizitza jartzeak zer ekartzen du?
Hasteko lantokia bizitoki dela kontziente egitea. Lantokian, lankideekin ematen dugu bizitzako zati handi(en)a eta beraz, asko dugu hobetzeko: bizitzako beharrei erantzuteko egokituz lantokia, emozionalki lagungarri diren giroak sortuz… Hona landu daitezkeenak:
– Jantokia atsegina da, bertan sukaldatzeko aukera ematen du?
– Lantokia umeei irekia eta egokitua dago?
– Lekuak armonizatuta ditugu?
– Baratzea landu nahi dugu? Konposta egiten da?
– Egoera ezberdinetarako lekuak egokituta ditugu? (kontzentratzeko, sormenerako, elkarrizketarako, tarte batez deskonektatzeko…)
Bizitza zentroan jartzeak oroitarazten digu jendea, zaintza behar duen aberea dela. Eta pertsonak direnez gure proiektuaren oinarri, berezko ezaugarri nagusi hori, zaintza, erdigunean dagoela kontziente egiten gara: Bizitza osoan zaintza behar dugu, bestek zainduak eta besteren zaintzaile izan behar dugu. Zaintza pertsonaren ezintasunekin dago lotua, besteren beharra izatearekin, ahulguneekin. Halakoetan lantokian ere akonpainatua sentitzea, ulertua, eta zure egoerara egokitzeko aukerak izateak bueltan dakar enpresarekiko atxikimendua izugarri haztea eta behar denetan dena emateko prest egotea. Nola egokitu lana zaintza beharretara?:
– ARGIAn lana bakoitzak antolatzen du bere erara (BAINA guztiekin: lanpostu bakoitzak lotura desberdina du, segun zer lan bolada den…). Bakoitzak lan bolumen bat du epe batean egiteko. Horrek esan nahi du egun bat-bi-hiru huts egiteko ez dela inongo justifikanterik behar. Norberaren esku errekuperatzea. Aukera ematen du gurasoak medikutara eramateko…
– ARGIAn ez dugu fitxatzen: ordutegia erabat malgua da (BAINA guztiekin). Badira eskolara ume bila beti eurak doazen lankideak, bai amak eta bai aitak.
– ARGIAn etxetik lan egiteko aukera bermatzen saiatzen gara (BAINA guztiekin). Honek erabat errazten du zaintza eta lana uztartzea. Norberaren osasun egoerara moldatzeko aukera ere ematen du.
– ARGIAn sekzio denetan ditugu lanaldi osoak eta murriztuak. Esperientziak erakusten du posible dela lanaldi mota karguetatik deslotzea (esaterako, erredaktore buru izatea egun erdiko lanaldian).
– ARGIAn kontziente gara zer garrantzitsua den lankide bakoitzak zirkulu bat, harreman sare bat izatea bizitzako bere gauzak partekatzeko. Adibide moduan, zuzendaritzako bilerak erronda batekin hasten ditugu: “ni aste honetan horrela nabil…” konturatu garelako bileran bertan, eztabaidetan eta abar eragin handiagoa duela askotan norberak dakarkien aldarteak edo bizipenek, “objektibotasun” itxurazkoan eztabaidatzen ari garen argumentuek baino.
PAREKIDETASUNA HORIZONTALEAN ERAIKITZEN DA. KARGU GUZTIETAN BERDINTASUNA IRABAZTEN.
Parekidetasunaren organigrama sarea da: Enpresako organigrama bertikala denean, piramidala, errepikatzen dira gizarteko hierarkia edo botere-harremanak. Enpresako egitura horizontaldu ahala, jokoa banatzen dugu langile gehiagoren (ahal dela guztien) artean, eta beraz aniztasunak, bakoitza den izaki friki horrek bere lekua hartzen du.
– Sekzioen generoa ARGIAn: erredakzioan dira 10 gizon deituak eta 3 emakume deituak. Komertzial sailean komertzial arduraduna gizon deitua, eta 4 saltzaile emakume deituak. Idazkaritzan 5 emakume deituak. Argia ekoizpenetan produktorea gizon deitua. Argazkilaria gizon deitua. Komunikabide baten barruan sekzio bakoitzak generoa duela bistakoa da. Bakoitzak lan zehatz batzuek egiten ditu, ofizioak ohiartzun bat edo bestea du kaleko jendearen belarrietara…
– ARGIAko Akziodunen Batzarra. ARGIA egituraz SAL da eta beraz langileok gara enpresako jabe. Erabaki organo nagusia Akziodunen Batzarra da, eta pisu erreala ematen saiatzen gara etengabe. BENETAKO parte-hartzeak eta erabakiak BENETAN guztion artean hartzeak parekidetasuna bultzatzen du.
a) Esaterako, estrategikoak diren gaietan prozesu parte-hartzaileak burutzen ditugu. Prozesu hauetan enpresa osoak hartzen dugu parte elkarrekin: sekzioak nahastuta osatzen ditugu taldeak eta lehenik talde txikian lantzen eta eztabaidatzen dira gaiak eta gero talde osoan bateratzen ditugu ideiak. Esperientziak erakusten du talde txikitan denek hitz egiten dutela, eta aldiz talde handian erdiak ere ez. Talde handian hitz egiten dutenetatik %37 dira emakume deituak eta %63 gizon deituak.
b) Jokoa banatzea (bide horretan goaz, oraindik egiteko asko): Erabakiguneetan jende desberdina egotea da gakoa. ARGIAn proiektu estrategikoak garatzeko lantaldeak sortzen dira (astekariko aldaketak lantzeko lantaldea, argitalpenak gauzatzeko lantaldeak…). Hauetan ardurak banatzea da gakoa, ahalik langile gehienek horrelako guneren batean parte hartzea, eta horrekin batera bakoitza lau lantaldetan ez egotea (batzuek ardurak hartzeko pausoa eman behar dute, eta beste batzuek ardurak uztekoa). Jokoa banatzen dugunean, parekidetasunean irabazten dugu. Honen emaitza da Akziodunen Batzarrean gero eta jende gehiagok azalpenak emateko autoritatea eta hitza hartu behar izatea, bera delako halako gai estrategikoa garatzeko lantaldean parte hartu duena.
d) “Partidaren jarraipena” (bide horretan goaz, oraindik egiteko asko): urtean hainbat batzar egiten dira, gertutik jarraitzeko bai nola doazen diru kontuak eta baita ere nola doazen proiektuan ditugun erronkak. Horrela bazkideok ikasten dugu zenbakiak eta kontzeptuak irakurtzen, ulertzen, eztabaidatzen… Honi gehitzen badiogu gai estrategikoak aurrez denok landuak ditugula prozesu partehartzaileetan, ondorioa da Akziodunen Batzarrean bakoitzak bere kriterioen arabera erabakitzen duela, eta lidergoek eta abar eragin txikiagoa dutela, hemen ere parekidetasunaren mesedetan.
– ARGIAko ordezkaritza kargu nagusiak:
a) Historikoki emakume kopuru handia egon da ordezkaritza karguetan: Egon diren bost zuzendarietik hiru izan dira emakume deituak eta hiru lehendakarietatik bi emakume deituak.
b) Egun zuzendaritza 5 kidez osatua da, hauetatik 2 emakume deituak eta 3 gizon deituak. Parekidetasuna bermatzeko zuzendaritzan zera lortu beharko litzateke: zuzendaritzako funtzioak utzi gabe zaintzarako (umeak zein zaharrak zaintzeko) lan baldintzak egokitu ahal izatea (esaterako, lanaldi murriztuekin, bajekin eta abar).
d) Ordezkaritza partekatua. Ordezkaritza partekatzen dugu lankideon artean, gaiaren arabera eta lankideen agendaren arabera. ARGIAk kalera begirako aurpegi anitzak izatea baliotzat dugu.
ONDORIOA:
Emaitza kuantitatiboak lortzeko (alegia, erabaki organoetan “emakume” eta “gizon” kopuru bera, sekzio bakoitzean “emakume” eta “gizon” kopuru bera eta abar) oinarri onena baldintza kualitatiboak sortzea da. Alegia, ZAINTZA BEHAR DUEN ABERE horri, BIZITZA OSOAN zehar lan egiteko baldintzak eskaintzea. Hau praktikan hala denean, langile denek dute aukera handiagoa, deitu emakume edo deitu gizon, PROFESIONALKI BERE BIDEA egiteko eta ondorioz, KARGU GUZTIETARA izaeraren arabera iristeko.
Kazetarien eta mugimendu feministaren arteko aliantza giltzarri
2014-07-28 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Maite Asensio Lozanok kazetari moduan bizitako gau berezi baten kontakizunarekin hasi zuen UEUko Generoa eta Kazetaritza ikastaroko hitzaldia (2014-07-15): “Gallardon legearen kontra Gurutzetako ospitalean egindako itxialdian (2013-12-27an) bi hedabide generalista bakarrik egon ginen: Berria eta La Sexta. Ez da kasualitatea: Genero gaiekin sentiberatasun minimoa duten bi hedabide ginen eta biok kazetaritza feministako militanteak gara” (La Sextakoa Pikarakoa ere bada). Itxialdiaren aurretik egin zen kontzentrazioan hedabide gehiago ere baziren. Kontzentrazioan ikusten zen jendea esterila eta lozakuekin zegoela, gaua pasatzeko prest: “Kazetariek bazekiten zein zen feministen asmoa eta albistea egongo zela handik ordu batzuetara. Hala ere, handik ordu pare batera ez zen kazetaririk geratzen”. Kazetariak denboraren kontra eta alde batetik bestera ari behar izaten dutela onartu arren, galdera bat pausatu zuen Asensiok: “haietako zenbat kazetarik abisatu ote zuten erredakzioan ‘hemen itxialdia egongo da’? eta zer erreakzio jaso ote zuten erredakziotik?”. Asensioren arabera halakoetan profesionaltasuna dago auzitan, kazetariaren informatzeko funtzioa.
Baina ekintza feministek komunikabideetan duten jarraipenaren ardura partekatua dela ohartarazi zuen: “Nola kudeatu du mugimendu feministak deialdi hau? hedabide gehienei ez zieten abisatu zer egingo zuten eta nola, komunikabideak joan ziren pentsatuz ordu laurdeneko kontzentrazioa izango zela”. Elkarlana beharrezko dela aldarrikatu zuen, mugimendu feministak erreferentziazko pertsonak behar dituela medio bakoitzean. Aliantza horrek emaitza onak dituela azaldu zuen: geratu ziren bi kazetariek ederki zekitela gertatuko zenaren berri eta prestatuta joan zirela, afari eta lozakuekin, beren medioekin ongi koordinatuta…: “plana eginda nuen nola kubritu, zenbat orri eman egunkarian bai lotan geratzen baginen edo ez… hurrengo egunean Berriako azalean agertzen zirela erakutsi nien itxialdian egon zirenei eta sekulako poza hartu zuten”.
Gau hartan zabaldu ziren ospitale barruko lehen bideo irudiak Asensiorenak izan ziren “eta ordubetean 2.000 ikustaldi izan zituen. Ekintzak oihartzun handia izan zuen, sare sozialetan oso jarraitua izan zen…”.
Aliantzak nola eraikitzen dira?
Esparru formalean: prentsaurreko, hitzaldi, elkarrizketa, manifestazioetan… “sare sozialak ongi badaude ere aurpegiz ezagutzeak asko laguntzen du”.
Esparru informalean: kafeak, tragoak…
“Harreman horiei esker egin ditut gauzarik asebetegarrienak”. Esaterako, Iruñeko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko manifestazio egunean Berriako azala izan zen “Nik ere abortatu egin dut“, 10 pertsonaren testigantza biltzen zuen lana. Trago bat hartzen ari zirela feminista mitiko batek esan zion “Asensio, hau atera behar duzu. Desdramatizatu behar dugu gaia, tabua hautsi…”. Oihartzun handia izan zuen lan hark.
Genero ikuspegia, kazetaritza hobea egiteko
Kazetaritza feministak genero ikuspegitik aztertzen du errealitatea: arazoen errora jotzen du, eta ezkutuan dauden egiturak, botere harremanak eta indarkeriak azaleratzen ditu. “Neutraltzat jotzen ditugun edukiak androzentrikoak eta sexistak izan ohi dira. Genero ikuspegia txertatzen duen kazetaritzak egiten du kazetaritza hobea neutrotzat aurkezten denak baino”.
Genero ikuspegia eguneroko lanean txertatzeko klabe batzuek eman zituen:
– Zeharkakotasuna: medioaren editorialean, agendan eta edukietan landu behar da. Botere harremanak bistarazi, feminizatutako gaiak unibertsal bihurtu, maskulinizatutako gaiek emakumeengan dituzten ondorioak (lan erreformak…) azaldu, sexismoak gizonengan dituen ondorioak azaleratu…
– Ikusgaitasuna. Albisteen %13k bakarrik jartzen dituzte lehen planoan emakumeak, adierazpenen %24 dira emakumeenak, elkarrizketatutako bost adituetatik bat baino gutxiago dira (Iturria: Global Media Monitoring Project). Ikusgaitasuna handitzeko genero gaiak agendan txertatzea eta kuotak jartzea (iritzigileetan-elkarrizketetan…) proposatu zuen.
– Estereotipo sexistak saihestu eta genero rolak hautsi. Emakumeen zer irudi ematen dugu medioetan? normalean biktima gisa ageri dira eta bestela ama, emazte, sexu objektu, superwoman, agintea dutenean “Burdinazko Dama” eta abar… aniztasuna adierazi beharra aldarrikatu zuen. Jardun profesionala berdin baloratzea bi generoei, oraindik hanka-sartze handiak egiten dira eta. Emakumeen itxura fisikoei buruzko iruzkinak saihestu, kontuz ibili argazkilariek eskatutako jarrerekin, emakume ahaldunduak agertu (indarkeriaren biktimak baino, hobe prozesua gainditu dutenak, biziberrituak agertzea); gizonen aniztasuna ere ikusarazi.
– Genero indarkeriaren tratamendua. Adituen balorazioak bildu, dimentsio politikoa eman gaiari. Horikerietan ez sartu, bizilagunen testigantzarik ez, mugimendu feministaren mobilizazioak jarraitu… “Ustezko” hitza saihesteko formulak erabili: “bortxaketa ikertzen ari da ertzaintza”, “bortxaketa salaketa“.
– Kazetari espezializatuak. Horretarako irakurri, jardunaldi eta ikastaroak jaso… borondatea eta ekimena nahiko dira. Kazetari motibatuak eta medioaren inplikazioa, biak behar dira.
Euskara queer da
2014-07-25 // Feminismoa, Hizkuntza // Iruzkinik ez
Argazkia: Hik Hasi.
“Euskara ez da genero hizkuntza, ez du genero morfemarik” azalduz hasi zuen UEUren Generoa eta Kazetaritza ikastaroko hitzaldia Amelia Barquinek. Ordea, “hizkuntzak ez dira sexistak, erabilerak dira sexistak” ohartarazi zuen segidan, galdera klabea pausatuz: “Euskaldunok elebidunak bagara, posible ote litzateke gazteleraz mintzo garenean sexista izatea eta euskaraz ari garenean parekide?”.
Jarraian, kazetaritzan zer hitz zehatz eta adierazpide erabili debatea planteatu zuen genero betaurrekoak jantzita. Hemen adibide batzuek:
– Hitanoa. Hartzailea plurala denean maskulinora jo ohi da (“kantazak euskalduna”, “hau duk umorea”…). Antton Olariagak Zakilixut tiran hasitako “zank” estrategia zabaldu da idatziz.
– “Gizon” hitza. Gizon-emakumeak izendatzeko erabili izan da baina dagoeneko adostasuna dago espezifikoa dela, ez duela gizon-emakumea ordezkatzen. Zer egin, ordea, gizon-etik eratorritako hitzekin?
– “Gizarte” hitza. Bere ordez “jendarte” erabili daiteke. Angel Errok Berriako zutabean ohartarazi zuenez, “jende” hitza “gens”etik dator ordea, eta leinu esanahia du, noblearena. Hitz sexista bat beste hitz klasista batez ordezkatzen ariko ginateke. Irtenbide biribilik ez dago oraindik, beraz.
– “Gizalege” hitza. Bere ordez “jendetasun” erabili daiteke.
– “Gizaldia” hitza. Bere ordez “belaunaldi” erabili daiteke.
– “Giza-” (baliabide, -harreman…). Bere ordez “humano” erabili deiteke (baliabide humano, harreman humano…). Baina humano “homo”tik dator, eta “homo”tik dator erdarazko “hombre” ere, beraz arazo antzerakoa genuke.
– Erderakadak zuzenean sexistak egiten ditugu: “Zenbat seme dituzu?” (seme-alaba esan beharrean). “Rubio-rubia” eta abar bereizten ditugu.
– “Neba-arreba-anaia-ahizpa” lauak irakastea gomendatu zuen, genero harreman guztiak kontuan hartzen dituelako.
– “Aiton-amonak, aita-amak…” Bikoteen ordena: zein ordenetan esan guk erabaki dezakegu, “amona-aitonak”, “alaba-semeak”…
– “Sa” bukaerako femeninoak, zubereratik hartuak: jainkosa, printzesa, dukesa… ez da komeni. Hitza feminizatzeak esan nahi du jatorrizkoak maskulinoak direla eta ez da hala, euskarak ez du hitzik jatorrian markatzen. Ez dator bat euskararen izaerarekin.
– Euskaltzaindiak ofizioak arautzerakoan gaztelaniazko hitzak hartu ditu, fonema maskulino eta guzti: “filologoa”… izan zitekeen “filologialaria”.
– “Anaitasuna” hitza: bere ordez erabili daiteke “adiskidetasuna”, “senidetasuna”, “aurridetasuna”…
– “Agure-atso” konnotazioak: landu beharrekoa da gizon hitzek eta emakumeenek duten karga diferentzia. “Zakila” eta batez ere “alua” irain moduan erabiltzea. “Maisu lana”ren ordezkoak bilatzea, “jaun eta jabe” (“andre eta jabe” erabili daiteke), “txapelketa” (saria bera planteatu liteke egunen batean?), “ama hizkuntza”…
– “Putada, putakumea”… neutroak dira edo laguntzen diote prostituzioaren estigmazioari? “Ipurditik sartu, popatik hartu, marikoia” galdera bera egin liteke sexu joeren inguruan. “Alua, potorro bat eginda, koñazo” gauza bera emakumeen sexu aparatuaz…
Hitzaldia amaitu zuen nabarmenduz euskara pagotxa dela entzulea ezustean harrapatzeko (literaturgileek baliatzen dute “medikua eta erizaina” esan eta irakurleok irudikatzen ditugun generoak trukatuz sorpresarekin jokatzeko) eta baita ere generoen binarismoa hautsiz queer hizkera lantzeko. “Euskaraz ari garenean ez dugu dena gizon-emakume sailkatu beharrik”.
“Kazetariengandik komunikabide osoarengana pasa behar da ardura”
2014-07-23 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Oihana Etxebarrieta Legrand eta Arantza Santesteban Perez hitzaldian.
UEUren “Generoaren tratamenduan kazetaritzan” ikastaroaren baitan, Euskal Herriko kazetaritzaren kritika egin zuten Arantza Santesteban Perez eta Oihana Etxebarrieta Legrandek, bi ataletan zentratuta: prentsako sailak eta maiztasuna. Banaka lantzea merezi du bi hizlarien edukiak, honakoan Oihana Etxebarrieta Legrandena:
Argitalpenaren eremua eta maiztasunaren arabera dago generoaren lanketa
“Zientifikoki” frogatu ez badu ere, bere hipotesia jaulki zuen Etxebarrieta Legrandek: “Komunikabideak geroz eta lokalagoak izan, orduan eta gehiago agertzen dira espazio pribatuko gaiak eta horrekin batera emakumea. Espazio publiko-pribatua apurtu egiten da pixka bat. Eta maiztasunaren faktorea aztertuz, emakumea gehiago agertzen da argitalpenaren maiztasuna zenbat eta aldizkakoagoa izan, egunerokoaren aldean”. Hau lotu zuen lan pausatuarekin, gaiak eta iturriak lantzeko denborarekin, gaien hierarkia kuestionatzeko aukerarekin… Hala ere nabarmendu zuen: “Eremu pribatuko gaiei lotuta emakume protagonista gehiago ateratzen ditugu albisteetan, baina banaketa dikotomikoak jarraitzen du, eremu publikoa-gizona pribatua-emakumea”.
Estilo liburuak eta aplikazio planak
Langileen generoaren datuak plazaratu zituen: %62,4 dira emakumeak Espainiako Estatuko erredakzioetan, eta proportzioa altuagoa da euskal komunikabideetan. Eguneroko lanean hartu daitezkeen erabakiak zerrendatu zituen: estilo liburua garatzera, kuotak jartzea (Aizu aldizkariak, esaterako, azalen %50 eskaintzen dio genero bakoitzari), gaiak nola landu aztertzea… Hala ere ohartarazi zuen: “Estilo liburuak aplikazio plan bat behar du. Estilo liburuak berez ez du ezer konpontzen. Baina eman beharreko urratsa da, barne funtzionamendua arautzen duelako. Horrekin batera martxan jarri behar dira ebaluaketa planak, aurrera begirako urratsak…”. Alegia, erredakzioetako kazetari feministengandik komunikabide osoarengana pasa behar da ardura.
Hainbat praktika on
Hainbat dekalogo gomendagarri eskuratu zizkiguten entzuleoi (Madrilgo Vallecas Irratiarena, Kataluniako Observatori de les dones en els mitjans de Comunicació-rena eta Euskal Herriko Bilgune Feministarena). Arantza Santesteban Perezek dekalogo hauen eta gehiagoren bateraketa lana egina duela iragarri zuen.
Jarraian, euskal hedabideetan jarri zuen lupa:
“Nik ere abortatu egin dut” tabua hautsi zuen Berriako erreportajea.
Berria: Estiloliburua garatu du, eta bere egituran arduradun bat jarri zuen gaia lantzeko. Edukietan ere antzematen da, adibidez, Samara Veltek Palestinatik egindako seriearen barruan, talde feministak ere landu zituen.
Gaztezulo: Kupoa jarria du azal parekideak egiteko. Sexualitatearen inguruko lanketa egiten ari dira adibide anitzak eskainiz…
Topatu.info: gaiak ateratzerakoan saiakera antzematen da (pospornoa, moon-cup-a…).
ETBko Azpimarra saioa: parekidetasunerako ahalegina oso nabarmena da, eta kualitatiboki ere emakumeak konfort guneetatik at agertzen dira, “gai nagusiei” buruz hizketan.
Ikuspegi feministatik sortutako proiektu komunikatiboak: Amapola Morea, Gonekin ero bero, Pikara Magazine… Gune askeak dira kazetari eta kolaboratzaile askorentzat. Arriskua, konfortgune bihurtzen ote diren medio horrentzat.
Argia: “gaitegi anitza lantzen du, emakume protagonistak bilatzen saiatzen da, eremu publiko-pribatua dikotomia hausten saiatzen da, parekidetasuna zeharlerrotzat lantzen du (adibidez, jai herrikoiei buruzko erreportajean)… baina azaletan ez da islatzen eta azalak indar handia du”.
Garaipen bat
ETBko “Cuadrilla busca pareja” saioa kendu izana lanaren emaitza da: “Egindako praktika eta diskurtsoaren ondorioz, jendartean gauza batzuek onartezinak bihurtzen dira. Balio oso kontsumista eta matxistetan eraikitako saioa bertan behera erori zen, oso azkar lortu zen horren kontrako iritzi kritiko eta mugimendu indartsua sortzea”. Bere hitzetan klabea, eremu ezberdinetatik egindako ekintzek batera jo izana (alderdiek parlamentuan mozioa jarri zuten, mugimendu feministak komunikatu bateratua egin zuen, sare sozialetan traola bidez oihartzun handia hartu zuen… horrek guztiak dinamika politikoa sortu zuen).
Arratsaldeko saioan, Oihana Etxebarrietak Eider Olazarrekin batera lantzen ari den aditu eta aritu emakumezkoen datu-basea aurkeztu zuen.
“Prentsako sailak ikuspegi androzentrikotik eginak dira”
2014-07-21 // Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Oihana Etxebarrieta Legrand eta Arantza Santesteban Perez hitzaldian.
UEUren “Generoaren tratamenduan kazetaritzan” ikastaroaren baitan, Euskal Herriko kazetaritzaren kritika egin zuten Arantza Santesteban Perez eta Oihana Etxebarrieta Legrandek, bi ataletan zentratuta: prentsako sailak eta maiztasuna. Banaka lantzea merezi du bi hizlarien edukiak, honakoan Arantza Santesteban Perezena:
Sailak badu generoan eraginik
“Informazioa sailetan banatzea ez da gauza neutroa” ohartarazi gintuen lehen kolpean. “Sailen banaketak errealitatearen ikuspegi zatikatua, partziala, aurkezten digute. Eta honek generoan badu eraginik: sailetako banaketak ikuspegi androzentrikotik egiten dira, gai batzuek lehenesten dira, ‘politika’, ‘kirola’, ‘ekonomia’… bigarren mailan utziz ‘kultura’, ‘jendartea’…” Sailen banaketak erredakzioan ere bere isla duela kontatu zuen, “mugimendu handiagoa dago lehen sail horietan eta patxada gehiagorekin eta maiztasun txikiagoz lantzen dira bigarren multzoko sailak”. Jarraian, hiru sailetan jarri zuen lupa:
Ekonomia saila
Ekonomia sailetan islatzen den mundua erabat da lan produktibokoa. Lan erreproduktiboaren trataera askoz txikiagoa da. “Lan munduaren inguruko epika oso bat dago, krisi garaian indartu dena: lan gatazkak, langileak eta langile grebak… datorkigun irudia da: gizonezkoa, fabrika, greba… irudi sinbolikoa osatzen da, zein den langilea eta zein ez, zein den bere sinboloa eta zein ez… Krisia ez da lotzen emakumeen egoera sozioekonomikoarekin, erabateko pobrezia bizi duenean, edo ‘etxeko ekonomia’ sarri bere bizkar badago ere”. “Ekonomia datu hutsak badira eta testuingururik gabe ematen badira, generoaren araberako azterketarik gabe, berdintasunaren ideia sustatzen dute”.
Iritzi saila
“Iritzi saila da emakumea emakume egiten duena eta gizona gizon. Gizonezkoek normalean idazten dute gai ‘inportante eta serio’ horien inguruan, ekonomia, politika… emakumeok gai katalogo zabalagoa dugu, aipaturiko horiez gain lantzen ditugu eremu pribatuarekin zerikusi gehiago dutenak, emozioak, zaintza, abortua…” prentsara gai horiek ekartzea aberasgarri dela adierazi ondoren, arrisku bat seinalatu zuen: “gu bihurtzea genero gaietan espezialista. Gizonek ardura dute herria nola antolatu, eta gai estruktural eta inportanteez hitz egiteko, eta emakumeok ‘gure gauzatxoez’. Arriskua dago konfort zonaldeak sortzeko eta feminismotik hitz egin behar dugu estatuaz ere eta ekonomiaz… are gehiago, ez du zentzurik gai horiek lantzea feminismotik ez bada”.
Kirol saila
“Kirol saila erabiltzen da genero harreman ez parekideak naturalizatzeko”. Kirola kontzeptu modernoa zela azaldu zuen, estatu nazioen sorrerarekin eratu zela, justu estatu nazioak indartzeko, identitatea eta bereizgarritasuna emateko. Neutraltasunaren ideia zabaltzen duela salatu zuen: “badakizue nolakoa den diskurtsoa, ‘onena denak irabazten du’, ‘kirola kirola da’… eta beraz ez du zerikusirik arrazak, klase sozialak, generoak… Mezu kapitalista argia du: zure baldintzen arabera iritsi zaitezke gorenera. Guztiok gara berdinak”. Horrela aurkezteko, kirola erabat deskontestualizatuta lantzen dela gaineratu zuen. Aldiz, emakume kirolarien kasuan azpimarratu egiten da etengabe egiten duten ahalegin extra beren ama rola abandonatu eta kirola egiteko.
Objektibotasuna eta independentzia eraso sexisten albisteetan
2014-07-17 // Feminismoa, Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Maria González Gorosarrik ireki zuen UEUk antolatutako “Generoaren tratamendua kazetaritzan” ikastaroa (2014-07-14). Ikertzen diarduen kalitatezko kazetaritzaren ikuspegitik landu zuen “generoa eta kazetaritza” gaia. Salatu zuenez, albiste itxura duten hainbat informaziok ez du albisteen elementurik. Horixe da aztertzen dena kalitatea neurtzerakoan. Kalitatearen bi printzipioak, objektibotasuna eta independentzia, generoaren adibideetatik aztertu zituen.
Objektibotasuna, kazetaritzaren metodoa, ez helburua.
Objektibotasunak eskatzen du gertaera bat egotea, horri buruzko informazioa ematea eta gertaera horren aberasgarritasuna azaltzea (gizarteari ekarriko dion ondorioa). Inpartzialtasuna da objektibotasunaren beste ezaugarri bat, alegia bi aldeei oreka ematea eta aurkezpen neutrala egitea.
Generoaren gaira etorrita honek praktikan sortzen duen dilema planteatu zuen: alegia, “neutraltasunaren izenean eraso baten aurrean distantzia bera mantentzen badugu erasotzaile eta erasotuaren artean, indar gehiago duenaren alde ari gara”. Erasotzaileak beti “ustezko” izenondoaz aipatu beharra ere aztertu zuen: “Gizarteak sexu eraso bat salatzen duenean, sexu erasoa gertatu da (nahiz oraindik epaitu gabe egon); bitxi-denda bat lapurtu denean edo sute bat egon denean, ez da “ustezko lapurreta”rik izaten. Estatistikek diote alderantziz dela, proportzio bikoitza da aseguru etxeei kobratzeko jartzen diren lapurreta eta sute salaketa faltsuak, emakumeek tratu txarrengatik jartzen dituzten salaketa faltsuen parean”.
Gainera oroitarazi zuen salaketa kasuetan bi aldeak ez direla erasotzailea eta erasotua, baizik justizia administrazioa (polizia fiskala…) eta erasotzailea. Kazetariak maiz erasotzailearen hitzak bere egiteko duen arriskuaz ohartarazi gintuen: “‘Heriotza’ aipatzen da batzuetan”. González Gorosarrik argi esan zuen bera erasotzailearen izena agertzearen alde dagoela: “Balantzaren alde batean dagoena da baten nortasun eskubidea eta beste aldean gizarte erdiaren segurtasuna. Ulertuko nuke argazkirik ez publiko egitea epaitu arte, denekin hala egingo balitz: lapurreta kasuetan argazkia publiko egiten bada zergatik ez erasotzaileetan, horrek emakumeak babesteko balio badu?”.
Independentzia, medioen aniztasuna bermatzen duena.
“Independentzia informatzeko askatasuna da” definitu zuen. Beste galdera bat pausatu zuen segidan: “Mugimendu feministak erabilitako hitzak zuzenean erabili behar ditugu? ‘bortxaketa’ bezalako zehaztapenak, esaterako?” (oraindik epaiketa egin ez denean alegia). Bere ustez hanka sartzeko arriskua duten hitz zehatz horietan, gakoa da kazetariak hortik aurrera informazioari jarraipena egiten dion, esaterako geroko epaiketari eta sententziari. Halako edo horiagoak diren xehetasunak ematea (biktimaren ohiturak, familia…) edo ez ematea, kazetariaren ekimena dela salatu zuen, eta hor neurtzen dela profesionaltasuna eta kontzientzia.
Donostia 2016 irekiera: Sinesgarritasunez, zutik
2014-06-30 // Kultura // Iruzkinik ez
Donostiako “bonberenea”n aterpetu ginen estu-estu larunbatean, Easoko egoitzak ateak herritarrei irekitzeko ekitaldian. Ez nuen Donostia 2016rik nahi, baina emanaldiak nire bihotza irabazi zuen. (Egunean zehar Donostiako zortzi auzoak kultur ekintzez lotu zituen Artejira ekimenak eta zortzi zutabe hauek batu ziren arratseko emanaldian).
Iban Garate, Ane Gabarain eta Ainhoa Moiuak aurkeztu zuten emanaldia: Oreka izango zuen zutabe edo muineko ideia. Behingoz hizkuntzen arteko orekan ikuskari bat nola egin adibide ederra izan zen, horregatik bakarrik merezi izan zuen. Publiko guztiarentzat irekia (gor-mutu eta entzumendunentzat), euskaratik sortua, gazteleraz ere oso ongi jarraitu zitekeena eta ingelesak eta frantsesak aberastua. Zer mezu zein hizkuntzetan eman inteligentzia finez hautatua iruditu zitzaidan. Hizkuntzak aberasgarri erakutsi ziren, guztiak tentagarri.
Oreka kontzeptua mamitu zuten lan eszenikoek izan zuten harridura elementurik. “Hortxe zegoen eta ez zitzaidan inoiz okurritu!” entzun genion bati eta besteari, esaterako soka-tiraldiaren erdian zapiaren ordez ekilibrista bat ikusi genuenean atzera eta aurrera. Edo amaieran kalera atera eta eraikinaren fatxadan, lurretik perpendikular bikote bat dantza lotuan aritu zenean, ikusleak ahozabalik utziz.
Kritikotasuna, kulturaren K hori
“Hemengo inork badaki zertarako den kultur hiriburuaren kontu hori guztia?” askok eta askok duela juxtu hiru urtetik buruan darabilgun errezeloa zapla bota zuten aurkezleek eurek. Kulturak gizartea kohesionatzeko eta zubiak eraikitzeko duen balioa eta izendapenak gure ezagutarazteko ematen duen aukera jarri zituzten erantzun gisa.
Gordintasun berarekin azaldu zuten bideoz kaleko jendearen iritzia. Berdin gordin eta kritiko lotu zituzten kultur hiriburutza partekatuko dituzten Wroclaw eta Donostia hiriotan bizi diren bi musikarien adierazpenek, errioxar-euskaldun bat Poloniakoan eta poloniarra gurean. Garbi geratu zen berez kulturalki oso aberatsa den hiria “loratzen” ikusi duela batak, eta aldiz “musikaria izanik ere ez naiz ia ezertaz enteratu” sentitzen duela besteak. Donostia 2016 aurrera ateratzen diharduten langileek “ze arraio!” batekin bizi dutena adierazteko hartutako tartea iruditu zitzaidan. Ezer justifikatzeko beharrik gabe. Oso osasungarria.
Gordina, zorrotza, benetakoa, generoaren sokan batera eta bestera sexu aukeren orekan aritu ziren Angel Errok irakurritako poemak, esanahia eraldatzen zuen Noemi Vianaren dantzak eta aldarteari ahotsa jarri zion Ainara Ortegak.
“Zalantza, balantza, orekaren dantza” dio estreinatu zen kantu ofizialaren leloaren hasierak (musika Juantxo Zeberio, hitzak Harkaitz Cano, Uxue Alberdi, Angel Erro eta Iñigo Goienetxe). Zalantza, sormenaren arrakala.
Artistek dezaketena
Maila handiko ikuskizuna izan zen. Aipatuez gain, opera jorratu nahiak Alemaniara eramandako Ainhoa Garmendia sopranoa entzuteko aukera izan genuen. Dantzaz konpainiaren lana, hain musika estilo anitzetako izen handiak elkarrekin ikustea, idazle estimatuen pultsua nabaritzea… Agurtzane Intxaurragak artez jositako lana izan zen. Hain alor eta jende ezberdinek dezaketenaz harrotasuntxoa sentitzekoa, eta diferentziez gozatzekoa.
Orekaren dantza eta zutitu den hori
“Zalantza, balantza, orekaren dantza; Erortzeak ez al du zutitzearen antza?”. Kantu on guztien hitzak bezala, honakoa mila gai zehatzez mintzo ote zen irudikatu nuen lehen entzunaldian, baita bere buruaz ere. Zer oreka ariketa egin behar ote diren egunero proiektu honetan, beronen bultzatzaile izanik lau erakunde ordezkatzen dituzten hiru alderdi eta koalizio bat! Zalantza, bakoitza bere erantzukizuna betetzen ari den, alegia, proiektuaren bultzatzaile diren erakundeek tiratzen ote duten proiektutik euren arteko oreka bilatuz eta erantzule agertuz, ala proiektua den euren arteko tira-birak orekatzen dituena eta erakundeak kontuak eskatzen dizkienak.
A zer balantzak sorrarazten dituen halako parafernalia boto biltzeko gailu izateak: kultur hiriburutzarekin enkapritxatutako alkatea alkate ez denetik kultur hiriburutzarekin zapuztuta bizi da, halako ponposokeriei pixa egin dien sektoreari dagokio orain antolatzearen ardura, udaletako aulki-dantzan musika jotzen duen periodicoak ekaitza iragarri du hurrengo ekintza guztietarako… Zenbatetan ikusi(ko) dugun Donostia 2016 erortzen, botatzen…
“Erortzeak ez al du zutitzearen antza?” Bizitzan primeran etortzen den jarrera horrekin egoera iraultzeko gaitasuna sumatu zen inaugurazio ekitaldi hartan. Tituluen, kanpo-ederkerien, botere borroken azpitik kultur ekintzak ikusi genituen zutitzen. Eta hunkitu ninduen sentitzeak behingoan fokupean zutitu den hau euskal kultura dela.
2014-06-28, Donostia 2016ko Artejira ekimenaren amaiera ekitaldiak oreka izan zuen ardatz. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press.