Hasiera »
Estitxu Eizagirreren bloga - Gaitzerdi
Estitxu Eizagirre
Hernanin hazi eta Larraulen bizi den sozidadeko bertsolaria. Feminismoarekin, heziketarekin, lurrarekin, jendeekin sentibera, bizhitsari adibide positiboak eta zalantza-dantzak lapurtzen saiatzen naiz.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Ikasares(e)k Covid semaforoa EAEn: lehen hori zena, orain gorri bidalketan
- Aitor(e)k Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu bidalketan
- Ainhoa(e)k Bada paperaren alde egin duen eskolarik bidalketan
- MIKEL VARGAS OLASOLO(e)k Estitxu Eizagirreren bloga bidalketan
- orre(e)k Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko iraila
- 2024(e)ko ekaina
- 2024(e)ko apirila
- 2024(e)ko otsaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko abuztua
- 2023(e)ko maiatza
- 2022(e)ko abendua
- 2022(e)ko iraila
- 2022(e)ko uztaila
- 2022(e)ko martxoa
- 2021(e)ko abendua
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko ekaina
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko apirila
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko otsaila
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
Ziklo ekonomikoez edo…
2021-04-19 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Bi ikastaroetan irudi hau erabili zuten gidatzaileek, lan ikusgarri eta ezkutukoak irudikatzeko. Argazkian, Enara Iruretagoiena.
Ekonomia feministari buruzko tailerra egin berri du Olatukoopek Oreretan. Lurraren patxada ekarri dit naturarekin bat garela kontzientzia hartzeak, jaten dugunak eta gure ekintza bakoitzak naturan zein planetako beste herrietan duen eraginaz hausnartzeak, eguneroko bizitza zein gorputz eta harreman saretan eusten dugun kolektiboki pentsatzeak… Hori guztia lotuta dagoela ulertzeak ekarri dit uraren transmisio gaitasuna. Sistema kapitalista-arrazista-heteropatriarkal honek eragiten duen indarkeria basatizko kasu bakoitzaren aurrean erresistentzia badela ikusteak piztu dit suaren kemena. Eta haizeak bezala biziberritu nau hau gogoratzeak: beti badirela antzinagoko beste egiteko modu batzuk, bizitzarekin errespetuzkoak direnak. Mundubat-eko Cony Carranzak gidatu du ikastaroa eta mesoamerikarren ahotsak ekarri ditu: ekonomia feministatik lurraren, herriaren eta gorputzen alde eguneroko borrokan ari dira, multinazionalek eta mendebaldekoon bizi-moda eroak dakarzkien proiektu hiltzaileen kontra. Osatzeaz mintzo dira, borrokan jarraitzeko zauriak sendatzea ezinbesteko baitzaie. Eta arbasoekin konektatu beharraz. Euskal Herriko emakume baserritar agroekologikoak entzuteko nahia sentitu dut.
Oraindik ikastaro horretako bizipenak sabelean ditudala, Larraulen Ziklikoak gara tailerra gidatu du Enara Iruretagoienak. Obulatzeak dakartzan faseak gutako bakoitzak fisikoki, psikikoki eta emozionalki nola bizi ditugun elkarrizketan aritu gara, eta norberak bizitzan zehar garatu izan dituen estrategiak partekatu ditugu, linealak izatea exigitzen digun ekonomia honetan bizirauteko, eta are, fase bakoitzean munduan egoteko dugun modua baliatzeko. Adibidez, zaurgarri sentitzen garenean eta gure burua zalantzan jartzen dugunean daukagun ikuspegia eta sentikortasun zorrotza aldaketak eragiteko giltza direla ondorioztatu dugu, segurtasun hegemonikoak astintzeko akuilu ederra baitira. Egunero koaderno aurrean bost minutuz pentsatzera gonbidatu gaitu: Nola nago gaur? galderari erantzutera, eta zikloaren zein egunetan gauden, ilargia nola dagoen eta abar idaztera. Denborarekin gure gorputzaren kontzientzia hartu dezagun. Egun erabat desjabetua sentitzen dugun osasun burujabetza berreskuratzeko lehen tantak izan daitezke.
Izan ere, gure gorputzetan gertatzen da dena. Pandemia urte honetan ugaritu egin dira hilekoa jaisterakoan minak, hilekoa eten zaienen kasua… Masajeak bezala hartu ditu nire barrenak bi tailer hauek. Korapilatuta gauden garai honetan bide emankorra begitandu zait ekonomia feminista, pandemiarik sortuko ez duten bizimodu esanguratsuak kolektiboki lantzeko eta sistema zapaltzaile hau errotik iraultzeko. Gure gorputzetatik hasita. Oso ongarri indartsua den hilekoa lurrari emanaz, adibidez.
Santa Ageda bezperan, kantatzeko hamaika modu bilatu dituzte kolektiboek aurtengoan
2021-02-04 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Ilustrazioa: @olentzero_gas
Jai pagano-erlijiosoa dukegu Agate Deuna. Neguko solstizioaren ondoren, makilekin lurra joz berau udaberrirako esnatzea omen zentzua; eta parean dator Quincianori ezezkoa emateagatik bularrak moztu zizkioten Ageda martiriaren historia, bularrak emankortasunaren sinbolo hartuz gero. Hainbat ezaugarrik egiten dute berezi bezperako erronda: neguko astegun buruzuri batean berandu arte herriko kale edo mendietako baserri denak pasatzea zintzarria bustiz lagunartean; bertsolari hasberrientzat plazaratzeko lehen aukera atsegina izatea, buruz ikasitako koplak kantatuz bat-batekoen itxurari gordez; urtean lau bat aldiz soilik elkartzen den kuadrila adin-artekoa, urtean hirutan soilik janzten den arroparekin joatea urtean birritan soilik banan bana agurtuko dituzten baserrietara…
Aurten kalez kale edo baserriz baserriko santa eskeak bertan behera geratu dira, baina hainbat modutara ospatuko dute Agate Deuna Euskal Herriko zenbait bazterretan. Haien bilduma moduko bat egiten saiatuko gara artikulu honetan:
Altsasuko Gaztetxeak “Gonbidatu izatetik protagonista izatera” dokumentala emango du 19:00etan, emakumeek ospakizun honetan izan duten papera aztertzen duena. Dantzatzen lehenengoak izan ziren bi emakumek hartuko dute hitza: Santa Agedan dantzatu zuen Garazi Urrestarazu eta San Pedron dantzatu zuen Camino Mendiluze. Hemen dago dokumentala ikusgai:
Harituz Bertsozale Taldeak antolatutako ekimenaren baitan, Alegiako bi bertsolarik betaurreko morez kontatu dute bertso honetan Agate Deunaren historia:
Osasun neurriak betez kantatu dute, adibidez, Donostiako Aitor Ikastolan:
Argazkia: @inigobalda.
Amorebietako Lauaxeta Ikastolako umeek zahar etxekoei kantatu diete:
Zestoan herriko santa eskeko kideek bideo bat osatu dute, Danbolin hedabidean jakitera eman dutenez: “Aurten bideo bat egitea erabaki dugu. Baserriz baserri ezin dugu joan baina aitortza bat egin nahi izan diegu baserritarrei bideo honekin. Urtero beraiek dira gu etxean hartzen gaituztenak eta aurten, guk ordainetan zerbait ematea erabaki dugu” azaldu dute santa eskeko taldeko kideek. Bideo horretan, Aitor Salegi eta Gorka Olaizola bertsolariek kopla bana eskaini diete baserri bakoitzari eta azken urteetako argazki eta bideoak gehitu dizkiete. Gaur baserriz baserri banatuko dute bideoa taldeko kideek:
Tolosaldeko Harituz Bertsozale Taldeak aurtengo eskea etxeetara iristeko modua bilatu du: sare sozialetan bailarako lau bideo zabaldu ditu, 21 herritan 30 koplarik kantatutakoekin:
Anoeta-Tolosa-Berastegikoa:
Alegialdeakoa:
Aiztondo bailarakoa:
Gaztea irratiak aktualitateari lotuta moldatu du kopla kantua:
Zenbait waxap taldetan kopla kantari elkarri erantzunez aritu dira.
Etxe barruan kantatzeko eta horrela kantuak eta koplak gogoratzeko deia egin du urtero Hernanin erronda egiten duen Ohitura Zaharra abesbatzak. Astigarragan, etxean abesteko proposamen hori erraztuko du Aiztondo abesbatzak. Izan ere, lau lagun aterako dira, karroa eta baflea hartuta, Santa Ageda bezperako doinuak zabaltzera. 18:30etan abiatuko dira, Kontxa Etxeberria plazatik. Urumeako Kronikan irakur daiteke gehiago ekimen hauen berri.
Abanto-Zierbenako Udalak zozketa antolatu du herritarrek sare sozialetan zabalduko dituzten Agate Deunako koplen artean. Getxoko udalak ere bai, El Correon irakur daitekeenez.
Lehen negutik
2021-02-01 // Herri mugimenduak // Iruzkinik ez
Lehen negua suzko froga izaten ari da ezarri ditugun “anormaltasun berriaren” zimenduentzat. Artikulu hau ez doa PCR, txerto dosi eta positibo kopuruak bezalako gauza kontagarriez, nahiz eta badiren Euskal Herriko pandemiaren kudeatzaile denek batera dimititzeko modukoak.
Hasieratik ohartarazi dute gizarteko sektoreek: osasuna dela landu beharreko baratzea eta ez gaixotasun bat borrokatu beharreko gudu-zelai; osasuna zerbait integrala dela eta ez zehazki birus mota bat ez izatea; esperimentu (a)sozialekin argi ibiltzeko, buru osasuna gogotik zaindu beharreko lore fina baita… Pertsonekin lan egiten dutenak hasi dira esaten, entzun nahi duenarentzat: “Ikasleen artean suzidio joera gora egiten ari da”, “umeak triste daude”, “hamar urte zahartu dira azken bolada honetan zaharrak”…
Isolamendua zigorra zen pertsonarentzat, etengabeko bakardadea gaitz sozial moduan ikusi izan dugu… baina orain gero eta pertsona gehiagorentzat desiragarri izatera iristen ari da. Pertsona bakarrak ezin zizkigula behar denak asetu aldarrikatzetik, gure burbuila ia-ia bikotera murriztera pasatu gara; talde lanean oinarritutako proiektu kolektiboaz harro geunden langileok ia-erabateko telelanari “askatasun” esaten diogu; “aurten ezin da ezer egin” batez utzi diogu herriko urteroko ekintzak antolatzeari… hau da, berdinekiko aurrez aurreko harremanak etetea segurtasun eremu moduan ikusten dugu “arrisku taldetik kanpoko” sasoiko pertsonek. Mugimendu feministarentzat, langile mugimenduarentzat eta gainerako gizarte mugimenduentzat galdera eta erronka ederrak dakartza honek.
Aurrez aurreko harremanak asko murriztea eskatzen digu egoerak, noski, baina zenbateraino murriztu? Nolakoa da pertsonaren buru osasunak behar duen harreman zuzenen sarea? “Bakoitzaren araberakoa”, noski… ez iazko martxoaz geroztik hartu diren neurri ia denak bezala, “denentzako berdin”, bakoitzaren baldintzak erabat ezberdinak izan arren, ezta? Bakoitzak aztertu beharko dugu etengabe gure burua, guztion osasunaren mesedetan: garaiotan ahalik zoriontsuen eta buruz indartsuen egoteko zer behar dauzkagun identifikatu, gertuko harremanekin gogoeta hauek partekatu, harreman horiek sendotuz elkarren beharrak asetzen saiatu… Hori oso da bateragarria pandemiari aurre egiteko neurriekin. Izan behar du. Gainerakoan, COVID-19aren hedapena saihesteagatik beste hainbat gaitzen hedapena onartzeko prest gaudela esaten ariko ginateke. Eta hamarraldi batekin pasatzen ez diren gaitzak edo “zoritxarraldi” sakonak dira. Iragarleek badatorrela seinalatzen diguten langabezia eta krisi krakatekorako, harreman sareak sendotzea baino zer neurri seguruagorik daukagu herritarrok?
Ezarri behar diren segurtasun neurri guztiekin, baina bizigarri zaizkigun aurrez aurreko harremanak eta jarduerak berreskuratzeko beharra badugu. Pantaila bidezkoek ez baitituzte aurrez aurrekoak ordezkatzen. Beraz, bizigarri zaizkigun harreman, espazio, jarduera horiek seguruak izan daitezen behar diren baliabide guztiak borrokatu ditzagun guztiontzat. Eta ez ditzagun hutsik utzi. Badaezpada, prebentzioz.
Xomorroa ez, gobernuak dira indibidualistak eta pribatizatzaileak
2020-09-28 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Gauza bat da xomorroa, COVID-19a, eta bestea kudeaketa, hau da, horren aurrean hartzen diren neurriak. Baina agintariek saltzen duten mezua da ez dagoela beste aukerarik, hartzen diren neurriak direla hartu daitezkeen bakarrak, xomorroaren ezaugarriek ez dutela beste biderik urratzen uzten. Indibidualismo eta pribatizazioarentzako perfektua dirudi birus honek! “Besteekin elkartzea arriskutsua da”, “egin dezakezun elkartasun ekintzarik handiena zure etxean (eremu pribatua) bakartzea da”, “gauzak partekatzea arriskutsua da, bakoitza beti leku berean egon, beti bere taldearekin, beste taldeek kutsatzen dute”… Maila guztietako gobernuek indarrean jarri duten irtenbidearen ezaugarri nagusia indibidualismoa da, muturrerainokoa, erabat bakartuta bizi eta hiltzeraino. Eta pertsonek ematen duten aurrez aurreko arreta teknologiaren bidez ordezkatzea: urtetan murriztutako zerbitzu publikoak diren anbulategi, zahar-etxe eta eskolen ateak itxiz, bide batez.
Benetan ez ote dago beste biderik? Xomorroaz eztabaidan sartu gabe ere, medikuntza ofizialak deskribatutako ezaugarri horiek ontzat emanda ere, ez ote dago kolektibotasunetik aurre egiterik, justu publikotasuna eta komunitateak indartuta? Nola ulertu bizitzari eusten dioten zerbitzu publikoek, hau da, zahar-etxeek, eskolek eta anbulategiek osasun krisi betean metro koadro bakar bat irabazi ez izana, eta bai, aldiz, negozio pribatuen terrazek? Bertsolariak erantzun dit norbanakoon etxeak anbulategi eta eskola bihurtu dizkigutela, hori ere badela pribatizatzeko bide bat.
Kontraesan handi bat bada maila guztietako gobernuek aplikatu arazten diguten errezeta indibidualista pribatizatzailean: mediku ofizialen arabera prebentzio neurri eraginkorrena, lehena, aire librean egotea da. Baina edozein jarduera horretara egokitzeak ekarriko lukeen gastua aurrezteko, maila guztietako gobernuek hartu duten norabidea askoz arriskutsuagoa da, haien medikuen gomendioen arabera ere: eraikin barruetan, lehengo metro koadro kopuru berarekin eta pertsonal berarekin (beraz, pertsona taldeak txikitu gabe), moldatzea. Ondorioz, mahaiak, aulkiak eta oheak 1,5 metrora jartzea, eta maskara eta xaboia dira prebentzio modu miragarriak, baina hala ere askoz arriskutsuago, jarduera hori kalean egitea baino.
Pandemiaren mapa guztietan gorri fosforitoz agertzen den lurralde honetan, pentsa liteke kutsadura benetan saihesteko sakonagoko eraldaketak behar direla, jarduera ahalik gehienak aire librean eta talde txikitan egiteko birmoldaketak eta inbertsioak egitea… eta pentsa liteke, horrek aukera emango lukeela baita herritar guztion bizitza kalitatea hobetzeko ere. Baina bai zera! Goikoentzat errazagoa eta merkeagoa da dena berdin mantentzea, ahal bada murrizketak eginez gainera, eta ondorioz ikaragarri handitzen diren zulo horiek tapatzeko norbanakoei partxea jarri araztea: “Kutsatzeak handitzen badira zure ardura eta errua da, zuk ez duzulako zure burua behar beste bakartu plaza publikotik, zuk zure etxeko zure bikotea (pribatua) ez diren lagunekin kontaktuari eutsi diozulako. Denon ardura da polizia izatea, denok zaindu behar dugu 16 urteko gazte horrek errekreo ordura arte aulkitik altxa gabe eman behar dituen lau ordu horietan ez dela mugitzen eta ez duela maskara kentzen”. Ez ote ditugu gobernuak behartu behar, gazte horiek, zahar horiek, haur horiek, mugitzeko eta libre arnasteko behar beste leku izan dezaten?
Bakoitzak gure komunitateetan, gure eguneroko bizitzetan, egin dezagun jarduerak aire librera egokitzeko birmoldaketa, hitz egin dezagun harreman ezberdin eta osasuntsuak nola kudeatu, antolatu dezagun COVID garaiko zaintza kolektiboki… Gobernuek ez dute egingo.
Gaixotzen gaituenari ez diezaiogun ipurdia salbatu
2020-09-04 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Ikastetxeak hasiak dira gurasoekin bilerak egiten, COVID-19aren hedapena saihesteko protokoloa ikastetxe horretan zehazki nola gauzatuko duten azaltzeko. Bilera horietako bat entzutea aski da irailaren 15ean irakasleek greba zergatik egingo duten ulertzeko. Izan ere, Jaurlaritzaren asesorea une honetan Jesusitomaitia dela konbentzituta nago. Zeren miraritan soilik sinistu daiteke, pandemia baten erdian eta Hezkuntzako aurrekontua biderkatu gabe, eskolari eutsi ahalko zaionik. Ikusi nahi, Jaurlaritzak Hezkuntzan inbertsiorik ez egiteak ikasturte honetan biziaraziko dizkigun parabolak?
“A eszenategia” edo “Irakaslea leku denetan dago”
A eszenategian (Jaurlaritzak “itzulera normala” deitu dion horretan) ere gurasook ez dugu bermatuta ikasleek gela barruan irakaslerik izango dutenik. Zergatik? Bada irakasle asko guraso ere badelako, eta bere seme-alabaren bat hamarraldian egonik hura zaintzen geratu behar badu etxean, irakasle horri ere ez diotelako gaixo agiririk emango, gainerako langileoi bezala (Espainiako Gobernuaren erabaki horretaz eta ekarriko dituen ondorioez, artikulu honetan). Egoera horretan zer? Hezkuntzatik irakasleek jaso duten erantzuna da Hezkuntzak ez duela ikastetxeetara ordezko irakaslerik bidaliko, eta irakasle horrek telelana egin ahalko duela etxetik. Eta? Nork dinamizatuko du gela, irakasleak etxetik ordenagailuz azalpenak eman eta jarduerak proposatzen baditu ere? Egoera hau lehen eskola egunean bertan ere emango da, hainbat ikastetxetan. Eta ez da fededuna izan behar ulertzeko oso posible dela ikastetxe batean aldi berean hainbat irakasle egotea egoera horretan, hau da, etxetik lanean, bakoitza bere haurra zaintzen; ez litzateke hain arraroa, pandemia batean gaude, ezta?
“B eszenategia” edo “Horkonpon Marianton protokoloa”
Hezkuntza sailetik hala eskatuta, ikastetxeek bigarren eszenategi bat zehazki nola gauzatuko duten ere landu behar izan dute: hauxe da B eszenategia, hau da, nola antolatu klaseak gelan ikasle erdiak egonda. Hau litzateke eskola osasuntsu eta kalitatezkoaren bidea, kaleko kristau arruntari gogora etortzen zaion irtenbidea gauzatuko balitz: gelak desdoblatu, herriko eraikinak ikasgela bihurtu, eta irakasleak bikoiztu, ikasleek segurtasun distantziak zainduz hezkuntza hobea irabazi dezaten. Baina Jaurlaritzak ogia eta arrainen parabolaren alde egin du, ikastetxeei ekuazio hau jarriz: nola eman klasea ikasle denei baina ikasgelan ikasle erdiak egonik, eta metro koadro eta irakasle kopuru berarekin.
Zuzendaritzek egin dituzte planteamenduak eta denetik entzuten da: astebete klase erdiak etxetik eta beste astebete eskolatik; batzuk astelehen, asteazken eta ostiral eskolatik eta besteek astearte eta ostegunetan; Colegio Alemanak hiru ordura murriztu dituela ikasleen klaseak denak egunero ikastetxera joan daitezen baina denbora gutxiagoz…
B eszenategiko eskola gurasoen enpleguarekin bateraezina da zeharo. Nork zainduko ditu adin txikikoak eskolan ez dauden egun horietan guztietan? ikasturteko egunen erdiak lirateke etxean egotekoak! eta etxean dauden ikasle horiei nork lagunduko lieke azalpenak ulertzen, dituzten dudak argitzen…? pantailak heziko al ditu gure adin txikikoak?
B eszenategia, gainera, ez du ikastetxe edo herri horretako pandemiaren bilakaerak definituko. Hau da, Hezkuntzak ez ditu komunikatu eskola edo herri batean zenbat PCR positibok ekarriko luketen B eszenategira pasatzea. Jaurlaritzatik eta egun batetik bestera etorriko da agindua, beraz, gerta daiteke ikasle asko A eszenategitik Bra pasatzea, nahiz eta bere herrian pandemiak okerrera ez egin.
Kartzela bihurtuko diren eskolak ere badira
Mirariak Lourdesen. Osasun neurriak betetzeko, baliabideak behar dira. Baina eguneroko bizitzarako, “low cost” baliabideak dira maskarak, termometroa eta xaboia: ikasgela gehiago eta irakasle askoz gehiago dira hezkuntzan pandemiari aurre egiteko behar diren baliabideak. Zeren ikastetxeetan ikasleko bi metroko espazio erabilgarririk ez badago, ez dago osasun neurririk betetzeko baliabiderik. Ikasgeletan ikasle kopuru txikiagoari eskola emateko behar beste irakasle ez badago, ez dago osasun neurriak betetzeko baliabiderik.
Entzun irakasleei: badira ikastetxeak, euria egiten duenero 14-15 urteko ikasleak (DBH2 eta 3koak) sei orduz gela barruan eta aulkitik altxa gabe edukiko dituztenak, ez dutelako patiora ateratzeko espaziorik, osasun neurriak betetzekotan. Badira ikastetxeak, ikaslerik gabeko lehen lan aste honetan ere ez dituztenak osasun neurriak bete, ezta irakasleen artean soilik ere! Badira ikastetxeak, irakasle bakoitzeko ordenagailu bat ere ez dutenak: telelanez eskola emateko ere, irakasleak erosi beharko al du bere patrikatik, edo etxekoa eskolara eraman beharko al du?
Ez gara santujaleak
Herritar langileok noski badakigula dena ematen. Dena eman genuen konfinamenduan ere, ahal zen ondoen zaintzeko etxekoen osasuna, eusteko ikasleen hezkuntzari, eusteko enpresetako lanari, eusteko auzotarren beharrei… baina ikasturte hasieratik denon artean baliabideak borrokatzen ez baditugu, ikasturte osoa pasa beharko dugu belauniko, ezinezko mirariak gauzatu nahian. Langileon lanez osatutako diru publikoa ez bada langileon bizitzari eusteko beharrezkoak diren baliabideetara bideratzen (eta bai, aldiz, betikoen patrikak gizentzera), Jaurlaritzaren auzolan deialdietan misiolari arituta ere ez dugu miraririk lortuko: auzo eta herri askotako ikasleak biltzen dituzten makro-eskolak pandemia zabalduko duten granjak izango dira; ikasleei kartzeletako diziplina ezarriko zaie espaziorik ez dagoenez, mugitu ez daitezen; eta adin txikikoek egun gehienak zaintzarik eta irakasle presentzialik gabe emango dituzte.
Erabili dezagun ikasleekiko, hezkuntzarekiko, osasunarekiko, pertsonekiko dugun borondatea baliabide duinak borrokatzeko, ez hezkuntza gaixo batera bultzaka garamatzaten agintariei zuloak tapatzeko. Irakasle, guraso eta ikasle guztion artean, borroka dezagun eraikinak eta irakasleak lortzearen alde. Borroka dezagun erakunde publikoek ikasturte osoan zehar ikasle denei zaintza publikoa eta kalitatezko hezkuntza bermatu diezaieten.
Haurren eta emakumeen eskubideak SOS
2020-09-02 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Hego Euskal Herrian eskolara “normal” itzultzea zientzia fikzio bihurtu dute protokoloek: eskolan sartzerako ikasleei kopetean jarriko dieten termo-pistolak sukarra detektatzen badu etxera joango da zuzenean ume asko, eskola orduetan sintomarik duen umea zaintza gelara eramango dute gurasoak bila etorri arte, ume asko lehen eskola egunera ere ez da joango PCR negatiboa emanagatik etxean hamarraldian egongo delako (inguruko batek PCR positibo eman duelako), eta ikaskide batek PCR positibo eman orduko bere ikaskideak etxera joango dira, PCR negatiboa emanagatik.
Espainiako Gobernuko bozeramaile Maria Jesus Monterok adierazi du ez diotela gaixo agiria emango PCR negatibo emanagatik bakartuta egon behar duten haurren gurasoei. Naiz hedabideak jaso duenez, “ez bailitzateke gaixo bat zaintzea”. Eta? osasuntsu dauden adin txikikoek ez dute zaintzarik behar, ala?
Frantziako Gobernuko bozeramaile Gabriel Artalek berriz, France Info irratian aurkakoa iragarri du: «(Ikasgela edo ikastetxearen) Itxierarik baldin badago, gurasoek gaixo agiria jaso ahal izango dute», Berriak jaso duenez. Ipar Euskal Herrian ikasleei ez zaie sukarra hartuko eskola sarreran eta kontrol neurriak lasaiagoak dira. Gaixo agiria emateko, Frantziako Gobernuaren oinarria da gurasoek arduratu behar dutela itxialdian diren umeen hezkuntzaz.
Zaintzarik behar ez duten umeak, eta gainera bakarrik ikasten dutenak?
Hegoaldean zainduak izateko eskubidea dute adin txikikoek jokoan, alegia, haur izatekoa. PCR negatiboa duten ume konfinatuen kasuan, nor egongo da haien ondoan? Gurasoa(k) lanera joatea beste erremediorik ez dutenen kasuan, adin txikikoak ordu askoz etxean bakarrik eta pantaila aurrean egotea normaltzat hartuko dugu, zer eta osasunaren izenean? Isilean pasa bada ere, egoera hau aurreko ikasturte bukaeran etxe askotan eman zen, galdetu zure inguruko guraso autonomoei edo osasun langileei. Adin txikikoen gehiengo oso handiak koronabirusa sintoma larririk gabe pasatzen dutela jakinda, ez ote da arrisku handiagoa etxean bakarrik direla izan ditzaketen istripuena?
Frantziako Gobernuak gurasoak ditu itxialdian diren umeen hezkuntzaren arduradun. Eusko Jaurlaritza beste sistema bat ari da lantzen: etxean geratzen diren umeen absentismoa pertsegitzea. Ordenagailua pizten duten, eskolara konektatzen diren eta lanik egiten duten kontrolatzea. Ez da sorgina izan beharrik igartzeko justu bizi baldintza prekarioenak dituztenak izango direla etxean bakarrik geratuko diren ikasleak, lehendik ere eskola jarraitzeko zailtasun gehien zituztenak, absentismorako atea zabalik dutenak, eta justu eskola presentzialen beharrik handiena dutenak. Hauei baliabide gehiago jarri eta eskola presentziala bermatu beharrean, gainera jazarri eta eskolarako penalizazioak jarriko dizkiete? Ez da egia umeek ordenagailua piztuta eskolako lanak bakarrik egin eta sakon ikasten dutenik, helduak (izan irakasle edo guraso) ondoan izan gabe. Ikasle erabat autodidakta horiek oso gutxiengoa dira.
Gizarte bezala, benetan, zaintzarik behar ez duten umeak eta hezkuntzaren ardura beren bizkar daramatenak al ditugu helburu, osasunaren izenean?
Umeen, emakumeen eta zaharren eskubideak soka-tiran?
Adin txikikoak zaindu eta haiei ikasketa bermatu nahi dieten etxe askotan, sasi-telelanaren urtea izango da: telelana etxetik lan egitea baita, baina ez lan egiten den bitartean haurrak zaindu eta irakasle lanak egitea, dena aldi berean.
Ahal duten amek eszedentzia eta lan murrizketak hartuko dituzte, enpleguko berdintasunean atzerakada eraginaz.
Aiton-amonek (hau da, koronabirusaren arrisku taldekoek) umeak egun eta ordu askoz zaindu beharko dituzten ikasturtea dator.
Denontzako irtenbideak, denon artean
Protokoloa azken unean komunikatzea, eta pertsonen egunerokoa egun batetik bestera erabat hankaz gora jartzea da pandemia kudeatzen ari direnen estrategia. Justu, era horretara kolektiboan bestelako planteamendu orokorrik gauzatu ahal izan ez dezagun. Panorama honetan, lehenbizikoa norberak bere egunerokoa ahal bezala resolbitzea da. Noski. Baina denontzako irtenbiderik borrokatzen ez badugu denon artean, gero eta zailagoa egingo zaigu bakoitzari gure egunerokoa moldatzea. Eta bakoitza gure irtenbidean zentratzen bagara, milaka herritar zaintzarik eta hezkuntzarik gabe geratuko da. Hori ez da oso osasuntsua etorkizuneko gizartearentzat, ezta?
Bada paperaren alde egin duen eskolarik
2020-06-10 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Argazkia: Aiurri hedabidea.
Aurrez aurreko eskolaren ordezko, pantailak bihurtu dira irakasle eta ikasleen arteko euskarri nagusi azken hiruhileko berezi honetan. Artikulu honetan azaldu genizuen IKTetan urte luzeetako esperientzia duen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12-16 adin tarteak) Erniobea ikastetxeak nola egin duen aldaketa Internet bidezko ikaskuntzara.
Bitxia da, ordea, justu Aiztondo bailara berean paperaren aldeko apustua egin duela Lehen Hezkuntzako (12 urtera arte) Pedro Mari Otaño Herri Eskolak. Pedagogia aldetik Ikas Komunitatea da Zizurkilgo eskola publiko hau eta bertako ikasle ia denak ondoren Erniobea DBHra joan ohi dira. Bitxia da, baita ere, paper fabrika 100 metrora duela. Ikastetxeko zuzendaritzako kide den Olatz Urrakak azaldu digu zergatik eta nola egin duten paperaren aldeko apustua, pantailen mundura buru-belarri murgildu ordez.
Artikulu honetan Jenofa Berhokoirigoinek azaldu duenez, planetaren jasangarritasunaren ikuspegitik ere merezi du teknologiaren erabilera murriztu beharra planteatzea.
Pantaila ote da egokiena adin guztietarako?
Bazekiten beren ikasle guztien etxeetan ez zegoela ordenagailurik ez internetik. Gailu horiek etxe guztietara iritsi araztea ote zen irtenbidea? aski al da edozein etxetan teknologia sartzearekin, gailuen erabilerari buruzko azalpenik eman gabe? teknologietan heziketa ikasleekin landu gabe? eta batez ere: 12 urtez beherakoentzako pantaila ote da ikasketetarako tresna egokiena?
Galdera horiek mahai gaineratu, eta beste bide bati heldu zioten, helburu honekin: lan proposamenak etxe guztietara iristea eta galderak zeuden kasuetan erantzun azkarra bermatzea.
Lan proposamen hori etxera banatzeaz gain, maiz deitu die tutoreak bere gelako familiei, zituzten dudak eta galderak argitzeko. Eta azalpenak bideoan ere bidali dituzte.
Hasieran hiru asterako lan proposamena egin zuten, eta luzeegi zela iritzita, ondoren bi asteko lan proposamena egin dute. Egokiena astean asteko lan proposamena egitea dela iritzi dio zuzendaritzako kide Urrakak.
Hiru truke egun ere jarri dituzte ikastetxean: nahi eta ahal izan duten familiak eskolara joan dira egindako lanak entregatzera, eta hurrengo lan proposamenak eraman dituzte etxera bueltan. Horrela, atez ateko banaketa eskolara inguratu ez diren familietara murriztu da.
Bideokonferentziak ere bai, tarteka
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Interneteko Meet plataforma bidez zuzeneko bi saio izan dituzte astean, eta saio hauek oso funtzio ezberdinetarako erabili dituzte: asteko lanak azaltzeko, galderei erantzuteko, matematikak azaltzeko, tertuliak egiteko…
Esperientzia hau ikusita eta familiek eskatuta, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara arteko ikasleekin bideokonferentziak egitea probatuko dute ekainean. Txikienek irakaslea eta beste ikasleak ikustea eta ahozko komunikazioa izatea beharrezko ikusten zuten familia hauek. Lehen ikasturte horietako ikasleentzat bideokonferentziak borondatezkoak izango dira.
“Onartu behar dugu zerbait galdu behar dugula”
Pantailak ezin duela aurrez aurreko eskola ordezkatu, hori garbi du Urrakak. Irakasleek familia denekin zuzeneko harremana izateko ahal izan duten guztia egin dutela azaldu du, askok bere telefono mugikorreko zenbakia eman duela, gertutasun handia erakutsi dutela, oso gainean egon direla ea ikasle guztiak sartzen ziren Meet saioetan…
Zer esan, ikastetxearen ildo pedagogikoa ikas komunitatea denean: “Interakzioa da ikas komunitateetako oinarrietako bat, eta horretan asko galdu dugu. Ez genuen uste horren luze joko zuenik. Interakzio hau berreskuratu behar dugu, aurrez aurre ezin bada, bizipen hauek baliatuz. Maila osasungarri batean bideokonferentziak ziurtatu beharko ditugu lehen hezkuntza osoan, paperekoa alde batera utzi gabe”.
Bukaera presentzialaren bila
Aste santutako oporren bueltan, eskolara itzultzeko baldintzak egon zitezkeen itxaropena izan zuten. Garai hartan, argi izan zuten ez zutela etxeko itxialditik eskolako gela itxietara sartu nahi. Herrian bertan aire librean ikasteko zein lekutara joan zitezkeen pentsatzen aritu ziren, baina pandemiak ez zien aukera hori eman.
Guztiok behar dugu zikloak ixtea, eta batez ere eskola horretatik DBHra pasatuko diren ikasleengan nabari dute gabezia hori: “Ikasturte amaierako irteerak galdu dituzte, eta eskola honetan egindako ibilbidea agurtzeko egiten zen jaialdirik ere ez da egingo”.
Papera izango da ikasturtea ixteko ekitaldira ere eramango dituena: azken ebaluazioan egin dituzten lanen bila itzultzea edo ebaluazio noten bila ikastetxera gerturatzea izango da aitzakia. Segurtasun distantziak bermatuz itxiera ekitaldia egin nahi dute, ikas komunitate horretako kide diren pertsonek merezi duten modukoa, eta nola egin buruari bueltak ematen ari dira: familiak ere hasiak dira ideiak ematen. Interneten azken aldian ugaritu diren psikologoen hitzaldiak ere kontsultatuko dituzte, itxiera oso batek behar dituen alorrak zaintzeko.
Ikas Komunitatea zer den ikusi nahi duenak, bideo honetan azaldua dugu, justu Zizurkilgo Herri Eskolaren esperientzian oinarrituta:
Cristina Uriarte, bukatu da: gurasorik gabe erabaki bat gehiago ez
2020-05-12 // Sailkatugabeak // Iruzkin bat
Bi hilabete daramatzagu etxea eskola akademiko ere bihurturik. Akademiko, bai, zeren etxea beti da eskola, seguraski eskolarik handiena, gainera.
Bete-betean eragiten dute azken bi hilabeteotan etxe hauetan bi estatuetako eta hainbat lurraldetako hezkuntza sailburuek, ahoa irekitzen duten bakoitzean.
Lehen momentutik baloratu eta eskertu dugu gure ikastetxeetako irakasleen lana, egunero konturatzen gara haientzat aldaketa handia eta etengabekoa dela azalpenak eta ikasleekiko harremana euskarriz aldatzea. Saiatzen gara lan horrekiko errespetuz eta gure etxekoen hezkuntzaren alde, ahalik gehien etxean ikaskuntza akademikoa sustatzen eta bakoitzak ahal duen eran azalpenak ematen, elkarrekin iturriak arakatzen, ikaskuntza esperientzia gozatzen eta aberasten.
Badakigu ahalik irtenbide onena emateko buru-lanetan ari direla gure ikastetxeetako zuzendaritzak, deseskalonadetarako ere anormala den komunitate vascoan behintzat lotsa gogorra erakutsiz ardura eta erabaki guztiak zuzendaritzen bizkar jarri baititu irakasleek baino soldata handiagoa justu hezkuntza antolatzeagatik kobratzen duen sailburuak. Zuzendaritzei ez dagokien karga hori guztion artean arindu nahirik, komunikatzen zaigunera ahalik ongien egokitu eta aurrera egitea izan da inguruan ditudan guraso denen jarrera.
40. egunean tristurak eta amorruak jo nau
Maiatzaren 8an, konfinamendu garaiko eskolak 40 egun lektibo bete dituen inguru horretan, ikas komunitateko parte naizen guraso moduan tristurak jo nau. Estatu egiturek nahi gintuzten atakan bakartuta eraman gaituztelako: bakoitza bere etxetik ahal duen bezala egunerokoari erantzuten, egun batetik bestera besteek hartzen dituzten erabakietara moldatzen, bakoitza bere etxeko ikasleei ahal duen moduan ikasketetan eusten… bakoitza, bakoitza, bakarrik eta bakarka. Gurasook ez dakigu gure ikasgeletako beste gurasoak eta ikasleak nola dauden ere.
Hasieratik onartu dugu herri hau enpresa kapitalista bat bailitzan kudeatzen duen Jaurlaritzaren mandatua: Uriartek agintzen omen du, eta Espainiako Gobernuak baino eskuindarrago agintzen duenean ere, burujabetzaren izenean amen. Eta zuzendaritzei ematen die bere erabakiak praktikan jartzeko ardura eta erabakimen osoa. Ahaztu ere egin zaigu, ikastetxeetan erabakigune nagusia eskola kontseilua dela, eta bertan biltzen direla guraso (ordezkari kopuru gehiena izan behar duen estamentua), udal, irakasle, zuzendaritza eta eskolako beste langileen ordezkariak.
Goitik markatu den eskeman sartu gara, ordea, guztiok, baita guraso bakoitza ere. Ederki daki Jaurlaritzak, guraso bakoitza bakarka dabilen bitartean, eta eskoletan gurasoek eta irakasleek bat egiten ez duten bitartean, politikariek egun batetik bestera eta oso zehaztasun gutxirekin ematen dituzten jarraibideak aplikatu egingo direla.
Eskola gurasoona ere bada
Hezkuntza hain eduki politikoa izanik, kontu profesionala eta teknikoa dela errepikatzen tematzen dira administrazioa, eta irakasleak ere bai, askotan. “Ez sartu, profesionalon lana da”. Noski baietz. Baina adin txikiko gure umeek zer ikasten duten, nola antolatzen den eguneroko martxa, nola egin behar dugun ikasle denek gainditu dezaten, zein oinarri jarri nahi dugun eskolako harremanetan, zein gaitasun eta balio lantzea nahi dugun… zeresanik izango dugu horretan, ezta? Gainera, irakasle eta gurasook elkarren beharra dugu, gauzak benetan egiteko. Eta zergatik ez dugu ikusten elkarlan hau eskoletan benetako burujabetza lortzeko giltza moduan?
Egoera berrira ohitzen kostatu zaigu, baina ikastetxeetan guraso elkarteak berriz martxari eusten ari dira pixkanaka. Gure geletako beste gurasoekin harremanak indartzea eta bakoitzaren egoeraren eta iritzien berri jakitea ezinbestekoa da. Eta behetik gora, esan dezagun: bukatu da. Eskolei buruzko erabaki bakar bat gehiago ez, gurasoek prozesuan eta erabakietan parte hartu gabe. Behetik gora: zuzendaritzek hartu behar dituzten erabakietan ondoan eta elkarlanean arituko gara, baita goiko aginduei planto egiteko bada ere (ikus Ibarrekolanda batxilergoko ikastetxeko zuzendaritzak nola erabaki duen ikasleak ez geletara itzultzea). Zergatik obeditu behar ditugu gurasook parte izan ez garen erabakiak eta jarraibideak?
Adin guztietako ikasleek hitza eta erabakia izatearen alde
Bukatzeko, eta konfinamenduak erakutsi duen umeekiko ikuspegi motza baliatuta, has gaitezen eskoletako erabakietan adin guztietako ikasleak partaide egiteko moduak lantzen. Oso txikitatik gara gai bakoitza gure irizpideak adierazteko. Adinari egokitutako moduak landu ditzagun, txikitatik parte hartu dezaten ikastetxeetako erabakietan. Burujabetzan trebatu daitezen. Horretarako gainkargatutako curriculumetik totxoak kendu behar badira ere.
Osasun krisian emakumeek egin zuten herri borroka kontatu zuen bertsotan Joxepa Zubeldiak, duela ehun urte
2020-03-21 // Bertsolaritza // Iruzkinik ez
Bertso sorta epikoa jarri zion 1918ko baztanga izurriteari Matea Joxepa Zubeldiak. Kronika politiko eta sozial zorrotza idatzi zuen, zortziko txikiko 24 piezatan. Bertan kontatzen du baztangadun gaixoak Lasartetik Hernaniko Benefizentzi Etxera eramateko erabakia hartu zuela Gobernadoreak eta hernaniarrak erabaki honen aurka altxa zirela, arriskuan ikusi zutelako Benefizentzi Etxeko egoiliarren osasuna, hernaniar denena, eta herriko industriarena. Agian orain ulertuko dugu ondoen sorta hau. Bidea urratu duen bertsoak liburuxkan jaso zituen ARGIAk (13. orrian).
Garai hartako udaletxeko akta batek dio apirilaren 2an “ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe” irten zirela herritarrak gaixotasuna zekarren konboiari aurre egitera. Eskura zituzten baliabide guztiekin egin zioten aurre fisikoki. Bertso sorta honetan emakumeak dira borrokako protagonistak eta erdiz erdi pitzatzen digu garai bateko emakumeez daukagun iruditegia. Sorta honek ere jasotzen du, udaletxeko aktak bezala, klase sozial guztietakoak irten zirela borrokara: “andre txit aberatsak / baita ere pobriak”.
Hamaika eta hamabigarren bertsoek hara nola kontatzen duten emakumeen eta guardia zibilen arteko enkontrua:
(Doinuak: Maritxu nora zoaz, pasaiako plazatik, Orioko balearena, Markesaren alaba…)
…
zibilak esan zigun
etxera biltzeko
baizutela baimena
odola ixurtzeko.
Ixurtzen badezute
odola gurekin
hil biharrak zerate
zeon zaldiekin
guziok bizkor gaude
gauza gogorrekin
…
Ez zen sinbolikoa izan erabili zuten borroka moldea, 15. bertsoak kontatzen duenez:
…
hustuta petroleoz
ospitala igurtzi
aguro erretzeko
kristal danak hautsi.
Bertso sortak kontatzen duenaren arabera, ekintza hura izan zen Espainiako agintariak baztangadun gaixoekin atzera eginarazi zituena. Orduan ere elizak hari zuzenak izan, eta Ministroen Kontseiluko lehendakari zen Maurari deitu zioten…:
Apaizak eta monjak
negar eta hausi
halako trantzerikan
ez zuben ikusi
gure monja gaixuak
belauniko jarri
eta telefonuan
Madrila Maurari.
Matea Joxepa Zubeldia mahai buruan, alabaz eta bilobaz inguratuta.
Herri bazkarian mahai gainera igota kantatu zituen bertso hauek
Honela du kontatua Matea Joxepa Zubeldiaren biloba Mikel Ruizek, Bertsoaren Haria Hernanin liburuan: baztangari aurre egin eta irabazi zutela ospatzeko, herri bazkaria egin zutela Ezkiaga pasealekuan eta bertsolariak, aulki bat mahai gainera igo eta bertan eserita kantatu zuela sorta hau. Ez zegokion harrotasunik eta ohorerik plazandreari, horrela kontatzen zuten bertsolariaren alabek: “zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera!”.
Gainerako sorta denak erre zizkioten bertsolari ilustratua
Bertso sorta epiko hau da Zubeldiaren obra aberatsetik geratu den pieza bakarra. Bere biloba Mikel eta Joxan Ruizek gogoan dute amona idazle eta bertsolaria zela:
“Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela”.
“Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezu asko eta bertsoak”.
“Papeleratik paper roiloak ekartzen zituzten. Nik ikusten nuen berak nola egiten zituen orriak, papera neurrira moztuz. Eta orratzarekin eta liztaiarekin josiz, pasta bat jartzen zien aurre eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. Denbora librerik zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan”.
“Oso ilustratua izan behar zuen. Koaderno pila idatzi zituen”.
Nolaz ez dira bertso sorta gehiago iritsi, orduan? Testigantza gogorra, Mikel Ruizek egindakoa: “Alabak oso lotsatzen ziren ama bertsolari zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Eta ama hil zenean alabek koaderno denak erre zituzten. A zer galera!”.
EAEn Hezkuntza sailak zuzendaritzengan delegatu du irakasleek etxetik lan egiteko erabakia
2020-03-14 // Sailkatugabeak // Iruzkinik ez
Martxoaren 13 arratsaldean iritsi da EAEko ikastetxe guztietara Eusko Jaurlaritzaren araubidea. Hauxe dio irakasleek etxetik lan egin ahal izateari buruz: “Irakasleek, behar adina bitarteko digital badituzte eta ikastetxeko zuzendaritzak egokitzat jotzen badu, telelanaren bidez egin ahal izango dute beren irakaskuntza lana, ikastetxera joan gabe. Ikastetxeetako zuzendaritzek (…) langileak ikastetxean unean unean egotea eska dezakete”.
Martxoaren 13 hori bera izan da Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan klase presentzialak eman ez diren lehen eguna eta goiz horretan aritu dira irakasleak ikastetxeetan bilduta hurrengo asteko lan-martxa antolatzen. Irakasleei etxetik lan egiteko aukeraren berri iritsi zaienerako (arratsaldean), irakasleek gurasoei emailez bidalia zieten hurrengo asteko plangintza (eguerdian). Hezkuntza sailaren araubideak zabaldu die irakasleei etxetik lan egiteko aukera, baina hau praktikara eramateko dagoeneko egina duten plangintza aldatu behar balitz?
Araubideak “ahal izango dute” aditzarekin definitzen du irakasleek etxetik lan egitea, alegia, aukera bat dela. Ikasleen kasuan betebeharra da ikastetxera ez joatea, baina ez irakasleen kasuan. Herrialde garatutzat dugun lurralde batean, eta Isabel Celaa sailburu zenez geroztik ikastetxeak arbela digitalez beteak direnean eta 12 urtetik gorako ikasle bakoitzak bere ordenagailua duenean, kontraesankorra dirudi irakasleek ez izatea baliabiderik etxetik lan egiteko. Irakasleen kasu batzuetan hala balitz ere, araubideak ez du osasun larrialdia oinarri hartuta lehentasunik markatzen. Edo hobeto esanda, hezkuntza kalitatearen bermeari balio handiagoa ematen dio osasun publikoaren bermeari baino: “Ikastetxeko zuzendaritzak uste badu telelanaren bidez kalitatezko irakaskuntza-jarduera baterako berme nahikorik ez dagoela, irakaskuntza jarduera telematikoa ikastetxean bertan egingo da, eta, horretarako, lanpostura joan beharko da”.
Zuzendaritzak erabaki dezala osasun larrialdi egoera batean nola jokatu
Osasun larrialdi egoera iragarri zuen martxoaren 13an bertan Urkullu lehendakariak. EAEko hezkuntza publikoan irakasleen mugikortasuna handia da, lasai asko egin ditzake irakasle batek egunero 100 kilometro etxetik lanerako joan-etorrian. Milaka dira irakasleak eta ikastetxe batzuetan ehun kidetik gorakoa da lantaldea, beraz, martxoaren 13an Hezkuntza Sailak ikastetxeetara bidalitako araubidearen helburua bada “birusaren hedapenari eusten laguntzea”, sektore garrantzitsua da irakasleena. Zergatik delegatu du Hezkuntza Sailak zuzendaritzengan honen kontzientzia hartu eta neurri eraginkorrak planteatzea? Ez al dagokio hori osasun larrialdi egoera izendatu duen Jaurlaritzari, eta ez ote lukete zuzendaritzek nahikoa lan, Jaurlaritzak markatutako lehentasun edo irizpide horiek beren ikastetxeetan nola aplikatu zehaztearekin?
Nork zaintzen ditu irakasleen familiak?
Irakasleek bere umeak eta zaharrak etxean utzita joan behar dute ikastetxera. Beraz, zuzendaritzen esku dagoen erabaki horrek, alegia, telelana egiteak edo ez egiteak, milaka etxetako zaintzan ondorioak dakartza.
Formek ere badute bere garrantzia
Hezkuntza sailburuak martxoaren 12an jakinarazi zuen aldi baterako eskola presentzialak eten direla eta beraz, ikasleak ez direla ikastetxera joan behar. Lehenik komunikabideen bidez jakin zuten neurri honen berri zuzendaritzek, irakasleek eta familiek, eta ondoren iritsi zen ikastetxeetara jakinarazpen ofiziala, eta ikastetxeetako zuzendaritzek jakinarazpen hori bera zabaldu zuten familietara. Hedabideetan albistea azaldu eta jakinarazpen ofiziala jaso bitarteko tarte horretan, irudikatu gurasoen waxap taldeak: “Diario” honek hau esan duela, besteak zera espero duela… zurrumurruz jositako gai larri honetan, ez ote luke ordena eta eraginkortasun handiagoa adieraziko barne kanal ofizialen bidez jasotzea hasieratik informazioa irakasle eta gurasoek? Ez al du errespetu falta adierazten erabaki horrek biharamunetik bertatik zuzenki eragingo dien irakasle eta hezkuntzako profesionalekiko, kanpotik edonork beraiek baino lehen jakiteak?
Hona hemen ikastetxeetara zabaldu duten araubidea: