Matxismoaren sorrera
Matxismoa ez da betidanikoa. Historiaurrean pertsona guztiak berdinak ziren, emakumeak eta gizonak; denak elkarlan guztietan aritzen ziren, ehizan eta arrantzan, umeen zaintzan eta fruitu-bilketan.
Pertsona haiek erlijioa sortu zuten, ezjakintasunak emandako gertaera ulergarria, eguzkia edo euria edo heriotza zer ziren ez zekiten eta. Beraz, gertakari guztiak erabiltzen zituzten jainko-jainkosak asmatu zituzten: Eguzki jainkoa, Euriaren jainkosa eta Heriotzaren jainkoa.
Milurteko asko joanda, lurgintza eta abeltzaintza aurkitu zituzten. Lurra landuz eta abereak zainduz kontsumitzen zutena baino gehiago ekoizten zuten. Soberakinari aberastasuna deitu zioten. Eta aberastasunak jabetasuna ekarri zuen. Gizonek bereganatu zuten aberastasunaren jabetza, lurrarena eta abereena, eta beraz guztiaren jabe bihurtu ziren, emakumeak ere bilakatu ziren gizonen jabetza. Hasieran, ziur aski, emakumeak matxinatu egin ziren, baina agerikoa da gizon jabeek menderatu zituztela.
Gizonak erlijioaz ere jabetu eta elizak sortu zituzten, hau da, emakumeak partaide ezin zitezkeen erakundeak, non gizonek erabakitzen baitzituzten jainko-jainkosen hitzak. Hala, emakumeak indarrez menperatzeaz gain, gizonen nagusitasuna jainko-jainkosen nahia balitz bezala ezarri ere egiten zieten.
Emakumeen gaineko beren nagusitasuna legeztatzeko, gizonek Biblia idatzi zuten. Abrahamek eta Jainkoak itun bat egin zutela kontatzen du Genesis liburuak. Jainko bakarra bezala gurtuko zutela hitzematen zion Abrahamek. Jainkoak, berriz, Abrahamen jatorriari Kanaango lurra emango zion eta berari seme bat, ordurako Sara eta biak oso zaharrak izan arren. Jainkoak (Genesis 17,10) itunaren ezaugarri bat ezarri zion Abrahami:
“Hauxe da nire ituna, eta nire eta zuen artean eta gero zure ondoko jatorrikoen artean ere beteko duzue: zuen arteko gizon guztiak erdaindu egingo dira.”
Matxismoaren legeztapena zen hura: Jainkoak zeuzkan aukera-mordo guztietatik erdainkuntza ezarri zion ezaugarri hain zuzen ere. Horrela ituna gizonekin bakarrik egiten zen, eta emakumeak itunetik kanpo geratzen ziren, erdaintzeko zakilik ez dute eta.* Gizonak nagusiak dira Jainkoarekin itundu zutelako eta emakumeak azpikoak, itunetik kanpo geratu zirelako.
Milaka urte geroago hauxe ere kontatzen du Bibliak, artean zenbait emakumek itunaren zalantzarik izan balu ere (Korintoarrentzako Done Pauloren 1. gutuna 14, 34-35):
“Batzarretan emakumeak isil bitez, hitz egitea debekatuta dutelako, zuen mendean egon daitezen baizik, legeak ere dioenez. Zerbait ikasi nahi badute, etxean senarrei galde biezaiete, batzarrean emakumea mintzatzea lotsagarria da eta.”
* Ez dira gauza bera gizonen zakilaren erdainkuntza eta emakumeen klitoriaren erauzketa. Neskatilei egiten zaien mozketa hau basakeria da, mina eta osasun-arazo gertagarriak eragin ez ezik, emakumeak gero orgasmorik ezin izatera zigortu ere egiten ditu eta. Beharrik gaur egun bada klitori erauzia berreraikitzeko kirurgia.
‘Historiaurrean pertsona guztiak berdinak ziren, emakumeak eta gizonak; denak elkarlan guztietan aritzen ziren, ehizan eta arrantzan, umeen zaintzan eta fruitu-bilketan’.
Nabarduraren bat gehitu behar litzateke beharbada? Berez zaila da ongi jabetzea idazkirik ez denez, baina azaltzen duzun deskribapen polit-politak paradisua dirudi, batezbesteko bizi-itxaropena gaur egungoa baino askoz apalagoa zen garaian, non hagineko min arruntak heriotza eragin zezakeen.
Halaber, adituek bereizketa egiten dute garai hartako eguneroko lan arloan, hots, gizonak ziren ehizatzen zutenak eta emakumeak fruitu-bilketan aritzen zirenak gehienetan. Generoaren araberako lanaren zatiketa existitzen zen jadanik, eta ez da harritzekorik.
Gizonak ehizaz arduratzen ziren azkarragoak baitziren, gehiago arriskatzen baitzuten eta hiru dimentsioko zereginetan hoberenak baitziren (xabalina jaurti adibidez). Emakumeek bilketa lanak egiten zituzten ikuste-pertzepzio zein eskuzko-trebetasun bikainak baitzituzten. Lanaren zatiketak jarraitu zuen guztiei moldaketa onuragarria zitzaielako.
Erlijioak berak ez du inola bereizketarik sortu, baizik eta aspaldidanik existitzen zirenak bultzatu, justifikatu, areagotu.