Iruña-Veleiako alde beltza
Duela hamar urte, 2008ko azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak talde arkeologikoa lanetik bota, eta 2009ko martxoaren 24an epaitegian salaketa bat aurkeztu zuen Eliseo Gil zuzendariaren aurka, grafito guztiak (400 batzuk, gogoak eman behar) faltsutzea leporatuz. Arazoa epaitegian sartuta, kontua luzerako joango zela pentsatzen zuten (bai bada, oraingoz hamar urte daramatza) eta ahaztuta amaituko zela (ez horixe).
Frogaren baten bila dabiltzalako daramatzate hamar urte, euren eskura aurkitutako 400 piezak dauzkaten arren. Epaitegiak ez du behar lagin batzuk laborategi zientifiko fidagarri eta inpartzial batzuetara eraman besterik, idazkunak noiz grabatu ziren jakiteko azterketak egin ditzaten. Diru txiki batean hil gutxi barru erantzuna izango lukete… eta arazoa kito.
Baina erakunde publikoak (Arabako Foru Aldundia, Arabako Batzar Nagusia, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, euskal alderdi politikoak) alde beltzean dabiltza, analisietatiko froga zindoari uko egiten diote. Iluntasuna nahiago dute eta alde beltzean teoriak, usteak, aieruak eta hipotesiak bakarrik aurkitzen dituzte. Horrela jendaurrean Eliseo Gili inork ere oraingoz ezin dakikeena –idazkunak faltsuak ala benetakoak diren– leporatzen diote. Honatx alde beltzean duten “ziurtasunaren” hiru adibide.
1.- Joakin Gorrotxategi Doktore hizkuntzalariak (bere txosteneko 17. orrialdean [ik. www.veleia.fontaneda.net]) ez du onartzen grafito batzuetan agertzen zen -a atzizkia, eta honelaxe teorizatzen du: “Eskuarki onartutako hipotesiak aurreko erakusle batetik ulertzen du artikulu mugatzailearen sorrera, aspaldian H. Schuchardtek proposatu eta ondoko hizkuntzalari guztiek onartu duten bezala. Euskararen prozesua historia aldetik bilakaera erromanikoarekin nolabait lotuta dagoela suposatzen da. Hau honela bada, orain arte sinetsi denez, …” (hipotesi batzuk 400 frogaren aurka).
2.- Joseba Lakarra Doktore hizkuntzalariak (bere txosteneko 13. orrialdean) -a atzizki berari buruz hauxe pontifikatzen du: “Argia zen ez bakarrik euskal artikulua berantiarra zela, Hispaniako erromantzeetarako [euskara ez da erromantzea] Lapesak xedatzen duenez, VIII mendetik gerokoa, … baizik eta … izan behar zuen itxura zehatza ez zela -a, -ha(r) baino” (teoria batzuk 400 frogaren aurka).
3.- Ertzaintzak bere polizi-txostenean balizko aizunketaren moduaren bila hipotesiak bakarrik eskaintzen ditu, El Correok (2015-12-01ean) dioenez: “Idazkunak egiteko bi jokaleku posible ditu kontuan: aztarnategia bera, lekuko barik, kasurako gauez edo zenbait oporralditan, edo kanpoko toki bat, alegia, lantegi bat edo bizileku bat, jatorrizko pusketak ezkutuan ateraz” (espekulazio batzuk 400 frogaren aurka).
Iruña-Veleiako alde beltzak pertsona errugabe bat (kontrakoa egiaztatzen ez duten bitartean) hamar urte luzean daukate lanik gabe eta ohorea jendaurrean zikinduta. Epaitu gabe hamar urtez irauten duen salaketa bat ez da salaketa, gezur beltza baizik. *
Guztia dela eta, duzun iritzia duzula ere, grafitoak aztertzearen bidezko eskaerari lagundu nahi badiozu, eta horrela, emaitzaren arabera auzia laster artxibatu ala epaiketa zuzena laster egin dadin, gonbidatuta zaude internetean “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera.
Helburu beraz, gonbidatuta zaude Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten diren elkarretaratze isiletara ere.
(*) Aitor irakurlearen iritzi zuzena haintzat harturik, hemen agertzen zen, barkatu, Auschwitzen aipamena ezabatu dut.
Auschwitzen aipamena erabat lekuz kanpo dago, ala?