Zorion Epaitegiorri !
Martxoaren 24an Gasteizko Epaitegiak hamar urte bete ditu Arabako Foru Aldundiak 2009ko martxoaren 24an Eliseo Gil orduan Iruña-Veleiako zuzendariaren aurka aurkeztu zuen aizunketazko salaketa ebatzi gabe.
Norbaiten ustez, hain luzabide lotsagarria frogarik batere ez duelako gertatzen da. Baina ez da egia; badaude 400 froga, aztarnategian agertu ziren aurkikuntzak. Epaitegiak lagin batzuen azterketak agindu behar ditu, grafitoak noizkoak diren aztertzeko ganorazko laborategi inpartzial batzuetara bidal daitezela. Hamar urtean lortu ez duena hilabete gutxiren barruan edukiko luke. Aldi berean talde arkeologiko aditu eta inpartzial bat eratzeko ere agindu behar du, aurkikuntzak agertu ziren lekuetan indusketa gainbegiratuak egin ditzan, ea grafito gehiago aurkitzen duenetz. Bi irtenbideak Eliseo Gil salatuak berak eskatzen ditu hasieratik.
Jarduketa hauek grafitoak egin berriak direla ondorioztatuko balute, aizunketaren froga nabaria izango luke Epaitegiak egilea identifikatu eta epaitzeko.
Aitzitik, grafitoak zaharrak direla baieztatuko balute, egiazkotasunaren froga ukaezina izango luke Epaitegiak, salaketa gaitzetsiko lukeena; baina ez auzia artxibatzeko, hamar urtean jasandako hedabide eta erakundeen jendaurreko zigorra osorik utziko lukeelako. Salatuak errugabeak direla ebatzi beharko luke epaitegiak.
Eta hamar urte gogor hauen ondoren errugabeak direla esatea ez litzateke nahikoa. Bidegabeko iraizpen hura eta kalumnia etengabea direla eta, zuzentasuna zuzena izateko, Epaitegiak hamar urte luzean hondatutako Eliseo Gilen eskubideak (lana, ekonomia, ohorea, entzutea, adorea eta osasuna) jendaurrean prentsan, irratian eta telebistan birgaiarazi beharko lizkioke Aldundi salatariari.
Baina orain, auziak ilunpean jarraitzen duen bitartean, egoera zuzengabe luzeegi hau amaitu dadin, grafitoak aztertzeko eta indusketa gainbegiratuak egiteko eskaera zuzenari lagundu nahi diozuen pertsona eta erakunde guztiok, iritzia edonolakoa duzuela ere, “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera gonbidatuta zaudete.
Eta helburu beraz Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten diren elkarretaratzeetara ere zaudete gonbidatuta.
10 urte!!! Erraz esaten da baina beren larruan nozitzen dutenentzat benetan luzeak. Duela gutxi, urte bat edo bi, Gasteizko epaitegiak sari edo izendapen bat jaso zuen lanak azkar egiten zituelako (!?).
Hainbeste luzatzen den den justizia, injustizia baizik, eta injustizia honen atzean Gasteizko epaitegia bakarrik ez, justizia egin ez dadin nahiko indar egiten ez duten beste indar eta pertsona banako batzuk ere badaude: Arabako Diputazioa, politikariak, EHU…
10 urte!!! Erraz esaten da, baina beren larruan nozitu behar izan dituztenentzat, ez ziren motzak izango. Azken aldian, euskaldunok esperientzia txarra izan dugu justiziarekin: Iruñeko bortxatzaileen kasua, Altsasukoa; lehenago, Egin eta Egunkaria eta beste mila.
Gai hau lehenbailehen ARGITU behar da, onura handiak ekarriko lizkiguke