Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik
2009an Arabako Foru Aldundiak kereila judiziala aurkeztu zuen Eliseo Gilen aurka, zein Iruña-Veleiako aztarnategitik 2008an kanporatutako talde arkeologikoaren zuzendarikidea baitzen, grafitoak faltsutu zituela egotzita.
Hamaika urte joan zen, eta 2020an epaiketa egin zen Gasteizko Zigor Arloko Epaitegian, eta epaia eman zuen Eliseo Gil grafitoak faltsutzeagatik kondenatuz. Baina «Egintza frogatuetan» epaiak berak aurkakoa adierazten du:
– Epaiak hauxe aitortzen du: “berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik behar bezala frogatu ez dela baderitzat ere…”. «Behar bezala frogatu» ez denez gero, ez da erruduna.
– Epaiak alegiazko lagunak asmatzen ditu, hamar aldiz hauxe errepikatuz: “[Eliseo Gilek] bere kabuz edo hirugarren lagun batzuen bidez, ebakiak egin zituen…”. «Hirugarren lagun» horiek ez dira existitzen, ez dute izenik, hamaika urteetan ez dira agertu, epai osoan ez da bakar bat ere identifikatzen”.
Beraz, Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Arabako Probintzia Auzitegian, eta 2021eko epaian Eliseo Gil berriro zigortu zuen, epaiketako epaiaren «Egintza frogatuak» onartuz: “Aurkaratutako ebazpenekoak onartu ziren”; hau da, ez du ezer aldatzen, ez du Eliseo Gilen aurkako frogarik aurkezten eta ez du batere «hirugarren lagunik» aurkitzen.
Bere errugabetasuna aldarrikatuz, 2021ean Eliseo Gilek babes-helegitea aurkeztu zuen Konstituzio Auzitegian, “kondenatua izateko delituen erruduntasuna zehazteko froga bakar bat ere (ez zuzenekorik, ez zantzuzkorik) aurkeztu ez denik uste sendoa duelako, ez eta aipatutako aurkikuntzak faltsutzearen ondorio direla ere zientifikoki frogatu ez denik”.
Hamahiru urte joan da, eta Konstituzio Auzitegiak urte eta erdi baino gehiago darama helegitea aztertuko ote duen erantzun gabe ere.
Egoera bidegabe honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Euskal Irrati Telebista, Aranzadi Zientzia Elkartea, Jakiunde Arteen Letren eta Zientzien Elkartea, Eusko Ikaskuntza, guztiak isildu egiten dira (EUSKAL HERRI GAIXOA!), Arabako Foru Aldundiari beste kasu guztietan egiten dena eskatu beharrean, hots, Egia agertzeko, pieza batzuk zenbait laborategi aditutara bidaltzea, grafitoak noiz grabatu diren zientifikoki erabaki dezaten.
Bidegabekeria galanta Eliseorekin egin dutena eta egiten ari direna. Hor aipatzen dituzun erakundeek badute zer esanik eta mutu daude. Noiz arte?
Grafito gehien-gehienak analizatu gabe daude eta beste asko garbitu ere egin gabe. Noiz arte egoskorkeria hau?
Irulegiko eskuarenak oso garbi utzi du zer garrantzia duen garbitzeak. Garbitu ez balute txatar puska bat baino ez zen izango.
Iruña-Veleiako kasuan ere piezak garbitzean agertzen ziren idazkunak. Noski! Mila eta bostehun-zazpirehun urte zeramatzaten lurpean. Garbitzea: Irulegin ezinbestekoa izan dena idazkuna irakurri ahal izateko, Iruña-Veleian faltsutasun frogatzat hartu zuten. Fede txarra edo inorantzia, edo biak batera!
Iruña-Veleiaz gehiago jakiteko oso lagungarria da helbide horretan idatzita daukazuna.
Iruzkin Iruña-Veleia faltsutzat jotzeko arrazoiek bi zirela uste genuen: euskera eta kristautasuna.
*Irulegi argitzearekin euskeraren karta sakrifikatu dute, “euskalduntze berantiarraren” asmakizuna Iruña-Veleiarekin nabarmen gelditu bazen ere. Orduan… kristautasuna ote da ba Iruña-Beleia izkutatzeko horrenbeste tranpa egitearen arrazoia?
Ondoren idatziko dudanak Gontzalen gaiarekin lotura zuzenik ez duen arren, iruzkin hau egin nahi dut.
Duela gutxi, lagun batek eta biok Arabako Arkeologia Museoa bisitatu genuen, Gasteizko Aiztogile kalean. Ezinbestekoa Arabako altxor arkeologikoak ezagutuzeko. Bertan, 2. eta 3. solairuetan, Eliseo Gilek eta Idoia Filloy-k Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako objektu ugari ikus daiteke -zoritxarrez, grafitoak falta dira-. Objektu ugari, era, forma eta material askotakoak.
Baina ez Iruña-Veleian aurkitutakoak bakarrik. Banekien Arabako beste aztarnategi batzuetan ere lan eginak zirela, batzuetan zuzendari gisa eta beste batzuetan besteren zuzendaritzapean. Informazioa eskatu diet eta horrela jakin dut Arkaia, La Hoya, San Miguel de Atxa, Las Ermitas, Carasta, Nuestra Señora de Uralde, Albeiurmendi, El Riberón, Angostina, Viña Assa, La Iglesia eta beste leku batzuetan egin zituztela indusketak. Eta aztarnategietan lan egiteaz gain, txostenak eta memoriak idatzi zituztela, horietako batzuk argitaratuak, hala nola Atxa, El Riberón, Albeiurmendi, Uralde eta Carastako indusketei buruzkoak.
Beste proiektu hau ere garatu zuten: “Araba erromatarren garaian. Erromanizazioaren fenomenoaren berrikuspen kritikoa eta balorazio arkeologikoa “, 1988ko Barandiaran Beka ospetsuaz hornitua. Halaber, Euskal Herriko Erromanizazioari buruzko bi Kongresu antolatu zituzten Eusko Ikaskuntzaren bitartez. Gainera, Arabako Arkeologia Museo zaharreko erromatarren garaiko erakusketan parte hartu eta argitalpen monografiko bat landu: “Erromanizazioa Araban. Arabako Arkeologia Museoko erromatar garaiko Arabari buruzko erakusketa iraunkorraren katalogoa. Gasteiz, 2000”.
Arabako Erromanizazio garaiaz gain aurreko garai indigena aztertzen ere aise moldatzen direla erakutsi dute, Arabako erromatar aurreko eta erromatar garaiari buruzko hainbat argitalpenekin, Dialnet-en edo Akademia.Edu-n ikus daitekeen bezala.
Horrekin zera esan nahi dut, Eliseo eta Idoia arkeologo eskarmentudunak zirela Iruña-Veleian jardun zutenean, eta gaizki induskatu zutela edota Eliseok grafitoak faltsutu zituela esatea, irain nabarmena dela. Iruña-Veleiako aztarnategia bisitatzen duenak ikusiko du haien izenak ez direla azalpen-paneletan agertzen, nahiz eta 14 urtez lan egin bertan. Seguru nago mendekua izan dela. Noiz egingo zaie justizia, noiz berreskuratuko zaie izen ona eta noizko erreparazioa? Arduradunek erantzun dezatela.