Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak
Konpondu gabeko Iruña-Veleiaren arazoa oraindik Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakiaren menpe dago, zeren Eliseo Gilek, Iruña-Veleiako grafitoak aurkitu eta, faltzutu izana leporatuta, 2008ko azaroan aztarnategitik bota zuten arkeologi taldeko zuzendarikideak, babes-errekurtsoa aurkeztu baitzuen, epaitegiak “erruduntasunaren froga bat ere” aurkeztu gabe eta “aurkikuntza horiek faltsutzearen ondorio direla zientifikoki frogatu” gabe kondenatu duelako.
Izan ere, epaiketaren epaia bera kontraesanetan erortzen da, Eliseo Gil kondenatzen du baina “berak bere eskuz grafito garaikideak egin zituela behar bezala frogatu ez dela” aitortzen du. Baina kondenatzeko, grafitoak “berez edo hirugarren batzuen bidez” egin zituela gaineratzen du, eta hori ezinezkoa da, “behar bezala frogatu ez denez gero” berez egin ez zituelako, eta “hirugarren” horiek existitzen ez direlako, hamaika urteko prozesu judizialean ez baita identifikatu epaian bat-batean aipatutako hirugarrenik.
Beraz, epaitegiak kondenatu egiten du baina ez du frogarik, nahiz eta 2012ko uztailean aditu-txosten bat eskatu zion Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari, grafitoei buruzko informazioa eskatzeko, zehazki “antzinatasuna”. Baina Erakundeak “datatzeko teknikarik ez daukala” erantzun zion. Eta kito, Epaitegia erantzun horrekin konformatu eta ez zuen jo grafitoak grabatu direneko garaia zehazteko baliabideak badituzten laborategi adituengana.
Horren erraza izango zen konponbidea, baina benetako arazoa hauxe da, erakunde politiko, unibertsitario, zientifiko, kultural eta judizialek zerbaitengatik grafitoen datazioa egiterik nahi ez dutela, Egia ezagutzeko bide bakarra bada ere.
Bai, 2006tik gauza beltz eta ilun asko gertatu dira Iruña-Veleia auziaren inguruan eta argitu beharko lirateke. Oso larria da azken paragrafoan diozuna: erakunde politiko, unibertsitario, zientifiko, kultural eta judizialek ez dutela dataziorik egin nahi. Hain zaila al da erabakitzea grafitoak II-III-IV-V. mendean egin ziren ala XXI. mendean, Joseba Lakarrak dioen bezala? Euskal zientzia leku txarrean gelditzen da horretarako gai ez bada.
Gainera, irakurri dudanez, Arabako Diputazioak Iruña-Veleian indusketa berri “erraldoia” egiteko asmoa omen du (Diario Vasco-Correo). Lehengoa argitu gabe? Diru ugari dute horretarako: Jaurlaritzak emango lituzkeen 500.000 euro, Europatik datorren dirutik 400.000 euro gehi Diputazioak ematen dituen urteroko 160.000ak.
Aipatu dituzun erakunde horiez gain hedabideek ere zeresan galanta izan dute auzi honetan. Posturarik garbiena Correo-Diario Vascok izan dute: grafitoak faltsuak dira. Zer diote besteek?