Iruña-Veleiako txarrena
Txarra da duela hamaika urte Arabako Foru Aldundiak aztarnategitik Eliseo Gilen talde arkeologikoa kanporatu izatea, artean hartu ere ez zituen txosten batzuetan oinarrituz.
Txarra da gainera Epaitegian Eliseo Gilen aurka kereila aurkeztu izatea, ondareari egindako kalteak leporatuz batere frogarik eskaini gabe. Eta horrela, akusatuta, hamaika urte luze bizi behar izan ditu. Azkenik epaiketa 2020ko otsailaren 3an hasiko omen da.
Txarra da Eliseo Gilek aldizka beraren ohore eta izenaren aurkako kondena mediatikoak jasatea, aurkakoa frogatzen den bitartean edonor errugabea dela ukatuz.
Txarra da, froga egiaztagarriak badira ere, aztarnategian aurkitutako pieza arkeologikoak, salatzailearen museo batean(!?) ezkutaturik egotea.
Txarra da Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Instrukzioko Epaitegiak grafitoak, oraintsu ala antzina, zein garaitan grabatu diren jakiteko azterketa egokiak egiteari ezezko biribila eman izatea.
Baina txarrena hauxe da, gure herriko erakundeei,
ez Eusko Jaurlaritzari (ondare arkeologikoaren jabe),
ez Instrukzioko Epaitegiari (auziaren argitzaile),
ez Unibertsitateari (jakintzaren gune),
ez alderdi politikoei (herritarren ordezkari),
ez Euskaltzaindiari (euskararen zaindari),
grafitoak aizunak ala benetakoak diren axolarik ez izatea; lurpetik atera ziren piezak baliorik gabeko zaborra ala gizateriaren altxorra ziren.
Ez zuten egia jakiteko ardurarik, Auzitegiari ofizialki hauxe eskatzeko, grafitoak noizkoak diren frogen bila azterketa egokiak egiteko agin dezala, eta, ea orain grafito gehiago agertzen denetz, talde arkeologiko batek orduko leku berean induskatzeko.
Horren erraz grafitoak aizunak ala benetakoak diren ebidentzia lukete, ondareari kalterik egin zaion ala ez. Bai Auzitegiaren lasaitasuna, txosten horiek balitu!
Azterketak eta indusketak eskatzeari lagundu nahi diotenek IRUÑA-VELEIA ARGITU elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” http://www.irunaveleia.eu sina dezakete. Gainera, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Arabako Foru Aldundiaren aurrean egiten den elkarretaratzera datozke.
( Historia eta egiaztatzen dioten agiriak https://www.veleia.fontaneda.net webgunean daude )
Badator epaiketa, 11 urteren ondoren, eta hamaika(!!!) sufrikario eta bidegabekeriaren ondoren.
Elixabete Garmendiak 2020ko 19ko Berrian idatziriko hausnarketa ezin hobeto dator honen guztiaren karira:
“Ikusi egin behar epaiketak zer ematen duen. Nolanahi ere, tristea da gero dena judizializatu behar hau… Tamalgarria da arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak elkarlanean jarri eta auzia argitzeko gai ez izatea; deitoratzekoa, jakintzaren arloan diharduten erakundeek —Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde, unibertsitateak…— horretan ez lagundu izana” (E. Garmendia, Berria 2020-01-19)