Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik
2022-11-21 // Iruña-Veleia // 4 iruzkin
2009an Arabako Foru Aldundiak kereila judiziala aurkeztu zuen Eliseo Gilen aurka, zein Iruña-Veleiako aztarnategitik 2008an kanporatutako talde arkeologikoaren zuzendarikidea baitzen, grafitoak faltsutu zituela egotzita.
Hamaika urte joan zen, eta 2020an epaiketa egin zen Gasteizko Zigor Arloko Epaitegian, eta epaia eman zuen Eliseo Gil grafitoak faltsutzeagatik kondenatuz. Baina «Egintza frogatuetan» epaiak berak aurkakoa adierazten du:
– Epaiak hauxe aitortzen du: “berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik behar bezala frogatu ez dela baderitzat ere…”. «Behar bezala frogatu» ez denez gero, ez da erruduna.
– Epaiak alegiazko lagunak asmatzen ditu, hamar aldiz hauxe errepikatuz: “[Eliseo Gilek] bere kabuz edo hirugarren lagun batzuen bidez, ebakiak egin zituen…”. «Hirugarren lagun» horiek ez dira existitzen, ez dute izenik, hamaika urteetan ez dira agertu, epai osoan ez da bakar bat ere identifikatzen”.
Beraz, Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Arabako Probintzia Auzitegian, eta 2021eko epaian Eliseo Gil berriro zigortu zuen, epaiketako epaiaren «Egintza frogatuak» onartuz: “Aurkaratutako ebazpenekoak onartu ziren”; hau da, ez du ezer aldatzen, ez du Eliseo Gilen aurkako frogarik aurkezten eta ez du batere «hirugarren lagunik» aurkitzen.
Bere errugabetasuna aldarrikatuz, 2021ean Eliseo Gilek babes-helegitea aurkeztu zuen Konstituzio Auzitegian, “kondenatua izateko delituen erruduntasuna zehazteko froga bakar bat ere (ez zuzenekorik, ez zantzuzkorik) aurkeztu ez denik uste sendoa duelako, ez eta aipatutako aurkikuntzak faltsutzearen ondorio direla ere zientifikoki frogatu ez denik”.
Hamahiru urte joan da, eta Konstituzio Auzitegiak urte eta erdi baino gehiago darama helegitea aztertuko ote duen erantzun gabe ere.
Egoera bidegabe honen aurrean, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra, Arartekoa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Euskal Irrati Telebista, Aranzadi Zientzia Elkartea, Jakiunde Arteen Letren eta Zientzien Elkartea, Eusko Ikaskuntza, guztiak isildu egiten dira (EUSKAL HERRI GAIXOA!), Arabako Foru Aldundiari beste kasu guztietan egiten dena eskatu beharrean, hots, Egia agertzeko, pieza batzuk zenbait laborategi aditutara bidaltzea, grafitoak noiz grabatu diren zientifikoki erabaki dezaten.
[Aipuak eta agiri osoak hementxe daude: https://www.veleia.fontaneda.net]
Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak
2022-02-15 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Konpondu gabeko Iruña-Veleiaren arazoa oraindik Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen erabakiaren menpe dago, zeren Eliseo Gilek, Iruña-Veleiako grafitoak aurkitu eta, faltzutu izana leporatuta, 2008ko azaroan aztarnategitik bota zuten arkeologi taldeko zuzendarikideak, babes-errekurtsoa aurkeztu baitzuen, epaitegiak “erruduntasunaren froga bat ere” aurkeztu gabe eta “aurkikuntza horiek faltsutzearen ondorio direla zientifikoki frogatu” gabe kondenatu duelako.
Izan ere, epaiketaren epaia bera kontraesanetan erortzen da, Eliseo Gil kondenatzen du baina “berak bere eskuz grafito garaikideak egin zituela behar bezala frogatu ez dela” aitortzen du. Baina kondenatzeko, grafitoak “berez edo hirugarren batzuen bidez” egin zituela gaineratzen du, eta hori ezinezkoa da, “behar bezala frogatu ez denez gero” berez egin ez zituelako, eta “hirugarren” horiek existitzen ez direlako, hamaika urteko prozesu judizialean ez baita identifikatu epaian bat-batean aipatutako hirugarrenik.
Beraz, epaitegiak kondenatu egiten du baina ez du frogarik, nahiz eta 2012ko uztailean aditu-txosten bat eskatu zion Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari, grafitoei buruzko informazioa eskatzeko, zehazki “antzinatasuna”. Baina Erakundeak “datatzeko teknikarik ez daukala” erantzun zion. Eta kito, Epaitegia erantzun horrekin konformatu eta ez zuen jo grafitoak grabatu direneko garaia zehazteko baliabideak badituzten laborategi adituengana.
Horren erraza izango zen konponbidea, baina benetako arazoa hauxe da, erakunde politiko, unibertsitario, zientifiko, kultural eta judizialek zerbaitengatik grafitoen datazioa egiterik nahi ez dutela, Egia ezagutzeko bide bakarra bada ere.
[Aipuak dauzkaten agiriak hementxe daude: https://www.veleia.fontaneda.net]
Azaroaren 19a, Iruña-Veleiaren Eguna
2021-11-25 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Iruña-Veleia Arabako Foru Aldundiaren jabetzako aztarnategi arkeologikoa da. 2002az geroztik Lurmen S.L. enpresari esleitu zion induskatzeko, zuzendari Eliseo Gil zelarik. 2005 eta 2006an ezohiko grafitoak zeuzkaten piezak agertu ziren: irudiak, hieroglifoak, latinezko, grekozko eta euskarazko testuak.
Ezustea, batetik eta zalantza ulergarriak, bestetik, 2008an Aldundiak “Batzorde Zientifiko Aholkularia” eratu zuen. Bere azken bilera 2008ko azaroaren 19an egin zen. Amaitu eta minutu batzuetara, Aldundiak talde arkeologikoari “gaizki kudeatutako proiektu arkeologiko bat” egin izana leporatu zion eta aztarnategitik kanporatu zuen, nahiz eta bi txosten bakarrik jasoak zituen (beste hamarrak egun edo aste batzuk beranduago sartuko ziren); bilerakide guztien adostasunik gabe, gehiengorik gabe, eztabaidarik gabe, inork frogarik aurkeztu gabe, teoriak eta iritziak bakarrik. Aldi berean, hedabide-kanpaina bat hasi zen aurkikuntzari eta talde arkeologikoari izen ona kentzeko asmoz, faltsutzeaz hitz eginez etengabe, inolako frogarik gabe, zenbaiten titulu politiko edo akademikoetan oinarrituta soilik.
Eta Aldundiak, arazoari irtenbidea bilatzeko, grafitoak noiz grabatu diren zehazteko laborategi zientifikoetara jo beharrean (beste guztietan egiten den bezala), Eliseo Gilen aurkako salaketa jarri zuen epaitegian, 2009an.
Hamaika urte iraun zuen ikerketa judizialak eta 2020an egin zen ahozko epaiketa. Epaiak Eliseo Gil kondenatu zuen. Eliseo Gilek Araba Herrialdeko Auzitegian helegitea aurkeztu zuen, baina auzitegi honek atzera bota zuen 2021ean.
Eliseo Gilek Auzitegi Konstituzionalean babes-helegitea aurkeztu du “bere eskubide konstituzionalak eta babes judizial eraginkorraren eskubidea urratu direlako“. Hona hemen Eliseo Gilek eta aurkitutako grafitoek Arabako epaitegietan jasan duten defentsa-gabeziaren adibide batzuk.
Epaitegiak ez zuen egin aurkikuntzen zaintza judiziala: aztarnategia ez zen inoiz zigilatu eta aurkikuntzak ez ziren inoiz auzitegiaren esku egon, beti salatariaren (Aldundiaren) arkeologia-museoan egon dira. Horrela, 2012an instrukzio-epaitegiak Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari aditu-txostena eskatu eta aztertzeko hogeita hemeretzi pieza eman zizkionean, horietatik zortzi beste bi laborategiren eskuetan egonak ziren aurretik, 2008 eta 2009an, baina epaitegiak ez zekien, zaintzarik gauzatzen ez zuelako. Aipatutako txostenean oinarrituta, epailearen sententziak hogeita hamazortzi pieza manipulatu zirela adierazten du, horietatik zazpi lehenago beste bi laborategi horien eskuetan egondakoak.
2020an, ahozko epaiketan, arkeologia-museoko bi zaharberritzailek zera testigatu zuten: “Iruñako zeramikazko kutxak gure zerbitzura sartu ziren garbitzeko, eta garbitzen hasi ginen. Hogei bat kutxa ziren. Bigarren kaxa garbitzen ari ginela mokoan adartxo bat zuen hegazti bat agertu zen zeramika batean. Aurrez, grafitoren bat agertuz gero museoari berri emateko ohartarazi ziguten, eta horrela egin genuen. Piezak hartu zituzten. Ez ditugu berriro ikusi ez garbituak ez garbitu gabeak”. Epaitegiak ez zuen testigantza hori jaso ere egin, sententzian ez baitira kutxa horiek aipatu ere egiten. Epaileak aukera izan zuen kutxa horiek eskatzeko, garbitu gabeko piezak aztarnategitik irten zirenean bezala egongo baitziren.
Bestalde, epaiak hauxe aitortzen du, “ez da behar bezala frogatu berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik”, eta hainbat aldiz errepikatzen du: “berak [Eliseo Gilek] edo bitartekoen bitartez egin zituela”. Hortaz, epaiak berak Eliseo Gil errugabea dela adierazten du, “behar bezala frogatu gabe” berak ez zuelako grafitorik egin, ezta “bitartekoen bitartez”; existitzen ez direlako, ez direlako identifikatu, hamaika urtean inor auzipetu edo deklaratzera deitu ez dutelako, ezta “bitarteko” asmatu berri horiek bilatzen saiatu ere. Baina epaiak Eliseo Gil kondenatu zuen.
Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Araba Herrialdeko Auzitegian, eta honek gaitzetsi eta epailearen sententzia mantendu zuen egitate “frogatuak” direla esanez. Auzitegiak ere ez zituen zaharberritzaileen epaiketako testigantzak behar bezala entzun, ezta epailearen epaia behar bezala irakurri ere.
Herrialdeko Auzitegiak hauxe argudiatu zuen: “objektuen ardura Aldundiak bakarrik har zezakeela eta hartu behar zuela, auziaren Instruktorearen kontrolpean“, “instruktorearen kontrolik” ez zegoela begi bistakoa denean, pieza batzuk beste laborategi batzuetan egon zirelako, Eliseo Gil salatzeko balio izango zuen aditu-txostena burutu aurretik.
Aurkikuntzak zaintza judizialaren menpe egon beharrean “auzi-jartzailearen” eskuetan egotea, honelaxe defendatzen zuen auzitegiak: “ez dago arrazoi jakinik aurkikuntza batzuk amarruz gutxiesten saiatzeko. Auzi-jartzailearentzat ez zen ezer pozgarriagorik izango benetakotasun hori berrestea baino, Iruña-Veleiako aztarnategia leku erakargarri bikaina bihurtuko zuelako herrialdearentzat”. Argudio hau iritzi pertsonal hutsa da, eta sinesgaitza: norbaitek kereila jartzen badu irabazi nahi duelako da, horixe du “pozgarriena” harentzat, horretarako aurkeztu du. Aldundiak benetakotasuna nahi izan balu, laborategi zientifiko serioetara joko zukeen (beste guztietan egiten denez), auzitegian korapilatu beharrean.
Itxaron izatekoa da Auzitegi Konstituzionalak Eliseo Gilen babes eskeko helegitea onartzea eta behar bezala irakurtzea eta entzutea.
SOS Iruña-Veleia, Iruña-Veleia Martxan eta Martin Txipia
[Aipuen agiriak https://www.veleia.fontaneda.net webgunean daude]
Iruña-Veleia auzitegietan
2021-09-08 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Eliseo Gilek, Iruña-Veleiako epaiketan zigortuta, babes eskeko helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, benetako babes judizialerako eskubidea urratu zaiolako, erruduna den frogarik ezta grafitoak faltsuak diren frogarik ere aurkeztu ez da eta. Gainera, Epaitegiak ez du aurkikuntzen zaintza gauzatu, beti salatariaren esku egotea baimenduz.
[Aipatzen diren jatorrizko idazkiak https://www.veleia.fontaneda.net webgunean daude]
INSTRUKZIOA
2012an instrukzioko epaileak txosten bat eskatu zion (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Erakundeari. Hogeita hemeretzi zeramika eman zitzaizkion aztertzeko. Dokumentatuta dago lehenago ere zeramika horietatik zortzi beste bi laborategiren esku egon zirela. Aurkikuntzak zaintzen ez zituenez, Epaitegiak ez zuen irregulartasunik antzeman IPCEri emandako zeramiketan, haietako zortzi lehen ere beste laborategi batzuek erabilita, eta horregatik baliozkoak ez zirela [ib. 13. koadroan].
2013an IPCEk bere txostena aurkeztu zuen, eta grafito gehienak “garaikideak” (faltsuak) zirela esan zuen. Txostenaren kalitate zientifikorik ezaren adibide bat 15920 zenbakiko piezaren ‘analisia’ da. Lehenik, grafitoa “garaikidetzat” jotzen du, baina gero ezetza “badaitekeela” dio, eta azkenean, pieza horretan “ziurgabetasunak” dituela aitortzen du:
“Aukera” hori eta “ziurgabetasun” horiek gorabehera, bere horretan jarraitzen du “garaikidetzat” jotzen. Epaileak onartu egin zuen horren txosten fidagaitza, eta gainera zarakarrak kentzeko proposamena arbuiatu zuen, Eliseo Gil aspaldidanik eskatzen ari dena.
2012an instrukzioko epaileak txosten bat eskatu zion (ESCRBC) Kultur Ondasunak Zaintzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolari, eta azterketa egiteko dokumentazioa eman zitzaion.
2015ean bere txostena aurkeztu zuen. Baina ESCRBCk zioena desitxuratu zuen instrukzioko epaileak 2017an eman zuen autoan honelaxe aipatuz:
Horrela idatzita badirudi ESCRBCri grafitoak benetakoak iruditzen ez zitzaizkiola, baina txostenak ez zioen hori:
Besteak beste, “Ildoen edukiaren azterketa” eta “perituen indusketa” proposatzen zituen, Eliseo Gilen betiereko eskaerak. Epaileak, esaldia moztuz, erabat aldatu zuen ESCRBCren hitzen zentzua. Eta, Eskolak ere froga batzuk egitea proposatzen zuen arren, epaileak berriro arbuiatu zuen proposamena.
EPAIKETA
2020an epaiketan aurkikuntzak dauden museoko bi zaharberritzailek testigantza hauxe eman zuten:
Hala ere, epaiketaren epaiak ez ditu lekukotasun horiek aipatu ere egiten, eta kutxa horiek eskatzea arbuiatzen du, agian zeramikak aztarnategitik zikin atera ziren bezalaxe edukiko dituzten arren.
Bestalde, epaiak “manipulatutzat” jotzen dituen hogeita hamahiru piezetatik zazpi bi laborategien esku egon ziren aurretik, aurkikuntzen zaintza judizialik ezagatik.
Hori gutxi balitz ere, pieza “manipulatu” horien artean 15920 zenbakikoa bera agertzen da, IPCEri berari zalantzak eta “ziurgabetasunak” eragiten zizkiona eta esku hartzea proposatzen zuena. Epaiak hauxe dio:
Epaiak, Eliseo Gil kondenatzen duen arren, kontrakoa adierazten du, izan ere, ageriko kontraesana planteatzen baitu: Eliseo Gilek berak egin ez zuela adierazten du, “behar bezala frogatu” ez delako, eta “bitarteko” batzuen bidez ere egin ez zuela, halakorik existitzen ez delako, hamaika urteko prozesuan ez da “bitartekorik” identifikatu, bilatu ere egin ez da eta.
HELEGITEA
Eliseo Gilek epai horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Araba Herrialdeko Entzutegian. 2021ean Entzutegiak epaia eman zuen. Epaiketaren “egitate frogatuak” onartzen ditu; ez du hauteman ere aurkikuntzen zaintzarik izan ez zela, nahiz eta zeramika batzuk lehenago bi laborategiren esku egon ziren. Aitzitik; piezak, erakunde judizial batean egon beharrean, beti Arabako Foru Aldundiaren museo batean alde salatariaren esku egotea onartzen du. Are gehiago, Entzutegiaren epaiak egoera hori defendatzen du, baina ez froga eta argudio sendoez, iritzi pertsonal hutsaz baizik:
Egiazko bizitzan kereila aurkezten duten guztiek irabazteko asmoz egiten dute. Balizko benetakotasunaz atsegintzeko, “kereila jartzaileak” lagin batzuk laborategi aditu batzuetara eramango zituen, zientziaren bitartez grafitoei data jartzeko (beste kasu guztietan egiten denez). Aitzitik, ez bat eta ez bi, grafitoei faltsuak izatea leporatu eta Epaitegia nahastea erabaki zuen.
GALDERA
Eta Botere Judiziala ez al da ezertaz ohartu?
Bi pertsona
2021-05-22 // Gizartea // Iruzkinik ez
Bi pertsona;
kito.
Iruña-Veleia: Zugarramurdiko Altamira
2021-03-29 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Emakume haiek ez ziren inoiz ere sorginak izan, baina sutan hil ziren Inkisizioaren sinesmenek kondenatuta. Labar-pintura horiek ez dira inoiz ere faltsuak izan, baina Espainiako Natur Historiaren Elkartearen teoriek kondenatu zituzten. Grafitoak ez dira inoiz ere faltsuak izango Zientziak noiz grabatu ziren zehazten ez duen bitartean. Hala ere, faltsutzat kondenatu dituzte iritzi akademiko eta judizialek inolako frogarik gabe.
[Agertzen diren aipamenak koadroetan eta bibliografian ikus daitezke: https://www.veleia.fontaneda.net]
2005ean Iruña-Veleian grafitoak zituzten pieza batzuk agertzen hasi ziren, talde arkeologikoak III mendean datatu zituenak. Jakina, ustekabe handia izan zen, batez ere euskarazkoengatik, mende hartan ere euskara Araban zegoela esan nahi zuten eta. Grafitoak III mendekoak ez ote ziren zalantza sortu zen, faltsuak zirelako iritzia ere bai. Naturala da eztabaida agertzea, baina naturaren aurka jardutea ez da naturala.
1. KANPORATZEA
Grafitoak aztertzeko, Arabako Foru Aldundiak batzorde bat sortu zuen 2008an, “Iruña-Veleiako Batzorde Zientifiko-Aholkularia” izenekoa, baina ez zen “aholkularia” ezta “zientifikoa” ere.
Ez zen “aholkularia”, aholkatua baizik. Batzordekide batek bere txostenean helburua grafitoak onargarriak ez zirela ebaztea zela aitortu zuen [3. koadroan]: “eskatutako txostenak ez zuen inolaz ere jasotzen euskal idazkunak onargarriak izan zitezkeen egoerarik azaltzeko eskaria”.
Ez zen “zientifikoa” ere, iritziemalea baizik, ez zuen frogarik bilatzen, ezta lortu ere. Beste batzordekide batek [6. koadroan] bere txostenean hauxe zeritzan: “ez da oso ulergarria hiriaren izena, Veleia, latinezko iturri berankor batzuetan ere B letraz agertu arren, euskal grafitoetan beti V letraz idatzita agertzea”. Baina hara non 2012an froga bat agertu zen: erromatarren oparri bat aurkitu zuten, eta Veleia V letraz irakur zitekeen idazkunean. Harrigarriena zen batzordekide hau oparriaren aurkezpenean sinatzaileetako bat izatea.
Batzarkide horrek berak ere [1. koadroan] txostenean iritzi hauxe ematen zuen: “piezen antzinatasunaren aurkako hizkuntz argudio ugari eta sendoak ere agertu dira. –A artikulu mugatzailearen egotea. Zalantzarik ez duten hitzetan oso adierazita dago: naia, mona”. –A letra artikulu mugatzailea den ala ez eztabaidan hasi gabe, aurkezten zituen bi adibide horiek ez ziren inola ere “sendoak”; izan ere, egungo ‘anaia’ eta ‘amona’ izan litezke, eta azkeneko ‘a’ hori organikoa da, ez da artikulua ezta atzizkia ere; izenaren atala da.
Batzordean guztien adostasunik ezta faltsutzearen aldeko gehiengo osorik ere ez zegoenez, laborategi aditu batzuek grafitoak zein garaitan grabatu ziren ebaztera eramatea izango zen zentzuzkoa. Baina ez; 2008an, Batzordearen azken bilera amaitu eta berehalaxe, Aldundiak Eliseo Gilen taldea Iruña-Veleiako aztarnategitik bota zuen, eta 2009an Euskal Herriko Unibertsitateari eman zion zuzendaritza.
2. SALATZEA
2009an Aldundiak Eliseo Gilen aurkako salaketa aurkeztu zuen Epaitegian. Hamabi txostenetatik bostek bakarrik zioten grafitoak faltsuak zirela, ez ziren arduratzen beste mende bat proposatuz garaia zuzentzeko, baizik eta zuzenean faltsukeria salatu eta faltsutzailea Eliseo Gil zela mintzatzean ziren. Horrela, Epaitegian salatu zitekeen, eta oso egitasmo adimentsua izan zen, hutsarte bat bermatzen baitzuen –hamaika urtekoa izan zena– pandemia mediatikoak grafitoak eta Eliseo Gil jendaurrean aurretik kondenatzeko.
Gehiegizko luzapen horretan, Instrukzioko epaileak bi erakunderi eskatu zien grafito batzuei buruzko txosten bana. Kultur Ondasunak Zaindu eta Zaharberritzeko Goi Eskola izan zen bat. Goi Eskolak bi jarduketa egitea komeni zela proposatzen zuen bere txostenean [10. koadroan]: “betegarria duten ildasken edukia aztertzea” eta “aditu-indusketa bat abiaraztea”.
Beste erakundea Espainiako Kultur Ondarearen Erakundea izan zen. Bere txostenean piezen azal gaineko hondarrak bakarrik aztertzen zituen [7. koadroan]. Hala ere, zientziazko txinparta bat izan zuen, hauxe jo baitzuen interesgarritzat [10. koadroan]: “zarakarrak modu kontrolatuan kentzea, horien azpian testua dagoen ala ez argi eta garbi egiaztatzeko”. Bide ona ziratekeen erakunde horien hiru proposamenak, baina Instrukzioko epaileak, epaiketako epaileak eta Auzitegiak arbuiatu egin zituzten.
3. KONDENATZEA
Hamaika urte joanda epaiketa iritsi, eta 2020an epaia argitaratu zen. Eliseo Gil kondenatzen bazuen ere, guztiz kontrakoa adierazten zuen epaiak berak: grafitoak ez Eliseo Gilek ez beste inork ere egin ez zituztela baieztatzen zuen, [11. koadroan] honako hau aitortzen zuelako: “ez da behar bezala frogatu grafito garaikideak [Eliseo Gilek] bere kabuz egin zituela”, baina “bere kabuz edo bitarteko batzuen bidez” egingo zituela uste zuen. Hala ere, iritzi hau ematean ez zuen argitzen “bitarteko” horiek nortzuk ziren, ez zituen identifikatzen; beraz, ez dira existitzen. Hori dela eta, inork faltsutu ez dituenez gero, grafitoak ez dira faltsuak eta Eliseo Gil ez da erruduna.
Zigorraren aurka Eliseo Gilek helegitea aurkeztu zuen Arabako Lurralde Auzitegian, eta honek 2021eko urtarrilaren 26an eman zuen epaia. Berriro kondenatzen zuen. Helegiteko gai bat zaintza-katea haustea zen; hau da, frogak (aurkikuntzak) beti Aldundiaren esku egon zirela –eta oraindik ere hortxe daude–, alderdi salatariaren esku. Eta horrela, piezak “bisitatzen” zituztenei erakutsi egin zizkieten eta Aldundiak berak eskatutako ikerketa bat ere egin zien grafologi laborategi batek.
Beraz, Auzitegia ezin zitekeen jakinaren gainean mintzatu, Epaitegiak aurkikuntzak zaindu ez zituelako, eta hauxe, hain zuzen ere, eskatzen zuen helegiteak: beharrezko zaintza judizial inpartziala. Beraz, nabaritasunez erantzun ezin zuenez, Auzitegiak Aldundiarekiko oso iritzi ulerbera eman behar izan zuen arazoa saihesteko [12. koadroan]: “Piezak salatariaren esku geratu arren, nahita eragindako edozein kutsadura baztertzea egokia da. Salatariak ez zukeen egiazkotasun hori baieztatzea baino atseginagorik, Iruña-Veleiako aztarnategia erakarpen bikaineko gunea bihurtuko zuen eta”. Iritzi horrek (iritzia besterik ez izateaz gain) ez zuen zentzurik: Aldundiak “atsegin” hori nahi izan balu, inolako frogarik gabeko faltsutzea salatu ordez, grafitoak noizkoak ziren egiaztatzeko laborategi batzuengana joko zen, eta, orduan grafito gehiago agertzen ziren ala ez ikusteko, indusketa kontrolatu bat egiteko arkeologi talde bat eratuko zukeen.
. BELDURRA
Zeren beldur dira? Zergatik ematen die beldurra Aldundiari, Unibertsitateari, Epaitegiari eta Jaurlaritzari Zientziak grafitoen garaia egiaztatzeak? Zugarramurdi eta Altamirako auziak konpondu dituen bezalaxe, ez liokete inolako oztoporik jarri behar Zientziak orain Iruña-Veleiako auzia ere konpontzeari…
…konpondu egingo denez gero ere.
“Norbaitek zerbait egin du”
2021-02-20 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Horrelaxe laburbiltzen dira Iruña-Veleiako bi epaiak, epaiketarena eta Eliseo Gilek aurkeztu zuen helegitearena. Biek kondenatu badute ere, aski da irakurtzea faltsuketaren edo faltsutzaileen frogarik ez dagoela ohartzeko.
[Agertzen diren aipamenak koadroetan eta bibliografian ikus daitezke: https://www.veleia.fontaneda.net]
Epaiek faltsutzea (IPCE) Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren txosten batean oinarritu dute. Zeramikazko 36 pieza ikertu ditu, gainazala soilik aztertuz [7. koadroa]; non denetik egon daitekeen: zeramika, zarakarra, grafitoa eta kutsadura guztien lorratzak, lurperatzearenak, erauzketa-lanenak, garbiketarenak eta pieza batzuk eskuetan izan dituzten gutxienez zazpi erakunderenak
Gainera, txosten hori ez da fidagarria. Adibidez, 15920. piezaren grafitoa [7. koadroa] “grafito garaikidea” dela dio (hau da, faltsua), “testuaren trazaduran altzairu herdoilgaitzezko zatikiak” daudelako; baina hauxe ere aitortu du, “baliteke altzairuzko zatikiak garbiketa-prozesuan sartu izana“, eta ikerketa gehigarri hauxe proposatu du [10. koadroa], “piezak agertzen dituen ziurgabetasunak direla eta, zarakarrak modu kontrolatuan kentzea interesgarria izan daiteke piezaren azpian testurik dagoenetz argi eta garbi egiaztatzeko”.
Hau da, “ziurtasun eza” du, “baliteke” esan bezala ez izatea, baina ez du kalifikazioa aldatu eta grafitoa “garaikidea” dela esaten jarraitu du. Oinarria da txosten hau!
Txosten horrek asmatutako faltsutzean oinarrituta, epaiek Eliseo Gil kondenatu dute, ordurako hamabi urtez jendaurrean «kondenatu» dena. Baina nahikoa da epaiketaren epaia irakurtzea faltsutzailerik ez dagoela ulertzeko: epaiak [11. koadroa] hauxe adierazi du, “ez da behar bezala frogatu berak [Eliseo Gilek] grafitoak bere eskuz egin zituenik “. “Behar bezala frogatu” ez denez gero, ez ditu Eliseo Gilek faltsutu.
Ondoren [11. koadroa], argudio biribila eman nahi izan du: “aipatutako akusatua ekintzaren beraren eragilea da, grafitoak bere kabuz egin ez baditu ere“. “Frogatu ez delako”, berak egin ez dituenez gero, gaizkide batzuk asmatu beharko ziren; «asmatu», bakar bat aurkitu ez duelako: hauxe adierazi eta hamar aldiz errepikatu du, Eliseo Gilek grafitoak “bere kabuz edo bitarteko batzuen bidez” egin zituela.
Baina ez ditu behin ere “bitarteko” horiek identifikatu, nahiz eta identifikatzeko eta auzipetzeko hamabi urte izan dituzten. Aise esateko, ez dute izen-abizenik, “bitarteko” horiek ez dira existitzen. Egia esan, bi epaiek inork, ez Eliseo Gilek ez beste ezeinek, grafitoak faltsutu ez dituztela frogatzen dute.
Eliseo Gilek bere duintasuna eta errugabetasuna defendatzen ditu, eta beste helegite bat aurkeztea hartu du helburu. Onartuko baliote, aurreko epaiak azkenean ondo irakur lituzkete.
Orain arte hamabi urte galdu dira prozesuan. Hala ere, Zientzia da gai hau ebazteko bide bakarra, grafito horiek noiz grabatu diren jakiteko berariazko azterketak eginez, eta grafito gehiago agertzen diren ala ez ikusteko indusketa kontrolatu bat abiaraziz. «Egia jakitea» horren erraza litzateke; baina Auzitegiak, Epaitegiak, Aldundiak, Jaurlaritzak, Unibertsitateak hamabi urte daramatzate uko egiten, eta euskal zientzia eta kulturaren defendatzaileek (Euskaltzaindia, Aranzadi, Eusko Ikaskuntza, Jakiunde) ez ikusiarena egiten.
Euskal Herri gaixoa!
Grafito faltsuak baina egiazkoak
2020-11-13 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Iruña-Veleiaren epaiak Eliseo Gil grafito batzuk faltsutzeagatik kondenatu du, “agiriak faltsutzearen delitu jarraitua, ondare historiko-kulturalaren aurkako etengabeko faltaz batera” [253. orrialdean], baina aldi berean errugabea dela baieztatu du.
[Epaia gune honetantxe ikus daiteke: https://www.veleia.fontaneda.net>Bibliografía]
67. orrialdean epaiak hauxe aitortu du, “grafito garaikideak [Eliseo Gilek] berak bere eskuz egin zituenik behar bezala frogatu ez dela”.
Hala ere, gaizkide batzuek egin dizkiotela errepikatu du hamar aldiz [21. 22. 62. 67. 69. 70. 102. 111. 169. eta 171. orrialdeetan], Eliseo Gilek grafitoak “bere kabuz edo beste batzuen bidez” egin dituela.
Idatzita dagoenez, Eliseo Gilek ez ditu “bere kabuz” egin, “behar bezala frogatu ez delako”.
Eta ez ditu egin “beste batzuen bidez” ere, “beste” horiek existitzen ez direlako, ez daude identifikatuta, ez dute izen-abizenik, inork ez daki nortzuk diren, nahiz eta, fikziozko “beste” horiek aurkitzeko, fiskaltzak eta instrukzioko epaileak eta epaiketak eta epaiak hamaika urte izan dituzten.
Hortaz, Eliseo Gilek ez du grafitoak egitean zerikusirik, ez “bere kabuz” ez “beste batzuen bidez”. Baina, epaiak berak Eliseo Gil errugabea dela argi utzi badu ere, kondenatu egin du.
Eliseo Gilek, bidezkoa denez, helegitea aurkeztu du bere kondenaren aurka; ea Arabako Auzitegiak epaiak hitzez hitz dioena irakurtzen duen.
Ez Eliseo Gilek ez “beste” inork ere faltsutu ez dituztenez gero, grafitoak egiazkoak dira, baldin eta Zientziak, datatzen eta grabatu direneko garaia ebazten duenean, aurkakoa frogatzen ez badu.
Beraz, baliteke grafitoak “beste batzuek” egin izatea, bai… baina III mendeko batzuek.
Eskubideak paper errea dira
2020-10-26 // Gizartea // Iruzkinik ez
Putre-funts batek Pertsona bat etxetik kanporatu du alokairuaren azken hilekoak ordaindu ez dituelako. Pertsona horrek etxebizitzarako eskubidea du, zeinek eta Nazio Batuen Erakundearen ‘Giza Eskubideen Mundu Mailako Adierazpenak’ bermatzen duelako [25. artikuluan],… baina etxebizitzarik gabe geratu da.
Gainera, Pertsona horri eta guztiei aipatutako Adierazpenak, etxebizitza-eskubideaz gain, lan-eskubidea ere bermatzen die [23. art.], baita elikadura, jantzi, mediku-laguntza, gizarte-aseguru [25. art.] eta hezkuntzarakoa [26. art.] ere.
Hala ere, Pertsona horrek eta munduko milioika pertsonak eskubide horiek guztiak dituzte, baina ez dute etxebizitzarik ez lanik ez janaririk ez jantzirik ez mediku-laguntzarik ez gizarte-asegururik ez hezkuntzarik; eskubidea bakarrik dute, baina ez da ezertarako gauza, eskubidea paper errea da. Eskubidea oso esaldi polita besterik ez da, Nazio Batuen Erakundeko oso pertsona garrantzitsu batzuek idatzi, sinatu eta handitasunez argitaratu zutena. Pertsona horiek esaldi polit horiek idatzi, sinatu eta handitasunez argitaratzetik bizi dira, agintzen duenak agintzen ez duela eman dezan: Dirujaunak.
Baina Putre-funtsak zergatik du eskubide eraginkor bat, Pertsona hori etxetik kanporatzeko balio duena? Putre-funtsak, eskubidearen ordez, lege bat duelako. Estatuetako pertsona garrantzitsu samar batzuek legeak idatzi, sinatu, argitaratu, beren polizia antolatu, borra eta guzti, toga jantzi zuten, eta horretaz bizi dira, legeak eginez eskubide eraginkorrak benetan agintzen duenari emateko, Dirujaunari.
Hala eta guztiz ere, poliki-poliki Giza Eskubide guztiei balioa eman dakieke, Pertsona guztientzako aberastasuna dagoela frogatuta dago: munduan gaur egun sortzen den aberastasun osoa neurturik, XXI mende honetan pertsona guztiek eraginkor izan litzakete beren eskubide guztiak. “Badago Gizateria osoarentzako aberastasuna. Pertsona guztiek beren eskubideak legeek bermatuta izan litzakete. Eta egoera berriak ez luke murrizketa txiki bat besterik ekarriko: mundu osoan ehun mila Pertsonak bakarrik galduko lukete belaontzia”.
Iruña-Veleia, bai ala ez?
2020-09-19 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Iruña-Veleiako epaiak ekainaren 8an Eliseo Gil kondenatu zuen dokumentuak faltsutzea (grafitoak grabatzea) eta iruzur egitea (egin ez ziren analisi batzuen txostenak fakturatzea) egotzita. [ikus https://www.veleia.fontaneda.net > 12. koadroa]
Grafitoei dagokienez:
1. Epaiak aitortzen duenez, “Ez da behar bezala frogatu grafito garaikideak [Eliseo Gilek] berak bere eskuaz egin zituenik “.
2. Horregatik, epaiak beste pertsona batzuen konplizitatea bilatzen du: hamar aldiz errepikatzen du pieza arkeologikoetan ebakidurak Eliseo Gilek “bere kabuz edo beste batzuen bidez” egin zituela.
3. Baina ez ditu beste pertsona horiek identifikatzen, 11 urteko prozesu judizialaren ondoren; hau da, izen, abizen eta nortasun-agiririk gabeko fikziozko pertsonetan oinarritzen da epaia.
4. Hori dela eta, ez ditu ebakidurak Eliseo Gilek egin, ez bere kabuz, frogatuta ez dagoelako, ezta beraren ordez beste inork ere, beste pertsona gaizkide horiek existitzen ez direlako.
5. Beraz, ez zegoen kondenatzeko ziorik.
Iruzurrari buruz:
1. Epaiak dioenez, Eliseo Gilek baimena eskatu zion Aldundiari “egin ez ziren analisi batzuk egiteko, eta Administrazio horri Rubén Cerdán akusatuak egindako txosten faltsu batzuk fakturatu zizkion, akusatu honek Lurmen S.L. [Eliseo Gilen] enpresari fakturatu zizkionak, nahiz eta fakturak ez zetozen bat, egiazki, analisiekin edo haien interpretaziorekin“.
2. Aldundiak berak Fisikako aditu gisa aurkeztu ziolako ezagutu zuen Eliseo Gilek Rubén Cerdán.
3. Hori dela eta, lehen aurkikuntzen lagin batzuk aztertzera bidaltzeko ardura eman zion Eliseo Gilek.
4. Ondoren, Rubén Cerdánek txostenak eta fakturak aurkeztu zizkion, eta Eliseo Gilek zenbatekoak ordaindu eta Aldundiari fakturatu zizkion.
5. Beraz, ez zegoen kondenatzeko ziorik.
Hala ere, kondenatu egin zen.