Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Iruña-Veleia, egitateak ala teoriak?
2019-05-16 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Teoria guztiak, zuzenak ala okerrak diren jakiteko, agertuz doazen aurkikuntzekin neurtu behar dira. Adibidez, antzinateko jakintsuen teoria batek Lurra laua zela zioen. Eta horrelaxe pentsatzen zen XVI mendera arte. Orduan Magalhaes-Elkanoren itsas-bidaiak jakintsu haien teoria okerra zela, lurra biribila dela egiaztatu zuen. “Egitateen aurka teoriak ez dira baliagarriak”.
Euskal Herrian jakintsu batzuen teoriak –A atzizkia artikulu mugatzailea zela zioen eta artikulu hori Europan Erdi Arora arte sortu ez zela, eta beraz euskaran ere ez. Baina Iruña-Veleian atzizki hori duten euskarazko idazkun batzuk agertu ziren, eta talde arkeologikoak III mendean kokatu zituen. Edozein jakintsuk, aurkikuntza berri honen aurrean, benetan III mendekoa zen jakiteko, idazkunen azterketa sustatuko zukeen. Aitzitik, pontifikatu egin zuten idazkunak faltsuak zirela, beren teoria hutsezina balitz bezala. Egitateen aurka hantustea baliagarri?
Beste jakintsu batzuek “Euskalduntze berantiarra” izeneko teoria egin zuten, hau da, euskara “Baskongadetara” Erdi Arora arte iritsi ez zela. Hortaz, III mendean “ezinezko tokian” euskaraz egiten ez zela zioten. Baina kontua da euskarazko idazkunak Araban agertu zirela. Edozein jakintsuk, aurkikuntza berri honen aurrean, benetan III mendekoa zen jakiteko, idazkunen azterketa sustatuko zukeen. Alderantziz; idazkunak faltsuak zirela pontifikatu zuten, beren teoria hutsezina balitz bezala. Egitateen aurka oilarkeria baliagarri?
Beste jakintsu batzuek ez dute gai honi buruz solas ere egin nahi, ez ikusiarena egiten dute. Egia lortu nahi gabe, idazkunak aztertzeari uko egiten diote, nagusien aurrean edo ordaintzen dienaren aurrean gaizki ez geratzeko. Egitateen aurka korporatibismoa baliagarri?
Udal batzuk izan ezik, erakunde politikoek ere ez dute gaizki geratu nahi, eta ez dute egia jakitearren ezertxo ere egiten. Beren burua babesten hauxe argudiatuz saiatzen dira, “auzia epaitegian dagoela”, “justiziak erabaki arte itxaron behar dela”, dagoeneko ezer erabaki gabe 10 urte baino gehiago joan den arren. Eta erakundeek hauxe bakarrik egin behar lukete, idazkunen azterketak agin ditzala epaitegiari eskatu, noizkoak diren jakiteko, benetako zaharrak ala gezurrezko berriak. Epaitegia poztu egingo da 10 urte ondoren zerbait egitean. Egitateen aurka azpijokoa baliagarri?
Baina ankerrena hauxe da, auzia behin betikoz argitzeko azterketaren irtenbidea hain erraza izanik, hiru lagunek (Eliseo Gil, egotzi arte izandako zuzendari arkeologikoa barne) ia 11 urte daramatzate lanetik kaleratuta eta 10 urte joak salatuta, urrunean ere begiztatzen ez den epaiketa baten zain. Erakunde politikoak, akademikoak, zeintifikoak, kulturalak eta judizialak bat eginda dabiltza, baina elkarren artean ere ezin dute 10 urteotan faltsutzea frogatu izan, eta luzapen lotsagarri honek salaketa kalumnia bihurtzen du. Egitateen aurka mardaila baliagarri?
Idazkunen aztertzeko eskaera zuzenari lagundu nahi diozuenok IRUÑA-VELEIA ARGITU elkarteak egindako “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sina dezakezue eta Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten den elkarretaratzera etorri.
Zuzengabekeria honen historia Iruña-Veleia webgunean daukazue.
Autodeterminazioaren txupinazoa
2019-04-24 // Euskal Herria // Iruzkinik ez
Euskadik 1895ean lehenengo erakunde nazionalista izan zuen. 1932tik Aberri Eguna ospatzen du. 1936tik Espainiako Estatuaren intolerantzia jasan zuen. 1979tik Espainiako Erresumaren begirunerik eza jasaten du, autonomian ere, oraindik eskualdatu gabeko aginpideak daude eta. 2013tik erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio eta kontzientziazioaren kanpainetan bi urtean behin gozatu ditu, egunen batean autodeterminazio-txupinazoak joko zuela amesten.
Hala eta guztiz ere, 2017an azkenean Katalunian txupinazoa bota zutenean, bere erakunde nazionalistak, Aberri Egunak, sufrimenduak eta gozamenak zituela ere, Euskadik ez ikusia egin zuen. Ametsetan jarraitzen zuen.
Batzuek bidezkotu egiten dute, hori irtenbidea izango ez zela esanez, Katalunian bezalako galdeketa sustatu balu, Euskadik konstituzioaren erasoari aurre egiteko indarrik izango ez zukeela
Esan hori beharbada zuzena da ala ez, baina txupinazoak beste bide bat ere irekitzen zuen, legezko erreferenduna: Euskadik Espainiako Gobernuari galdeketa bat deitzeko eskaera aurkeztea, Espainiako herritar guztiek hauxe botatu dezaten:
“Euskadiko Autonomi Erkidegoa estatu independente bilakatzea”
[Nafarroa barne ala ez, Nafarroak erabakitzen duenez] ala
“Euskadiko Autonomi Erkidegoa Espainiako Erresumarena izaten jarraitzea”.
Eskaera Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko luke Eusko Legebiltzarraren edo, bestela, herriko legegintza-ekimenaren aginduaren arabera. Galdeketa gobernuetatik lortzea zaila dela? Noiz izan da erraza askatasuna?
Galdeketaren prozesua bera autodeterminazioaren aldeko ekintza baketsua litzateke, eta euskal herriak gaur egun duen independentziari buruzko nahiaren benetako neurri ukaezina emango luke Euskadiko emaitzak.
Espainiako beste nazio eta eskualdeetako emaitzak gaur egun Espainiako Erresumako indarren benetako neurri ukaezina eskainiko luke.
Bestela, lotan eta amesten jarraitu.
Zorion Epaitegiorri !
2019-03-22 // Iruña-Veleia // 2 iruzkin
Martxoaren 24an Gasteizko Epaitegiak hamar urte bete ditu Arabako Foru Aldundiak 2009ko martxoaren 24an Eliseo Gil orduan Iruña-Veleiako zuzendariaren aurka aurkeztu zuen aizunketazko salaketa ebatzi gabe.
Norbaiten ustez, hain luzabide lotsagarria frogarik batere ez duelako gertatzen da. Baina ez da egia; badaude 400 froga, aztarnategian agertu ziren aurkikuntzak. Epaitegiak lagin batzuen azterketak agindu behar ditu, grafitoak noizkoak diren aztertzeko ganorazko laborategi inpartzial batzuetara bidal daitezela. Hamar urtean lortu ez duena hilabete gutxiren barruan edukiko luke. Aldi berean talde arkeologiko aditu eta inpartzial bat eratzeko ere agindu behar du, aurkikuntzak agertu ziren lekuetan indusketa gainbegiratuak egin ditzan, ea grafito gehiago aurkitzen duenetz. Bi irtenbideak Eliseo Gil salatuak berak eskatzen ditu hasieratik.
Jarduketa hauek grafitoak egin berriak direla ondorioztatuko balute, aizunketaren froga nabaria izango luke Epaitegiak egilea identifikatu eta epaitzeko.
Aitzitik, grafitoak zaharrak direla baieztatuko balute, egiazkotasunaren froga ukaezina izango luke Epaitegiak, salaketa gaitzetsiko lukeena; baina ez auzia artxibatzeko, hamar urtean jasandako hedabide eta erakundeen jendaurreko zigorra osorik utziko lukeelako. Salatuak errugabeak direla ebatzi beharko luke epaitegiak.
Eta hamar urte gogor hauen ondoren errugabeak direla esatea ez litzateke nahikoa. Bidegabeko iraizpen hura eta kalumnia etengabea direla eta, zuzentasuna zuzena izateko, Epaitegiak hamar urte luzean hondatutako Eliseo Gilen eskubideak (lana, ekonomia, ohorea, entzutea, adorea eta osasuna) jendaurrean prentsan, irratian eta telebistan birgaiarazi beharko lizkioke Aldundi salatariari.
Baina orain, auziak ilunpean jarraitzen duen bitartean, egoera zuzengabe luzeegi hau amaitu dadin, grafitoak aztertzeko eta indusketa gainbegiratuak egiteko eskaera zuzenari lagundu nahi diozuen pertsona eta erakunde guztiok, iritzia edonolakoa duzuela ere, “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera gonbidatuta zaudete.
Eta helburu beraz Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten diren elkarretaratzeetara ere zaudete gonbidatuta.
Hauteskundeen teorema
2019-02-27 // Gizartea // Iruzkinik ez
Apirilaren 28an hauteskunde orokorrak izango dira. Hortxetik sortuko dira legeak egingo eta desegingo, zergak ezarriko eta diruak banatuko dituzten erakundeak: Kongresua, Senatua eta gero Espainiako gobernua.
Egun horretan zeinek emango dio botoa eskuinari?
Eskuinekoek …
eta
abstenituko diren ezkerrekoek, beren botoak ezkerreko alderdiei emango ez dizkietenek.
Eliseo Gil, epaitu gabe kondenatua
2019-02-13 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Iruña-Veleiazko eztabaidan hiru jarrera daude: grafitoak faltsuak direna, benetakoak erabat daitezkeena, eta Eliseo Gilena, zeinek bere ezaguera arkeologikoan eta aztarnategiko jardunbidean oinarriturik egiazkoak direla aldarrikatzen baitu.
Arabako Aldundiak 2008ko azaroan grafitoak faltsutzat jo zituen batere frogarik izan gabe, orduko hartan jasoak ez zituen txosten batzuetan oinarrituta, eta talde arkeologikoa aztarnategitik bota zuen.
Jarraian amarru bikaina abiarazi zuen: 2009ko martxoan salaketa jarri zuen Epaitegian Eliseo Gilen eta beste bi kideren aurka, grafitoak faltsutzea leporatuz (400 ale, gogo izan behar). Hala, kontu osoa bere esku geratuko zen, 2009ko azaroan zuzendaritza arkeologikoa Unibertsiteari emango zion, eta aurkikuntzak bere museo batean ezkutatuko zituen. Eta hantxe daude hamar urteotan bahituta, nahiz eta, benetakoak izanez gero, gizateriaren altxorra izango bailirateke, euskal historia eta kulturarako oso baliotsuak.
Arazoa Epaitegi ahalguztidunean utzita, urte asko joango zen (oraingoz 2019ko martxoan HAMAR urte) eta kontua ahaztuko zen (ez horixe). Baina hortaz euskal erakunde politikoek, akademikoek eta kulturalek ez dute ezertxo ere egiten, ezta Epaitegiari bi eskaera egiteko ere: grafitoak zaharrak ala berriak diren jakiteko, laborategi (honetan inpartzial) batzuei azterketa zientifikoak egiteko agin diezaiela, baita, ea grafito gehiago agertzen denetz, talde arkeologiko inpartzial bati indusketa egiaztatua egiteko ere.
Inork ez du orain bere iritzia aldatu behar, ezta ez-ikusiarena egin ere; zuzentasuna ala zuzengabekeria aukeratu baizik. Analisien eta indusketaren emaitzek konponbidea ekarriko dute. Eta ondorioaren arabera jokatu beharko da… eta arazoa kito.
Horrela egiten ez den bitartean, Eliseo Gilek dagoeneko hamar urte daramatza bidegabe lanetik egotzita, ohorea jendaurrean zikinduta, epaiketarik gabe kondenatuta eta egunik egun hamar urte luzeotan kalumnia sufritzen, hamar urteren buruan ebatzi ez den salaketa ez baita salaketa, gezur beltza baizik.
Oso zuzengabekeria luze hau dela eta, duzun iritzia duzula ere, grafitoak aztertzearen bidezko eskaerari lagundu nahi badiozu, internetean “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera gonbidatuta zaude.
Eta helburu beraz, gonbidatuta zaude Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten diren elkarretaratze isiletara ere.
Iruña-Veleiako alde beltza
2018-12-07 // Iruña-Veleia // Iruzkin bat
Duela hamar urte, 2008ko azaroaren 19an Arabako Foru Aldundiak talde arkeologikoa lanetik bota, eta 2009ko martxoaren 24an epaitegian salaketa bat aurkeztu zuen Eliseo Gil zuzendariaren aurka, grafito guztiak (400 batzuk, gogoak eman behar) faltsutzea leporatuz. Arazoa epaitegian sartuta, kontua luzerako joango zela pentsatzen zuten (bai bada, oraingoz hamar urte daramatza) eta ahaztuta amaituko zela (ez horixe).
Frogaren baten bila dabiltzalako daramatzate hamar urte, euren eskura aurkitutako 400 piezak dauzkaten arren. Epaitegiak ez du behar lagin batzuk laborategi zientifiko fidagarri eta inpartzial batzuetara eraman besterik, idazkunak noiz grabatu ziren jakiteko azterketak egin ditzaten. Diru txiki batean hil gutxi barru erantzuna izango lukete… eta arazoa kito.
Baina erakunde publikoak (Arabako Foru Aldundia, Arabako Batzar Nagusia, Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, euskal alderdi politikoak) alde beltzean dabiltza, analisietatiko froga zindoari uko egiten diote. Iluntasuna nahiago dute eta alde beltzean teoriak, usteak, aieruak eta hipotesiak bakarrik aurkitzen dituzte. Horrela jendaurrean Eliseo Gili inork ere oraingoz ezin dakikeena –idazkunak faltsuak ala benetakoak diren– leporatzen diote. Honatx alde beltzean duten “ziurtasunaren” hiru adibide.
1.- Joakin Gorrotxategi Doktore hizkuntzalariak (bere txosteneko 17. orrialdean [ik. www.veleia.fontaneda.net]) ez du onartzen grafito batzuetan agertzen zen -a atzizkia, eta honelaxe teorizatzen du: “Eskuarki onartutako hipotesiak aurreko erakusle batetik ulertzen du artikulu mugatzailearen sorrera, aspaldian H. Schuchardtek proposatu eta ondoko hizkuntzalari guztiek onartu duten bezala. Euskararen prozesua historia aldetik bilakaera erromanikoarekin nolabait lotuta dagoela suposatzen da. Hau honela bada, orain arte sinetsi denez, …” (hipotesi batzuk 400 frogaren aurka).
2.- Joseba Lakarra Doktore hizkuntzalariak (bere txosteneko 13. orrialdean) -a atzizki berari buruz hauxe pontifikatzen du: “Argia zen ez bakarrik euskal artikulua berantiarra zela, Hispaniako erromantzeetarako [euskara ez da erromantzea] Lapesak xedatzen duenez, VIII mendetik gerokoa, … baizik eta … izan behar zuen itxura zehatza ez zela -a, -ha(r) baino” (teoria batzuk 400 frogaren aurka).
3.- Ertzaintzak bere polizi-txostenean balizko aizunketaren moduaren bila hipotesiak bakarrik eskaintzen ditu, El Correok (2015-12-01ean) dioenez: “Idazkunak egiteko bi jokaleku posible ditu kontuan: aztarnategia bera, lekuko barik, kasurako gauez edo zenbait oporralditan, edo kanpoko toki bat, alegia, lantegi bat edo bizileku bat, jatorrizko pusketak ezkutuan ateraz” (espekulazio batzuk 400 frogaren aurka).
Iruña-Veleiako alde beltzak pertsona errugabe bat (kontrakoa egiaztatzen ez duten bitartean) hamar urte luzean daukate lanik gabe eta ohorea jendaurrean zikinduta. Epaitu gabe hamar urtez irauten duen salaketa bat ez da salaketa, gezur beltza baizik. *
Guztia dela eta, duzun iritzia duzula ere, grafitoak aztertzearen bidezko eskaerari lagundu nahi badiozu, eta horrela, emaitzaren arabera auzia laster artxibatu ala epaiketa zuzena laster egin dadin, gonbidatuta zaude internetean “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera.
Helburu beraz, gonbidatuta zaude Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten diren elkarretaratze isiletara ere.
(*) Aitor irakurlearen iritzi zuzena haintzat harturik, hemen agertzen zen, barkatu, Auschwitzen aipamena ezabatu dut.
Iruña-Veleia Guggenheim barruan
2018-11-19 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Azaroaren 17an Iruña-Veleia Argitukoek ‘performance’ bat egin dute Guggenheim Museoan, Serraren eskultura batean, bidegabekeria judiziala salatzeko eta grafitoen datazioak eskatzeko.
Gaur, azaroak 19, Lurmen kanporatu zutenaren HAMAR URTE betetzen dira.
Urte hauetan guztietan ez da ganorazko proba zientifikorik egin gaia behingoz argitzeko.
Laster Eliseo Gil eta Oskar Eskribano arrazoirik gabe epaituko dituzte, 6 urteko espeetxe-zigorra dute eta 300.000 euroko isun eskaerak altxor bat aurkitzeagatik (gauza gehiegi zalantzan jarri dituena)
Herrialde batzuetako zientifikoek egindako 20 txosten eta irizpen baino gehiagok grafitoak egiazkoak izan daitezkeela erakutsi digute eta gainera, hasieran egin ziren faltsukeriaren aldeko txostenetako argudioak hankaz gora bota dituzte. (Edward C. Harris, Ulrike Fritz, Antonio Rodriguez Colmenero, Juan Martin Elexpuru, Joaquin Baxarias, Henrike Knörr zena…).
Lehengo larunbatean, azaroak 17, Iruña-Veleia Argituk Bilbora eraman du bere protesta, eta Serra eskultura famatuetako batean bost grafitoekin indusketa honen balioa aldakarritu dute: euskerazko “Lurra, Sua” “Urdin Izar” “Ata, Ama, Neba, Reba …” eta kristautasunaren hasiera irudikatzen duten “Azken Afaria”, munduko zaharrena izan daitekeena eta, gainera, erraz datatu daitekeen buztinezko taulatxo batean eginda dago. Horrez gain “Neure ama Roman ilta cistiana” (nire ama Erroman hil dute kristaua izateagatik). Izan ere performanceko partaide batek grafitoan ikusten den gurutzilkatu bat irudikatu du.
Bidegabekeria handi bat salatu nahi izan dugu. Orain dela hamarkada luze Lurmen taldeak 1.700 urte izan ditzaketen grafitoak topatu zituen, euskeraz eta latinez, baina kanporatu zituzten eta haien kontrako kereila jarri zuten. Irakasle gutxi batzuen iritzietan oinarritu ziren, baina gerora egin diren 20 txosten baino gehiagotan iritzi horiek oker zeudela ikusi da. Orain kaleratutako Eliseo Gilek eta Oskar Eskribanok 6 urteko espetxe-zigorra eta 300.000 euroko isun eskaerak dituzte laster egongo den epaiketan. Froga zientifikorik gabe bi arkeologo inputatuta egotea onartezina da.
Datazioak eskatzen ditugu. Gaia zientifikoki bideratu behar dugu eta, horretarako, ostrakak hiru laborategi independentetan datatzea eskatzen dugu.
“IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera eskatzen dizuegu herritarroi, dagoeneko euskal kulturako pertsona famatu askok izenpetu dutena: Benito Lertxundi, Garbiñe Biurrun, Gorka Knörr, Andoni Egaña, Toti Martinez de Lezea…
( Euskeraren Jatorria webgunetik )
Jainkoarekin gosaltzen dute
2018-11-13 // Euskal Herria // Iruzkinik ez
Egunero zerutik jaitsi baino lehen, Jainkoarekin esertzen dira gosaltzen. Gosariak ematen dien zolitasunari esker
—bost gizonak bortxatzen ari diren emakume batengan “poza” ikustea lortzen dute;
—taberna bateko liskar batean “terrorismoa” ikustea lortzen dute;
—konpondu gabe bederatzi urte eta erdi daramatzaten kontu batean “maraztasuna” ikustea lortzen dute;
—gero eta patxada handiagoz nabarmentzen diren talde frankista batzuetan, beraz konstituzio-aurkakoak badira ere, “legezkotasuna” ikustea lortzen dute.
—indarkeria matxistaren biktima izatea salatzen duen emakume batengan “putakumea” ikustea lortzen dute;
—Boterekoek ordaintzeko erabaki batean “berebiziko diru-ondorioa” ikustea lortzen dute, berehala euren erabakia “geldiarazi” eta azkenean… ustekabean, beti ordaintzen dutenez, herritarrek ordain dezatela erabakitzen dute.
Eta, Jainkoarekin gosaltzen dutenez gero, apal daitezen ezin daiteke ezer ere egin; ukiezinak dira. Jainkoari eskatu beharko zaio gosari batean hauxe adieraz diezaiela: beraien jokabideak eta lege mozalak, lan-legeek, adierazpen-askatasunaren aurkako erasoek eta beste murrizketa batzuek Espainia Frankismo Demokratikoa bihurtu dutela (hauteskundeen ondorio da adjektiboa).
Zer dela eta jarraitzen du Hego Euskal Herriak honi lotuta?
Iruña-Veleiak badu trikimailua
2018-10-18 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Arabako Foru Aldundiak 2008an, grafitoak aztertzera eraman gabe, beraz benetakoak ala aizunak diren jakin barik, Eliseo Gil eta haren talde arkeologikoa bota zituen aztarnategitik faltsutzea leporatuz.
Jarraian 2009an salaketa bat aurkeztu zuen epaitegian, trikimailu bikaina: arazoa epaitegian sartuta, aurrerantzean ez da presarik, urteak joango dira (oraingoz 9 urte eta erdi daramatza epaitegiak froga baten bila), eta arazoa laster ahaztuko da (honetan huts egin zuen).
Euskal Herriko Unibertsiteari eman zion aztarnategiko zuzendaritza, eta biek prentsan, irratian eta telebistan beren aburuak hedatu zituzten, herritar askori, gai hauetan ezikasia izanik, grafitoak aizunak zirela sinestarazi arte.
Hala ere, ez daukate Unibertsitatearen eta Ertzaintzaren txostenak besterik, faltsutzea salatu baina batere frogarik eskaintzen ez dutenak, teoriak, aburuak eta usteak baizik. Aitzitik badago grafitoak benetakoak ez izateko arrazoirik ez dagoela baieztatzen duen txosten asko [ikus historia osoa eta egiaztatzen duten agiriak].
Botere politikoak eta akademikoak uko egiten diote irtenbideari, oso erraza izan arren: zein garaitan grabatu ziren jakiteko aztertzea eta grafito gehiago agertzen den ikusteko indusketa egiaztatuak egitea; eta arazoa kito. Aizunak izanez gero baleukakete froga, baina benetakoak balira 10 urtean ezkutaturiko gizateriaren altxorra izango lirateke. Ulertezina da epaitegiari irtenbidea Eliseo Gil salatuak berak eskatzea eta salatzaileak ukatzea.
Arazoa epaitegira eramatearen trikimalu hark ezertxo ez egiteko aitzakia ere eskaintzen die Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari, Arabako Batzar Nagusiari, Euskaltzaindiari, Euskal Herriko Unibertsitateari eta euskal alderdi politikoei, guztiak Arabaren, Euskal Herriaren, euskararen, kulturaren eta historiaren hain aldeko erakundeak direnez, laguntza eskatzen zaienean, ez ikusiarena egiten dute: “arazoa auzipean dago”, “justiziak epaitu arte itxaron behar da”, “eskuduntzak aintzat hartu behar dira”; izatekotan ere, ez dute behar epaitegian eskaera aurkeztu besterik…
“Pertsonek dute lehentasuna” aldarrikatzen badute ere, ez dira kezkatzen Eliseo Gilen ohorea, lanbide-ospea eta ekonomia orain 10 urtetatik arriskuan egoteaz, nahiz eta batere frogarik gabe eta ezetza egiaztatzen ez duten bitartean, errugabea den.
Guztia dela eta, uste duzuna uste duzula ere, arazoari aurrez aurre begiratu nahi badiozu eta grafitoak aztertzearen bidezko eskaerari lagundu, gonbidatuta zaude “IRUÑA-VELEIAKO AUZIA ARGITZEAREN ALDEKO MANIFESTUA” sinatzera.
Helburu beraz, gonbidatuta zaude Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten den elkarretaratzera ere.
Iruña-Veleia eta Altamira
2018-10-05 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Bi aurkikuntzek historia gogorra izan dute iruzurtzat jo zirelako.
ALTAMIRA:
—1880an labar-pinturak agertu ziren, eta aurkitzaileak historiaurreko jatorria eman zien. Hala ere, jakintsu batzuek faltsutzat hartu zituzten.
—Hasieratik gogor gaitzetsi zituzten akademiko gehienek. Adibidez, 1886an Eugenio de Lemusek, Errege Kalkografiako Burua eta Elisabet Katolikoaren Dominaduna bera, hauxe adierazi zuen:
“Horrelako pinturek ez dute Harri aroko izaerarik ez arkaikorik ez asiriarrik ez feniziarrik, eskola berriko hala-holako ikasle batek emango lukeen itxura bakarrik”.
Horrelaxe arbuiatzen zituen egileak, faltsutzea egin zuten hala-holako ikasletzat hartuz.
—1902an, aurkitzailea hil eta 14 urte geroago, benetakotzat onartu ziren azkenik, eta 1985ean Altamira Munduko Ondarea hautu zuen Unescok.
IRUÑA-VELEIA:
—2005ean grafito batzuk agertu ziren, eta talde arkeologikoak III mendearen inguruan kokatu zituen. Baina 2008an jakintsu batzuek faltsutzat hartu zituzten. Gainera, 2009an Arabako Foru Aldundiak epaitegira eraman zuen arazoa eta hortxe jarraitzen du, 9 urte epaiketaren zain.
—Hasieratik gogor gaitzetsi zituen akademiko, politiko eta hedabide askok. Kasurako, 2008an Joseba Lakarra Euskal Filologi Doktoreak hauxe baieztatzen zuen:
“Sinesgarriagoa izango litzateke, beraz, esaldi horiek III [mendeko] ergatibobako euskaldun batzuek grabatu ez zituztela, baizik eta eskolan gai hori ematean oso adi ez zeuden XX mendearen amaierako edo XXIaren hasierako sasieuskaldunberri edo euskaldunberrigai batzuek”.
Horrelaxe ere arbuiatzen zituen egileak, hala moduzko ikasle faltsutzailetzat hartuz, nahiz eta gaurkoz aizunak diren inork ere ezin dakikeen, beharrezko azterketarik egin ez delako.
—Oraingo epai-egoerak 9 urte gehiago ez irautea itxaron behar da, Iruña-Veleiak hobaria du eta: iritziak edo teoriak gorabehera, grafitoak zein garaitan grabatu ziren jakiteko gaur egun zientziak nahikoa baliabide duela.
Baina bitartean Eliseo Gilen ohorea, lanbide-ospea, ekonomia eta askatasuna arriskuan daude, nahiz eta, frogarik gabe aurkakoa egiaztatzen ez badute, errugabea den.
Justiziaren edo euskararen edo historiaren edo kulturaren edo zientzaren alde bazaude, eta beraz grafitoak aztertzearen bidezko eskaerari lagundu nahi badiozu, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean egiten den elkarretaratzera gonbidatuta zaude, uste duzuna uste duzula.