Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Iruña-Veleia, gizateriaren altxorra
2018-04-14 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Injustizia zen Iruña-Veleiaren kasua justiziara eramatea. Euskal Herriko Unibertsitateko lau katedratikok idazkunak aizunak zirela azaldu eta gero, Arabako Foru Aldundiak 2008ko azaroan talde arkeologikoa aztarnategitik bota zuen eta 2009ko martxoan Eliseo Gil zuzendariaren eta beste bi kideren aurkako kereila aurkeztu zuen epaitegian, IRITZIETAN bakarrik oinarrituta idazkunak faltsutzea leporatuz. Eta gero aztarnategiaren kontratua unibertsitateari eman zion. [ikus historia eta egiaztatzen duten agiriak webgune honetan: http://www.veleia.fontaneda.net]
Biderik luzeena zelako aukeratu zuen aldundiak epaitegia. Zenbait lagin nazioarteko laborategi aditu batzuei eraman balie, bi hilabete barru (2009ko urtarrilean) eta merke edukiko zukeen idazkunak benetakoak ala faltsuak ziren FROGA.
– Laborategiek idazkunak III. inguruko mende batean datatu balituzte, egiazkoak ziratekeen. Teoriak errealitate berriari egokitu beharko zitzaizkiokeen.
– XII mendean, esaterako, datatuz gero, talde arkeologikoak datazio-akatsa egin zuen. Ondorio haren arabera jardun beharko zatekeen.
– XXI mendean datatu balituzte, aizunak ziratekeen. Halaxe izango zukeen aldundiak kereila aurkezteko FROGA, epaitegiak erruduna aurkitu eta epaitzeko.
Horren erraza. Baina aldundiak epaitegia hautatu zuen hasteko, ez bat eta ez bi.
‘Azpilanoia‘ politikaren azterbide bat da eta hauxe irakasten du: urte batzuen buruan benetako egia jakiten dela, berehalakoan emandakoaren aurkakoa. Azpilanoiaren arabera, aldundiak bazekien epaitegia geldiro ‘ibiliko’ zena, eta denboraz jendeak ahazten amaituko zuela uste zuen, salatuek kondena jasango zutela, aurkikuntzak sotoren batean ezkutatuta poliki-poliki hilgo zirela… eta interes ilunak asebete egingo zirela.
Baina hiru elkarte agertu ziren (SOS IRUÑA-VELEIA, EUSKERAREN JATORRIA eta MARTIN TTIPIA). Hasieratik dihardute aipatutako azterketak egiteko eskatzen, justizia, euskara eta historia zaintzen, “auzipean” daudelako aitzakiaz bahituta dauden altxor hauek defendatzen. Kasua ez dago ahaztuta, eta batere FROGARIK ez dagoela nabaria da: oraingoz bederatzi urte luzatu da eta isiltasuna besterik ez dago. Horrelaxe jarraituko da harik eta…
Eta bitartean unibertsitateak, euskaltzaleriak, akademiek eta politikak ez ikusia egiten dute, benetakoak ala faltsuak diren jartzeko inork eskatzen ez badie ere (nork bere iritzia izan dezake, bai horixe), baizik eta esandako azterketak sustatzeko, gizateriaren altxorra salba dadin.
Zuzengabekeria hau bukatzeko, ostegunero arratsaldeko zortzietan Aldundiaren jauregi aurrean elkarretaratzea egiten da, eta guztiok zaudete gonbidaturik.
2018, Eliseo Gilen birgainkuntzaren urtea.
Euskara behartu egiten dute
2018-04-01 // Euskal Herria // Iruzkinik ez
Bai Espainian baita Euskal Herrian ere batzuek euskararen aurrerapena kritikatzen dute Euskal Legebiltzarraren legeek euskara inposatzen dutela argudiatuz.
Ongi etorriak izan bitez, azkenik, euskarari bizkortzen laguntzen dioten legeak, zazpi mendean zehar itoarazi nahi dituzten legeen ondoren, beste hizkuntzak baino ez gehiago ez gutxiago den herri baten hizkuntzaren lege etsaiak jasan ostean.
Hona hemen (eta gehiago bide dago) zazpi mendean zehar euskararen eskubideak ukatu dituzten Araubideak, Errege-Zedulak, Erret-Arginduak, Erresumaren Legeak, Errepulikaren Legeak, Espainiako Estatuaren Legeak eta gaur egungo Erresumaren Legeak.
Iruña-Veleia, Justizia berdina da guztientzat?
2018-03-20 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Justizia batek Bata jauna kondenatu du ustelkeriagatik, baina oporraldi luze eta ordaindua Suitzan ematen uzten dio.
Arabako Justiziak, ordea, Eliseo Gil akusatuen aulkian lotuta dauka bederatzi urtean epaitu gabe 2009ko martxotik. Noiz arte? “Salaketa Iraunkor Berraztergarria” bezalako zerbait ote da?
Eliseo Gil Iruña-Veleiako zuzendari arkeologikoa zen harik eta Arabako Foru Aldundiak aztarnategitik bota eta batere frogarik gabe epaitegian aizunketa leporatuz salaketa ezarri zion arte.
Beste Justizia batek ez du frogatzat onartzen ustelkeria-erregistroaren usaina duen zerrenda batean agertutako Bestea jaunaren ‘izenaren iniziala+puntu+abizen osoa’.
Arabako Justiziak, berriz, Eliseo Gili grafitoak faltsutu dituela leporatzen dio, eta ez da “E.Gil” inon ere agertzen.
Edozein Justiziak, delitu-salaketa bat onartzen duenean, tokia zigilatzen du ziurtasunez aztertu ahal izateko inork kutsatu gabe. Bestalde ere, frogak babespean jartzen ditu helburu bera lortzeko.
Arabako Justiziak, hala ere, ez zuen aztarnategia itxi kontrolpeko indusketak egiteko ea grafito gehiago agertzen zen. Hurrengo zuzendariak, bada, hondeagailu bat erabili zuen eta 4.000m2 lur (eta barruan ote zegoena) kendu zituen. Bestalde ere, Justiziak, aurkikuntza arkeologikoak “babesteko”, Aldundiaren museoetan hain zuzen jarri zituen, alde salatzailearen beraren eskuetan.
Beste edozein Justiziak, zerbait ebazteko txosten tekniko bat behar duenean, erakunde inpartzial bati agintzen dio, auzian zerikusirik ez duenari.
Arabako Justiziak, aldiz, hurrengo zuzendariak hondeagailua erabili izatea egokia zela ebatzi zuen, Aldundiari hain zuzen, auziko alde salatzaileari berari, eskatu zion txosten teknikoan oinarrituta.
Justizia berdina al da guztientzat? (Argibide gehiago eta egiaztatzen duten agiriak hementxe: http://www.veleia.fontaneda.net)
Aldundiari salaketa ken dezala eskatzeko, ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean elkarretaratzea egiten da, eta guztiok zaudete gonbidatuta.
2018, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea.
Matxismoaren sorrera
2018-03-08 // Feminismoa // Iruzkin bat
Matxismoa ez da betidanikoa. Historiaurrean pertsona guztiak berdinak ziren, emakumeak eta gizonak; denak elkarlan guztietan aritzen ziren, ehizan eta arrantzan, umeen zaintzan eta fruitu-bilketan.
Pertsona haiek erlijioa sortu zuten, ezjakintasunak emandako gertaera ulergarria, eguzkia edo euria edo heriotza zer ziren ez zekiten eta. Beraz, gertakari guztiak erabiltzen zituzten jainko-jainkosak asmatu zituzten: Eguzki jainkoa, Euriaren jainkosa eta Heriotzaren jainkoa.
Milurteko asko joanda, lurgintza eta abeltzaintza aurkitu zituzten. Lurra landuz eta abereak zainduz kontsumitzen zutena baino gehiago ekoizten zuten. Soberakinari aberastasuna deitu zioten. Eta aberastasunak jabetasuna ekarri zuen. Gizonek bereganatu zuten aberastasunaren jabetza, lurrarena eta abereena, eta beraz guztiaren jabe bihurtu ziren, emakumeak ere bilakatu ziren gizonen jabetza. Hasieran, ziur aski, emakumeak matxinatu egin ziren, baina agerikoa da gizon jabeek menderatu zituztela.
Gizonak erlijioaz ere jabetu eta elizak sortu zituzten, hau da, emakumeak partaide ezin zitezkeen erakundeak, non gizonek erabakitzen baitzituzten jainko-jainkosen hitzak. Hala, emakumeak indarrez menperatzeaz gain, gizonen nagusitasuna jainko-jainkosen nahia balitz bezala ezarri ere egiten zieten.
Emakumeen gaineko beren nagusitasuna legeztatzeko, gizonek Biblia idatzi zuten. Abrahamek eta Jainkoak itun bat egin zutela kontatzen du Genesis liburuak. Jainko bakarra bezala gurtuko zutela hitzematen zion Abrahamek. Jainkoak, berriz, Abrahamen jatorriari Kanaango lurra emango zion eta berari seme bat, ordurako Sara eta biak oso zaharrak izan arren. Jainkoak (Genesis 17,10) itunaren ezaugarri bat ezarri zion Abrahami:
“Hauxe da nire ituna, eta nire eta zuen artean eta gero zure ondoko jatorrikoen artean ere beteko duzue: zuen arteko gizon guztiak erdaindu egingo dira.”
Matxismoaren legeztapena zen hura: Jainkoak zeuzkan aukera-mordo guztietatik erdainkuntza ezarri zion ezaugarri hain zuzen ere. Horrela ituna gizonekin bakarrik egiten zen, eta emakumeak itunetik kanpo geratzen ziren, erdaintzeko zakilik ez dute eta.* Gizonak nagusiak dira Jainkoarekin itundu zutelako eta emakumeak azpikoak, itunetik kanpo geratu zirelako.
Milaka urte geroago hauxe ere kontatzen du Bibliak, artean zenbait emakumek itunaren zalantzarik izan balu ere (Korintoarrentzako Done Pauloren 1. gutuna 14, 34-35):
“Batzarretan emakumeak isil bitez, hitz egitea debekatuta dutelako, zuen mendean egon daitezen baizik, legeak ere dioenez. Zerbait ikasi nahi badute, etxean senarrei galde biezaiete, batzarrean emakumea mintzatzea lotsagarria da eta.”
* Ez dira gauza bera gizonen zakilaren erdainkuntza eta emakumeen klitoriaren erauzketa. Neskatilei egiten zaien mozketa hau basakeria da, mina eta osasun-arazo gertagarriak eragin ez ezik, emakumeak gero orgasmorik ezin izatera zigortu ere egiten ditu eta. Beharrik gaur egun bada klitori erauzia berreraikitzeko kirurgia.
Iruña-Veleia, lehen-lehenik pertsonak
2018-02-24 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Eliseo Gil izeneko pertsona bat lanean ari zen aztarnategi arkeologiko bat zuzentzen. Duela 12 urte erromatarren garaiko pieza batzuetan III mendean datatu zituzten idazkunak azaldu ziren. Zientziarentzat, kulturarentzat eta euskararentzat altxorrak ziren, bada. Eureka!
Baina orain dela 10 urte eureka amaitu zen. Euskal Herriko Unibertsitatearen aginte akademikoak idazkunak faltsutu zituela leporatu zion. Arabako Foru Aldundiaren aginte politikoak aztarnategitik egotzi (Unibertsitateari emateko) eta epaitegian salatu zuen. Hedabide-aginteak egi-erdikak eta gezurrak ere zabalduz jendaurrean belzten du. Eta badira 9 urte aginte judizialak akusatuen aulkian itxaroten zigortuta daukala. Bederatzi urtebete!
Zuzengabekeria honen historia osoa eta egiaztatzen duten agiriak hementxe daude: http://www.veleia.fontaneda.net.
Hasieratik, arazoa zientziarentzat, kulturarentzat eta euskararentzat garrantzitsua izan arren, zientzialariak isiltzen dira, intelektualak isiltzen dira eta euskaltzaleak isiltzen dira; agerikoa da arazoa aztertzea eta eztabaidatzea interesatzen ez zaizkiela, egia ezagutzeko gogorik ez dutela. Epaileak isiltzen dira; 9 urte joan dira eta batek daki azkenik noiz arituko diren. Politikariak isiltzen dira; herritarrak, zientzia, kultura eta euskara defendatzen dituztela adierazten dute, baina herritarrek, zientziak, kulturak eta euskarak itxaron beharko dute. Bost axola haiei; lehen-lehenik pertsonak direla aldarrikatzen jarraituko dute.
Eta Eliseo Gil izeneko pertsonak ezin itxaron dezake; denbora luzeegia darama –10 urtebete oraingoz– jendaurrean belztuta eta ohoreaz, lanaz eta etorkizunaz gabetuta. Faltsutzailea dela ezin froga dezaketenez gero, betoz pertsona ondradu eta langile bat goikoen interes ilunetatik jendaurrean aldeztera.
Asmo honetan, salaketa ken dezala eskatzeko, ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren jauregi aurrean elkarretaratzea egiten da, eta guztiok zaudete gonbidatuta.
2018, Eliseo Gilen birgainkuntzaren urtea.
Euskal autodeterminazioa legezkoa da
2018-02-12 // Euskal Herria // Iruzkinik ez
Espainiako Gobernuak lelo bera errepikatzen du beti, Legea eta Konstituzioa bete behar direla. Hala ere, ez ditu Estatuak berak betetzen. Bete nahi baditu, euskal erreferenduma antola dadinean, Espainiako Estatuak Konstituzioaren eta Legearen arabera baimendu eta sustatu beharko luke, Kataluniako erreferendumean egin behar zukeen bezala, Konstituzioak eta Legeak eskubide hori bermatzen dutelako.
Legeak, hots, Estatuaren Aldizkari Ofizialak 1977-04-30eko 103. zenbakian hauxe argitaratzen du:
https://www.boe.es/boe/dias/1977/04/30/pdfs/A09337-09343.pdf
“[9337. orrialdean:] 10733 BALIABIDEA, New Yorken 1966ko abenduaren 19an egin zen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berronesten duena.
JUAN CARLOS I
ESPAINIAKO ERREGEONEK (…)
[9338. orrialdean:] onartu eta berronetsi egiten dut bertan [Nazioarteko Itunean] agindutakoa, eta horrela hementxe onartzen eta berronesten dut, betetzea, gordetzea eta atal guztietan zeharo betearaztea eta gordearaztea hitzematen dudanez, (…)
I ATALA
1. Artikulua
Herri guztiek beregaineko ebazpenaren eskubidea dute. Eskubide hau dela eta, beren egoera politikoa xedatzen dute beregain eta, halaber, beren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaz hornitzen dira. (…)”
Hau ez da inoren iritzia, BOEren hitzak baizik, Legea da. Hitz adierrazen bidez, eskubidea, ez nolako herriek ez halako herriek, baizik eta “herri guztiek” dutela azaltzen du hitzez hitz. Eta Espainian herriak badaude, 1978-12-27ko Espaniako Konstituzioak hitzaurrean adierazten duenez:
https://www.boe.es/legislacion/documentos/ConstitucionEUSKERA.pdf
“HITZAURREA Espainiako Nazioa (…) hurrengo nahia adierazten du:
(…) Espainol eta Espainiako Herri guztiak giza eskubideen partea izan dezaten, baita beraien kultura eta tradizioek, hizkuntza eta erakundeek ere.” [sic]*
Hau ere ez da inoren iritzia, Legea baizik, Konstituzioaren hitzak dira, eta hitzez hitz dioenez, herri guztiak babesten ditu eta BOEren arabera, hau da, Espainiako Legearen arabera, beregaineko ebazpenaren eskubidea dute. Konstituzioak ezin uka dezake Erregeak aurretiaz sinatutako eta berronetsitako Nazionarteko Ituna, BOEko 10733. baliabide aipatua gaur indarrean dago eta.
Estatuak Legea bete beza!
* “Espainiako nazioak (…) bere asmoa aldarrikatu du:
(…) Espainiarrak eta Espainiako herri guztiak babestea, beraien giza eskubideak, kulturak eta ohitura zaharrak, hizkuntzak eta erakundeak erabil ditzaten.“
Iruña-Veleia-Zugarramurdi
2018-01-31 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Duela 408 urte autofede batean sei zugarramurdiar epaitu, kondenatu eta sutzarrean erail zituzten sorgintza leporatuz. Sinesmenetan, iritzietan eta torturetan bakarrik oinarritu ziren. Ez zuten batere frogarik aurkeztu: ez zuten aurkitu deabrurik ez jandako haurren hezurrik ez pertsona hegalaririk ezta ekaitz izugarriak eragiten zituen lapikorik ere.
Eta 408 urte geroago (jakizu noiz!), Iruña-Veleiako hiru arkeologo, haien artean Eliseo Gil, aztarnategiko zuzendari ohia, epaituko dituzte idazkun arkeologiko batzuk faltsutzea leporatuz. Teorietan, iritzietan eta gutxi batzuen txostenetako aieruetan bakarrik oinarritzen dira; ez dute batere frogarik aurkezten.
Frogarik ez dagoenean aieruak erabiltzen dira. “El Correok” 2018-01-11n, gertatuko den epaiketaren albistea ematean, instrukzio-epailearen maiatzeko autoaren gaia ateratzen zuen: “Auzipetuek fede txarrean jokatu zuten [esaldi bitxi hau kazetariak erantsi du]. LURMENgo langileek materialen garbiketaren ostean aurkitzeko moduan jartzen ziren piezak. Horregatik [grafitoak] ez ziren ‘in situ’ aurkitu, hau da, landa-lanetan”. Hau ez da egia. Aspaldidanik lurperatutako aurkikuntza arkeologiko bat zarakarrez eta lurraren lohiaz estalirik agertzea ohikoa dela adierazi beharko ziekeen irakurleei, eta horregatik kontuz garbitzen direla, eta zarakarrak ezkututa ote dauden idazkiak edo marrazkiak orduan ikusgai ohi direla.
Benetako 408 froga bakarrik daude, aurkikuntzako 408 piezak. Baina iritziak, teoriak eta aieruak nahiago dituzte; ez dute nahi pieza gutxi batzuei mundu mailako laborategi entzutetsu batzuetan zientzia-azterketa (merkea eta azkarra) egiterik, idazkunak noiz grabatu ziren ebazteko. Biribila izango litzateke behar bezalako emaitza, Eliseo Gilek hasiera-hasieratik eskatu duenez. Harrigarriena da Arabako Foru Aldundiak bere salaketa egiaztatuko lukeen froga lortzerik nahi ez izatea. Grafitoen data jakiteak izutzen bide du. Historia, txostenak eta agiriak www.veleia.fontaneda.net web-gunean daude.
Salaketa kendu eta kontua zientzia-eztabaidan jar dezala Aldundiari eskatzeko, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egiten da eta arabar guztiok zarete gonbidatuta.
2018, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea. Bada garaia!
Eraso matxistak eta heziketa
2018-01-19 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Gizonak eta emakumeak berdintzat jo behar direla gizarteari irakasten lortuz doa feminismoa. Zehazki ere, gizarte-mobilizazioan aurrera handia egin du berdintasuna erraietatik ukatzen duen gaitz honen aurka: indarkeria matxista.
Aurre egiteko, tresna nagusi bezala heziketa eskaintzen da egokiro, ikastetxeetan batez ere itxaro den heziketa. Bada, ikastetxeetan aurrerapen handia gertatu da: oro har mistoak dira eta haurrak eta nerabeak berdintasunean hezitzen dituzte. Hala ere, estatistikek aurrerapen hau itsusten dute, gizon biolento oso gazteen ehuneko izugarria ematen dute eta.
Porrot egiten ote du ikastetxeko heziketak? Ez. Arazoa ez dago ikastetxean. Heziketari dagokionez, ez da lehentasunezko kontuan izaten ikastetxea baino askoz irakasle eraginkorrago bat, haurtzaroan hezitzen duena, nerabezaroan, bizitza osoan, egun osoan, egunero eta norberaren etxe barruan: telebista.
– Herenegun haurrek eta nerabeek txirrindularitza ikusi zuten telebistan. Gizon heroiko batzuek irabaztearren ahalegin handiak egin eta gero, bat-batean, txirrindularitzarekin zerikusirik gabe, emakume gazte eta eder batzuk agertu ziren eta gizon irabazleei masailean musu bana eman zieten, eta kito.
– Atzo auto-iragarki bat ikusi zuten. Gizon erosleak kapo gainean eserita emakume gazte eta eder bat ikusi zuen, baina ez zen autoarekin batera saltzen (besterik ez behar!); emakumea, bada, loreontzia besterik ez zen.
– Gaur film bat ikusi dute. Gizona eta emakumea baso batean zehar ihes egin dute gaiztoengandik, emakumeari takoi bat apurtu zaio eta ezin du korrika egin, gero erro baten aurka behaztopa egin eta lurrera erori da. Beharrik, gizon heroikoak besoetan hartu emakumea, korrika egin eta biak salbatu ditu.
– Bihar haur-ipuin baten bizidun marrazkiak ikusiko dituzte. Emakume bat etxean gatzgabe bizi da, beste edozein bezala, baina egun batean printze bat agertu da, elkarrez maitemindu dira eta printzeak emakumea printzesa bihurtu du. Harrezkeroztik oso zoriontsu bizi dira… printzeari esker.
– Etzi, gutxi balitz bezala, reggaeton delakoaren heroien bideo batzuk ikusiko dituzte, eta ‘malumeziketaz’ kutsatuko dira, matxismo basatiaz.
Ikusentzunezko irudiak sakonago grabatzen dira garunean entzuten edo irakurtzen dena baino, eta gainera, haurrek ez dute fikzioa eta egiazko bizitza bereizten. Horregatik benetakotzat bereganatzen dituzte ikusentzunezko mezuak. Horrela, irakasleek berdintasuna irakatsiz, pertsona guztiek balio bera dutela esanez eztarria urratu arren, haurrak matxismoan hezita dauzka aurretiaz irakasle handiak, telebistak: gizonak nagusiak direla eta emakumeak beraien zerbitzariak besterik ez direla. Haurren neuronek ezin dezakete ikastetxean hartutako ikasgaia ondo digeritu, pantailan ikusi dutena aldez aurretik grabatuta daukatelako.
Ahaleginak ikastetxean jarraitu ez ezik, hauxe ere egin behar da: telebista-“kateetan” pantailan agertzen den guztia berdintasunaren ikuspegitik gainbegiratzen duten batzorde feministak eratzeko exijitu. Ikastetxean bai, baina telebistan batik bat garaituko du heziketak.
Ñ zaharkitua
2018-01-07 // Euskara // Iruzkinik ez
Mendeetan zehar euskal alfabetoak tiletak erabili ditu.
– Literatura zaharrean Ç eta Ñ erabiltzen ziren:
guec ajutu eç dugu (Donemiliagako 2. glosa, X mendekoa)
bioçeraño yndaçu … erioça (Eskuizkribua, Perez de Lazarraga, 1567)
etçuela egundaiño (Gero, Axular, 1643)
– XX mendean beste tilet batzuk loratu ziren ugari: Đ, Ł, Ŕ, Ŝ eta Ŧ [d, l, s eta t gaineko tiletak ezin idatz ditzaket. Horregatik, beste hizkuntzetako tilet ezberdinak erabili ditut adibide gisa]:
auŝe da uŝua (Diccionario Vasco-Español-Francés, Azkue, 1906)
bañan gero urdałetik beŕiz (Xabiertxo, Lopez-Mendizabal, 1932)
1936’gn. uŕiłak 9 (Euzkadi’ko Agintaritzaren Egunerokoa, 1. zenbakia)
Itun Zâŕ eta Beŕia (Olabide, 1958)
Era berean:
Euzkaleŕi, saŕera, eđer, Mađalen, aŧa, Anŧon, iłargi, oło,iñola, baño, España, Iruña, Zuriñe, Auñamendi, ñabaŕ, andereño
– Azkenean, euskara batuak tilet gehienak baztertu zituen, eta gaur egun ia letra garbiak idazten dira:
guk ez dugu aiutua
bihotzeraino idazu … heriotza
ez zuela egundaino
hauxe da uxua
baina gero urdailetik berriz
1936ko urriaren 9a
Itun Zahar eta Berria
Era berean:
Euskal Herri, sarrera, edder, Maddalen, aita, Antton, ilargi, oilo, inola, baino, Espainia
Baina oraindik ere tilet-aztarna geratzen da hitz batzuetako Ñ letran:
Iruñea, Zuriñe, Auñamendi, ñabar, andereño
– Iruñea hitzari buruz, ez da arrazoirik inola, baino eta Espainia bezala ez idazteko, batez ere Euskaltzaindiak “Nafarroako udal-izendegia” izenburuko arauan dioenez, hiri horretako biztanleak iruindarrak direla eta horko gizonei iruinxeme izendatu zaiela kontuan harturik. Horren arabera: Iruinea.
– Emakume-izenetan ere Ñ letraren hutsaltasunaren frogapen argi bat dago. Arana-Elizalde izendegian, 1910ean argitaratu eta gaurko egunean ere oso hedatua eta arrakastatsuan, Andre Mariaren deituretatik datozen emakumezko izenak eratzeko, –NE atzizkia eransten zaie: Aintzane, Bidane, Edurne, Gotzone, Itsasne, Nekane eta Sorne, adibidez. Baina, –NE atzizkiak berez I letraren atzean ÑE soinua ematen badu ere, tilet-zaletasun handiko garai hartan Argiñe, Garbiñe, Zuriñe idatzi ziren eta orain ere idazten dira, aurrekoetako –NE atzizki garbia jarri beharrean: Argine, Garbine, Zurine.
– Auñamendi eta ñabar hitzetan N letra bustitzeko ezin daiteke I letraren laguntzarik erabili, ahoskera aldatuko lekiokeelako. Hauetan, D, L, R eta T letretan egiten denez, N letra bikoitza: Aunnamendi, nnabar.
Badaude beste letra bustiez hasitako hitzak ere, inor asaldatu gabe: llabur, llollo, ttipi, ttuntturro.
– Andereño hitzean –ÑO atzizki txikigarri hau kontsonantez bukatutako hitzei ere eransten zaienez gero (haurño, adibidez), bustidurak ez du I letraren laguntzarik onartzen. Beraz, N bikoitza ere: haurnno, anderenno.
N bikoitza ez da inola ere azken modako burutaldia, Lazarragak ere bi idazkerak, Ñ eta NN, erabiltzen zituen eta.
çeña dan ayn andia (Eskuizkribua, Perez de Lazarraga, 1567)
orainganno ez nax ni eldu (‘’)
Eta azkenez, hiru arrazoi hauexek ere daude Ñ letrako tileta baztertu eta iN edo NN idaztearen alde.
– Euskal alfabetoak tiletik gabeko letra garbiak oso izango lituzke:
a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z
– Interneteko hizkuntzak, ingelesean oinarrituta, ez du tiletik onartzen:
www.oinati.net (“Oñatiko” Udalaren interneteko gunea)
www.baranain.es (“Barañaingo” Udalarena)
www.urduna.com (“Urduñako” Udalarena)
Beraz, interneteko oztopoa saihesteko: Oinati, Barainain, Urduina.
– Iparraldeko euskaldunek, teklatuan Ñrik ez daukatenez, ezin dute Ñ idatzi. Behin Baionako idazle batek bidalitako e-mail baten izenburuan Iruna-Veleia idatzi behar izan zuen. Baita mundu zabalean euskaraz idazten duen askori ere gertatzen zaio. Hau dela eta, euskal ortografia orokorra izan dadin, euskaldun guztioi baliagarria izateko: Iruina-Veleia.
Iruña Veleiazko lau jarrerak
2017-12-26 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan idazkun batzuk agertu ziren, batzuk euskaraz, arkeologoek erromatarren garaian datatuak. Euskal Herriko Unibertsitateko aditu batzuek faltsutzat jo zituzten, eta horregatik Arabako Foru Aldundiak 2008an talde arkeologikoa bota zuen, 2009an epaitegian salaketa aurkeztu zuen faltsutzea leporatuz eta gero aztarnategiaren zuzendaritza unibertsitateari eman zion. Honaino gertaerak.
1. jarrera.- Gai honetan ezjakinak izanik, herrikide askok berri bakarra du aurkitzaileen aurka egin zuten hedabide handietako kanpaina agresiboaren bidez, egi-erdikak hedatuz (hau da, adierazi gabeko egiak), herrikideei faltsutzean sinetsarazteko; adibidez:
– El Correok hauxe aldarrikatu zuen 2008an, “bi pieza lotzeko berehalako lekeda topatu zuten”, ohikoa dela esan gabe, edonon antzinako murko apurtu bat agertzen bada, duintasunez aurkezteko lekedatzen dela azaldu gabe.
– El Correok zera ere hedatu zuen 2014an, “metalen aztarnak zeuden, batzuk –altzairu herdoilgaitza kasu– izan ere ez ziren erromatarren garaian”, metal aipatuak azalean agertzen zirela argitu gabe; hau da, piezak euren eskuetan eduki zituzten gutxienez zazpi erakundeek utzitako hondarrak: arkeologoak, aldundia, unibertsitatea, grafologi bulego bat, guardia zibila, ertzaintza eta txostena egin zuen erakundea (ik. http://www.veleia.fontaneda.net ).
Horrela, aldundiaren entzute politikoan eta unibertsitatearen entzute akademikoan oinarritutako hedabide handietako kanpainak herrikide hauei idazkunak faltsuak zirela ‘sinestaratzea’ lortu zuen. Gainera, kasu hau ahaztu dadin, aurkikuntzak aldundiaren (salatzailearen) BiBat museoan daude ‘ezkutaturik’ (leunki esatearren) herrikideen begietatik urrun, jakinguratik urrun, eta idazkunei data jartzeko egin litezkeen azterketa zientifikoetatik ere urrun.
2. jarrera.- Beste herrikide batzuek benetakotasuna defendatzen dute, edo gutxienez, behin betiko argitu dadin, idazkunak noiz egin ziren ebazten duten azterketa zientifikoak egitea. Azpimarratu behar da benetakotasunaren alde askoz ere txosten gehiago dagoela unibertsitateak iritzietan eta teorietan oinarrituta, batere frogarik gabe, salatu zuen faltsutasunaren alde baino.
3. jarrera.- Beste batzuek gai hauetaz jakinak dira, zientzialariak eta katedradunak, baina ez ikusiarena egiten dute; zerbait esango lezakete, euren aburu aditua herrikideei adierazi, idazkunak ikertzea eskatu… baina isildu nahiago dute.
4. jarrera.- Epaileak ere isilik daude. Hala eta guztiz ere, epaiketa egitea ala auzia artxibatzea erabaki beharko dute azkenean ere, ‘hausnartzen’ ia bederatzi urte daramatzate eta! Iruña-Veleia Euskal Herriko auzirik zaharrena da.
Zuzengabekeria hau amaitzea eskatzeko, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan aldundiaren aurrean elkarretaratzea egiten da, eta arabar guztiok zaudete gonbidatuta.
2017, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea.