Hasiera »
Gontzal Fontanedaren bloga - Babazorro
Gontzal Fontaneda
apal-apal
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
tximeleta
hegan
epel-epel
lorea
zain
Honelaxe poetizatu du Joxan Artzek
gure beharrik handiena:
izatez, elkar behar dugula.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Izena *Leire(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Iruña-Veleia, ez frogarik ez presarik bidalketan
- Tomas Elorza Ugarte(e)k Gauza beltz guztiak ez dira ikatzak bidalketan
Artxiboak
- 2022(e)ko azaroa
- 2022(e)ko otsaila
- 2021(e)ko azaroa
- 2021(e)ko iraila
- 2021(e)ko maiatza
- 2021(e)ko martxoa
- 2021(e)ko otsaila
- 2020(e)ko azaroa
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko iraila
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko ekaina
- 2020(e)ko maiatza
- 2020(e)ko martxoa
- 2020(e)ko otsaila
- 2020(e)ko urtarrila
- 2019(e)ko abendua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko maiatza
- 2019(e)ko apirila
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko abendua
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko iraila
- 2018(e)ko abuztua
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko ekaina
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko martxoa
- 2018(e)ko otsaila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
Irtenbide feminista
2017-12-14 // Feminismoa // Iruzkinik ez
Historia argia da:
– Edozeinek dakienez, esklabotzaldian jopuek sufritzen zuten. Baina emazteek eta alabek sufriagotzen zuten, beste emakumeek bezala, jabeenak barne, emakume guztiak menderatuta, arbuiaturik eta erasota bizi ziren eta.
– Inork zalantzarik egiten ez duenez, feudalismoaldian mirabeek sufritzen zuten. Baina emazteek eta alabek sufriagotzen zuten, beste emakumeek bezala, jaunenak izanik ere, emakume guztiak menderatuta, arbuiaturik eta erasota bizi ziren eta.
– Orain nabari denez, kapitalismoaldian langileriak sufritzen du. Baina emakume langileek, alabek, gizon langileen emazteek eta alabek sufriagotzen dute, beste emakumeek bezala, baita aberatsenak badira ere, emakume guztiak menderatuta, arbuiaturik eta erasota bizi dira eta.
Gauzak horrela, historian zehar sufriagotu eta orain ere sufriagotzen dutenak emakumeak direnez gero, eurek dakite langileria sufrimendutik askatzeko gakoak zein diren. Beraz, bada garaia hurrengo hauteskundeetan ordez hurrengo belaunaldietan pentsatzen duten ezkerreko alderdi politiko guztiak alderdi politiko feminista baten agintepean elkartzeko, esplotazioa ezagutzen ziur-ziur adituena da eta.
Bestela, nork bere zortzikoan ibiltzen jarraituko du… eta horrela ez gara sufritzetik aterako, historiak egiaztatzen duenez.
Gainera, gaur egun ere matxismoa jasaten dugun arren eta beti bezala emakumeek askoz jasanagotzen badute ere, matxismo basatia ere bai, emakukeek, balio dutena beti ziurtatu behar izaten dutenez, aurrerarazteko balio dutela egiaztatatu dute: sufragisten borrokatik (“eroak” esaten zieten) gaurko egoerara, lehenago ezin sinets zitezkeen aurrerapenak lortzen jakin dute eta.
Iruña-Veleiazko adituak
2017-12-02 // Iruña-Veleia // Iruzkinik ez
XIX mendean aditu handi batzuek Altamirako pinturak faltsutzat jo zituzten. Gero Frantzian antzeko pinturak agertu zirenean, oker zeudela aitortu eta azkenean pinturak benetakoak direla onartu behar izan zuten.
XX mendean aditu handi batzuek Zubialdeko pinturak (Arabako Gorbeian) benetakotzat jo zituzten. Gero, pinturak aztertu eta baten barruan espartzu-hondarrak aurkitu zituztenean, oker zeudela aitortu eta azkenean pinturak faltsuak direla onartu behar izan zuten.
XXI mendean Euskal Herriko Unibertsitateko aditu handi batzuek Iruña-Veleiako grafitoak faltsutzat jo zituzten 2008an eta, ondorioz, Arabako Foru Aldundiak 2009an aurkitzaileen aurkako salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Instrukzio-Epaitegian. Hori dela eta, oker daudela aitortu eta azkenean grafitoak benetakoak direla onartu beharko dute Arabako Probintzi Auzitegiak grafitoei data jartzeko azterketak eginarazten dituenean.
Orain arte azterketa zientifikorik egin ez bada ere, beste aditu gehiagoren txostenek ondorioztatzen dute grafitoak benetakoak daitezkeela; baina bost axola unibertsitateari, aldundiari, epaitegiari, hedabide handiei…
Kasu honetako bitxitasunik deigarriena hauxe da: hasieratik Eliseo Gil salatuak berak eskatu dituela grafitoei data jartzeko azterketak eta lurpetik ea grafito gehiago agertzen den ikusteko indusketa kontrolatuak, eta aldundi salatzaileak, ordea, beti uko egin diela ikerketa horiei.
Beraz, zortzi urtean (Euskal Herriko auzirik zaharrena da) inork ere ez du egin ‘bederatziaren proba’, hau da, grafitoei data jartzen dien azterketa zientifikoa. Epaitegiak gehienik ere Espainiako Kultur Ondarearen Institutuaren azterketa bat onartu egin zuen. Epaitegiak idazkunen antzinatasuna aztertzeko agintzen bazion ere, institutuaren txostenak hauxe bakarrik zioen: pieza batzuetako azalean gaur egungo metalen aztarnak agertzen zirela; jakina! piezak ikutu dituzten gutxienez zazpi erakundeek utzitako hondarrak: talde arkeologikoa, aldundia, unibertsitatea, grafologia-bulego bat, guardia zibila, ertzaintza eta institutua bera. ( ikus http://www.veleia.fontaneda.net )
Epaitegiak azkenik maiatzean auzitegiari pasatu dio kasua, juzgatzea ala artxibatzea erabaki dezan; espero dezagun orain auzitegiak beste zortzi urteko astia hartuko ez duela.
Auzitegiaren erabakia amaieraren hasiera izango da. Azkenean ohorea itzuliko zaie aurkitzaileei, Arabako kultur ondareari, euskararen historiari, baita zuzentasunari ere, zuzengabekeria honek bederatzi urte luze daramatza eta.
Zuzentasuna eskatzeko, ostegunero arratsaldeko zortzietan aldundiaren aurreko elkarretaratzea egiten da eta gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete.
Euskara artifiziala (3.)
2017-11-20 // Euskara // Iruzkinik ez
Zer dela eta gara euskaldunok erdararen honen manukorrak? Inguruko erdarak dioena zintzo-zintzo geuganatzen dugu euskararen muinari kalte egin arren, “erdara nola, euskara hala”. Honatx hirugarren adibidea:
Subjektua
Inguruko erdararen perpausa subjektuak eta predikatuak osatzen dute. Beraz, ia gramatikari guztiak ados daude euskal perpausak ere subjektua eta predikatua dituela, hots, izen-sintagma eta aditz-sintagma. Benetan? Azter ditzagun hiru adibide hauek:
Irakaslea berandu etorri da gaur. Irakasleak arratsaldean hartuko du zure ama. Lehengusuak atzo irakaslea ikusi zuen antzokian.
Lehenengo bi perpausetan subjektu bera dugu, baina atzizki ezberdina dute, irakaslea eta irakasleak. Beraz, subjektu ezberdinak dira. Bestalde, lehenengo eta hirugarren perpausetan irakaslea bera agertzen da, bietan berdin-berdin, baina batean subjektua eta bestean objektu zuzena.
Hori dela eta, alde batetik euskaran bi subjektu ezberdin ditugu, eta beste aldetik haietako bat eta objektu zuzena gauza bera dira: begi-bistako zalantzagarrikeria. Hitz batez, erdal egitura ez dabil euskaran, subjetuak kirrinka egiten du eta. Euskara gaixoa!
Beharrik, XX mendeaz gero NOR-NORI-NORK egitura adierabakarra ezagutzen dugu, eta hemen ez dago zalantzarik: NOR beti NOR da, NORI beti NORI eta NORK beti NORK:
NOR (perpaus guztietan) aditzaren objektua da: aditzak adierazitako ekintza jasaten duena. Gainera, aditzak egiaztatzen digu.
NI Mauletik etorri Naiz zuk NI honaino ekarriko Nauzu gurasoek ZU eraman Zaitzaten ZU basoan gal Zintezke
Erraz, argi eta garbi partizipioak erakusten digu NOR objektua perpaus guztietan: etorri aditzaren gauza etorria, ekarri aditzaren gauza ekarria, eraman aditzaren gauza eramana, galdu aditzaren gauza galdua.
NORK (perpausean NORK baldin badago) aditzaren eragilea da: ekintza NOR objektuaren gainean eragiten duena. Hemen ere aditzak egiaztatzen digu.
ZUK ni zeure autoaz ekarri ninduZUn GURASOEK zu jaietara eramango zaituzTE
NORI (perpausean NORI egonez gero) aditzaren hartzailea da: ekintzan esku hartu gabe, ekintzaren emaitza hartzen duena. Honetan ere aditzak egiaztatzen digu.
lagunek GURI oporretatik opari bat ekarriko balIGUte UMETXOARI dirua galdu zitzaIOn
Oso erraza egiaztatzen du hurrengo adibide honek: erlatiboko perpausak aditz jokatuaz egiten dira. Baina, aditzak aspektu burutua duenean, jokatugabe ere egin daiteke.
1.- (Iloba) Italian jaio den iloba aurkeztu digu Jonek. Edo: Italian jaiotako iloba aurkeztu digu Jonek. (edo jaio iloba edo jaioriko iloba) Isilekoa “subjektua” da eta bi moduetan egin daiteke erlatiboa.
2.- (Jonek) Iloba aurkeztu digun laguna oso pozik dago opariagatik. Ezin: Iloba aurkeztutako laguna oso pozik dago opariagatik. Isilekoa “subjektua” ere da, baina erlatiboa ezin egin daiteke jakatugabeko moduan.
3.- (Oparia) Italiatik ekarri dion oparia erakutsi digu Jonek. Edo: Italiatik ekarritako oparia erakutsi digu Jonek. (edo ekarri oparia edo ekarririko oparia) Isilekoa ez da “subjektua”, “objektu zuzena” baizik. Baina bi moduetan egin daiteke erlatiboa.
Zergatik egin daiteke (1) “subjektu” isileko batean eta ez (2) beste “subjektu” isilekoan? Zergatik egin daitezke (1) “subjektu” isikekoan eta (3) “objektu zuzen” isilekoan ere?
“Subjektu” eta “objektu zuzen” adigaiak euskararenak ez direlako. Horien ordez, euskarak non dauka komunztadura?
(1) eta (3) perpausetako isilekoak NOR dira (gauza jaioa eta gauza ekarria), eta kasu honetan bakarrik egin daiteke jokatugabe. (2) perpauseko isilekoa, berriz, NORK da, eta ezin daiteke horrexegatik egin.
Argi dago NOR-NORI-NORK euskara dena; “subjektua”, berriz, artifiziala. Euskara gaixoa!
Euskara artifiziala (2,)
2017-11-08 // Euskara // Iruzkinik ez
Zer dela eta gara euskaldunok erdararen honen manukorrak? Inguruko erdarak dioena zintzo-zintzo geuganatzen dugu euskararen muinari kalte egin arren, “erdara nola, euskara hala”. Hona bigarren adibidea:
Artikulua
Aspaldidanik ia gramatikari guztiek –a eta –ak atzizkiak artikulu mugatuak direla aldarrikatzen dute, “pertsonatzaileen” aberastasuna suntsituz.
Euskaran ez dago artikulurik. Inguruko erdarak, ordea, artikuluak erabiltzen ditu: el, la, lo, los, las eta le, la, les. Baina erdal artikulu horiek 3. pertsona gramatikalak bakarrik mugatzen dituzte. Euskaran, berriz, sei pertsonak mugatzen dituzte pertsonatzaileek, atzizki bana erantsiz: –au, –ori, –a, –ok, –ok, –ak. Sei atzizki hauek ez dira artikuluak, pertsonatzaileak baizik:
Emen naukate [ni=] atzeneko eliztarra naizen au [naizenau]. (Gurbindo “An emenkako berriak”)
Ceri beguira ago [hi=] alper andi naguiori? (P.A. Añibarro “Gueroco Guero”)
Agur, [zu=] Yuduen eŕege ori [eŕegeori]! (P. Iraizoz “Yesu-Kristo gure Yaunaren bizia”)
Jan daigun [hura=] emen daukagun opilla. (E. Bustintza “Euskalerriko ipuñak”)
Biok [=gu] joango gera alkarrekiñ. (D. Agirre “Garoa”)
Çatozte enegana [zuek=] trabaillatcen çareten guztioc. (Axular “Guero”)
Ceren bascoac [=haiek] baitira abil. (B. Etxepare “Linguæ Vasconum Primitiæ”)
Idazle batzuek, adibide hauetako bik, atzizkia erantsi beharrean, erakuslea balitz bezala banatzen dute pertsonatzailea: naizen au =NI (Gurbindo) eta eŕege ori =ZU (P. Iraizoz). Baina, Axularrek argi eta garbi darakuskigunez, bi hauek 1. eta 2. pertsonak mugatzen dituzten atzizki pertsonatzaileak dira. Erakusleek, ostera, 3. pertsonak bakarrik kokatu egiten dituzte.
Eztuçu pensatcen ventura horrec ventura gaixtoa emanen deratçula? (Axular “Gero”) Beti 3. pertsonari egokitzen zaion erakuslea.
Certan pensatcen othe duçu çuc, beccatu guehiago eguin duçunorrek? (Axular “Gero”) 2. pertsonari dagokion atzizki pertsonatzailea.
Pertsonatzaileak arbuiatu eta euskara “sasiartikuluaren” mugetan estutzearen erruz, hainbat euskalduni pertsonatzaileak bitxiak, zaharkinak edo “fosilduak” iruditzen zaizkio. Euskara gaixoa! Pertsonatzaileen bidez zuzen-zuzen egin lezaketena erdal egituraren bihurgunetan zehar ibiltzera behartuta daude oraingo euskaldunak 1. eta 2. pertsonak mugatzeko.
“Baserritar naizen onek [naizenonek] baserritartxo iaiu bat bear det” idatzi zuen R.M. Azkuek “Urlo” operan.
Gaur egun ia baztertuta, zerabilen pertsonatzailea gabe, honelaxe idaztera behartuta zegokeen:
Nik, zein baserritarra bainaiz, baserritartxo iaio bat behar dut edo Nik, baserritarra izanik, baserritartxo iaio bat behar dut.
Baina Azkuek bazekien hauek erdaratiko itzulpen artifizialak ziratekeena.
Euskara artifiziala (1,)
2017-10-27 // Euskara // Iruzkinik ez
Zer dela eta gara euskaldunok erdararen honen manukorrak? Inguruko erdarak dioena zintzo-zintzo geuganatzen dugu euskararen muinari kalte egin arren, “erdara nola, euskara hala”. Hona hemen lehenengo adibidea:
Ponte-izenak
Era askotan erabili dira ponte-izenak mendeetan zehar. Lehenago erdaratik hartzen ziren, gehienak santu-izenak. Jatorrizko erdaran bezala, izen ar eta emeak bereizten ziren: Juan Celaya gizona eta Jeanne Boulart emakumea.
Gero Arana-Eleizalderen izenak hedatzen ziren: Gotzone Barandika emakumea eta Gotzon Garate gizona. Hauek ere izen eme eta arrak bereizten zituzten.
Geroago gauzen izenak erabiltzen hasi dira: Amets Arzallus gizona eta Amets Arrospide emakumea. Horrelako izenek ez dute ar eta emeen arteko bereizkuntzarik, jakina, gauzak generogabeak dira eta.
Aitzitik, inguruko erdarak gauza guztiei generoa jartzen die, maskulinoak ala femeninoak ditu: el sol eta la luna, le soleil eta la lune. Baina euskarak ez du generorik, eta horrela lasai bizi izan da aspaldidanik:
–Pertsonen eta animalien sexua bereizten du, jakina: zaldia eta behorra, baina hitz horiek ez dute generorik, ez dira maskulinoak ez femeninoak.
–Gauzek ere ez dute generorik, ez dira maskulinoak ez femeninoak, berdin dira eguzkia eta ilargia, eta areago, zakila eta alua, sexu-hitz nabariak izanik ere.
–Kualitateek ere ez dute generorik, ez dira maskulinoak ez femeninoak ez neutroak: gizon bat nagusia da, emakume bat nagusia da eta nagusia lana bukatzea da.
Hala eta guztiz ere, beti generogabeak izan badira ere, orain ustekabean gauzak maskulinoak ala femeninoak izaten hasi dira, zergatik eta haurrei izena ezartzeko Euskaltzaindiaren izendegiagatik. Orain mutiko bati ezin dakioke Lur izena jarri, femeninoa omen delako, edo neskatila bati Hodei, maskulinoa ei delako. Maskulinoa ote da hodeia eta lurra femeninoa? Mende-mendeetan zehar inor ere konturatu gabe!
Ponte-izenek sexua bereizteko agintzen omen duen Espainiako legea da Euskaltzaindiaren aitzakia. Baina Espainiak berak ere ez du arau hori betetzen: espainieraz Reyes Estévez gizona eta Reyes Prados emakumea, katalanez Pau Pons emakumea eta Pau Gasol gizona; nire ama Resurreccion Orille eta lehen euskaltzainburua Resurreccion Maria Azkue gizona. Non dago arazoa? Zeinetan dago zein akats?
Euskararen muina begiratu nahi badu, euskaran generorik ez dagoenez, Euskaltzaindiak generoa ezin aurki dezakeela aitortu behar dio Espainiako legeari eta oraingo izendegi ofiziala indargabetu. Eta izendegi berri bat euskal muinaren arabera egin nahi badu, alde batetik izen berriei oso irekita egon behar zaie, eta beste aldetik ponte-izen guztiei ohar bana jarri: Aintzane (emea), Martin (arra), Izar (bitzuk).
Bestela, euskarak sekulako jasango du oraingo zentzugabekeria hau: neskatila bati Terpsikore [!] izena onartzen zaio, izendegi ofizialean agertzen delako, baina Krabelin ez, izendegian ez dagoelako; mutiko bati Luzifer [!] ezar dakioke, izendegian dagoelako, baina Bake ez, emakumezkoen zerrendan agertzen delako. Euskara gaixoa!
Utz diezaiegun euskaldun hiztunei euskara eguneroko jardunean gaurkotzen eta moldatzen, arau murriztailerik eta genero-sorgailu artifizialik gabe.