Lehen notak
Mugarik gabeko euskal komunitatetik egin eta eragiteko asmoz nator ARGIAra. Itzalak argitu, eta piztu edo ixuketako.
Ez dut nik egia absoluturik, zati bat baino, ibili naizen bideetatik ikusi dudana besterik. Zu ibili zaren bideetatik errealitate beraren beste aurpegi bat ikusi baduzu, eskertuko nizuke gurekin hemen partekatzea, ekarpenei kritika konstruktiboa eginez, euskal komunitatetik dakusagun egia eraikiz, auzolanean. Kontzientzia kolektiboz argituko baitugu bizitzaren egia misteriotsua; gutako bakoitzak geure baitan badaramaguna.
Gogoz eta gorputzez aritu nahi dut, emozioz. Gogoak jakintza du erregai, gorputzak plazerra. Gogoan pentsamentuak bizi ditut, gorputzean sentsazioak. Eta emozioak. Emozioak bizi eta askatzen ez baditut, pilatu. Pilatzearekin zama hartzen dut, motxila astundu, energia blokeatu. Gorputza dut motxila, bertan memorizatzen ditut askatu gabekoak; zor emozionalaren kontua daramat gorputzean, gorpuzkeran. Gogoari behin eta berriro gogora arazteko.
Oinarrizko lau emozioak poztasuna, tristura, beldurra eta haserrea ditugu. Ingurunearekin daukadan harremanean, hartu-eman bakoitzean, lau tekla horietako bat edo gehiago sakatzen ditu nire zentro emozionalak, nire desio eta beharrez jabetu nadin.
Seinale hauetaz ohartzen naizen ala ez, honek markatuko du nire ekintzaren bidea, sanoki behar edo desio hori asetzera zuzenduko nukeena. Kontzientziarik gabe, baina, gorputzetik deskonektatutako gogoaren menpe bizi naiz, inkontzientearen erreinuan.
Nire post hau poztasunetik dator. Behar bat asetzeko bidea dut, gorputzean pilatu gabe, energia askatzeko bidea.
Ondorengoak ere tekla emozional batek edo bestek eraginda partekatuko ditut. Nire desioa da hauekin martxa baten lehen notak konposatzen joatea, Laboak Joxean Artzeren hitzez egin zuen bezala, Franko hil berritan. Euskal Herriari, humanitateari, askatasunerako bidea markatuz. Internazionalizatuz, nomadak proiektuarekin Oreka TX ere badabilen bidean.
Lehen notekin hasteko, eskerrak emanez bukatzera noa: etxeko eta lankideei. IZKALI zentroa egin eta beronekin elkarlanean aritzen diren terapeuta eta formazioko ikaskideei, nire bidean gidari, argi, ispilu, bidelagun izateagatik. Gogo eta emozioez jabetzen lagundu didaten artisau, artistei, bereziki Artze, Laboa, Lete, Lertxundi, Evaristo (La Polla Records), Francis (Doctor Deseo) eta Anariri. Eta Oñatiko PObrESIAK egiliei. Kantu bat gara bai, Jon, emozioz betea.
Eta izen gordinena, latzena daukan diskaren egileei, Latzen taldeko Gorka, Aitor, Iker eta Joxe Mari herrikideei. Zuei lapurtu dizuet blog honen izenburua –Kontzientzia ala infernua-, hogeigarren urteurren honetan.
Kontzientzia humanoa ala infernu androidea.
Gure esku dago aukeraketa.
Iturri berdinetik edan eta era berean asetu gaituelakoan, hurrengo tragoaren zain, hurrengo notak entzuteko gogoz!
Bidaia honetako lagun izango nauzu!Zein da terapia?
Ondo izan
Iñaki,
niretako bidea egitea bera da terapia.
Bidelagunekin, aberatsago.
Estimatzen dizut ekarpena.