Kontzientzia ala infernua
Hasiera » Nirea, zurea eta gurea askatzeko - Kontzientzia ala infernua

Artistei esker, bizi

2025-11-22  //  emozioz, estatugintza, euskara, feminismoa, humanismoa, partaidetza, pozik  //  Iruzkinik ez

Herri zapaldua gara. Zatikatua ere bai. Nahiko lan badaukagu egora latz hau kudeatzen. Zazpi ahizpa, hiru taldetan, elkarri bizkarra emanez, ahaztu arazitako amaren ondarea galbidean. Mingarria da egoera: odolusten ari gara.

Egoera honek noski, eragin egiten du gure osasun mentalean. Osasuna, osotasuna baita. Zatiak, puskak, gaixotasuana: eritasuna. Agian horregatik hainbesteko zaintza garaiotan. Erizain, hainbesteko kamera, polizia eta ertzain biolento.

Gauzak horrelaxe daude, dio Gorkak, baina horrela ez direla. Nor ez dator bat?

Artista euskaldun guztien aldeko aldarria da hau, musikan zentratuko banaiz ere.

Soinua, doinua, erritmoa, tonua… eta hitzak. Batez ere hitzak. Ez daitezela gal, ez ditzagun jan.

Artista, zerbait bada, sentibera da. Arras ongi sentitzen du bere eta inguruko errealitatea, emozioen bidez. Animalia emozionala naiz. Sentitzen dudana, nola ez da ba zentzudun izango? Errealitatearen ahalik eta irudirik fidelena daukat eta! Hitzak berak dio: zuntzuduna, zentzuen bitartez sentitzen duena. Pikulitan dago, arrazoiarekin sentitzen dutenen (GKS datorkit burura) zentzu alienatua! Arrazoia zentzuzkoa izateko, sentitu egin behar dugu lehenik: emozioei arreta eskeni. Sinpleki zerrendatuta, hauek dira emoziorik esanguratsuenak: poza, tristura, haserrea eta BELDURRA. Euskaldunok, mendez mende bizitako ankerkeria guztien ondorioz, beldur gara, akatuko ote gaituzten. Ulertzekoa da, eta errealista ere bai. Irakurri bestela UEMAren eguneroko “Euskararen Hemeroteka” Telegrameko kanala.

Markatu nau, eta salbatu, Anariren ametsen eraiste neurtuak: “zure buruaz beste… bat egitea”-k. Eztarria korapildu egiten zait oraintxe ere. Bizipoz gabe egotetik, argi izpi bat ikustera… eta haren atzetik aritzea, bidelagunik aproposenez, lehen bale arrantzaleak artizarraren atzetik bezalaxe.

Bidai psikologiko zabal eta sakonak egiten ditut gure musikagileek lagatako ondarearekin. Joan zirenak ere gurekin daude, gogoan. Belaunaldi berriak, gogoz. Denak eskura, musu truk, plataforma digitalen algoritmoei esker. Erabili, beldurrik gabe Adimen Artifiziala. Garaiotako baliabideak dira, betiko beharrak asetzeko. Ez batekin maitemindu. Denek daukate baliorik, bakoitza berean da maisu, maitale.

Fin batean, gizakiok konplexuak izan baino, akonplexatuak gaudelakoan nago. Ni bai behintzat. Oskol hori nola eraiki dudan ezagutzeak, egun horrela zergatik aritzen naizen ulertzeak, aukera eman dit komeni zaidan etorkizuna marrazteko. Iruñeako Nabarralden ikasia dut hiru denborak elkar bizitzan nola enkajatzen duten: iragana ezagutu, oraina ulertzeko, etorkizuna proiektatzeko. Kontzientzia nazionala lantzen dugu, ondarea, memoria, nortasuna, askatasuna fin baten. Aurrera noa eta harro nago. Jexux, Angel, Iñigo, Mikel, Koldo, Marian, Beñi, Mirari, Iñaki, Patxi, Rafa… izaki biblikoak. Orreagako herri existentzian, Asisko, Aritz, Iñigo… txikitik bihotz handiz eta buru argiz.

Nahiko nuke ere Herri bezala “aurrera goaz eta harro gaude” ahobatez esatea. Atzoko elurrak baketuko al ditu gure barne su eta liskarrak! Aldedien keriak (zenbat funtzionario?) baztertuko al ditugu, eta bestelako antolakuntzak berreskuratu!

Fededun naiz Arantzazun. Garai latzetan Artistek ahobatezko elkarlanean eraikitako babesgune arantzatsuan. Gure izpiak hortik behar du etorri, topagunetik. Misteriotik. Pietateko etxe barrietatik.

Artistok, nire gara penaren musika banda zarete, eta zuen sormenarekin gure korapiloak askatzen jarraituko duzue. Gure terapia komunitarioa sustatzen, Latzenen kontzientzia ala infernuak izen bereko bloga betiko ARGIAn hasteko eta hazteko arnastu ninduen bezala.

Donostiako IZKALIn eta Arrasateko osasun mentalean kiskali dut barruko mamua, gestalt bat osotuz eneagramak markatu bidetik, Oihana, Maribel, Juanjo… artixan gora.

Ordainetan, Creative Commons CC0 da nire ondarearen lizentzia. Nahieran erabili dezazun.

ULMA eta CAF-eko lankideei, zaintzagatik ere.

Etxekook ere badakizue, maite zaituztedala. Ez da tabu, maitatzea.

Beldurrari, adorea, kemena, kuraia. Elektrizitatea!

Gora gu ta gutarrak! Gora bihotzak!

Pro libertate patria gens libera state.

Genozidioaren ispiluan, begiak bixi

2025-11-12  //  estatugintza, humanismoa  //  Iruzkinik ez

2025eko ekainean jardunaldi bat izan genuen Oñatin, Nabarraldek antolatuta. Askotariko aditu eta arituak bertaratu ziren ponentziak aurkeztera, globalizazioaren kontextuan gure Herria kokatzeko saiakeran. Xabier Irujo historialariak genozidioaz jardun zuen.

Xabier Nevadako unibertsitateko katedraduna da. Hiru karrera (Filologia, Historia eta Filosofian) eta bi doktoradutza dauzka. Bere aiton-amonak Espainiako altxamentu faxistatik ihesi babestu ziren AEBetan. Euskal erroei eusteaz gain, makina bat lan egiten du gure kausarako Irujo Ametzaga familiak diasporatik.

Itzul gaitezen genozidiora. Gazan Israel gauzatzen ari den hori genozidioa da: kupidarik gabe bertako herritarrak erailtzen dihardu, berea ez den lurraldea bere kolonoz betetzeko asmoz. Ez da gaurko kontua, baina. Terminoa bera, judutar batek proposatu zuen: Raphael Lemkin judutarrak, hain zuzen ere. Historian izandako nazio desegite anitz esplikatzeko, eta batez ere berari zuzenean ukitzen zion holokaustoa izendatzeko. Nolakoak garen gizakiok! zein aterabide ematen diegun geuk bizitako traumei, besteengan errepikatuz!

Nazio bat desegitea ez da komunitate bateko pertsonak erailtzea soilik, Irujok kontatu zigunez. Berak, genozidioan katedradun izaki, AEBtako jatorrizko herriekin egin du lanketa. Aizue, ba al dakizue AEB-tako armada ere saiatu zela “indio basati” haiek guztiak erailtzen? Baina garestiegi ateratzen zitzaion milaka gutxi batzu “indio” akatzea: lur eremu oso zabalean ejerzitoa mobilizatu behar, hauen horniketa, babesteko gotorlekuak eraiki beharra, zauritu eta hildako soldaduen familiei kalteordainak… zenbat gastu! Izan ere, lur haietako jende jatorra, jatorrizkoa, ez zegoen men egiteko: erresistentziaz erantzun zien. Biziraun nahi zuten, lehenago ere mendez mende egin zuten eran: beren mundu ikuskerarekin, beren sinesmenekin, beren antolaketa ereduarekin, beren hizkuntzan, beren kulturan, fin batean. Baina AEB-tarrek lurrak lapurtu nahi zizkieten, temati. Gaur Israelek palestinarrei bezalaxe. Historia, errepikatu egiten dela! Gurekin ere?

Jatorri britainiarreko AEB-tako parlamentuan ordezkari “kulturalki jantzi eta zibilizatuek”, inperialista bihotzgabeek, hizketagai izan zuten “indiook likidatzeko” estrategiaren kostu ekonomiko larregizkoa. Ez ote zegoen metodo merkeagorik? Judutarren tren bagoietako itolarriekin gogoratu naiz: gas gabe gehiago akatu zituzten naziek, gasarekin baino. Estrategia berria, merkeagoa, proposatu zuen orduan Richard Henry Pratt militarrak, honoko lema zeramana: “Kill the Indian, save the man”. Zitala, asmakizuna: haurrei ilea moztu, izena aldatu, eta beren ama-hizkuntza debekatu zieten, familietatik aldentzearekin batera. Hezkuntza erabilita (hezkuntza, bai!) haurrak birprogramatzea zuen helburu: AEB-tar zintzo bilakatzea. Zalantzati haseran, irrifarre maltzurrez  gero, puruak piztu eta ahokada ke laino botatzearekin bat onartu zuten parlamentari demokratikoek proposamen biolentoa. Hurrengo hamarkadetan gauzatu zuten jatorrizko ipar amerikarren genozidioa, nola eta eskola nazionalen bitartez.

Bukatzeko, frankismo garaiko harribitxi batzuk erakutsi zizkigun Irujok: euskarazko liburu erreketak, hilerrietako abizen euskaldunen ordezkatzeak grafia espainiarrera (echeverria, zabalegui…), euskal izenen debekua (Iñaki baino, Ignacio), eskola “nazionalak” (“así quiero ser”, “yo soy español” eta gisako doktrina liburuak), euskararen debekuak eskolan, kalean, autobusean, irratian zein kultur adierazpenetan, hiztunei zigorrak… kontatu gabe, aurreko mendeetan eragindako desegituratze instituzional (Estatu nafarra, Foruak, Diputazioak) eta kultural oro. “Mata al vasco, salva al hombre”-ren antz handiegia dauka, gezurra izateko. Frantsestu eta espainiartu gaituzte, “indio” estatubatuarren gisan.

Hemen gara baina, XXI. mendean. Gaurdaino nola edo hala iraun badugu, erresistentzia indarrari esker izan da. Nortasunari esker. Kontzientzia nazionalari esker.

Ez al dugu orain geure buruaz beste egingo, hain justu ere, Herri txikia baino, Herri globalizatua garen honetan? Mugikorreko App asko, eta Adimen Artifiziala bera ere libreki euskaraz aritzeko gai diren aroan?

Bakeaz zintzo mintzo, mesedez

2025-11-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

NAIZen irakurri dut Pello Rubioren hau: “Txilarre fue una conjura rocambolesca por la paz”. Txillarreko sukaldariak bere perejila ipini dio platoari.

Zintzo diot, uste dut egin beharreko lana egin zutela, noraezean zebilen talde armatua desegiteko bidean ipiniz.

Baina hortik bakea erdietsi zutela esatera, salto handitxoa ez al da? Bakea ez baita menperatuta dagoenaren armagabetzea. Bakea justiziatik dator. Justizia, askatasunetik. Gogoratzen?

 – Zer behar du Herriak?

 – A S K A T A S U N A !

Kantatzen genuen. Badirudi ahaztu dugula. Min egiten dit gure “konbertsioak”. Bakea ETAren armagabetzearekin berdintzen duenak kontakizun espainiarra irentsi du. Hauek armatuta segitzen dute. Ikusi genuen Kataluniako 155ean, gogoratzen?

Oi, Ama Euskal Herri!

Non hintzen eta non hago, Ezker Abertzalea, ipuin hori irentsi badun.

Bide batez: nazio askapenerako, euskal pilotakariak behar ditugu, politikariak baino. Ezker eta eskuin jokatzen dutenak, partidua irabazteko asmo bakarrez. Zein pilotarik jokatzen du ezkerrarekin soilik, ala eskuinarekin soilik, “hobea” delako? Horrela ezin da partidurik irabazi.

Ezker-eskuin jokatzen duten Espainiako (eta Frantziako) “selekzioak” ditugu aurrean, lepo armatuta, gu txokoan harrapatuta izateko joko biolentoa eginez. Badugu sakea hartzeko garaia.

Inshallah, Anas

2025-09-24  //  estatugintza, haserre  //  Iruzkinik ez

Abuztua da. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute.

Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, honen kontaketa ere ixilarazi nahi du: ia 300 kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas al-Sharif tartean.

Bazekien Anasek bere herriaren alde egiteak zekarkion arriskuaz; eraila zenerako, idatzia zeukan mezua. Sarri aipatzen du Allah. Fededuna zen Anas.

Jurramendi gailurrera iristen ari gara. Jesukristo beltz bat dago milaka karlisten bilgune izan zen mendian. Fededunak ziren; Zumalakarregi buru, herria defendatu zuten; Askok bizitza galdu ere bai. Anasek bezala.

Bandera palestinarra konplexurik gabe haizatzen dugu. Beren izaera erlijiosoa ez da aitzaki. Beren gizarte eredua ere ez. Herri baten biziraupena dago jokoan.

Iruditzen zaigu baina, bestelako betaurrekoz begiratzen diogula geure erresistentzia indarrari: independentzia garaietako Nafarroako Erresuma defendatu zutenak, monarkikoak zirela; Konkistatuak izan ondorengoak berriz: Zumalakarregi, fededuna; Arana, arrazista; Abertzaleok, atzerakoiak; Orain berriz, euskaltzaleok burges pribilegiatuak omen. Zenbat “baina”, gure borrokari!

Zenbateraino asimilatuak gauden! Nondik datoz “baina” guzti horiek? Ideologikoki, ba ote da gure askapen borrokarako, espainiar zein frantziar ezkerreko intelektual errepublikarra baino iturri pozoitsuagorik?

Inshallah, Anas, palestinar belaunaldi berriek zuen borrokaren funtsa ulertu eta bere egingo duten! Israelek zabalduko duen pozoina irentsi gabe, zuen borrokari “baina”-rik bilatu gabe. Esana digu geuri ere Lauaxetak, eraila izan aurretik: dana emon bihar jako maite dan askatasunari.

Berriki espainiar Vuelta gelditu dugu Bilbon, palestinarrei elkartasunez. Noiztik ez dugu baina, Ebron geldiarazi? Urriak 4an manifestazio nazionala antolatu dute Palestinarekin elkartasunakoek. Bandera nazionalik eramango al dugu, palestinarrei elkartasuna adierazteko?

Herri zapaldutik, elkartasuna herri zapalduari: Nabarratik, Palestinara.

Abuztura bueltatuz, nolatan baztertu genuen gudarien bidea, via crucis-a egiteko?

Jexux Agirresarobe (Usurbil) eta Iñaki Idigoras Igartua (Oñati)

Ama ahaztu arazia

2025-07-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Arrotz matxista batek gure ama erail zuen. Umezurtzoi ezkutatu egin zigun egia. Bere menpean hazi gintuen, eta bere interesen arabera hezi, bakoitzari “berea” emanez. Ama ahaztu, eta bakoitza “berezia” zela sinestarazteko. Ahizpok elkarrengandik aldenduz, bat eginik bere kontra ez oldartzeko. Gure onarpena nahi zuen, berarekin “betidanik” eta borondatez geundela sineztaraziz.

Gipuzkoarrok ama eta ahizpak ahaztuta gabiltzala iruditu zait, aurten bereziki. Bereziak garelako ustean sakontzen ari ote garen… Aurrekoan, Ahaldun Nagusia eta alkate gehienak Tolosan elkartu ziren ekitaldi sinboliko batean, “gipuzkoarron nortasunari” gorazarre egiteko. Eskutik helduta ibili ziren. Dantza egin zuten. Xume, polit, jator.

«Gaurkoan, herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak aldarrikatu nahi ditugu, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen eta zergatik».

Itxuraz esaldi ederra, baina edukiz?

Gipuzkoa da «herri hau»? Ondo hasten gara, gero! 

«Nondik gatozen»? Apenas aipatu duten egiarik esanguratsuena, nortasun politikoari dagokionean. Alegia, 1025ean Ipuskoa Iruñeko erresumaren parte zela. Harik eta 1200ean arrotzek konkistatu zuten arte. Hitzik ez, krimenaz. Noski, ezkutatu egin behar da: ez dator bat aitaorde espainiarraren ipuinarekin. Menpean nahi gaitu, zatituta. Zer hoberik, probintzia bakoitzari “bere” nortasun “propioa” ematea baino. Hor ditugu, egunero gure sukaldetan, Vocento taldeko hedabide probintziano espainiarrak iruditeri hori sustatzen: bakoitzari “bere” pentsua ematen, ahizpengandik bereizia, konfrontatua sarri, elkarrendandik ahalik eta gehien aldendu gaitezen. Bakoitzaren erreferentea Madril izan dadin, Bidasoaz gaindiko aitaordeak Paris izan nahi duen bezala.

«Zer garen eta zergatik»? Kulturari erreparatu diote, horrek bai baitauka errelato espainiarrean lekurik, estatu “plurinazionala” izaki. Gero euskaraz bizitzen uzten ez badigute ere. Baina politikaz? Aipamenik ere ez, motz eta garbi esan badaiteke ere: Espainiapekoak gara, konkistatu egin gintuztelako.

Nafarroak zentralitatea dauka politikan. Bera da gure askatasunaren produktu. Geuk eraikitako estatua izan zelako ama. Aitaordeak badaki hori: horregatik ezkutatzen digu.

Bultzada mediatiko handia eman diote “milurtekoaren” ospakizunari. Gure diruarekin, aitaordearen ipuina kontatu digute. Argazkia, beste behin, haren markoan atera digute. Gipuzkoako Aldundian bertan, aitaordeari gurtza dago: eraikineko sarreran eta gela nagusian, bere figura da nagusi: Alfonso VIII., konkistatu gintuen berbera! Ez amarik, ez ahizparik. Eskerrak, Agirrek bultzatuta, armarritik kanoiak kendu genituen.

Konkistaren azken fasean sartuak gara. 1200ean militarki hasi zutenari segida ematen ari dira harrezkero, etenik barik. Garai “paketsuotan”, juridikoki eta mediatikoki. Pentsu pozoindua ematen digute egunero: memoria lausotzeko, autopertzepzioan interferitzeko… espainiartzeko, fin batean.

Ahizpok: ama gogora, berriro ere izan gogo bagara, batu eta aske. Sinboloei dagokienez, Orreaga, Gasteiz, Amaiur, Castejon, Intxorta, Xiberta, Lizarra-Garazi… han bildutakoen espirituak gida gaitzala, San Inaziok baino.

Bi indar kontra jarri

2025-02-27  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

UEMAk Telegram bidez banatzen duen “Euskararen Hemeroteka” kanalean honoko titularrak irakurri ditut bata bestearen atzetik: “Gipuzkoak euskararen aldeko bide-urratzaile izateko ardura hartu du” eta jarraian “Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen”.

Bistan da jendarte desberdina dagoela bataren eta bestearen atzean. Etsaigoa: alde batzuk, kontra besteak. Bi indar kontrajarri.

Zein indar?

Batetik, zapaltzailearena: gure lurretara etorri eta militarki boterea kendu zigutenak. Beren kultura inposatzen ari zaizkigunak, inposatutako beren legea lagun. Indarraren arrazoia daukate. Indarkeria darabilte.

Bestetik, zapalduona. Aldarrika penetan ari garenona. Gure kulturaren arabera bizitzen segi nahi dugunona. Arrazoiaren indarra daukagu.

Gorroto dut Israel, zapaltzaile den heinean. Miresmena diet palestinarrei, beren kuraiari, kemenari, adoreari. Zein da David, eta zein da Goliath?

Gure arbasoek ere erakutsi dituzte adorea, kemena eta kuraia, behin eta berriro: Orreagan, Gasteizen, Noainen, Amaiurren, Foruen defentsan, altxamentu faxistan, frankismoan…

Egun baina, beldur naiz etsairik ikusteko ere gai ez ote garen.

Gorroto al ditugu Espainia eta Frantzia, gure bi Goliathak? Ez dakit maitatzea askotxo esatea den, baina gustoko ditugu beren ligak, literatur eta zinema sariak, kirol selekzioak, telebista programak, irratsaioak, hizkuntzak, ezkerreko politiko eta alderdiak…

David izaten ez gaude ez, palestinarren mailan. Haiek garbi daukate etsaia zein den. Garbi daukate injustiziaren aurrean nola biziraun, belaunaldi berriak sortuz eta honokoa transmitituz: beren historia, beren kontakizuna.

Lekutan gaude!

Memoriadun euskara

2024-11-16  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkin bat

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten. Eguneroko jarrerak berrikusita, garen bezala, lotura gutxiagorekin adierazten hasten gara.

Subjektu pertsonalaz esandako horrek, berdin berdin balio du Herri batendako ere. Gure  Herriaren nortasuna loturik, preso daukate iraganeko gertakarietatik. Hain da traumatikoa daukagun iragana! 1200, 1512, 1620, 1789, 1833/72, 1914, 1936. Ez dira zenbaki hutsalak. Ez dira gertakari hutsalen urteak. Garai esanguratsuak dira gure historian. Zenbat hildako, zenbat zauritu, zenbat min! Zenbateko zapalkuntza, egun ere aurrera daramatena!

Irudikatu dezagun euskaldunon kultura baserri bat dela. Orain 1200 urte, kultura horrek estatu bat eman zion bere buruari, teilatua ipini, arrotzen erasoengandik babesteko: Iruñeko erresuma, gero Nafarroakoa izango zena. Baina lehen aipatu ditugun urteetan, teilatu hori desegin egin digute. Iada ez daukagu babesik. Estatu gabeko nazioa baino, estatu gabetutako nazioa gara. Zer gertatzen zaio teilaturik gabeko baserriari? Higatu eta erori egiten dela. Ataka horretan gaude euskaldunok.

Zer egin dezakegu? Erresistentzia egitea dagokigu, teilatu gabetutako baserriari toldoa ipiniz. Toldo honek bi helduleku behar dituelakoan nago; bi zutabe: euskara eta memoria. Hain zuzen ere, gure nortasuna suntsitzeko, etsaiek indarrez kolpatzen dituzten bi zutabeak.

Inork gutxik ezagutzen du gure Herriaren autobiografia. Ezagutzeak izugarri lagunduko liguke oraina ulertzen, eta komeni zaizkigun estrategiak marrazten.

Nola zabaldu gure historia?  Euskara eragileen sare bat badaukagu josia, 50-80 hamarkadetako pizkundearen ondare. Zer iruditzen, hain garrantzitsua den memoriaren gaia ere sare horren bitartez zabaltzea, euskararekin batera?

Belaunaldi berriko euskalgintzaren berrikuntza horixe litzateke, memoria ere bere barne biltzea. Gainera, iragana ezagutzeak euskara ikasi edo eta erabiltzeko motibazioa ere sustatzen duelakoan nago. Horrela, bi ardatzek elkar elikatuko lukete, behar dugun nortasuna indartuz.

Independente izan zirelako gara, eta berriro ere izan gogo gara.

Asmatuko al dugu!

Hispanitatea ospatu

2024-07-11  //  Sailkatu gabea, triste  //  Iruzkinik ez

Badira urte batzuk Iruñean igaro nuela asteburu bat. Urriaren 12a zen.

Harrituta ikusi nituen dozenaka  latinoamerikar efemeridea ospatzen, kontzertu, txosna eta guzti. Zer pentsatua eman zidan: arbasoen menperaketa ospatu?! Konkistatuen asimilazio kulturala burutua da, pentsatu nuen. Amerikarren izaera, kultura (balioak, arauak, siniskerak, hizkuntza…) albo batera utzita, espainiarrek ezarritakoak bere egiten dituzte.

Genozidio deitzen zaio prozesu horri: Herri baten, kultura baten, izaera baten, suntsiketari.

Eurokopan lehiatu dira gure bi menperatzaile, Frantzia eta Espainia. Honetan, Athletic eta Realeko zortzi jokalari. Espainiako selekzioaren kamisetak azaltzen hasi dira kaleetan. Finala ikusteko pantaila handia, Iruñean. Asimilazio neurriaren erakusleak. Guk ez bezala, Espainiaren garaipenak ospatzen ditu belaunaldi berriak: “Vamos!”. Futbolak emozioak pizten ditu, eta hauek arrazoiari gailendu egiten zaizkio. Bada arrazoiketarik ere: “gureek Espainiarekin lehiatzen badute, ni ere Espainiarekin”. Nahiz eta jakin (?) Espainiak eta Frantziak gure ongizatea bermatzen zuen estatua ebatsi zigutela. Babes gabe utzi gintuztela. Genozidioa praktikatzen dutela, gurekin. Ala, ez dakigu? Konkistak eta genozidioak, urrunean soilik gertatzen direlako ustean bizi al gara?

Bada erresistentziarik: mendi korrikalariak, pilotariak… baina gure genozidioak aurrera darrai.

Futbolari zenbaitek uko egin diote euskal selekzioan parte hartzeari; selekzio arrotz baina ofizialetan aritzea nahiago dute. Zein mezu helarazten diote jarraitzaleei? gureak baliorik ez daukala. Gure Herriak baliorik ez daukala. Genozidioa laguntzen dute.

Ez dut urrun ikusten Espainiapeko euskaldunok ere urriaren 12a ospatuko dugun eguna, memoria guztiz galdurik. Gure arbasoak menpean hartu zituztela ahazturik.

Ala, matematikak zehatzak izaki, Deulofeuk “Historiaren matematika”-n aurrikusten duena beteko al da? Hala bedi.

Bitartean, bihoakizue nire esker ona kontrakorrontean ari zaretenoi, batez ere euskaraz sortzen duzuen guztioi. Arnasa da guretzat, itolarrizko ingurune honetan.

La pequeña Toledo

2023-11-10  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Horrela izendatu izan digute Oñati gure herria: “la pequeña Toledo”; espainieraz eta Espainiari erreferentzia eginaz.

Bada horretarako arrazoirik: erdi aroko eraikin monumentalak ditugu Oñatin: Sancti Spiritus Unibertsitatea, Lazarraga dorrea, Bidaurreta komentua, Zumeltzegi dorrea eta San Miguel parrokia berritua, esaterako. Aberastasun eta boterearen isla dira eraikinok. Ezagunak ditugu atzetik dauden hiru gizonak: Rodrigo Mercado Zuazola apezpikua, Juan Lopez Lazarraga ekonomilaria eta Pedro Belez Gebara kondea.

Ezagunak, edo. 1512aren bueltakoak dira hirurak, Espainiaren garai oldarkor eta loriatsukoak. Elite oñatiarra estuki lotuta zegoen espainia feudaleko koroarekin, errege katoliko ase ezinekin, hain zuzen ere. Faboreak egiten zizkieten erregeoi, eta bueltan sariak jaso: diru, lur, baimen zein izendapen. Zein fabore mota egin zituzten?

Zuazola, Nafarroa konkistatu berriko erregeorde Antonio Manriqueren kontseilaria zen. Nafarrak nola otzandu pentsatzen ibiliko ziren, biek ala biek Iruñeatik ihesi atera behar izan zutenean, nafarrek independentzia berreskuratzeko egindako hirugarren saiakeran, 1521ean. Mallorcako apezpiku zen orduan. Gero Avilako izendatu zuten, eta inkisizioan aritu zen Zaragozako judutarren kontra. Lan hauengatik lortu zuen Sancti Spiritus egin arazteko dirutza eta baimena.

Gebara, Oñatiko jaun. Zumeltzegi dorretik bere oinen azpian zituen Oñatiko etxeak, eta halaxe zanpatzen zituen oñatiarrak. Kapitain aritu zen Nafarroa konkistatzen 1512an, Noainen 1521ean, zein Amaiurren 1522an. Bere agindupeko Juan Arbizu zigortu egin zuten espainiarrek, Jakue Belatz Medrano Amaiurko kapitain heroikoarekin baimenik gabe hitz egiteagatik, hauek errenditu berritan. Herritar xeheek bazuten atxikimendurik anai euskaldunekin.

Lazarraga, Gebaratarren konfidantzazko gizona zen, baina Espainiako koroara salto egin zuen, Isabel erregina espainiarraren administrari, eta haren senar Fernandoren sekretario izateraino. Amerikarrei ebatsitako aberastasun bete itsasontzi Cadizera iristen ziren garaietan, espainiar koroaren kontabilitate buru izan zen. Esklaboak zituen. Nafarroa konkistatzen aritu zen, kapitain gisa berau ere. Bidaurreta egin arazi zuen, hain estimuan zituen eta baimena eman zien Espainiako errege katolikoen armarria bertan ezarriz.

Espainiak sarituak, euskaldunen aurkako borroketan, Nafarroaren konkistan parte hartzearan truke, besteak beste.

Sancti Spiritus, Lazarraga, Bidaurreta, Zumeltzegi eta San Miguel: Oñatiko turismoaren ikur. Eliteko hiru gizon handiki eta espainiarzale horiek utzi digutena ikusgarria da, erakusgarria ere bai. Baina zer da kontatu behar duguna? Espainiapeko hiru gizon handikiren historia? Eta milaka oñatiarrek, nola bizi izan zituzten garaiok?

Sumatzen genuena baieztatu egin du Gazteluaitzen egindako indusketak: 1000. urtearen bueltakoa da. Europa mailan errekonozitutako erresuma nafarraren baitan ginen oñatiarrok ere, beste euskaldun guztiekin bat eginik.

Nafar, 1200ean gaztelarrek konkistatu gintuzten arte. 1512rako gure eliteak zeharo espainiartuta zeuden, ikusi dugunez. Gutxi dakigu herritarrez, jasaten zituzten kondearen abusuei erantzuteko elkartzen zirelakoaz gaindi.

Dakiguna da nafar estatua ez zela feudala, eta zentzuzko konstituzio bat -Forua- zeukala, erregeen balizko gehiegikerietatik ere herritarrak babesten zituena. Lur komunalak kudeatzen zituena. Herri batzarretan erabaki eta auzolanean egiteko ohitura zuena. Funtzionarioak zituena defentsa, justizia eta administrazioa gauzatzeko. Garaian ohiko ziren estatu absolutisten alboan, kontraste handia egiten zuena zuzenbide piriniarrean oinarritutako sistema juridiko sozialagatik.

Dekonolizatu dezagun oñatiarron kontakizuna: ez al dugu kontatu behar, gure borondate eta legeen kontra konkistatuak izan ginela, eta Nafarroatik erauziak? Ez al dugu kontatu behar, ondoren, Espainiaren itzalean jauntxo batzuk zitaldu egin zirela eta gu menpean hartuz eta Nafarroaren konkista prozesu berrietan lagunduz aritu zirela? Ez al dugu kontatu behar, gauzak bestela zirela 1200 aurretik, Europako euskal estatu independentearen baitan ginelarik? Ez al dugu kontatu behar, goraipatu ohi ditugun hiru gizonok boterea eta aberastasuna irabazi zituztela, besteak beste,  euskaldunon estatua eraisten jardunda?

Kontatzen laguntzeko baina, heldulekuak behar ditugu: memoria lekuak. Bertara joan eta memoria egiten lagunduko diguten lekuak. Administrazio nafarreko gazteluak desagertu ziren, toponimian geratu diren arren: goian aipatu Gazteluaitz, Kastillokua, Gazteluko haitza eta erreka, Gaztelondo…

Apenas diren ezer gure begietara, “la pequeña Toledo”-ko monumentuen alboan. Zerbait behar dugu, komeni zaigun kontakizuna kontatzen lagunduko diguna. Menperatuaren ikuspegitik atera eta ahaldunduta hitz egiteko:  kontatu dezagun herri libre izan ginela, euskal estatu baten baitako, eta horrela izan gogo garela, bortxazko eta menpekotasunezko hainbeste mende eta gero ere.

Oñatiko banderari kendu berri diogu Espainiako bandera zaharra, Borgoñako gurutzea.

Bandera nafarra berreskuratu dugu, estatu independentea gogoratzeko: batzarren sinbolo den Gernikako haritzaren, eta askatasunaren sinbolo diren Foruen enparantzaren tartean dago, egoki.

Nahikoa al da? Nola sortu dezakegu Oñatin memoria leku bat, kontakizun espainiarrari gain hartzen lagunduko diguna? Euskaldunok ahaldunduko gaituena etorkizun duinago bati zentzuz heltzeko?

Justizien biktimok

2023-07-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Bakoitzak bere sokakoak aitortzen ditu biktimatzat. Ez besterik. Sarriegi ikusten ditugu honen inguruko tirabirak. Nor ekarri behar dugun gogora eta nor ez, gaizki esateko ez bada.

Egiari zor, ikuspuntuak pertzepzioa eta epaia baldintzatzen ditu. Nondik begiratzen dugu? Azken 60 urteak hartzen ditugu kontutan? 1936tik gerokoak? Beti aurkitu ditzakegu zapaltzaile bat eta defentsan ari dena. Baina nor da nor, western filmetan? Westernek ez dute pelikula osoa kontatzen, zati interesatua baino, gatazkaren jatorria ezkutatuz. Geuri ere ez digute geurearen jatorria eskoletan kontatzen.

Perspektiba behar dugu. Gure inguruko orografia ezagutzeko, mendi tontor batetik izan ohi dugun perspektiba. Altuerak, metroek, emana. Horregatik, uste dugu mendetako aldia izan behar dugula kontutan, borreroak eta biktimak identifikatzeko.

Euskaldunok estatua sortu genuen 824an gure gizartea eta kultura babesteko. Meatxuen aurrean, defentsarako indar armatua antolatu genuen, estatu orok ohi duen legez. Laburbilduz, 1200, 1512 eta 1620an zatikatu eta menpean hartu gintuzten. Independentzia indarrez ebatsi ziguten. Ez ginen oldarrari eusteko gai izan, baina bai ondorioei bizirauteko. Harrezkero saiakera antzu batzuk egin ditugu burujabetza berreskuratzeko.

Perspektiba honetatik, garbi dakusagu borreroak nortzuk diren eta biktimak, gu geu garela: euskaldunok, gure kultura, gure hizkuntzarekin. Apurka apurka mapatik desagerraraziko gaituzten meatxupean bizi garenok. Euskararen beheranzko erabilera datuak, Frantzia zein Espainiako “justizien” azken epaiak… lekuko.

Euskaldunok gara biktima nagusi, aspalditxotik. Amerikan indiarrak diren bezalaxe. Geure mendetako historia ezagutzeko gonbitea luzatzen dizuegu, perspektiba irabazi eta egoeraz jabetzeko, eskoletan zein etxean.

1 / 41234Hurrengoa»

Iñaki Idigoras

Azken bidalketak

  • Artistei esker, bizi
  • Genozidioaren ispiluan, begiak bixi
  • Bakeaz zintzo mintzo, mesedez
  • Inshallah, Anas
  • Ama ahaztu arazia

Iruzkin berriak

  • Lander Arbelaitz(e)k Memoriadun euskara bidalketan
  • iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
  • Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
  • iñaki(e)k Lehen notak bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko urria
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza

Kategoriak

  • beldurtuta
  • emozioz
  • estatugintza
  • euskara
  • feminismoa
  • haserre
  • haserre
  • humanismoa
  • intentzioa
  • partaidetza
  • pozik
  • Sailkatu gabea
  • Sailkatu gabea
  • triste

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA