Hasiera »
Iñakiren bloga - Kontzientzia ala infernua
Iñaki Idigoras
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
- Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
- iñaki(e)k Lehen notak bidalketan
Eneko zana, San Ignatius (II)
2019-07-30 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
[Uztarriarako erantzuna]
Esker mila ekarpenengatik.
Izenarena, non edo non irakurri dut. Eneko, Iñigo, Inazio, Iñaki… bada eztabaidarik. Proposatzen duzun Iñigo erabiliko dut, hala izan zelako, bilaketen harira. Eta zentzurik badu.
Ez da baina, izena, eztabaidaren muina. Izana bazik. Izanaren gaineko gogoeta eta memoria. Eta hauen erabilera: zertarako gogora ekarri?
Herri menperatua garen aldetik, askatasun faltaren kontzientzia hartu eta zabaltzeko erabili nahi nuke nik. Ohartzeko. Jabetzeko. Ahaldundu eta egiteko. Gure kulturatik, burujabetza. Askatasuna.
Nola ikusi ote zuten orduko Iñigo gaztearen herriko lagunek bere egunerokoa? naturalki jolasten ote zuen besteekin batera? ala etxean kultura arrotzaren doktrinan hezi zuten?
Nola ikusi ote zuen Iñigok bere burua, herrikideetatik banatua, dorrean ‘babestua’? Ama galdu berritan, nola bizi izan zuen aitak Valladolidera atzerriratzea?
1521ean, nola bizi izan ote zuen bere hizkera jatorrean ari ziren haien aurka borrokatzea, bere nortasuna kolpatuz, arrotzen ejerzitotik?
Bizipen horiek guztiak kudeatzeko gai denak badauka meriturik. Lekuz kanpo sentitzea baino nortasun krisi larriagorik ba ote? Kemena izan zuen ibilbidez aldatzeko; unibertsal bati ekiteko, izatasunaren bideetatik. Espiritualtasunetik.
Orduan nekez izango zen psikologorik, eta etxean topatu erlijio katolikoaren liburuak promesten zuen argiaren indarrak erakarriko zuen. Izakion zoritxarrerako, baina, Iñigoren garairako kristautasun jatorra -erromatar garaiko intsumituak, kasu, Iruña-Veleian ikasi bezela- gizon ase ezinek bere egina zeukaten, beren neurri gabeko botere desirak lortzeko bitarteko gisa.
Ezagutuko ote zituen, baina, gure Iñigok, itzaletik bere hariak mugitzen zituzten haien asmoak? Cisneros kardenal eta inkisidorea, Fernando Katolikoa erregea, hau hil ondoren, 1516an, zerua erosteko testamentuan zer jasoko zuen ziurtatu zuen Adriano. Nor zen baina, Adriano hau? Herbereetakoa jatorriz, orduko potentzia militar handienera, Gaztelara, etorri zen ‘jainkoak’ bidalita limosna eske. Tortosako apezpiku lehenik, Aragoiko inkisidore gero, Kastillakoa ondoren… eta… ta-txan… 1521-1522ko konklabean Adriano VI.a aita santu izendatua! Gure Iñigoren krisi pertsonalarekin batera. Eta Nafarroako konkista ‘jainkoaren izenean’ zilegiztatzeko momentu aproposean.
Lehen Fernando Katolikoaren bandoan, eta gero honen ‘gaineko’ Vaticanoarenean, ‘Sacro Imperioan’… karrera militar nabaria egin zuen Iñigok. Ezpataz eta gurutzez. Nola ez zuen bada, Vaticanoak santu izendatuko 1622an! egindako mesede guztien ordain. Eta euskal herritarroi keinu, bere alboan oparotasuna eta zerua ziurtatuta ditugunaren promesa gisa. Liburuez, santu izendapenez, prentsa oharrez… komunikabideez baliatzen baita boterea bera elikatuko duten leialez inguratzeko. Eta bere legeaz, kuestionatzen duen edonor lurperatzeko, Iruña-Veleian bezela.
Badator Iñigoren krisiaren 500. urteurrena. Greziar mitoak Fenix hegaztia bere errautsetatik nola biziberritzen den kontatzen du. Biziberritu dezagun Ignatius, Inazio, Iñigo… euskal hizkera jatorrera. Eneko.
Ez dezagun onartu arrotz zapaltzaileek ezarritako santurik. Vaticanoak berak oniritzi zituen Gipuzkoa eta Bizkaiko patroi izendatzeak ere, geurean saldukeriatan ibili ohi direnek proposatu ostean.
Susmoa daukat ez ote garen denok Iñigo txiki batzuk, kapital arrotzen mesedetan bizitza ematen duguna, nortasuna arroztasunez barnizatuta. Denok gara Iñigo Loiolako! Gogoratu ditzagun Iñigoren drama, haren patroien zitalkeria… eta ariketa xume bat egin geure baitan.
Azpeitiarroi dagokizue saninazioak eraberritzea, izenetik izanera.
Gipuzkoar eta bizkaitarroi, horrelako patroirik behar ote dugun erabakitzea.
Iñigo arroztutik Eneko jatorrera, jatorrira bira. Gure estatu zaharrera, Nafarroakora. Baliatu ditzagun Iñigoren indarra eta kemena Eneko Aritzak 824an egin bezala, geure askatasunaren kultura biziberritzeko. Arrotzen bandoan etxekoak kolpatuz losintxak eta botere kuota handiagoak bilatu baino, jatorki geure kulturan sakondu eta berau bultzatzeko bidea egin dezagun.
Herriatar, alderdi eta instituzio gaixoetatik, terapia komunitario diren batzarren bidezko osasunera, osotasunera, euskera.
Eneko zana, San Ignatius
2019-07-26 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Badatozkigu San Inaxioak, Azpeitin nahiz Urbian. Gipuzkoako patroi handiaren omenezko festa ospatu ohi dugu. Zer da, baina, ospatzen duguna?
Azpeitiko Loiolan jaio zen Eneko Lopez, leinu boteretsuan, 1491an.
Garai nahasiak ziren iberiar penintsulan, Gaztelako erresuma konkista betean ari baitzen, Fernando eta Isabel katolikoen agindupean, geroago Espainia bilakatuko zen inperioa sortzen. Granada konkistatuko zuten 1492an, Kolon Ameriketara iritsiko zen urte berean. Kanariar irlak 1496an, 100 urteko borroken ondoren. Gaur eguneko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, iada konkistatuak zituen 300 urte lehenago, 1200ean, Gasteizeko 9 hilabeteko setioaren ondoren Nafarroari erauziak.
Kontextu horretan koxkortu zen Eneko. Gaztelako erresumaren lur konkistatuen baitan, kulturaz euskaldun izan baina ama politikotik, Nafar erresumatik, bereizita. Gaztelak Nafarroa beretzat nahi, eta berau osoki konkistatzeko eginahaletan zebilen. Gaztelako erregeak eskuzabal izan ziren bere alde lerrokatu zirenekin, leinuei noble tituluak -ahaide nagusi-, lurrak eta administrazioan ardurak emanez. Tartean, oinaztarren buru Loiolatarrak. Bere aitita, gaztelar erregearen kontseilari zen. Ama 1507an hil zitzaion, eta gaztaroa Valladoliden eman zuen, Gaztelako kontadorearen etxean.
1512an abiatu zuten egungo Nafarroako Foru Erkidegoaren aurkako konkista, oraindik Nafar Erresuma zela, Albako dukeak gidaturik. Urte berean Najerako dukearenera bidali zuten 21 urteko Eneko mutila. Gaztelarrek Nafarroaren pirinioz azpiko zatia hartu zuten, gipuzkoarrek ere, meatxupean, lagunduta. Tartean, Belateko 12 kainoien lapurretan.
Cisneros kardenalak Nafar dorre eta gazteluen suntsipena agindu zuen, euskaldunen Gaztelaren aurka berriro altxatzeko grinak errotik mozteko. Baita bere alde lerrokatu zirenenak ere. Ez zen euskaldunen gogoaz fio.
1521ean Eneko Loiolakoak Nafarren aurka defendatu zuen Iruña (sic). Militar gaztelar petoa zen ordurako. Hantxe zauritu zuten birkonkistan ziharduten anai euskaldunek. Urte berean suntsitu zuten Noainen nafar gudarostea, Najerako dukearen gidaritzapean.
Eritasunean sakondu zuen erligio katolikoan, eta bide espirituala hasi. Oinez Manresara joan eta koba batean 10 hilabetez bizi izan zen. Alcalan sakondu zituen ikasketak, Cisnerosek berak sortutako unibertsitatean. Sei jarraitzailerekin batera jesuiten konpainia sortu eta Aita Santuaren esanetara ipini zen, konpainiako general modura.
Gaztelakoa lehenik eta Eliza Katoliko Erromatarrarena ondoren, bi inperio zerbitzatu zituen Ignatius izena hartu zuen Enekok. Zentzurik ez diot ikusten Ignatius gure patroi izateari. Cisnerosen mesfidantzak ezarritako zaindaria ote, gure gogo eta grinak otzandu eta zapaltzailearen karidadean, botererik gabe, gogogabetu eta geure burua hiltzen uzteko?
Tafallatik, egoa gogora
2019-07-17 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Tafallako irudiek Biescaseko Las Nieves kanpinean 1996ko abuztuaren 7an bizitakoak ekarri dizkit gogora: 87 hildako, 183 zauritu. Bigarren multzoan, etxekook. Muturreko egoerak bizita bada ere, bizirik jarraitzeko zoria izan genuen.
Hogei urtera egin ziguten Biescas eta Aragoiko autoritateek kaltetuoi omenaldia, hildako baten semeak alkaeari hala eskatuta. Hark bezala, bagenuen guk ere aitorpenaren gabezia sentimentua. Joan ginen, eta ezarritako monolitoen inguruan bueltatxo bat eman. Autoritateak eta hedabideak etorri arte. Adierazpenaren ordua zen. Kamarak hartutako planoa garbia nahi zuten, kaltetu bakarrik ez: kameren atzera bidali gintuzten. Plano instituzionala aurrean: autoritateak, monolitoa lagun.Dozena bat kargu, aurpegi serioz. Gorbata nagusi. Eurak protagonista. Ez zitzaidan ‘detailea’ gustatu.
Alkateak hitza hartu, eta ez zen ba monolitoen harriak donatu zituen enpresa eskertzen hasi! Monolitoak bezain harrituta geratu nintzen. Hark egingo ote zuen Aras arroa kanalizatzeko obra, kanpinari leku egiteko? Baimena instituzioek eman zioten, eskura zuten txosten tekniko batean hidrologo batek kontrakoa gomendatzen bazuen ere. Instituzioak baina, inor dira: hotzak. Beren eraikinetan babesten diren pertsonek erabakitzen dute. Geure eta kameren aurrean genituen haietako zenbait.
Ego handiusteak, kapitala lagun, gutxietsi egin zuen ‘berde erromantiko’ batek profesionalki aztertutakoa. Gutxietsi egin zuen euri tanten itsasora heltzeko gogoa. Beren energia potentziala baliatuz, grabitate indarrari esker, milioika urtetan zehar lur eta arkaitzen artean irekitako bideak jarraituz. Behin eta berriz. Horrela etorri ziren Biescasen, horrela Tafallan, udagiroko ekaitzen festan, beren bidean. Ezohiko indarrez bada ere, naturaren legeen arabera.
Gizatiarra da bestea gutxiestea. Geure baitan daramagu egoa, Trump txiki bat. Boterearekin, kapitalarekin, puztu eta arrisku publiko bihurtu daitekeena. Txikiago deritzogunei arnasa kenduz. Presa, kanalizazio, eraikin eta abarrek uraren bidea oztopatzen dute. Inbasio, debeku, agindu, bortxa eta abarrek, norbanako eta herrien askatasuna oztopatzen duten bezala.
Badaukagu euskadunok zer ikasirik uraren gogo eta bideetatik. Nola milioika tanta txikik bat egin duten, jatorrizko bideari, geure izaerak urratutakoari, zentzuz eta gogotsu ekiteko. Bai, basatia da ura. Albokalteak uzten ditu. Sarri, ahulenei. Baina kalteen arduraduna ez da ura, ez ekaitza; egoa baizik. Ura ez baita intetzio txarrekoa, ez da zitala. Hura, ego boretesua, bai.
Nola dago euskaldunon gogoa, ego inbaditzaileek ezarri dizkiguten zatiketa eta oztopoak gainditu, eta itsasoaren pareko entitate batean batzeko bidea egiteko? Gogo barik, egoa nagusi. Gogogabea, menpeko.
Biescaseko esperientziaz daukadan zauririk mingarriena, ‘omenaldi’ horretakoa da. Ego boteretsuaren karidadea nola onartu genuen gogoratzea. Bizia eta osasuna kendu digutenek hiru harri eta 87 globorekin gure esker ona jaso zuten. Guk eman genien esker ona.
Zenbat horrelako, gure ‘euskal’ instituzioek ere, botere zapaltzaileari. Transferentzia bat gora behera, gure gogoa presa sendoekin baretuz. Komunikabideekin.
Gogoa masan gorpuztuko den egunaren zain.
Besarkada bat herrikide Tafallarrei.
Alardeatzeak
2019-07-06 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Alardeek ematen dute zeresanik. Garaipen militarra ospatzeko, tradizioa lege, gizonezkoak gudari San Martzialen. Emakumeak, parte hartu nahiz, parekidetasuna aldarrikatuz. Ikuskera talka. Kultura talka. Matxismoa – feminismoa. Genero kontuak. Omen.
Eta badira, baina ez soilik. Generoarena kontzeptu handiago baten baitakoa da: Boterea – duintasuna. Bizipenetan, alardea – sufrikarioa.
Euskal usainik ez du alardeak. Ez diot pareko hitz jatorrik aurkitu. Jatorretik gutxi baitu: ‘mostrar de forma vanidosa y sobrada desde una situación de superioridad’ irakurri dut. Asko esaten du definizioak, zapaltzaileaz. Matxismotik badauka. Bestelako atzeak, ere, alardeak.
Orduan ere, popatik eman genien (ziguten) euskaldunek euskaldunoi (sic), arrotzen gozamenerako. Gaztelak 1200dik menperatuak zituenek, bere laguntzaz, menperatu nahi zituenei. Egungo giputxiak, egungo nafar erkidegokoei. Albako dukeak hasi zuen, gogor, 1512an. 1522koa, nafarren berreskurapen saioa izan zen, lagun-senide franko eta soldatapeko aleman batzuen laguntzaz. Noaingo gudu fatidikoaren osteko batailatxoa da Aldabe mendikoa. Egun gutxitan Amaiurgo eta Hondarribiko dramatikoak etorriko ziren..
Eta, ezin ahulak indartsuaren erasoari eutsi. Botere gosearen ahalak menpean hartu zuen, beste behin, kultura propioan izatasun duinarekin bizi zena. Jabetu, ustiatzeko.
Egungo emakumeek jaietan partu hartze aktiboa nahi izatea ulertzen dut. Min egiten dit, baina, ahalduntze prozesuaren baitan, alardean parte hartu nahi izateak. Samina eragiten dit, zapaldua izan denak, ahaldutakoan, zapalduaren zapalketa ospakizunetan parte hartzea, matxistekin parez pare.
1522ko gizon iruindarrek gaztelakoekin (beren jabearekin) egin zuten bat, anai nafar oraindik burujabeen kontra egiteko. Burugabetzeko. Eta garaipenaz alardeatu.
Irudikatzen ditut era zentzuzkoagoak genero talka ospatu baino, oroitzeko. Pentsatzen dut oroimenaren jakintzatik eta egungo ahalduntzetik, gai izango garela biharko egoera parekideago izan dadin, zentzuz, eta zentzu guztietan.
Nire desioa da 2022ko Irungo jaietan argi printzarik ikustea, tunel luze beltz honetatik ateratzeko ahalmena eta gogoa dauzkagunaren erakusgarri. Duintasuna ospatu daigun, duintasunez, parez pare.
Euskaljel
2019-06-19 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Urbasa-Entzian eman dut asteburua. Arreta eskaini diot udaberriak landareetan eragiten duen bizi gogoari. Batez ere, haitz tarteetan hala-nola hazten diren zuhaixkei. Lurrik apenas, haizeak eta orkatzek abarrak kenduta, eta lau hilabeteko neguaren ostean, ostoak atera! Biziraun! Nire baitan pentsatu dut zein ezinbesteko diren erroak, bizi gogo hori baldintza eskasenetan ere iraun arazteko.
Astelehenean Euskadi Irratiko Faktorian Nuria Lopez de Guereñu, zure ‘siñadura’ entzun dut. Euskaltelen errotzeaz: laguntzak eman behar zaizkiola ikerketarako, kontratazio baldintza aproposak ere bai… Partekatzen ditut proposamen hauek, kontzeptu bezala: lagundu, apropos… zeinek ukatu horrelakorik?
Euskaltel aferaren memoriarik ez banu, beste barik pasako litzaidake Euskaltelekiko zure ikuspuntu hau. Baina, haserrea sentitu dut nire erraietan. Gogoan daukat aurreko astean Euskaltelen aferaz Joseba Permachi irakurritako txio kate bat.
Zergatik haserretu naizen hausnartzen hasita, konturatu naiz mindu egin nauela zure ikuspuntuak berak, pasatakoak pasa eta gero. Errotzeaz jaso dituzun adjektibo guztiak lekuz kanpo ikusten ditut gure diruaz hazi, eta orain kapital arrotzak kudeatutako Euskaltelen. Errotu, ez baitira enpresak egiten. Errotu, landareak bezala, pertsonok egiten gara, gure herri eta hirietan. Zuek izenez ere errogabetzen ari zareten Basque Countryn.
Honela irudikatzen dut Euskaltel: Arrotz kapitalista gutxi batzuk gure bainuetxe batean: laguntzak ikerketarako, laguntzak kontrataziorako, laguntza fiskalak… eta masajea barne. Errotzetik baino, losintxa egitetik gehiago dauka horrek. Menpekotasunetik. Zenbat kostako zaigu herritarroi arrotz ase ezin horiek asetzea? Trukean zer jasotzeko? Zer litzateke balnearioko uraren tenperatura jetsiko balitz? Ala masajistak amatasun baja hartu? Dirulaguntzarik eman ez? Zenbat iraungo luke Basquetelek gurean, bainuetxetik kanpo negu ilun bat tokatuz gero?
Enpresak errotzeko erarik egokiena hauek langileen jabetzakoak, kooperatibak, izatea dela sinistuta nago: lana, kapitalaren aurretik. Eta bai, lagundu behar ditugu: Euskal Herriko ondare bezala kontsideratuaz adibidez, belaunaldiz belaunaldi biziraun dezan lagunduz.
Urbasa-Entziako haitzetako landareen bizi gogoaz hasi naiz. Talaia hartatik Arabar lautada eta Sakanako ikusmira ederrak daude. Bizi gogoz dauden herriak, txikiak asko; lurrean errotutako herritarrak. Beraien lurrari eta paisaiari hozkada emango dien EuskalY-aren beldur, etxeetan bandera beltzak eskegita, lehen eguzkiloreak bezala, mamu txarrak uxatu nahiz.
Zein baldintzatan eta nori salduko diozuen ez dakit. Bainuetxe handiegitxo bat beharko dugulakoan nago. Kapitala ez baita errotzen. Kostu baxuenak eskaintzen dizkien gobernuen atzetik globalizatzen da. Kudeaketa eredu kapitalista bere egin dutenen atzetik.
Kapitaletan, kapitaletik eta kapitalarendako bizi zaretenok ez duzue han goiko landareen esperientzia eta ikusmira bera. Bistan da.
Haserrea, joan zait hau idaztearekin. Mina baina, nirekin daramat. Min bizia eragiten dit daramazuen kudeaketa ereduak. Badakit ikuspuntu kontua besterik ez dela. Badaukala kimioterapiarik: zuen balnearioko jelarekin ahaztuko nukeela mina. Bainuetxeen epelean tentsioa jeisten zait, baina. Nahiago dut haize hotz bustia aurpegian, bizipoz eta biziminez erroturik, udaberriz udaberri gure lurrean loratu, Euskal Herrian.
Estatusaren ikuspegiz ok
2019-06-11 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Ikuskera batera egiten garenean, ulertu egiten ditugu aurrean ditugun gertakizunak. Ikuskera horren zentzuarekin, ulertu ere. Ezinbesteko zaigu ikuskera lantzea, ulertu eta jakinmina asetzeko.
Esan beharrik ez dago, gertaera batzuek ikuskera horretatik ez direla behar bezain ondo ulertzen. ‘Modeloa’ hausten dutela. Orduan, zalantza sortzen zaigu. Zientzian, sarri. Onartu dezakegu, eta gure ikuskera moldatu; ala ez, eta gertaera hori salatu, faltsutzat jo. Dogmatismoaren gaitzean sartu gara. Ikuskera baino, ikuskeri daukagu; sanoki gertatzen ari den hori onartu nahi ez duena. Baizik eta ezkutatu. Gure hegemonia edo nagusitasuna zalantzan ez ipintzeko. Eutsi behar diogu hainbeste lanez lortutako ikuskera horri. Hainbeste onura eman dizkigun ikuskera horri. Eri bada ere, iraun arazi.
Fin batean, interesa gertaeretan izan baino, norbere ikuspuntuan zentratzen dugu. Geure tesia, geure betaurrekoak. Geure estatusa, geure egoa. Egia, ikuskeria.
Adibideak dozenaka ditugu auzoan. Euskaldun eta katalanok anomali gara españolen ikuskerian. Lur azpiratu beharrekoak, mamu zaharrak berpiztu ez daitezen. Luzaroan dakigu hau, azalean eta bihotzean ere sentituta. Españako botere politiko, militar eta judizialak ikuskeri bera daukate: España grande y una, Adán eta Evaren garaietatik. Vaticanoa lagun, errege katolikoak, konkistak, inkisizioa, bortxak…. Zer ez!
Euskaldunontzako kanpo faktore bat da eta nekez egingo dugu ezer, alderdiak horretan tematzen badira ere. Eskean, morroiak nagusiari bezalaxe. Europan ikusteke dago Katalanek urratu bideak noraino egingo duen.
Eta, etxean, egin al dezakegu zerbait gure arbasoen mamu lurperatuak azaleratzeko? Bada baiezkotan nago. Abertzaleon esku dagoelako. Geure esku dago, baina zoritxarrez etxean ere zabaldua daukagu ikuskeri gaitza. Geure interesen kontrakoa, gainera!
Vaticanoa eta España gutxi ez, eta hemen UPVko katedrak eta (Arabako) alderdi abertzaleak batu dira Eliseo Gilek gidatutako Lurmen enpresak Iruña-Veleian azaleratutako aurkikuntzak faltsu direla ondorioztatzeko. Froga zientifikorik gabe, ikuskeritiko iritzi soilez. Ikuskera aldatzeak beren modeloa zalantzan jarriko luke. Lurrak ematen diola eguzkiari buelta? Jota zaudete ala? Diozkute beren talaiatik.
Prozedura kalbario egin dute inkisidoreek. Eliseo deabrua bertan gurutziltzatzeko. Nolabait, egin dute iada, 10 urtez gorako prozesu katramilatsu batekin. Llarenak Katalanekin dabilenaren pareko.
Honen arduradun zateren alderdiotako euskaldunok, neuk hauxe ez dizuet onartzen. Gogoan izango dut eta nire semeari kontatu, nola euskaldunok ere ez gauden geure (arbasoen) kontra egiteko gaitzetik libre. Jakintza biziberritu baino, nahiago duzuela zuen estatus politiko mantendu, instituzioetan botere kuota handitu. Marketinarekin zurituko duzue, hauteskunde ataritan, leloetan, ‘pertsona helburu’ jasota.
Auzoan, euskaldunok beharko genuke izan abiapuntu eta helburu. Alboko auzoekin gure ikuskera partekatuz, eta mundua hobeto ulertzeko, beraiena ere jasoz. Irekian, hertsitasunik gabe, konplexurik jabe, oparotasunez. Orduan gerturatuko gara barruan daramagun ‘iza’ sakonkiago ezagutzera.
Naiz, gara, gogo.
Ezkondu Getxon
2019-03-29 // estatugintza // Iruzkinik ez
Casadok hanka-sartzea egin zuen Bilbon, Gipuzkoako Getxora zihoala esanez.
Guk tarte zabala eskaini diogu anekdotari ohiko komunikabide zein sare sozialetan. Politiko abertzaleren batek ere bai, Bizkaiako territorioa defendatuz, gure arteko mugak indartuz.
Bitartean, 1200dik gaur arte inbaditu, zatikatu eta menperatu gaituen armada españolak lur hartu du Getxon, behinola euskaldunok bat ginen Nafar Erresumaren kostan. Casadok lez, militar españolek gure lurretan sartu dute hanka berriro, CAVetik CFNko Errege Bardeak bonbardatuz. Belate eta San Matzial datozkit gogora.
Casado pozik joan bide zen, ‘divide et impera’ lemak oraindik badirauela ikusita. Eta gu, menperatzailearen hanka-sartzearekin entretenituta, zirko españolak eskeintzen digun espektakuluaren eusklabo alai, Asiskok ilustratu bezala.
Iada 33 belaunaldi badituen bortxazko ezkontzaren ezteiak ospatzeko, gerra itsasontziaren ateak ireki dizkigute, eta 7 orduko iladak egin ditugu berau bisitatzeko.
Dibortzio ofizialaren zain egon gabe, badugu garaia eztei hauetara gonbidatuak izan ez diren ahaide jatorrekin, jatorrizkoekin, sexu harremanak izateko, dela kulturan, ekonomian, aisian eta politikan ere.
Probintzialismoen gaitza osatzeko behar baitugu osotasuna, osasuna, batasuna.
Psikologikoa.
izabortegiak
2017-11-05 // emozioz, estatugintza, humanismoa, intentzioa // Iruzkinik ez
Jada balio ez digula uste duguna zabortegira bota ohi dugu. Ala genuen.
Orain, birziklatzera. Bai, ala?
Zer da izabortegia?
iPhone, iPad, iMac, iZabortegi?
Hotz.
izAbortegi.
Bero.
Izaki zabortegiak. Izaki abortatuen egia. (gehiago…)
Euskeraren poloak
2017-09-08 // emozioz, estatugintza, euskara, feminismoa, haserre, humanismoa, partaidetza // Iruzkinik ez
Amalurraren ipar eta hego poloak
Poloak zera dira: continuum baten bi ertzak.
Adibidez, eguerdia eta gauerdia. Maskulinoa eta femeninoa. Beltza eta zuria. Sarri poloetan kokatzen gara. Dramatizatu egiten dugu. Karikaturizatu. Azken finean, zerbait lortzeko ‘dena’ eman. Eta iada badakigu ‘dena’ eta ‘ezer’ gezurrak direla, baldin eta kontextualizatzen ez baditugu. Beste bi polo.
Eta poloak, zailak dira iristen. Amalurreko ipar eta hego poloak, kasu. Edo beltz eta zuri puruak, garbiak.
(gehiago…)
Krema katalana
2017-06-08 // emozioz, estatugintza, feminismoa, partaidetza, pozik, triste // Iruzkinik ez
Elkartzean ala elkartzeko, zer egiten dugu? mahai inguruan eseri, kirola egin, kantatu, dantzatu, jokatu, jolastu…
Partxisera jolastu gaitezke, adibidez. Non eta lehenengo iristea den helburua, ahalik eta azkarren norbere koloreko lau fitxak etxetik atera eta ez dakit non sartzea. Horretarako, V eta VI zenbakiak ateratzeaz gain, helmuga horretara iristeak X mugimenduko bonusa emango digu. Eta auzokidea jateak, XX-koa. Norberak irabazteko bestea nola oztopatu, eta ahal bada, akatu. Hori da estrategia. Joku arriskutsua gure semealabak hezteko, (g)izarte feminista bat eraikitzeko. Elkarlana barik, konpetentziarik latzena jartzen baitu balioan. Eta jolasetatik ikasten dugu bizitzan moldatzen. Sozializaziora proiektatzen gaitu, nola egingo dugun ikasten dugu. (gehiago…)