Iñaki Idigoras
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Lander Arbelaitz(e)k Memoriadun euskara bidalketan
- iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
- Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
- iñaki(e)k Lehen notak bidalketan
Artxiboak
- 2025(e)ko azaroa
- 2025(e)ko iraila
- 2025(e)ko uztaila
- 2025(e)ko otsaila
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko uztaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko uztaila
- 2023(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urria
- 2021(e)ko maiatza
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko maiatza
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko martxoa
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza


Genozidioaren ispiluan, begiak bixi
Atalak: estatugintza, humanismoa
2025eko ekainean jardunaldi bat izan genuen Oñatin, Nabarraldek antolatuta. Askotariko aditu eta arituak bertaratu ziren ponentziak aurkeztera, globalizazioaren kontextuan gure Herria kokatzeko saiakeran. Xabier Irujo historialariak genozidioaz jardun zuen.
Xabier Nevadako unibertsitateko katedraduna da. Hiru karrera (Filologia, Historia eta Filosofian) eta bi doktoradutza dauzka. Bere aiton-amonak Espainiako altxamentu faxistatik ihesi babestu ziren AEBetan. Euskal erroei eusteaz gain, makina bat lan egiten du gure kausarako Irujo Ametzaga familiak diasporatik.
Itzul gaitezen genozidiora. Gazan Israel gauzatzen ari den hori genozidioa da: kupidarik gabe bertako herritarrak erailtzen dihardu, berea ez den lurraldea bere kolonoz betetzeko asmoz. Ez da gaurko kontua, baina. Terminoa bera, judutar batek proposatu zuen: Raphael Lemkin judutarrak, hain zuzen ere. Historian izandako nazio desegite anitz esplikatzeko, eta batez ere berari zuzenean ukitzen zion holokaustoa izendatzeko. Nolakoak garen gizakiok! zein aterabide ematen diegun geuk bizitako traumei, besteengan errepikatuz!
Nazio bat desegitea ez da komunitate bateko pertsonak erailtzea soilik, Irujok kontatu zigunez. Berak, genozidioan katedradun izaki, AEBtako jatorrizko herriekin egin du lanketa. Aizue, ba al dakizue AEB-tako armada ere saiatu zela “indio basati” haiek guztiak erailtzen? Baina garestiegi ateratzen zitzaion milaka gutxi batzu “indio” akatzea: lur eremu oso zabalean ejerzitoa mobilizatu behar, hauen horniketa, babesteko gotorlekuak eraiki beharra, zauritu eta hildako soldaduen familiei kalteordainak… zenbat gastu! Izan ere, lur haietako jende jatorra, jatorrizkoa, ez zegoen men egiteko: erresistentziaz erantzun zien. Biziraun nahi zuten, lehenago ere mendez mende egin zuten eran: beren mundu ikuskerarekin, beren sinesmenekin, beren antolaketa ereduarekin, beren hizkuntzan, beren kulturan, fin batean. Baina AEB-tarrek lurrak lapurtu nahi zizkieten, temati. Gaur Israelek palestinarrei bezalaxe. Historia, errepikatu egiten dela! Gurekin ere?
Jatorri britainiarreko AEB-tako parlamentuan ordezkari “kulturalki jantzi eta zibilizatuek”, inperialista bihotzgabeek, hizketagai izan zuten “indiook likidatzeko” estrategiaren kostu ekonomiko larregizkoa. Ez ote zegoen metodo merkeagorik? Judutarren tren bagoietako itolarriekin gogoratu naiz: gas gabe gehiago akatu zituzten naziek, gasarekin baino. Estrategia berria, merkeagoa, proposatu zuen orduan Richard Henry Pratt militarrak, honoko lema zeramana: “Kill the Indian, save the man”. Zitala, asmakizuna: haurrei ilea moztu, izena aldatu, eta beren ama-hizkuntza debekatu zieten, familietatik aldentzearekin batera. Hezkuntza erabilita (hezkuntza, bai!) haurrak birprogramatzea zuen helburu: AEB-tar zintzo bilakatzea. Zalantzati haseran, irrifarre maltzurrez gero, puruak piztu eta ahokada ke laino botatzearekin bat onartu zuten parlamentari demokratikoek proposamen biolentoa. Hurrengo hamarkadetan gauzatu zuten jatorrizko ipar amerikarren genozidioa, nola eta eskola nazionalen bitartez.
Bukatzeko, frankismo garaiko harribitxi batzuk erakutsi zizkigun Irujok: euskarazko liburu erreketak, hilerrietako abizen euskaldunen ordezkatzeak grafia espainiarrera (echeverria, zabalegui…), euskal izenen debekua (Iñaki baino, Ignacio), eskola “nazionalak” (“así quiero ser”, “yo soy español” eta gisako doktrina liburuak), euskararen debekuak eskolan, kalean, autobusean, irratian zein kultur adierazpenetan, hiztunei zigorrak… kontatu gabe, aurreko mendeetan eragindako desegituratze instituzional (Estatu nafarra, Foruak, Diputazioak) eta kultural oro. “Mata al vasco, salva al hombre”-ren antz handiegia dauka, gezurra izateko. Frantsestu eta espainiartu gaituzte, “indio” estatubatuarren gisan.
Hemen gara baina, XXI. mendean. Gaurdaino nola edo hala iraun badugu, erresistentzia indarrari esker izan da. Nortasunari esker. Kontzientzia nazionalari esker.
Ez al dugu orain geure buruaz beste egingo, hain justu ere, Herri txikia baino, Herri globalizatua garen honetan? Mugikorreko App asko, eta Adimen Artifiziala bera ere libreki euskaraz aritzeko gai diren aroan?