Iñaki Idigoras
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- iñaki bastarrika izagirre(e)k Espezie inbasoreak bidalketan
- Iñaki Idigoras(e)k Lehen notak bidalketan
- iñaki(e)k Lehen notak bidalketan
Artxiboak
- 2024(e)ko azaroa
- 2024(e)ko uztaila
- 2023(e)ko azaroa
- 2023(e)ko uztaila
- 2023(e)ko martxoa
- 2022(e)ko urria
- 2021(e)ko maiatza
- 2020(e)ko abendua
- 2020(e)ko urria
- 2020(e)ko uztaila
- 2020(e)ko maiatza
- 2019(e)ko azaroa
- 2019(e)ko urria
- 2019(e)ko abuztua
- 2019(e)ko uztaila
- 2019(e)ko ekaina
- 2019(e)ko martxoa
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
Krema katalana
Atalak: emozioz, estatugintza, feminismoa, partaidetza, pozik, triste
Elkartzean ala elkartzeko, zer egiten dugu? mahai inguruan eseri, kirola egin, kantatu, dantzatu, jokatu, jolastu…
Partxisera jolastu gaitezke, adibidez. Non eta lehenengo iristea den helburua, ahalik eta azkarren norbere koloreko lau fitxak etxetik atera eta ez dakit non sartzea. Horretarako, V eta VI zenbakiak ateratzeaz gain, helmuga horretara iristeak X mugimenduko bonusa emango digu. Eta auzokidea jateak, XX-koa. Norberak irabazteko bestea nola oztopatu, eta ahal bada, akatu. Hori da estrategia. Joku arriskutsua gure semealabak hezteko, (g)izarte feminista bat eraikitzeko. Elkarlana barik, konpetentziarik latzena jartzen baitu balioan. Eta jolasetatik ikasten dugu bizitzan moldatzen. Sozializaziora proiektatzen gaitu, nola egingo dugun ikasten dugu.
Gure kulturako herri-kirolak bestelakoak dira. Harrijasotzea, aizkolaritza, sokatira… Ala ez hainbeste? Ez dute bestea oztopatzera, suntsitzera bideratzen, ez. Baina konpetentzia sustatzen dute, irabazle eta galtzaileak izatera. Kirol denek bezala. Hori baita kirola: konpetentzia. Hau ez balego, kirola barik, ariketa fisikoa litzateke.
Gure kulturan badugu besterik, noski. Kalean kantatzea, adibidez. Edo ospakizun askotxo janzten dituzten bertso, txalaparta edo zanpantzarrak. Gerturatzen garenon barnea astintzen dute, halako berotasun edo energia mugiaraziz. Sentsazio potentea sumatzen dut nik, indarra. Zerbaiten parte garenarena, bat garenarena. Soinua energia da, eta frekuentzia edo tonu jakin batzuek badute gaitasuna gure metabolismoa energetizatzeko. Doinu afrikarrak ere geureganatu ditugu, batukadekin geure gorputzak dantzan ipintzeraino, barne indar hori kanpoan adieraziz.
Katalanen egitekoa bestelakoa da. Elkartzean, eta elkartzeko, handienek, indartsuenek, zirkulua eratzen dute sorbaldaz sorbalda. Eraikiko dutenaren oinarri sendoa. Hauen bizkarretik igo eta sorbaldetan zutituz, beste hainbeste egingo dute hurrengoek. Eta hurrengoek. Eta hurrengoek. Eta hurrengoek. Arina eta ausarta denak azken zirkulua itxiko du, puntu gorenean. Zeren bila egiten dute? zer lortu hor goian? Ba, mendizaleen bera, pentsatzen dut nik. Askatasun sentimentua.
Baina edozein menditara igo barik, beraiek sortzen dute mendia bera. Ondo errotutako (g)iza eraikuntza bat, non oinarriek sustengatzen duten desafiora, askatasuna sentitzera, ausartzen dena. Sustengatu eta proiektatu. Sorbaldaz sorbalda, orpoz-orpo.
Mendez mende praktikatu dutena, beren beharrak eta desioak asetzeko erabiltzen ari dira orain. ANC eta Omnium Culturalek jakin dute metafora eder hau estatugintzara eramaten. Herritarrek errotutako oinarrian politika eragile, partidu eta parlamentua eutsi, igotzea merezi duen mendia egin. Presidente ausarta goraino bultzatuz eta ere berean babestuz. Herriak amestutako izar preziatua bereganatzeko bidean.
Euskaldunok, geurean. Ikasi duguna egiten. Barneak mugituta bai, baina energia guzti hau nola kanalizatu asmatu ezinik, bakoitza bere ekimenean, pasioz bai, sarri konpetentzian.
Geure mendia egiten ez dugun bitartean ez dugu askatasun egarri hau asetzera ausartuko den mendizale ausartik izango.
Castellers-ak ez dira krema katalana. Komunitate(*) katalanaren pozima dira.
Argiak ondo daki: indartu dezagun indartzen gaituena.
Gure esku dago.
(*) Komunitate, bere jatorrizko zentzuan.