Puajj edo umm…? (1996)

Azenario krema eta legatz enpanadilla. Hori aurkitu zuten egun horretan haurrek platerean. Ez dakigu “puajj ze nazka” edo “umm ze goxoa” esan ote zuten, baina 1990eko hamarkada amaieran bizkor zabaltzen ari zen eskola jangela eredu zentralizatuaren irudia da goian duzuena. Ikasle aztoratu eta alaien artean, urrutiko sukaldetan egin eta edukiontzi isotermikoetan eramandako janaria zerbitzatzen ikus daitezke jangelako langileak: dena bukatu arte, hor geldi txikitxo… adierazten du beraien keinuak.

Catering hitza ezaguna zitzaigun hegazkinetako modernidade gisa, baina ez hainbeste hezkuntzari lotua. “Gaur egun, oraindik zabaltzen ari den sektorea dela esango nuke, industria arlo nahiko berria baita”, esan zion ARGIAri Zamudioko Gastronomia Baska enpresako kudeatzaileak. Eta nola zabaldu. 2000. urteko dekretu batek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeak derrigortu zituen halako enpresekin lan egitera. Dozenaka milaka menuko pagotxa.

Gaur egun esku bakarreko hatzekin konta litezke euren sukaldean bertako elikagaiak prestatzen dituzten eskolak; baina gero eta gehiago dira etxeko eredu horretara itzuli nahi dutenak. Hernaniko (Gipuzkoa) hezkuntza komunitateak proposamena eraman berri du Eusko Legebiltzarrera, catering-sistemarekin “nazkatuta”, puajj egitetik umm egitera igaro nahi dutelako.

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Alberto Elosegi / ARGIA CC-BY-SA

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude