Xirula Mirula… itxiko zaigula (1991)

“Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza amankomuna”. Halako esaldi borobilak bota zizkigun Imanol Urbietak, Xirula Mirula Musika Hezkuntzarako Saialekuaren atean kox-kox egin genuenean, 1991n. Myriam Gartzia hurbildu zen Donostiako Amara Berriko lokalera, Espainiako LOGSE legeak musika hezkuntzan ekarriko zituen aldaketei buruzko erreportajea lantzeko, eta Aitor Bayok eszena politak aurkitu zituen argazkitarako: haurrak, txirula eskuan, “musikaren erritmoaz komunikatzen”. 35 urte geroago, Euskadi Irratiaren bidez jakin dugu ekainean, Sanjoanetan, ateak itxiko dituela.

Xirula Mirula grabaketa estudioa eta musika eskola 1983an zabaldu zuten Urbietak eta Kontxi Aizarnak, musika eta euskara uztartzeko metodoa praktikan jartzeko: Ran Rober Ran, Txoria nintzela, Astoa ikusi nuen, Alaken… nork ez ditu abestu?

Joxean Urbietak –Imanolen semeak– jarraitu du Amara Berriko eskolarekin azken urteetan, baina erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio. “Haurrarentzat, jolasean bada, ez dago arazorik”, esan du irratian. Jolasean, kantuan eta… korro korro, korroan.

 

Testua: Urko Apaolaza Avila
Argazkia: Aitor Bayo / ARGIA CC-BY-SA

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude