Txabolotik
Hasiera » Sailkatu gabea » Scotteseko txakurra
Eka15 0

Scotteseko txakurra

Atalak: Sailkatu gabea

Eguneko gosaria Nocilla pote huts batean hartzen dut, segurtasun arrazoiak aitzaki espetxe honetan, gehienetan ez bezala, ezin da kaletik paketean plastikozko katilu kirtendunik sartu eta. Bertan ere ezin da erosi, ez moduluko ekonomatoan ezta hilean behineko bidalketa berezian ere. Beste espetxeren batetik badaukazu, ez dago arazorik, gainontzean tarteka topatu dezakezun kideren batek soberan izanez gero edo sozialen bati erosiz gero edo, baimena medio, baten batek kaletik bueltan sartzea baino ez dago. Nocilla potea, hamar bat zentimetrora moztutako ur botila ipurdia baino katilu duinagoa da inondik, hartu orduko barrenak astintzen dituen ustezko kafesnea betetzeko.

Kondairak dioenez, bromuroz blai, hesteak aise libratuta, goiz baina beranduago jartzen gaitu komunera bidean, ehun lagunentzako bi toki baino ez izateak nekez ekidin ditzakeen ilarak eragiten didaten perezarekin. Baten batzuk kakiñean ez daudela nabaria da giroan; kameren eta funtzionario begietatik ihesi heroina erretzen ari dira zilar papera berotuta. Behin beren lanak bukatuta neroni sartu naiz bertara, ohiko errituala martxan jarriz.

Sudadera goitik eta behetik ebakitako krisketa gabeko atean txintxilikatu “do not disturb” gisara eta Scotteseko txakurraren rol-ean papera erruz desbiltzen hasten naiz, barru aldeko arrasto itsatsiak kenduaz, gain-kaldean bizpahiru pasara emanez erabat lehorra utzi arte eta hiru geruza paper buelta guztian kokatuz; beste pixkat komun zulorako, zipriztinak uzkia eta ipurmasailak freskatu ez ditzan. Galtzak kontu pixkatekin jaitsi ditut, txorkatila parean tinko eutsiz dagoeneko hankapean pilatzen den pixa putzuan ez bustitzeko. Kanpoan zain daudenek ezinegona ozen konpartitu dutenez, nire sabelak nahi baino azkarrago altxa behar izan dut behar baino gutxiago garbitu dudan ipurdia, ez aurretik, intimoa, nire-nire dudan esentzia ez konpartitze aldera kontorsionistarena eginez bonba sakatu gabe.

Pixa bera, kanpoan, paretara itsatsita dagoen komunera egin dut.

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Jon Mintegiaga Oiarbide

Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.

Azken bidalketak

  • Demagun
  • Li Bai txaboloan
  • Azterketa soziologikoa
  • Norabait
  • Tazmamorteko zerua

Iruzkin berriak

  • PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan

Artxiboak

  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina

Kategoriak

  • espetxekeriak
  • Sailkatu gabea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA