Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Eskupeko karta
Atalak: Sailkatu gabea
Egun batzuk pasata, Mujicak idatzi bat atera zuen barkamena eskatuz eta adierazpenak testuinguruan kokatuz. Bere hitzen zabarkeria igarotako espetxealdiari egotzi zion, hormatzarren artean, muturreko baldintzetan era guztietako gizasemeez inguratuta bizirauteko eraikitako argotari.
Arrazoirik kendu gabe, azalpenetan preso ohiaren aitzakia, karga, atzeman nuen, gurean makina bat aldiz erabilitakoa.
Ikusi izan dituzu kasuak, ez dakit zenbat urtetan, kalean leial, bikoteak kanpainari eutsi eta presoa atera orduko, honek bestelako harremanei ekitea. Ulertzen da nolabait, zuzentasun moralaren eztabaidaz harago, kaiolan atxikitako abereak, basora itzultzean, libre, putzu guztietatik edateko duen grina.
Mozkor txarren bat harrapatu eta aldrebes ibili dela? Preso ohia.
Arrarokeriak, lekuz kanpoko ateraldiak? Preso ohia.
Motela dela? Kilkerra zapata kaxan bezala ibili denak mundua handi.
Ez da zeregin erraz preso ohiarena, badakizu. Kaleko erritmo bizi eta aldakorrera pertsona bezala ohitzen nahiko lan ez eta militante bezala konplitu beharraren ardura gainera. Begiraden erdigunean, aztertuta, jarrera bata edo bestearekin barruan utzi dituen kideak ordezkatzen dituela jakitun. Horrexegatik da jendea ulerkorra, eskuzabala.
Bitartean, nire barrenean zalantza bat aiduru. Gaurko gatibuak, biharko preso ohi, militante libreak, balizko hanka sartzeak zuritze aldera, mauka azpian eskura izango dugun karta erabiliko ote dugu?