Txabolotik
Hasiera » Sailkatu gabea » Eskupeko karta
Uzt20 0

Eskupeko karta

Atalak: Sailkatu gabea

presoOhiPepe Mujicak, Uruguaiko presidente zela, Argentinarekin krisi diplomatikoa piztu zuen, Cristina Kirschnerri ustekabeko mikrofono irekian “atso zaharra” deitu eta haren zendutako gizon eta presidente ohi “begibakarra” baino okerragoa zela ihes egin zionean.

Egun batzuk pasata, Mujicak idatzi bat atera zuen barkamena eskatuz eta adierazpenak testuinguruan kokatuz. Bere hitzen zabarkeria igarotako espetxealdiari egotzi zion, hormatzarren artean, muturreko baldintzetan era guztietako gizasemeez inguratuta bizirauteko eraikitako argotari.

Arrazoirik kendu gabe, azalpenetan preso ohiaren aitzakia, karga, atzeman nuen, gurean makina bat aldiz erabilitakoa.

Ikusi izan dituzu kasuak, ez dakit zenbat urtetan, kalean leial, bikoteak kanpainari eutsi eta presoa atera orduko, honek bestelako harremanei ekitea. Ulertzen da nolabait, zuzentasun moralaren eztabaidaz harago, kaiolan atxikitako abereak, basora itzultzean, libre, putzu guztietatik edateko duen grina.

Mozkor txarren bat harrapatu eta aldrebes ibili dela? Preso ohia.

Arrarokeriak, lekuz kanpoko ateraldiak? Preso ohia.

Motela dela? Kilkerra zapata kaxan bezala ibili denak mundua handi.

Ez da zeregin erraz preso ohiarena, badakizu. Kaleko erritmo bizi eta aldakorrera pertsona bezala ohitzen nahiko lan ez eta militante bezala konplitu beharraren ardura gainera. Begiraden erdigunean, aztertuta, jarrera bata edo bestearekin barruan utzi dituen kideak ordezkatzen dituela jakitun. Horrexegatik da jendea ulerkorra, eskuzabala.

Bitartean, nire barrenean zalantza bat aiduru. Gaurko gatibuak, biharko preso ohi, militante libreak, balizko hanka sartzeak zuritze aldera, mauka azpian eskura izango dugun karta erabiliko ote dugu?

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Jon Mintegiaga Oiarbide

Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.

Azken bidalketak

  • Demagun
  • Li Bai txaboloan
  • Azterketa soziologikoa
  • Norabait
  • Tazmamorteko zerua

Iruzkin berriak

  • PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan

Artxiboak

  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina

Kategoriak

  • espetxekeriak
  • Sailkatu gabea

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA