Jon Mintegiaga Oiarbide
Iraultzaileak esan zuen bezala ez baita berdin pentsatzen jauregi batean edo etxola batean. Perspektiba, ikuspuntua, ezberdina baita Gaztelugatxeko ermitatik edo Lezeko haitzulotik, mendi puntatik edo erreka bazterretik, kaletik edo kartzelatik, norberaren etxeko gelatik edo 4 x 2ko ziegatik, txabolotik.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- PelloZ(e)k Li Bai txaboloan bidalketan
Gutun bereziak
Atalak: Sailkatu gabea
Gutun klase asko eta ezberdinak iristen zaizkit. Horien artetik aprezio berezia diet politikoki nigandik urrun xamar egon daitezkeen lagunek idatzitakoak direnean, euskaldunok espetxearen inguru-marian antolatu antzera duzun zirkulutik kanpokoa denean, non hasi bai baina non bukatzen den argi ez duzun eta osatzen omen duzun mundu horretatik kanpokoa denean.
Orain hurrena, hasiera batean nirekin e-mailez kontaktuan jarri nahi zuen lagunaren gutuna jaso nuen; e-mailez! Maila horretakoa da maite zaituen jende baten ezagutza zure errealitatearekiko. Horrexegatik, balio handia ematen diot, umetan, ikasmahaia elkar banatu nuen lagunaren gutunari, duda-muden baitan ahaleginekin ondutakoa delako; pentsatu, erabaki, idatzi, helbidea lortu, gutun azala eta zigiluak erosi eta azkenik, bidaltzeko prozesua, itxura batera iruditu litekeen bezain sinplea ez delako.
Badira bestelako kasuak. Borrokaren aldeko aldarrikapena ahoan darabiltenen partetik, ez presoek ez eta senideek, hurbileko keinurik txikienak ere jasotzen ez dituztenean.
Horrelakoetan pentsatzen dut zer ote garen zenbaitentzat, militante abstraktuak akaso? Txuri-beltzezko argazki lausotuen atzean, afektu premiarik oinarrizkoenak dituen hezur-haragizko gizakiak daudela ere errebidinkatu ezin behar ote dugu?
Zer da lehenago, arrautza edo oiloa? Zer gara lehenago, militanteak edo pertsonak? Zientifikoki esan dezakegu, militanteak eta pertsonak banatu ezina den batasun bat osatzen dutela bere dialektikan. Garaian garaiko baldintzetara egokitutako oreka topatzea da gakoa.
Aspaldian nago, zure argazkiak paretetan itsatsi edo letra larri eta hitz potoloko sloganekin pankartak egiten tematzen baino eraginkorragoa ez ote den, e-maila bidali nahi zidan lagunari, zure eskubide bortxatuen alde hondar alea jarri arazteko molde erakargarri bat eskaintzen saiatzea, etxea teilatutik baino adreiluz adreilu altxatzea zentzuzkoagoa delakoan.
Estatuak irakurketa bera egin zuela uste dut 2014ko irailaren 30eko astelehen goiz hartan, Konponbidean Eskubideen Aldeko Herrira Mugimendua indarrez moztea erabaki zuenean.