Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
LEZIOAK
Atalak: BIZI
Egunak daramatzat Jarabe de Palo taldearen abeslari Pau Donés zena burutik kendu ezinik. Ez naiz sekula talde horren zale sutsua izan, baina hil aurretik Jordi Évolek kantariari egin zion elkarrizketa ikusi nuenetik, bere azken diskako kantu bakoitza behin eta berriz entzun ez ezik, dastatu ere egin dut. Bizitza ulertzeko zeukan filosofia miresten dut. Hark zioen bizitzak duen gauzarik txarrena beldurra dela, eta baita, etorkizunean pentsatzen galtzen dugun denborari ihes egiten uztea ere. Zenbat aukerari eman ote diogu bizkar beldurragatik? Eta zenbat denbora galdu ote dugu alferrik gero egingo ditugun ekintzen zerrenda egiten? Inork ez daki etorkizun horretako ekintza horiek biziko dituen ala ez, baina, badaezpada, dena ondo antolatuta izatea gustatzen zaigu, etorkizun eder bat izan dezagun. Etorkizuna bai, baina esku artean dugun momentuari heldu beharko genioke ahalik eta estuen. Egunerokoan ondoan ditugun pertsonei kalitatezko denbora eskaintzen ahalegindu beharko ginateke; maite ditugun horiei esker baikara garen bezelakoak.
Zergatik ez gara oinarritzen bizitzan zehar hainbeste aipatzen ditugun esamolde horietan? Bizitzeko egun gutxi batzuk gelditzen zaizkion pertsona bat behar al dugu ondoan benetan maite duguna baloratzen hasteko?
Izana bera opari bat da, esnatzen garen egun bakoitza bizitzeko aukera izatea eskertu beharko genuke. Ez genuke denborarik alferrik eman beharko besteek zer pentsatzen duten erreparatzen, ezta aurrera egiteko gai izango garen ala ez zalantzan jarri, eta esku artean ditugun aukerak baztertzen zoriontsu izateko bada, zergatik ez diegu aukera horiei helduko? Ez ahaztu, zoriontasuna hautu bat da, eta bizitza, bakarra.