Loreak
Hasiera » EGUNEROKOAK » LAGUNAK
Api26 0

LAGUNAK

Atalak: EGUNEROKOAK

Lagunak, gure bizitzako bidelagunak: “bizi-lagunak”. Hala definituko nituzke nik, behintzat. Geure bizitzaren euskarri dira lagunak, zer egingo genuke, bada, lagunik izango ez bagenu? 

Mota askotako lagunak izan ditzakegu: mendiko lagunak, soka lagunak, bidaia lagunak, trago bat hartzera laguntzen gaituztenak… Bakoitzak bere xelebrekeriak izanda ere, maite ditut denak.

Bakoitzak bere izaera du, eta nahitaez, laguntzat gaituen horrek garen modukoak garelako maite gaitu. Guk hura bezalaxe. 

Gustoko dut atsegin ditudan txokoak haiekin bisitatzea, ilunabarrak eta egunsentiak elkarbanatzea. Erabateko zoriontasuna partekatua denean bakarrik osatzen baita. 

Baina, zer da lagun bat? Ezagunak ez ditut laguntzat hartzen, ezta Facebookeko jarraitzaileak ere, nahiz eta egunero nire publikazioei “atsegin dut” ematen dieten. Lagunak kontatzen hasi eta sare sozialetakoak kontuan hartzen dituenari arazo bat duela esango nioke. Baina, kontuz! Badira ziber lagunak dituztenak, eta horiek ere errespetatzen ditut. Niri, ordea, atseginagoa zait lagunekin aurrez aurre egotea. 

Irribarrea aterako didan pertsona da laguna, edozer eginda ere nitaz harro egongo dena; zainduko nauena; zorionduko nauena. Eta ez, gutxietsiko nauen norbanako petrala. Horrelako jokaerak ez ditut ulertzen, niretzat ez baitago ezer ederragorik pertsona bati aurpegian irribarre zabal bat eragitea baino. 

Azken urte honetan bizi dugun egoera tamalgarri hau dela eta, ez naiz betiko lagunekin nahi adina egoten. Egia esan behar badut, erreparoa ematen dit jende asko dagoen tokietan elkartzeak. Faltan sumatzen ditut haiekin egindako afariak eta tertulian igarotzen genituen afalosteak; faltan sumatzen dut mendiko lagunekin planak egitea, burura etorritako edozein menditara joatea; faltan sumatzen dut ikasle garaiko lagunekin elkartzea eta aspertu arte orduko kontuez aritzea; faltan sumatzen ditut pirinioak eta bertako isolamendua; faltan sumatzen dut bizikleta hartu eta Nafarroan zehar ibiltzea. Izugarrizko mira diot nahi dudan lagunarekin nahi dudana egiteari. 

Baina, egoerak egoera, benetako laguna bada, beti egongo da gure alboan. Beti errespetatuko du gure iritzia, egiten duguna. Egiten duguna egiten dugula, beti errespetatu eta maite izango gaitu. Hori da lagunartearen muina. Lagunak lausenguak ez ezik, hitz desatseginak ere esango dizkigu esan behar dizkigunean. Horiek dira benetako lagunak, momentu latzetan ere aldamenean izan eta aurrera egiten laguntzen digutenak. 

Adiskide onekin orduak labur.

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Garazi Golmaio

Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.

Azken bidalketak

  • Goierriko 2 Haundiak
  • EGIA
  • LAGUNAK
  • PRIBATUTASUNA SALGAI
  • HI, AIZAN!

Iruzkin berriak

  • Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan

Artxiboak

  • 2022(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa

Kategoriak

  • BIZI
  • EGUNEROKOAK
  • MOREA

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA