Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
BEGIEN AURREAN
Atalak: BIZI
Urgullen nago, Donostiako punturik gorenean. Lehen ere izana nintzen bertan: paseatzen etorrita olatuak ikusiz, “Donostiako 3 Mendiak” lasterketan korrika pasata, baina sekula ez, gaur bezala, menditxoa bera ezagutzera etorrita.
Igeldo Urguletik
Pandemiaren kontu honekin gure bazterrak behin eta berriz ikusteaz asetuta, itsasoaren ondora etortzea pribilegioa da. Izan ere, kostaldera gerturatu behar badut, edozein aitzakiaz baliatzen naiz itsasora hurbildu eta kresala usaintzeko.
Ia urte bete igaro da bakterio honek bere hatzaparretan harrapatu gintuela: lasaitasun osoz alde batera eta bestera mugitzerik ez dugula. Oraintxe hartu diogu benetan aprezioa askatasunari. Zer ote bizitzaren erdia askatasun egarriz pasatzea? Guri askatasuna kendu digu birus honek, beste batzuei, aldiz, bizitza. Azken urte honetan utzi gaituzten gehienek ondo ezagutu zuten gosea pasatzea zer den. Eta, gosea ez ezik, adierazpen askatasun eza, hizkuntzaren gaitzespena, emakumeen errepresioa… Hori amaiera krudela! Gu, aldiz, geure buruari begira gaude uneoro: egunerokoan egitea gustoko dugun hori oztopatzearen aurka. Tabernak zein mugak noiz irekiko dituzten zain. Askatasuna zer den badakigu, eta jakingo dugu. Haiek, aldiz, ez.
Nik ere badut gogoko dudana nahi dudanean egiteko desioa, baina onartu behar dut bizitzak lezio asko irakatsi dizkidala azken aldian. Hala nola, momentuari ahalik eta probetxu handiena ateratzen.
Horregatik nago gaur hemen, harkaitz honen gainetik itsaso zabalari begira. Haren handitasunak amaiezina dirudi. Amaiera horretan ote dago askatasuna?