Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
MARTXOAK 8, BESTE URTE BATEZ
Atalak: MOREA
2021eko martxoaren 8a dugu gaurkoa. Ez naiz egunak ospatu zalea. Nire iritziz, egunerokotasunean hartu beharko genituzke aintzat norbere printzipio guztiak, eta ez egun seinalatu batean bakarrik. Egunero da martxoaren 8a; egunero emakumearen aurkako indarkeriaren aurkako eguna, egunero euskararen eguna, egunero amaren zein aitaren eguna, etab. Egunero maite ditut maite ditudanak, ez dut inor maiteago San Valentin egunean.
Nire kasuan, kirol munduan asko mugitzen naizenez, bertako pasarteak kontatu besterik ez dut. Badira bost urte mendiko lasterketetan ibiltzen naizela, pare bat urte karreterako bizikleta erosi nuela, eta urte bete, gutxi gorabehera, berriz ere, eskalatzen hasi naizela. Baina, mendiarekin kontaktua bizitza osoan zehar izan dut. Gogoan ditut udako opor luzeak izaten nituen garai haiek, institutuan ikasten nuenean, 15-16 urterekin ia goizero joaten nintzen Txindokira. Izugarrikeriaren bat egiten nuela iruditzen zitzaidan jendeak “bakarrik joatera ausartzen zara?” galdetzen zidan bakoitzean. Seguruenik, gizonezkoa izan banintz, ez zidaten halakorik esango. Handik urte batzuetara, lasterketetan hasi berri, bakarrik entrenatzen ote nintzen galdetu zidaten behin lanekoek. Eta nik, baietz. Haiek ere kontuz ibiltzeko esaten zidaten korrika egitera ateratzen nintzen bakoitzean, eta baita, edozein baso ingurutara ez joateko aholkatu ere. Sinestezina. Lasterketaren eguna ere iristen zen, eta hor egoten nintzen, irteera lerroan, gizonez inguraturik. Esan behar dut, urtetik urtera, gero eta emakume gehiago ikusten ditudala nire inguruan, eta poztekoa da.
Harritzen nauena da emakume asko eta asko bikotekideak bultzatuta hasten direla kirolean, ez euren kabuz. Zenbat aldiz entzun ote dut, erdi lotsaturik, honako hau esaten: “nire bikotekidea korrika hasi da, eta ni ere animatu egin naiz”. Zergatik lotsatzen dira, bada? Eta, zergatik ez diozu heldu hainbeste gustatzen zaizun zaletasun horri lehenago? Gu ere askeak gara nahi duguna egiteko.
Mendia alde batera utzita, zibilizaziora pasako naiz. Mendiko bizikletan ez naiz sekula ibili, baina, beharbada, egunen batean probatuko dut. Zergatik ez? Baina, oraingoz ez. Karreterako bizikletan nabilela, jende gehiagoz inguratuta egoten naiz. Batetik, gainontzeko txirrindulariak. Bestetik, auto gidariak eta kaleko jendea. Emakume izateagatik jasan ditudan “piropo” tamalgarri gehienak hemen izan dira.
Aipatutako kasuetan oinarritzen naiz egun bereziak ospatzea gustoko ez dudala diodanean. Seguruenik, txistuka aritu zitzaidan auto gidari patetiko horrek egun berezi horiek guztiak ospatuko ditu. Egunero gaztelaniaz mintzo direnek euskararen eguna ospatzen duten moduan.
Hori horrela, gure izanaren eta eskubideen alde egunero aldarrikatu behar dugula iruditzen zait, ezin gara ixilik geratu. Nabaria da bere burua feministatzat duen jende asko dugula inguruan. Seguru nago urte batzuen poderioz, egoera honi buelta emango diogula, gizartea erabat aldatuko dugula eta martxoaren 8a egunero izango dela.