Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
BANATZEN GAITUZTEN MUGAK
Atalak: EGUNEROKOAK
Leihotik ikusten dut gure gereziondo ederra loretan. Azkenaldian egun asko igarotzen ditut etxetik lanean, eta gertutik ari naiz bizitzen udaberriaren etorrera. Txoriek kantuz ematen diote ongi etorria egunari, eta eguzkiaren berotasuna gero eta nabariagoa da. Baina, zer egiteko aukera eskainiko ote digu heltzear dugun udaberri honek!
Ez du izango, inolaz ere, iaz arte, urteetan ezagutu izan dugunaren antzik. Hobexeagoa izango ote! Iaz etxean sartuta egon ginen, lau pareten artean, aurten, aldiz, erkidegoetako mugek mugatuko gaituzte. Udaberria entzutean, udako planak egiteko garaia etortzen zait gogora. Neguko arropa gorde eta udako jantzi motzak ateratzeko unea. Aurten, ordea, ezingo gara udako planak egiten hasi oraindik. Ez baitakigu, gogoa bai, baina zangoa ez, non izango dugun.
Unean uneko arauak ezartzen dizkigute. Zer egin nezakeen eta zer ez jakin gabeko egunak ere bizi izan ditut maiz. Badira bi aste federatuta egoteagatik Euskal Autonomia Erkidegoko mendietara joan naitekeela. Baina, ba al zegoen hori egiterik? Federazioko txartela eta Jaurlaritzak horretarako prestatutako orria hartu, autoan ondo gorde, eta horrelaxe joan nintzen, poz-pozik, Aizkorrira: nire mendi kuttunera. Baina, bada, ni bezalaxe ibili, eta isuna jaso duen jendea.
Urteko helburuak finkatzeko ohitura izan dut beti. Aurten, Alpeak ezagutzeko gogoa daukat/neukan. Neukan diot, ez baitakit horretarako askatasunik izango ote dudan. Mendi zuria begi bistan eduki eta zapaltzeko irrikan nago aspalditik. Mendi zuria eta mendiko lagunak: konbinazio perfektua. Haiekin egoteko gogo galanta dut! Baina, hauek udako kontuak dira. Momentu honetan, azkenaldian ikusterik izan ez ditudan lagunak besarkatzeko premia daukat, haiekin hitz aspertuak egiteko premia, haiek gertu sentitzekoa. Baita Euskal Herrian zehar libre ibiltzekoa ere. Batez ere, gure Nafarroa maitera joateko gogoa: Baztango baso eta mendiak zeharkatzekoa.
Europa zabala, lurraldeak batzeko asmoarekin sortu zuten agintariek. Elkarri laguntzeko, elkar babesteko. Azken urte honetan, pandemiaren garai honetan, garbi ikusi da bakoitza zenbat borrokatu den bere interes pertsonalengatik. Eta, goi kargudunei begira jartzen bagara, zer esanik ez. Horiei begira bagaude, jai daukagu! Nire ustez, zentzuz jokatzean datza gakoa. Ingurukoak errespetatzen eta zaintzen.
Urteko ametsak finkatu, eta ametsen zerrenda luzea pixkanaka betetzeko desioa izan dut beti. Orain, Pirinioetara joateko aukera izatearekin zoriontsu nintzateke; baina, badaukat Nepal aldera joateko irrika ere. Ez dakit, ordea, etorkizun hurbilean hori egiteko aukera izango ote dudan.
Iazko martxoan etxean sartuta egon behar izan genuen, gero herrietako mugen barruan mugitzen hasi ginen, “kolindante” hitza zer den ere ezagutu genuen, erkidegoek banatzen gaituzte orain. Ezagutuko al dugu inoiz mundu zabalean inongo justifikaziorik gabe aske ibiltzeko eguna?