Loreak
Hasiera » EGUNEROKOAK » EITB, telebista publikoa
Mar17 0

EITB, telebista publikoa

Atalak: EGUNEROKOAK

Ez naiz telebista ikusi zalea, Teleberri baino ez dut ikusten, eta hori ere noizbehinka. Zenbait albiste nola kontatzen dituzten ikusita, askotan, damutu egiten naiz EITBri audientzia eskaintzeaz. Gertatu izan zait manifestazio batera joan, nire begiekin bertako istiluak ikusi, eta iluntzeko albistegian asmaturiko istorio bat entzutea. A zer ezinegona! 

Oraindik ere gogoan dut 2013ko apirilean Donostiako Aske Gunean bizi izandakoa. Egun osoa eman nuen bertan, eta aurrez aurre ikusi nuen zer egin zuten poliziek. Jende askok grabatu zituen han gertatu zenaren irudiak eta egia esan, irudi horiek eta EITBn agertu zirenek ez zeukaten grabatutako bidioekin zerikusirik. Zoritxarrez, telebistan emandakoa bakarrik ikusi zutenek polizien aldeko bertsioarekin gelditu ziren, normala!

Beste behin, Miramonera joan nintzen lagunekin Mihiluze saioa zuzenean ikustera. Aldez aurretik, baldintza eta betebehar batzuen zerrenda banatu ziguten. Horietako batek zioen ezin zela soinean eraman gairen bat aldarrikatzen zuen kamisetarik. Aurrez entzuna genuen bertara Ernaiko kamiseta soinean zuela joandako gazte bati erantziarazi egin ziotela. Gerora, 2018an, EITBk ‘Altsasukoak Aske’ kamiseta zentsuratu egin zioten ekoizle bati. Baita, Cabacasen auzia salatzeko elastikoa zeraman bati eranzteko eskatu ere. Eta, hara non ikusten dudan astelehen goizean Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) leloa duen jertse bat soinean zuela Gontzal Viaga Rodriguez, Baserria lehiaketako lehiakidea. Ernai eta Altsasukoak tokitan gelditzen dira horren aldean! Poliziaren indarkeria salatzen duten taldeen kontrako mugimendu gisa definitzen dute Blue Lives Matter. Eskuin muturrekoen, arrazisten eta neonazien mugimendua: poliziak hiltzen dituztenei gorroto delitua ezar diezaieten lan egin du. 

Gontzal Viaga Rodriguez

Astelehenean ikusi nuen albistea, ez baititut Baserria edota Conquis bezalako lehiaketarik ikusten. Bata zein bestea zabor bera direla esango nuke. Beti iruditu izan zait espektakuloa sorrarazten duen jendea hartzen dutela nahita, kirolari edota beste arlo batzuei garrantzia eman beharrean, audientziarik handiena nola lortuko begiratzen dute. Azkenaldian gustuen Ikusi dudan saioa Markel Irizarrek eta Agustin Ezenarrok aurkeztu zuten Itzulera izan da:programa berezia benetan! Profesionalak izandako hainbat euskal kirolari aukeratu zituzten bizikleta proba bat egiteko. Hori prestatu bitartean, landetxe batean egon ziren hainbat egunez. Eta horietako bakoitzak, kirolari profesionalak guztiak, egunero, berak bizi izandako uneak eta bitxikeriak kontatzen zituen. Pertsona horiek barrutik ezagutzeko aukera izan genuen ikusleok. Programa horretan ez zegoen lehiarik, lagunarteko giroa besterik.  

Arazoa ez da faxista bat telebistan agertzea, arazoa da denok ordaintzen dugun komunikabide publiko batek ideia politikoak medio, batzuk baztertzea, eta faxista bati adierazpen askatasuna ematea mezu faxistak zabaltzeko. Eta, ulertezina egiten zait ertzaintzan (herri + zaintza) horrelako faxistak daudela ikustea. Ederki zainduta gaude, bai horixe!

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Garazi Golmaio

Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.

Azken bidalketak

  • Goierriko 2 Haundiak
  • EGIA
  • LAGUNAK
  • PRIBATUTASUNA SALGAI
  • HI, AIZAN!

Iruzkin berriak

  • Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan

Artxiboak

  • 2022(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa

Kategoriak

  • BIZI
  • EGUNEROKOAK
  • MOREA

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA