Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
HAU LUZE DOA
Atalak: EGUNEROKOAK
Martxoko zubia ere joan zaigu, ez dakit nire irudipena ote den, baina 2021 urtea oso azkar doakit: denbora eskuetatik iheska joango balitzait bezala. Ni lez, nahiz eta santuetan zirkinik ere sinestu ez, jende orok ospatzen du San Joseko jai eguna eta baita aprobetxatu ere hara eta hona ibiltzeko. Mendi aldean bizi garenok kostaldera jo dugu eta kostaldean bizi direnek mendi aldera. Garbi dago beti eskura ez dugun hori desio dugula. Nahiago nuke mugak ireki eta Pirinioetara joateko aukera edukiko banu, baina daukagunarekin konformatu behar. Zer erremedio!
Ostiralean ZETAK musika taldearen kontzertua ikusten izan ginen lagun bat eta biok. Azaroan erosi genituen sarrerak, eta gogo handiz egon gara egun horren esperoan. Ez naiz musika elektroniko zalea, baina kuriosoa iruditu zitzaidan horrelako musika euskaraz entzutea. Gainera, atentzioa eman zidan orain dela pare bat hilabete Pello Reparazi ETBn eginiko elkarrizketak. Bertan, abeslariak berak sortzen zituen letrak ingelesez egiteko eskatu zion kazetari batek; horrelako musikak ingelesez kantatzeak gehiago “pegatzen” duela, esanez. Pellok, aldiz, Euskaraz kantatzen jarraituko zuela adierazi zion. Kantariak zioen, sortzez arbizuarra izanik, Euskal Herri bezala mundura ateratzea zela bere funtsa. Niretzat ere ez dago ezer hoberik gure hizkuntza txikian mintzatuz, hizkuntza bera indartzea baino. Elkarrizketa hori ikusteak begiak ireki zizkidan, eta egia esan behar badut, orduantxe hasi nintzen Zeinen ederra izango den eta Errepidean kantuak alde batera utzi, eta diskan dituen gainerakoak entzuten. Inoiz ezin izan dut ulertu, euskaldunak izanik, egunerokoan euskaraz mintzatu eta abestiak gaztelaniaz edota ingelesez kantatzen dituzten abeslariak edo taldeak. “Guay”agoa delako ote?
Musika taldeen kantuak entzuteaz gain, letren esanahia edota musika mota ez ezik, taldearen izaera eta transmititu nahi dutena zer den jakitea gustatzen zait. Orain urte batzuk Ez Dok Amairu taldeak bezala, garai hartako egoeraren eta gure hizkuntza txikiaren aldeko aldarrikapena egiten zuten.
Lehen esan bezala, ostiralean Kursaalen egon ginen ZETAK aurrez aurre ikusten. Uste nuena baino gehiago gustatu zitzaidan, erraz gainditu zituen taldeari buruz aurrez nituen usteak. Liluratu egin nau taldeak duen indarrak. Argi dago talde lan handia egiten dutela. Eta, zer esanik ez, emakume bat taldean egotea, eta gainera, bateria jolea eta perkusionista izanda. Beti gogoratzen dut Niña Coyote eta chico tornado musika taldea ikusi nuen kontzertua. Orduko hartan ere emakumearen indarra nabaria zen taldean.
Leire Colomo-ZETAK
Niña Coyote eta Chico Tornado
Konfinatuta egon ginen egun haietan, zenbat aldiz entzun ote nuen Zeinen ederra izango den abestia! Eta oraindik ere, urte bete igaro ostean, hori pentsatzen dut askotan: Zeinen ederra izango den! Noiz ez dakit, baina izango dela garbi daukat.
Paster noster hau luze doa.
(ZETAK argazkiak: @jonxa_)