Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
HI, AIZAN!
Atalak: EGUNEROKOAK
Betidanik izan dut hitanoa ikasteko gogoa. Txikitatik entzun ohi dut ama izebarekin jo eta su “noka” egiten. Niri, ordea, ez zidaten irakatsi. Nire jaioterrian nire ingurukoek ez zuten hika berba egiten. Baina, Zaldibiako lehengusua bisitatzera etortzen nintzenean, ohituta nengoen hura lagunekin “toka” mintzatzen entzuten.
Polita iruditzen zait hitanoa, pertsona bakar bati zuzen-zuzenean hitz egiteko modu bakarra baita. Hik niri eta nik hiri. Bi pertsonen arteko elkarrizketa soila. Gainera, hitanoa euskaratik eratorria den hitz egiteko modua da soilik. Ez da euskara batua bezalakoa, herri bakoitzak bere hitano propioa dauka, euskalkiak bezalaxe. Kuriosoa, ezta?
Askotan entzun izan dut hitanoa itsusia dela eta genero bereizketa egiten duela. Hori ez ezik, historiako azken hamarkadetan gaitzetsia izan da, deabruaren hizkuntza dela egotzita. Hala eta guztiz ere, herriak erabiltzen jarraitu duenez, guganaino iritsi da. Hizlari asko galdu ditu, baina bizirik dirau oraindik.
Azpeiti aldean omen ditu hizlari gehien hitanoak, eta gehienak, gizonezkoak. Hori Goierri aldean ere nabarmena da. Gizonen artean ohitura handia dago toka mintzatzeko. Baina, emakume bat tartean sartzen bada, akabo. Gizonezkoek ez daukate ohiturarik emakume bati noka egiteko, eta emakumeek euren artean, gutxi. Askotan entzun ohi dut “semeari egingo diot hika, guk gurasoengandik jaso dugun bezalaxe, baina alabatxoari? Nola ba?”
Orain dela bizpahiru urte, Itsasondoko neska batekin egiten nuen topo herriko mendietan zehar. Beti gelditzen zitzaidan kontutan, eta hura beti hika zuzentzen zitzaidan. Hizketaldi haietan gutxietsi egiten nuen neure burua, ez nintzen hari ondo erantzuteko gai izaten. Eta sekulako inbidia sentitzen nuen, asko gustatzen baitzitzaidan hitz egiteko era hura. Hori horrela, menditik etxeratu nintzen egun horietako batean, handik aurrera noka hitz egiteko eskatu nion amari, nik ere ikasi egin nahi nuela esanez.
Azken urteotan, eta herri txikietan, batez ere, esango nuke hitanoa pixkanaka indartzen ari dela emakumeen artean. Apalki, baina bizirik mantentzeko moduan, behinik behin. Ekimen bakan batzuk ere egiten dira hitanora gerturatzeko. Guk, geuk, adibidez, ohitura horri heldu diogu lagunartean. Lehen, zuka nagusitzen zen gure artean, orain, ordea, noka hasi da nabarmentzen . Hala ere, aitortu behar dut, zuka egiten didanari hala erantzuten diodala beti. Baina, pertsona batekin lehen aldiz hika mintzo banaiz, hori ohitura bihurtzen da niretzat.
Loraldi xumea dator hitanoarekin, leherketarik ez da izango etorkizun hurbilean, baina hel diezaiogun ahal dugun eran.
Ez ahaztu, oso hizkuntza aberatsa daukagu.