PRIBATUTASUNA SALGAI
Gure aitona-amonek inguruko jendea besterik ez zuten ezagun; orain, ordea, sare sozialen bidez, urrutikoak ere etxeko. Askotan gertatu izan zait Instagram sare sozialean argazkiren batean ikusitako pertsona bat kalean gurutzatzea. Eta askorik ezagutu gabe, zer gustatzen zaion, egunerokoa nolakoa duen, zein duen bikotekide eta zein familiatakoa den… jakin dezaket. Nire amonari esan behar halakorik!
Ez dut gustoko jendeak momentu oro zer egiten duen jakitea: ez zer ordutan esnatu den, ez zer nolako gosaria egin duen eta ezta non bazkaldu duen ere. Aski da!
Niri baliagarria egiten zait mendira joaten direnek euren publikazioetan ematen duten informazioa. Badago Facebook-en jarritako argazkiren bati esker deskubritu izan dudan mendirik. Edota, eguraldiari dagokionez, egunean bertan Aizkorrira joateko intentzioa izan, eta pertsonaren baten publikazioa ikusita, plana bertan behera utzi behar izan dudana. Eta hori ez zait mendiko informazioarekin bakarrik gertatzen: jatetxe asko ezagutu ditut Instagram-i esker. Ederrak, gainera. Eskerrik asko, influencer!
Influencer hitza ere berria da. Ez naiz ingelerazko hitzak erabili zalea, baina euskaraz hitz hori esateko sekulako azalpena eman beharra daukat: “sare sozialak erabiliz, bere perfilean argazki erakargarriak atxiki eta jarraitzaile mordoa lortzetik bizi den pertsona”. Atxikitzen duen argazki bakoitzeko jarraitzaileen “atsegin dut” kantitate jakin bat pasatzen badu, sare sozial horrek ordainsari bat ematen dio. Marka ezagun askok pertsona horiek marketingerako erabiltzen ditu. Orain dela hamarkada bat jendeak ez zukeen imajinatu ere egingo bizimodua hortik atera zitekeenik. Ezta hurrik eman ere.
Neurria hartu behar zaie sare sozialei. Batzuetan, informazioa baliagarri izan dakiguke, beste batzuetan, aldiz, norbanakoaren pribatutasuna erabat saltzen dugu.
Gehiegizkoa iruditzen zait egunero pertsona bat kalera nola jantzita aterako den jakitea, logela zer kolorekoa duen erakustea, mina hartu eta ospitalean dagoela adieraztea, zer jaten duen eta zer ez ikustea… zeni axola zaio hori guztia? Beharbada, bera maite dutenei? Baina, haiekin harreman zuzena izango du, bada? Ez dut ulertzen. Baina, begi bistakoa da hau zuzendu ezean, gure ondorengoek arazo larriak izango dituztela. Bai horixe!
Influencer onak behar ditugu gure aldamenean, gure bizitzan eragin positiboa izan eta eguna ilusioz hasteko bultzada emango digutenak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks