Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
Goierriko 2 Haundiak
Atalak: BIZI
2022ko uztailaren 8a, Ehunmilak-en 11. edizioa. Iritsi zen eguna: 12 urtez amesten egon naizen eguna. Antolatu izan diren hamar edizioetan parte hartzeko irrikaz egon ondoren, ailegatu zen nire txanda. “Goierriko bi haundiak ” egitera nindoan.
“Ehunmilak” lehenengo ediziotik jarraitu dut, dastatu dut. Urtero ikusle gisa bizi izan dut lasterketa. Lehenengo urteetan bi froga zeuden: 168 km-koa eta 88koa, “Ehunmilak” eta “Goierriko bi Haundiak”. Gerora, 42km-ko maratoia, “Marimurumendi”, sortu zuten. Niretzako “Goierriko bi haundiak” lasterketa izan da bereziena. Tamaina polita dauka, eta gauez igarotzen da nire herritik eta maiteen ditudan mendietatik: Aralarretko eta Gazteluko larre berdeetatik eta Aizkorriko tontorretatik.
Urte askotan G2Hko puntu garaienetaraino joan izan naiz lasterkariak ikustera eta animatzera, eta beste batzuetan, aldiz, lasterketan parte hartu izan duten lagunei laguntzen ere aritu izan naiz. Inbidiak bere gain hartzen ninduen beti, baina lasterketan parte hartzen ez nuen arren, niretzat urteko astebururik berezienetako bat izan da beti.
Txikitatik mendian gora eta behera ibiltzen naizen arren, mendian korrika hasteko bultzada “Goierriko bi haundiak” probak eman zidan. Urtero ikusten nuen lasterketa nire herritik pasatzen, eta beti esaten nien lagunei egunen batean ni horietako lasterkari bat izango nintzela. Astun samar jartzen nintzen kontu horrekin!
Mendizalea naiz, ez korrikalaria, eta gustoko izan dut beti mendian orduak eta orduak igarotzea. Horregatik esango nuke ditudala ultrak gustuko. Baina errespetua diot mendiari eta baita lasterketei ere. Beraz, pixkanaka hasi nintzen prestatzen. 2016an, zehazki. Banekien zuzenean 88km-ko lasterketa egitea baino hobea izango zela distantziak piskanaka handitzen joatea, eta horrelaxe egin nuen. Distantzia motzeko lasterketa mordoa egin dut urte hauetan, eta maratoia egindakoan Ikusi nuen distantzia luzeetan askoz ere gehiago gozatzen nuela. Lasterketak lasaiago hartu eta gustoko nuena egiten nuen: mendian ordu gehiago igaro. 2018an egin nuen nire lehenengo maratoia: “Marimurumendi”. 2019an berriz ere errepikatu nuen, baina urte hartako helburu nagusia Leitzako EH mendi erronka egitea zen, nire lehen ultra. Zoragarria izan zen. Orduz geroztik, garbi gelditu zitzaidan distantzia luzeak direla nireak. Leitzako lasterketaren ostean, “Goierriko bi haundiak” egiteko garaia iritsi zela ikusi nuen, baina bi urteko pandemiak ez zidan horretarako aukerarik eman. Beraz, 2022ko uztaila izango zen nire ametsa beteko nuen momentua.
Zazpi hilabete luze izan dira eta ez da dena nik nahi bezala atera. Entrenamenduekin oso gustura hasi nintzen urtarrilean, baina otsailean bi hilabeteko etenaldia egin behar izan nuen lesio baten ondorioz. Nire ametsa bertan behera geratuko zela uste nuen, etsita nengoen. Baina geldi egote horrek on egin zidan, eta apirilean martxan jarri nintzen berriz. Banekien ez zela aterako nahi bezain ondo, baina ilusioz beteta nengoen lasterketan parte hartzeko.
22:53
Iritsi zen eguna. Oso urduri igaro nituen aurreko bi asteak. Dena amestu bezala ateratzea nahi nuen, eta, batez ere, bidea gozatuz, lasterketa ondo amaitu nahi nuen. Gaueko hamaikak iritsi ziren, eta han nengoen, Beasaingo plazan The last of the Mohicans filmeko abestia entzuten oilo ipurdi bizian. Kanpai hotsekin batera abiatu nintzen korrika Zaldibiara iristeko gogoz, banekien lagunak zain izango nituela. Izugarria izan zen herrikideen animoak jasotzea, eta zer esanik ez, lagunak besarkatzea.
Hamar edizio horietan imajinatutako irudia bizitzen ari nintzen. Emozioa nagusi, lagunak, etxekoak eta Joseba agurtuta, Gaztelurantz abiatu nintzen. Larraitz izango zen hurrengo puntua, han ere nire zain izango nituen ingurukoak. Larraitz, a zer festa! Alacanteko korrikalariz inguratuta hasi nuen Txindokirako bidea, eta haiek harrituta zeuden Euskal Herriko anbientearekin.
Oilo ipurdia jarri zitzaidan berriz Txindokiko lepoan txalaparta eta txistua entzun nituenean. Izugarrizko zeru izartsua eta ilargi gorria lagun genituela zeharkatu genituen Aralarko larreak. Zoragarria izan zen. Lizarrustin etxekoak besarkatu, eta aurrera! Etxegaraten jende gehiago izango nuen zain eta, niretzako garrantzitsuena, eguna argituko zuen. Eguna argitzearekin, lasterketa gehiago gozatuko nuela iruditzen zitzaidan, baina egia esan behar badut, gaua asko gozatu nuen. Beste xarma bat duela esango nuke. Lizarrusti eta Etxegarate bitarteko basoa uste baino azkarrago zeharkatuta, eguneko lehen argi izpiekin iritsi ginen Etxegaratera. Zain neukan Janire eta baita etxekoak ere. Ikusten nituen bakoitzean zenbaterainoko ilusioa egiten zidaten jakingo balute!
Etxegaratetik begi aurrean nuen hurrengo gailurra: Aizkorri. Etxe ondoko mendia ez den arren, oso maitea dut Aizkorri. Momentu polit asko oparitu dizkit Aizkorrik. Zeraindarrarekin hasi nuen bidea. Lehenengo geldialdia, Otzaurte. Lasterketa osoko sorpresarik handiena bizi nuen momentua. Hurbildu arte ez nintzen ohartu lagunak bertan zain nituela, hantxe zeuden, garraxika, ni animatzen. Ezin nuen sinestu begi aurrean nuena, han zeuden beso zabalik, animatzen, gustokoen dudan taldea, Berri Txarrak, altabozean kantari zutela. Malko artean, emozioz, agurtu genuen elkar. Eta etxekoen berotasuna sentitzeko aukera ere izan nuen bertan. Eurek guztiek ez lukete sinetsiko zenbaterainoko indarra eman zidaten!
Josebak bidean gora lagundu zidan. Malkoak begietan nituela eman nituen maldan gorako lehenengo pausoak. Orduan esan nion nire buruari: “Garazi hau bukatu beharra dago, dena perfektua izaten ari baita”. Aizkorrira iritsi eta Urbian Peru zain neukan, eta Andraitzen, Leire. Maite duzun jendearen ondoan pausoak azkarrago ematen dituzu, garbi gelditu zitzaidan hori.
Mutiloarainoko kilometroak luze eta bero joan ziren, baina Barbarin eta Zerainen lagunak animatzen edukitzeak asko arindu zituen. Etxekoak, Joseba, Lazkaoko lagunak, Peru eta 10 urte horietan piztutako irrika zenbaterainokoa zen zekien lagun on bat nituen ondoan. Saioak betidanik esan dit lasterketa hori egiten nuen egunean kilometro batzuk elkarrekin egingo genituela, eta halaxe bete zen esandakoa. Nire buruari honela esaten nion: “zer zortea duzun jende hau inguruan edukitzeaz!”.
Mutiloa, azken geltokia. Banekien ondoan nituenak han agurtu ostean, Beasaingo plazara arte ez nituela ikusiko, eta hori lasterketa bukatuko nuen seinalea zen. Bai, bukatzera nindoan! Azken hamar kilometroak izugarri luzeak egin zitzaizkidan arren, Beasainera iritsi eta bizikletako lagunak nire zain nituela ikustean, hanketan nuen indar apurra aprobetxatuz, beraien aurretik joan nintzen kalean behera korrika plazaraino. A zer sorpresa eman zidaten! Azken metroak egiten ari nintzen, ordu horietan guztietan nire ondoan egon zirenak zain nituen. Ametsa betetzen ari nintzela sinesten ez banuen ere, irribarrea ahoan nuela sartu nintzen plazara. Milioi bat aldiz amestu nuen Beasaingo plazako aldapan sartuko nintzen momentua. Arkua pasatu eta gelditutakoan, ingurura begiratu eta denak hurbildu zitzaizkidanean, orduan, sinestu nuen egin nuela, bukatu nuela, amesten nuena baino politagoa izan zela. Esker hitzak besterik ez ditut Ehunmilentzat. Lasterketa batek hainbeste eman dezakeela pentsatzea ere! Antolakuntza izugarria dauka, bolondresak hamarrekoak, eta munduko animatzailerik onenak izan nituen uneoro.
Kilometro gehienak nire kasa egin banituen ere, uneoro jendea zain izatea eta lasterketa jarraitzen ari zela sentitzeak izugarri betetzen ninduen. Etxekoen maitasuna, Josebaren uneoroko babesa, Janireren indarra, Larroxa moreen animoak, Lazkaoko lagunenak, Peru eta Saioa ondoan izanda kilometroak egitea, Leireren laguntza, emakume txirrindulari onenen sorpresa, Nerearen irrifarra, Agirretarren bromak, lagun askok eta askok etxetik bidalitako indarra eta mendiak eman didan guztia.
Niretzako “Goierriko bi haundiak” ez da uztaileko bi egun horietan laburtzen den lasterketa, sortu zenetik igaro diren urte hauetan guztietan bizi izandako momentu bakoitza baizik. Beraz, hasieratik horretara animatu nauten denei zor diet bizitako guztia.
Eskerrik asko guztiei amets hori betetzen laguntzeagatik!