Garazi Golmaio
Mendiko loreak askeak dira, ederrak, beren hizkuntza dute; alai daude beti, bizi-bizirik. Ordu asko ematen ditut haien ondoan zibilizaziotik aldentzen naizen bakoitzean. Haien artean ni ere lore sentitzen naiz; aske, zoriontsu. Momentu horietako pentsamenduak loratzen ditut barrenak askatzeko.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Pribatutasuna salgai | EIBZko liburutegia(e)k PRIBATUTASUNA SALGAI bidalketan
EGIA
Atalak: EGUNEROKOAK
Orduro jakin dezakegu mundu osoko txoko bakoitzean zer gertatzen den; orduro irratiko albistegian entzungai. Ez gara ohartzen, ordea, notizia horiek guganaino iristeko egin duten bideaz. Nork ikusi du gertaera? Nork jaso du informazioa? Nor egon da gertaera jazo den segunduan leku konkretu horretan? Milaka kazetari dabiltza munduan zehar informazioa biltzen, gero, guztiok mundu zabaleko gertakariak barren-barrenetik bizitzeko aukera izan dezagun. Halakoxeak dira kazetari askoren albisteak; euren idazteko gaitasunak ahalbidetzen digu gertakaria geure begiekin ikusi bagenu bezala bizitzea. Eta, gertakari gehienak, desgraziak. Ba al da, bada, ezer onik azkenaldian munduan zehar?
Betidanik interesatu izan zait kazetaritza, oso lanbide aberasgarria dela iruditzen zait. Batez ere, Freelance aritzen diren kazetariena. Freelance-ek edo langile autonomoek zenbait gairi buruzko lanak egiten dituzte euren zerbitzua behar duten bitartekarientzako. Freelancen ordainsariak ez dira lana egiteko behar izan dituzten orduen arabera ordaintzen, baizik eta bitartekariak lan hori jendeari helarazi eta horrek izandako emaitzaren arabera. Hori horrela, kazetariak jendeari irrika edo interesa piztuko dion informazio bitxiena eta gertukoena jasotzen ahalegintzen dira. Euren bizitza arriskuan jartzeraino ere iristen dira informazio hori lortzearren.
Arriskua alde batera utzita, izugarria da egiten dutena. Herrialde batetik bestera mugitzen dira, hango ohiturak, hizkuntza, jendea… ezagutzen dituzte. Guk etxetik internet bidez hainbestetan egiten duguna, haiek aurrez aurre bizi dute: bertako jendearekin egon eta elkarrizketak eginez. Maiz, gertakari askoren biktimak parez pare izan dituzte, eta beraien ahotik gertatutakoa jakiteko aukera izaten dute: informazio zuzena.
Baina, dena ez da eder, aste honetan notizia lazgarria jaso dugu hedabideetatik. Egia bilatzearen biktima izan dira bi kazetari euskaldun Burkina Fason: David Beriain eta Roberto Fraile. Legez kanpoko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari zirela desagertu eta hilik aurkitu zituzten. Gerra kazetaritza ondo baino hobeto ezagutzen zuten bidelagunak ziren: Beriain kazetari eta Fraile kamerari.
David Beriain eta Roberto Fraile
Tamalez, urtero hiltzen dira ehundaka berriemaile. Haien lanarengatik izan ez balitz, ez genukeen Irakeko gudaren berri izango, ezta Covid-19ak Indian eragin duen sarraskiarena ere. Egia bilatzen aritzeak arrisku handia dakar, bizitza galtzerainokoa.
Egiaren jabe izatea garesti dago; egiak ez baititu bi bide.