Hendaia
Hendaiako goialdean nenbilela, Orio auzo aldean, Route de la Glacière bidetik gertu, Bidasoaz beste aldetik heldu zait SOS deia: “Mikel, Boga egiteari utzi behar diogu. Bestela ere, segitzeko prest?”.
“Bai”, erantzun diet Hitzako arduradunei. “Hitza hitz” sos urri garaia izanagatik.
Bogatzeari utzi barik, norabidea zuzendu dut, baita traineru honen lerro-buruaren
Ha zuzendu ere: Hendaika izanen da engoitik. Bidenabar, lagunen deia profitatu dut Hendaia bestela ere azaltzeko.
Hendaiak historia laburra du: 1815ean eratu zen. Frantziako Iraultzaz geroztikoa da, beraz. Ixtebe Pellot izan zuen lehen auzapeza. Urruñako auzoa zen ordura arte. Europako estatuen egiturak indartzeaz batera sortu zen Hendaia. Inguruan erreparatzea besterik ez duzu: poliziek eta funtzionarioek taxua ema(te)n diote Hendaiari, hein batean.
Hendaia izen toponimikoa duzu. Zer adierazten duen zaila zait adierazten baina. Urruñatik begiratua, Hendaia ezponda batean dago. Endaia, H-rik gabe, pala da. Arraun-endaia, kasu. Endaitz, lema ere bada, ontzi-lema. Orga edo golde baten lema ere da endaitz. Bestela ere, Deban badago Endoia izeneko auzo bat. Nafarroan Endara tokia. Ibai eta itsas ibien magaleko ezponda ote liteke.
Gazteen elkarte baten izena da Hendaitz: “Pentsatu, ez sinistu” dio euren lemak. Endaika berriz Arraun elkartea.
Behiala, euskaltzaleek nongotasuna azaltzeko Endaia idatzi ohi zuten euskararen aldeko banderoletan. Bitxikeria ikusirik, neronek H-ren faltaz galdeturik: “H hori hegoaldekoek eman diozue” erraten zidaten. Solaskideek ez zituzten gogoan nonbait Espainiako gerra zibil ostean hona heldu ziren hegoaldetarrak. Beranduago, euskara batua sortzean, hendaiar horiek ez ote zuten zuberotarren H aspiratuaren berririk?
Tokiko euskalduntasunaren lekuko: Hondartza Ondarraitz da. Errugbi estadioak halaxe ere izena: Ondarraitz. (H)ondar eta (h)aitz ote? Horra toponimia argiagoa.
Bitxikeriak bitxikeri, Iparraldean bizi ote naizen galdetzean hau erantzun ohi dut: “Gipuzkoako kornerrean bizi naiz, Hendaian alegia”. Denei ez zaie laket ene arrapostua. Baiezpen absoluturik ez dago, noski. Gipuzkoako kornerrean bizi arren, ez bainaiz Espainian bizi, ez Frantzian ere horregatik. Ezta Iparraldean erabat ez orobat ere. Non bizi naizen? Bada Euskal Herrian.
Hendaian bizi, Tuteran bizi edo Trebiñon bizi, euskaraz biziz gero Euskal Herrian bizi zara. Hendaitz-eko gazteen gogoaz, bogari ekinez, endai-kadaz, enda eta hitz bat eginik… aitzina. Hitza baita euskal endaren ezaugarri nagusia.
Oarso Bidasoako Hitzan argitaratua. (Hendaia, 2013ko urtarrilaren 11)
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks