Pirinioetako eskualdeetan ere Fronte Nazionala garaile
Frantziako Estatuan 8 dira hauteskunde barrutiak. Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeek 4. osatzen dute. Herritarrek 10 euro-parlamentari hautatu dituzte, aulkiak honela banatuz: FNk 3 irabazi ditu (bozen % 24,71). UMPk 2 (%18,51). PS-PRGk 2 (%15,73). EELVk 1 (%11,48). UDI-MoDemek 1 (%8,60). Front de Gauchek 1 (%8,57). Abstentzioa estatuko antzekoa izan da: %52,51.
Politikari ezagun hauek izanen dira Bruselan: Louis Alliot eskuin muturrekoa, Michele Alliot-Marie eskuindarra, Virgine Roziere sozialista, Jose Bove ezkerreko ekologista, Rober Rochefort zentrista eta Jean-Luc Melenchon ezkertiarra.
Ipar Euskal Herriko emaitza orokorra ezagutu ezean, hona bera hartzen duen departamenduko (Pirinio atlantikoak) datu azpimarragarri batzuk: Alliot-Marie izan da bozkatuena, 42.000 boz jaso du, Jose Bovek berriz 26.000 inguru.
Baiona –Ipar Euskal Herriko hiriburua– hartu dugu tokiko euskal herritarren bozen lagin bezala: UMPko Alliot-Mariek %22 jaso ditu. FNko Alliotek %14,79. PSko Rozièrek %12,86. EELVko Bovék %12,55 eta Rochefort zentristak %11,62. EH Bai (ezker abertzalea) ez da aurkeztu, ez inoren aldeko bozik eskatu ere. EAJko Jean Telletxeak bozen %7,48 jaso du Baionan.
Edonola ere den, FNk eman du Iparraldean ere jauzi izugarria, hala Akitanian nola 8. barrutian. Frantziako Asanblea Nazionalean ordezkaritzarik ez izatetik Europako Parlamentuan frantziar aulki gehien duen alderdia izatera pasa da. Marine Le Penen Fronte Nazionalak lurrikara politikoa sorrarazi du estatu osoan, Pirinioak hartzen dituzten hiru lurraldeetan barne.
Badirudi berriz esplikatu behar zaizuela: Ipar Euskal Herria ez da probintzia bat! Ez da bosgarren probintzia! Bitxia badirudi ere hiru probintzia daude Iparraldean. Eta beraz gutxienez hiru hiriburu daude ere bai. Baiona ezin da hiruen hiriburua izan, Baiona ez da Baxenabartar eta Xiberutarren hiriburua!
Zure logikari jarraituz Hegoaldeko hiriburua Bilbo litzateke…
Gainera Baionako emaitzak “tokiko euskal herritarren lagin” bezala hartzea arduragabekeria hutsa da. Jakin behar da Baionako biztanleen %60 baino gehiago EH-tik kanpo sortu dela, Frantzian gehienak. Baiona guztiz kolonizatua da eta bertan Frantzian bezala bozkatzen da. Baionako (eta bere periferiako) emaitzek gutxi dute ikusteko gainerateko hiri eta herrien emaitzekin.
Zer irudituko zaizu Bilboko emaitzak hartzea “tokiko, hots hegoaldeko, euskal herritarren lagin” bezala?
Erraten duzularik “pirinioetako eskualdeetan ere Fronte Nazionala garaile” edota “FN-ek eman du Iparraldean ere jauzi izugarria”, faltsuki mintzo zira. Eta gainera iraintzen gaituzu. Aitortzen dizugu Baionan eta Lapurdin FN-ek jauzi izugarria eman duela eta bigarren indarra atera dela. Baina Baxenabarren eta Xiberoan FN bosgarren indarra baizik ez da. Horregatik, mesedez, ez nahasi Baxenabarre eta Xiberua Lapurdirekin, ez dutelako ezer ikusteko sozialki, ekonomikoki, kulturalki, politikoki eta ezta ere elektoralki.
barkatu baina…
– Lasai, ez didak (ez diat) deus barkatu behar, txo!
Badirudi berriz esplikatu behar zaizuela:
– Zaizuela? Nor gara “zuek” horiek? Esadak txo, nor haiz hi?
Ipar Euskal Herria ez da probintzia bat! Ez da bosgarren probintzia! Bitxia badirudi ere hiru probintzia daude Iparraldean. Eta beraz gutxienez hiru hiriburu daude ere bai. Baiona ezin da hiruen hiriburua izan, Baiona ez da Baxenabartar eta Xiberutarren hiriburua!
Zure logikari jarraituz Hegoaldeko hiriburua Bilbo litzateke…
– Lasai hi! ez kasurik egin nire logikari, are gutxiago 1.500 karakteretan eta oren batez egindako testuan. Otoi eta arren. Amen.
Gainera Baionako emaitzak “tokiko euskal herritarren lagin” bezala hartzea arduragabekeria hutsa da. Jakin behar da Baionako biztanleen %60 baino gehiago EH-tik kanpo sortu dela, Frantzian gehienak. Baiona guztiz kolonizatua da eta bertan Frantzian bezala bozkatzen da. Baionako (eta bere periferiako) emaitzek gutxi dute ikusteko gainerateko hiri eta herrien emaitzekin.
– Akort… Akort edo… “Arduragabekeria hutsa” diok. Ostia! Hori sententzia. Amen. Akort edota, erran zezakeat, gaiak askorako ematen duela. Beraz, nahi duanean, Internet honetatik jaitsi plazara. Buruz buruka ariko gaituk, kiroltasunez prefosta.
Zer irudituko zaizu Bilboko emaitzak hartzea “tokiko, hots hegoaldeko, euskal herritarren lagin” bezala?
– Bilboko “emaitzak” eta gizartea ez dira Hegoaldeko jendartearen nortasun adierazle, ez arras, ados. Baina, “ideologikoki” estrapolatuz gero Bilboren argazkian sartu ditzakek: Baztan, Enkarterriak, Errenterialdea, Araia aldea, Lizarraldea, Goierri biak…
Erraten duzularik “pirinioetako eskualdeetan ere Fronte Nazionala garaile” edota “FN-ek eman du Iparraldean ere jauzi izugarria”, faltsuki mintzo zira.
– “Faltsuki mintzo zira”. Ei Txo, nor haiz hi Jainkoaren semea lurrean? Judaren rola nire gain hartzeko prest nauk. Afaria prestatu ezak, han izanen nauk hire apostolu guztiak tarteko.
Eta gainera iraintzen gaituzu.
– “Gaituzu”. Nor haiz hi, berriz ere. Nor zarete “zuek”? Ni ez al naiz “zuek”? Juda ote naiz, naski.
Aitortzen dizugu Baionan eta Lapurdin FN-ek jauzi izugarria eman duela eta bigarren indarra atera dela.
– “Zuek” aitortzen didazue. Nor “zuek”?, berriz ere. Ni ez al naiz zuek? Bai, prefosta, ni Juda naiz.
Baina Baxenabarren eta Xiberoan FN bosgarren indarra baizik ez da. Horregatik, mesedez, ez nahasi Baxenabarre eta Xiberua Lapurdirekin, ez dutelako ezer ikusteko sozialki, ekonomikoki, kulturalki, politikoki eta ezta ere elektoralki.
– Ei txo… imajina ezak, une batez, Juda honek hauxe idazten duela bozen biharamunean:
“Baxenabarrek eta Xiberuak ez dute ezer ikustekorik sozialki, ekonomikoki, kulturalki, politikoki, ezta ere elektoralki Lapurdirekin”.
Zer deritzok maxima horri? Ez duk nirea, hik idatzi duk to!
Dena dela, hitzak bertzerik ez. Nireaz ari nauk, e! Hurrengoan agian hobeto ariko nauk. Agian, zuberotarren gisara.
Mikel Asurmendi (Hendaiarra. Hegotik jindako herritar adoptatua, abantzu adaptatua, egokitze lanetan, ari bidean.
P. S.: Jainko maitea! Zer egin dut? “dugu?” , hau merezi ahal izateko?