Igerilekuak eta edoskitzea. Zer ari da gertatzen?
Erandioko gertakariaren ondoren, atzo Fadurako igerilekuko eremutik beste ama bat kaleratua izan zen bere 7 hilabeteko haurtxoari bularra ematen egoteagatik. Ama hau, igerilekutik urrun samar dagoen eserlekuan ari zen bularra ematen eta igerilekutik joateko eskatu zitzaion.
Guztiz kezkagarria da, ama batek bere haurrari bularra emateagatik alde egin behar izatea. Are kezkagarriagoa leku askotan gertatzen ari dela entzutea. Zer ari da gertatzen igerilekuetan? Zerk darama pertsona bat bularra ematen ari den amarengana hurbildu eta kanpora dezakela pentsatzera? Zer gertatzen da amaren eta haurtxoaren eskubideekin? Zein araudik debekatzen du bularra ematea?
Benetan zalantza handia sortzen dit nola erabaki dezaken igerilekuko langile batek ama hori eta noski, bere haurtxoa bidal dezakela. Akaso barne-araudian bularra ematea espresuki debekatzen da? Akaso haurtxoei jaten emateko kalera joan behar dela zehazten da? Edo zer dago horren atzean?
Pentsa nezake norbait kexaka joan dela langilearengana eta hark, auskalo zergatik, kexaka ari zenari kasu egin eta bidali duela (antza Erandion hala izan zen susmoa dago). Edo bestela, izan liteke emakumeek bularra erakutsi ezin dutela adierazten duen arauen bat (noski, gizonek bularra bistan eramatea ezin baita debekatu). Kasua hori balitz, eta emakumearen bularra nahi duenean erakusteko eskubidean edo eskubide ezean sartu gabe, langile horrek akaso ez du ulertu haurtxoak bularra hartzeko amak bularra bainujantzitik aterako duela eta haurtxoaren buruak estaltzen duela bular hori normalean.
Edo pentsa nezake, langile horrek, benetan ez duela ezer ulertzen eta haurtxoak kapritxoz jan behar duela (zeren noski, haurtxoak kapritxoso batzuk dira eta ez dute ulertzen igerilekuan ezin dela jan) eta berak, langile fin horrek, haurtxoa hezteko ardura beregain hartu (amak baina eskubide gehiago duelakoan) eta haurtxoak igerilekuan jan ezin duela ulertzeko ama bidali izana.
Edo izan litezke beste mila kontu…
Akaso, une hartan erabaki desegoki bat hartu dela pentsatu eta barkamena eska lezakete arduradunek. Baina ez, Erandion ez da hori gertatu. Eta zalantza handia dut oraingoan ere hori gerta daitekenik.
Gai hau, arautu beharra dago. Arautu beharra dago, bularra ematea amen eskubidea dela, eta edonon egin behar dela haurtxoen mesederako. Hala erakusten dute eta gomendatzen dute osasun erakunde garrantzitsuek, eta horrexegatik, politikariek arduraz jokatu eta haur eta amen eskubide hori babestu beharko lukete.
Baina ez, babestu beharrean, kezkagarria da gai honen inguruan ematen diren azalpenak (edo). Hauxe Erandioko EAJk emandako argumentuetariko bat:
Ez dira soilik igerilekuak. Badira, beste leku batzuk ere. Duela egun batzuk, Gasteizko Kiabi dendatik ere ama bat kaleratu zuten.