Ez ukitu, kaka!!!
Bederatzi hilabete inguruan (batzuk lehenago eta besteak beranduago) hasten dira mundua esploratzen. Katuka hastearekin batera, mugimendu askatasunak hara eta hona eramaten ditu. Eta mugimendu askatasun horrek, helduok haurrek ez ukitzea (eta batez ere ahoan sartzea) nahi dugun gauzak hartzera eramaten ditu aske dauden ia aldiro.
Eta zer gertatzen da ukitzea nahi ez dugun hori eskuan edo milimetro gutxira duenean? “Ez ukitu, kaka!!!” Eta heldu batek korrika batean kentzen dio eskutik objektua edo haurra besoetan hartu eta beste toki batera eramaten du.
Ados. Gauza asko dira haurrek ukitu behar ez dituztenak. Are gehiago ahora sartu behar ez dituztenak. Baina gauza guztiak ez dira KAKA.
Ez ukitu, kaka!!! esaten dugunean, oharkabean, kakari zentzu txarra ematen diogu, ez ukitu, beldurgarria da, txarra da… eta askotan haurtxoari objektu horri jar dakizkioken karga negatibo guztiak jartzen dizkogu KAKA soilik esanez. Zein da baina kakaren arazoa?
Bada, bi urte inguru (batzuk lehenago, besteak beranduago), haur horrek kakarekin (kaka fisikoarekin, benetako kakarekin alegia) harreman on bat izatea nahiko dugula. Kaka fardeletik kanpo egin eta beldurrik ez izatea nahi dugula, zerbait txarra izan ez dadin nahi dugula eta are gehiago, haurrari kaka egiteko eskatu, animatu eta festa bat egin nahiko diogula.
Kontzeptu nahastea. Bizitzako lehen urte eta pikoan kaka zerbait oso txarra, ez ukitu beharrekoa, beldurgarria, bronka batzuen jatorria izan da. Eta orain, egun batetik bestera, kaka lagun bihurtu eta nik kontzienteki egitea nahi dute? Guraso hauek erotu dira ala? Ez hori bakarrik, gero kalean nagoenean, lurreko zerbait hartu eta berriro Ez ukitu, kaka!!!
Haur askok dute arazoa kaka fardeletik kanpo egitearekin. Eta haurren psikiatra batzuek kontzeptu nahaste honekin erlazionatu dute. Haurra jaio berria denetik, kaka egiten duen bakoitzean, “kaka egin duzu” esaten badiogu kaka zer den ikasiko du, eta guk kargarik negatiborik ematen ez badiogu, berak ere ez dio emango, bizi guztian egin duen zerbait baita.
Ez ukitu, kaka!!! esan beharrean, esan genezake, ez ukitu, …… da. Eta hala, gauza arriskutsu, zikin, beldurgarriek… ere izena izango dute, kakan eragin gabe.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks