Kaosean loratuak
Hasiera » Naiara Perezen bloga - Kaosean loratuak

gaur gara

2021-03-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

atzo iragan da
biharra hipotetikoa da
zalantzazkoa, irreala

gaur gara
atzo esan gabekoen damu
atzoko akatsen eskarmentu
atzoko plazerraren zoriontasun

galdu genuen trena
begirada baten oroitzapena

atzo iragan da
baina gaur gara
atzoko hautabideen ezbai
atzoko zaurien orbain
atzo bizitakoaren emaitza

eta aldakorrak gara
atzoko hodeia gaurko tanta bada
eta ziklikoak gara
gaurko iluna argitzen duen ilargia atzoko berbera bada
eta iragankorrak gara
atzoko izar-iheskorra gaur ikusten ez bada

atzokoaren ondorio gara
baina atzo
iragan da
eta bihar, atzo ereindakoaren itxaropen soila bada

gaur baino ez gara

Behar bada

2021-03-14  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

behar bada
euria beharrezkoa da
haziak loratzeko
behar bada
iluntasuna ezinbestekoa da
argiaz gozatzeko
behar bada
hodeiak egun argitsuen parte izan daitezkeen era berean
izpiak ere badaude lainoetan
behar bada
tanta eta errainuz
lanbro eta ekiz
eginak gaude
behar bada
orain eta hemen baino ez gara


behar bada…

MARTXOAK 8

2020-03-07  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Eraikitzeko zimendua
beharrezkoa bada
ekar dezagun
argitara
hamarkadaz hamarkada
ezkutuan eusten digutenen taupada

Beldurraren kontrako brigada
pozez irrifarra
ilusioz begirada
mundu berri bat
egindako lanaren islada

Nahiz egoera izan larria
arma gisara irria
gara haize berria
ohiukatzeko eguna
martxoaren 8a

Ezpainak gorriak
morea bihotza
isildu nahi diguten ahotsa
bihurtuko dugu
zenbaiten amets mingotsa

Ilunetik argitara
igarotzen ari gara
astiro, behar bada
baina gelditu gabe abiada
jada entzuten da
gure burrunbada
neskak; batu plazara

Esperantza

2020-02-03  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Larrosa sasietan

izpi bat lainoen zirrikitutik ihesi

itzaletan argia

noraezaren iparrorratza

euskarri bat desorekan;

esperantza gara

Baldintza hipotetikoa

2019-11-03  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Begiak zabalik eta irribarrez amets egiten dugun elkarrizketa sentikor horiek eman ohi ditu goizaldeak. Odolean alkohol kopurua handitzen doan heinean, utopiatik gertuago sentitzen gara, errealitatea distortsionatuz. Zaila da azaltzen, baina guztiok sentitu dugu zoriontasun gaindosi momentu hori, zeinetan ezinezkoa dirudien ezerk geldi zaitzakeenik. Ez dago ezinezkorik. Hautsi ezinak gara. Hamaika gogoeta, teoria filosofiko propio eta ametsen artean, denbora ezpain arteko zigarroa bezala kontsumitzen dela ziurtatzen dugu, bizi huts bat bizi izanaren gorputzaz nagusitzearen beldurrez. Eta hurrengo goizean ez zaigu hainbesterako irudituko ordea. Hodeietarantz hegan sentitzen du bakoitzak norbere burua eta biharamunean ahaztuko ditugun promesaz apaintzen dugu gaua. Badirudi gaua baldintza hipotetikoez at geratzen dela eta ahalera burbuilak irensten ditugula kañaren aparrarekin, haien eztanda izanik gure fantasien eragile.
Maleta txiki batekin furgonetan Europan barrena bidaiatzea pentsatu dugu. Berlineko kale bazterretan garagardoz busti eta Parisen bizitzaren inguruan hausnartzea. Lisboan poema bat idatzi eta Amsterdameko kale gorria bizikletaz zeharkatzea. Porto, Munich, London.
Biharamunean esnatu eta, bart plan bat zen hura amets utopiko bat denaren dudarik izan gabe, ajea pasatu dugu sofan etzanda, astelehenean lanera joateko burua mentalizatzen.
Eta edalontzi hutsaren hondoan geratu ziren gure ametsen sua pizteko txinpartak, indarrik gabe geratu den zerbeza apurrarekin batera, harraskatik behera desagertuz.

“Egunen batean” bihar izan daiteke, edo inoiz ez.

“Eta egingo bagenu?” ordez,

“Eta egiten badugu?”

Gozoki zuhaitzak

2019-10-15  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

“Mostré mi obra maestra a las personas grandes y les pregunté si mi dibujo les asustaba. Me contestaron: ¿Por qué habrá de asustar un sombrero? Mi dibujo no representaba un sombrero. Representaba una serpiente boa que digería un elefante. Dibujé entonces el interior de la serpiente boa al fin de que las personas grandes pudiesen comprender. Siempre necesitan explicaciones. […] Las personas grandes nunca comprenden nada por sí solas y es agotador para los niños tener que darles siempre y siempre explicaciones.”
(A.De Saint-Exupéry, 1946)

Zerua urdina da; hodeiak zuriak eta mendia berdea. Eguzkia hori-horia. Etxeek atea, leihoak, tximinia eta teilatu gorria, edo akaso, laranja dituzte. Hala irakatsi ziguten umetan. Marretatik asko ateratzen zenak lana errepikatu behar zuen, eta marren barruan marrazten zuenak bikaina eramango zuen etxera. Loreak gorriz edo arrosaz marrazten genituen gehienok; ausartenek morez. Olentzeroren irudia ematen ziguten gabonetan, beti ere irakasleak aurrez marraztutakoa horman eskegiz, eredua jarrai genezan. Badaezpada, ez genezan olentzeroren txapela berdez margotu. Gure marrazkiak erakustean jasotako erantzuna beti zen berbera: “Ze polita! Zer da?” Etiketa jarri behar genion guztiari. Molde karratuen barruan hezi gaituzte, erregelaz egindako molde karratu perfektuen barruan. Forma desberdin eta kolore anitzekoak izanda ere, gutxika karratu egin gaituzte, indarrez jarritako molde horrekin. Eta orain, desikasten gabiltzan garaian, karratuak apurtzen gabiltza gure forma anitz, abstraktu eta koloretsuak berreskuratu nahian, gure atzekoak berdin hezi ez daitezen. Mugarik gabeko paperetan, edo logelako horman behar bada, kolore gama zabalenarekin tronpa luze-luzea daukaten tigre koloretsuak, gozoki zuhaitzak, txirristadun oheak, pirata itsasontziak mendian, marigorringoak errekan, eta zergatik ez, ilargi arrosak marraz ditzaten, ertzetatik irtenda. Hala nahi dutelako. Hala irudikatzen dutelako. Hala amesten dutelako. Eta ezin dizkielako iñork irudimenaren hegoak moztu. Eta gu, eskulanak egiteko youtube-ko bideo tutorial bat behar dugunok, bitartean, haurtzaroan lapurtu ziguten sormena lantzeko tailerretara joango gara.

Naiara Perez

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA